EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017181

AGINDUA, 2017ko irailaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Mondragon Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial bat ezartzeko.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-09-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201704553
Maila: Agindua
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege organiko hori), autonomia-erkidegoek erabakiko dute estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea, bai erkidegoaren beraren ekimenez –Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren adostasunarekin–, bai unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluaren proposamenaren bidez–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Europako unibertsitate-eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek bultzatuko dituzte ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema Europako unibertsitate-eremuan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.
Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (eta gerora izan dituen aldaketetan), eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan.
Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitateko irakaskuntzak hiru ziklotan egituratuko dira: gradua, masterra eta doktoregoa, hain zuzen.
Urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikuluan arautzen da zer prozedura jarraitu behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.
Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak 2017ko urtarrilaren 13an onartu du 2017-2018 ikasturtean eranskinean zerrendatutako master ikasketa ofiziala ezartzea.
Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatuaren arabera (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatua), aldeko ebaluazio-txostena eman du Mondragon Unibertsitateak proposatutako masterreko unibertsitate-ikasketa ofiziala ezartzeari dagokionez.
Hori dela eta, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuaren 16. artikulua aplikatuz, eta proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari 2017ko apirilaren 26ko bilkuran jakitun jartzeko aurkeztu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Automatikoki baimena ematea eranskinean jasotako masterreko unibertsitate-ikasketa ofiziala ezartzeko, bete egin baita Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluan (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege hori) eta urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.8 artikuluan (eta gerora izandako aldaketetan) xedatutakoa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, azken honek proposamena Gobernuari igor diezaion tituluaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Baimentzen den master-irakaskuntza ofizialak lau urte igaro baino lehenago izan beharko du berrituta ziurtapena, betiere hasierako ziurtapena eman denetik aurrera. Urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan xedatura egokituko da berriztapen hori; dekretu horren bidez, xedatzen dira gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 12a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.