EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017184

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko ekainaren 29ko bilkuran hartua, «Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra, 2015» txostena behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-06-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201704607
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko ekainaren 29an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra, 2015» txostena behin-betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 29a.
HKEEren lehendakariordea,
JOSÉ ANGEL QUINTANILLA ANGULO.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
«BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOAREN KONTU OROKORRA, 2015» FISKALIZAZIO TXOSTENA
Laburdurak
AKSP: Arrisku-kapitaleko Sozietatea PYME.
AMAS: Autonomiari eta Mendekotasunari Arreta emateko Sistema.
AOFA: 5/2006 Foru Araua, abenduaren 29koa, Aurrekontuaren Orokorrei buruzkoa.
AOFATB: 5/2006 Foru Arauaren testu bategina, abenduaren 29koa, Aurrekontu Orokorrei buruzkoa, abenduaren 3ko 5/2013 Foru Dekretu Arauemaile bidez onartutakoa.
Aurrekontuen FA 2015: 11/2014 Foru Araua, abenduaren 19koa, Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2015. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa.
BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BLH: Bizkaiko Lurralde Historikoa.
BOS: Bilbao Orkestra Sinfonikoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EEAA: Erakunde autonomoak.
EHU: Euskal Herriko Unibertsitatea.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
ELA: Estatuko Loteriak eta Apustuak.
Elkarkidetza: Elkarkidetza Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea.
ESS: Enpresa Sektore Publikoa.
FA: Foru Araua.
FD: Foru Dekretua.
FDA: Foru Dekretu Arauemailea.
FEEP: Foru enpresa-erakunde publikoa.
FPEK: Finantza Publikoen Euskal Kontseilua.
GLFE: Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea Erakunde Autonomoa.
PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga.
SPKLTB: Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 14koa, 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutakoa.
TVCP/HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
Udalkutxa: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Lanerako Urteko Programan erabakitakoari jarraikiz, Bizkaiko Lurralde Historikoaren (BLH) 2015eko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazioa mamitu du.
Fiskalizazioak honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: Honako atal hauetan: aurrekontua, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, erosketa eta zerbitzuak, diru-laguntzen emakida eta zuzenbide publikoko sarrerak.
– Kontularitzakoak: Foru sektore publikoko kontuak ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu.
– Foru sektore publikoaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlanik besarkatzen. Nolanahi dela ere, kudeaketan eta barne kontrolean azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.
BLHren Kontu Orokorra Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen eta Enpresa Sektore Publikoaren kontuek osatzen dute (ikus BLHren Kontu Orokorra www.bizkaia.eus helbidean).
Hona hemen Enpresa Sektore publikoa osatzen duten foru enpresa publikoen, foru merkataritzako sozietateen eta foru fundazioen xehapena:
Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren testu bateginean agindutakoari jarraikiz, BLHren Kontu Orokorrak informazio modura Bilbao Bizkaia Uren Partzuergoaren Balantzea eta Galera-Irabazien Kontua besarkatzen dituen eranskina barne hartu du. Kontu hauek ez dira Txosten honetan fiskalizatu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– 2015eko abenduaren 9an Diputatuen Kontseiluak bertako langileen lan baldintzak arautzen dituen arauetan finkatutakoa aplikatzea onartu zuen, 2012 eta 2013ko urteetan izandako eros-ahalmenaren galerak berdintzearren (funtzionarioentzako Akordioaren 70.4 artikulua eta lan kontratupeko langileentzako Hitzarmenaren 92.4 artikulua). Erabaki horren ondorioz, langileria guztiari 2014an finkatutako ordainsarien % 0,5 ordaindu zien. Ordainketa honek urratu egin du 2015eko Aurrekontuen FAren 25.2 artikulua. Kontzeptu honek eragindako gastua 657.517 eurorena izan da BFAn, 198.692 eurorena GUFEn eta 177.965 eurorena Enpresa Sektore Publikoan.
2.– BFAk uste du bertako Giza Baliabideetako Plan Estrategikoaren arabera, borondatezko erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik eta administrazio publikoko langile izateari uko egiteagatik 2015ean 108 langileri guztira 4,1 milioi euroren zenbatekoan ordaindutako primak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsitako laneko irabaziak direla. Plan horrek ez du egiaztatzen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren arabera, jokamolde horiek kaleratze kolektibo eta arrazoi objektiboengatiko kaleratze edo kargugabetzeekin berdintzen utziko lukeen arrazoirik egon denik, zeinaren kalte-ordainak badauden PFEZetik salbuetsita, abenduaren 5eko 13/2013 FAren 9. artikuluaren arabera.
3.– Bizkaikoa FEEPk aldi baterako kontratu bat lanaldi osorako kontratu mugagabe bihurtu du deialdi publikorik egin gabe (abenduaren 22ko 5/2010 FAren 31. artículo, Bizkaikoa Enpresa Erakunde Publikoa sortzekoa).
4.– GUFEk hornigai eta zerbitzu kontratazioak egin ditu guztira 781.945 euroren zenbatekoan, prozedura irekia saihestuta.
5.– Enpresa Sektore Publikoko zazpi erakundek argindarra erosi dute (1,5 milioi euro), batek gasa (190.638 euro), erakunde batek erabilitako ibilgailuak (461.929 euro), neguko lanabesak (223.363 euro) eta gatza (170.160 euro) eta beste erakunde batek hainbat gauza (366.718 euro), guztiek ere publikotasun eta lehia printzipioak bete gabe.
6.– Euskalduna Jauregia, SAren ekitaldietan aretoak muntatu eta desmuntatzeko eta laguntza teknikoa emateko zerbitzu teknikoa 2015az geroztik luzatu da kontratuan aurreikusitako gehienezko epea gaindituta; kontratuak 500.000 euro inguruko gastua du.
7.– Kanpoaldeko pantaila eta lotutako beste obra batzuk hornitu eta egikaritzeko eskaintzen hautaketan formulak baliatuta kuantifikagarriak diren irizpideen ebaluazioa gainerako irizpideekin batera egin da, APKLTBren 150.2 artikulua urratuz; kontratua Euskalduna Jauregia, SAk esleitu du 436.459 euroren zenbatekoan (BEZ barne).
Epaitegi honen iritzira, 1etik 7ra bitarteko paragrafoetan jasotako ez-betetzeak alde batera, BLH osatzen duten erakundeek (ikus I. Sarrera) zuzentasunez bete dute 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Kontuei buruzko iritzia.
Zalantza dago Azpiegitura, SAUren ibilgetuko inbertsioetan barne hartutako eraikin batzuen balorazioaren gainean, 16,2 milioi eurorena.
Epaitegi honen iritzira, 2015 eta 31 paragrafoetan adierazitako salbuespenak salbuetsita, Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen duten erakundeen kontuek (ikus I. Sarrera) alderdi esanguratsu guztietan 2014ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
Bestelako auziak: 2016ko urtarrilaren 14an Interbiak, SAk Amorebieta-Muxika bide-zatia amaitzeko lanak 24,6 milioi euroan esleitu zituen (BEZa barne), kontratistari leporagarriak zaizkion arrazoiengatik bide-zati hori eraikitzeko proiektuko lanen 3. zk. aldatutako kontratua bertan behera utzi ondoren. 2016ko urtarrilaren 18an hasierako kontratuaren esleipendun zen Aldi Baterako Enpresen Elkarteak (ABEE) ebazpen horren aurka judizio arruntaren demanda aurkeztu zuen, 2016ko azaroaren 10ean izapidetzeko onartu zena. Txosten hau idatzi dugun datan demanda ebatzi zain dago.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honek besarkatzen ditu bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.
III.1.– Aurrekontua, kontu orokorra eta kontabilitatea.
– 2015eko abenduaren 31ko konpromiso-kredituen egoerak ez ditu Metroaren 3. lerroa (Etxebarri-Matiko) eraiki eta finantzatzeko Eusko Jaurlaritzaren, Euskal Trenbide Sarearen eta BFAren arteko Lankidetza hitzarmenari dagozkion 5,6 milioi euro jasotzen.
– 824.843 euroren zenbatekoan kreditu berri bat sortu da, eskubideen egiazko diru-bilketarik egin gabe (AOFATBren 62.3 artikulua). Aitortutako diru-sarrera eta gerora ingresatutakoa, 412.421 eurorena izan da.
– Interbiak, SAren aurrekontuak ez du urte anitzeko izaera duten inbertsioen eranskina barne hartzen (AOFATBren 39.2 artículo).
2015eko abenduaren 31n Sozietate honek 46,2 milioi euroren inbertsio konpromisoak ditu, Ermuko hego saihesbideko lanen egikaritzarekin loturik nagusiki, Berroeta eta Uretamendiko bide-zatiak, Sozietateari BFAk agindu zizkionak. BFAren konpromiso kredituen aurrekontuak sozietatearen inbertsioak finantzatuko dituzten kapital zabalkuntzetarako finantza aktiboen bariazioan kontsignazio bat barne hartzen du. 2015eko ekitaldi itxieran, BFAren Kontuak Interbiak, SAren aldeko konpromiso kredituak barne hartzen ditu, 612 milioi euroren zenbatekoan, 2025 arte.
– Kontu Orokorrak Enpresa Sektore Publikoa osatzen duten erakundeen auditoria txostenak jaso behar lituzke dagozkien urteko kontuak hobeto interpretatu ahal izateko.
III.2.– Zerga sarrerak.
– 2015eko ekitaldian BFAk 45.756 zerga zor atzeratzeko baimena eman zuen, guztira 374 mila euroren zenbatekoan. 48 gerorapen espediente aztertu ditugu, guztira 84,5 milioi euroren zorra egin dutenak, eta honako alderdi hauek gailendu behar ditugu:
● Diru-bilketarako arautegiak ezartzen duen gerorapena emateko gehienezko epea gainditu egin da guztira 14,7 milioi euroren zenbatekoan emandako 13 gerorapenetan.
● Lau gerorapenetan, guztira 3,6 milioi euroan emandakoetan, gauzatzeko dago bermearen betekizunen bat: askiespena eta erregistroan izen ematea eta/edo onartzea.
● Diru-bilketarako arautegiak hilabetean ezartzen du bermea aurkezteko gehienezko epea; ordea, 1 eta 11 hilabete bitartean gainditu da epe hori guztira 34,3 milioi euroren zenbatekoaren emandako 15 gerorapenetan.
III.3.– Langileria gastuak.
Antzinatasun kontzeptuaren araberako ordainsariak kalkulatzean tratamendu bereiziak daudela ikusi dugu foru sozietateetan. Gomendagarria da enpresa sektore publikoari ezargarriak zaizkion ordainsariak arautu eta homogeneizatzea.
III.4.– Kontratazioa.
BFAk, GUFEk eta ESPk 2015ean edo lehenagoko ekitaldietan gauzatu arren 2015ean egikaritutako kontratazio espedienteen analisi bidez honako egoera hauek atzeman ditugu:
– 2015eko ekitaldian ez da Sektore Publikoaren Kontrataziorako Plataforman argitara eman, Merkatu Batasunaren Bermeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen xedapen gehigarri hirugarrenean araututakoan.
– Bizkaikoa FEEP, Aparkabisa, SA, Azpiegiturak, SAU, Interbiak SA, Lantik S.A. eta Biscaytik Fundazioan izan ezik, enpresa sektore publikoko erakundeen kontratugilearen profila euskarritzen duen sistema informatikoak ez du bertan jasotzen den informazioaren hedapen publikoa zein unetan hasten den modu frogagarrian egiaztatzen utziko duen gailu egokirik.
– Aparkabisa S.A. eta Garbiker SAren kontrataziorako barne aginpideek ez dute kontratugilearen profilean publikotasuna aurreikusten 50.000 eta 200.000 euro bitarteko obra kontratuen lizitazioan eta 50.000 eta 60.000 euroren gainerako kontratuen lizitazioan (SPKLTBren 191.c artikulua). Garbiker-en, gainera, jarraibideak ez dira kontratugilearen profilean argitaratu (APKLTBren 192.3 artículo).
– Komenigarria zatekeen GUFEk guztira 907.244 euroan esleitutako zerbitzuko bi kontraturen BABAk proposamena ezin daitekeela bete balioesteko bide emango luketen mugak bereiztea, eskaintza neurrigabe edo ezohikoen ondorioz.
– Bizkaikoa FEEPek 478.664 euroan esleitutako kontratu baten eta Garbiker SAk aleko prezioetan esleitutako kontratu baten BABAk onartzeko irizpide diren esleipen irizpideak barne hartzen ditu, hala nola, kalitatezko ziurtagiriak Bizkaikoa EPEFen kasuan eta gauza eta pertsonen baliabideen balorazioa Garbiker, SAn.
– Ondoko espedienteen BABAn jasotako esleipen irizpideek hobekuntzen atal bat besarkatzen dute, zein ezaugarri balioztatuko diren zehaztu gabe: GUFEk 57.585 euroan esleitutako espediente batean; Garbiker, SAk aleko prezioetan esleitutako espediente batean eta Biscaytik-ek gehienezko 2,7 milioi euroan esleitutako bost espedientetan.
– 2015ean Biscaytik Fundazioak gauzatutako hiru kontraturen baldintzen agiriak, orduko prezioan eta 709.181 euroren gehienezko zenbatekoarekin esleitutakoetan, ez ditu egikaritza epeak zuzen finkatzen; izan ere, kontratua gauzatzeko ordu kopuru jakin bat ematen du, baina gaineratzen du esleipendunak zerbitzu eman beharko duela aurrekontuko zuzkidura agortu arte eskainitako prezio orduaren arabera, Biscaytik Fundazioak zuzkidura hori ez agortzeko duen eskubidea eragotzi gabe.
– 2015ean BFAk gauzatutako kontratuetan eskaintzen sailkapena eta esleipenerako dokumentazioa eskatzea kontratazio mahaiak egiten du eta ez kontratazio atalak (SPKLTBren 151.1 eta 2 artículo).
– 2015ean BFAk 4,8 milioi euroan esleitutako bi kontratutan gainditu egin da esleipenerako gehienezko epea, proposamenak ireki zirenetik bi hilabetekoa, alegia.
– 2015ean BFAk 2,7 milioi euroan gauzatutako bi obra kontratutan esleipendunak ez du lanerako programa aurkeztu eta beste lautan, 11 milioi euroan gauzatu direnetan, atzeraldiak izan dira aurkezpen eta/edo onespenean.
– BFAk guztira 10,1 milioi euroan esleitutako bi kontratutan, horiek egikaritzeko epea luzatu da, dagokion kontratu aldaketa onartu gabe.
– BFAk 13,7 milioi euroren zenbatekoan esleitutako lau obra kontratutan, azken ziurtagiriak harrera akata jasotzen denetik aurrera hiru hilabeteko epean onartzen dira.
– BFAk kontratu txiki modura 405.383 euroren ondasun eta zerbitzuak izapidetu ditu; ordea, horietarako sorta eta/edo aleko prezioetan egin liteke lehiaketa, ohikotasunez kontratatzen diren gastuak direlako eta horien urteko beharra aurreikus daitekeelako.
– GUFEk bost ondasun eta zerbitzuren erosketa egin du guztira 248.414 euroren zenbatekoarekin, bakoitza hornitzaile bakarrarekin kontratatua eta kontratu txikiaren moldea baliatuta izapidetua; alabaina, publikotasunik gabe eskaintzak eskatuta prozedura negoziatu bidez izapidetu behar ziratekeen edo aleko prezioetan lizitaziorik egin daitekeen aztertu behar litzateke, ohikotasunez kontratatzen diren gastuak direlako eta urtean zenbat beharko den balioetsi daitekeelako.
– Espedienteko erakundeek gauzatutako ondotik zehaztutako gastuak homogeneoak, aurreikusgarriak eta bakoitza hornitzaile batekin kontrataturikoak dira; honenbestez, ondoko erakundeek lehia printzipioa baliatu behar lukete kontratazioan:
III.5.– Diru-Laguntzak.
Diru-laguntza izendun eta zuzenak
Hautatutako diru-laguntza zuzenen azterketatik zera ondorioztatu dugu:
– 750.000 euroren zenbatekoarekin emandako bi diru-laguntza izendunetan eta 1,2 milioi euroren sei diru-laguntza zuzenetan emakida ebazpenak eta hitzarmen arautzaileak orokorrak dira eta ez dute ez edukia garatzen, ezta kopurua kontu-sail berariazkoetan ere.
– Diru-laguntza batzuetan, duten berezitasunagatik edo antzeko proiektuetarako lehenagoko ekitaldietako emakidetan errepikatu direlako, izendun modura emateko komenigarritasuna aztertu beharko litzateke; era horretako lau diru-laguntza eman dira guztira milioi bat euroren zenbatekoan.
– Bilbao Exhibition Centre, SAk 550.000 euroren diru-laguntza jaso du Bizkaia International Music Experience 2015 antolatzeko; ordea, ez du diruz lagundutako jardueraren azpi-kontratista hautatzeko baliatutako prozedura egiaztatu, 450.000 euroren zenbatekoan.
Deialdi bidez emandako diru-laguntzak
Hautatutako diru-laguntzen azterketatik zera ondorioztatu dugu:
– Ez da egiaztatu onuradunak hiru eskaintza eskatu dituenik diruz lagungarriak diren gastuak kontratatu aurretik, AFYPYME 2015 inbertsio aurreratuari laguntza emateko planeko laguntza bat justifikatzean; laguntzak 64.847 eurorenak izan dira.
Aurreko ekitaldietan emandako diru-laguntzak
Hautatutako diru-laguntzen azterketatik zera ondorioztatu dugu:
– Ez da egiaztatu onuradunak hiru eskaintza eskatu dituenik diruz lagungarriak diren gastuak kontratatu aurretik, nekazal ustiapeneko bi laguntza justifikatzean; laguntzak 234.865 eurorenak izan dira.
– Bizkaiko hiru kirol federaziori 154.073 euroan emandako hiru diru-laguntzaren 2015eko urtekoaren kontu justifikagarriak ez du diruz lagundutako jardueren gastu eta sarreren banakatzea jasotzen. Gainera, Euskal Joko eta Kirolen Federazioan, 2015eko ekitaldian 61.629 euroren gastua izan duenean, akatsak daude 22.508 euroren gastuak egiaztatzean.
Enpresa-sektore publikoko beste batzuk
Bizkaia-Bizkaialde Fundazioak 2015eko ekitaldian Bizkaiko kirol taldeei diru-emate batzuk egiteko deialdia deitu du, ekipoak kategoria gorenetan izan ditzaten; aurrekontua 999.990 eurorena da, lurralde historikoko 26 kirol erakunderen artean banatzen dena. 2014an emandako laguntzak 2015ean justifikatzean Patronatuak nahikotzat jotzen du diru-laguntza guztiaren % 85 baino gehiago justifikatzea; ordea, oinarri arauen arabera osorik justifikatu behar da laguntza.
III.6.– Hornitzaileei ordainketa epeak.
Euren urteko kontuen oroitidazkian jasoa dagoen legez, hornitzaileei ordainketarako batez besteko aldiak (OBA) gainditu egiten du berankortasunari buruzko araudiak aurreikusten duen gehienezko epea honako sozietate eta fundazio hauetan:
Bizkaia-Bizkaialde Fundazioak ez du urteko kontuen Oroitidazkian hornitzaileei ordaintzeko behar izaten duen epearen gaineko informaziorik ematen. Dena dela, HKEEk egindako azterketak ez du aipatutako Legeak zehazten dituen epeak gaindituz egindako ordainketarik atzeman.
IV.– Finantza analisia.
Finantza analisia
BFAk 2014 eta 2015eko ekitaldietan kitatutako magnitude nagusiak honako hauek dira:
Eragiketa arrunten emaitza
2015ean kitatutako eragiketa arrunten emaitza 162,7 milioi euro murriztu da 2014an kitatutakoarekiko (% -33,47). 2013ko ekitaldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren 2014ko aitorpenaren ondorioz 2015ean egindako itzulketen eragina murrizten badugu, emaitza honen murrizketa 2014an kitatutakoarekiko, 140,7 milioi euro ingurukoa izango zatekeen (% -28,95).
Hona hemen 2014arekiko bariazio adierazgarrienak:
– 2015ean diru-sarrera arrunt kontzeptuan kitatutako eskubideak 91,7 milioi euro murriztu dira (% -1,35), 62,1 milioi euro zerga zuzen eta zeharkakoetan eta 18 milioi euro tasa eta bestelako diru-sarreretan.
– Erakunde konpromisoek eragindako gastua 64,8 milioi euroan gehitu da (% 1,22), itunpeko zergen diru-bilketa % 0,49 igo delako.
– Gastu arruntak 6,2 milioi euro igo dira (% 0,61). Langile gastuek eta finantza gastuek hurrenez hurren 3,7 eta 14,6 milioi euro egin dute behera eta ondasun arrunt eta zerbitzuetako gastuek eta transferentzia eta diru-laguntza arruntetako gastuek, berriz, hurrenez hurren 14,2 eta 10,3 milioi euro egin dute gora.
Kapital eragiketen emaitza
Emaitza negatiboa 6,8 milioi euro hazi da, kapital transferentzietan gastu garbia 17 milioi euro handiagoa izan delako, nahiz egiazko inbertsioetako gastuak 9,6 milioi euro egin duen behera.
Finantza eragiketen saldoa
2015eko ekitaldiko finantzaketako eragiketen saldo negatiboa 3,1 milioi euro handitu da aurreko ekitaldiarekiko, foru partaidetza zuten sozietateen kapital zabalkuntzetarako ekarpena handitu izanaren ondorioz; aurrekontuko zorpetzeari bere horretan eutsi zaio.
Doitutako aurrekontuaren emaitza
Doitutako aurrekontu emaitza negatiboa, 2015ean 85,2 milioi eurorena izan denak, aurreko ekitaldikoa baino 110 milioi euro txikiagoa izan da, zeina 24,8 milioi euroan positiboa zen. Hona hemen bariazio esanguratsuenak:
– Ekitaldi arruntaren emaitza 172,6 milioi euroan murriztea berdindu egin da, hein batean, ekitaldi itxiek izan duten emaitzarekin, 33,5 milioi euroan hobetu baita.
– 2015ean kaudimen-gabezietarako eta erakunde konpromisoetarako zuzkiduraren bariazioa 2014koa baino 53,2 milioi euro txikiagoa izan da.
Diruzaintza geldikin garbi likido erabilgarria eta zorpetzea
– Kobratzeko dauden eskubideen diru-bilketaren aldizkakotzeak bereizten du Diruzaintza geldikin garbi likido erabilgarria metatutako emaitzatik. Hau da, hurren-hurrengo ekitaldian geldikinetik likido bihur daitekeen zatia balioesten da. Baina haren zenbatekoa % 95,39 gutxitu da, 2014ko urtean 60,8 milioi euro izatetik, 2,8 milioi euro izatera 2015ean.
– 2015eko ekitaldian BFAk beste zorpetze bat baliatu du 152 milioi euroren zenbatekoduna. BFAk 2015eko abenduaren 31n zuen indarreko zorra ez da ia batere aldatu. espediente barne hartzen badugu, 2015ean zorpetzeak % 1,40 egin du behera.
Ondorioa
Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoak, 3. eta 4. artikuluetan administrazio publikoei ezargarriak zaizkien aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunaren printzipioak ezartzen ditu, aurrekontuan oreka edo egiturazko superabit egoera modura eta oraingo eta etorkizuneko gastu konpromisoak finantzatzeko gaitasun modura ulertzen direnak, defizitaren eta zor publikoaren mugaketen barruan.
Kontu Orokorrean jasotako Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzko txostena Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiari eta Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari igorri zitzaien eta horiek ez dute salbuespenik adierazi.
Sarreretan izan den beheraldia beheraldi, 2015ean aurreko ekitaldietako zenbateko berean inbertsioak finantzatzeko behar adina baliabide sortu da.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Bizkaiko Foru Aldundia.
V.2.– Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea.
V.3.– Foru Enpresa-Erakunde Publikoak.
V.4.– Foru Merkataritza Sozietateak.
V.5.– Foru Fundazioak.
BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOAREN 2015EKO KONTU OROKORRAREN BEHIN-BEHINEKO TXOSTENARI EGINDAKO ALEGAZIOAK
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– 2015eko abenduaren 9an Diputatuen Kontseiluak bere langileen lan-baldintzak arautzen dituzten arauetan zehaztutakoa aplikatzea ebatzi zuen 2012 eta 2013ko erosahalmenaren galerak estali ahal izateko (funtzionarioei buruzko Akordioaren 70.4 artikulua eta langileei buruzko Hitzarmenaren 92.4 artikulua). Ondorioz, langile guztiei 2014an finkatutako ordainsarien % 0,5 ordaindu zitzaien. Ordainketa horrek 2015eko Aurrekontuei buruzko Foru Arauaren 25.2 artikulua urratzen du. Kontzeptu horretan egin den gastua 657.517 eurokoa izan da BFAn, 198.692 euro GUFEn eta 177.965 euro enpresa sektore publikoan (ikus 10.1 artikulua).
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa (baterakoa BFA, GUFE eta enpresa sektore publikorako)
Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, 2015eko abenduaren 9ko Akordioaren bidez (Akatsen Zuzenketa abenduaren 22koan), honako hau xedatu zuen, hitzez hitz:
«Bizkaiko Foru Aldundiko eta haren erakunde autonomiadunetako funtzionarioen lan baldintzak araupetzen dituen Akordioaren 70.4 artikuluan eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta haren erakunde autonomiadunetako funtzionarioen lan baldintzak araupetzen dituen Hitzarmenaren 92.4 artikuluan xedatutakoa betez, % 0,5 ordaintzeko erabakia onartzea eta guztirako zenbatekotik kentzea.
Erabakia aplikatzeko eta banatzeko irizpideak, 11/2014 Foru Arauaren 25. artikulua betez, honako hauek izango dira: zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko zaie bai 11/2014 Foru Arauaren 25. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako langileei (ordainsarien arabera), bai aipatutako artikuluaren 2. idatz-zatiko lehenengo paragrafoan aipatutakoei (aipatu eranskinaren arabera), ekoizkortasunaren kontzeptuan, lanpostuen prezioekiko proportzioan banatuta, honi atxikitako eranskinari jarraikiz.
Zenbateko horiek Estatuaren 2001. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 13/2000 Legearen xedapen gehigarrietatik hamaikagarrenean ezarri diren irizpideei lotuta egon daitezke, ekitaldi horretarako enplegatu publikoak diren langileen aldizkako ordainsarien barruan finkatzearen ondoreetarako 2016. urteko bidezko zenbatekoak sartzeko.
Erakunde autonomoek, proportzionaltasun irizpide bat betez, emaitzako zenbatekoak inkorpora ditzakete urteko ordainsariak ezartzeko».
Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2015. urteko aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 19ko 11/2014 Foru Arauaren 25. artikuluak honako hau dio:
«1.– Ahaldun nagusiaren, ahaldun nagusiordearen, foru diputatuen, zuzendari nagusien eta aldi baterako langileen ordainsariek ez dituzte gaindituko 2014ko abenduaren 31n indarrean daudenak, data horretan behin sendotuz gero, eta honako Foru Arau honen 25. artikuluaren hurrengo idatz-zatietan ezarririk dauden irizpideen arabera zehaztuko dira, ekoizkortasun arloa ere barne izango delarik.
2.– Foru Administrazioaren zerbitzupeko langileen urteko ordainsari guztien kopuruek ez dituzte gaindituko 2014ko abenduaren 31n indarrean daudenak, data horretan behin sendotuz gero. Eta hori horrela da, hala denean, lanpostu bakoitzari esleitu zaiona horren bidezko zailtasun tekniko berezi, dedikazio, erantzukizun, arrisku edo nekearekin bat datorrela bermatzeko lansari osagarrien egokitzapena gorabehera. Horiek Foru Aldundiak onetsiko ditu; halaber, egitarau bakoitzerako esleitu diren pertsonen kopuruan, horretarako ezarri diren helburuen lorpenaren graduan eta horren aplikazioaren emaitza indibidualean dauden aldarazpenenen emaitzako aldarazpen osagarrien emaitzakoetan ere onesteko eskumenak dituen organoa Foru Aldundia da.
Ildo honetatik eta etekinaren ebaluazioaren eta bere emaitzen aplikazioen sistema batekin jarraitu ahal izateko, Foru Aldundiak ekoizkortasunagatiko osagarriarekin ordaintzeko funts gehigarri bat ezar dezake, 2014rako EAEren kontsumo «itxiaren» prezioen indizea aplikatzearen baliokidea gaindituko ez duena, bai etekinen pizgarrien bidez edo baita, hala denean, ekoizkortasunagatiko kontzeptuaren beraren bidez; adierazi den funtsa hori I. kapituluan –pertsonalaren gastuak– gertatuko diren ekonomien emaitzarekin zuzki daiteke.
Kontzeptu honengatiko ordainsariak –ekoizkortasuna–, edo eskersariaren bidez egiten direnak, bi kontzeptuetan –hala denean– ekoizkortasunagatiko kontzeptuan egingo den ordainketa bakarrean aplikatuko dira eta Foru Aldundiak ezarri eta onetsiko duena betez banatuko dira hala 1. atalean azaltzen den pertsonalarentzat nola artikulu honen 2. ataleko lehen paragrafoan azaltzen den pertsonalarentzat.
Erakunde autonomoek, proportzionaltasun irizpide bat betez, urteko ordainsariak ezartzeko emaitzako zenbatekoak inkorpora ditzakete».
3.– Honen aurreko atalean adierazi denaren ondorioz honako ekitaldi honetan ordain daitezkeen zenbatekoak 2001. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 13/2000 Legearen xedapen gehigarrietatik hamaikagarrenean ezarri diren irizpideei lotuta egon daitezke ekitaldi horretarako enplegatu publikoak diren pertsonalaren aldiroko ordainsarien barruan finkatzearen ondoreetarako hurrengo urteko bidezko zenbatekoak inkorporatzeko.
Era berean, 2014. urteari dagokion ekitaldian kontzeptu horren kariz ordaindu izan diren zenbatekoak aurreko paragrafoan adierazi den irizpidearen araberakoak izango dira, honako artikulu honen lehenengo eta bigarren idatz-zatietan aipatzen diren ordainsarien barruan sendotzearen ondoreetarako.
Aurrekontuei buruzko Foru Arauaren 25. artikuluko baimenak bi aurreikuspen hartzen ditu barnean, hau da, bi gauza baimentzen ditu: alde batetik, funts gehigarri bat ezartzea, 2014rako EAEren kontsumo «itxiaren» prezioen indizea aplikatuz lortzen den zenbatekokoa, I. kapituluan jasotako ekonomien emaitzarekin zuzki daitekeena; bestaldetik, ordainsariak ekoizkortasun edo haborokin kontzeptuan ordaintzea, ekoizkortasun kontzeptuko ordainketa bakarrean eta Foru Aldundiak ezarri eta onetsi duen moduan banatuta; horretarako, ez da bideratzen funts gehigarririk, hortaz (funts gehigarririk onetsi ez denez), I. kapituluaren ondorioz sortutako ekonomien emaitza gisa lortutako soberakinekin finantzatuko dela ulertuko da.
Aurreikuspena bat dator 2015erako Akordio eta Hitzarmenarekin, funtsa sortzea (KPIren diferentziala muga duena) Akordioaren 70. artikuluko eta Hitzarmenaren 92. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitako aurreikuspenari heltzen zaio eta:
«2015. urtean, ekoizkortasunaren kontzeptuan, 2014rako Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indizeari dagokion ehunekoaren zenbatekoa ordainduko da, urte horretako erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko».
Aurrekontuko bigarren aurreikuspena, aldiz (aurrekontuko soberakinak baino beste mugarik ez duena), Akordioaren 70. artikuluko eta Hitzarmenaren 92. artikuluko 4. idatz-zatiari dagokio. Izan ere, idatz-zati horrek 2012 eta 2013an erosahalmena galdu dela onartzen du:
«Bizkaiko Foru Aldundiak eta GUFEk, 2012an eta 2013an galdutako erosahalmenaren ehunekoa kontuan hartuz (% 5,1, erreferentziatzat 2011. eta 2012. urteetako Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indizea hartuta), konpromisoa hartzen dute, galeraren ehunekoa zortzat jotzeaz gain, Akordio honen indarraldia amaitu baino lehen, hain zuzen, 2015eko azken hiruhilekoan, urte horietan galdutako erosahalmena –egoera ekonomikoari zein Bizkaiko Lurralde Historikoko aurrekontu erabilgarriaren ehunekoari lotuta– berreskuratzeko aukerak Negoziazio Mahaian aztertzeko; hori guztia, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko/ordaintzeko epeak ezarri ahal izateko».
Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluaren Akordioak, 2015eko abenduaren 9koak, kontu horri heltzen dio azalpenetan, eta, hurrenez hurren, Akordioaren eta Hitzarmenaren 70.4 eta 92.4 artikuluak, baita 2015erako aurrekontuei buruzko Foru Arauaren 25. artikulua ere aztertu ondoren, honako hau dio:
«...alde batetik, ezartzen da banaketa Foru Aldundiak zehaztu eta onetsiko duela eta ordainketa bakarra egingo dela, ekoizkortasun-kontzeptuan.
Hori guztia dela eta, baldintza batzuk bete behar dira, aipatu araudian zerrendatzen diren zenbatekoak ordaintzeko:
Ordainketa egoera ekonomikoari zein Bizkaiko Lurralde Historikoko aurrekontu erabilgarriaren ehunekoari lotuta egongo da.
Ordainketaren banaketa Foru Aldundiak zehaztu eta onetsiko du, eta ordainketa bakarra egingo da, ekoizkortasun-kontzeptuan.»
Era berean, Akordioak zehaztu ditu ekitaldian ordain daitezkeen zenbatekoak, 2015. urteko aurrekontu orokorrei buruzko Foru Arauaren 25. artikuluak baimendutakoak eta Bizkaiko Foru Aldundiak langileen baldintzei buruzko akordioetan adostutakoak, era honetara:
«Bizkaiko Lurralde Historikoko aurrekontu erabilgarriaren ehunekoa aztertzeko, lehenik, egiaztatu behar da ea 70. eta 92. artikuluen bigarren idatz-zatia aplikatu behar den; horien arabera, 2015. urtean, ekoizkortasunaren kontzeptuan, 2014rako Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumoko prezioen indizeari dagokion ehunekoaren zenbatekoa ordainduko da, urte horretako erosahalmenaren galera konpentsatzeko; hori, aztertzen ari garen hurrengo idatz-zatian adierazitakoa baino lehen hartu behar da kontuan, ekitaldiko erabilgarriak kontabilizatzeko.
Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 2014ko kontsumoko prezioen indizea % -1 izan da, hau da, negatiboa; hortaz, ez da bidezkoa idatz-zati hori aplikatzea; izan ere, zenbateko hori diferentzial positiboan baloratu da, urte horretan egon ahal izan den erosahalmen galera konpentsatzeko ezarri delako, eta halakorik ez da egon.
Hori dela eta, egon daitekeen aurrekontu erabilgarria ez da aipatu artikuluen beste idatz-zati bati lehentasunez aplikatu behar, eta, Akordioaren eta Hitzarmenaren, hurrenez hurren, 70. eta 92. artikuluaren 4 idatz-zatikoari aplika daiteke».
Azkenik, eta aurrekontu-urtea amaitu aurretik (ekitaldiaren itxierak erabilgarri berri bat ekarriko duela kontuan hartuta), aipatu Akordioak zenbatu eta zehaztu du Akordioa egin den egunean eskuragarri egon den zenbatekoa, Akordioko gastua soberan estaltzen duena, era honetara:
«I. kapituluko soberakinekin osatutako aurrekontu erabilgarria, 139. idazpenean jasota dagoena, Ogasuna eta Finantza Saileko Aurrekontuen eta Kontrol Ekonomikoaren Zuzendariordetza Orokorrak egiaztatu du, uneko hileko soberakinak kontabilizatu baino lehen, eta 960.055,99 eurokoa da. Era berean, egiaztatu du 111.02, 121.02, 161.02 eta 171.02 idazpenetan adierazitako zenbatekoa, 130.577,28 eurokoa; hori gerakintzat hartzen da, ez baita erabiliko Akordioaren eta Hitzarmenaren 70.2 eta 92.2 artikuluetan adierazitakoa ordaintzeko, esan bezala, 2014ko kontsumoko prezioen indizea zenbaki negatiboa izan delako.
Eskuragarri dagoen zenbatekoa nahikoa eta egokia da aipatu artikuluetan, hau da, Akordioaren eta Hitzarmenaren 70.4 eta 92.4 artikuluetan, hurrenez hurren, azaldutako zenbatekoaren % 0,5a ordaintzeko, horren balioa 660.000 eurotan ezarri baita».
Hori dela eta, bete egiten da 2015erako aurrekontuei buruzko Foru Arauaren 25. artikulua, artikulu horrek muga orokorra (KPIren diferentziala) ezarri baitu, 2014ko ekitaldiko erosahalmenaren galera (hurrenez hurren, Akordioaren eta Hitzarmenaren 70. eta 92. artikuluetako 2. idatz-zatian aurreikusitakoa) arintzeko helburuz ekoizkortasun osagarria ordaintzeko funts bat sortzeari dagokionez. Horrez gain, baimentzen du ordainketa ekoizkortasun kontzeptuan egitea, baina ez du ematen zenbatekoa ekoizkortasun kontzeptuan edo eskersari gisa ordainketa bakarrean ordaintzeko erabil daitekeen funts osagarri bat sortzeko aukerarik (ordainketa bakar horrek, alde batetik, ezin du gainditu 2014rako EAEren kontsumo itxiaren prezioen indizea aplikatu ondoren geratzen den zenbatekoa, eta bestetik, ez du ematen funts osagarririk sortzeko aukerarik); ordainketa bat dator Akordioaren eta Hitzarmenaren 70. eta 92. artikuluen 4. idatz-zatian adierazitakoarekin. Funts gehigarririk sortu ez denez, bete egin da aipatu 25. artikulua.
Alegazioaren eranskina BEAZ-i dagokionez
BEAZ SAU 2015erako aurrekontuei buruzko Foru Arauaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren langile lan-kontratudunei buruzko hitzarmenaren menpe dagoenez, eta 2015ean lehenago aipatutako % 0,5eko igoerari aurre egiteko behar den soberakina sortu duenez (9.327,05 euro), betetzat jo daiteke hasieran azaldutako IRITZIA atalean aipatutako artikulua.
Alegazioaren eranskina euskalduna jauregiari dagokionez
Lehenago azaldutakoa gorabehera, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu orokorrak aintzat hartuta, Euskalduna Jauregiaren kasuan ez litzateke aplikatuko, bertako langileei % 0,5 hori ordaintzeko 5.358,66 euro bideratu delako. Zenbateko osoa Euskalduna Jauregiaren merkataritza-jarduerak sortutako 601.293,19 euroko EBITDA positiboaren kargura joan da.
Hori dela eta, ez da betegabetzat hartzen 2015erako aurrekontuei buruzko Foru Arauaren 25. artikulua, ez baita ordaindu funts gehigarri bateko diru-kopururik, ekitaldian superabit ekonomikoa egon delako.
Alegazioaren eranskina Interbiak-i dagokionez
Aurreko idatz-zatietan adierazitakoarekin bat, eta aipatutako araudia oinarri hartuta, Interbiak-ek nahikoa soberakin izan du Akordioa aplikatzeak eragindako gastuari aurre egiteko; gastua 8 mila eurokoa izan da.
Alegazioaren eranskina Garbikerri dagokionez
Aurretik aipatutako % 0,5eko soldata-igoerari buruzko zatiari dagokionez Garbiker AB S.A. 2015erako aurrekontuei buruzko Foru Arauaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren langile lan-kontratudunei buruzko hitzarmenaren menpe dagoenez, eta 2015ean lehenago aipatutako % 0,5eko igoerari aurre egiteko behar den soberakina sortu duenez (17 mila euro), betetzat jo daiteke hasieran azaldutako IRITZIA atalean aipatutako artikulua.
2.– BFAk, Giza Baliabideen Planarekin bat, PFEZetik salbuetsitako laneko etekintzat hartzen ditu borondatezko erretiroagatik, erabateko ezintasun iraunkorragatik eta administrazio publikoko langile izateari uko egiteagatik 2015ean 108 langileri ordaindutako primak -guztira 4,1 milioi euro-. Planak ez du aipatzen argudiorik jarduketa horiek, Langileen Estatutuaren testu bategineko 51. artikulua betez, arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze kolektiboekin edo utzarazpenekin berdinesteko; halakoetan, kalte-ordainak salbuetsita daude, hala xedatzen baitu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluak.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa
2015. urtean Bizkaiko Foru Aldundiko langileek ondoren aipatzen diren modalitateetan jaso dituzten kalte-ordainen PFEZen tributazioa:
a) Kalte-ordaina jasotzen duten aurreratutako erretiroak,
b) Ezintasun iraunkor osoaren adierazpena duten langileak eta
c) Langile publikoa izateari uko egin dutenak.
PFEZ arautzen duen 13/2013 Foru Arauko 9. artikuluko 5. idatz-zatiko azken paragrafoak xedatzen duen bezala, administrazio publikoek onetsitako Giza Baliabideen plan estrategikoen betearazpenaren ondorioz administrazio horietako langileek jasotzen dituzten kalte-ordainak salbuetsita daude, lan-erregulazioko espedienteekin berdinesten baitira. Kalte-ordain horien gehieneko kopurua bidegabeko kaleratzeen kasurako Langileen Estatutuak ezartzen duen nahitaezko muga izango da, hau da, 45 soldata-egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko (zerbitzu-aldia urtebete baino laburragoa izanez gero, kopuru hori proportzionalki hainbanatuko da), gehienez ere 42 ordainketa 2012ko otsailaren 11ra arte, eta hortik aurrera, 33 soldata-egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko (zerbitzu-aldia urtebete baino laburragoa izanez gero, kopuru hori proportzionalki hainbanatuko da), gehienez ere 24 ordainketa.
Artikulu hori irakurri besterik ez da egin behar salbuespenak bertan egiaztatzen direla ikusteko:
13/2013 Foru Araua, 9. artikulua
Salbuetsitako errentak:
5.– Langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, hura garatzeko araudietan edo, halakorik balego, epaiak betearazteko araudian nahitaezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuetan finkatutako kalte-ordaina ezingo da nahitaezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu. Era berean, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 103.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz bazkideak kooperatiba uzteagatik jasotzen dituen kalte-ordainak ere salbuetsita egongo dira; lan-araudiak Langileen Estatutuko 52. artikuluko c) letran aipatzen den kargugabetze kasuetarako nahitaez ezartzen duen zenbateko bera dago salbuetsita.
Aurreko paragrafoetan jasotakoaren kalterik gabe, Langileen Estatutuko 51. artikuluaren arabera eginiko kaleratze kolektiboak direnean edo kontratuak estatutu horretako 52.c) artikuluan jasotako arrazoiengatik amaitzen direnean, zerga ordaintzetik salbuetsiko da estatutu horretan bidegabeko kaleratzeagatik nahitaezko izaeraz ezarritako mugak gainditzen ez dituen kalte-ordainaren zatia, betiere kaleratzeak eta kontratu-amaitzeak gertatu badira edo arrazoi ekonomiko eta teknikoengatik, edo ezinbesteko kasuengatik, edo antolaketa eta ekoizpeneko arrazoiengatik. Ordezkotza-kontratu batean dauden langileek lan-harremana desegin eta lan-jarduera lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak ere muga horiekin egongo dira salbuetsita.
Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, administrazio publikoek Langileen Estatutuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako bat oinarritzat hartuta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak aurreko lerroaldean aipatzen diren kaleratze kolektiboekin eta kaleratze nahiz kargugabetze objektiboekin parekatuko dira.
Zenbaki honetan ezartzen den kalte-ordain salbuetsia 180.000 euro izango da, gehienez.
Artikulu hau Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudia onesten duen apirilaren 8ko 47/2004 Foru Dekretuaren 7. artikuluan, langileek kaleratzeagatik edo lana utzarazteagatik jasotzen dituzten kalte-ordainei buruzkoan, garatzen da; honela dio hitzez hitz:
«Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 5. zenbakian ezarritako salbuespena aplikatzeko ezinbestekoa da langileak inolako loturik ez edukitzea enpresarekin. Kontrako frogarik izan ezean, ondoko kasuan langileak enpresarekin lotura daukala pentsatuko da: baldin eta kaleratu edo lana utzarazi ondoko hiru urteetan berriz ere enpresa berari, edo berarekin lotutako beste enpresa bati (lotura Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 42. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren araberakoa izan behar da), zerbitzuak egiten hasi bada; nolanahi ere, lotura bazkide-sozietatearen arteko harremanen arabera definitzen bada, partaidetza % 25ekoa edo handiagoa izan behar da (edo % 5ekoa edo handiagoa, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 21ean finantza-tresnen merkatuei buruz emandako 2004/39/EE Zuzentarauko III. tituluan definitzen diren baloreen merkatu arautuetan negoziatzen diren baloreak izanez gero). Salbuetsitako gehieneko kopurua, 180.000 euro, langilearen laneratze edo lan-utzarazpen bakoitzeko aplikatuko da, kalte-ordaina ordaintzeko modua gorabehera».
Giza Baliabideen Plan Estrategikoak martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Langileen Estatutuaren testu bategineko 51. artikuluan aipatutako arrazoiak egiaztatzen ditu. Horren arabera, aurreko gertaerak kaleratze kolektiboekin eta arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze edo utzarapenekin berdinesteko arrazoiak gertatzen direla egiaztatzen da, eta horrenbestez, kalte-ordain horiek kargatik salbuetsita daudela, PFEZi buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluan eta zerga horren araudian xedatzen den bezala, zeren, berezkoa duen legeriaren esparruan, langile kopurua (eta beraz enplegua) arrazionalizatzeko plana baita; zioen azalpenak hauxe dio:
Urriaren 21eko 152/2008 Foru Dekretua onetsi zen Bizkaiko Foru Aldundiaren Giza Baliabideen Planaren ondoriozko arrazionalizazio-sistemak garatzeko, hain zuzen ere Funtzio Publikoaren erreformarako neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legean xedaturiko lege-ezarpenak betearazteko. Plan hura 1996ko ekainaren 25ean onetsi zuen Gobernu Kontseiluak.
Abenduaren 29ko 22/1993 Legearen bidez sartu zen abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hogeita batgarren xedapen gehigarrian xedatu denez, autonomia erkidegoek eta tokiko korporazioek, beren burua antolatzeko ahalmenarekin bat, giza baliabideen beste arrazionalizazio-sistema batzuk har ditzakete enplegu planez gain, beren berezitasunetara egokitutako programen bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea aplikatzen da. Lege horren 22. artikuluaren arabera, Euskal Administrazio Publikoek giza baliabideak arrazionalizatzeko programak onar ditzakete, euren buruak antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ostean. Programok euren berezitasunei egokituko zaizkie, eta funtzionarioei zein lan-kontratuko langileei buruzkoak izango dira, eta euren eraginpeko alorrean giza baliabideak ahalik ondoen erabiltzeko garatu behar diren jarduketak hartuko dituzte batera. Eta hori aurrekontuen mugen barne egin beharko da, gobernu-organoek langileei buruzko politikarako finka ditzaten jokabideen arabera.
Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 69. artikuluan, beren giza baliabideak antolatzeko planak onesteko ahalmena aintzatesten zaie herri administrazioei.
Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren Giza Baliabideen Planak eta horren ondoriozko urriaren 21eko 152/2008 Foru Dekretuaren bidez, azaldutako marko juridikoaren baitan hauexek biltzen dituzte: Bizkaiko Foru Aldundiaren giza baliabideak arrazionalizatzeko zenbait neurri.
Neurri horien artean, beren zerbitzuko langileriaren erretiroari buruzko neurriak daude, baina, gaur egun, neurri horiek garatzen jarraitu beharra dago, baita zerbitzu aktiboaren luzapenerako muga Giza Baliabideen Plan Estrategikoan sartu ere, halako moldez non, oro har, funtzionarioen eta lan-itunpeko langileen nahitaezko erretiroa ohiko adinean ezarriko baita Gizarte Segurantzaren araubidearen edo kasuan kasuko mutualitatearen arabera.
Neurri hori Euskal Autonomia Erkidegoak jarraituriko ildoan kokatzen da; izan ere, 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 20ko 4/2013 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian, muga hori bildu da bere zerbitzuko funtzionarioentzat.
Horrenbestez, Langileen Estatutuko 51. artikuluan xedaturikoa Herri Administrazioan ezarritako egokitzapena da, hari datxekion araudiarekin bat etorriz. Ekoizpeneko bitartekoetan edo tresnetan, laneko sistemetan eta metodoetan izandako aldaketak eta ekoizpena antolatzeko moduak aipatzen dira zuzenean. Administrazioan, plantillei eta lanpostuen zerrendei dagokie, eta hori arrazionalizatzeko onetsi zen hain zuzen ere Giza Baliabideen Plana.
Herri administrazioetako giza baliabideen plan estrategikoak, haien araudia ikusita, administrazioak bere beharretarako balia ditzaketen giza baliabideak arrazionalizatzeko eta egokitzeko programak direla esan daiteke, beren burua antolatzeko ahalmen espezifikoarekin bat etorrita eta aurretik langileriaren ordezkaritzarekin negoziatuta. Programa horietan, enplegu planak aplikatzeko araudi orokorrean ezarritako neurriez gain, borondatezko eszedentziarako, aurreratutako erretirorako, zerbitzu aktiboari uko egiteko edo zerbitzuan behin betiko baja hartzeko pizgarriak sar daitezke.
Bestalde, enpresa pribatuaren eta lan-zuzenbidearen eremuan, lana erregulatzeko espedienteak iraizpen kolektiboak egiteko administrazio prozedurak dira, iraizpen horiek beharrezkoak baldin badira enpresaren egoera ekonomiko txarra gainditzen saiatzeko (kausa ekonomikoak baldin badira) edo enpresaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, bere giza baliabideak modu egokiagoan antolatuz (kausa teknikoak, antolaketakoak edo ekoizpenekoak badira).
Horregatik, herri administrazioei datxezkien giza baliabideen plan estrategikoen eta lan-zuzenbideari datxezkion enplegu-erregulazioko espedienteen artean dauden antzekotasunak ikusita (bereziki kontuan hartuta biak bideratzen direla enplegatzaileak giza baliabideak beren antolamenduko behar objektiboetara egokitzeko eta arrazionalizatzeko), antzeko tratamendua ematen die PFEZFAk kontzeptu batean edo bestean jasotako pizgarriei eta kalte-ordainei, 9.5. artikuluan araupeturiko salbuespenaren ondorioetarako, eta sail eskudunak jakinarazita duenez plan estrategiko horien kasuan, antolamenduaren arloko kausak dira oinarria, Aldundiaren plantilla arrazionalizatzeko eta berregokitzeko, betiere Aldundian enpleguaren geroko bideragarritasuna bermatze aldera eta bere giza baliabideak egokiago antolatuz. Horrexegatik dago salbuetsita enplegatuek jasotako kalte-ordainaren zatia, baldin eta Langileen Estatutuan bidegabeko iraizpenerako ezarritako nahitaezko mugak gainditzen ez badira betiere.
Hauxe dio hitzez hitz LEren 51. artikuluak:
«Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina (indarrean 2015. urteko azaroaren 13ra arte) onetsi duen martxoaren 24ko Legegintzako 1/1995 Errege Dekretuaren kaleratze kolektiboa.
1.– Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kaleratze kolektibo esango zaio ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpeneko arrazoietan oinarrituta kontratuak amaitzeari, laurogeita hamar eguneko epean amaitzeak honako hauengan badu eragina:
a) Ehun langiletik beherako enpresetan, hamar langilerengan.
b) Ehun eta hirurehun langile arteko enpresetan, langileen % 10.
c) Hirurehun langiletik gorako enpresetan, hogeita hamar langileri.
Kausa ekonomikoak tartean direla joko da baldin eta enpresaren emaitzak ikusita agerikoa bada egoera ekonomiko negatiboa duela enpresak; adibidez, gaur egun galerak izatea edo gerorako galerak aurreikustea, edo diru-sarrerak nahiz salmentak luzaroan gutxituz joatea. Nolanahi ere, murrizpena iraunkortzat joko da hiru hiruhilekotan jarraian salmentak edo sarrera arruntak aurreko urteko hiruhileko berdinetan baino gutxiago badira.
Arrazoi teknikotzat hartuko da ekoizteko bitartekoetan edo tresnetan aldaketak gertatzea, antolamenduko arrazoitzat lan egiteko sistemetan eta metodoetan edo produkzioa antolatzeko moduan aldaketak gertatzea, eta ekoizpeneko arrazoitzat enpresak merkaturatu nahi dituen produktuen edo zerbitzuen eskarian aldaketak gertatzea.»
Hortaz, egiaztatuta geratu da badaudela argudioak jarduketa horiek, Langileen Estatutuaren testu bategineko 51. artikulua betez, arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze kolektiboekin edo utzarazpenekin berdinesteko; halakoetan, kalte-ordainak salbuetsita daude, hala xedatzen baitu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluak. Izan ere, administrazio publikoetako giza baliabideen plan estrategikoak, haien araudia ikusita, administrazioak bere beharretarako balia ditzaketen giza baliabideak arrazionalizatzeko eta egokitzeko programak direla esan daiteke, eta plan estrategiko horren kasuan beren antolamenduko behar objektiboetara egokitzen dira, sail eskudunak jakinarazi duen moduan.
3.– Bizkaikoa FEEPek aldi baterako kontratu bat lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtu du, deialdi publikorik egin gabe (Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoa sortzeari buruzko abenduaren 22ko 5/2010 Foru Arauaren 31. artikulua).
Bizkaikoaren alegazioa
M.U.P. jaunaren aldi baterako kontratua lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtu izana justifikatzeak, gure iritziz, ez du hausten Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoa sortzeari buruzko abenduaren 22ko 5/2010 Foru Arauaren 31. artikuluan xedatutakoa, egitate objektiboan oinarritzen baita; hain zuzen, «atxikimendua» ere (Estatutuen 32. artikulua) baliozko modua da Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoari pertsonala atxikitzeko; erabat bereizita geratzen da «inkorporaziotik» (Estatutuetako 31. artikulua).
Jarraian, justifikazioan azaltzen diren argudioak zerrendatuko ditugu:
Lehenengoa.– 2010eko abenduaren 28ko 5/2010 Foru Arauak, Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoa sortzekoak, erakundearen estatutuak ezartzen ditu eta eginkizunen artean, besteak beste, hainbat ekipamenduren kudeaketa integrala aipatzen du.
Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoaren estatutuek, aipatu bezala, erakunde hori sortzeko 5/2010 Foru Arauan zehaztu direnek, bi artikulu desberdinetan ezartzen dituzte Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoko langile izateko bideak; hain zuzen, langileak «inkorporatzea» (31. artikulua) eta «atxikitzea» (32. artikulua) bereizi dira.
Bigarrena.– Izan ere, 31. artikuluak Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoan langile berriak «inkorporatzeko» aukera ezartzen du, kasu horretan, zuzendaritzakoa ez den pertsonala, erakundea abian jarri ondoren sartzen dena, hautatzeko prozesuak eratzeko beharra adierazita.
Hala ere, aipatutako aukera ez da bide bakarra erakundeko langile izateko. Izan ere, 5/2010 Foru Arauaren 32. artikuluak esanbidez jasotzen duenez, Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoak onar dezake Bizkaiko Foru Aldundiko langileek, funtzionarioek zein lan-kontratukoek, erakunde horri atxikitzea, langile horiek erakundean lan araubidepean sartzen badira. Hain zuzen ere, erakundea sortu denean, horixe izan da ohiko bidea erakundeko langile bihurtzeko. Izan ere, egungo langile gehienak Bizkaiko Foru Aldunditik etorri eta erakundeari atxiki egin dira.
Era berean, azpimarratu behar da 32. artikuluak, 31. artikuluak ez bezala, ez duela aipatzen atxikitzen diren langileentzat hautaketa-prozesurik egiteko beharrik.
Hirugarrena.– Hortaz, nahasteko beldurrik gabe, esan dezakegu Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoaren estatutuetan erakundean sartzeko guztiz legezkoak diren bi bide ezarri direla, bi artikulu desberdinetan, eta langile «inkorporatuak» (31. artikulua) eta «atxikiak» (32. artikulua) bereizi direla.
Ondorio horietarako, erakunde horren jarduketaren legezkotasuna ulertzeko, garrantzitsua da «atxiki» hitzaren esanahia azaltzea: hain zuzen ere, «pertsona bat kidego edo lanpostu bateko zerbitzuari lotzea» esan nahi du. Gure interpretazioari jarraikiz, zera ulertu dugu: Aldundiak (berak sortu zuen Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoa eta berari atxikita dago erakundea) emandako Foru Dekretuan foru sail bateko langileak BFAren menpean dagoen beste zerbitzu bati, kasu honetan, Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoari «lotzea» aipatzen denean (izan ere, atxikimenduari lege-oinarria ematea izan da dekretuaren helburua), Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoak ez du esku hartzen prozesu horretan, aurreko atxikimendu-prozesu guztietan bezala; are gutxiago, ez da abian jartzen hautaketa-prozesurik. Ulertu dugunez, erakundeak beste era batera jokatuz gero, horrek esan nahiko luke ez duela zehatz-mehatz betetzen aipatu Foru Dekretuan xedatutakoa, horrek ez baitu jarduketarik aurreikusi.
Gainera, beste gauza bat azpimarratzekoa da, ez baita huskeria: alegazio hauen xedea den lanpostua betetzen duen langileak, bere garaian, dagoeneko gainditu egin zuen hautaketa-prozesu zail bat, hain zuzen, meritu eta gaitasun proba bat, bitarteko funtzionarioa izateko, eta, aurrerago azalduko dugunez, hainbat urtetan Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzura egonda, zalantzarik gabe merkatuan parekorik ez duten merituak eta gaitasunak erakutsi zituen, lehenago bitarteko funtzionario gisa betetzen zuen lanpostu berean –beste erakunde batean, hau da, BFAn eta ez Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoan– sartzeko.
Egoera oso bestelakoa izango litzateke Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoak alde bateko erabakia hartuko balu, adibidez, arkeologo lanpostu bat sortzeko; kasu horretan, ezinbestean, hautaketa-prozesuaren deialdia egin beharko luke. Izan ere, erakundeak horrela jokatu du, langileak «inkorporatzeko» aurreko prozesuetan. Baina kasu horretan, ez zen langile berririk sartu, lehen eginkizun berberak betetzen zituen langile bat atxiki zen baizik, lan legepean.
Laugarrena.– Halaber, gogorarazi beharra dago M.U.P. jauna 1992an sartu zela Bizkaiko Foru Aldundian, urtebeteko kontratuarekin. Ondoren, hainbat aldiz, sei hilabetez luzatu zioten kontratua, 1995eko maiatzera arte. 1995ean, deialdia argitaratu zen, Administrazio Bereziko eskalan, teknikarien azpieskalan, Goi Mailako Teknikarien motako Arkeologiako Teknikarien espezialitateko bi lanpostu bitarteko funtzionario legez hornitzeko. (BAO, 201. zk., 1995eko urriaren 20koa).
Deialdi publikoak zehaztu zuenez, hautaketa-proba bat egin zitzaien aurkeztu ziren hautagai guztiei. Proba horretan, hautagaiek Bizkaiko Arkeologia antolatu eta kudeatzeko ereduaren proiektu-proposamen bat idatzi behar izan zuten. Hautatutako langileen prestakuntza eta ezagutza egiaztatzea zen probaren xedea. Proba egin ondoren, M.U.P. jauna bigarrena geratu zen (2. postua), hortaz, lanposturako hautatua izan zen.
Deialdian ezarritako hautaketa-probak gainditu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak 1995eko abenduaren 26an hartutako erabakiaren bidez izendatua izan zen eta 1996ko urtarrilaren 8an hartu zuen kargua Administrazio Bereziko eskalan, teknikarien azpieskalan, Goi Mailako Teknikarien motako bitarteko funtzionario gisa, Arkeologia espezialitatean, A1 taldeko 1179-002 lanpostuan.
M.U.P. jaunak Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Zerbitzuan 19 urtez egin zuen lan eta, denbora horretan, Erdi Aroa baino lehenagoko aro historikoekin (Prehistoria, Protohistoria eta Erromanizazioa) zerikusia zuten eta Bizkaian egin ziren arkeologia-indusketekin loturiko proiektu guztiak kudeatu zituen. Horrek esan nahi du urtero 50 espediente inguru baimendu eta ikuskatu zituela eta lurraldeari loturiko ingurumen-eraginari buruzko hainbat txosten idatzi zituela (urtean 90 batez beste). Urtero, Bizkaiko jarduera arkeologikoak erregulatzeko araudia idazteko lanetan eta jarduera horiek diruz laguntzeko epaimahaietan parte hartu zuen. 2011z geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuak egiten duen kudeaketa arkeologikoaren ardura du, aholkulari gisa (urtean 200 espediente).
Denboraldi horretan, hainbat proiektu idatzi eta kudeatu zituen, honako toki hauek ikertzeko eta balioa emateko: Santimamiñeko kobako aztarnategia (Kortezubi), Foruko erromatar herrixka eta San Martin eliza (Forua), Arrolako Oppiduma eta Arrolagune interpretazio-zentroa (Arratzu), Ereñozarreko gaztelua (Ereño), Argiñetako baseliza eta nekropolia (Elorrio), Finagako ermita eta nekropolia (Basauri), Tribisburuko nekropoli erromatarra (Bermeo), Bastazar-Gastiburu monumentua (Arratzu), Venta Laperra, El Polvorín eta El Rincón kobazuloen azterketak (Karrantza); Arenaza (Galdames); Askondo (Mañaria), Bolinkoba (Abadiño); Santa Katalina, Lumentxa eta Armintxe (Lekeitio); Morgota (Kortezubi); Abittaga (Amoroto); Ondaro (Nabarniz); Atxurra eta Goikolau (Berriatua) eta Getaleuta (Igorre).
Egun, 2009tik, BFAko Kultura Ondarearen Zerbitzuak kudeatzen duen Kobie aldizkariaren koordinatzailea da. Lanbidean egin duen ibilbide luzeak sail horretako teknikari lanetarako gaitasuna eta prestakuntza duela erakusten du; izan ere, egun, pertsona nabarmenetako bat da, Bizkaiko arkeologiaren arloan.
Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoa sortu ondoren, BFAko Ondarearen Zerbitzuan egiten ziren lanen garapena ikusita, bidezkotzat jo zen Ondarearen Zerbitzuko arkeologo lanpostua aipatu erakundeari atxikitzea. Hori dela eta, 45/2014 Foru Dekretua argitaratu zen, esleipena bideratzeko.
Bosgarrena.– Hori guztia dela eta, alde batetik, lanpostua «atxikitzea» ulertzeko erabilitako adiera zehaztu bada, Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoaren estatutuetan ezarritakoa betez, eta bestaldetik, lanpostu hori bete behar zuen pertsonaren gaitasuna aitortu eta onartu bada, eta gainera, aintzat hartuta erakundean sartu baino lehen Bizkaiko Foru Aldundian lan egiten zuela, berme guztiekin iragarri zen hautaketa-prozesu batean parte hartu eta hura behar bezala gainditu ondoren, gure iritziz, pertsona horren kontratua lan-kontratu mugagabe bihurtu zen.
Are gehiago, kontuan hartzen bada, oso antzeko kasu batean, erakundeak, ondorio hori ateratzeko, legezkotasunari buruzko txosten juridiko bat (kanpokoa) eskatu zuela aldez aurretik; aurrerago ikusiko dugunez, txostenean, gomendio modura, ondorioztatu da, aldi baterako kontratu bat edo kontratu mugagabe bat sinatzeko edo bitarteko kontratuaren bidez berritzeko aukerak eman ondoren, «besterik gabe lan-kontratu mugagabe bihurtzea egokiagoa» zirudiela.
Ondorio horietarako, agerian utzi behar dugu «Makua Asociados» ospe handiko aholkularitza-bulegoak egin zuela txosten juridikoa; hain zuzen, Luis Pagano abokatuak 2011ko apirilaren 14an igorri zuen txostena. Bertan, berdin-berdina zen kasu bat aztertuta, honako ondorio hau atera zuen:
«...Langilearen aurreko egoera –bitarteko funtzionarioa izatea– eta foru enpresa-erakunde publikoarekin duen lan-harremanaren ezaugarriak aintzat hartuta, ez dirudi aldi baterako (lan edo zerbitzu jakin bat egiteko) lan-kontratua, urte bateko iraupena duena, sinatzeko erabakia zuzenbidearekin guztiz bat datorrenik, funtzionarioa Bizkaikoari atxikitzeko; besterik gabe lan-kontratu mugagabe bihurtzea egokiagoa dirudi (...)».
Eta horrela egin zen kasu hartan, «Aldi baterako kontratua mugagabe bihurtzea» izenburuko dokumentua sinatuz.
Seigarrena.– Ondoren, aztertzen ari garen kasuari dagokionez, 2014an, M.U.P. jauna, ordura arte Bizkaiko Foru Aldundiko bitarteko funtzionarioa izan zena, Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoari atxiki zitzaion. Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzuan egin zuen lanaren ezaugarriak eta bere lanbide-ibilbidea oso antzekoak dira aipatu kasuarekin konparatuz gero. Hori dela eta, Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoari atxikitzeko beharraren aurrean, lehenago aipatutako kontrolak gorabehera, lehen jarraitutako prozedura behar bezalakoa ez zenik edo irregulartasunik zuenik inon jasota ez zegoenez, kongruentzia hutsa dela medio, 2011. urtean bezala jokatzeko erabaki zen eta M.U.P. jaunaren aldi baterako lan-kontratua lan-kontratu mugagabe bihurtu zen.
Zazpigarrena.– Azpimarratu beharra dago, Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoa sortu zenetik, kanpoko enpresa bat aztertzen eta ikuskatzen ari dela erakundearen jarduera eta inoiz ez da egon legezkotasunari buruzko oharpenik, eta ez da irregulartasunik edo gaiarekin zerikusia duen beste arazorik antzeman Bizkaikoa foru enpresa-erakunde publikoak jarraitzen duen prozeduran, aurreko ekitaldietan ebatzitako antzeko kasuekin konparatuta.
4.– GUFEk eskuraketak, hornidurak eta zerbitzuak egin ditu, guztira 781.945 euro, prozedura irekia baztertuta.
GUFE-ren alegazioa
Banakako kontratazioa eta operatiba dituzten hogeita hamar zentro logistikotan egin dira horniduren eta zerbitzuen eskuraketak; funtzionamendu autonomoko zentroak dira, eta banakako berezitasun espezifikoak ditu zentro bakoitzak emandako zerbitzuari, erabiltzaile kopuruari, kokapenari eta abarri dagokienez.
Hala ere, 2016ko ekitaldian lan egin zen kontratazio zentralizatuko prozedura ireki bitartez egiten diren lizitazioak burutzeko. Indarraldia 2017ko ekitaldian duten lizitazio horiek honako kontratazio-espediente hauetan daude jasota:
– «2017ko ekitaldian Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen instalazioak energia elektrikoz hornitzea». (08/2016 Espediente).
– «Gas naturalaren hornidura Bizkaiako Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen instalazioetan 2017ko ekitaldian». (9/2016 Espediente).
– «Telekomunikazio-zerbitzuak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearentzat 2017ko ekitaldirako». (10/2016 Espediente).
5.– Enpresa Sektore Publikoko zazpi erakundek argindarra erosi dute (1,5 milioi euro), batek gasa (190.638 euro), erakunde batek erabilitako ibilgailuak (461.929 euro), neguko lanabesak (223.363 euro) eta gatza (170.160 euro) eta beste erakunde batek hainbat gauza (366.718 euro), guztiek ere publikotasun eta lehia printzipioak bete gabe.
Aparkabisaren alegazioa
Bizkaiko Foru Aldundiko Kontratazio Zentrala
2016ko uztailaren 20ko 125/2016 Foru Dekretuak arautzen ditu Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralaren sorrera eta osaketa.
2016ko irailaren 14an, Aparkabisaren Administrazio Kontseiluak sozietatea Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralari atxikitzea erabaki du.
2016ko urriaren 16an, aipatu Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralak igorritako idazkiaren bidez, jakinarazi zaio sozietateari 2017an izapideak hasiko direla hainbat esparru-akordio lizitatzeko, 2018an betearazteko asmoz. Horien artean, energia elektrikoaren hornidura dago, eta prozesu horretan Aparkabisak dagoeneko eman ditu beharrezko datuak, aipatu lizitazioa prestatze aldera.
Hori guztia, besteak beste, publikotasun eta lehia printzipioak betetzeko.
Elektrizitate-hornidura berriz negoziatzea
Energia elektrikoaz hornitzen duen enpresarekiko kontratuak, gaurdaino Aparkabisarekin sinatu direnak, 19 dira guztira eta urte bakoitzeko abenduko lehen hamabostaldian iraungitzen dira.
Testuinguru horretan, bidezkoa zirudien 2016ko abenduan negoziazioa hautatzea, ahal bada 2017rako, eta Kontratazio Zentralak maila orokorrean egingo dituen lizitazio-prozesuak burutu arte itxarotea.
Hornitzaileak izan daitezkeen enpresekin bilerak egin dira, horniduraren baldintzak berriz negoziatzeko. Oraingo hornitzailearekin akordioa lortu da eta orain arteko 19 kontratu batu egin dira, kontratu bakar bat egiteko.
Potentzia optimizatzea: Kontratatutako potentziak doitu egin dira.
Horri esker, 2017ko ekitaldian 46.118,45 euro aurreztuko dela jotzen da.
Energia erreaktiboa optimizatzea: instalatutako elementu batzuetan aldaketak egitea, aurreztea ahalbidetzeko.
Horiei esker, 4.951,27 euro aurreztuko dela jotzen da.
2017. urterako aurreikusitako aurrezpena: 51.069,42 euro/urte.
Bizkaiko basalan-en alegazioa
Neguko lanabesen eskuraketa
«Neguko lanabesak» izeneko erreferentzia komunak hogeita hamaika eragiketa batzen ditu; eragiketa horiek independenteak dira, ez daude elkarrekin loturik eta horien helburua aurreikusi ez diren beharrei erantzutea izan da, hain zuzen, errepideak neguan zaintzeko lanetarako behar diren ordezko piezak, konponketak, berariazko piezak eta osagarriak erostea.
Epigrafe horri dagokionez, ez da egin kontratazio-prozedura bakar bat, gastu horiek guztiz heterogeneoak direlako; Bizkaiko Lurralde Historikoko larrialdiak behar bezala kudeatzeko premiari erantzuten diotenez, ezin dira aurreikusi eta presakoak dira gehienetan.
Gastuak hainbat motatakoak dira; izan ere, kasu batzuetan, neguko bidezaintza-makinetarako piezen hornidura izaten da, horiek erabili ahala narriatu egiten direlako. Hala nola torlojuak, zirrindolak, azkoinak, kableak, zorroak, junturak, iragazkiak, errodamenduak eta abar izaten dira. Horrez gain, aurreikusi ezin daitezkeen gertakarien ondoriozko higadura edo kalteak konpontzeko beharrak sortzen du gastua. Hala ere, gutxienez hornikuntza eta zerbitzu batzuk nolabait batzeko aukerak aztertuko ditugu, kontratazio-prozedura bat publikotasunez egiten saiatzeko.
Fumigazio-ekipoaren eskuraketa izan da beste gastu bat. Horren faktura 18.000 eurotik beherakoa izan denez, gure sozietateak onartutako kontratazio-jarraibideekin bat, ez da beharrezkoa publikotasun- eta lehia-irizpideen araberako prozedura bat, baizik eta kontratu txiki bidez egin daiteke.
Beste gastu bat zabor-edukiontziak erostea izan da, atsedenlekuetan lapurtutakoak berriz jartzeko. Atsedenlekuetako eta parkeetako altzarien lapurretak direla eta, materiala eskuratu behar izaten dugu, lapurreta gertatu ondoren, berehala berriz jartzeko. Hortaz, aurreikusi ezin daitekeen egoera da, berehalako irtenbidea eskatzen duena. Hori horrela, aipatu behar dugu aztertzen ari garen eskuraketaren zenbatekoak ez duela inola ere galarazten kontratu txiki bidez egitea.
Makinak konpontzeko beharrak ere sortzen du gastua. Kasu honetan ere ezin da gastua zehaztu eta aurreikusi, gastua premia sortzen denean –motor batek huts egiten duenean, makinak kolpe bat hartzen duenean eta abarretan– ordaindu behar direlako. Gainera, gesala banatzeko plantaren konponketari dagokionez, bere garaian hornitu zuen hornitzailearen zerbitzu teknikoarekin batera egin behar da, kalibraketaren ziurtagiria ez galtzeko. Gesala egiteko makina doitasun handiz kalibratu behar da, uraren eta gatzaren arteko proportzioa egokia izan dadin eta tratamendua eraginkorra izan dadin. Arrazoi tekniko horrek justifikatzen du lizitaziorik eza.
Zazpi kamioiren eskuraketa
Aipatutako kasu guztietan (Garaje Iruña, Comercial Gazpi, Talauto eta Talcamión), eskaintza zehatzak (hiru) eskatu zaizkie -ibilgailu bakoitzaren ezaugarrien arabera- sektorean kaudimena duten enpresei.
Ez da publikotasun- eta lehia-irizpideen araberako prozedura irekirik egin, kasu guztietan zenbatekoa hirurogei mila euro (garbi) baino txikiagoa baitzen. Hori dela eta, Bizkaiko Basalan foru enpresaren kontratazio-jarraibideekin bat, prozedura negoziatua erabili da.
Zerrendan badago salbuespen bat: Bilbotruck («kamioi bat») aipamena ez da zuzena. Izan ere, kasu horretan, ez da kamioi baten eskuraketa bat izan, baizik eta sei eragiketa desberdin, kontratu-xede desberdinak dituztenak, hemezortzi mila euro (garbi) baino gutxiagokoak. Zenbait kontratu dira: furgoneta bat, bi lur orotako ibilgailu, «pick-up» motako kamioneta bat eta ibilgailu utilitario bat eskuratzea, guztiak erabiliak.
Gatzaren eskuraketa
Gatza erosteari dagokionez, esan beharra dugu ezin dela aurretik jakin, eguraldia urte batetik bestera aldatzen delako eta gatza beharren arabera erosten delako.
Kanpaina azaroaren 1ean hasten da eta hurrengo urteko apirilaren 30ean amaitzen da; hortaz, kanpaina bakoitzaren hasieran, zutikako siloak 480 tona metriko inguruko edukiarekin bete behar izaten dira. Neguko kanpainaren garapenaren arabera, Foru Aldundiko arduradunak siloak lehenengo aldiz erabat edo partzialki betetzeko baimena ematen du; deposituetan dagoen gatza pixkanaka-pixkanaka hondatuz joaten denez, eskaerak eguraldiak sortzen dituen beharren arabera egiten dira, gatza azkar erabiltzeko.
Hori dela eta, oso zaila da aldez aurretik jakitea zenbatekoak izango diren kanpaina bakoitzeko benetako beharrak. Kanpainako beharrak eguraldiaren arabera aldatzen dira: beharko den gatzaren kantitatea handiagoa edo txikiagoa izan daiteke. Izan ere, aztertzen ari garen kanpainan, dagokion publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili da, gastua 60.000 eurotik beherakoa izango dela aurreikusita. Zenbatespen hori egiteko, aurreko ekitaldian betearazitako gastua hartu da aintzat. Hala ere, zenbatespena ez da nahikoa izan, zeren eta, meteorologia egoera oso txarra izan denez, interes publikoa eta bide-segurtasuna kontuan hartuz, gatz gehiago erosi behar izan baita, kontratu txiki bidez. Ondorioz, eskuratutako gatzaren kantitatea gehiegizkoa izan da. Hala eta guztiz ere, zailtasunak gorabehera, hurrengo ekitaldietan publikotasun- eta lehia-irizpideen araberako prozedura egiteko aukera aztertuko dugu.
BEAZ-en alegazioa
Adierazitako zenbatekoari dagokionez, kontuan izan behar da hiru kontratazio desberdinekin zerikusia dutela eta BEAZ SAUk une desberdinetan eta mekanismo desberdinak erabiliz egin dituela kontratazio horiek:
1) BIC Bizkaiaren hornidura elektrikoa; BIC bizkaia BEAZek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearekin batera kudeatzen duen inkubagailua da. Horniduraren balioa 49.419,80 eurokoa izan da, BEZa barne (40.842,81 euro BEZik gabe); zenbatekoa Parkearekiko kontratuan dago jasota, eta bertan, BEAZ SAUk subrogatzen du eginkizunen banaketaren emaitza eta inkubagailuak 2015eko ekainean sorturiko gastuak ordaintzea.
Zientzia eta Teknologia Parkeak egindako jatorriko kontratazioa bat dator Sozietate Publiko honek jarraitzen duen kontratazio-prozedurekin eta akordioekin; izan ere, prozedura eta akordio horiek zerbitzuak ematea eta Parkeak behar dituen azpiegitura elektrikoak eraikitzea hartzen dituzte barnean, ahalik eta baldintza hoberenak dituen hornidura bermatzeko eta indarrean dagoen araudia betetzeko.
2) Zerbitzu orokorren hornidura elektrikoa, Sabino Arana 8 helbidean dagoen eraikinean, BEAZ SAUren bulegoen Bilboko egoitzan; horniduraren zenbatekoa: 12.689,20 euro, BEZa barne (10.486,94 euro BEZik gabe), BEAZ SAUren subrogatzetik eratorritakoak, eraikinaren jabea den Azpiegiturak SAUk izan duen kontratuan.
3) BEAZ SAUk Bilbon dituen bulegoetako hornidura elektrikoaren guztizko zenbatekoa: 21.708,30 euro BEZa barne (17.940,74 euro BEZik gabe).
Hortaz, ulertzen da kontratazio bereiziak direla eta lehenengo kasuan, kontratazioari buruzko araudian ezarritako muga gainditzen duenean, prozedura egokiak jarraitu direla kontratazioa eta adjudikazioa burutzeko.
Bizkaikoaren alegazioa
Kontratazioak merkatuko preziorik onenen arabera egiten dira. Audax kontratatzea, zuzenean egiten bada ere, Esetek enpresak gomendatu du; energiaren arloko aholkularitza-enpresa horrek aldizka aztertzen ditu merkatuko enpresa merkaturatzaileek eskaintzen dituzten prezioak eta preziorik onuragarriena eskaintzen duen enpresa kontratatzea gomendatzen du; horren froga da Audax bezalako enpresak eta ez orain arte esklusibotasuna izan duen Iberdrola S.A. kontratatzea.
