EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2017187

AGINDUA, 2017ko irailaren 14koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Azti – Azti Fundazioa» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.

Xedapenaren data: 2017-09-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201704674
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko maiatzaren 31n, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren erregistroan, zeinetan eskatzen baita «Fundación Azti – Azti Fundazioa»ren estatutuen egokitzapena Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Egokitzapen hori fundazioaren patronatuak erabaki zuen 2016ko abenduaren 16an.
Bigarrena.– Eskabidearekin batera, fundazioaren estatutuak aldatzeko eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua aurkeztu da. Eskritura publiko hori 2017ko maiatzaren 24an egiletsi zen Donostiako notario Manuel Fernando Cánovas Sánchez jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 1125).
Eskritura publiko horretan sartu zen Joanes Labayen Andonaeguik –fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin– 2017ko martxoaren 24an Donostian emandako ziurtagiria, 2016ko abenduaren 16an patronatuak egindako bilerarena, non aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuen testu berria, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko lege berrira egokituta.
Zehazki, hor dago jasota fundazioaren estatutuetako ia artikulu guztien aldaketa, estatutuok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokituta. Aldatu dira Fundazioei buruzko Legeari egindako arau-erreferentziak, estatutuen zenbait artikulutan egindakoak (1. artikulua, 33. artikulua); gehitu da fundazioak merkataritza- edo industria-jarduerak egiteko aukera, fundazioaren helburuekin zerikusia badute edo euren zerbitzura badaude (2. artikulua); zabaldu da onuradunen esparrua, onuradun izan baitaitezke Espainian eta mundu zabalean jarduten duten entitateak (7. artikulua); aldatu da 9. artikulua, patronatuari buruzkoa; aldatu da fundazioaren lehendakariari buruzko artikulua, adierazi baita patronatuak aukeratu beharko duela (13. artikulua); sartu da idazkariaren kargua daukan pertsona patronatuko kidea ez izateko aukera (15. artikulua); sartu da babeslaritzari zuzendari nagusia noiz izendatzen den eta kargugabetzen den jakinarazi beharra, bai eta zer ahalmen eman zaion ere ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 19. artikulura egokituta (17. artikulua); egokitu da 19. artikulua, eskuordetzeei, ahalordetzeei eta batzorde eskuordetuei buruzkoa, erreferentzia egiten baitzaie ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 18. artikuluko eskumenak eskuordetzeko mugei; gehitu zaio paragrafo bat autokontratazioa debekatzeari buruzko artikuluari, adierazita ezen, eginez gero, fundazioaren helburuak hobeto lortzen laguntzeko izan behar duela (21. artikulua); aldatu da kontuen berri emateari buruzko artikuluaren idazketa (31. artikulua); aldatu da sarrerei eta administrazio-gastuei buruzko artikuluaren azken paragrafoa (32. artikulua); estatutuak aldatzeari buruzko artikuluan, erreferentzia bat gehitu da, fundazioaren helburua errespeta dadin, fundatzaileek berariaz ez dute debekatu eta (34. artikulua); gehitu da zatitzeari buruzko 36. artikulua eta aldatu da azkentzeari buruzko artikulua, ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokituta (37. artikulua); aldatu da azkentzeko prozedurari buruzko artikuluaren idazketa (38. artikulua); beste modu batean idatzi da likidazioari buruzko artikulua (39. artikulua); kendu da Euskal Autonomia Erkidegoa fundatzailetzat hartzeko erreferentzia (42. artikulua).
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan; horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea «Fundación Azti – Azti Fundazioa»ren estatutuen egokitzapena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean aurreikusitakoaren arabera, bai eta apartatu batzuen aldaketa ere, horri dagokionez bigarren aurrekariaren hirugarren paragrafoan adierazi denaren arabera, fundazioaren patronatuak 2016ko abenduaren 16an erabaki zuena oinarri hartuta, agindu honen datarekin, Donostiako notario Manuel Fernando Cánovas Sánchezen aurrean 2017ko maiatzaren 24an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako terminoetan (protokolo-zenbakia: 1125).
Bigarrrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 14a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.