EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017176

AGINDUA, 2017ko abuztuaren 29koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2017-2018ko ikasturtean eskolatze osagarriko programak garatzeko laguntzetarako deia egiten duena.

Gaiak: LAGUNTZAK
Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-08-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201704458
Maila: Agindua
Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak neurri positiboak hartzea aurreikusten du, diskriminazio-egoerak desagertzen laguntzeko eta hezkuntzarako eskubidea benetan erabil dadila bermatzeko.
Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak 37. artikuluan zehazten ditu aniztasunari erantzuteko neurriak, eta 2. puntuan esaten du hezkuntza-beharrak dituzten ikasleen behar horiek landu behar dituztela ingurune normalizatu eta barne-hartzaile batean, eta edozein kasutan Oinarrizko Hezkuntzaren eta dagokien titulazioaren helburuak lortzeko bide eman behar dietela. 37.4 artikuluak zehazten du neurri horien artean eskolatze osagarriko programak sartuko direla.
Bestalde, 236/2015 Dekretuak 41. artikuluan garatzen ditu eskolatze osagarriko programak, eta ezartzen du programa horien hartzaileak heziketa-prozesuan beharrizan espezifikoak azaltzen dituzten ikasleak izango direla, izan ezaugarri pertsonalengatik izan eskola-historiarengatik. Baina, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiek agortuta egon behar dute. 2. apartatuak adierazten du eskolatze osagarriko programen helburua dela ikasle horiek heziketa-prozesuarekiko, ikaskideekiko, irakasleekiko eta gizartearekiko jarrera baikorrak edukitzea, hartara arlo pertsonalean eta sozialean aurrera egin dezaten eta, programa amaitu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako helburuak lortzeko prozesuari berrekin diezaioten.
Azkenik, aipatutako dekretuak 41.3 artikuluan ezartzen du eskolatze osagarriko programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten ikastetxe publikoetan egingo direla, edo, bestela, gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzea egiten duten erakunde eta entitateetan. Azken erakunde eta entitate horiek programa osagarri horiei buruzko hitzarmen edo itun bat izenpetuko dute Hezkuntza Sailarekin, berariaz egingo diren deialdien bidez.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duen ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, 23.3 artikuluan, Hezkuntza Administrazioari eskumena ematen dio eskolatze osagarriko programak ezartzeko egoera berezietarako erantzun gisa. Programa horiek zuzenean ezar ditzake Hezkuntza Administrazioak edo, bestela, hezkuntzan esku hartzen duten beste erakunde eta entitateekin lankidetzan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak har ditzakete aldi baterako, Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei jarraituz, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren esparru orokorrean hartutako neurriak nahikoak izan ez badira.
Aurreko mandatuak garatzeko eta zehazteko, 2002ko maiatzaren 7ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindua argitaratu da –Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duena–, egoera txarragoan dauden ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen dituena, bai eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat esku hartzeko neurriak ere. 1998ko uztailaren 30eko Aginduko V. kapituluan programa hauek arautzen dira.
Hori dela-eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia betez –zeinaren bidez onesten baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da udalei, mankomunitateei edo haiek sortutako entitateei, irabazi asmorik gabeko entitateei eta ikastetxe itunduei zuzendutako diru-laguntzen deialdia egitea eskolatze osagarriko programak garatzeko 1998ko uztailaren 30eko Aginduak 14.2 artikuluan ezarritako baldintzak eta zehaztapenak betez. Agindu hori aldatu egin zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2002ko maiatzaren 7ko Aginduak, zeinaren bidez, gizarte edo kulturaren aldetik egoera txarragoan dauden ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza eta neurri arautzen dituen agindua aldatzen baita.
2.– Era horretako irakaskuntzak eskatzen dituzten ikasleak dauden lekuetan burutuko dira programak. 2017-2018ko ikasturterako aurreikusten da herri hauetan izango dela programa horien beharra:
Donostia
Errenteria
Arrasate
Irun
Zumarraga
Barakaldo
Bilbao
Ortuella
Portugalete
Sopuerta
Vitoria-Gasteiz
3.– Hezkuntza Administrazioari dagokio ikasleak esleitzea egokien jotzen duen eskolatze osagarriko programari.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2017-2018ko ikasturtean programak garatzeko jarri den zenbatekoa 1.029.996 eurokoa da. Gehieneko diru kopurua proiektuko 60.588 eurokoa izango da. Gehienez 17 programa onartuko dira.
