EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017189

EBAZPENA, 2017ko irailaren 12koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatuta, ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Vitoria-Gasteizko Jundizeko 6. sektoreko Plan Partzialaren 17. aldaketa egiteko.

Xedapenaren data: 2017-09-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201704724
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko maiatzaren 23ko sarrera-data izanik, Vitoria-Gasteizko Udalak Vitoria-Gasteizko Jundizeko 6. Plan Partzialaren 17. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztuari hasiera emateko eskaera osatu zuen. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko maiatzaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arabako Zuzendariordetzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzari eta Arabako Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Osasun Publikoaren Zuzendaritzak, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak (biak Eusko Jaurlaritzakoak) eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzak (espedientean daude horien emaitzak).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Ebazpen honen azterketaren xede den Jundizeko 6. Plan Partzialaren 17. aldaketa ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean –ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, tokiaren kudeaketarekin loturarik ez badute.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitarte arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Jundizeko 6. Plan Partzialaren 17. aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, aipatutako txostenak aztertu ondoren, egiaztatzen da ingurumen-organoak, hots, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) behar adina datu dituela ingurumen-txosten estrategiko hau egiteko eta ingurumen-txosten estrategiko hau eman du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako «Vitoria-Gasteizko Jundizeko 6. Plan Partzialaren 17. aldaketarako» (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A. Planaren deskribapena: helburuak eta jardunak.
Plan Partzialaren aldaketa gauzatuko den eremua Jundizeko poligonoa da (Araba), dagoeneko finkatuta eta erabat urbanizatuta dagoen industrialdea; 458,422 ha-ko azalera du eta Vitoria-Gasteizko hirigunearen mendebaldean dago.
Jundizeko 6. sektorearen Plan Partzialaren 17. aldaketaren xedeak indarreko hirigintza-araudira egokitzeko premiari erantzuten dio. Jarraian, lortu nahi diren helburuak eta garatu nahi diren jardunak laburbilduko ditugu:
– Helburua: Plan Partziala indarreko araudira egokitzea. Jardunak:
• Lurzoruaren Legera eta irisgarritasun-araudira egokitzea.
• Plan Orokorrean sartuta dauden Sistema Orokorrak islatzea.
• Hiri Zerbitzuetako lurzati bat Industria Isolatu gisa birsailkatzeko aukera biltzea.
– Helburua: plana eta haren ordenantza eguneratzea. Jardunak:
• Planaren ordenantzako mekanografia-akats batzuk eta/edo idazketa-akats batzuk zuzentzea.
• Aurretik egin diren aldaketen ondorioz egindako aldaketak –indarreko testu bateginean jasota ez daudenak– txertatzea.
• Jatorrizko dokumentuaren memorian azaltzen diren eta urteetan zehar onartu diren aldaketa batzuen ondorioz aldatu diren eraikigarritasunen kalkuluak berriro egitea.
– Helburua: Plan Partzialaren ordenantza finkatutako hirian indarrean dauden industria-ordenantzetara (11., 12. eta 13. ordenantzak) egokitzea; horretarako, honako hau proposatzen da:
• Eraikitako gunea azpizatitzeko figura hedatzea, partzela-unitatea gordez.
• Arauak malgutzea, erraztea eta objektibatzea.
• Baldintzak berdintzea eta mugak jartzea aparkaleku kopuruari, mugen itxiturei, sarera botatzen diren hondakinei, zaratei eta hauts- eta gas-isuriei dagokienez.
Plana indarreko araudira egokitzeaz gain, honako berrikuntza hauek proposatzen dira Planaren proposamen berrian sartzeko:
• Eraikitako eremua azpizatitzeko aukera handitzea.
• Biltegiratze-pabiloien erlaitzaren altuera handitzea.
• Aparkaleku kopuruaren eskakizuna murriztea.
• Muga-itxiturak izateko betebeharretik libratzea.
