EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017188

EBAZPENA, 2017ko irailaren 15ekoa, Trafikoko zuzendariarena. Horren bidez ezartzen da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari emandako kudeaketa-gomendioaren akordioa argitaratzea, 2016ko urtarrilaren 20ko Ebazpenak (otsailaren 1eko EHAA, 20. zk.), Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten duenak, 5.2 artikuluan aurreikusten duen aurrez aurreko prestakuntza-fasearen irakaskuntza Akademiak gauzatu dezan.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-09-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201704703
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/02/01ean argitaratutako 2016/01/20ko EBAZPENA [201600462]

Urriaren 15ekoak 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babesean, Segurtasun Saileko egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoak apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak 11.2.c) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako eskumenekin bat, eta urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiak ematen dituen eskumenen arabera, Trafiko Zuzendaritzaren eginkizunetako bat da Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egitea.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 11. artikuluan jasotzen duenaren arabera, administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak edo zerbitzua ematekoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezke, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago, eta kudeaketa-gomendioak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea.
Trafiko Zuzendaritzak ezin du bide-prestakuntzako irakaslearen gaitasun-agiria lortzeko ikastaroen barruko aurrez aurreko prestakuntza-fasearen irakaskuntza gauzatu, horretarako baliabide nahikorik ez baitauka.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren esperientzia zabala eta egiaztatua da, herritarren segurtasuna helburu duten zerbitzu publikoak ematen dituzten edo horietan parte hartzen duten pertsonek lanbide-heziketa egokia jaso dezaten lortzeko.
Hori dela eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari bide-prestakuntzako irakaslearen gaitasun-agiria lortzeko ikastaroen barruko aurrez aurreko prestakuntza-fasearen irakaskuntza gauzatzeko gomendioa ematen diot.
Honen bidez xedatzen da akordio hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen honen eranskin gisa argitara dadin, guztiek ezagutu dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 15a.
Trafikoko zuzendaria,
SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.
ERANSKINA
SEGURTASUN SAILEKO TRAFIKOKO ZUZENDARITZAREN ETA POLIZIA ETA LARRIALDIETAKO EUSKAL AKADEMIAREN ARTEKO KUDEAKETA MATERIALERAKO AKORDIOA, 2016KO URTARRILAREN 20KO EBAZPENAK (OTSAILAREN 1EKO EHAA, 20 ZK.), BIDE PRESTAKUNTZAKO IRAKASLEAREN GAITASUN AGIRIA LORTZEKO IKASTAROA EGITEKO DEIALDIA EGITEN DUENAK, 5.2 ARTIKULUAN JASOTZEN DUEN AURREZ AURREKO PRESTAKUNTZA-FASEA AKADEMIAK GAUZATU DEZAN
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 11.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Sonia Díaz de Corcuera andrea, Trafikoko zuzendaria.
Eta bestetik, Malentxo Arruabarrena Julián andrea, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia.
ADIERAZI DUTE:
Eraginkortasun-arrazoiengatik Trafiko Zuzendaritzak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari eskatzen dio 2016ko urtarrilaren 20ko Ebazpenak (otsailaren 1eko EHAA, 20. zk.), Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten duenak, 5.2 artikuluan aurreikusten duen aurrez aurreko prestakuntza-fasearen irakaskuntzaren kudeaketa materiala egiteko, klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Gehienezko ikasle kopurua.
Ikastaroa egingo duten ikasleak behar beste talde eta txandatan banatuko dira, eta talde bakoitzean gehienez ere 24 ikasle egongo dira.
Bigarrena.– Aurrez aurreko fasearen iraupena.
Aurrez aurreko faseak hamar asteko iraupena izango du, eta tartean tokiko, autonomiako edo estatuko jairik egonez gero, iraupena luzatuko da jai-egun horiek behar bezala errekuperatzeko.
Hirugarrena.– Eman beharreko gaiak.
Aurrez aurreko fasean gai hauek eman behar dira:
– Helduen prestakuntza eta irakaskuntza-gaitasunak.
– Oinarrizko bizi-euskarria.
– Araudia, bide-segurtasuna eta garraioa.
– Giza faktorea eta bide-segurtasuna.
– Bide-segurtasuna: ibilgailua eta bidea.
– Gidatzen irakasteko praktikak.
– Errefortzuak edo errekuperazioak.
– Aurrez aurreko tutoretza.
Laugarrena.– Emandako eginkizunak.
Hirugarren atalean jasotako gaien gaineko prestakuntza emateaz gain, beste eginkizun hauek ere ezartzen zaizkio:
– Irakasle-taldearen irizpide tekniko eta pedagogikoak planifikatu, koordinatu eta bateratzea eta horretarako, gutxienez hiru bilera egin beharko dira, aurrez aurreko fasearen hasieran, erdialdean eta amaieran.
– Etengabe jarraipena egitea eta ikasleen asistentzia kontrolatzea.
– Prozesuak irauten duen bitartean parte hartzaile bakoitzaren aprobetxamendu-maila ebaluatzea, ikasle bakoitzari berearen berri ematea, eta ikasleak errefortzuko edo errekuperazioko saioetara deitzea, irakasleen taldeak beharrezkotzat jotzen badu. Aprobetxamendu-maila, oro har, ebidentzien sistema baten bidez ebaluatu behar da eta, behar izanez gero, froga objektiboen bidez, ezagutzak, gaitasunak eta jarrerak barneratu eta globalizatu direla frogatzeko.
– Trafiko Zuzendaritzari, arlo hauei buruz, eskatzen duen informazio guztia ematea: prestakuntza eta ikasleak, eta bereziki ikasleen aprobetxamendu-maila eta asistentzia.
– Txanda bakoitza amaitu ondorengo astean, memoria-txosten bat idaztea eta Trafiko Zuzendaritzari jakinaraztea. Memoria-txosten horretan arlo hauek jaso behar dira:
• Ikasleek egindako asistentzia-faltak, behar bezala justifikatuta eta dokumentatuta.
• Ikasle bakoitzaren aprobetxamendu-maila kontuan hartuta, gai edo ez gai kalifikazioa jasotzeko proposatzen diren ikasleen zerrenda, Epaimahai kalifikatzaileari egindako proposamenaren arabera.
Bosgarrena.– Gastuak.
Aurrez aurreko prestakuntza-fasea egingo duten ikasleek prestakuntzaren gastuak zuzenean ordainduko dizkiote Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiari, Trafikoko zuzendariaren 2016ko urtarrilaren 20ko Ebazpenak (otsailaren 1eko EHAA, 20. zk.), Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko ikastarorako deialdia egiten duenak, bederatzigarren artikuluan ezartzen duenaren arabera.
Seigarrena.– Indarraldia.
Kudeaketa-gomendioa indarrean egongo da akordio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bigarren atalean aipatzen den aurrez aurreko fasea amaitzen den arte.
Eta alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatu dute eta, denek jakin dezaten, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin ezarri dute.
Trafikoko zuzendaria,
SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.