3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako –Platea– Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.
2.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan nola egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/pec/y22-izapide/eu
3.– Eskaeraren ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/pec/y22-izapide/eu
4.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/pec/y22-izapide/eu. Aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Dokumentazioa aurkezteko moduari buruzko informazioa eta inprimaki normalizatuak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/pec/y22-izapide/eu
3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
4.– Erakunde eskatzaileek eskabidearekin batera aurkeztu beharko dute Programaren proiektua. Proiektu horrek puntu hauek izan beharko ditu nahitaez:
a) Oinarri pedagogikoak: helburu orokorrak, metodologia eta ebaluazio-prozedurak.
b) Prestakuntza-planaren eskema. Hezkuntza Sailak DBHrako proposatutako egutegiari egokitzen zaion egutegia. Ikasleak artatzeko asteko ordutegia –inoiz ezingo dira izan astean 24 ordu baino gutxiago–. Ikaslearen erreferentziazko ikastetxearekiko koordinazioa, asteko 30 ordu arteko aldea erreferentziazko ikastetxearen jardueretan gera dadin.
c) Koordinazioaren eta ikaslearen jarraipenaren plana, jatorrizko ikastetxearen eta harrerakoaren artean ezarria, ikastetxe bakoitzeko erreferentziazko pertsonak zein izango diren zehaztuta.
d) Orientazio-plana.
e) Azpiegitura eta baliagarri izango diren giza baliabideak eta materialak.
f) Gastuen aurrekontua.
5.– Irabazi asmorik gabeko entitateen eta ikastetxe itunduen kasuan, entitateko edo ikastetxe itunduko idazkariaren ziurtagiria aurkeztuko da, diru-laguntza eskatzeko eskumena duen organoak hartutako erabakiaren ziurtagiria hain zuzen, diru-laguntzaren helburua eta zenbatekoa zehaztuta.
6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
5. artikulua.– Entitate eskatzaileen betekizun minimoak.
1.– Diru-laguntza hauek eskatzeko ezinbestekoa da entitate eskatzailea bere izaera juridikoaren arabera eratuta egotea eta ordezkari izateko ahalmen nahikoa duen pertsona ordezkariaren nortasuna egiaztatzea:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak edo haiek sortutako entitateak.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten irabazi asmorik gabeko entitateak.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten ikastetxe itunduak.
2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretako batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.
3.– Eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).
4.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
5.– Programa honetako diru-laguntzarako beste entitate publiko edo pribatu batekin hitzarmen espezifiko bati lotuta ez egotea, eta aurrekontuaren % 50 baino gehiagoko diru-laguntza ez eskuratzea beste edozein bidetatik.
6.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
6. artikulua.– Entitate eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
1.– Entitate eskatzaileek entitatearen legezko eratzea egiaztatu beharko dute beren izaera juridikoaren eta pertsona ordezkariaren nortasunaren arabera, eta pertsona horrek ordezkari izateko ahalmen nahikoa duela justifikatu beharko dute.
2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
3.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.
4.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik ez duela, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).
c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzak direla-eta hasitako ezein itzultze- edo zigor-prozedura bukatuta egon beharko da.
d) Erakunde eskatzaileak adieraziko du eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
5.– Horrez gain, erantzukizunpeko adierazpen bidez betebehar hauek ordeztu ahal izango dira:
a) Udal, mankomunitate edo entitate publikoen kasuan:
– Erakunde eskatzailea ez dagoela lotuta beste entitate publiko edo pribatu batekin ezein hitzarmen espezifikori programa honetako diru-laguntzarako, edo, lotuta egonez gero, diru-laguntza horrek ez dezala gainditu programaren gastuen % 50 baino gehiago (zenbatekoa espresuki adierazi beharko da).
b) Irabazi asmorik gabeko entitateen eta ikastetxe itunduen kasuan:
– Erakunde eskatzailea ez dagoela lotuta beste entitate publiko edo pribatu batekin ezein hitzarmen espezifikori programa honetako diru-laguntzarako, edo, lotuta egonez gero, diru-laguntza horrek ez dezala gainditu programaren gastuen % 50 baino gehiago (zenbatekoa espresuki adierazi beharko da).
