EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017188

EBAZPENA, 2017ko irailaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiten baita honako proiektu honi buruz: hondakinak balorizatzeko planta bat instalatzea, Cespa enpresak duen soberakinen biltegi kontrolatuan, Zallan (Bizkaia).

Xedapenaren data: 2017-09-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201704700
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko maiatzaren 16an, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Cespa Gestión de Residuos, S.A.k aurkeztutako eskaera bat jaso zen, Cespa enpresak duen soberakinen biltegi kontrolatuan hondakinak balorizatzeko planta bat instalatzeko proiektuari buruzkoa, hain zuzen ere proiektuak ingurumenean duen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egiteko prozedura abiarazteko, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen) 45. artikuluarekin bat etorriz; arau horren 7.2.a artikuluan xedatuta dago proiektuari prozedura hori aplikatu behar zaiola.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2017ko ekainaren 22an ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.
Bereziki, kontsulta egin zaie: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza), biak ere Eusko Jaurlaritzakoak; Ura Uraren Euskal Agentziari; Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari; Zallako Udalari, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.
Kontsulta-izapidea bukatu ondoren, zenbait erantzun jaso dira: zehazki, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzarena, Urarena eta Zallako Udalarena. Kontsulten emaitza espedientean jaso da. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a artikulua aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei. Ebazpen honek aztergai duen jarduera aipatutako legearen II. eranskineko 9. taldearen e) letran jasota dago: «Hondakinak balioztatzea xede duten instalazioak (...) ez baldin badira garatzen industrialde bateko nabe batean». Hortaz, ingurumen-ebaluazioaren arloan indarrean den legedia aplikatuz, ingurumen-inpaktu sinplifikatuari buruzko prozedura aplikatu behar zaio Cespa enpresak duen soberakinen biltegi kontrolatuan hondakinak balorizatzeko planta bat instalatzeko proiektuari (Cespa Gestión de Residuos, S.A.k sustatzen du proiektua, Zallako udalerrian). Prozedura horren bidez, zehaztuko da proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak dituen ala ez, eta, beraz, ohiko ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura aplikatu behar zaion.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori eskuduna da aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea honako proiektu honen gainean: Cespa enpresak soberakinak kontrolatzeko duen biltegian hondakinak balorizatzeko planta bat instalatzeko proiektua, Cespa Gestión de Residuos, S.A.k sustatua, Zallako udalerrian:
A) Proiektuaren xedea da hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko planta bat instalatzea Cespa Gestión de Residuos enpresak Zallan duen soberakinen biltegi kontrolatuan. Biltegi horrek ingurumen-baimen integratua dauka, 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenak emana, hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi-jarduera egiteko Bizkaiko Zalla udalerrian.
B) Balorizazio-planta instalatzeak ingurumenean duen inpaktuari buruzko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1) Proiektuaren ezaugarriak:
Proiektu berri honen helburua da hondakinak balorizatzeko planta instalatzea Cespa enpresak Zallan (Bizkaia) duen soberakinen biltegi kontrolatuan. Egun, Cespa Gestión de Residuos, S.A. enpresa hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi-jardueran aritzen da; biltegi kontrolatua, bestalde, Zallako udalerrian (Bizkaia) dago, «Lagunas» izeneko tokian.
Balorizazio-plantak urtean 43.000 t hondakin tratatzeko gaitasuna izango du, gutxi gorabehera. Honako hondakin hauek tratatuko dira, jasotzen direnetik azken destinora eraman arte: altzairutegiko plastikoak, egurrak, zepak eta lurrak.
Plantan, azalera iragazgaitzen gainean, hondakinak balorizatzeko bi eremu izango dira:
1. eremua, hondakindegiaren ekialdean: Eremu honetan, 140 m
2. eremua: 2.000 m
Hondakindegiak balorizatzeko prozesua honetan datza:
– Material gordina jasotzea eta destinoa hautatzea:
• 1. eremua: balorizatzeko modukoak izan daitezkeen hondakinak eskuz bereiztea.
• 2. eremua: altzairutegiko zepak eta lurrak biltzea.
