EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017180

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko maiatzaren 18ko bilkuran hartua, «Karrantza Haranako Udala, 2015» txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201704534
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko maiatzaren 18an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Karrantza Haranako Udala, 2015» txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 18a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
KARRANTZA HARANAKO UDALA, 2015
Laburdurak
1463/2007 ED: 1463/2007 Errege Dekretua, azaroaren 2koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legea garatzeko araudia onesten duena, toki-entitateei dagokienez.
1732/1994 ED: 1732/1994 Errege Dekretua, uztailaren 29koa, Gaikuntza Nazionaleko Funtzionarioentzat gordetako Lanpostuak Hornitzeko dena.
817/2009 ED: 817/2009 Errege Dekretua, maiatzaren 8koa, 30/2007 Legea, urriaren 30ekoa, garatzen duena, Zerbitzu Publikoaren Kontratuei buruzkoa.
AO: Administrazio Orokorra.
AS: Arau Subsidiarioak.
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BEZ: Balio erantsiaren gaineko zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BLH: Bizkaiko Lurralde Historikoa.
BPG: Barne Produktu Gordina.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EB: Europar Batasuna.
EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
EIOZ: Eraikuntza, instalakuntza eta obren gaineko zerga.
EUA: Edateko Uren Araztegia.
GKL: Garrantzi Komunitarioko Leku.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
HHS: Hiriko hondakin solidoak.
HILBIZ: Hiri izaerako lursailen balio igoeraren gaineko zerga.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
HUA: Hondakin Uren Araztegia.
JEZ: Jarduera ekonomikoen gaineko zerga.
LHL: 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, lurzoruari eta hirigintzari buruzkoa.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
OHZ: Ondasun higiezinen gaineko zerga.
PGN: Publikotasunik gabeko negoziatua.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
TE: Toki Erakundeak.
TMIZ: Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga.
XG: Xedapen gehigarria.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Karrantza Haraneko Udalaren 2015eko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: Honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren eta Karrantza Haraneko-Valle de Carranza 2006, SA bere sozietate publikoaren egoeraren balantzeak, galera-irabazien kontuak eta memoriak; baita Udalaren aurrekontuaren likidazioa ere.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Karrantzako udalerriak 2.749 biztanle ditu 2015eko urtarrilaren 1ean, Estatistika Nazionalaren Institutuaren arabera eta bere egituran Udalaz gain, Karrantza Haraneko-Valle de Carranza 2006 SA, sozietate publikoa besarkatzen du, udalaren partaidetza % 100 duena; sozietatearen helburua udalerrian lurzorua eskaintzea da eta udalerriarentzat onuragarri diren bestelako sustapen jarduerak bideratzea.
Gainera, Enkarterrietako Udalen Mankomunitateko kide da eta euskara, ingurumen, prestakuntza eta enplegu, informazio eta kontsumo eta gizarte zerbitzuekin lotutako zerbitzuak ematen ditu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileria
1.– 11 langileren nominek plus jakin batzuk barne hartzen dituzte (dedikazio berezia, arriskugarritasuna, produktibitatea e.a.), guztira 30.475 euroren zenbatekoan; ez du hori, baina, horretarako eskumena duen organoak onartu. Berebat, ez dago erasota banakako zenbatekoak zehazteko zein formula baliatu den, urteko 882 eta 7.285 euro bitartean.
Kontratazioa
2.– Udalak argindarraren hornidura kontratatu du kontratu txikiaren prozedura bitartez, publikotasunari eta esleipen prozedurari buruzko betekizunak saihestuz. 2015eko ekitaldian egikaritutako gastu-bolumena aintzat hartuta, 203.393 eurorena, bidezkoa zatekeen prozedura irekia izapidetzea.
Epaitegi honen iritzira, Karrantzako Haraneko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeek, 1etik 2ra bitarteko paragrafoetan aipatutako lege hausteak alde batera, zuzentasunez bete dute 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Udalak ez zuen kontularitzan erregistratu 2015ean Udalkutxako ekitaldi horretako likidazio negatiboa, 178.482 euroren zenbatekoan (ikus A.4). Honela, bada, 2015eko abenduaren 31ko Gastu orokorretarako diruzaintza geldikina eta Udalaren funts propioak data horretan aipatutako zenbatekoan murriztu behar lirateke.
