EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2017183

221/2017 DEKRETUA, irailaren 19koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren 2017ko programa garatzen duena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700221
Xedapenaren data: 2017-09-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201704585
Maila: Dekretua
2008an hasi zen krisi ekonomiko sakonarekin batera, nabarmen murriztu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko eragile ekonomikoek lor zitzaketen finantzaketa-bideak. Hala ere, azken hirurtekoan, asko normalizatu dira finantzaketa-iturri desberdinak lortzeko aukerak, eta, aldi berean, adierazle ekonomikoek ere hobera egin dute. Joera horrek iraungo duela aurreikus daitekeen arren, komenigarri iritzi zaio euskal enpresek laguntza-programa izaten jarraitzeari, zirkulatzailea finantzatzen laguntzeko, 2009az geroztik gauzatu direnen bide beretik.
Programaren azken hartzaileei dagokienez, hau da, enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesionalen taldeari dagokionez, jarduketa honek hauek hartzen ditu kontuan: talde honek enpresa-sarean duen garrantzia; ekoizpen-jarduera osoan duen eragina, eta handizkako finantzaketa-merkatuetara edo kreditu-entitateen lerroetara iristeko duen gaitasun erlatibo txikiagoa.
Finantza-laguntza emateko programarako gehieneko zuzkidura 600 milioi eurokoa izango da (formalizatu beharreko maileguetan), eta lehen aipatutako eragile ekonomikoen taldearen likidezia-beharrei eta zirkulatzaile-finantzaketari aurre egitea izango du xede.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantza-laguntza emateko programa hau bideratzeko eman beharreko laguntzak honako oinarri hau izango du: bere babesean hitzartzen diren finantzaketa-eragiketen birfidantzamendu partziala. Horretarako lege-oinarria, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legearen 9. artikulua da.
Horretarako, arau honetan daude araututa bai programan sartzeko baldintzak, bai enpresa eta pertsona onuradunak, bai baliabideen erabilgarritasuna, bai maileguetarako baldintzak. Horretaz gain, barruan dago jasota zein den finantzaketa-eskabideak izapidetzeko prozedura elkar bermatzeko sozietate eta finantza-entitate laguntzaileetan.
Azkenik, Finantzen Euskal Institutuak, esleituta dauzkan egitekoak baliatuta, mailegu-eragiketak emateko aukera ere badago aurreikusita.
Ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2017ko irailaren 19an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da enpresa txiki eta ertainentzako, banakako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantzaketa-lerroa eratzea, hura eskuratzeko baldintzak eta prozedura arautuz. Lerro horren helburua izango da banku-finantzaketa lortzeko aukera ematea, aipatutako eragile ekonomikoen taldearen likidezia-beharrei erantzuteko eta kapital zirkulatzailea finantzatzeko.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, kasuan kasuko lankidetza-hitzarmenak izapidetzen dituzten finantza-entitate laguntzaileen bidez, finantza-lerroa eratuko du enpresa txiki eta ertainen, banakako enpresaburuen eta profesional autonomoen alde.
Dekretu honek ezarritakoaren ondorioz formalizatzen diren finantzaketa-eragiketa guztiek elkar bermatzeko sozietate laguntzaileen abala izan beharko dute, kasuko hitzarmena zeinekin adostu duten kontuan hartuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak fidantzamendu-sistema bat ezarriko du sozietate horiek abalatutako finantzaketa-eragiketetarako.
2. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunak.
1.– Dekretu honetan jasotako bermeak eta finantzaketa-lerroak honako hauek eskuratu ahal izango dituzte:
a) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten edo bertan kokatuta dauden enpresa txiki eta ertainak (ETE), hau da, baldintza hauek betetzen dituztenak:
– Jarduera ekonomikoren bat egitea.
– 250 langile baino gutxiago izatea
– Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
– Zuzenean edo zeharka, haren kapitalaren % 25 edo gehiagoko partaidetza ez izatea aurretik adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen enpresa batek edo batzuek batera.
Aurretiaz adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan (EEAO, L124, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoa edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenak hartuko dira kontuan.
b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukaten edo bertan kokatuta dauden banakako enpresaburu eta profesional autonomoak, hau da, hurrengo baldintza hauek betetzen dituztenak:
– Norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emanda egon behar dute Gizarte Segurantzan.
– Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatiko etekinak lortu behar dituzte.
2.– Enpresa eta pertsona onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 39. artikuluko 2. eta 4. paragrafoetan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte.
Betekizunen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan adierazitakoa dago. Horren arabera, ezin izango dira dekretu honetan adierazitako bermeen eta finantzaketa-lerroaren deialdietara aurkeztu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratiboa edo penala jaso duten pertsona fisikoak edo juridikoak, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.
Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Hala ere, 15. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoa baztertu gabe, onuradun izatetik salbuetsita daude erakunde eta sozietate publikoak, jarduera ekonomikorik ez duten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, finantza-entitateak (EJZren epigrafeak: 81, 82, 831 eta 832) eta higiezin-jarduerei lotutakoak (EJZren epigrafeak: 833, 834 eta 861.1).
3.– Lerroari heldu ahal izateko, enpresak baldintza hauek bete beharko ditu: kaudimengabezia kolektiboko prozeduran ez egotea; hartzekodunek eskatuta kaudimengabezia kolektiboko prozeduraren pean egoteko betekizunak ez betetzea konkurtso-arauen arabera; eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
3. artikulua.– Finantzatzeko moduko egoerak.
1.– Finantza-eragiketek, finantzatzeko modukoak izateko, xede hau izan behar dute: kapital zirkulatzailea finantzatzeko beharrak eta likidezia-beharrak estaltzea. Eskatzaileak eskuragarri duen finantzaketaren hazkunde garbia ekarri beharko du finantzaketak, eta, beraz, ezin izango da erabili bizirik dauden mailegu edo kredituak amortizatzeko.
2.– Finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek, dekretu honetako III. kapituluan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen helburu den finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko dituzte, ahal den neurrian eskatzaileek galdegiten dituztenetara egokituta.
II. KAPITULUA
FINANTZAKETA-ERAGIKETAK
4. artikulua.– Finantza-entitate laguntzaileekiko hitzarmenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-entitate laguntzaileek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, enpresa eta pertsona onuradunen aldeko finantzaketa-eragiketak formalizatzeko.
5. artikulua.– Abal-eragiketen ezaugarriak.
1.– Elkar bermatzeko sozietateek emandako finantza-abalek enpresa eta pertsona onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-entitate laguntzaileen aurrean, dekretu honetako 1. artikuluan zehaztutako beharrizanak estaltzeko diren finantzaketa-eragiketetatik eratorritako arriskuak, hain zuzen.
2.– Honakoak izango dira abalen kostua eta baldintzak:
– Azterketa-komisioa: maileguaren printzipalaren % 0,10; behin bakarrik, abala eskatzean.
– Formalizazio-komisioa: formalizatutako abalaren % 0,20; behin bakarrik.
– Abal-komisioa: % 0,75 urteko.
% 90 izango da Europako INNOVFIN programaren barruan dauden eragiketetarako.
Aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, abalatutako mailegu bakoitzak urte bakoitzean egun horretan duen saldoa oinarritzat hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko muga-eguneko urtean, batez besteko saldoari aplikatuko zaio urtea amaitu arte edo muga-egunera arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan.
– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.
6. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen ezaugarriak.
1.– Finantzaketa-eragiketek ezaugarri hauek izango dituzte:
Baliabidea: mailegu amortizagarria.
Gehieneko interes-tasak: Euriborra sei hilabetera, gehi gehieneko diferentziala, maileguaren epearen arabera.
Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da Reuterren Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, hori desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori sei hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko bigarren egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko. Dena den, finantza-entitateak elkar bermatzeko sozietate baten bermea duen Kreditu Ofizialeko Institutuaren lerrotik eratorritako funtsak erabiltzen baditu, finantza-entitateek finantzaketa-tasa finkoari edo aldakorrari aplikatu beharreko gehieneko marjina, KOIk hamabostaldi bakoitzean eskaintzen duena, % 0,75ekoa izango da, eta hura mailegua ordaintzeko funtsak erabiltzen diren egunean argitaratuko du erakunde horrek.
Mailegu-eragiketen epea eta Euribor aplikagarriaren gaineko diferentziala:
Maileguetan, printzipala amortizatzeko aukerako urtebeteko gabealdia kontuan hartu ahal izango da.
Likidazio-aldizkakotasuna: hiru hilean behin egingo da interes- eta amortizazio-kuoten likidazioa. Mailegua tasa aldakorrarekin formalizatuz gero, interes-tasa sei hilean behin berrikusiko da.
Komisioak: maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango. Mailegu-hartzaileak aurretiaz kitatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.
2.– Honako hauen artekoa izango da maileguen zenbatekoa:
a) 50.000 euro eta 650.000 euro artean, enpresa txiki eta ertainentzat.
b) 5.000 euro eta 100.000 euro artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.
c) Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 352/9, 2013-12-24koa) jasotako nekazaritza-sektorean diharduten eskatzaileentzat, erregelamendu horren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko da.
Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamenduan (EBAO, L 190/45, 2014-06-28koa) jasotako arrantza- eta akuikultura-sektorean diharduten eskatzaileentzat, aipatutako erregelamenduaren 4.6 artikuluan ezarritako muga aplikatuko da.
d) Dekretu honen bidez emandako maileguak aurreko ekitaldietan finantza-laguntzako dekretuen eta hitzarmenen bitartez xede bererako emandakoekin bilduko dira, halako eran non batzuen eta besteen batuketak ez duen gaindituko 750.000 euroko baterako muga enpresa txiki edo ertain bakoitzarentzat, eta 120.000 eurokoa banakako enpresaburu edo profesional autonomo bakoitzarentzat, betiere maileguen onuradun diren enpresek edo pertsonek egunean badute aurreko ekitaldietako programen bitartez lortutako maileguen amortizazio-kuoten eta interesen ordainketa.
3.– Enpresa edo pertsona onuradunak eman zaion maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-entitateak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.
III. KAPITULUA
PROZEDURA
7. artikulua.– Deialdia.
1.– Dekretu honek araututako finantzaketa-lerroak eskuratzeko deialdia egingo da; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak beteko dira.
Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren aginduaren bitartez egingo da deialdia, eta bertan zehaztu beharko dira erabilgarri dauden baliabideen guztizko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta lekua eta gainerako prozedura-alderdiak. Era berean, deialdian laguntzaile diren finantza-entitateen zerrenda ere zehaztuko da.
2.– Deialdian, edo deialdi guztien artean, gutxienez 30 milioi euroko zenbatekoa bermatuko da, eta eskari nahikoa egonez gero, 90 milioi eurora handitu ahal izango da zenbateko hori, dekretu honetako I. kapituluan zehaztutako banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.
Hala ere, dekretu honen xede diren taldeetako baten finantzaketa-eskaria nahiko ez bada, Ogasun eta Ekonomia Sailak zenbatekoak berriz esleitu ahalko ditu.
8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Enpresa txiki eta ertain eskatzaileek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskabidea, eranskineko F1P formularioan jasotako ereduaren arabera.
b) Pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearen fotokopia.
c) Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2P formularioa). Alderdiok ikuskaritza-bisitan egiaztatuko dira eta honako hauek dira:
– 2016ko ekitaldiko abenduaren 31n langile-taldean zegoen langile-kopurua, hilabete horretako TC1aren arabera.
– Fakturazio-zifra, 2016ko ekitaldiko abenduaren 31n.
– Urteko balantze orokorraren zifra, 2016ko ekitaldiko abenduaren 31n.
– ETE ez den enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin enpresaren kapitalean % 25etik gorako partaidetza ez izatea, zuzenean zein zeharka.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko ziurtagiria.
e) Foru-aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.
f) Azken hiru ekitaldietako (2014tik 2016ra) urteko kontuak.
g) Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskripzio-memoria, enpresak egina (eranskineko F3 formularioa).
2.– Banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek honako agiri hauek bete beharko dituzte:
– Eskabidea, eranskineko F1A formularioan jasotako ereduaren arabera.
– Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (eranskineko F2A formularioa).
– Foru-aldundiaren ziurtagiria, profesionalak alta emanda duen ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztelako ziurtagiria.
– Eskatzailearen ondasunen aitorpena.
– 2016. urteko diru-sarrera eta gastuen egikaritzea, eta uneko urteko aurreikuspena.
– Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskripzio-memoria.
3.– Eskatzaileari indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa bai penala, baldin eta aitorpen horietan emandako daturen bat faltsutzen badu.
4.– Edonola ere, Ogasun eta Ekonomia Sailak eta elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek aurkeztu den eskabidea ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezkotzat jotzen duten informazio osagarria galdegin ahal izango diote enpresa eskatzaileari.
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileen bulegoetan aurkeztu beharko dira eskabideak, bai eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak ere.
Bermatuta dago eskatzaileek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dutela eskabidea eta horri lotutako gainerako dokumentazioa aurkezteko, bai eta horri buruzko prozedura eta izapideetan ere, indarren dagoen hizkuntza-araudiaren arabera.
2.– Interesdunek www.euskadi.eus atarian edo Zuzenean arreta-zerbitzuaren bitartez (012 telefono-zenbakia) eskuratu ahal izango dute informazio gehiago, bai eta eskaera-orriak ere.
10. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta «abala baimentzeko agiria» formalizatzea.
1.– Programan laguntzaile diren elkar bermatzeko sozietateen ardura izango da aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik.
2.– Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek errekerimendua egingo diote enpresa edo pertsona eskatzaile interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.
3.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek autonomia izango dute jaso dituzten abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, abal-jardueran eskuarki erabiltzen dituzten azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko dituzte.
4.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek, eskabidea aztertu ostean, hala badagokio, «abala baimentzeko agiria» emango dute eta F4 formularioan azaldutako informazioa zehaztuko dute bertan.