– Balorizatze-lanak:
• 1. eremua: sailkatzea, bereiztea, triajea eta birrintzea.
• 2. eremua: baheketa.
– Deuseztatzea, kudeatzaile baimenduaren esku utzita edo hondakindegian bilduta.
Hondakinak balorizatze-plantan tratatzeko prozesuak ez dakar berekin haiek eraldatzea, ez eta haien izaeran aldaketa kimikoak eragitea ere; izan ere, hondakinak sailkatu eta bildu baino ez da egingo, eta, gehienez ere, haien tamaina aldatuko da, produktu erabilerrazago, berrerabilgarri edo kudeatzen errazago bat sortzeko. Hartara, gutxiago izango dira azken destinoa hondakindegian duten hondakinak.
Hondakinak balorizatzeko plantaren jarduera garatze aldera, egun hondakin ez-arriskutsuen hondakindegian dauden azpiegiturak erabiliko dira. Ez da aurreikusten eraikitze-faserik egongo denik.
Izan ere, hondakin ez-arriskutsuen hondakindegian honako hauek daude: baskula, gune garbi gisa erabiltzen den eremu bat, tailerra, lixibiatuen baltsa eta kontrol-etxola.
Horrez gainera, 30 KW-ko multzo elektrogeno bat erabiliko da, bai eta altzairutegiko zepak eta lurrak bahetzeko planta mugikorrak eta hormigoia birrintzekoak ere.
Ez dira aldatuko isurtze-guneak, eta ez da aurreikusten aldaketarik azaleko ur-masetan edo lur-azpikoetan, ez eta hondakin-ur gehiago sortuko denik ere. Izan ere, hondakinak balorizatzeko planta berriak hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren drainatze-sare bera erabiliko du.
Tratamendu-plataformaren ondoko hobian bildutako urak orain arte bezala bilduko dira, eta lixibiatuen baltsara bideratuko, instalazioan sortutako gainerako efluenteekin batera. Ur horiek tratatu egingo dira, saneamendu-sarearekin bat egin aurretik.
Egun, araztegi bat eraikitzen hasita dago, instalazioko hondakin-ur eta lixibiatu guztiak tratatzeko, kolektorearekin konektatu baino lehen.
2) Proiektuaren kokapena:
Hondakin ez-arriskutsuen hondakindegia Bizkaiko Zalla udalerrian dago, «Lagunas» izeneko tokian.
Instalaziotik hirigune hurbilenera, hau da, Zallako udalerrira, km 1 dago, gutxi gorabehera.
Hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiaren inguruan, baso-landaketak dira nagusi.
Egungo hondakindegitik, El Encinal erreka igarotzen da, eta hondakindegiaren mugan, berriz, Fuenterraso errekastoa dago.
Bestalde, aipagarria da lurzatia dagoen eremua igarobide ekologikoen sarea moteltzeko gune gisa sailkatuta dagoela.
Lurzatiaren parte bat inbentariatuta dago lurzorua kutsatu dezaketen jarduerak dituen edo eduki dituen lurzoru gisa (48096-00064 eta 48096-00008 kodeak).
3) Proiektuak izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak ustiaketa-fasearen ondorioz sortuko dira, hau da, jarduera bera garatzearen ondorioz. Azpimarratzekoak dira:
– Makineriak sortutako zarata hondakinak balorizatzeko tratamenduetan eta ibilgailuen zamalanetan eta joan-etorrietan. Sustatzaileak aurkeztutako agirien arabera, zarata hori puntuala izango da, makineria hori une jakin batzuetan bakarrik erabiliko baita, hau da, ez da espero etengabe erabiliko denik.
– Airearen kalitatea murriztea, batez ere honako hauek eraginda: multzo elektrogenoaren isurtze difusoek eta altzairutegiko zepak eta lurrak bahetzeko eta hormigoia birrintzeko planta mugikorrak. Planta ez da etengabe egongo jardunean.
– Hondakinen sorrera: haien izaera aintzat hartuta, lurzatiaren kanpoaldera eramango dira, edo hondakindegian bilduko.