2.– Ibilgetuaren kontularitzako erregistroaren prozedurak ez dira behar hainbatekoak zuzentasuna bermatu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, ez dezakegu zehaztu ea Ibilgetuko eta Erabilera orokorrerako emandako ondarearen saldoek 2015eko abenduaren 31n Udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen duten. Nolanahi dela ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi aipagarriak Txosten honetako III.1 idazpuruan daude jasoak.
Epaitegi honen iritzira, 1etik 2. paragrafora bitartean adierazitako salbuespenak alde batera, Karrantza Haraneko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2015eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 1995ean Udalak bere ondasunen zerrenda egin zuen eta horren gainean ez dira derrigorrezko urteko zuzenketak gauzatu (ekainaren 13ko 1372/1986 Errege Dekretuaren 33tik 35era bitarteko artikuluak, Toki-erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua onartzen duena). Gainera, aipatutako inbentarioak eta kontularitzako erregistroek berariazko idazpurua besarkatu behar lukete Lurraren Udal Ondarerako (Lurzoruari eta hirigintzari buruzko 112. artikulua eta 235/2004 Foru Dekretua, abenduaren 15ekoa, Bizkaiko toki-erakundeen aurrekontuko egitura eta kontabilitate plan orokorra onartzen dituena).
– Egoeraren balantzeko Ibilgetuaren eta Erabilera orokorrerako emandako ondarearen idazpuruei dagokienez, hasierako kontularitzako saldoak, aktiboen arabera banakakotu ez zirenak, aurreko paragrafoan aipatutako inbentariotik eskuratu ziren eta dagozkion aurrekontuko kapituluetan kontularitzan erregistraturiko inbertsio eta besterentzeekin gaurkotu dira. Aipatzekoak dira erregistro eta balioari dagokionez, honako alderdi hauek:
– Ibilgetua amortizatzeko zuzkiduren banakako xehapenik ez dago eta 2015eko ekitaldi itxieran ibilgetu materialaren amortizazio funtsa gainbalioztatua dago zehaztu gabeko zenbatekoan, 5,4 milioi euro baino handiagoan (ikus A.9).
– Ibilgetuko ondasunen bajak ez dira aktiboen kontularitzako balioarekin egiten, baizik eta aurrekontuko egiazko inbertsioak besterentzeko kapituluan aitortutako eskubideen zenbatekoaren arabera (ikus A.16). Fiskalizazio-gai izan den ekitaldian etxe-salmentako eragiketa bat gauzatu da, aipatutako irizpidea baliatuta oker erregistratu dena (ikus A.9).
– Erabilera orokorrera emandako ondarearen kontua 1997ko ekitaldian sortu zen, erabilera orokorrerako 47,2 milioi euro gehitzen zituen idazpen batekin, BFAren Ingurumen eta Lurralde Ekintzetarako ohar eta gomendioei jarraikiz. Gerora idazpuru horretan erregistratu behar ziratekeen alta eta bajak, ibilgetu materialean gauzatu dira (ikus A.9).
– Udalak ez ditu egoki kontabilizatu gastuaren baimen eta erabilera faseak, abenduaren 2ko 10/2003 Foru Arauaren 40. artikuluak agintzen duen moduan, BLHan Toki-erakundeen Aurrekontuari buruzkoak.
– Udalak ez du bere ibilgetu finantzarioan Udal sozietateak higiezinen bidez egindako kapitalaren gehikuntza bat erregistratu, 4,4 milioi euroren zenbatekoan (ikus A.16).
III.2.– Langileria.
– Udalak ez ditu BAOn osorik argitaratu dedikazio esklusiboa eta partziala duten kargudunen ordainsariei buruzko udalbatzaren erabakiak, ez eta kalte-ordain eta bilkuretara joan izanari buruzkoak ere, TAOALen 75.5 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
– Idazkaritza bigarren mailako modura sailkatua duten udaletan Idazkaritza eta Kontu-hartzailetzako bi postu bereizi izan behar dira, nazio mailan jarduteko gaituta dauden toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeak (1732/1994 EDren 2. artikulua). Udalaren Lanpostu zerrendak Idazkari-kontu-hartzailearen lanpostu bakarra besarkatzen du.
– Udalaren LZk 4 lanpostu jasotzen ditu lan arloko legediari meneratuak eta horiek, EFPLren 19. artikuluaren arabera, karrerako funtzionarioentzat gordeak behar lukete egon. Postu horietako batean (Ekonomilari-diruzain), gainera, eskakizun hori 1732/1994 EDren 2. artikuluan dago jasoa.
– Udalaren Lanpostu-zerrenda ez zaio plantillako egiturazko beharrizanei egokitzen eta behar horiei aldi baterako kontratazio bidez erantzuten zaie. Zortzi pertsona Udalaren plantillan egon dira modu etengabean, gutxienez 2008ko urteaz geroztik, LZn jaso gabeko postuak betez.
– Udalak enplegua eskatzen dutenen zerrenda irekia du, lanpostu mota guztietarako bakarra, eta horien oinarri-arauak ez daude argitaratuak; honenbestez, izangaiek ez dakite zein eratara balioztatuko diren enplegu eskabideak. 2015ean egindako langileen aldi baterako 14 kontrataziotan zerrenda horretako pertsonei deitu zitzaien, nahiz ez dagoen erasota oinarri-arauen arabera emandako puntuazioen hurrenkera gorde denik.
III.3.– Emandako transferentzia eta diru-laguntzak.
– Udalak ez du diru-laguntzen plan estrategikorik, eskuratu asmo diren helburu eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikusgarri diren kostuak eta finantzaketa iturriak zehaztuko dituena.
– Udalak ez die diru-laguntza izendun eta zuzenen onuradunei zerga edo Gizarte Segurantzarekiko obligazioetan gaurkotuta egoteko betekizuna eskatzen; ezta DLOren 13. artikuluak agintzen dituen gainerako betekizunak bete dituztela egiaztatzeko ere.
– Udalak 2015eko ekitaldian emandako hiru diru-laguntza izendunetan, guztira 7.439 euroren zenbatekoan, ez dago diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako diru-sarrera edo diru-laguntzaren xehetasunik, zenbatekoa eta jatorria adieraziaz (DLOren 30.4 artikulua).
III.4.– Kontratazioa.
Kontratatzailearen profila
– Kontratatzailearen profila euskarritzen duen sistema informatikoak ez du bertan jasotzen den informazioaren hedapen publikoa zein unetan hasten den modu frogagarrian egiaztatzen utziko duen gailu egokirik.
– 2015eko ekitaldian SPKLTBren 334 artikulua urratu zen, lizitazioen deialdia eta horren emaitzak Sektore Publikoaren Kontrataziorako Plataforman argitara ematera behartzen duena, kasu guztietan, dela kontratazio atalek zuzenean, dela administrazio eta erakunde publikoen informazioa gehitzeko gailu elektronikoekiko elkarlotura bidez.
Kontratazio espedienteak (ikus A.17)
Fiskalizazio-gai izan den urtean Udalean indarrean zeuden 7 kontratu aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– Guztira 169.793 euroren zenbatekoan esleitutako kontratu baten pleguetan barne hartutako formula aplikatzean (3 zk. espedientea), prezio batek lizitazio tipoa berdinduz gero, puntuazio positiboa eskuratuko zukeen eskaintza ekonomikoa irizpidearen balorazioan. Horrek esan nahi du automatikoki neurgarriak diren irizpideei irizpide subjektiboei baino haztapen handiagoa ematen bazitzaien ere, egiazko haztapena txikiagoa zela.
– Aipatutako kontratuan irekiera egintza bakar bat gauzatu zen eta irizpide guztiak aldi berean balioztatu ziren, nahiz araudiak agintzen duen automatikoki neurgarriak diren irizpideen balorazioa beti balio-judizioaren baitako diren haien ondoren egiteko agintzen duen (SPKLTBren 150.2 artikulua), eta formulak aplikatze hutsarekin neurgarriak diren irizpideak balioztatuko dituen dokumentazioaren irekiera ekintza gainerako irizpideei esleitutako haztapena ezagutarazten denean egingo dela (817/2008 EDren 30. artikulua).
– 2015eko ekitaldian 109.597 euroan kontrataturiko bi hornigaitan ez da kontratua formalizatu denik ageri.
– Aztertu ditugun kontratuetarik batean ere ez da ageri (1etik 7ra bitarteko espedienteak) kontratuaren formalizazioa kontratatzailearen profilean argitaratu denik (SPKLTBren 154. artikulua).
– Guztira 62.737 euroan esleitutako bi zerbitzu kontratutan (4. eta 5. espedienteak A.17an), esleipendunaren eskaintzak prestazioengatiko gastu gehigarrien fakturazioa aurreikusten zuen, pleguen arabera, kontratuaren xedean barne hartuak zeudenak (zerbitzua emateko kontrataturiko langileen baja); honenbestez, ez zatekeen onartu behar. Gainera, ez dugu uste ekonomikoki onuragarrien den eskaintza hautatu dela behar bezala justifikatu denik espedientean, pleguetan aurreikusitako negoziazio-gai diren alderdien arabera.
III.5.– Beste batzuk.
Gardentasuna
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean erabakitakoari jarraikiz, udalek hainbatean behin eta gaurkoturik informazio jakin bat argitaratu behar dute, zeinaren ezagutza garrantzizko jotzen den gardentasuna bermatu eta jarduera publikoaren kontrola bideratzeko; bertan arautzen da argitaratu beharreko informazio gutxienekoa. Lege hau zuzen betetzeko, Udalak bere web-orrian, besteak beste, honako hauek eman behar lituzke argitara: urteko kontuak, aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunaren helburuak bete izanari buruzko informazioa, tokiko ordezkarien ondasun eta jardueren urteko aitorpenak, emandako diru-laguntza eta laguntzak, gauzatutako hitzarmenak eta kudeatzeko aginduak eta udal sozietateari buruzko informazioa.
Hornitzaileei ordaintzeko epeei buruzko informazioa
2015eko ekitaldian hornitzaileei ordaintzeko epeei buruzko lau hiruhileko txostenetatik bakarra egin zen, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako borrokan neurriak ezartzen dituen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen 4. artikuluak; lege honek abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten du. Txosten honek erakusten zuen legez ezarritako 30 eguneko epea gaindituta (SPKLTBren 216.4 artikulua) ordaindu ziren obligazioak zeudela. Berebat, kontratazio espedienteak aztertzean epe hori batez bestean 21 egunean gaindituta egindako ordainketak daudela ikusi da, 439.401 euroren zenbatekodunak (aztertutako guztien gainean % 78).
IV.– Finantza analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: Magnitude honek % 8 egin du behera aztergai izan dugun aldian. Hona hemen bariazio azpimarragarrienak:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: Diru-sarrera hauek % 26 egin dute behera aztertutako aldian, batik bat 2015eko ekitaldian. Bariazio hori ez da ia aldatzen Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren Zerga kontzeptuan aitortutako sarreren gorabeheraren eragina kentzen badiogu. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
– Zerga zuzenak: Aitortutako sarrerek % 1,5 egin dute behera aztergai izan dugun aldian. Nahiz Ondasun Higiezinen Zergaren kasuan, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Zerga eta Hiri izaerako Lursailen Balio Igoeraren gaineko Zerga ehuneko horren gainetik egon badira ere, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren igoerak berdindu ditu (% 18 aztertutako aldian). Aipatu zergari dagokionez zehaztu behar da, alabaina, ez zela 2015ean aitortutako sarreretatik murriztu ekitaldi horri zegokion likidazio negatiboaren zenbatekoa (ikus A.3). Izan ere, likidazio hori zuzen erregistratu izan balitz, zerga honen likidazioa ere negatiboa izango zatekeen aztertutako aldian.
– Tasak eta bestelako sarrerak Aitortutako eskubideek % 40 egin dute behera aztertutako aldian, nagusiki, 2015ean konkurtso egoeran sartu zen enpresa batetik eratorritako diru-sarrerek izan duten bilakaeraren ondorioz (ikus A.16). Eragin hori kenduz gero, kapitulu honetan diru-sarrerek beheraldia % 3ra murriztuko litzateke.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: Aztertutako aldian aitortutako eskubideek % 1,4 egin dute behera, nahiz Udalkutxatik eratorritako sarrerek aldi horretan % 8 egin duten gora; igoera hori, baina, BFAtik jasotako gainerako diru-laguntzen beheraldiak berdindu du. Gogoan hartu behar da, gainera, 2015eko likidazioa zuzen erregistratu izan balitz (ikus A.4), Udalkutxako diru-sarreren bilakaera ere negatiboa izango zatekeela aztertutako aldian (% 2,2).
Funtzionamendu gastuak: Magnitude honek % 3 egin du behera aztergai izan dugun aldian. Hona hemen alderdi esanguratsuenak aurrekontuko kapituluen arabera:
– Langile gastuak: 2014an langileria-gastuek % 4 egin zuten gora aurreko ekitaldiarekiko eta 2015ean berriz egin zuten gora, % 4,5 baino gehiago; horretan eragin berezia izan zuen 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren zati bat ordaindu izanak (ikus A.6). Ordainketa horren eragina kendu ostean, fiskalizazio-gai izan den ekitaldian langile gastuek izan duten igoera % 2,1ekoa zatekeen. 2014ko ekitaldian izandako igoerari dagokionez, gogoan izan behar da aurreko ekitaldian ez zela erretiroko kontingentzien estaldurarako Elkarkidetzara ekarpenik egiten.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: Aurrekontuko kapitulu honetan gastuak % 17 egin du behera aztertutako aldian, batik bat, Ambasaguas-eko industri poligonoko EDARaren mantentze, zaintza eta ustiapen zerbitzuaren fakturazioak izan duen bilakaeraren ondorioz (ikus A.16).
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: Kapitulu honetako gastuak % 5 egin du behera aztertutako aldian eta beheraldi horretan eragin berezia izan du kirol erakunde bati emandako diru-laguntzen bilakaerak.
Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: Aurrezko gordinak gora egin zuen 2014ko ekitaldian, izan ere, 3. kapituluko sarreren murrizketa handia, aurrez aipatu duguna, artean gauzatu gabe zegoen. Nolanahi den ere, 2015ean magnitude hori 2013ko balioen azpitik dago, ezen aldi osoa aintzat hartzen badugu, sarrera arruntak gastu arruntak baino gehiago jaitsi baitziren. Aurrezki garbiak antzeko bilakaera izan du baina aztertutako aldiaren amaiera aldera saldoak hobera egin zuen 2013arekiko, finantza zamak behera egin izanaren ondorioz. Bi magnitudeek saldo positiboa izan dute aztertutako aldia hartu duen hiru ekitaldietan.
Kapital eragiketen emaitza: Magnitude honek saldo negatiboa erakutsi du aztertutako aldi osoan zehar eta okerrera egin du 2014 eta 2015eko ekitaldietan, egiazko inbertsioek eragindako gastuak gora egin duelako; ordea, aurrezki gordin positiboak berdindu egiten ditu aipatutako defizitak.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: Positiboa da aztertutako epean, nahiz nabarmen egin duen behera 2015ean (% 53), aurreko ataletan aipatutako gertakariengatik batik bat.
Diruzaintza geldikina: 2015eko ekitaldian % 9 egin du behera aurreko ekitaldiarekiko, nahiz beheraldi hori atxikitako geldikinari dagokion, gastu orokorretarako geldikinak % 12 egin baitu gora. Honela, bada, HKEEk proposatu dituen 178.482 euroren doiketak aintzat hartzen baditugu, 2015eko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikina 90.334 eurorena izango litzateke.
Zorpetzea: 2015eko ekitaldi itxieran zorpetzearen zenbatekoa diru-sarrera arrunten % 29aren pareko izan zen. Aztertutako aldian % 39 egin du behera gauzatutako amortizazioen ondorioz eta horrek finantza zamaren bilakaeran eragin positiboa du.
Ondorioa: Udalaren kontuek azken ekitaldietan eta batik bat 2015eko ekitaldian erakutsi duten aurrezki garbi positiboak adierazten du, zenbait diru-sarrerek izan duten eboluzio txarrak txar, Udalak behar hainbateko baliabideak dituela funtzionamendu arrunta izateko, zorpetzera jo beharrik izan gabe, nahiz beharrezkoa den etorkizunean aurrekontuko gastu eta sarreren gaineko kontrol zorrotza izatea.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalari eta udal sozietate publikoari buruz BFAri emandako datuen arabera, 1463/2007 EDren 16.2 artikuluan ezarritakoa betez, zera egiaztatzen dugu 2015eko ekitaldiari dagokionez:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete dela eragiketa ez finantzarioen superabita eskuratu baita.
– Gastuaren araua bete dela, izan ere, gastu zenbagarriaren bariazioak 2014ko ekitaldiarekiko ez zuen espainiar ekonomiaren batez besteko epeko BPGren hazkuntzaren erreferentziazko tasa gainditu (% 1,3).
– Zor publikoaren helburua bete dela, egiazko indarreko zorraren bolumena 2015eko abenduaren 31n finantzazkoak ez diren sarreren % 60 baino txikiagoa baita.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Karrantza Harana 2006 SA Sozietate Publikoa.
KARRANTZAKO UDALAREN 2015 EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEI JARRITAKO ALEGAZIOAK
II.– Iritzia.
II.1.– Legeak betetzeari buruzko iritzia.
