EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017187

EBAZPENA, 2017ko irailaren 18koa, Garraio Plangintzaren zuzendariarena, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-09-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201704681
Maila: Ebazpena
Salgai arriskutsuak nazioarteko errepidez garraiatzeko Akordio europarrarekin (ADR) lotuta, otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren arabera, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek, arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan beharra daukate. Gainera, dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaileek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Kontseiluaren eta Europar Parlamentuaren 2008ko irailaren 24ko 2008/68/EE Zuzentarauari jarraikiz.
Helburu hori gauzatu ahal izateko, Sustapen Ministerioak salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasunari buruz emandako otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak horretarako azterketak autonomia-erkidego bakoitzeko organo eskudunak deitu beharko dituela aurreikusten du, eta deitu ere, gutxienez urtean behin.
Gainera, Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduaren bidez ezarri denez, segurtasun-ikuskatzaileen gaitasun-agiriak 5 urteko balio-aldia izango du, eta ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berritu ahal izango da; kontrol-azterketa hori agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo froga izango da, eta baldintzak ikuskatzaile berrientzako jarritako berberak izango dira.
Ondorioz, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala finkatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 21.1.j) artikuluak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da.
DEIALDIAREN OiNARRIAK
Lehenengoa.– Azterketen esparrua.
1.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da. Azterketak izangaien lanbide-gaitasuna egiaztatzeko izango dira.
2.– Errepideko garraioaren barruan, izangai berriek, nahi izanez gero, azterketa osoa edo aukeratutako espezialitateak soilik egin ahal izango dituzte. Hona hemen salgai motari jarraikiz bereizitako espezialitate horiek:
– 1. salgai mota: materia edo objektu lehergarriak.
– 2. salgai mota: gasak.
– 7. salgai mota: erradioaktiboak.
– 3, 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8 eta 9. salgai motak: salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako Akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.
– Nazio Batuen Erakundeak 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.
3.– Titulua berritzeko aurkezten direnek, lehen egiaztatua zuten mota horretarako bakarrik egin ahalko dute azterketa.
Bigarrena.– Azterketak.
Izangai berrien zein titulua berritu behar dutenen azterketak osatuko dituzten frogak, eta azterketen egitura eta kalifikatzeko modua, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakora egokituko dira.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak horretarako jarri duen (www.euskadi.eus/consejeros) web-orriaren bidez aurkeztu beharko da.
2.– Eskabidea aurkezteko, hamar egun balioduneko epea utziko da, behin deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
3.– Eskabide-orria web-orriaren bidez betetakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena sortuko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko 21,15 euroko tasa ordaindu beharko da (kontuan izandako arauak: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua eta Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. idatzi-zatia).
Tasak, zuzenean, interneteko web-orri horren bidez (on line) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (off line) ordaindu ahal izango dira.
Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, kitapen horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-erakunde laguntzaileetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander eta Banco Guipuzcoano) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan, baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da derrigor, ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.
Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.
4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.
Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera ateratzen den egunaren biharamunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.
Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta interneten argitaratuko ditu.
Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.
1.– Epaimahaia:
Lehendakaria: Maria Luisa Madinabeitia Rivarés.
Batzordekideak: Arantxa Unamuno Lekuona.
Koldo Maiz Mendez.
Rafael Fernandez Perez.
Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández.
2.– Azterketak egiteko egunak eta lekuak web-orrian jarriko dira.
Bosgarrena.– Izangaien bete beharreko baldintzak.
Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.
Prozesu osoaren jarraipena interneteko webgunearen bidez (www.euskadi.eus/consejeros) egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrendak interneten argitaratuko dira.
Azterketa egiteko, izangaiek arkatza eta ezabagoma eraman beharko dituzte.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 18a.
Garraio Plangintzaren zuzendaria,
JANIRE BIJUESCA BEDIALAUNETA.