EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-10-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017188

EBAZPENA, 2017ko irailaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Zamudioko Udalak sustatuta Zamudioko teknologia-parkearen Aresti sektoreko 1UEaren eremuaren plan partzialean egin nahi den aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa emateko dena.

Xedapenaren data: 2017-09-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201704698
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko martxoaren 17an, Zamudioko Udalak eskatu zuen Zamudioko Udalak sustatuta Zamudioko teknologia-parkearen Aresti sektoreko 1UEaren eremuaren plan partzialean egin nahi den aldaketa puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin zedila, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin bat. Eskabidearekin batera planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa eman ziren.
Prozedura arindu eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko martxoaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait organismori, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari eta Kultura eta Kiroleko Zuzendaritza Nagusiari (biak Bizkaiko Foru Aldundikoak); Uraren Euskal Agentziari, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Zamudioko Udalari prozeduraren hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1.a) artikulua aplikatzeko xedez, ekainaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak dokumentazioa eskatu zion Zamudioko Udalari.
2017ko uztailaren 27an, Zamudioko Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eskatu zion dokumentazioa eman eta eskabidea bete zuen.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, txostenak jaso ziren bai Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren (lehen Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza zena) txostena, biak Eusko Jaurlaritzarenak izanik, bai eta Uraren Euskal Agentziaren Zuzendaritzaren txostena; txostenen emaitzak espedientean daude.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Plana ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean –ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du–, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.
Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Zamudioko teknologia-parkearen Aresti sektoreko 1UEaren eremuaren plan partzialean egin nahi den aldaketa puntualerako ingurumen-ebaluazioaren espedientean dauden dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zamudioko teknologia-parkearen Aresti sektoreko 1UEaren eremuaren plan partzialean egin nahi den aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, hauek beteta:
1.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Aresti sektorearen plan partzialaren aldaketa puntualaren helburua da 1UE egikaritze-unitatea bi txikiagotan zatitzea (UE-1 eta UE-3), unitatearen aprobetxamendua ahalbidetu eta gauzatzeko. Hau da aldaketaren arrazoia: zaila da Aresti sektorearen hirigintza-antolamendu xehatuko aurreikuspenak kudeatzea eta, ondorioz, horiek gauzatzea (2007an behin betiko onartutako plan partzialean dago definituta antolamendu hori).
Proposatutako aldaketak zenbait aldaketa ekarriko ditu hasieran proiektatutako aparkalekuen zonalderako eta bideetarako (onartutako plan partzialari begira, egun dagoen bidea gutxiago garatzea eta sarbide berria egitea proposatu da). Zehazki, aldaketa horrek eragina du unitatearen zati zentralean, SZI-2 subzona tertziario industrialean, horren ondoko eremuak (SZAP-2 aparkaleku-subzona) eta Geldo errekaren ondoko SZEL-2 espazio libreetarako subzona. Gainerako subzonek ez dute aldaketarik izango: espazio libreetarako SZEL PP-1 eta SZR-1. Aprobetxamenduak (tertziario industriala, egoitzetakoa, aparkalekuetakoa...) orekatuta geratuko dira unitate berri bi horiei esker, eta, horiek planteatzeko orduan, kontuan hartu da indarreko hirigintza-legeek ezarritako legezko zuzkidura-estandarrak bete behar direla.
Aldaketaren esparrua Zamudioko teknologia-parkearen barruan dago, bidez eta eraikinez inguratuta. Lurzatiaren ekialdeko muga Geldo edo Karetxo erreka da, non ibarbaso urri bat dagoen. Horretaz gain, eremuaren hegoaldean, Geldo errekaren eskuinaldean, baserri eta etxe multzo bat dago (indarreko planean eta plan honen aldaketan aurreikusita dago horiek eraistea).
2.– Plana aldatzeko ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen ala ez zehazteko.
a) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
1) Plan partzialaren aldaketa puntualak proiektuetarako eta bestelako jardueretarako markoa ezartzen duen neurria: proposatutako aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
2) Zer-nolako eragina duen plan honek beste plan edo programa batzuetan: plan partzialaren aldaketa puntualak ez du ondoriorik izango beste plan edo programetan.
3) Plan partzialaren pertinentzia, zehazki, garapen jasangarria sustatzeko xederako ingurumen-kontsiderazioak integra daitezen: planteatutako eraikin berriei dagokienez, ingurumen-dokumentu estrategikoak eraikuntza jasangarriago bat izateko zenbait neurri ezartzen ditu, zehatzago esanda, energia berriztagarriko instalazioei, Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako efizientzia energetikoari, baliabideen kontsumoari eta hondakinen kudeaketari buruz.
4) Planarekin edo programarekin zerikusia duten ingurumen-arazo adierazgarriak: kontuan hartuta aldaketa puntualak aldatzen dituela hasierako proiektuko aparkaleku-zonak eta bideak; beraz, bakarrik egon daitezke aldaketa batzuk ibilgailuen etorreraren ondorioz (zarata, emisioak, etab.).
5) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
b) Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:
Planteatutako jarduketak ikusita, eta 2007ko behin betiko plan partzial onartuan adierazitakoaren antzeko eremua denez, eta inguruetan ez dagoenez ez naturagune garrantzitsurik ez balio edo ingurumen-zaurgarritasun handiko eremurik, ez dago aurreikusita plan partzialaren aldaketa honek ingurumenean eragin txarrik izango duenik, kontuan hartzen badira sustatzaileak ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurriak. Edonola ere, aldaketa horrek bete beharko du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoen Plan Hidrologikoa (2015-2021); gainera, ibarbasoak leheneratzeko lanak egin beharko dira Geldo errekaren inguruan aurreikusitako espazio libreetan, eta panpa-lezka espezie inbaditzailea (
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusi Zamudioko teknologia-parkearen Aresti sektoreko 1UEaren eremuaren plan partzialean egin nahi den aldaketa puntual horrek ingurumen-eragin esanguratsurik ekartzea. Hortaz, ez zaio ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.
Hirugarrena.– Zamudioko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 5a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.