Langileak
«1.– 11 langileren nominek plus jakin batzuk barne hartzen dituzte (dedikazio berezia, arriskugarritasuna, produktibitatea e.a.), guztira 30.475 euroren zenbatekoan; ez du hori, baina, horretarako eskumena duen organoak onartu. Berebat, ez dago erasota banakako zenbatekoak zehazteko zein formula baliatu den, urteko 882 eta 7.285 euro bitartean.»
Egoera horrek hamabost urte ditu eta, kasu batzuetan, baita gehiago ere. Udal honek lanpostu guztien azterketa xehatua egin nahi du, horretarako egokiak diren tresnak erabiliz, langileen nominan ageri diren kontzeptuak erregularizatu ahal izateko. Kasu horietako batzuk dagoeneko konpondu dira.
Kontratazioa
«2.– Udalak argindarraren hornidura kontratatu du kontratu txikiaren prozedura bitartez, publikotasunari eta esleipen prozedurari buruzko betekizunak saihestuz. 2015eko ekitaldian egikaritutako gastu-bolumena aintzat hartuta, 203.393 eurorena, bidezkoa zatekeen prozedura irekia izapidetzea.»
Energia elektrikoaren horniketaren kontratazioa ezin izan da behar bezala egin, batez ere ez zegoelako nahikoa bitarteko personal eta teknikorik.
2014. urtean, Enkarterriko hainbat udalek lan-talde bat eratu zuten, elkarrekin koordinatzeko eta zerbitzu hori lizitatzeko plegu bateratu batzuk eratzeko, legea betetze aldera eta ahalik eta diru gehiena aurrezteko asmoz, zerbitzua elkarrekin lizitatzea baitzen asmoa. Lan handia egin bazen ere, ezin izan zen bukatu, teknikoki oso konplexua zelako.
Hala ere, 2017ko martxoaren 17an, Udalbatza Osoak adostu du Bizkaiko Foru Aldundiaren Kontratazio Zentralarekin bat egitea, administrazio-lanak errazteko eta kontratazioa espezializatzeko. Horrez gain, aipatu beharra dago 125/2016 Foru Dekretuaren II. eranskinean (Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralaren sorrera eta osaketa arautzen dituena) ondasunen zein obra eta zerbitzuen kudeaketa zentralizatuen zerrenda bat ageri dela, eta bertan energia elektrikoaren, gasaren, telefonoaren eta abarren horniketa nabarmentzen dira. Aurten, 2017an, energia elektrikoaren zerbitzua lizitatzea aurreikusten da.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
«1.– Udalak ez zuen kontularitzan erregistratu 2015ean Udalkutxako ekitaldi horretako likidazio negatiboa, 178.482 euroren zenbatekoan (ikus A.4). Honela, bada, 2015eko abenduaren 31ko Gastu orokorretarako diruzaintza geldikina eta Udalaren funts propioak data horretan aipatutako zenbatekoan murriztu behar lirateke.»
Diruzaintzako soberakinetarako proposatutako egokitzapenei dagokienez:
– 2015eko Udalkutxaren likidazio negatiboa (178). Likidazio hori 2016 ekitaldiari egotzi zaio, ekitaldi horretako diru-sarrerak murriztuz. 2016an jakinarazi zen ofizialki eta zehaztasunez likidazio horren emaitza, BFAren idatzi baten bidez (idatzia 2016ko martxoaren 7an jaso genuen). Aurretik erabili izan dugun eta Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko udal guztientzat ezarritako irizpideari jarraitu diogu ekitaldi bateko Udalkutxaren likidazio negatiboak hurrengo ekitaldiari egozteko, hori beharrezkoa denean eta jakinarazten denean. Gauza bera egin zen 2014ko likidazio negatiboarekin; 2015 ekitaldiari egotzi zitzaion. Gure ustez, atal horretan irizpide egokiari jarraitu diogu eta, ondorioz, ez litzateke egokitzapen hori egin beharko.
«2.– Ibilgetuaren kontularitzako erregistroaren prozedurak ez dira behar hainbatekoak zuzentasuna bermatu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, ez dezakegu zehaztu ea Ibilgetuko eta Erabilera orokorrerako emandako ondarearen saldoek 2015eko abenduaren 31n Udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen duten. Nolanahi dela ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi aipagarriak Txosten honetako III.1 idazpuruan daude jasoak.»
Udal honek ondasunen eskubideen inbentario bat dauka, baina inbentaio hori Udal honek ondasunen eta eskubideen inbentario bat dauka, baina inbentario hori 1995ekoa da eta, ondorioz, bistakoa da ez dagoela eguneratuta eta ez duela inolako loturarik kontabilitateko ondare-sistemarekin. Beharrizan hori ikusita, Udalaren inbentarioa eguneratzeko zerbitzua kontratatzea aurreikusten dugu.
Beste alde batetik, oraindik ere egin gabe dago higiezinen taldearen kontuen erregularizazioa; horretarako, informatika-sistema noiz ezarri zain gaude, hori behin betiko kontrolatu ahal izateko, ondasunen eta eskubideen inbentarioaren bitartez. Era horretan, erosketa-, besterentze- eta baja-eragiketak sistematikoki erregistratu ahalko dira, baita amortizazioak eta balorazioen zuzenketak ere inbentarioen eta kontabilitatearen azpisistemetan. Egungo higiezinen kopurua haztea edo hobetzea dakarten egintza guztiak kontabilitatean islatuta daude. Mugimendu horiek urtero txertatzen dira Udalaren inbentarioan, inbertsio gisa; hala ere, ez dago loturarik inbentarioaren euskarria den programaren (hori zaharkituta dago, argi eta garbi) eta Udalaren kontabilitatearen artean.
Inbentario berria egin ondoren eta informatika-tresnen bitartez geroko mantentze-lanak ezarri ondoren, higiezinak behar bezala erregistratu ahal izango dira kontuetan, eta LUO epigrafean edukiak gehitu ahalko dira.
III.– Barne-kontrolerako sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko oharrak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– Atal honetan eginiko ohar gehienak dagoeneko erantzun ditugu 2. puntuan.
– Gastua baimentzeko eta xedatzeko faseen kontabilizazioari dagokionez, aipatu behar dugu gastuaren aurrekontua kudeatzerakoan eragiketa gehienak kontratu txikiei dagozkiela; horrenbestez, horien kontabilizazioa faktura eta aldibereko ADO agiria iristen direnean egiten da. Gainerako gastuetan, baimentzeko eta xedatzeko faseak Toki Erakundeen Aurrekontuei buruzko abenduaren 2ko 10/2003 Foru Arauaren 40.2 artikuluaren arabera kontabilizatzen dira. (Ikusi oharra 1. dokumentu amaieran)
III.2.– Langileak.
– Aipatutako lanpostu baten egoera erregularizatu da; diruzainaren lanpostuari dagokionez, azken araudi-aldaketei jarraikiz, horren zereginak idazkari kontu-hartzaileak hartu ditu bere gain.
– Udal honen asmoa da langile horien egoera erregularizatzea, eta prozesu horri ekingo diogu araudiak dagozkion hautaketa-prozesuak egitea ahalbidetzen duenean.
– Udal honek ezohiko sistema hori erabiltzen du premiazko kasuetarako eta, betiere, iraupen gutxiko kontratazioetarako. Bi kasutan, arkitekto teknikoarenean eta obra-brigadako palistarenean, beharrezkoa izan da lanpostua luzaroago betetzea, horien titularrak erretiratu egin direlako. Horrenbestez, lanpostu horiek behin betiko bete ahal izan arte horretan arituko den bitarteko bat hautatzeko prozesua egin da eta dagokion lan-poltsa osatu da.
III.3.– Transferentziak eta emandako diru-laguntzak.
– Diru-laguntzen plan estrategikoa idazten ari gara, eta laster onesteko asmoa dugu.
– Bai diru-laguntzak arautzen dituen udal-ordenantzan bai urteko deialdian, diru-laguntzen onuradun guztiei eskatzen zaie Diru Laguntzen Lege Orokorrean zehaztutako dokumentazioa aurkezteko; alegia: Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatearen ziurtagiria, eta diru-sarrera eta gastu guztiak justifikatzeko memoria, besteak beste. (Ikus 2.oharra dokumentuaren amaieran)
III.4.– Kontratazioa.
Kontratatzailearen profila
Udalaren kontratatzaile profila Biscaytik Fundazioak kudeatzen duen udal-webgunean dago (fundazio horrek kudeatzen ditu Bizkaiko udal gehienen webguneak). Erakunde hori lege-eskakizunak betetzeko behar diren tresna informatikoak ezartzen ari da, Udalak prozesu hori kudeatu behar izan gabe.
Kontratazio espedienteak
– Kontratu batean (3 zenbakiko espedientea), ez gatoz bat egindako oharrekin.