– Entitateko edo ikastetxe itunduko organo eskudunak diru-laguntza eskatzeko erabakia hartu duela, eskatzen den diru-laguntzaren helburua eta zenbatekoa zein diren jakinda.
– Entitatea legez eratua dagoela dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan.
6.– Arestian azaldutako betekizunak diru-laguntza esleitu aurretik egiaztatu beharko dira, hautaketa-batzordeak prozeduraren ebazpenaren proposamena egin ondoren, errekerimendua egiten denetik 10 egunera. Betekizunak egiaztatuko dira dagokion ziurtagiria aurkeztuz edo, bestela, administrazioak egiaztapena eginez aurrez diru-laguntza eskatu duen pertsonak edo entitateak horretarako baimena eman badu; betekizunak egiaztatzen ez badira, diru-laguntzari uko egingo zaio.
7. artikulua.– Eskolatze osagarriko programetako parte-hartzaileak.
1.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, 15 urte dituztenak gehienez programa hasten den urteko abenduaren 31n beteta. Programa horien hartzaileak heziketa-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak dira; izan ere, ikasle horien laguntza-premiak ezaugarri pertsonal larrietan edo eskola-historialean oinarritzen dira. Dena den, ikasleok programan sartu aurretik, agortuta egon behar dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiak.
2.– Eskolatze osagarriko programetako ikasleak Hezkuntza Sailak proposatuko ditu, lurralde bakoitzeko Berrikuntza Pedagogikoko lurraldeburutzen bitartez, 1998ko uztailaren 30eko Aginduak, gizarte edo kulturaren aldetik egoera okerragoan dauden ikasleentzat hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen dituen eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat esku hartzeko neurriak arautzen dituen 2002ko maiatzaren 7ko Aginduak aldatzen duenak, 16. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
8. artikulua.– Irakasleak.
1.– Programa irakasten duten irakasleek modu koordinatuan lan egingo duen irakaskuntza-talde bat osatuko dute. Honako hauek osatuko dute:
– Lanbide Heziketako irakasle tekniko bat edo dagokion sektorean egiaztatutako pertsona espezialista bat, Oinarrizko Lanbide Teknikak blokea irakatsiko duena.
– Unibertsitateko diplomaduna edo lizentziaduna den irakasle bat, Oinarrizko Prestakuntzako blokea irakatsiko duena: komunikazioaren eremua eta eremu zientifiko-teknologikoa.
2.– Halaber, hezkuntza-taldeko kide izan ahalko dira Programan jarraitutasunez esku hartzen duten beste profesional batzuk ere (psikologoak, gizarte-hezitzaileak, gizarte-laguntzaileak, gorputz-hezkuntzako irakasleak). Irakasleen lan-kontratuak ikasleentzako ikastaroak irauten duena baino 4 aste gehiago iraungo du gutxienez.
Ikaslerik gabeko denbora-tartea, eta zuzeneko irakaskuntzarik gabekoa, beraz, egoki den moduan banatuko da zeregin hauek egiteko:
a) Ikasturte-hasieran:
– Ikasleen elkarrizketak.
– Hasierako ebaluazioa.
– Ikasturterako programazioen eta ikasgelako curriculum-materialen prestaketa.
b) Ikasturte-amaieran:
– Ikasleen amaierako ebaluazioa.
– Ikastaroaren ebaluazioa eta emaitzak.
– Azken memoria eta memoria ekonomikoa prestatzea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela, edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, erakunde interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da, aurrez Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman badu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
3.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da.
4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
10. artikulua.– Eskabideak igortzea.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, proiektu bakoitzerako lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko Hezkuntzako eta Helduentzako Hezkuntzako unitateen txosten bat erantsiko dute. Txosten horretan, eskatutako diru-laguntza ematearen komenigarritasun-maila adieraziko dute unitateek, eta aipatuko dute zer-nolako koherentzia duten eskabidean proposatutako jarduerek Hezkuntza Sailak gizarte-talde horiei zuzendutako gomendioekin.
11. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
1.– Kide hauek osatuko duten batzordeak aztertu eta hautatuko ditu eskabideak:
a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark ordezkari izendatzen duena.
b) Osabidezko Hezkuntzako eta Helduentzako Hezkuntzako Zerbitzuak horretarako izendatzen duen pertsona.
c) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatzen duen pertsona (idazkari-lana egingo du).
2.– Hautaketa-batzorde horrek, 12. artikuluan zehaztutako hautaketa-irizpideetan oinarrituta, zerrenda bat egingo du eskabideak lehentasunaren arabera ordenatuta, eta ebazpenerako proposamen bat helaraziko dio Hezkuntzako sailburuordeari. Eskabideren batek ez baditu deialdiaren baldintzak betetzen, aparteko zerrenda batean sartuko da eta dagokion dokumentazioa ere erantsiko da.
12. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko –lehiaketa-prozedura bidez egingo da–, eskaeren zerrenda bat egingo da irizpide eta puntuazio hauen arabera:
a) Hezkuntza Sailak gazteen talde horientzako eskolatze osagarriko programei buruz ematen dituen gidalerroen betetze-maila, 3 puntu gehienez.
b) Jarduketa-proiektuaren kalitatea eta oinarri pedagogikoek eskolatze osagarriko programen helburuekin eta planteamendu orokorrarekin duten koherentzia, 3 puntu gehienez.
c) Programaren esku jartzen diren giza baliabideak eta materialak, 2 puntu gehienez.
d) Aurkeztutako aurrekontuaren koherentzia langileen ordainsarien eta funtzionamendu-gastuen esleipenaren arabera, 2 puntu gehienez.
2.– Talde bakoitzarentzat emandako diru-laguntzaren zenbatekoa agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modulu osoarena izango da, eskatutakoaren mugarekin.
3.– Nolanahi ere, diru-laguntza esleitu ahal izateko balioespenean 5 puntu lortu behar dira gutxienez.
4.– Entitate parte-hartzaile bakoitzak balioespen-fasean lortutako puntuazioaren araberako beheranzko ordenari jarraituz esleituko dira diru-laguntzak.
13. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasunak.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira helburu berarekin beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin, betiere lortutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa xede honetarako ez bada guztizko kostua baino handiagoa eta deialdi honetako 5.4 artikuluan ezarritakoa betetzen bada. Xede honetarako lortutako diru-laguntzek guztizko kostua gainditzen badute, gehiegizko kopuru horrekin murriztuko da deialdi honen bidez esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hezkuntzako sailburuordeari dagokio, hautaketa-batzordearen proposamenez, agindu honetan arautzen den deialdia ebaztea. Ebazpen horrek diru-laguntza eskuratzeko eskubidea daukaten entitateak eta diru-laguntzen zenbatekoak jasoko ditu, eta diru-laguntza eskuratzeko eskubiderik gabe geratzen direnen zerrenda, bai eta ukatzearen arrazoia ere.
2.– Aipatutako ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean jakinaraziko da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori pasa ondoren aipatutako ebazpena jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaerak ezetsi direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.
3.– Ebazpena entitate interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio, banaka eta elektronikoki. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
4.– Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
a) Lehenengo zatian, emandako diru-laguntzaren % 20 ordainduko da, behin 16.a) artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.
b) Gainerakoa –esleitutako diru-laguntzaren % 80– tarteko txosten bat aurkeztutakoan ordainduko da. Txosten horretan, une horretara arte proiektuak izandako garapena azalduko da, ikasle bakoitzaren aurrerapen banakatua barne. Txosten hori 2018ko apirilaren 1etik 30era bitartean entregatuko da, biak barne. Tarteko memoria modu elektronikoan aurkeztu ahal izango da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/pec/y22-izapide/eu
2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluko 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat); horiez gain, betiere, betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 15 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea betetzen direla eskakizunak eta baldintzak eta egin dela jarduera.
d) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).
e) Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak programa garatzeko erosi duen tresneria, bestalde, programa horretako jardueretarako soilik erabiliko da. Materiala erosi ahala, tresneriaren berariazko inbentarioan jaso beharko da. Ekipamendu hori inori lagatzeko edo, hala badagokio, besterentzeko, berriz, beharrezkoa izango da Hezkuntza Sailaren eta dagokion erakundearen adostasun adierazia eskuratzea.
f) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.
g) Erakunde eskatzaileak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta ikasleentzat aseguru bat kontratatzearenak (eskola-aseguruak jasotzen dituen prestazio guztiak eskaini beharko ditu).
h) Entitate onuradunari dagokio programa antolatzea eta garatzea, eta horretarako egoki diren giza baliabideak eta materialak bermatuko ditu. Langileak Hezkuntza Sailak antolatzen dituen prestakuntza-prozesuetara joan ahal izango dira.
17. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– 2018ko ekainaren 30etik abuztuaren 31ra bitartean, biak barne, entitate onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2017/pec/y22-izapide/eu):
a) Programaren garapenaren laburpen-memoria, puntu hauek barne hartuz:
– Laburpen motza eta egindako aldaketak, diru-laguntza eskatzean egindako programaren proiektuan oinarrituz.
– Taldeak eta ikasle bakoitzak lortutako helburuak. Horretarako, oinarritzat hartuko dira programaren proiektuan aurreikusitako helburuak.
– Emaitzen analisia, proiektua egokia ote den zehazteko eta behar dituen aldaketak finkatzeko.
b) «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatua (ikus eranskina):
– Pertsonako eta hileko nominak, bakoitzaren zenbatekoa eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindutakoa zehaztuta.
– Dokumentuen zerrenda, honako hauek adierazita: data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa, zenbateko egozgarria (egoki bada) eta ordainketaren data.
– Diru-laguntzaren kargura eskuratutako material inbentariagarria inbentarioan sartu izana adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
– Emandako diru-laguntzaren xedea eta helburua bete izana eta horretarako jarritako zenbatekoak adierazten dituen erantzukizunpeko adierazpena.
c) Justifikatzeko dokumentazioa – «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan zerrendatutako nominak.
d) Justifikatzeko dokumentazioa – «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan zerrendatutako ordainagiriak eta fakturak.
2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntzaren aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
18. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta diru-laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.
20 artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.
1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.
2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA). Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.
3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.
21. artikulua.– Proiektuaren jarraipena.
Hezkuntza Sailak, erakunde onuradunarekin lankidetzan, proiektuaren gauzatzearen eta aplikazioaren ebaluazioa eta jarraipena egingo ditu. Ikastetxe onuradunak ikasleen eboluzioari eta ikaste-mailari buruzko informazio zehatza emango du, ikasleen jarraipen banakatua eta programaren garapen orokorraren jarraipena egin ahal izateko.
22. artikulua.– Onuradunek diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea.
1.– Jarduera hau azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak, eta gauzatutzat joko da erakunde onuradunak hirugarrenekin ituntzen duenean jardueraren guztizko exekuzioa edo partziala. Erakunde onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera hori, gainera, diruz lagundutako jardueraren % 100era irits daiteke.
2.– Enpresa kontratatuak erakunde onuradunaren mende soilik egongo dira, eta horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.
3.– Erakunde onuradunaren eta kontratatuaren artean egiten den kontratua idatziz jasoko da eta aurrez Administrazioak baimendu beharko du. Horretarako, enpresa kontratatuak antzeko arloetako prestakuntza-esperientzia egiaztatua izan beharko du, baita orientazio- eta laguntza-zerbitzu ona dituen hezkuntza-ingurunea ere, ikasleei lanerako prestakuntza-ibilbide egokia emateko.
4.– Inola ere ezingo dira diru-laguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak azpikontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote.
23. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak erabili eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «19. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren Prestatzeko eta berritzeko proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatu eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari agindu hau aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 29a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.