EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017186

AGINDUA, 2017ko irailaren 27koa, Segurtasuneko sailburuarena, Ertzaintzako langile funtzionarioen sindikatuetako ordezkarien hauteskundeen deialdia egiten duena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-09-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201704652
Maila: Agindua
Bilboko Lan Arloko 8. Epaitegiak, 2015eko irailaren 30eko 453/2015 epaiaren bidez, 2014ko urriaren 30ean izan ziren Ertzaintzako funtzionarioen sindikatuetako ordezkarien hauteskundeak balio gabetzat jo zituen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Salak, 2016ko irailaren 6ko epaiaren bitartez, ErNE eta ESAN erakunde sindikalek Bilboko Lan Arloko 8. Epaitegiaren epaiaren aurka jarritako erregutze errekurtsoa ezetsi zuen.
Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak, 2017ko ekainaren 27ko 3506/2016 autoaren bidez, ErNE erakunde sindikalak jarritako doktrina bateratzeko kasazio errekurtsoa ez onartzea erabaki zuen.
Ertzaintzaren barrutian adierazgarria den erakunde sindikal jakin batek luzatu duen proposamena jaso ondoren, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean (155. EHAA, abuztuaren 11koa) aurreikusitakoarekin bat etorriz, abenduaren 1eko 6/2006 Legeak gai honi buruz egindako aldaketekin (238. EHAA, abenduaren 15ekoa), eta Ertzaintzako langile funtzionarioen ordezkari sindikalak aukeratzeko hauteskundeak eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak bereizteko prozedurak arautzen dituen martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuko 3. artikuluan (53. EHAA, martxoaren 18koa), urriaren 11ko 392/1994 Dekretuak (203. EHAA, urriaren 25ekoa) aldatu duenean, xedatutakoaren babespean, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ertzaintzako funtzionarioen sindikatuetako ordezkarien hauteskundeen deialdia egitea. Hauteskundeok egingo dira Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen III. goiburuko VIII. atalean (155. EHAA, abuztuaren 11koa), abenduaren 1eko 6/2006 Legeak gai honi buruz egindako aldaketekin (238. EHAA, abenduaren 15ekoa), eta Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak, Ertzaintzako Kontseiluaren eraketa eta erakunde sindikalei dagozkien ordezkariak hautatzeko bidea arautzen dituen martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuan (53. EHAA, martxoaren 18koa) –urriaren 11ko 392/1994 Dekretuak (203. EHAA, urriaren 25ekoa) aldatu egin duena– aurreikusitako erregimenaren arabera, eta honako agindu honetan xedatutakoan oinarrituz beteko dira.
Bigarrena.– Honako deialdi honen bidez iragarritako hauteskundeak 2017ko azaroaren 30ean egingo dira.
Hirugarrena.– Hauteskunde barrutiak hauteskunde atal eta mahaietan antolatu dira, eta honako agindu honen eranskinean adierazi da zein eratan geratu diren finkatuta.
Laugarrena.– Aipatu den martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuaren 3.2 artikuluan aurreikusitakoak betetze aldera, errolda orokorra, hauteskunde barrutien arabera, jarraian adierazitako eran finkatu da:
Hauteskunde barrutia Errolda
Araba 1.456
Bizkaia 4.293
Gipuzkoa 2.077
Autonomia Erkidegoa, guztira 7.826
Bosgarrena.– Hauteskunde barruti horietako bakoitzean hautatu beharreko ordezkarien kopurua, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 99. artikuluan eta martxoaren 16ko 50/1993 Dekretuaren 2.2 artikuluan aurreikusitakoen arabera, jarraian adierazitakoa izango da:
Hauteskunde barrutia Ordezkari kop.
Araba 17
Bizkaia 26
Gipuzkoa 20
Seigarrena.– Segurtasuneko sailburuak Bilboko Lan Arloko 8. Epaitegiak 2015eko irailaren 30eko 453/2015 epaia (2014ko urriaren 30ean izan ziren Ertzaintzako funtzionarioen ordezkari sindikalen hauteskundeak baliogabetzat jo zituena) betearaziz emandako 2015eko azaroaren 16ko Aginduan ezarritakoaren arabera, 2010eko azaroaren 4an iragarritako ordezkaritza, 2010eko urriaren 28an izandako hauteskunde sindikalen ondoriozkoa, ordezkaritza berria iragarri arte mantenduko da, eta Agindu honen bidez deitutako hauteskundeak izaten direnetik aurrera eratuko da ordezkaritza berri hori.
Zazpigarrena.– Agindu honen bidez deitutako hauteskundeen ondorioz, hautetsiak izango diren ordezkarien agintaldia lau urtetara bukatuko da. Dena den, epe hori bukatzean ez bada hautetsitako hautagaien iragarpenik egin, agintaldia luzatu egingo da, aldarrikapena gertatu arte.
Zortzigarrena.– Hauteskunde kanpaina 2017ko azaroaren 14an hasi eta azaroaren 28an bukatuko da.
Bederatzigarrena.– Egindako zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko urtarrilaren 17ko 5/2012 Dekretuan aurreikusitako kalte-ordainak jasoko dituzte Hauteskunde Administrazioaren organoetako partaideek, dagozkien bilkuretara bertaratzeagatik.
Hamargarrena.– 1.– Segurtasun Sailak bermatu egingo du hauteskundeetako dokumentazioa (kopuruz behar adina) prestatzeaz eta ziurtatu egingo du, halaber, dokumentazio hori Hauteskunde Batzordeari eman egingo zaiola, ondoren, hauteskunde mahaietara bidali dadin.
2.– Segurtasun Sailak Hauteskunde Administrazioaren organoen eskuetan hautestontziak, kabinak eta hauteskunde prozesua burutzeko beharrezkoak diren gainerako bitarteko materialak eta giza baliabideak jarriko ditu.
3.– Segurtasun Sailak hauteskunde dokumentazioa (kopuruz behar adina) jarriko du hautagaitzat iragarri diren organizazio, federazio nahiz konfederazio sindikalen esku, hala, hauteskunde prozeduraren baitan bakoitzari dagozkion eginkizunak eta erantzukizunak betetzeko modua izan dezaten.
4.– Ertzaintzaren Kontseiluak erakunde mailako kanpaina burutuko du hauteskunde aldiak iraun bitartean, hautesleen artean informazioa zabaltzera eta ordezkarien hauteskundeetan parte hartzea sustatzera bideratuta, botoaren aukeraketan eragina izateko asmorik gabe.
Hamaikagarrena.– Hauteskunde Batzordearen egoitza Erandion dago (Larrauri Mendotxe Bidea 18).
Hamabigarrena.– Honako aginduak amaiera eman dio administrazio bideari. Honen aurrean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du interesa duenak EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.
Hamahirugarrena.– Honako aginduaren indarraldia EHAAn argitara ematen den egunean hasiko da.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 27a.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.