3 zenbakiko espedientean, esleitu daitezkeen 100 puntuetatik, justifikazio-memoriari dagozkionak bakarrik dira irizpide subjektiboak eta atal horri 20 puntu eman zaizkio; ezarrita daude, halaber, irizpide subjektibo hori aztertzeko eta puntuak kontzeptu bakoitzaren arabera banatzeko kontuan izan beharreko alderdiak.
Era berean, kontratu honen konplexutasun teknikoa aintzat hartuta, memoria teknikoa baloratzean kontuan izan behar da eskaintza ekonomikoa, bertan jaso behar baitzen ustiapen- eta mantentze-prozedura, baita gauzatzeko beharrezkoak diren produktuen kostuak ere. Kostu horiek, eskatutako gutxienekoekin bat etorri ezean, homogeneizatu egin behar ziren. Hori dela eta, eskaintzei buruzko txosten teknikoa egiteko lana kanpoko enpresa espezializatu bati esleitu zitzaion; hark eskaintzaren informazio osoa behar zuen txostena egiteko.
– 4 eta 5 zenbakiko espedienteetan, aipatu behar da lizitatzaileak ahoz adierazi zuela akats bat egon zela eskaintza idaztean eta, proposamen ekonomikoan esan bezala, bere gain hartzen zuela pleguen eduki osoa, kontratuaren xede ziren prestazioak barne.
Bestalde, Kontratazio Mahaiak, negoziazioaren xede ziren alderdiak ikusi ostean, esleipendunaren eskaintza ekonomikoki onuragarriena zela pentsatu zuen; dena den, esan behar da ez zuela behar bezalako justifikaziorik eman.
III.5.– Beste batzuk.
Gardentasuna
Udal honek badaki zer betebehar dituen gardentasunari dagokionez. Lehen aipatu bezala, Biscaytik Fundazioak kudeatzen du Udalaren webgunea. Erakunde hori lege-eskakizunak betetzeko behar diren tresna informatikoak ezartzen ari da, Udalak prozesu hori kudeatu behar izan gabe. Udalaren webguneko gardentasun-ataria sortu ondoren, Udalak legeak ezartzen duen informazioa argitaratuko du bertan, aldian-aldian.
Dena den, gaur egun ere informazio garrantzitsuena argitaratzen da Udalaren webgunean, hala nola urteko kontuak, partiden arabera zehaztutako aurrekontua, udal-zorra, eta abar.
Hornitzaileei ordaintzeko epeei buruzko informazioa
2015 ekitaldian hornitzaileei ordaintzeko epeei buruzko hiruhilekoko txosten bakarra egin zen; izan ere, ekonomiari eta aurrekontuei buruzko informazio pila bat bidali behar zaio lurraldeko administrazio eskudunari, gure kasuan Bizkaiko Foru Aldundiari: urteko aurrekontua onesteko datuak, aurreko ekitaldiaren lizitazioa, langileei buruzko informazioa, indarreko aurrekontuaren exekuzioa, eta abar. Udal honek langile gutxi ditu arlo ekonomikoan eta bidali beharreko informazioa asko da; gainera, horretarako epeak oso mugatuak dira. Horrenbestez, beti ezin izaten ditugu garaiz bete informazioa emateko betebeharrak.
Ordaintzeko epeak betetzeari dagokionez, aipatutako kasuetako kontratazioen zati bat beste administrazio publiko batzuen diru-laguntzekin finantzatuta dago. Udal honek ez du diru-laguntza horien kargura ordaindu beharreko zenbatekoak aurreratzeko adina funtsik bere diruzaintzan; hori dela eta, diru-laguntzak iritsi arte ezin izaten ditu fakturak ordaindu. Diru-laguntza ematen duten sail batzuk asko atzeratzen dira ordainketa egitean, jarduketa justifikatu ondoren, eta horrek eragina dauka ordaintzeko epeak betetzeko daukagun ahalmenean.
Alegazioen oinen oharrak:
1. oharra:
Epaitegi honek aztertutako gastu guztiak ADO bidez kontabilizatu ziren 2015eko ekitaldian, kontratu txikiaren prozeduraz beste izapidetutako espedienteei zegozkienak barne (ikus A.17).
2. oharra:
Nahiz egia den diru-laguntzen ordenantza nagusiak eta urteko deialdiak agintzen dutela DLOren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete direla egiaztatuko duen dokumentazioa aurkezteko, praktikan onuradunei ez zaie hori aurkezteko eskatzen.