Dena den, hurrengo ekitaldiei begira, energia elektrikoaren hornidura kontratatzeko lehiaketa, Bizkaikoa erakundea atxikiko zaion esparru-hitzarmena, Bizkaiko Foru Aldundiaren erosketa-zentralak bere gain hartzea aurreikusi da.
Euskalduna jauregiaren alegazioa
Ohar horien harira, alderdi honek beharrezkotzat jotzen du honako hau adieraztea: energia elektrikoaren hornidurari dagokionez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren azken gomendioei jarraikiz, gure web orrian iragarkia argitaratu da, 2016ko irailaren 19an, eta kontratua IBERDROLA CLIENTES SAU enpresari esleitu zaio, 2016ko azaroaren 28an.
Bestalde, gasaren hornidurari dagokionez, esan beharra dago lehenengo aldia dela Herri Kontuen Euskal Epaitegiak horren inguruko aipamena egiten duela, inoiz ez baita egin gasaren zerbitzua kontratatzeko lizitaziorik.
Garbikerren alegazioa
Enpresa sektore publikoko erakundeek publikotasun- eta lehia-printzipioak bete gabe egindako
1) Energia elektrikoa.
Adierazitako diru-kopuruari dagokionez (94 mila euro), kontuan izan behar da zenbateko hori instalazio desberdinetako 17 kontrataziori dagokiela; kontratazio horiek GARBIKER AB SAk denbora-tarte desberdinetan egin ditu, potentzia eta zerbitzuaren aldetik homogeneoak ez diren premiak betetzeko (hornidura sinple batetik instalazio eta ekipo elektrogeno gehigarriak sartzeraino).
Hain zuzen ere, zenbatekoak hartzen dituen kontratuak honako hauek dira:
2) Edukiontzi horiak: hornikuntza eta mantentze-lanak.
Edukiontzi horiei dagokienez, gaur egun, Garbikerrek 3.674 unitate dauzka, 112 udalerritan banatuta. Hasierako hautaketa-prozesua egin ondoren, garrantzitsutzat jo da edukiontzi guztiak mota berekoak izatea. Horrela, edukiontziak husteko eta ontziak biltzeko prozesua beti berdin egingo dela eta produktuaren hornidura merkatuko egoera onean burutuko dela bermatzen da; ondorioz, ez da beharrezkoa jarduera horretarako aktibo berriak bideratzea.
Aldi berean, mota horretako edukiontziak THESAL enpresak bakarrik fabrikatzen ditu; enpresa diseinu industrialaren eta fabrikatzeko moldeen jabea denez, ezinezkoa da beste hornitzaile bat tartean sartzea.
3) Hondakin arriskutsuak eramatea.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinetan egoten diren hondakin arriskutsuak (amiantoa, pinturak, detergenteak, itsasgarriak, erretxinak, gehigarriak eta abar) biltzeko eta kudeatzeko araudi berria indarrean jarri denetik, 2012. urtearen amaieratik (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua), erakundeen artean, Hiri Hondakinak Koordinatzeko Organoaren lanetan aritu gara; erakunde horren helburuen artean honako hauek daude: EAEko hiri hondakin solidoen planifikazio eta kudeaketaren inguruan Zuzentarauetan proposatutako programak eta ekintzak koordinatzea, egitasmo horiek burutzen direla bermatzea eta ikertu beharreko eremuak zehaztea.
Hondakin berri horiek biltzeko modua aztertzea eta prestatzea izan da egindako bileren xedea. Hain zuzen ere, hondakin berriak Garbikerrek kudeatzen dituen garbiguneen sarean sartzeko aukera egongo litzateke. Hori dela eta, hornitzaile adjudikaziodun berberarekin jarraitzea eta kontratua betetzeko epea kontu hori argitu arte luzatzea erabaki da.
Hala ere, azaldutako egitateen ondoren, eta kontu horren inguruko erabakia hartzeko epea luzatu denez, lehiaketa publiko berri bat antolatzea erabaki da, garbiguneetara heltzen diren hondakin arriskutsuak biltzeko zerbitzua kontratatzeko. Lehiaketaren xedeetatik kendu egin da amiantoa, egun ez baita jasotzen instalazio horietan, hala ere, oraindik ez da hartu azken erabakia bilduko diren hondakinen ezaugarrien inguruan.
6.– Euskalduna Jauregia - Palacio Euskalduna SAren ekitaldiak egiteko helburuz aretoak muntatzeko eta desmuntatzeko eta laguntza teknikoa emateko zerbitzu teknikoaren kontratua 2015eko martxotik luzatu egin da; 500.000 euro inguru gastatu da horretan, kontratuan ezarritako gehienezko epea gaindituta.
Euskalduna jauregiaren alegazioa
Euskalduna Jauregia – Palacio Euskalduna S.A. Bizkaiko Foru Aldundiak sortu duen merkataritzako sozietate publikoa da, musika eta kongresuetarako jauregiek eskaintzen dituzten berezitasunen barruan kongresuak eta musika-jaialdiak antolatzeko. Sozietatea Toki Araubidearen Oinarrien Legeak eta Toki Korporazioetako Zerbitzuen Araudiak arautzen du, eta merkataritza sozietate publiko gisa, Sektore Publikoaren araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak. Definizioz, guztiz dago ordenamendu juridiko pribatuaren mendean eta araupean, aurrekontu, kontabilitate, ondare, finantza kontrol eta kontratazioaren gaineko araudia aplikagarri den arloetan izan ezik, aipatutako legearen hamabigarren xedapen gehigarriak ezartzen duen bezala.
Hori azalduta, gure ustez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitako objekzioak ulertarazten du Euskalduna Jauregia-Palacio Euskalduna S.A. sozietateak administrazio-zuzenbidea aplikatu behar duela kontratazioak egiterakoan, hau da, zentzu zabalean, Sektore Publikoko Kontratuen Legea aplikatu behar duela, gaur egun, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina (aurrerantzean, SPKLTB) onesten duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan azaltzen den idazketan. Alabaina, argitu beharra dago HKEEk aztertu duen kontratua kontratu pribatua dela (SPKLTBren 20. artikulua) Administrazio Publikokoa ez den merkataritzako sozietate publiko batek (botere esleitzaileak) egindako kontratua baita. Horrenbestez, eta berariazko araurik ez dagoenez, Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta hura garatzen duten xedapenek ezarritakoari jarraikiz prestatu eta esleituko da, eta administrazio-zuzenbideko edo, hala badagokio, zuzenbide pribatuko gainerako arauak, kasu bakoitzean dagozkionak, aplikatuko zaizkio modu osagarrian. Ondoreak eta iraungipena dela eta, kontratuak zuzenbide pribatuko arauei jarraituko die.
Kontratu honi dagokionez, agerian utzi behar dira honako inguruabar horiek:
Euskalduna jauregiaren ekitaldiak antolatzeko, aretoak muntatzeko, desmuntatzeko eta laguntza teknikoa emateko zerbitzu teknikoaren kontratazioa 2011ko martxoaren 1ean egin da. Kontratuaren laugarren klausulan jasota geratu da bere indarraldia bi urtekoa izango dela, hala ere, alderdi bien akordioz eta kontratua amaitu aurretik, luzatu ahal izango da, baina ezingo du guztira lau urte baino gehiago iraun.
Hala ere, alderdietako edozeinek kontratua ondorerik gabe utzi ahalko du. Horretarako, bere borondatea beste alderdiari gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi baino ez du.
Hori dela eta, 2015eko otsailaren 5ean, alderdi biak adostuta, kontratua esleipen berri bat egiteko behar den denboraz luzatzea erabaki zen. Denbora horretan, kontratazio-espediente berri bat bideratzeko administrazio-tramiteak hasi ziren; izan ere, baldintza-agiriak prestatu ziren, lizitazioaren iragarkia kontratatzaile profilean argitaratu zen eta beste tramite batzuk ere egin ziren; hala ere, 2016ko ekainaren 15ean, kontratu berri bat esleitzeko hasitako prozeduran atzera egin zen, klausula bat SPKLTBren artikulu baten aurka egon zitekeela ikusita; Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean eta kontratatzaile profilean horren berri eman zen.
Ondoren, 2016ko irailaren 28an, bai EBAOn, bai kontratatzaile profilean, berriz argitaratu zen aretoak muntatu eta desmuntatzeko zerbitzua kontratatzeko lizitazio berriari buruzko iragarkia. Kontratazio-organoak bideratutako administrazio-tramite guztiak eginda, azkenean, 2017ko urtarrilaren 20an, kontratua esleitu egin zen.
Hala ere, aipatzekoa da kontratuan ezarritako lau urteko epea gainditu egin dela, alderdi biek luzatzea adostu ondoren; lehenago arrazoitu denez, luzapena beharrezkoa izan da zerbitzuari eusteko eta ez du gainditu sei urteko epea, hau da, SPKLTBren 303. artikuluak ezartzen duen muga.
Horretarako, erabakiari erantsita zeuden 1, 2, 3 eta 4. agiriak gehitu dira, honako xehetasun hauek jasotzen dituztenak:
1) Kontratuaren luzapena, elkarren artean adostutakoa, 2015eko otsailaren 5ekoa.
2) Kontratazio Organoaren Ebazpena, 2016ko ekainaren 15ekoa, kontratuaren lizitazioa bertan behera uztea erabakitzen duena.
3) Aurkeztutako eskaintzak aztertu eta erkatu ondorengo txostena eta esleipen-proposamena.
4) Esleipen-erabakia, 2017ko urtarrilaren 20koa.
7.– Kanpoko pantaila erosi eta jartzeko eta horri loturiko beste lan batzuk egiteko kontratua, Palacio Euskalduna-Euskalduna Jauregia SAk 436.459 euroren truke (BEZa barne) esleitu duena, eskaintzak hautatuta, formulak aplikatuz balioetsi daitezkeen irizpideak beste irizpideekin batera ebaluatu dira, hortaz, ez da bete SPKLTBren 150.2 artikulua.
Euskalduna Jauregiaren alegazioa
Aldez aurretik, hiru egun desberdinetan proba teknikoak antolatu ziren, eskaintzaile guztien eta pantailen fabrikatzaileen aurrean, proposatutako pantailak baldintza atmosferiko ezberdinetan ebaluatzeko. Proba teknikoak egin ostean gainerako irizpideak ebaluatuta, 2015eko otsailaren 10ean, esleipen-proposamena jasotzen zuen txostena igorri zen, eta, 2015eko otsailaren 18an, adjudikazioari buruzko behin betiko erabakia hartu zen.
Hori guztia esan ondoren, alderdi honek uste du ez dela zuzena Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren baieztapena, eskaintzak banan-banan, une eta egun desberdinetan aztertu baitira; hori guztia kontratazio-espedientean jasota geratu ez bada ere, inguruabar hori egiazta daiteke zuzenbidean onargarriak diren beste frogabide batzuen bidez.
Hala ere, alderdi honek jakin badaki zehatz-mehatz bete behar direla gero eta zorrotzagoa den araudiak –Sektore Publikoko Kontratuen Legean jasotakoak– ezartzen dituen administrazio-tramite guztiak; kasu honetan, SPKLTBren 150.2 artikuluak xedatutakoa bete behar zen, eta horren arabera, eskaintzak formulen aplikazio soilaren bidez kuantifikagarriak diren irizpideen arabera ebaluatu aurretik, era horretan kuantifikatu ezin diren irizpideak erabili behar dira; gainera, espedientean jasota utziko da, hortaz, behar diren barne mekanismoak erabiliko dira, beren ezaugarriak direla medio hala eskatzen duten kontratuen kasuan, eskaintzen ebaluazioa eta balorazioa dagozkion aktetan jasota gera dadin.
1.– Kanpoko pantailaren hornikuntza kontratatzeko aurkeztutako eskaintzak konparatzeko txostena, 2014ko otsailaren 10ekoa.
2.– Adjudikazio ebazpena, 2015eko otsailaren 18koa.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak.
III.1.– Aurrekontua, kontu orokorra eta kontabilitatea.
– Konpromiso-kredituei dagokienez, 2015eko abenduaren 31ko egoerak ez du barnean hartzen Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sareak eta BFAk sinatu duten lankidetza-hitzarmenari dagozkion 5,6 milioi euro, Metroaren 3. linea (Etxebarri-Matiko) eraikitzeko eta finantzatzeko.
Ogasun eta Finantza Sailaren alegazioa
Aipatu hitzarmena 2015eko ekitaldian ez da gastu-kreditu gisa kontabilizatu, hortaz, ezin da agertu 2016ko ekitaldiaz geroztik hartutako konpromiso-kredituak jasotzen dituen zerrendan.
– 824.843 euroko kreditu-sorkuntza tramitatu da, eskubideak benetan kobratu gabe (AFAOTBren 62.3 artikulua). Onartu ondoren ordaindutako zenbatekoa hauxe izan da: 412.421 euro.
Ogasun eta Finantza Sailaren alegazioa
Izan ere, espediente hau sorkuntza gisa bideratzea ez da zuzena, kreditu-zabalkuntza erabili behar baita horretarako (AFAOTBren 61. artikulua).
– Interbiak SAren aurrekontuak ez du barnean hartzen urte anitzeko inbertsioen eranskina (AFAOTBren 39.2 artikulua).
2015eko abenduaren 31n, Sozietateak 46,2 milioi euroko inbertsio konpromisoak ditu, batez ere, Sozietateari BFAk agindu zizkion Ermuko saihesbidea (tarteak: Berroeta eta Uretamendi) egiteko obren betearazpenarekin lotuak. BFAren konpromiso-kredituen aurrekontuak Sozietatearen inbertsioak finantzatuko dituzten kapital-zabalkuntzetarako finantza aktiboen bariazioan kontsignazio bat hartzen du barnean. 2015eko ekitaldiaren itxieran, BFAren Kontu Orokorrean Interbiak SAren aldeko konpromiso-kredituak daude: 612 milioi euro, 2025era arte.
Ogasun eta Finantza Sailaren alegazioa
Urte anitzeko inbertsioen eranskina Sozietatearen Memorian dago jasota. Hurrengo aurrekontuetan, urte anitzeko inbertsioen eranskina bereizirik egongo da.
– Kontu Orokorrak enpresa sektore publikoa osatzen duten erakundeen ikuskaritza-txostenak barnean hartu beharko lituzke, beren urteko kontuak hobeto interpretatu ahal izateko.
Ogasun eta Finantza Sailaren alegazioa
Ez dago jasota Kontu Orokorrean sartuta egon beharko lukeen informazioan. Hala ere, horiek sartzearen komenigarritasuna aztertu egingo da.
III.3.– Langileen gastuak.
Antzinatasun kontzeptuaren araberako ordainsariak kalkulatzean tratamendu bereiziak daudela ikusi dugu foru sozietateetan. Gomendagarria da enpresa sektore publikoari ezargarriak zaizkion ordainsariak arautu eta homogeneizatzea.
Aparkabisaren alegazioa
Aparkabisa sozietatearen kapitala honako hauen ekarpenek osatzen dute: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Barakaldoko udala, Trapagako udala eta Bilboko merkataritza, industria eta nabigazioko ganbera. Sozietateak hasiera-hasieratik egin ditu Lankidetza-hitzarmenak Administrazio Kontseiluaren onespenarekin, eta kontseilu hori aipatutako erakundeetako ordezkariek osatzen dute.
2007ko ekitaldian Hitzarmen Kolektibo bat sinatu zen urtebeterako, eta, bertan, aurreko ekitaldietan bezala, honakoa ezartzen zen: «antzinatasuna hirurtekoka ordainduko da eta Oinarrizko Soldataren % 3,5eko kopurukoa izango da».
Edonola ere, indarrean dagoen hitzarmenean (2008/2009/2010/2011/2012/2013/2014/2015 urteetarako ezarritakoa) antzinatasuna 2007ko kopuru berean ordainduko da. Aipaturiko ekitaldi horietan antzinatasun-saria izoztu izanaren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiko langileen antzinatasun-sariarekin parekatuko da ondoz ondoko hitzarmenetan.
III.4.– Kontratazioa.
2015ean edo aurreko ekitaldietan formalizatu baina ekitaldi honetan betearazi diren kontratazio-espedienteak aztertuta (BFA: A.7, GUFE: A.9.2 eta enpresa sektore publikoa: A.10.2), hauxe antzeman dugu:
– 2015eko ekitaldian zehar ez da argitalpenik gauzatu Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman; plataforma hori merkatu-batasuna bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen xedapen gehigarrietako hirugarrenean araututa dago.
Herri Administraziorako eta Erakunde harremanetarako Sailaren alegazioa (baterakoa BFA, GUFE eta enpresa sektore publikorako)
Ohar horri dagokionez, aipatu beharra dago 20/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak honako hau ezartzen duela: «Plataforma horretan Sektore Publikoaren Kontratu-Legearen testu bateginaren 3. artikuluaren 1. paragrafoan bildutako erakunde guztien lizitazio-deialdiak eta horien emaitzak argitaratuko dira. Aukera dago kontratazio-organoek zuzenean argitaratzeko edo administrazioetako eta erakunde publikoetako informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko interkonexio bidez argitaratzeko».
Era berean, azken xedapenetako zazpigarrenean xedatutakoarekin bat, Legea BOEn argitaratu (2013ko abenduaren 10a) eta biharamunean jarri zen indarrean; azken xedapenetako bosgarrenean xedatutakoari jarraikiz, sei hilabeteko epea eman da indarrean dauden lege- eta erregelamendu-mailako xedapenak Lege horretan ezarrita dagoenera egokitzeko, Legea indarrean jarri zen egunetik zenbatzen hasita.
Hori horrela, nabarmendu behar den lehenengo kontua hauxe da: ez da ezarri epemugarik Sektore Publikoaren Kontratazio Plataformara informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko interkonexio bidez lizitazio-deialdiak eta horien emaitzak jakinarazteko; horren froga da sektore publikoa, gehienetan, ez dagoela Plataforman, edo ez duela lizitazio-deialdiak eta horien emaitzak gailu elektronikoekiko interkonexio bidez jakinarazten. Bestela esanda, legez kanpo utzi beharko lirateke sektore publikoa osatzen duten erakunde gehienak.
Hala ere, aipatu beharra dago, hirugarren xedapen gehigarriak agindutakoa betetze aldera (denbora-mugarik eza gorabehera), Foru Aldundi honetako zerbitzu teknikoek urrats egokiak eman dituztela, efizientziari eta baliabideen optimizazioari dagokienez, horrelako prozesua behar bezala burutzeko modurik onena zehazteko, jakinarazpena zuzenean estatuko Plataformara edo Eusko Jaurlaritzaren plataformaren bitartez egin daitekeelako.
Horrela, Estatuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean 2015eko ekainaren 21ean «Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforma erabiltzea, kontratazio-prozesuei buruz informazioa ekartzeko Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan» helburu duen hitzarmena sinatu ondoren, 5 urterako, eta Legebiltzarraren onespenaren zain dagoen Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Lege Proiektuaren 340. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako teknikariekin bilerak eta Sektore Publikoaren Kontratazio Plataforman kontsultak egin dira, lizitazio-deialdiak jakinarazi beharrean, gure kontratatzaile profila zuzenean plataforma horietako batean txertatzearen abantailak eta desabantailak ezagutzeko.
Hori dela eta, puntu honetara iritsita, agerian utz dezakegu jarraibide egokiak eman direla Bizkaiko Foru Aldundiaren kontratatzaile profila ahalik eta lasterren Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Plataforman txertatzeko, 30/2013 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian zein Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Lege Proiektuaren 340. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
– Aparkabisa S.A. eta Garbiker SAren kontrataziorako barne aginpideek ez dute kontratugilearen profilean publikotasuna aurreikusten 50.000 eta 200.000 euro bitarteko obra kontratuen lizitazioan eta 50.000 eta 60.000 euroren gainerako kontratuen lizitazioan (SPKLTBren 191.c artikulua). Garbiker-en, gainera, jarraibideak ez dira kontratugilearen profilean argitaratu (APKLTBren 192.3 artículo).
