EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017180

EBAZPENA, 2017ko irailaren 18koa, Kulturako sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Dorletako Santutegia monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari eta espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2017-09-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201704538
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, kultura-ondarearen gaineko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipatutako eskumen hori baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak izendatzeko prozedurak arautzen dituena.
Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Dorletako Santutegiak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Dorletako Santutegia monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen den mugaketaren eta II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren arabera.
Bigarrena.– Hasiera ematea Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Dorletako Santutegia monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko aldiari; horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 18a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
Mugaketa
a) Mugaketa.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu: iparraldean, Santutegiaren iparraldeko fatxadari atxikitako seroren etxebizitza hartzen du barnean mugaketak; mendebaldean, atxikitako zuhaizti-eremua gainerako parajetik bereizten duen euste-hormaraino heltzen da muga; ekialdean, Santutegiaren fatxadatik igarotzen da, eta bertara heltzeko bidetik jarraitzen du; eta, hegoaldean, atxikitako zuhaizti-gune guztia hartzen du barnean mugaketak.
b) Justifikazioa.
Proposatutako mugaketa Leintz-Gatzagako Dorletako Santutegiaren balioa babestu beharrak justifikatzen du, bai ingurumenaren alorrean duen balioa, bai ikusteko duena. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta bere balioa emateko, beharrezkoa da ingurune hori babestea; beraz, eraikuntzari espazialki eta funtzionalki atxikitako guneak ere babestu behar dira, Santutegiaren berezko izaera gordetze aldera; horrekin batera, euren balioa nabarmentzeko gune bat egokitu behar da. Horregatik, hauek barne hartzen ditu mugaketa honek: eraikina bera; atxikitako zuhaizti-eremua, Santutegiaren parean dagoena, eta iparraldeko fatxadari atxikitako seroren etxebizitza.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Dorletako Santutegia Leintz-Gatzaga (Gipuzkoa) udalerrian dago, ingurune natural bateko harkaitz-muino txiki baten goiko aldean, bailara defendatzen zuen gazteluaren hondarren gainean, zeina eraiki baitzen gatz-iturburua babesteko eta Donejakue Bideko erromesak hartzeko.
Oso antzinakoa da tenplu honen jatorria. Hori ematen dute aditzera dokumentu-iturrien arabera XI. mendetik gatz-ustiategi bat existitzeak eta inguruetan nekropoli bat aurkitzeak (XI-XII. mendeak). Horregatik, argi dago garai hartan bazela Dorlasen eremu honetako gatz-iturriak lantzen zituen herri bat, eta, bestalde, badaude adierazleak garai berean kokatzen dutenak Dorletako tenplua, Donejakue Bideko ibilbideetako batean kokatua eta bere biztanleen beharrizan erlijiosoei erantzuten ziena. Aitzitik, ez dago ezer argirik tenpluaren jatorriari dagokionez.
Domingo Bergareche jaunak Leintz-Gatzagari eta Dorletako Amabirjinaren Santutegiari buruzko bere ohar historikoetan dioenaren arabera, «jada zenbatzen ez diren garai haietako laino trinkoetan bildua dago Dorletako Santutegiaren jatorria, eta, bere jatorrizko sorreraren inguruan, alperrik da zehaztasun eta aieruetan sar gaitezen, garai urrun haietako daturik ez baita.»
Santutegiari buruzko liburu eta agiriak antzinatasun historikokoak dira, gutxienez X. mendekoak, parrokia izan zen garaikoak, hain zuzen ere, 988. urtekoak, «Donemiliaga Kukullako Kartularioa» agiri edo aipamenaren urtekoak. Halere, Domingo Bergarecheren arabera, «paper solte batzuek eta XVII. mendearen amaieran bertan egindako obrekin hasten den kontuen liburuak ematen dizkiguten datuak baizik ez ditugu egun».
Halaber, «Generalidades del Valle de Léniz» liburuan (lehenengo zatia) zehaztutakoaren arabera, Dorletako Santutegiak parrokia kategoria galdu zuen 1331. urtean, eta Donemiliagako jurisdikzioaren meneko izatera igaro zen, zeina hiribilduaren harresiz barneko aldean kokatua baitzen.
Egungo trazaketa Felipe de Ezcurrak egin zuen, nahiz eta trazaketa hori egile batek baino gehiagok burutu. Eraikina XVII. mendearen azken herenean eta XVIII. mendearen hasieran altxatu zen.
Gurutze latindarreko oinplanoa duen eliza bat da, zeinaren nabe nagusia lunetodun kanoi-ganga batek estaltzen baitu; lunetok erdi-puntuko parpain-arkutan eutsiak dira. Ebanjelioaren aldea arku karpaneleko kapera batean dago, Sortzez Garbiari eskainitako kapera; gaur egun txirrindularien erakustoki txiki bat da, Dorleta baita txirrindularien zaindaria. Kapera hori ertz-gangek estaltzen dute, eta, sarrerako arkuaren gainean, Uriarteren ezkutua dago –dorretxe bat eta inguruan 14 arrosa–. Nabe nagusiaren alde horretan dago pulpitua ere.
Transeptua nabe nagusiko gangaren tipologia bereko ganga batek estaltzen du, eta, ebanjelioaren aldean, San Juan Bautistaren erretaula dago, epistolaren aldearen antzeko ezaugarri formal eta estilistikoak dituena, Santa Luziari eskainia. Transeptuaren alde horretan bertan, San Joseren beste erretaula bat ere badago, aurreko biak bezala, XVII-XVIII. mendeetakoa.
Gurutzadura petxinen gaineko kupula batek estaltzen du, zeinek ebanjelioen irudiak baitituzte. Haren gaineko aldean, linterna bat dago.
Nabe nagusiaren hondoan, absidea dago, angeluzuzena, eta hori ere lunetodun kanoi-gangak estaltzen du; lunetok erdi-puntuko parpain-arkutan eutsiak dira. Hor dago erretaula nagusia, barrokoa, Dorletako Andre Mariaren irudiarekin. Irudi horri dagokionez, «Generalidades del Valle de Léniz» liburuaren (lehenengo zatia) arabera, «Baliteke egungo irudia ez jatorrizkoa izatea, 1331. urteko hiri-gutunaz geroztik, aldaketa handiak gertatu baitziren santutegian, eta Dorletako Andre Mariaren estatua txiki polikromatuaren faktura XIII-XIV. mendeetakoa da». Ondorioz, esan liteke egungo irudia tailu gotiko bati dagokiola. Erretaulan, birjinaren bizitzako irudiak ageri dira.
Kanpoan, hegoaldeko fatxadak –Santutegiaren fatxada nagusia– ate barrokoa du, bi gorputzek osatua. Behekoa sarrera dintelatu batez osatua dago, baketoiz markoztatua eta pilastra bikoteen ondoan, zeinen gainean baitago triglifo eta metopaz osatutako frisoa dituen taulamendu bat. Gorputz horren gainean, goikoak idi-begi nagusi bat du, eta alboetan pilastra bikoteak, bolutak alboetan eta taulamendu bat bolek errematatutako frontoi triangeluar bat duena. Atea egurrezkoa da, burdinazko zumitzekin.
Halaber, fatxada horretan eta gurutzadan, hegalaren pean, tailatutako buru batzuk kontserbatzen dira, lekukotza erromaniko bakar gisa. Haietariko bat gizonezko pertsonaia bat da, bizarduna, beste bat, emakumea, eta, hirugarrena zaila da identifikatzen, munstro-buru bat dirudi.
Ekialdeko fatxadan, beste sarbide bat dago, dintelatua eta bakoiz markoztatua. Atea egurrezkoa da, burdinazko zumitzezko errematxeekin. Erremate bat du, harrizko erlaitzduna eta irtengune lodiekin markoztatua. XVIII. mendeko kanpai-horma handi batek koroatzen du, zeina bi gorputzek osatzen baitute: behekoa, erdi-puntuko bi arkurekin, eta, goikoa, burdina forjatuzko gurutze batez koroatua.
Azkenik, iparraldeko fatxadari atxikia, seroren etxea dago, «Generalidades del Valle de Léniz» (lehenengo zatia) liburuak dioen bezala: haien esku zegoen tenplua garbitu eta apaintzea, eta erromes eta erlijiozaleentzako hari atxikitako ostatuaren zerbitzua. Liburuen arabera, «haien doteekin biltzen ziren eta komunitatean zintzoki bizi ziren» emakumeak ziren.