B. Proposatutako plan bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, Lege horren V. Eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposatutako aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Beste plan eta programa batzuekiko eragina: ez da hauteman bateraezintasunik beste plan sektorial eta lurralde-plan konkurrente batzuekin. Izan ere, aldaketa honekin bat datorren plan bakarra Arabako Lurralde Plan Partziala da eta proposatutako aldaketa erabat dator Plan horrekin, Jundizeko poligonoa Lurralde Plan Partzial horretan proposatutako Berrikuntzaren Arkuan sartzen delako.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-arloko kontsiderazioak sartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko: espero da proposatutako aldaketaren eraginetako bat dagoeneko urbanizatutako lurzoruaren kontsumoa murriztea izatea eta, horrela, ekonomia-jardueretarako lurzoru berriak hartzeko premia murriztea. Gauzak horrela, esan daiteke eraikitako eremua azpizatitzeko jardunak, biltegiratze-pabiloietan erlaitza handitzea eta aparkaleku-eskaera murriztea eta muga-itxiturak izateko askapena (horren ondorioz, murriztu egiten da eraikitze-obrak egiteko premia) jardun positiboak direla.
Gainera, alternatiba egokia aukeratzeko garaian, hainbat ingurumen-irizpide izan dira kontuan, hala nola komenigarria da sektorea sortzearen xede izan zen erabilerarekin jarraitzea sektoreak eta horri dagokionez eremu berriak ez sortzea, dauden komunikazio-sareekin jarraitzea.
d) Ingurumen-arazoak: espedientean azaltzen den dokumentazioa aztertuta, ez da espero proposatutako jardunen garapenak Plana egikaritzearen ondorioz sortutako ingurumen-arazo garrantzitsurik eragitea.
Nolanahi ere, adierazi behar da poligonoa osatzen duten lurzoru gehienak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten dituzten edo jasan izan dituzten lurzoruen inbentarioan katalogatuta daudela; horregatik, lurzati horietan gertakariren bat izango balitz, lurzati horietan egiten den jardun oro ingurumen-organoaren aurretiko onespenaren mendean dago, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusitakoaren esparruan.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legeria txertatzeko. Izan ere, Planaren helburuetako bat Plana indarreko araudira egokitzea da.
2) Ondorioen eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak: aurreko ataletan aipatu denez, aurreikusitako jardunak garatuko diren tokian ez dago naturgune garrantzitsurik, ezta eraginpean gera daitezkeen eta ingurumen-balioa eta -urrakortasuna duten eremurik ere. Hau da, eraginpean gera daitekeen eremuaren ingurumen-balioa eta urrakortasuna txikiak dira. Izan ere, inguruan ez dago ingurumen-eremurik natura-balio bikainengatik, kultura-balioengatik edo giza osasunarentzat edo ingurumenarentzat orain edo etorkizunean izan daitezkeen arriskuengatik nabarmentzekoa denik.
Soil-soilik aipatu behar da sektorearen iparraldean «Zadorra ibai/Río Zadorra» ES 2110010 Kontserbazio Bereziko Eremuaren babespeko eremu periferikoaren zati bat dagoela, baina Planaren aldaketan biltzen diren jardunek ez dute eraginpean hartuko Natura 2000 Sareko eremu hori.
Sektorearen hegoaldean ondare arkeologikoko elementuak daude, baina elementu horiek ere ez dira eraginpean hartuko. Halaber, ez da aurreikusten eragin berririk izango denik azaleko uretan eta akuiferoetan (nahiz eta Plan Partzialean antolatzen den azalera bat etorri akuiferoen urrakortasun handiko/oso handiko lurzoruekin).
Ebazpen honen aurreko ataletan aipatu denez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo jasaten dituzten lursailei eragin badiezaioke, gune horietan edozein jardun gauzatzeko, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak aurreikusten duen ingurumen-organoaren baimena beharko da aurretiaz, lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako Jundizeko 6. Plan Partzialaren 17. aldaketak ez du eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 12a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.