Aparkabisaren alegazioa
Aurrekari gisa, adierazi behar dugu Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dagoeneko 2014ko txostenean egin duela antzeko aipamena.
2014. URTEA
Aparkabisa SA, Palacio Euskalduna SA, Garbiker S.A. eta Interbiak SAren kontratazioko barne jarraibideek ez dute biltzen publizitatea 50.000 eta 200.000 euro bitarteko zenbateko obra-kontratuen lizitazioaren kontratugilearen profilean, eta 50.000 eta 60.000 euro bitarteko gainerako kontratuetan, SPKLTBren 191 c) artikuluan ezarrita dagoenez.
Zalantzarik gabe, ez da izan (eta ez da) bidezko irizpide juridikoa, Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bateratuaren 191.c) artikulua egoki interpretatuz gero, 50.000 eurotik gorako publizitaterik gabeko prozedura negoziatuen kasuan kontratatzaile profilean iragarkia jarri behar bada.
Hori dela eta, Aparkabisaren barne jarraibideek 15. artikuluan jasotzen dute betebehar hori:
«15. artikulua.– Jakinarazpenak: Kontratuen adjudikazioa APARKABISAren kontratatzaile profilean emango da argitara.»
SPKLTB sektore publikoaren gainerako erakundeetan baino gehiago Administrazio Publikoan aplikatzen da, hortaz, bertan jasotako eskakizun, izapide, baldintza eta arau gehienak azken horri lotuta daude.
Hori dela eta, 50.000 eurotik gorako publizitaterik gabeko prozedura negoziatuei buruzko iragarkiak kontratatzaile profilean jartzeko betebeharra Sektore Publikoko beste erakundeei bakarrik dagokiela eta Administrazio Publikoa betebehar horretatik salbuetsita dagoela esatea arauaren espirituaren aurkakoa izan daiteke.
Gogoeta horrek ulertarazten du 191.c) artikuluak kontratuaren adjudikazioari buruzko iragarkia kontratatzaile profilean argitaratzeko beharra ezartzen duela (191. artikulu osoak adjudikazio-fasea bakarrik hartzen baitu kontuan).
Lehenago azaldutakoa gorabehera, Aparkabisaren barne jarraibideak HKEEk 2015eko ekitaldiari buruzko txosten honetan ezarritako irizpidera egokitzen ari dira.
Garbikerren alegazioa
Kontratatzaile profila berrikusteko aukera sortzen denean, Garbiker AB S.A. kontrataziorako barne jarraibideak gaurkotzeko prozesu bete-betean dago, zuzendu beharreko desfase bat antzeman delako.
Hori dela eta, egokitzat jo da lehengo jarraibideak Sozietatearen web orritik kentzea.
Ondoren, bertsio berrian beharrezko zuzenketak sartu dira, besteak beste, aipatutako lehen oharretik eratorritakoak, zenbateko jakin batzuen inguruko kontratu eta lizitazioen publikotasunari dagokionez.
– Komenigarria izango litzateke GUFEk guztira 907.244 euroan esleitu dituen bi zerbitzu-kontratuei loturiko administrazio-klausula berezien agirietan muga batzuk aipatzea, eskaintza neurriz kanpokoa edo ezohikoa delako ezin dela bete ikusteko.
GUFE-ren alegazioa
SPKLTBren 152. artikuluak honako hau dio, ezohiko edo neurriz kanpoko eskaintzen inguruan: «parametro objektiboak adierazi ahal izango dira pleguetan, hala denean, hauxe antzemateko: proposamena ezin bete daitekeela ezohiko edo neurriz kanpoko balioak sartu izanaren ondorioz».
Kontratazio-organoari eskaintzen zaion aukera da, baina ez da lege betebeharra. Posibilitate hori lizitazio jakin batean biltzeak berekin dakartza, nahitaez, arauan aurretik ezarritako prozesu-bideak eta bide materialak (interesatuari entzunaldia ematea, bideragarritasuna egiaztatzea,...).
Gure kasuan, lizitatzaileek aipaturiko espedienteetarako (1. eta 2.) aurkezturiko eskaintza batek ere ez zuen izan neurriz kanpoko preziorik zerbitzua emateko.
– Bizkaikoa FEEPek 478.664 euroan esleitutako kontratu baten eta Garbiker SAk aleko prezioetan esleitutako kontratu baten BABAk onartzeko irizpide diren esleipen irizpideak barne hartzen ditu, hala nola, kalitatezko ziurtagiriak Bizkaikoa EPEFen kasuan eta gauza eta pertsonen baliabideen balorazioa Garbiker, SAn.
Bizkaikoaren alegazioa
Kalitate-irizpideak kalitate-irizpide gisa agertzen dira, baina ez daude zerrendatuta eta ez dira aipatzen onartzeko irizpideen atalean. Hain zuzen ere, ISO 9001-2000 eta ISO 14001-2004 ziurtagiriak dira eta bakoitza 2 punturekin baloratzen da. Ziurtagiri horiek ez dira aipatu onartzeko irizpideetan, ezta enpresak egiaztatu behar duen gaitasun teknikoaren inguruko atalean ere, enpresak egiten duen lanaren ezaugarrien eta garatzeko moduaren bikaintasuna adierazten duten kalitate-egiaztagiriak direlako; hala ere, egiaztagiririk ez izan arren, zaintza-enpresa bat guztiz egokia egon eta gai izan daiteke lehiaketaren bidez eskaintzen den lana egiteko.
Garbikerren alegazioa
Kontrataziorako barne jarraibideei buruzko atalean azaldu den ildo berean, irregulartasun hori antzeman denetik landu diren kontratazio-agiri berrietan, onartzeko irizpideak, aipatu kontratuaren puntu guztien % 10 lortzeko aukera ematen zutenak, dagoeneko ez dira hautaketa egiteko erabiltzen.
– Era berean, handik aurrera, hobekuntzei buruzko atalean aintzat hartuko diren irizpideen eta ponderazioaren xehetasunak jasotzen dira.
– GUFEk 57.585 euroan esleitutako espediente bateko, Garbiker SAk esleitutako aleko prezioen araberako espediente bateko eta Biscaytik-ek 2,7 milioi euroko zenbatekoarekin esleitutako bost espedientetako administrazio-klausula berezien agirietan ezarritako esleipen-irizpideetan hobekuntzei buruzko atal bat sartu da, zer ezaugarri baloratuko diren zehaztu gabe.
GUFE-ren alegazioa
Administrazio-klausula berezien agiriaren karatulan, modu orokorrean aipatu da «Kanpoko Lege Aholkularitzarako Zerbitzua» kontratatzeko espedientearen inguruko hobekuntzei ematen zaien balorazioa, hain zuzen ere:
Hala ere, kontratuaren xedea eta enpresa eskaintzaileek proposatutako hobekuntzen zehaztapenak espedienteko Baldintza Teknikoen Agirietan azaltzen dira.
Biscaytik-en alegazioa
21etik 25era bitarteko espedienteak (hobekuntzetan baloratuko diren ezaugarriak ez dira zehaztu)
Aipatutako espedienteetako agirietan jasotako hobekuntzak, kasu guztietan, loturik daude kontratu bakoitzaren xedearekin eta agirian eskatzen denarekin.
Gainera, hobekuntzei esleitzen zaien puntuazioa kasu guztietan txikia da (gutxienez puntu 1 eta gehienez 5 puntu, 100 puntuetatik).
Dena den, hobekuntzak era objektiboan baloratu da, berdintasun- eta gardentasun-printzipioak betez eta lehiaketa bakoitzean bete behar diren premiak, dagozkion baldintza teknikoen agirietan zehaztuta daudenak, aintzat hartuz.
– Biscaytik fundazioak 2015ean orduko prezioaren arabera eta 709.181 euroan esleitu zituen hiru kontratuen baldintza-agirian ez da behar bezala zehaztu kontratua betetzeko epea. Izan ere, egin behar diren orduen kopurua aipatzeaz gain, adjudikaziodunak aurrekontu-zuzkidura agortu arte eman beharko duela zerbitzua, eskaintzan azaldutako orduko prezioan. Biscaytik fundazioak zuzkidura ez agortzeko eskubidea gordeko luke.
Alegazioa
21., 22. eta 25. espedienteak (betetzeko epea ez da zehaztu)
Ezin da esan kontratu bat betetzeko epearen ordez ordu-poltsa bat zehaztea legearen urraketa denik.
Lehenik eta behin, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak (SPKLTB) ez du mugarik ezartzen, zentzu hertsian Administrazio Publikoa ez diren botere esleitzaileek adjudikatzen dituzten zerbitzu-kontratuen gehieneko iraupenari dagokionez. Kasu honetan, halako kontratuak dira.
Gainera, kontratuen iraupen-epeari buruzko erregulazioak, SPKLTBan jasota dagoenak, ez du ezartzen berariazko formatu edo formularik iraupen hori adierazteko.
SPKLTBan azaltzen diren lege baldintzak honako hauek dira:
1) Alde batetik, kontratuaren iraupen-epea lehiaketa bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuz ezarriko da.
SPKLTBren 23. artikuluak honela adierazi du:
«23. artikulua: Kontratuen iraupen-epea.
Sektore publikoko kontratuen iraunaldia zehazterakoan, kontuan hartu beharko dira prestazioak zer-nolakoak diren eta finantzaketa nolakoa izango den, eta aldian-aldian prestazio horiek lehia bidez eman beharra ere bai, kontratu jakin batzuei aplikatzekoak diren arau bereziak eragotzi gabe».
2) Bestaldetik, kontratuek edo pleguek nahitaez jaso behar dituzten aipamenen artean, honako hau dago: «g) Kontratuaren iraupena edo kontratua gauzatzen hasteko eta amaitzeko aurreikusitako datak, bai eta luzapenaren edo luzapenen iraupena ere, baldin eta aurreikusita badaude.» (SPKLTBren 26. artikulua).
Laburbilduz: (1) kontratuaren iraupen-epea prestazioaren izaera eta kasu bakoitzeko inguruabarrak aintzat hartuz ezarriko da; eta (2) kontratuan edo baldintza-agirietan, kontratuaren iraupena edo hasteko eta amaitzeko aurreikusitako datak ezarri behar dira.
Txostenak aipatzen dituen hiru espedienteek baldintza biak betetzen dituzte:
I. Batetik, kontratuaren xedea den bete beharreko orduen poltsa kontratatu behar diren prestazioen berezitasuna eta prestazio horiek aldian-aldian lehia bidez eman beharra aintzat hartuz zehaztu zen. SPKLTBren 23. artikuluak eskatzen duen bezalaxe.
Zehazki:
Halako zerbitzuetan, eskaeren kopurua eta, beraz, erabilitako orduen kopurua guztiz heterogeneoa da eta hilabete batetik bestera aldatzen da; ondorioz, ezin da aurreikuspen errealistarik egin kontratua betetzeko beharko den hilabete/urte kopuruaren inguruan.
II. Bestetik, SPKLTBren 26. artikuluarekin bat, espediente bakoitzari loturiko pleguek aurreikusitako datak ezartzen dituzte: zerbitzua ematen hasteko eguna (fundazioak lanak hasteari buruzko berariazko agindua emango duen eguna) eta zerbitzua amaitzeko eguna (aurrekontu-zuzkidura agortzea).
Horiek horrela, 21., 22. eta 25. espedienteen iraupen-epea zehazteko modua bat dator SPKLTBarekin.
– BFAk 2015ean formalizatu zituen kontratuen kasuan, eskaintzen sailkapena eta esleipenerako dokumentazioaren errekerimenduak kontratazio-mahaiak egin ditu, eta ez kontratazio-organoak (SPKLTBren 151. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatiak).
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa
SPKLTBren 151. artikuluak honako hau xedatzen du:
1.– Kontratazio-organoak sailkatu egingo ditu aurkeztutako proposamenak, puntuazio handiena duenetik txikiena duenera, hurrengo artikuluan adierazitakoaren arabera anormalak edo neurrigabeak ez badira. Sailkapen hori egiteko, pleguan edo iragarkian adierazitako esleipen-irizpideak hartuko ditu kontuan, eta horretarako, beharrezkotzat jotzen dituen txosten tekniko guztiak eskatuko ditu. Kontuan hartu beharreko irizpide bakarra prezioa baldin bada, ekonomiaren aldetik eskaintzarik onuragarriena preziorik baxuena duena izango da.
2.– Kontratazio-organoak eskatuko dio ekonomiaren aldetik onuragarriena den eskaintza aurkeztu duen lizitatzaileari aurkez dezala, errekerimendua jasotzen duen egunaren biharamunetik kontatzen hasita hamar egun balioduneko epean, zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak betetzen egunean dagoela justifikatzeko dokumentazioa, edo eman diezaiola baimena kontratazio-organoari dokumentazio hori zuzenean jasotzeko. Horrez gain, epe berean, kontratua gauzatzeko erabili edo jarri beharreko bitartekoak, 64.2 artikuluaren arabera hitzemandakoak, benetan dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, baita dagokion behin betiko bermea eratu izanarenak ere. Dagozkion ziurtagiriak bide elektroniko, informatiko edo telematikoak erabilita egin ahal izango dira, pleguetan besterik ezartzen ez bada.
Artikulu horiek, argi eta garbi, kontratazio-organoari esleitzen diote aurkeztutako proposamenak sailkatzeko, eta ondorioz, ekonomikoki onuragarriena den eskaintza aurkeztu duen eskaintzaileari aginduzko dokumentazioa errekeritzeko ahalmena.
Hala ere, lege-testu berak kontratazio-mahaiek kontratazio-organoari proposamenak baloratzen lagunduko diotela dio; izan ere, hala xedatzen du 320. artikuluak, kontratazio-mahaiak arautzen dituenak:
1.– Lege honen 177.1 artikuluan aipatzen diren prozedura ireki eta mugatuetan eta prozedura negoziatu publizitatedunetan, kontratatzeko eskumena kontratazio-batzorde batena denean izan ezik, kontratazio-organoek kontratazio-mahai baten laguntza izango dute, eta mahai horren eskumena izango da eskaintzen balorazioa egitea. Lizitazioaren berri iragarki bidez eman beharrik ez duten prozedura negoziatuetan, kontratazio-mahaia eratu edo ez aukeran izango du kontratazio-organoak.
Hala ere, sektore publikoko kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legea zati batean garatzen duen maiatzaren 8ko 817/2009 Errege Dekretuaren 22. artikuluak kontratazio-mahaien eginkizunak arautzen ditu. Hain zuzen, e) hizkiaren arabera, kontratazio-mahaiak:
e) Proposamen guztiak baloratuko ditu, urriaren 30ko 30/2007 Legearen 134. eta 135. artikuluetan aurreikusitako moduan, eta balorazio handienetik txikienera sailkatuko ditu eskaintzak; horretarako, beharrezkotzat joko dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 144.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
* aipatu artikuluen aipamenak SPKLTBko pareko artikuluenak direla ulertu behar da (151., 320. eta 160. artikulua, hurrenez hurren)
Azaldutakoa oinarri hartuta, ondoriozta dezakegu aipatu eginkizunak Kontratazio Mahaiaren eraketan kokatuta daudela, kontratazio-organoari laguntzeko eta eskaintzak baloratzeko organoa den heinean; hortaz, esan daiteke bai kontratazio-organoak, bai mahaiak bete dezakeela zeregin hori, kontratuak esleitzeko prozeduran. Dirudienez, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina, kontratazio-organoa aipatzen duenean, zentzu zabalean ulertu behar da, hau da, Kontratazio Mahaia barnean sartu behar da, ikuspegi zabal batetik, horren parte dela eta.
● Ikus15/2011 Txostena, 2011ko abenduaren 15ekoa.
– BFAk 2015ean formalizatu zituen bi kontratutan (4,8 milioi euroan) gainditu egin da gehienezko esleipen-epea, bi hilabete, proposamenak ireki den egunetik hasita.
Herri administraziorako eta erakunde harremanetarako Sailaren alegazioa
● Kontratu mistoa: La Arena zubiaren proiektua idaztea eta konpontzeko lanak egitea, A-8 autobidean, 135,360 kilometro-puntuaren inguruan (espediente-ZK.: 2014/022/061/06)
● Aholkularitza teknikoa ikus-inbentarioa egiteko eta parametro estrukturalak eta funtzionalak zein kontsultarako eta bide zoruen kudeaketarako aplikazio informatikoak lortzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren Errepideen Sarea. (espediente-ZK.: 2014/023/061/06)
Espediente bietan gainditu da 161. artikuluan ezarritako gehienezko epea kontratuaren esleipena egiteko, hala ere, prozedurazko irregulartasun bat da, azken egintzaren deuseztagarritasuna ez dakarrena, hau da, ez du eraginik egintzaren baliozkotasunean. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 48. artikuluak, hirugarren idatz-zatian, honako hau dio: «ezarritako epetik kanpo egindako administrazio-jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna». Hortaz, administrazio-egintzaren akats guztiek ez dute sorrarazten deuseztasunik edo deuseztagarritasunik.
– BFAk 2015ean formalizatu zituen bi obra-kontraturen kasuan (2,7 milioi euroan), adjudikaziodunak ez du lan-programa aurkeztu, eta beste lau kontratuetan (11 milioi euroan), aurkeztea eta/edo onartzea atzeratu egin da.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa
● BI-623 errepidea egokitzea, 29+200 eta 30+200 kilometro-puntuen artean, Durango (espediente-zk.: 2014/011/061/06)
● Zallan BI-3602 errepidea hobetzea, 24+840 eta 27+240 kilometro-puntuen artean. (Espediente-zk.: 2015/001/061/06).
● Orueta-Agirleta (Santo Domingo) tartean sarbideak eta espaloiak berrantolatzeko proiektua. (Espediente-zk.: 2015/007/061/06).
● Egokitze-lanak egitea N-637 errepidearen eta N-633 eta BI-737 errepideen arteko lotunean, Arrontegiko noranzkoan, Mungian. (Espediente-zk.: 2015/013/061/06).
● BI-2121 errepidean hondoratutako guneen egonkortze eta euste lanak egiteko jarduera-proiektua berrikusteko proiektua. (Espediente-zk.: 2015/021/061/06).
● Eraikuntza-proiektua: hormigoizko hesiak jartzea BI-631 errepidean, 7+400 eta 8+000 kilometro-puntuen arteko tartean. (Espediente-zk.: 2015/023/061/06).
Lan-programa aurkezteko/onartzeko orduan atzerapenak izan dituzten espedienteei dagokienez (1., 4., 5. eta 6. espedienteak), aipatu beharra dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 48. artikuluak, hirugarren idatz-zatian, honako hau diola: «ezarritako epetik kanpo egindako administrazio-jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna».
Gauza bera gertatzen da 2. espedientean: kasu horretan, adjudikaziodunak aurkeztu zuen lan-programa, hala ere, aurkezpena atzeratu egin zen, epearen luzapena izapidetzeko egin zelako, kontratazio-organoak onartu zuen unean. Aipatu ebazpenaren kopia erantsi da, CONTR/01 zenbakiko agiri gisa.
Hortaz, administrazio-egintzaren akats guztiek ez dute sorrarazten deuseztasunik edo deuseztagarritasunik. Prozedurazko irregulartasun bat da, azken egintzaren deuseztagarritasuna ez dakarrena, hau da, ez du eraginik egintzaren baliozkotasunean.
7. espedientean, lan-programa ez da aurkeztu kontratua formalizatu eta hurrengo 30 eguneko epean; horren inguruan esan beharra dago Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen Erregelamendu Orokorra onartzen duen urriaren 12ko 1098/2001 Errege Dekretuaren 144. artikuluko 1. idatz-zatian aurreikusitako izapide formalak (kontratistak lan-programa gehienez ere hogeita hamar eguneko epean aurkezteko betebeharra, kontratua formalizatu eta kontratazio-organoaren onespena lortu denetik) bete ez direla egia bada ere, bete egin dela 144. artikuluko edukia.
Ondoren lizitatu den BI-631 errepidean, 7+400 eta 8+000 kilometro-puntuen arteko tartean hormigoizko hesiak jartzeko eraikuntza-proiektuak obra-plana jasotzen du dokumentazioaren 1. eranskinean. Obra-plan horretan jardueren diagrama bat dago, horiek burutzeko aurreikusitako denbora eta diru-zenbatekoak zehaztuta, programatutako obraren hileko balorazioarekin eta balorazio metatuarekin batera. Horren kopia erantsi da, CONTR/02 zenbakiko agiri gisa.
Obraren zuzendariak aipatu duenez, «kontratuaren iraupena laburra (10 aste) eta hedapena mugatua denez, ez kontratistak, ez obraren zuzendariak, ez zuten ikusi proiektuan aurreikusitako Obra Plana aldatu beharrik».
Era berean, aipatu beharra dago kontratu hori arautzen duen Administrazio Klausula Berezien Agiriaren 1.1 idatz-zatiak honako hau ezartzen duela: kontratu izaera izango dute «lizitazio-xede diren obraren proiektuko dokumentuek (Memoria izan ezik, obra-unitateen parte diren oinarrizko edo funtsezko materialen deskribapena ez den guztiari dagokionez), lan-programak eta prezioen taulek». Administrazio Klausula Berezien Agiriaren idatz-zati horren fotokopia erantsi da, CONTR/02.1 zenbakia duen agiri gisa.
Azaldutakoa dela eta, formalki 144. artikuluan ezarritako prozedura jarraitu ez bada ere, kontatu horrek badu dagokion Lan Programa, kontratista lotzen duena.
Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren alegazioa
7.– BI-631 errepideko 7+400 eta 8+000 kilometro-puntuen artean hormigoizko barrerak instalatzea. Amaierako ziurtagiria
Honako hau jakinarazten da:
● Obra publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez izapidetu zen, kontratuaren zenbatekoa zela esleipen-irizpide bakarra; hortaz, ez ziren baloratu obraren planifikazioari loturiko alderdiak.
● Proiektuak, aldiz, barnean hartzen zuen jardueren diagrama bat, jarduera horiek burutzeko aurreikusitako denbora eta diru-zenbatekoak zehaztuta (ikus honekin batera doan I. eranskina: Obra-plana).
● Kontratuaren iraupena laburra (10 aste) eta hedapena mugatua denez, ez kontratistak, ez obraren zuzendariak, ez zuten ikusi proiektuan jasotako obra-plana aldatu beharrik.
5.– Egokitze-lanak N-637, N-633 eta BI-737 errepideen arteko lotunean, Arrontegiko noranzkoan, Mungian
Jakinarazi denez, abenduaren 17an, lan-programaren aldeko txostena igorri zitzaion Kontratazio Zerbitzuari; sustatzailea den Zerbitzuak ez du izan espedientea izapidetu ondorengo egoeraren berririk.
– BFAk 10,1 milioi euroko zenbatekoarekin esleitutako bi obra-kontratutan, luzatu egin da kontratua betetzeko epea, kontratuan egin beharreko aldaketa onartu gabe.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa
● BI-625 errepidea egokitzeko (382+800 eta 384+200 kilometro-puntuen artean), Arrigorriagako AP-68ko lotura-Zaratamoko lotura (espediente-ZK.: 2013/002/061/06)
● BI-625 errepidea egokitzeko (384+750 eta 386+350 kilometro-puntuen artean), Zaratamoko lotura-Basauriko lotura (espediente-ZK.: 2013/004/061/06)
33. espedientean (espediente-zk.: 2013/004/061/06), ez da egon kontratua burutzeko epearen luzapenik (ez dago halakorik jasotzen duen ebazpenik), baizik eta kontratua adjudikazioan jasotako 22 hilabeteko epean bete da.
Hala ere, esan beharra dago, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 171.b) artikuluan jasotako prozeduraren bidez, goian aipatutako kontratua hartu zuen adjudikaziodun berari BI-625 errepideko 384+750 KPtik 386+350 KPrako tartearen (Zaratamoko lotunea-Basauriko lotunea) hobekuntzaren 1. zenbakiko Proiektu Osagarria (espediente-zk.: 2015/027/061/06) esleitu zitzaiola, kontratua burutzeko bi hilabeteko epea ezarrita. Kontratuaren xedea, espedientean justifikatu zenez, obra nagusiaren proiektuan eta kontratuan jasota ez zeuden lan osagarri batzuk ziren. Esleipen-ebazpenaren kopia erantsi da, CONTR/2003 zenbakia duen agiri gisa.
Proiektu osagarria burutzeko epea ez da kontratu nagusia burutzeko epearen luzapena izan, baizik eta obra nagusia osatzeko lanak burutzeko erabili zen.
32. espedienteari dagokionez (espediente-zk.: 2013/002/061/06), 2015eko apirilaren 21eko Foru Aldundiaren erabakiaren bidez, aipatu kontratua burutzeko epea luzatzea onartu zen, hasieran ezarritako 18 hilabeteko epea 2 hilabetez luzatuz. Luzapenaren arrazoia honako hau izan zen: «azken hilabeteotan izandako euriek, atertzen ez dutenek eta etengabeek, obrak moteltzea eta gelditzea ekarri dute...». Kasu horretan, SPKLTBren 213.2 artikulua aplikatu behar da, honako hau dioena: «Baldin eta atzerapena kontratistari egoztekoak ez diren zioengatik sortu bada, eta, izendatu zitzaion denbora luzatuz gero bere konpromisoak beteko dituela agintzen badu, administrazioak emango dion epea lehen galdutako denboraren bestekoa izango da gutxienez, kontratistak berak epe laburragoa eskatu ezik». Era berean, Obra Zuzendaritzak horren aldeko txostena igorri zuen eta lan-programa eskatutako luzapenaren arabera berregokitzeko proposamena erantsi zen.
Kasu horretan, obra-kontratua burutzeko epearen luzapena da, kontratuaren aldaketa aldez aurretik onartzerik behar ez duena, aipatu artikuluan xedatutakoa bete delako. Epea luzatzea onartzeko ebazpena erantsi da, CONTR/04 zenbakia duen agiri gisa.
Era berean, aurreko espedientean bezala, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 171.b) artikuluan jasotako prozeduraren bidez, goian aipatutako kontratua hartu zuen adjudikaziodun berari BI-625 errepideko 382+800 KPtik 384+200 KPrako tartearen (AP-68 Arrigorriagako lotura-Zaratamoko lotura) hobekuntzaren 1. zenbakiko Proiektu Osagarria (espediente-zk.: 2014/010/061/06) esleitu zitzaiola, kontratua burutzeko bi hilabeteko epea ezarrita. Kontratuaren xedea, espedientean justifikatu zenez, obra nagusiaren proiektuan eta kontratuan jasota ez zeuden lan osagarri batzuk ziren. Esleipen-ebazpenaren kopia erantsi da, CONTR/04.1 zenbakia duen agiri gisa.
– BFAk 13,7 milioi euroko zenbatekoarekin esleitutako lau obra-kontratutan, amaierako ziurtagiriak hiru hilabeteko epea (onarpen-akta egin denetik hasita) amaitu ondoren onartu dira.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa
● BI-625 errepidea egokitzeko (382+800 eta 384+200 kilometro-puntuen artean), Arrigorriagako AP-68ko lotura-Zaratamoko lotura. (Espediente-zk.: 2013/002/061/06).
● BI-625 errepidea egokitzeko (384+750 eta 386+350 kilometro-puntuen artean), Zaratamoko lotura-Basauriko lotura. (Espediente-zk.: 2013/004/061/06)
● Bilboko Metropolialdea berehala biziberritzeko jardueren proiektu integrala. (Espediente-zk.: 2013/005/061/06)
● Metropolialdean bide-zoruak berritzeko proiektua. (Espediente-zk.: 2013/023/061/06)
34. eta 48. espedienteei dagokienez (espediente-zk.: 2013/005/061/06 eta 2013/023/061/06), atzeratu egin da amaierako ziurtagiriaren onespena; horren inguruan aipatu beharra dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 48. artikuluak, hirugarren idatz-zatian, honako hau diola: «ezarritako epetik kanpo egindako administrazio-jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna».
Hortaz, administrazio-egintzaren akats guztiek ez dute sorrarazten deuseztasunik edo deuseztagarritasunik. Prozedurazko irregulartasun bat da, azken egintzaren deuseztagarritasuna ez dakarrena, hau da, ez du eraginik egintzaren baliozkotasunean.
32. eta 33. espedienteei dagokienez (espediente-zk.: 2013/002/061/06 eta 2013/004/061/06), amaierako ziurtagiriak oraindik ez dira onetsi, jarraian azalduko diren arrazoiak direla medio. Kontratuaren Zuzendaritzak eman du arrazoi horien berri.
2016ko bigarren seihilekoan zehar, behin baino gehiagotan eskatu zitzaien enpresa adjudikaziodunei ager zitezen amaierako ziurtagiria sinatzeko, baina sinatzea ez zen burutu. Hori dela eta, dagozkion neurketak egin ondoren, amaierako ziurtagiriaren inguruko dokumentazioa eta onesteko proposamena helarazi zitzaizkien, bide batez, hamar eguneko entzunaldia emanez, bidezkotzat joko zituzten alegazioak aurkez zitzaten.
Aipatu adjudikaziodunek alegazioak aurkeztu zituzten eta horiek kontratuaren zuzendariari helarazi zitzaizkion, horren inguruko txostena eman zezan. Egun, txosten teknikoa prestatzen ari da. Hori dela eta, txostena jaso eta gero, jarraitu egingo da aipatu kontratuei loturiko amaierako ziurtagiriak onartzeko izapidea.
Izapidearen egoera adierazten duen txostenaren kopia eta entzunaldi-izapidea hasteko dokumentazioa igorri izanaren agirien kopiak CONTR/05 zenbakia duen agiri gisa erantsi dira.
– BFAk kontratu txiki gisa izapidetu ditu ondasun eta zerbitzuen eskuraketak (405.383 euroan); horiek egiteko, loteen eta/edo aleko prezioen araberako lizitazioa egin ahal izan da, ondasun eta zerbitzu horiek normalean kontratatzen direlako eta urteko beharrak aurreikus daitezkeelako.
Euskara eta kultura Sailaren alegazioa
Aipatutako txostena aztertu ondoren, zehazki aztergai dugun hutsari erreparatu ondoren, alegazio gisa honako hau azpimarratu behar dugu:
Euskara itzulpenak kontratatzeko lizitazioa loteen eta/edo aleko prezioen arabera ez egiteko arrazoiak honako hauek dira:
1.– Hizkuntza-arrazoiak direla eta: hainbat paragrafo eta/edo dokumentu-egitura sail guztietarako estandarizatu direnak. Loteen arabera lizitatzen bada, gerta daiteke gaztelaniazko paragrafo edo egitura horiek (gehienetan, jatorrizko testua gaztelaniaz baitago) kasu guztietan berdinak izatea, euskarazko itzulpenak, berriz, desberdinak izatea, tartean itzulpen-enpresa bat baino gehiago dagoelako.
2.– Urteko aurreikuspena dela eta: itzulpenetan, ezin da jakin zenbat dokumentu bidaliko diren urte osoan zehar; izan ere, kopurua nabarmen aldatzen da urte batetik bestera.
3.– Dokumentu bakoitzean itzuli behar den testuaren kantitatea dela eta: ez dago aleko preziorik, ez baitira gauza bera guztiz berria den testu bat itzultzea eta aurretik itzulitako dokumentu batean aldatutako zati batzuk itzultzea. Aurretik itzuli den testua itzulpen-memorietan gordetzen da eta TRADOS izeneko programak horrelako zati bat aurkitzen duenean, automatikoki ematen du itzulpena, hortaz, ez da beharrezkoa hori ordaintzea. Horregatik prezio bat baino gehiago dago eta itzulpen-memoriak ematen duen bat-etortze mailaren arabera daude sailkatuta prezio horiek.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa
Aipatu beharra dago Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak bi kontratu mota erabiltzen dituela euskara-itzulpenekin loturiko gastu-espedienteak bideratzeko.
● Alde batetik, kontratu zentralizatu bat dago, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren administrazio-xedapenak gaztelaniatik euskarara eta alderantziz itzultzeko zerbitzukoa.
● Gainerako itzulpen-zerbitzuak kontratu txiki bidez kontratatzen dira.
2015eko ekitaldian, sail honek guztira 18.270,85 euro bideratu du kontratu txiki gisa, hortaz, ez du gainditu kontratu txikientzat aurreikusitako zenbatekoa.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren alegazioa
● Diru-laguntzak izapidetzeko laguntza teknikoa, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila:
Arazo hori antzemanda, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak egoera berriro bideratuko du, eta horretarako, prozedura negoziatu edo irekiaren bidez kontratatzeko aukera aztertuko du.
● Laborategiko analitikak egiteko produktuak, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila:
2015eko ekitaldian laborategiko materialaren hornikuntzarako kontratazio-prozedura burutu izan arren, indarrean zegoen kontratuari loturiko aurrekontu-kreditua agortu egin zen; hori dela eta, aurreikuspenak eta 18.000 euroko muga gaindituta, kontratu txiki bidez kontratatzea erabaki zen.
-– Ondasun eta zerbitzuei dagokienez, GUFEk bost erosketa egin ditu, guztira 248.414 euroan; horietako bakoitza hornitzaile bakarrarekin kontratatu eta kontratu txikiaren prozeduraren bidez izapidetu zen; horiek guztiak publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez izapidetu behar izan ziren, eskaintzak eskatuta, edo bestela, prezio unitarioen araberako lizitazioaren bidez egin ahal izan ziren, kontratatu ohi diren gastuak baitira eta horien urteko beharra zenbatetsi baitaiteke.
GUFE Sailaren alegazioa
GUFEk, besteak beste, ondasun eta zerbitzu erosketak egin ditu, 248.414 euroko zenbatekoan; horietatik 35 ondasunen konponketak eta instalazio elektrikoen hornikuntzak izan dira, kokapen desberdinetakoak diren eta modu autonomoan funtzionatzen duten hamabost gastu gunetan.
Garbiketa-gaiei dagokienez, produktuak 12 gune desberdinetan erosi dira, 145 eskuraketa autonomoren bidez; horietako batzuk ez dira garbitzeko gaiak izan.
2017ko ekitaldian, BFAko erosketa-zentralean pleguak prestatzen ari dira, eskaintza hobea lortzeko eta mota guztietako produktuen eskuraketak bideratzeko.
Suak itzaltzeko zerbitzuari dagokionez, 139 esku-hartze egin dira, kontratuan informazio moduan jasotako prezioen arabera; gainera, «Seguros Bilbao, Compañía anónima de seguros»-ek 15.257,88 euro ordaindu du, «Leioa Laguntza Zentroan tximista bat jotzea» gertakariaren ondorioz.
Berokuntza-sistema eta ur bero sanitarioa mantentzeko zerbitzuak, 15 zentrotan 84 aldiz erabili direnak, mantentzeaz arduratzen den enpresak 3. eranskinean adierazi dituen aleko prezioekin bat burutu dira.
Elikagaien erosketak (195 esku-hartze) modu autonomoan funtzionatzen duten 10 zentro desberdinari dagozkie; horien artean, formatu desberdinak eskuratzea, kanpaina bereziak (Gabonak) eta berariazko arazoak dituzten erabiltzaileentzako produktuen eskuraketak daude.
2018rako aurreikusi den lizitazioan eskatzen diren eta behar diren produktu eta formatu berriak sartu dira.
– Ondoren azalduko diren gastuak, enpresa sektore publikoko erakundeek egindakoak, homogeneoak eta aurreikusteko modukoak dira, bakoitza hornitzaile batekin kontratatuak. Hori dela eta, erakunde horiek lehiakortasuna bultzatu beharko lukete kontratazioan:
Bizkaikoaren alegazioa
Lau proiektu desberdinetan egindako jarduketei dagozkien kontratuak dira; guztietan bisita gidatuak antolatzen diren arren, ez da proiektu horien helburu bakarra. Gainera, esparru bat baino gehiagotan eta urteko garai desberdinetan garatzen dira proiektu horiek.
● Proiektua: Monumentu eta Leku Historikoen Eguna 3.100,69 euro.
● Proiektua: Foruko Multzo Erromatarra (Forua) 14.500,77 euro.
● Proiektua: Ereñozar gaztelua (Ereño) 14.193,42 euro.
● Proiektua: Arrolako Oppiduma (Arratzu) 16.613,41 euro.
Jardueren izaera eta horretarako bideratutako zenbatekoak kontuan hartuta, obra txikitzat hartzen dira, hortaz, horiek kontratatzeko jarraitu den prozedura zuzeneko kontratazioa izan da, erakundeak ezarritako kontrataziorako jarraibideekin bat (3.2 eta 4.1 artikuluak).
Erabilitako prozedura Bizkaikoa erakundearen kontratazio-jarraibideekin guztiz bat datorrela jotzen da, hala ere, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere txostenean emandako gomendioei jarraikiz, hurrengo ekitaldiei begira, lehiaketa bidezko prozedura prestatu da, aipatu lau esparruetako bisita gidatuen kontratazioa barnean hartzen duena.
Basalan-en alegazioa
Mozketa- eta kimaketa-lanak errepideetan
Jarduera bereiziak dira, Bizkaiko errepideen sareko hainbat puntutan egiten direnak, errepideetako ertzen segurtasuna bermatzeko eta ezponda bat behera etortzeak, zuhaitz bat galtzadara erortzeak eta abarrek eragin dezaketen arriskua murrizteko; aurreikusi ezin daitezkeen gertakarien ondorioak izaten dira eta beti presaz egin behar dira. Hurrengo ekitaldietan egingo diren kontratazioetan lehia sustatzen saiatuko gara.
Egurrezko zutoinak eta langak
Praktikan, ez dira material «homogeneoak», mota askotako elementuak baizik, zeregin desberdinen berezitasunei eta ezaugarriei aurre egitekoak, alde batetik, aisiarako eremuak mantentzeko, bestaldetik, Bizkaiko parke naturalen lehengoratze ekologikoa edo Bizkaiko errepide-sareko bazterrak garbitu eta egokitzeko lanak, Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat sailak Basalan erakundeari agindutakoak, burutzeko.
Garbikerren alegazioa
Kutxatilak, hoditeriak eta abarrak garbitzea
Hornitzaile bakar batekin egiten bada ere, kontratazioak hainbat zerbitzu hartzen ditu barnean; zerbitzu horiek Garbiker AB SAren zenbait instalaziotan egiten dira eta aparte fakturatzen dira:
● Kutxatilak, hoditeriak eta abarrak garbitzea
● Hobi septikoak hustea
● Lixibiatuak tratamendu-instalaziora garraiatzea
● Zabortegietan hidrokarburoak separatzea
Kasu batzuetan presaz jardutea beharrezkoa izan bada ere, askotan, zerbitzua ematen duten enpresa batzuen eskaintzak jaso dira.
III.5.– Diru-laguntzak.
Diru-laguntza izendunak eta zuzenean emandakoak
Hautaturiko diru-laguntzak aztertuta, hauxe ikusi dugu:
– 750.000 euroan esleitutako bi diru-laguntza izendunari eta guztira 1,2 milioi euroko sei diru-laguntza zuzenari loturiko ebazpenak eta hitzarmen arautzaileak orokorrak dira eta ez dituzte garatzen edukia eta zenbatekoa berariazko partidetan.
Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren alegazioa
Bilbao Metropoli-30: Europan eta nazioarteko esparruan Bizkaiaren turismo-sustapena (250.000 euro).
Diru-laguntza 2015eko martxoaren 3ko Foru Erabakiaren bidez eman zen; bertan onetsi zen diru-laguntza arautzeko hitzarmena. Hitzarmenaren lehenengo klausulan, oinarri-arauak biltzen dituenean, Bizkaiaren irudiak protagonismoa hartu beharko duen mota guztietako ekitaldietan, turismoa sustatu eta bultzatzeko, aplikagarriak diren arau orokorrak eta komunak jasotzeaz gain, honako hau esan da:
«Beraz, alderdiek adostu dute diru-laguntza erakunde onuradunak egin beharreko jarduera hauek finantzatzeko erabiliko dela: Bizkaiaren irudia indartzeko joera duten jarduerak, Europako eta nazioarteko ekintzetan eta aurkezpenetan parte-hartze eta agertze aktiboaren bitartez, hala nola turismo-azoketan, kongresuetan, kirol-lehiaketetan... Ekitaldi horietan parte-hartzea eta agertzea abagune paregabea da sustapen-jarduerak lurraldetik kanpo antolatzeko. 2015eko ekitaldian, hain zuzen, ekintzak Europako ohiko merkatuetan burutuko dira (Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian eta Italian), baita Ipar Amerikakoetan ere (Estatu Batuetan eta Kanadan); halaber, turismo-sustapenaren agenda Europako iparraldeko herrialdeekin partekatuko da, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren Kanpo Sustapenerako eta Turismorako Zuzendaritza Nagusiak interesgarritzat joko dituen beste toki batzuekin ere.»
Klausula horrek dagoeneko ezarri du jarduteko merkatuak honako hauek izango direla: Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Italia eta Europako iparraldeko herrialdeak, baita Estatu Batuak eta Kanada ere.
Kontuan izan behar da, diru-laguntza izenduna denez, dagoeneko 2015eko Aurrekontuetan jasotako aginduzko txostenean egin beharreko jarduerak deskribatu direla. Jarduera horiek bat datoz hitzarmenean ezarri direnekin: «Bilbao Metropoli-30 elkartearen xede eta helburuen artean, honako hauek daude: batetik, ekonomia eta gizartea gero eta globalizatuago eta nazioartekotuago daudenez, Bizkaia bai Europan bai nazioartean sustatu eta garatzea; eta bestetik, Bizkaiko Foru Aldundia Europan eta nazioartean agertzea, horretarako Bizkaiko turismoa, kultura eta gastronomia sustatzeko jarduerak burutuz eta plangintzaren, komunikazioaren, sentsibilizazioaren, irudikatzearen, hedatzearen eta beharrezkoak diren gainerakoen bidez erakundea eskualdeko, Europako eta nazioarteko foro eta erakundeetan aurkezteko. Planen bidez betetzeko xede eta helburuak. Erakunde bien arteko lankidetzaren ardatza Bizkaia Espainian, Europar Batasunean eta munduan sustatzeko ekintzak garatzea izango da». Inguruabar horrek ulertarazten du hitzarmenaren xedea bat datorrela Aurrekontuetan xedatutakoarekin, eta nahiko ondo zehaztuta dagoela diruz lagundutako jarduera bideratzeko.
Bilbao Metropoli-30: Bizkaia munduan sustatzea.
Bilbao Metropoli-30: Bizkaiko gastronomiaren sustapena.
Bilbao Metropoli-30: Bilbao eta Bizkaia Boiseko 2015eko Jaialdian sustatzea.
Bilbao Metropoli-30: Bizkaia nazioarteko hedapena duten ekintzetan sustatzea.
A objekzio gisa (hitzarmen orokorraren helburua) Bilbao Metropoli-30 elkarteari esleitutako diru-laguntzak jaso dira: Bizkaia munduan sustatzeko (100.000 euro); Bizkaiko gastronomiaren sustapenerako (50.000 euro); Bilbao eta Bizkaia Boiseko 2015eko Jaialdian sustatzeko (200.000 euro), eta Bizkaia nazioarteko hedapena duten ekintzetan sustatzeko (188.500 euro).
Diru-laguntzetako lehenengoa Bizkaiaren irudia nazioarte mailan sustatzera zuzendua zen, batez ere, Estatu Batuetako Idahon bizi den euskal komunitatearentzat. Ezin da esan helburu hori objekzio bat eragiteko punturaino orokorra denik, irudia sustatzeko ekintza horiek zeharkako jarduerek baino helburu zabalagoa izan behar dutela egia bada ere.
Bigarren diru-laguntza Bizkaiko gastronomia eta enologia munduan, hain zuzen, bi jarduera, bata Txinan eta bestea New Yorken (Txakolinaren Jaialdia) sustatzeko zen. Aurreko objekzioari buruz esandakoa errepika daiteke, xehetasunak zehazteko zailtasunei dagokienez. Gastronomia eta enologia, hau da, Bizkaiko turismoaren bi eragileak aipatzea nahikoa zehatza da gure ustez; izan ere, helburua hobeto zehazten bada, diru-laguntza bideraezina izan daiteke, ezinezkoa izan baitaiteke denbora eta espaziori loturiko hainbat aldagairen menpe dauden ekintza batzuk aipatzea.
Hirugarren diru-laguntzak Boiseko (Idaho, Estatu Batuak) Jaialdia ospatzearekin du zerikusia; emakida-erabakian bertan honako hau esan da: «Bilboaldea biziberritzeko elkartea da Bilbo-Bizkaia helmuga turistikoa Boise Jaialdia 2015 izeneko ekitaldian sustatzearen arduraduna; jaialdia uztailaren 28tik abuztuaren 2ra arte izango da, Estatu Batuetako Idaho estatuaren hiriburuan. Jaialdia 1987an ospatu zen lehenengoz; handik aurrera, euskal kulturaren alderdi zaharrak eta berriak, tokikoak eta nazioartekoak uztartzeko ahaleginetan ibiltzen dira antolatzaileak. Milaka pertsonak hartzen dute parte (aurreko jaialdietan 30.000 inguru) eta bost urtean behin ospatzen da. Ospakizunaren barruan, parada edo desfile bat antolatzen da, baita sinposioak, kaleko dantzak, kirol-erakustaldiak, ekintza kulturalak eta gastronomikoak eta abarrak ere. Proiektuak barnean hartzen du Bilbo-Bizkaia helmuga turistikoaren sustapena Jaialdia dela eta Boisen burutuko diren jardueretan, hainbat arlotan: erakundeak, gastronomia, kultura eta abar». Diruz lagunduko diren jardueren deskribapen horrek, gure iritziz, nahiko ondo zehazten du proiektua; hala ere, egia ere bada aipatu erabakia idatz-zati edo klausula desberdinetan prestatuta ez dagoenez, bertan xedatutakoa betetzeko moduak nahastea sor dezakeela.
Laugarren diru-laguntza, 188.500 eurokoa (eta ez 189.000 eurokoa, txostenak jasotzen duen bezala), alde batetik, 2015eko urriaren 26tik azaroaren 1era, Chess Masters Finals 2015 (Xake Maisuen Finala) antolatzera bideratu behar zen, eta bestaldetik, Pariseko Salon Mondial du Tourisme erakusketan Bizkaiko turismo harkorreko enpresak ordezkatzeko xedez parte hartzea indartzera. Xede edo helburu horiek Foru Diputatuak diru-laguntza emateko urriaren 19an emandako 138/2015 Dekretuaren bigarren puntuan daude jasota. Kasu horretan ere, diru-laguntza nahikoa zehaztuta dago gure ustez.
BEC SA, Bizkaia International Music Experience 2015 (550.000 euro)
2015eko uztailaren 21eko Foru Erabakian jasotako proposamenean, diru-laguntzaren xede gisa honako jarduera hau agertzen da:
«BIME, Bizkaia International Music Experience, Bizkaian modu esklusiboan egiteko diseinatutako eta sortutako ekimen bat da, musikari eta haren industriari buruzkoa. Bi zati ditu: BIME PRO eta BIME LIVE, eta urriaren 28tik 31ra izango da, Bilbao Exhibition Centre erakustazokan. BIME PRO, urriaren 28tik 30era arte izango dena, Latinoamerikako eta Europako musika-industriaren arloko profesionalen topagunea eta eztabaidagunea da, eta 2015ean, lan-aktibazioaren sustapenean jarriko du arreta, honako ekitaldi hauen bidez: - BIME Recruiting: sormen-industria arloko enpleguari buruzko II. foroa, enpresak, prestakuntza-zentroak, ikasleak eta lan-bilaketa aktiboan diharduten profesionalak elkartzeko topagunea izango da. - BIME Startup Summit: industria horretan diharduten enpresa sortuberrien, inbertitzaileen eta profesional garrantzitsuen arteko integrazioa eta negozioak bultzatuko ditu. - BIME Hack Day: sari bat emango zaie 24 orduko Hackaton izeneko erronka gainditzeko orduan trebetasun handiena erakutsi duten parte-hartzaileei.
BIME LIVE, urriaren 30etik 31ra arte, Imagine Dragons, Iron&Wine, Benjamine Clementine eta Astronautalis musika-taldeen emanaldiak egongo dira».
Lehiaketaren barruan garatuko diren jarduera horiek guztiek helburu zehatza eta xehea osatzen dute, hortaz, nahikoa ondo deskribatu dela jo behar da.
– Bilbao Exhibition Centre SAk, Bizkaia International Music Experience 2015 antolatzeko 550.000 euroko diru-laguntza jaso duenak, ez du egiaztatu diruz lagundutako jarduera egiteko 450.000 euroan esleitutako kontratua hartu duen azpikontratista hautatzeko prozedura.
Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren alegazioa
BIME, Bizkaia International Music Experience lehiaketa Bizkaian modu esklusiboan egiteko diseinatutako eta sortutako ekimen bat da, musikari eta haren industriari buruzkoa. Ekimena antolatzeko eskubideak Lastur Booking S.L. enpresari dagozkio; erantsitako dokumentazioa ikusita, marka patentatua du enpresak I. agiria). Izan ere, Bilbao Exhibition Center erakundeak, diru-laguntzaren hartzaileak, ezin du hautaketa-prozesu bat antolatu, legearekin bat, jaialdia burutzeko gai den enpresa bakarra ustiapen-eskubideak dituena delako. Bestalde, ohartarazi beharra dago, Bilbao Exhibition Center kapital publikoa besterik ez duen sozietate anonimoa dela, hortaz, kontratatzeko orduan, Administrazio Publikoen kontratazioa arautzen duen legediaren menpe dagoela (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duena).
Aurreko ekitaldietan emandako diru-laguntzak
Hautaturiko diru-laguntzak aztertuta, hauxe ikusi dugu:
– Hiru eskaintzatan, onuradunak ez du eskabidea diru-laguntza jaso dezaketen gastuak kontratatu aurretik egiaztatu, nekazaritzako ustiategiei 234.865 euroko zenbatekoan esleitutako laguntzen justifikazioan.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren alegazioa
Ondorengo Foru Dekretuak, laguntza mota bera jasotzen duenak, jaso du betebehar hori, erantsitako dokumentuan egiaztatzen den bezalaxe. (Bizkaiko Foru Aldundiaren 168/2015 Foru Dekretua, azaroaren 10ekoa, Bizkaiko Lurralde Historikoko nekazaritzako ustiategiei laguntzak ematekoa).
– 2015eko urterokoa justifikatzeko kontuak, Bizkaiko kirol federazioei 154.073 euroan esleitutako hiru diru-laguntzari dagokienez, ez du barnean hartzen diruz lagundutako jarduerek sorturiko gastuen eta sarreren banakapenik.
Euskara eta Kultura Sailaren alegazioa
Horri dagokionez, aipatu behar dugu espedientean jasota eta alegazio hauei erantsita daudela Bizkaiko kirol federazioen I. eranskinak (Bizkaiko Atletismo Federazioarena, Bizkaiko Herri Kirol Federakundearena eta Bizkaiko Arraun Federakuntzarena), federazio horiek eskuordetzen dituzten eginkizun publikoak garatzean sorturiko gastuak kontzeptuka jasotzen dituztenak, Bizkaiko Foru Aldundiak emandako eredu normalizatuari jarraikiz.
● Gainera, 2015ean 61.629 euroko gastua sortu duen Bizkaiko Herri Kirol Federakundean, hutsune batzuk antzeman dira 22.508 euroko gastuak egiaztatzean.
Euskara eta Kultura Sailaren alegazioa
Gastua justifikatzeko dokumentuak -antolaketa-lanak betetzen dituen kluba, epaiaren lanari dagokion zenbatekoaren hartzailea edo sari jakin bat jaso duen kirolaria identifikatzen dituztenak- egon badaudela ulertuta ere, Bizkaiko Foru Aldundiak dokumentazio osagarria eskatu dio erakundeari, aurkeztutako ziurtagirian aipatutako banku-transferentzia egitea egiaztatzeko.
Enpresa Sektore Publikoko beste batzuk
Bizkaia Bizkaialde fundazioak Bizkaiko kirol klubei diru-laguntzak emateko deialdia egin zuen 2015eko ekitaldian, haiek beren taldeak kategoria onenetan mantendu ahal izateko. Aurrekontua 999.990 milioi eurokoa zen eta Lurralde Historikoko 26 erakunderen artean banatu zen. 2014an esleitutako diru-laguntzak 2015ean justifikatzeari dagokionez, patronatuaren iritziz, nahikoa da diru-laguntza osoaren % 85 baino gehiago justifikatzea; hala ere, oinarri-arauen arabera, zenbateko osoa justifikatu behar da.
Bizkaia Bizkaialde-ren alegazioa
Dirua emateko eskabidea aurkeztean, denboraldirako aurrekontua aurkezten dute klubek; denboraldiaren hasieran eginiko aurrekontua da, eta aurrekontu horretan lehentasunezko eginkizuna betetzen dute bidaiengatiko gastuak denboraldiko egutegiko lehiaketetan parte hartzeko. Bidaia horiek aldatu egin daitezke denboraldian zehar, adibidez, emaitzen arabera, eta aldaketa ekar dezakete gastuen aurrekontuan, modu positiboan edo negatiboan. Horregatik guztiagatik, Fundazioaren Patronatuak ulertu zuen ezen, klubek aurrekontua denboraldiaren hasieran aurkezten dutela eta denboraldian haien erabakien araberakoak ez diren kanpoko ezustekoak izan daitezkeela kontuan hartuta, nahiko justifikatutzat har litezkeela diru-emateak baldin eta justifikaturiko zenbatekoa aurrekontuaren % 85etik gorakoa bada. Izan ere, diru-ematearen zenbatekoa kalkulatzeko oinarria izan zen aurrekontua.
III.6.– Hornitzaileei ordaintzeko epeak.
Urteko kontuen memorian jasotakoari jarraikiz, honako foru sozietate eta fundazio hauetan, hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeak gainditzen du berankortasunaren araudian aurreikusitako gehieneko iraupena:
Aparkabisaren alegazioa
Sozietate horrek diruzaintzaren aldetik egoera larria eta zailtasunak jasan behar izan ditu, funtsean, 2000. urtean Portuko Agintaritzak Aparkabisari esleitutako emakida baten ondorioz. Izan ere, emakida ibilgailu astunentzako aparkalekuak eraiki eta kudeatzeko eman zen, eta sozietateak 20,17 milioi euroko inbertsioen bidez egin behar izan zion aurre obra horri. Inbertsioak finantzatzeko hartu zituen maileguak pixkanaka-pixkanaka ordainduz joan da.
Emakida 1 pezetako kanonarekin formalizatu zen.
2004an, Portuko Legezko Araudia Berria jarri zen indarrean emakidadunak aprobetxamendu tasa bat eta okupazio tasa bat ordaintzera behartu zituena. 2015eko ekitaldian, sei hilez behin 686.516,86 euro ordaindu behar zuen.
Hornitzaileekiko zorrak 2016ko ekitaldian izan duen bilakaera modu jarraituan hobetuz joan da. Izan ere, urteko kontuen ikuskaritza txostenak, 2016koak, ordaintzeko batez besteko epea 81,51 egunekoa dela adierazi du. Bestalde, 2016ko abenduan, hornitzaileei ordaindu beharreko kitapena 177.361,90 eurokoa izan da eta ordaintzeko batez besteko epea 16,96 egunekoa. (2016/12/01-2016/12/31 bitarteko ordaintzeko batez besteko epearen inguruko txostena erantsi da).
Bilakaera erantsitako taulan dago adierazita.
ZORRAREN BILAKAERA, HORNITZAILEEI 2015EKO UZTAILETIK 2016KO ABENDURA ORDAINDUTAKOAREKIN KONPARATUTA
Hori dela eta, grafikoan ikus daitekeenez, 2016ko urtarriletik aurrera, berankortasun mailak jaisten hasi dira, lehenago adierazi dugunez, ordaintzeko batez besteko epea 16,96 egunekoa izatera iritsi arte.
Azpiegiturak-en alegazioa
Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuaren 2016ko urtarrilaren 29ko Ebazpenak, urteko kontuen txostenean sartu behar den informazioari buruz, merkataritzako eragiketetan hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeari dagokionez, formula bat ezarri du, Hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea kalkulatzeko.
Kalkulu horren emaitza faktura jaso den egunaren eta ordainketa egin den egunaren arabera lortzen da, hortaz, ez du kontuan hartzen izapidea egiteko denbora.
Horrela egindako kalkuluaren emaitza, Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritza Institutuak ezarritako parametroekin bat, urteko kontuen txostenean jaso behar den informazioari begira, 42,87 egunekoa zen 2015eko ekitaldian.
Bestalde, uztailaren 25eko 635/2014 Errege Dekretuak, herri-administrazioen hornitzaileei ordaintzeko batez besteko aldia kalkulatzeko metodologia, bai eta apirilaren 27ko aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitako finantzaketa-araubideen baliabideak atxikitzeko baldintzak eta prozedurak ere garatzen dituena, formula bera proposatu du ordaintzeko batez besteko epea zehazteko, baina ordainketa-egunen kopuruari dagokionez, honako ohar hau egin du:
«Faktura administrazio-erregistroan jaso den egunaren osteko hogeita hamar egunetik igarotako egun naturalak hartuko dira ordaintzeko epeko egunen kopurutzat».
Are gehiago, berankortasunari buruzko hiruhileko txostenak egiteko gidak, 15. orrialdean, honako laburpen hau jaso du:
635/2015 Errege Dekretuan jasotako ordaintzeko batez besteko epearen egunak zenbatzen hasteko unea: Ordaintzeko batez besteko epea kalkulatzeko, egunen zenbaketa faktura administrazio-erregistroan jaso osteko hogeita hamar egun igarotzen direnean hasiko da, fakturen kontularitza-erregistroan edo baliokidea den sisteman adierazitakoaren arabera, edo obraren hileko ziurtagiria onartu den datatik, hala badagokio.
Ondorioz, Azpiegituraken kasuan, ordaintzeko batez besteko epea 2015eko azken hiruhilekoan, parametro horiekin kalkulatuta eta gardentasunaren webgunean argitaratuta, -11,69 egunekoa dela ematen du, hortaz, ez du gainditzen berankortasunaren legean aurreikusitako gehieneko epea.
2. agiri gisa, gardentasunaren webgunearen irudia erantsi da, 2015eko azken hiruhilekoko ordaintzeko batez besteko epeari buruzko informazioa erakusten duena.
Bizkaia Bizkaialde fundazioak ez die bere hornitzaileei ordainketa-epeei buruzko informaziorik eman urteko kontuen memorian. Hala ere, HKEEk eginiko berrikuspenean ez da atzeman Legean ezarritako epeak gainditzen dituen hornitzaileentzako ordainketarik.
Bizkaia Bizkaialde-ren alegazioa
Izan ere, 2015eko Urteko Kontuen Memorian, ez zen eman hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeen inguruko informaziorik, hala ere, aldian-aldian bidali dira Ogasunera hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeak (hilean behin kalkulatutakoak) eta berankortasunaren txostenak (hiru hilez behingoak); halaber, 2015eko ekitaldiko ordaintzeko batez besteko epea eta berankortasunaren txostena bidali dira eta horien kopia erantsi da.
Gogoan hartuko da aipatutako hutsunea, hurrengo ekitaldietan zuzentzeko.