– Lurzorua kutsatzeko arriskua, ustekabeko isurtzeengatik edo iragazgaiztutako azalera narriatzeagatik.
Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ez ezik, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:
– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.
– Atmosfera babesteko neurriei dagokienez, –alde batera utzi gabe fokuak eguneratzea jarduera garatzeko ingurumen-baimen integratuan, hala behar izanez gero–, ahalik eta hauts gutxien sortuko da hondakinak balorizatzeko eragiketetan, eta, horretarako, neurri hauek hartuko dira:
– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
– Materialak biltegiratzea: babestuen dauden tokietan bilduko dira, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; bilketen altuera ere kontrolatuko da.
– Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.
– Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.
– Plantaren instalazioak aldi-aldian berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen.
– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Zaratatik babesteko neurriak:
– Zarata prebenitzeko behar diren neurriak hartuko dira, eragin akustiko txikiena duten teknologiak erabiliz, kontuan izanik eskuragarri dauden teknikarik onenak –halakotzat hartuko dira gutxien kutsatzen duten teknologiak baldintza tekniko eta ekonomiko bideragarrien barnean– eta kasuan kasuko igorgailu akustikoaren ezaugarriak aintzat hartuz. Betiere, foku igorle berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.
– Jardueran erabiltzen diren makinen eta ekipamenduen soinu-emisioen mailek aplika dakiekeen araudia bete beharko dute eta, batez ere, Aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurunean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.
– Lurzorua babesteko neurriak:
– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legedia eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.
– Ura babesteko neurriak:
– Plantaren iragazgaiztutako azalerara heltzen eta handik igarotzen diren euri-urak hondakin ez-arriskutsuen hondakindegiko drainatze-sarera bideratuko dira.
– Tratamendu-plataformaren ondoko hobian bildutako urak lixibiatuen baltsara bideratuko dira, instalazioan sortutako gainerako efluenteekin batera. Ur horiek tratatu egingo dira, saneamendu-sarearekin bat egin aurretik.
– Zortasun-eremuan (5 m) gauzatzen diren jarduerek edo instalazioaren ekialdean, Fuenterraso ibaiaren ibilguaren polizia-eremuan (100 m), gauzatzen direnek beharrezkoa den administrazio-baimena beharko dute, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak emana.
– Sortutako hondakinak minimizatzeko edo kudeatzeko neurriak:
– Jardueran sortutako hondakin guztiak behar bezala kudeatzen direla kontrolatuko da, indarrean dagoen legeria betez.
– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela.
– Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea (arriskutsuak izan ala ez), haien artean nahiz beste hondakin edo efluente batzuekin. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta hondakinak jasotzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak edukiko dira erabilgarri, nahasketak saihesteko eta kudeatzaile baimenduaren esku uzteko, baldin eta ez badira berrerabiltzen instalazioan.
– Hondakinak biltegiratzeko eremu egokiak gaitu beharko dira tipologiaren, sailkapenaren eta bateragarritasunaren arabera. Hondakin arriskutsuak estalpean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitzaren gainean, eta jarioak edo lixibiatu likidoak jasotzeko sistemekin; halaber, biltegiratze mota horretarako preskripzio teknikoak bete beharko dira.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko, ez erregai eta produktuak biltegiratzearen ondorioz, ez eta makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ere.
– Gainera, hondakin hauek bereiz biltegiratzeko edukiontziak egongo dira, gutxienez: papera eta kartoia, plastikoak, metalak eta errefusa.
– Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.
– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte bilketa-sistemek, eta hondakin arriskutsuak dituzten ontziek itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, hondakinok isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
– Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
– Behin instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.
– Era berean, jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.
Hirugarrena.– Adieraztea ez dela aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik izango denik, betiere lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan hartuta sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela. Hortaz, ez da beharrezko jotzen ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea proiektu honen gainean: Cespa enpresak duen soberakinen biltegi kontrolatuan hondakinak balorizatzeko planta bat instalatzea, Zallako udalerrian (Bizkaia).
Laugarrena.– Ebazpen honen berri ematea Cespa Gestión de Residuos, S.A.ri eta Zallako Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 20a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.