5.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek aldi berean emango diete «abala baimentzeko agiria»ren berri enpresa edo pertsona onuradunari, finantza-entitate laguntzaileari eta Ogasun eta Ekonomia Sailari.
Elkar bermatzeko sozietateak finantzaketa-eragiketa ukatzen badu, hartutako erabakiaren berri eman beharko dio idatziz eskatzaileari, eta jakinarazpen horretan ukatze-arrazoiak azaldu beharko ditu.
6.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek formalizatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Ekonomia Sailari, beraz eskatutako aldizkakotasun, betekizun eta ereduetan.
11. artikulua.– Mailegu-eragiketak formalizatzea.
1.– Elkar bermatzeko sozietate laguntzaileek bermatzen duten mailegu-eragiketarako «abala baimentzeko agiria» onartu eta behar den finantza-entitateari bidali ostean, enpresa edo pertsona eskatzaileak lankidetza-hitzarmena sinatu duten finantza-entitateetariko batekin formalizatuko du eragiketa hori.
2.– Finantza-entitateek formalizatutako mailegu-eragiketak jakinaraziko dizkiote Ogasun eta Ekonomia Sailari, lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasun, betekizun eta ereduetan.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak elkar bermatzeko sozietate laguntzaileei utzitako birfidantzamendua bertan behera geratuko da «abala baimentzeko agiria» ematen den egunetik gehienez hiru hileko epean formalizatzen ez diren eragiketetarako.
12. artikulua.– Finantzaketa-lerroa agortzea.
1.– Dekretu honetako diru-laguntzak emateari utziko zaio haren bidez banatutako finantzaketa-eragiketak 600 milioi euroko gehieneko nominal formalizatura iristen direnean, deialdian adierazitako aldian. Edonola ere, uneko edozein eskabide ezesteko arrazoi nahikoa izan daiteke aldez aurretik gehieneko nominal horretara iritsi izana.
2.– Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko du aurreko hori Ogasun eta Ekonomia Sailak, eta ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
13. artikulua.– Enpresa eta pertsona onuradunen erreklamazioak.
Finantza-laguntza emateko programa honetako erakunde eta pertsona eskatzaileek egindako erreklamazioak jasoko ditu Ogasun eta Ekonomia Sailak, eta haiek kasuan kasuko elkar bermatzeko sozietateari edo finantza-entitate laguntzaileari entzun ostean bideratuko dira. Aurkeztutako erreklamazioa Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da.
14. artikulua.– Egiaztatzea eta gainbegiratzea.
1.– Finantza-laguntzako programa honetako enpresa eta pertsona onuradunek eta entitate laguntzaileek Ogasun eta Ekonomia Sailaren egiaztapen-, ikerketa- eta azterketa-jarduerak onartu beharko dituzte.
2.– Jarduketa horien ondorioz egiaztatzen bada pertsona edo enpresa onuradunen batek ez duela betetzen baldintzaren bat, elkar bermatzeko sozietate laguntzaileei eta finantza-entitate laguntzaileari jakinaraziko zaie, emandako finantzaketa ezezta dezaten; horren ondorioz, pertsona edo enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, eta, horretarako, aurretiaz amortizatu beharko du. Bestalde, egiaztatzen bada entitate laguntzaileren batek ez duela bete bere gain hartutako betebeharren bat, harekin sinatutako hitzarmena azkendu egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak beste lege- eta administrazio-jarduera batzuk abiaraztea baztertu gabe.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bere gain hartutako birfidantzamendu-betebeharren ondorioz egindako pagamenduen ordaina jaso behar badu, entitate onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak, prozedura egokia bideratu eta entitate onuradunari entzun ondoren, enpresa horren zorraren zenbatekoa eta hura ordaintzeko modu eta epea zehaztuko ditu.
15. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.
1.– Eragiketek «minimis» estatuko laguntzak erregulatzeko araudiak ezarritakoa beteko dute, honako hauetan bildutakoa, hain zuzen: Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352/1, 2013/12/24); Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 352/9, 2013/12/24); eta Batzordearen 2014ko ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Erregelamendua, arrantza- eta akuikultura-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu itunaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa (EBAO, L 190/45, 2014/06/28).
Laguntza hauek bateratu ahal izango dira beste edozein Administrazio publiko, sail, organismo edo entitate publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa.
2.– Arau honen bidez onuradun bihurtu diren pertsona edo enpresek beti jakinarazi beharko diote Ogasun eta Ekonomia Sailari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi honetan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera gaur egun arte jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Finantzen Euskal Institutuak, egokitu zaizkion eginkizunak baliatuta, dekretu honetako 1. artikuluan zehaztutako finantzaketa-beharrak estaltzeko maileguak eman ahal izango ditu.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ogasun eta Ekonomiako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko irailaren 19an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU.