EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2017179

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko ekainaren 29ko bilkuran hartua «Elgoibarko Udala, 2015» txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-06-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201704523
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko ekainaren 29an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
«Elgoibarko Udala, 2015», txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 29a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
ELGOIBARKO UDALA 2015
Laburdurak
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko zerga.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
GAO: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
GFA: Gipuzkoako Foru Aldundia.
HKEE: Herri-Kontuen Euskal Epaitegia.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
OHZ: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.
PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituena.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Elgoibarko Udalaren 2015eko Kontu Orokorraren fiskalizazio lana mamitu du.
HKEEk gauzatutako Elgoibarko Udalaren Kontu Orokorraren aurreko fiskalizazio lana 1998ko ekitaldiaren gainekoa izan zen.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: Honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak honako atal hauek besarkatzen ditu: Udalaren eta tokiko bere bi autonomoen galera-irabazien kontua, oroitidazkia eta aurrekontuen likidazioa.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta zuhurtasunari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi dela ere, fiskalizazioan zehar sortu diren akatsak Txosten honetako III. idazpuruan daude jasoak.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Elgoibarko udalerriak 11.589 biztanle ditu eta Udalean udal administrazioaz gain Udal Kirol Patronatua –udalaren kirol instalazioak kudeatzen dituena- eta San Lorenzo Egoitza -adinekoei egoitza zerbitzuak ematen dizkiena- kudeatzen ditu; 2015eko maiatzean azken hau GFAra aldatzeko erabakia hartu zuten (ikus A.11 eranskina).
Berebat, honako erakunde hauetako kide ere bada: Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatea (kale garbiketa eta zabor bilketa), Debabe Mankomunitatea (euskararen irakaskuntza helduei) eta Gipuzkoako Uren Partzuergoa (uraren ziklo osoaren kudeaketa).
Azkenik, Debegesa, SA Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartean (% 12,5) eta Debemen Landa Garapen Elkartean esku hartzen du.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa (ikus A.12)
1.– Haurtzaro eta nerabezarorako zerbitzu kontratua (2 zk. espedientea) 2012an esleitu zitzaion 333.598 euroan irabazi asmorik gabeko erakunde bati, lizitazio tipoaren gainetiko prezioa eskaini zuena, eta honenbestez, eskaintza -aurkeztu zen bakarra- atzera bota behar izan zuten (C akatsa).
Epaitegi honen ustetan, aurreko paragrafoan aipatutako ez-betetzea alde batera, Elgoibarko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakunde autonomoek zuzentasunez bete dute 2015eko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Udalak ez du ibilgetua eragiten duten egintza ekonomiko guztien kontularitzako erregistroa bermatuko duen jarraipenik egiten eta zehazki, ez du ibilgetua osatzen duten elementuen xehapenik egiten. Idatzoharrak kontu globaletan egiten dira, 2015eko abenduaren 31ko saldoko elementuen xehapenik izan gabe. Amortizazioak ere ez dira elementuka kalkulatzen. Horregatik guztiagatik, ez dezakegu zehaztu ea ibilgetuko kopuruek 2015eko abenduaren 31n Udalaren ondasun eta eskubideen egiazko egoera islatzen duten.
Epaitegi honen iritzira, 1. paragrafoan adierazitako salbuespena alde batera, Elgoibarko Udalaren Kontu Orokorra osatzen duten erakundeen kontuek alderdi esanguratsu guztietan 2015eko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten dute; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontrolerako sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak gehiegi eragiten ez dituzten akatsak ez ezik, kudeaketa hobetzeko azpimarratu nahi diren prozedurazko alderdiak ere azaleratu dira.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
– 2015eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra hasiera batean Udalbatzak 2015eko urtarrilaren 22an onetsi zuen; ordea, arautegiak behin betiko urtea hasi aurretik onestea aurreikusten du.
– Debabarreneko Mankomunitateari egindako 1,8 milioi euroren transferentziak 2. kapituluan sartu dira aurrekontuan, transferentzia arrunt modura erregistratu beharrean. Gainera, ekarpenak aurrekontuaren zenbatespenekin kalkulatzen dira, Mankomunitateari egikaritzaren egiazko datuekin dagokion likidazioa eskatu gabe.
– Kontuetan eragin handirik ez badute ere, kontularitzaren ikuspegitik zuzen tratatu ez ziren zenbait alderdi jakin atzeman dira:
● Honela, bada, Udalak ondorioztatu zuen 2015eko abenduaren 31ko helburudun sarreretan ez zela finantzaketako desbideratzerik izan, zenbatekoa 202.624 eurorena zelarik.
● Maalan lursail salmentaren geroratutako atala, 188.050 eurorena, ez zen diru-sarrera modura aitortu eta ez da Kontuetan dagokion kobratzeko saldoa barne hartu. Nahiz ez duen eskudiruzko kobrantzarik eragingo, eraikiko den eraikineko behe solairuarekin trukea egitea aurreikusi denez gero, ondarearen kontabilitatean erregistratu behar zatekeen.
● 2009an emandako gerorapen baten azken epemugari zegokion 280.000 euroren kobrantza diru-sarrera modura erregistratu zen 2015ean; ordea, itxitako ekitaldietako kobratzeko saldoetan jaso behar zatekeen.
● 2015eko abenduan ekitaldi horretako jardueretarako onartutako 47.500 euroren bi diru-laguntza izendun ez ziren ekitaldiko gastu modura erregistratu.
– Lurraren Udal Ondarearen baliabideak zenbait inbertsio egitera lotuak daude (lurzoru erosketa, eremu narriatuen zaharberritzea, kultur ondarea, talde-ekipamenduak, e.a.). Araudiak Lurraren Udal Ondarea eragiten duten eragiketen erregistroa izatera behartzen du, eskuratutako Lurraren Udal Ondareko baliabideak eta horien erabilera bereiziz. Gainera, Lurraren Udal Ondareko ondasunak (lursailak, eraikinak, kobrantza eskubideak, e.a.) ibilgetuko kontu berariazkoetan jaso behar dira eta Udalak bi betekizunak hartu behar ditu gogoan.
– Udalaren lan baldintzak arautzen dituen erabakiak bertako langileek aldez aurretik erretiroa hartzegatik 6 eta 21 hilekoren ordainsarien ordainketa ezartzen du. Kontu Orokorraren Oroitidazkian ordainsari osagarri mota hau existitzen dela jakinarazi beharko litzateke.
III.2.– Langileria.
– Udalbatzak 2008an 2008-2010 aldirako Udalhitz akordiora (langileen lan baldintzak arautzen dituena) atxikitzea onartu zuen; ez zitzaion, baina, nahitaezkoa den publikotasuna eman.
– Lanpostu zerrendak lanpostuak kategoria eta kidegoaren arabera zerrendatzen ditu, baina ez ditu ordainsari oinarrizko (soldata eta antzinatasuna) eta osagarriei dagozkien kreditu zuzkidurak xehetasunez ematen eta ez ditu aparteko ordainsariak eta bestelako hartzekoak kuantifikatzeko gauzatutako kalkulu globalak adierazten.
– 2015ean 40.359 euro ordaindu zitzaizkien Hiri Segurtasun zerbitzuko 20 langileri egokitzeko osagarriaren kontzeptuarekin. Ordainsari hau Udalbatzak 2008an onartu zuen, baina ez da 2015eko Lanpostu Zerrendan jasotzen. Berebat, ez du produktibitateko osagarria ere jasotzen; kontzeptu honen izenean 64.799 euro ordaindu zitzaizkien 20 langileri, 2001 eta 2015 bitarteko udalbatzaren erabaki eta ebazpenen bidez onartu zirenak eta lanpostuari dagozkion egitekoez gaineko lanak betetzearekin justifikatzen direnak. Aldaketa hauen ondorioz lanpostuaren eta dagozkion destino-osagarri zein berariazkoen balorazioa berrikusi behar zatekeen.
– 2015eko abenduaren 31n indarrean daude 2000 eta 2010 bitartean gauzatutako obra edo zerbitzu jakineko 4 kontratu eta 2005ean aldi baterako kontratu bihurtu zelako lanposturik gabeko kontratu mugagabe bat. Udalak kasu hauek aztertu eta LZ aldatu behar luke edo egoera hauek zuzentzeko egitekoen esleipena berrantolatu. Egoera bera gertatzen da Kirol Patronatuan, 2011z geroztik indarrean dagoen obra edo zerbitzu jakinerako kontratu batekin.
– 2015eko aldi baterako langileen kontratazioan ez ziren espedientean formalki erasota utzi gauzatutako ekintzak, zehazki lan-poltsetako kideei egindako kontsultenak.
– Udalak beste udal batzuetako lan-poltsak baliatu zituen teknikarien bi lanpostu huts betetzeko. Badirudi egokiagoa dela nolabaiteko luzera duten kontratazioetarako berariazko deialdia egitea.
– 2015ean San Lazaro Egoitzak langile bat kontratatzeko Lanbideri eskatu zizkion izangaiak eta 10 izangairi egin zien elkarrizketa. Espedientean ez da Lanbidek igorritako izangaien zerrenda jaso, ez eta merezimendu eta elkarrizketen balorazioenak ere, egindako hautaketa justifikatuko dutenak.
– Bileretara joateagatiko zinegotziei eman beharreko kalte-ordainak, 103.135 euro 2015ean, hileko zenbateko finko bat ezarrita arautu ziren, egiaz bertaratu izanaren arabera kitatu beharrean.
III.3.– Kontratazioa.
Udalak eskaintzen faktore ekonomikoa balioztatzeko proportzionaltasun xumeko formula baliatzen du, faktore honen egiazko haztapena murrizten duena.
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden 10 kontratu nagusiak aztertu ondoren (ikus A.12), Udalari eta kasu batean Kirol Patronatua erakundeari dagozkionak, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
● Aztertutako 10 kontratuetatik 7tan baliatutako esleipen irizpideei dagokienez, 3,5 milioi euroren esleipenei dagozkienak (A1 akatsa):
● 1, 5 eta 7 zk. espedienteetan enpresa lehiatzaileen kalitate, ingurumen edo lan-prebentziorako ziurtagiriak balioztatzen dira esleipen irizpide modura; ordea, onartzeko irizpide modura baliatu behar lirateke.
● 3 eta 4 zk. espedienteetan atxikitako langileen titulazioa eta eskarmentua balioztatzen da; horrek aldez aurretik langileria definitzea eta kontratua egikaritzeko eskatutako gutxieneko kualifikazioak eskatzen ditu. 2 obretan (8 eta 9 espedienteak) giza eta gauzazko baliabideak balioztatzen dira, zein alderdi balioztatuko diren zehaztu gabe eta eskatzen diren gutxienekoak ere definitu gabe.
● 1, 3, 4, 5 eta 8 zk. espedienteetan hobekuntzak balioztatu dira hobegarritzat jotzen diren zerbitzuaren alderdi zehatzak adierazi gabe, ez eta horiek balioztatzeko moldea ere; gainera, 9 zk. kontratuan eskainitako hobekuntzen zenbatekoa ondoko eremuetan obrak egiteko erabiltzea aurreikusi da.
● Guztira 1,5 milioi euroan esleitutako 2 espedientetan (8 eta 10 zk.) txosten teknikoek ez dute justifikatzen irizpideei emandako puntuazioa eta/edo ez zen pleguetan zehaztutako azpi-irizpideei emandako balorazioa adierazten (B1 akatsa).
● Eskainitako hobekuntzak balioztatzen zituzten zortzi espedienteetatik hirutan (1, 3 eta 10 zk. espedienteak, 755.574 euroan esleitutakoak) ez ziren kontratu-agirian aipatutako hobekuntzak barne hartu. Gainera, komeniko litzateke fakturetan edo hileroko ziurtagirietan hobekuntza horien egikaritzaren gaineko kontrola formalizatzea (B2 akatsa).
● 2014ko uztailean milioi bat euroan esleitutako obra bati dagokion 8 zenbakiko kontratua, 9 hilabeteko egikaritza epea zuena, 2014ko kreditu bidez finantzatu zen, askoz egokiagoa zelarik urte anitzeko kredituak erabiltzea. Gainera, lehenbailehen tramitatzeko izendatu zen, nahitaezkoa den arrazoitzea egin gabe (C akatsa).
● 9 zenbakiko kontratua, 365.842 euroan esleitutakoa, 3 hilabeteko egikaritza epea zuen obra bati zegokion eta beste 3 hilabetez atzeratu zen, zegokion epe aldaketa izapidetu gabe (C akatsa).
Erosketa txikien analisia.
● Erosketa txiki modura izapidetutako erosketak aztertzean, Udalak 7 zerbitzu zuzenean esleitu dituela ikusi da, 250.849 euroren zenbatekoan; ordea, kopurua aintzat hartuta, publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez izapidetu behar ziratekeen (ikus A.12 eranskina). Antzeko egoera gertatu da Kirol Patronatua erakundean, 2015ean 33.016 euroren kostua izan zuen zerbitzu batekin.
III.4.– Transferentziak eta diru-laguntzak.
● Debabe Udal Euskaltegia Mankomunitateari 2015ean egin zitzaion 68.102 euroren transferentzia aurrekontuaren zenbatespenekin kalkulatu zen, Mankomunitateari egikaritzaren egiazko datuekin dagokion likidazioa eskatu gabe. Honi dagokionez, txosten hau idatzi dugun datan Mankomunitateak kitatu gabe zuen 2015eko aurrekontua. Bestetik, Udalak Mankomunitate honi 75.918 euro ordaindu zizkion euskararen plan estrategikoaren jarraipena eta koordinazio lana egiteagatik, 2012an agindutako mandatuaren arabera; komeniko litzateke hori gaurkotzea.
● Diru-laguntza izendun nagusiak aztertu ditugu eta hona azaleratu diren alderdi esanguratsuenak:
● Musika Eskolarekiko hitzarmenak 413.730 euroren laguntzak jaso zituen eta «justifikazioko kontu» modalitate bidez zuritzen du; ordea, badirudi egokiagoa dela auditorearen txostena duen justifikazioko kontu modalitatea baliatzea. Gainera, komeniko litzateke diru-laguntzaren erregulazioa ikasturteen araberako moldeari egokitzea.
● Musika eta Dantza Federazioa elkarteak 173.076 euroren laguntzak jaso zituen; federazio honek beste 5 elkarte besarkatzen ditu eta hauek dira, hain zuzen ere, diruz lagundutako jarduerak garatu zituztenak eta horregatik izan behar dute beraiek laguntza publikoen onuradun. Halaber, hitzarmenak arautu egin behar luke 5 erakundeen arteko laguntzen banaketa.
● Debegesa sozietate partaidetuari 2015eko ekitaldian jarduerak finantzatu ahal izateko emandako 88.709 euroren diru-laguntza izenduna nahitaezkoa den hitzarmen bitartez arautu behar zatekeen edo obligazioak emakida ebazpenean xehetasunez jaso. Eskualdeko udalez osatua dagoen sozietate anonimo honek, gainera, Udalari eskualdeko enplegu plana koordinatzeko zerbitzuak eman zizkion eta ordainetan 40.000 euro eskuratu zituen; horren kontratazioa, baina, prozedura negoziatu bidez gauzatu behar zatekeen.
● Elgoibar Ikastolari 40.986 euroren diru-laguntza arautzen zuen hitzarmenak ez zuen xedea zehazten, nahiz mantentze eta energia-kontsumoko gastuak finantzatzeko baliatu zen. Aurkeztutako egiaztagiriak laguntzen zenbatekoa gainditzen bazuen ere, ez zuen beste administrazio batzuetako diru-laguntzen araberako diru-sarreren gaineko informaziorik ematen.
● Debemen Mendi Nekazaritzako Elkarteari emandako laguntzak eta kapitaleko bi diru-laguntzak, guztira 44.286 eurorenak, ez ziren zuzen arautu, ez baitzen hitzarmenik onartu, ezta onuradunen eskubide eta obligazioak zehaztu ere emakida ebazpenean.
● Kulturako diru-laguntzen dekretuak 36.000 euroren banaketa arautu zuen aurkeztu ziren 10 eskabideren artean eta Udalak aurkeztutako aurrekontuaren % 78 eta % 97 bitarteko laguntzak eman zituen, banaketarako zein irizpide aplikatu zituen adierazi gabe. Espedienteak dekretuko irizpideen arabera egindako eskabideen balorazioa jasotzen du, baina ez zen aintzat hartu.
III.5.– Berankortasuna eta bestelako alderdiak.
– Udalak hiruhileko derrigorrezko txostenak batez besteko ordainketa epeen gainean egiten ditu eta 2015ean egindako ordainketen % 1,9k 30 eguneko legezko epea gainditu zutela kalkulatu da. Ehuneko hau % 4,4 eta % 42,6 bitartekoa da Kirol Patronatua eta San Lorenzo Egoitza erakundeetan.
– Udalak web-orrian gardentasunari eta informazio publikorako sarbideari buruzko atala barne hartzen du; informazio ekonomikoari dagokionez, aurrekontuak jasotzen ditu; ordea, Likidazio, Urteko kontu eta egonkortasun eta iraunkortasunari buruzko helburuen betetze mailari buruzko informazioa ere eman behar du.
IV.– Finantza analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: % 7 egin dute gora aztertutako aldian. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak eta tasak: % 3,8ko igoera izan da kapitulu hauetan, EOIZan izandakoa gailentzen dela. Ez da bariazio esanguratsurik gertatu zerga eta tasa nagusietan. Honela, bada, zergen tarifak ez dira aldatu 2013an indarrean zeudenekiko, landa-lur eta zoru industrialaren gaineko OHZ salbuetsita.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: Kapitulu hau % 9 handitu zen Udal Finantzaketarako Foru Funtseko diru-sarreren ondorioz, 2013koak baino % 13,6 handiagoak direnak.
Funtzionamendu gastuak: % 3 egin dute gora aztertutako aldian. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
– Langile gastuak % 5 egin dute gora, aldi baterako langileriak gora egin izanaren ondorioz eta bi alderdi zehatzen ondorioz: 2012ko abenduko aparteko ordainsariaren atal bat 2015ean ordaindu izanaren ondorioz, 81.212 euro, eta 2014an Elkarkidetzara ekarpenak egiten berriz hasi izanaren ondorioz. Ordainsari taulek ez dute hirurtekoan aldaketarik izan.
– Ondasun arrunten erosketa eta zerbitzuak: Aztertutako aldian % 3,3 egin dute gora eta azpimarratzekoa da konponketa eta zaintza atalak izan duen igoera. Gastu kontzeptu garrantzitsuenari dagokionez, enpresek egindako lanak, alegia, Mankomunitateari egindako ekarpenek % 2 egin dute gora eta gainerako partidek, % 6.
– Transferentziak eta diru-laguntzak: Gastu kapitulu honek egonkor eutsi dio, baina azpimarratzekoa da Kirol Patronatua erakundeari eta Musika Eskolari egindako ekarpenen igoera, % 14 eta % 21, hurrenez hurren, beste kontu-sail batzuetako ekarpen txikiagoekin berdindu dena.
Aurrezki gordina eta garbia: Aurrezki gordinak % 28 egin du gora hasierako ekitaldiarekiko, sarrera arrunten % 17 arte iritsi dela. Finantza zama ez da oso esanguratsua izan azken 2 urteotan eta honenbestez, aurrezki garbia aurrezki gordina baino zertxobait txikiagoa izan da.
Kapital eragiketen emaitza: Aztergai izan den aldiko inbertsio 6,4 milioi handiagoak izan dira, diru-laguntza eta kapitalezko beste sarrera batzuen bidez finantzaketa maila esanguratsua izan dutenak (% 63); honela, bada, hirurtekoan kapitalezko eragiketen defizita guztira 2,4 milioi eurorena izan da.
Zorpetzea: Indarrean dagoen mailegu bakarraren zor-saldoa sarrera arrunten % 1 da.
Diruzaintza geldikina: Magnitude honek igoera esanguratsua izan zuen 2014an eta 2015ean ere gora egin zuen, baina neurri txikiagoan, bi ekitaldietako emaitza positiboen ondorioz. Zenbatekoa handia da, 4,8 milioi euro; izan ere, sarrera arrunten % 35 egiten du eta hirurtekoaren urteko inbertsioen batez bestekoa gainditzen du. Zenbatekoak 2016ko aurrekontura atxikigarri diren geldikinak gainditzen ditu, 616.176 euro egiten zutenak. Aintzat hartzekoa da, berebat, San Lorenzo Egoitza erakundeak 730.850 euroren geldikina zuela 2015eko abenduaren 31n, erakundea desegiten denean Udalean jasoko dena.
Ondorioa: Udalak orekan ditu eragiketa arruntak eta sortzen duen aurrezki gordinaren maila sarrera arrunten % 17 ingurukoa da, aztergai izan dugun aldiko urteko inbertsioaren pareko dena. Horregatik guztiagatik, Udalak ez du zorpetze bidea baliatu beharrik izan eta are Diruzaintza erabilgarria handitu duten superabitak ere eskuratu ditu; Diruzaintza erabilgarriak 2015eko abenduaren 31n sarrera arrunten % 35 egin du.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalaren Kontu-hartzailetzak 2015eko likidazioari buruzko txostena egin du aurrekontuaren egonkortasun printzipioa, zor publikoa eta gastuaren araua betetzen zela adieraziaz:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete da eragiketa ez finantzarioetan superabita eskuratu baita (1etik 7ra bitarteko kapituluak).
– Gastuaren araua bete da zenbagarriak diren gastuak % 2,4 murriztean.
– Zor publikoa bete da zor bizia sarrera arrunten % 1 izan delako.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Toki erakunde autonomoak.
TXOSTENAREN ONDORIOEN INGURUKO ALEGAZIOAK
II.– Iritzia.
II.1.– Legeria betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– Haurrentzako eta gazteentzako zerbitzuaren kontratua (espedientea) 2012an esleitu zitzaion, 333.598 euro-ren truk, irabazi asmorik gabeko erakunde bati. Erakundeak eskaini zuen prezioa, BEZ gabe, lizitazio tipoa baino handiagoa zen. Horrexegatik, eskaintza, aurkeztu zen bakarra, atzera bota behar zen (C akatsa).
Kontratu honetara lizitaziogile bakarra aurkeztu zenez, eta eskaintza ekonomikoak aurkezteko beharrik izan ez zenez, Udalak ez zuen kontuan izan, eskaintzak gainditu egiten zuela BEZik gabeko lizitazio tipoa; izan ere, BEZ ordaintzetik salbuetsita dagon erakindearen eskaintza eskainitako lizitazio tipoaren barruan sartzen zen, BEZ sartuta.
Udalak hitzematen du inguruabar hau kontuan izango duela aurrerantzean egingo dituen lizitazioetan, eta atzera botako dituela BEZ gabeko lizitazio tipoa gainditzen duten eskaintzak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazi duenaren ildotik.
Hala ere, espedientea, kontratazio publikoak arautzen dituzten printzipioak errespetatuta tramitatu zen: hala nola, lizitazioetan parte hartzeko askatasuna, publizitatea eta prozeduren gardentasuan, diskriminazio eza eta hautagaiei trataera bera ematea, lehia askearen babesa eta eskaintza ekonomiko egokienaren aukeraketa.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
III.– Barne kontrolaren eta kudeaketa prozeduren sistemei buruzko xehetasunak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
Debabarrena Mankomunitateari 1,8 milioi euroren truk egin zitzaizkion transferentziak 2. kapituluan jasotzen dira aurrekontuetan, transferentzia arruntzat hartu beharrean. Gainera, ekarpenak aurrekontuaren zenbatespenen arabera kalkulatzen dira, Mankomunitateari exekuzioaren datu errealak islatzen dituzten likidazioa eskatu gabe.
Udalak 2018 urterako aurrekontuetan 4. kapituluan proposatuko ditu transferentzia horiek. Ekarpenen kalkuluari dagokionez, urtero, Mankomunitateak Batzar Orokorrean zuritzen ditu kontuak, exekuzio datu errealekin, eta hurrengo ekitaldiaren proiektua oinarritzat hartuta, eta horren arabera egiten dira udal aurrekontuaren zenbatespenak (1 zenbakidun dokumentua).
Epaitegiak uste du Kontu Orokorren txostenean aditzera eman behar zela primak zeudela aurretiazko erretiroengatik.
2015 urtean ez zen aurretiazko erretirorik izan, eta ondorioz, ez zen inolako primarik ordaindu, kontzeptu hori zela eta.
III.2.– Pertsonala.
Epaitagiaren arabera, antzeman da, jarraian, bi bitarteko funtzionario izendatu direla aldi baterako programetarako; eta horrexegatik kasu hauek aztertzeko eta Lanpostu Zerrenda aldatzeko edo funtzioen izendapena berrantolatzeko aholkuak ematen dira; hartara, egoera hauek erregularizatzeko.
Elgoibarko Udalak, horri dagokionez, egokitzat jotzen du ondorengoa alegatzea: 2016ko azaroan, giza baliabideetan aditua den kanpo aholkularitzako etxe bati txosten bat egiteko enkargua eman zitzaion, aldi baterako hainbat programatara atxikita dauden langileek gaur egin betetzen dituzten funtzioak aztertzeko. Enkargu honen xedea da egoera hau erregularizatzeko egon daitezkeen aukerak aztertzea; eta halaber, indarrean dagoen legearen araberako aukerak edota har daitezkeen neurriak aztertzea.
Aholkularitza etxe horrek Elgoibarko Udalari aurkeztu dion txostenean langileen funtzioak jasotzen dira, eta kasu honetan, ondorengo arloak aztertzen eta argudiatzen dira:
1.– Plazak sortzea. Langileen plantilla onartzea.
2.– Aurrekontua indarrean dagoen bitartean, plantilla aldatzea.
3.– Arrazionaltasun, ekonomia eta efizientzia printzipioak.
Txostenaren ondorioak kontuan izanik, Elgoibarko Udalak, bi mila eta hamazazpiko martxoaren hogeita hamarrean egin zuen osoko bilkuran, Udal honetako eta Udal Kirol Patronatuko Lanpostu Zerrenda lehendabizikoz onartzea erabaki zuen. Lanpostu zerrendan 419, 420 eta 505 zenbakidun plazen sorrera sartu zen. Plaza horiek arestian aipatutako aldi baterako programetan dute sorrera. Bestalde, kontuan izan behar da, alegazioak aurkezteko epea igaro ostean, behin betiko Lanpostu Zerrenda argitaratu dela 2017ko maiatzaren 23an.
III.2 Pertsonala izeneko atala justifikatuko duen dokumentazioa aurkezten da, arestian aipatutako kontratua alegatu, zuzendu eta erragularizatu izana behar bezala frogatzeko (Osoko Bilkurak Lanpostu Zerrenda onartzeko akordioa eta GAOn argitaratutako behin betiko iragarkia sartu).
Epaimahaiak txostenean ondorengoa adierazten du:
1.– Herri Segurtasuneko zerbitzuaren 20 langileei egokitzapen osagarria ordaindu zaiela eta hori ez dela Lanpostu Zerrendan jasotzen.
2.– Lanpostu Zerrendan ere ez dira jasotzen 20 langileri ordaintzen zaizkien produktibitate osagarriak. Osagarri horiek 2001 eta 2015 urteen artean hartu ziren Udalbatzarraren akordioen eta ebazpenen bidez onartu ziren. Elgoibarko Udalak osagarri horiek justifikatzen ditu, lanpostuari dagozkion funtzio osagarriak betetzen direlako.
3.– 2015eko abenduaren 31n, indarrean zeudela aldi baterako obra edo zerbitzu kontratuak, eta lanposturik gabeko kontratu mugagabea, aldi baterako kontratua aldatu egin zelako.
4.– Beste antzeko gertaera bat jazo zela Udal Kirol Patronatuan obra edo zerbitzu jakin baterako kontratu batekin.
Eta Elgoibarko Udalari ondorengoa zuzentzeko eskatzen dio:
1.– egokitzapen eta produktibitate osagarriei dagozkien ordainketa kontzeptuak erregularizatu ditzala; eta horretarako, lanpostuaren balorazioa eta destino osagarria eta berariazko osagarria berrikusi ditzala.
2.– LZ aldatu edo egitekoen banaketa berrantolatu, egoera hauek zuzentzearren. Arazo bera Kirol Patronatuan.
Kontuen Epaitegiak adierazitakoari erantzuteko, Elgoibarko Udalak alegatzen du antzemanda zituela akats horiek. Gehiago sakonduz, aditzera eman behar da, Udalaren 2016-2019ko Legealdi Planean, jarduera ildo gisa jasotzen dela giza baliabideei buruzko diagnosia egitea, baliabide horiek antolatzea, eta erronka berriei egokiak izango diren langileekin eta baliabideekin aurre egiteko helburu estrategikoari erantzungo dioten beharrezko naurriak hartzea. Helburu hau betetzeko, 2017ko urtarrilean, Giza Baliabideetan aditua den aholkularitza etxe bati esleitu zitzaion Elgoibarko Udalaren eta Udal Kirol Patronatuaren antolakuntza egitura aztertzeko eta horri buruzko diagnosia egiteko, eta halaber giza baliabideei buruzko palana egitea, gaur egungo kudeaketa eredua modernizatzeko eta dauden baliabideak hobesteko. Horiek horrela, ondorengoak egingo dira:
1) Udalaren egoerari buruzko diagnosia egitea. Gaur egungo antolakuntza, barne funtzionamendua eta langileen arloko beharrak aztertzea.
2) Giza baliabideak antolatzeko Plan bat egitea.
a) Eskura dauden eta behar diren langileei buruzko azterketa egitea (langile kopurua, profil profesionala, kualifikazio maila...).
b) Lana antolatzeko eta lanpostuen egiturak aldatzeko sistemak aurreikusitea.
c) Mugikortasun neurriak.
d) Barne sustapenerako, langileen prestakuntzarako eta nahitaezko mugigarritasunerako neurriak.
e) EPEren bidez sartuko diren giza baliabideen aurreikuspena.
Horrexegatik, Udal honen irudiko, diagnosian Kontuen Epaitegiak ageriak jarritako akatsak zuzentzeko neurriak proposatuko direla. Horretaz gain, agerian utzi nahi du akats horien konponbidea abian dagoela.
Bileretara etortzen ziren zinegotzien kalte-ordainak erregularizatzeko hileroko zenbateko finko bat ezarri zen, kalte-ordainak benetan etorri ziren bileren arabera likidatu beharrean.
Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu, likidazio hori benetan egon direneko bileren (organo kolegiatuak eta burutzen duten karguaren ondorioz izaten dituzten bilerak edo jarduerak) arabera egiteko.
III.3.– Kontratazioa.
Elgoibarko Udalak proportzionaltasun sinplearen formula erabiltzen du eskaintzen faktore ekonomikoa baloratzeko, eta horrela, faktore honen benetako haztapena gutxitzen du.
Elgoibarko Udalak erabiltzen duen balorazio formulak Epaitegien bermea izan du, administrazioarekiko auzi errekurtso propio batean.
Hala, Donostiako 1 zenbakidun Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegiak 2011ko uztailaren 29an eman zuen 1152/2011 zenbakidun Epaiaren bitartez, non errekurtsogileak Elgoibarko Udalak erabiltzen duen formula (Alderantzizko hiruko erregela): «....... Es una fórmula válida la empleada, al dar más puntos a la oferta de precio inferior y una puntuación inferior a las ofertas de precio superior, sin que afecte a la validez de lo actuado en que puedan existir otras.».
Ondoren, 1152/2011 zenbakidun epaiaren apelazioari dagokionez, Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzietarako Salak 2012ko uztailaren 6an eman zuen 562/2012 zenbakidun Epaiaren bitartez, ondorengoa aditzera ematen da: «.... se trata de una regla de tres, inversa, conforme a la que cuanto más caro sea el precio ofertado menor será la puntuación obtenida. Y su fórmula matemática será la que haya de aplicarse............, sin que se observe en la actuación administrativa ni error apreciable por cualquier persona de cultura media ni la vulneración del resto de elementos hábiles para controlar la potestad discrecional técnica».
Epai horiek eransten dira, justifikazioaren oinarri gisa (2 eta 3 zenbakidun dokumentuak).
1,5 eta 7 zenbakidun espedienteetan enpresa lizitatzaileen kalitateari, ingurumenari edo laneko prebentzioari buruzko egiaztagiriak baloratzen dira, eta horiek esleipenerako irizpide gisa erabiltzen dira, onarpenerako irizpide gisa erabili beharrean.
Udalak uste du, SPKLTBren 150. artikuluan xedatutakoaren arabera, arlo horiek esleipenerako irizpidetzat har daitezkeela.
SPKLTB 150. artikulua.
1.– Proposamenak baloratzeko eta ekonomiaren aldetik eskaintzarik onuragarriena zein den zehazteko, kontratuaren objektuari zuzenean dagozkion irizpideak hartuko dira kontuan; esate baterako, kalitatea, prezioa, obra erabiltzeari edo zerbitzua emateari dagozkion ordainsariak berrikusteko erabiliko den formula, prestazioa gauzatzeko edo entregatzeko epea, erabiltze-kostua, ingurumen-ezaugarriak edo baldintza sozialei erantzutearekin zerikusia dutenak (baldintza sozial horiek bat etorri behar ote duten kontratuaren espezifikazioetan definitutako beharrizanekin, kontratatu behar diren prestazioen erabiltzaile edo onuradun izango direnen gizarte-maila bereziki behartsuenen beharrizanekin, alegia), errentagarritasuna, balio teknikoa, ezaugarri estetikoak edo funtzionalak, ordezko piezen erabilgarritasuna eta kostua, mantentze-lanak, laguntza teknikoa, saldu osteko zerbitzua edo beste antzeko zerbitzu batzuk.
2.– Esleipenerako oinarri izan behar duten irizpideak kontratazio-mahaiak erabakiko ditu, eta iragarkian, administrazio-klausula zehatzen pleguan edo deskripzio-agirian zehaztuko dira.
3 eta 4, zenbakidun espedienteetan atxkitako langileen titulazioa, esperientzia baloratzen dira. Horrek eskatzen du langileak eta kontratua exekutatzeko eskatuko diren gutxieneko kualifikazioak aldez aurretik definitzea.
Elgoibarko Udalaren ustetan, 3 zenbakidun espedientetan, hau da, baldintza pleguetan, behar bezala definituta daudela arestian adierazitako irizpideak.
3.– Zerga ikuskapena (2012).
● Esku artean daukagun kontratuaren xede diren lanei atxikitako langileen profilak berariazko ezagutza teknikoak eta juridikoak eskatzen dituenez, memorian, ezagutza horiei buruzko atal bat txertatu beharko da.
1, 3, 4, 5, 8 eta 10 zenbakidun espedienteetan hobekuntzak baloratzen dira, baina ez da adierazten zerbitzuaren zein atal diren hobetu daitezkeenak, hobekuntzak baloratzeko sistema ere ez da zehazten.
Arestian aipatutako espedienteak 2014 urtea baino lehenagokoak dira; izan ere, Elgoibarko Udalak pleguetan irizpide hau sartzen duenean, hobekuntzatzat jotzen diren arlo zehatzak ezrtzen ditu, baita horiek baloratzeko sistema ere.
8 eta 10 zenbakidun espedienteetan txosten teknikoek ez zuten justifikatzen irizpideei ematen zaien puntuazioa, edota ez zen adierazten pleguetan zehaztutako azpi irizpideei emandako balorazioa.
Sorospenari buruzko 10 zenbakidun espedientean, txosten teknikoak justifikatzen ditu irizpideei eman zaizkien puntuazioak. Horretaz gain, azpi irizpideak baloratzen ditu.
Txosten hori eransten da, justifikazioaren oinarri gisa (4. zenbakidun dokumentua).
Eskainitako hobekuntzak baloratzen zireneko 1, 3 eta 10 zenbakidun espedienteetan, kontratu dokumentuan, ez ziren arestiko hobekuntzak sartu. Horretaz gain, komenigarria izango litzateke hobekuntza horien exekuzioari dagokion kontrola formalizatzea hileroko fakturetan edo egiaztagirietan.
1, 3 eta 10 zenbakidun espedienteei dagozkien kontratuetan aipatzen denaren arabera, enpresa esleipendunak hitzematen du, kontratua exekutatzerakoan, orpoz orpo beteko dituela kontratistaren proposamenean ageri diren zehaztapenak. Bestalde, proposamen horretan ageri dira esleipendunak eskaintzen dituen hobekuntzak.
Horrexegatik, dokumentu jakin bati aipamena egiteko teknika erabiltzen da, osorik erreproduzitu beharrean, baldintza administratibo eta teknikoen baldintza guztiekin egiten den bezala. Dokumentu hori kontratistak aurkeztu duena da, eta Aministrazioaren eskuetan dagoena.
8 zenbakidun kontratua, milioi bat euroren truk eta 9 hilabeteko exekuzio epearekin esleitu zen obra bati dagokiona, 2014ko kredituen bitartez finantzatu zen, nahiz eta egokiagoa izan urte anitzeko kredituak erabiltzea. Horretaz gain, premiazko tramitazioa izan behar zuela adierazi zen, aldez aurretik, hori behar bezala arrazoitu gabe.
8 zenbakidun kontratazioari zegokion espedientea, eskubaloiko kantxa baten obrei buruzkoa, abian jartzeko Ebazpenean txosten tekniko bat aiptzen da, zeinak premiazko tramitazioa egitea proposatzen baitu, obrak egin aurretik egin behar diren hondeaketa lanek sortuko diren zaraten immisio maila murrizteko; izan ere, zarata horiek klaseen bilakaera normala oztopatuko lukete.
Txosten hori eransten da, justifikazioaren euskarri gisa (6 zenbakidun dokumentua).
III.4.– Transferentziak eta diru-laguntzak.
Udalak 75.918 euro ordaindu zizkion DEBABE Mankomunitateari euskararen plan estrategikoaren jarraipen eta koordinazio lanak egiteko, 2012an egindako enkarguaren arabera. Hori eguneratu egin beharko litzateke.
Udalak hitzematen du hitzarmen hori eguneratuko duela.
Musika Eskolari emandako diru-laguntza izendunari dagokionez, hitzarmenak ezartzen duenaren arabera, justifikazioa kontuen justifikazioaren bitartez egiten da; eta egokiagoa dirudi auditorearen txostena duen kontuen justifikazioaren bitartez egitea. Horretaz gain, komenigarria izango litzateke diru-laguntza elkarteak ikasturteen arabera duen jarduteko duen moduari egokitzea.
Udala hitzematen du justifikazioa auditorearen txostena duen kontuen justifikazioaren bitartez egingo dela, eta diru-laguntza ikasturteen arabera egokituko duela.
Debemen Mendi Nekazaritzako Elkartearentzako laguntzak eta bi kapital diru-lagutnzak, guztira, 44.286 euroko zenbatekoa dutena, ez ziren behar bezala erregulatu, ez baitzen hitzarmenik onartu eta ez baitziren emakida ebazpenean onuradunen eskubideak eta betebeharrak zehaztu.
Udalak hitzematen du hitzarmenaren bidez erregulatuko dituela eskubideak eta betebeharrak.