EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2017175

AGINDUA, 2017ko abuztuaren 31koa, Kultura et Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2017an eta 2018an euskal kultura-ondarearen babesaren arloari aplikatutako ikerketa-lanak egiteko diru-laguntzen deialdia egin eta hartarako araubidea arautzen duena.

Xedapenaren data: 2017-08-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201704435
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak 10. artikuluaren 19. zenbakian Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea.
Horren ildotik, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, antolamendu juridiko berri bat ezarri zuena euskal kultura-ondarea defendatu, aberastu, hedatu eta sustatzeko. Lege horren 3. artikuluaren arabera, bada, botere publikoak, beren egitekoak betez eta eskumenak erabiliz, euskal kultura-ondarea osorik gordetzeaz arduratuko dira, eta ondare hori babestu, aberastu eta zabaltzeko sustapen-lana egingo dute, modu eraginkorrean jardunda, oraingo eta geroko belaunaldiek ondare hori ezagutu, ulertu eta gozatu ahal izango dutela bermatzeko.
Eusko Jaurlaritzak, 7/1990 Legeari jarraituz eskumen horiek garatzeko erakunde eskuduna den aldetik, Euskal Kultura Ondarearen Zentroa sortu zuen. Egun, zentro hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, hala ezarrita baitago sail horren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuan. Lege horren 5. artikuluaren 2.d) atalaren arabera, Zentroaren funtzioetako bat «euskal kultura-ondareari buruzko ikerlanak sustatzea» da. Orain arte ez zaio interes berezirik jarri arlo horri, baina gero eta nabarmenagoa da gure ondarearen elementuetako bakoitzaren berezitasunei buruzko ezagutzan sakontzearen beharra eta garrantzia; hartara, horiek ezagutzeaz gain, tresna hobeak eta egokiagoak prestatu ahal izango ditugu, berme osoz babestu ahal izateko. Orain dela urte batzuetara arte, mugatua zen ondarea, baina, denbora igaro ahala, asko handitu da, eta adituek ia landu ez dituzten eremuetara hedatu da: industria-ondarea, ondare immaterial edo ukiezin deitutakoa, eta, nola ez, memoria historikoaren ondarea, bai eta ondare higigarria ere.
Agindu honek, bada, kultura-ondarearen babesari aplikatutako ikerketa-proiektuak egiteko diru-laguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzeko esparrua zehazten du, eta diru-laguntzon deialdia egiten du 2017rako eta 2018rako.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deitutako laguntzen xedea ikerketa-proiektuak egitea da; hain zuzen ere, euskal kultura-ondarearen babesaren arloari aplikatutako ikerketa-proiektuak, ondare materiala –higiezina eta higigarria– nahiz immateriala barne.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Kultura-ondarea –zentzu zabalenean ulertuta– hobeto ezagutzen laguntzen duten eta berau babesteko irizpide oinarridunak zehazten eta tresna erabilgarriak egiten laguntzen duten proiektuak lagundu ahal izango dira diruz. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondareari buruzkoak izango dira proiektuak, eta iturri dokumental, bibliografiko, arkeologiko, toponimiko, grafiko, ikusizkoak izango dituzte oinarri, bai eta ahozko transmisioko iturriak ere.
Diru-laguntzen ildo honetatik baztertuta egongo dira:
– Ikerketa bera xede duten proiektuak, kultura-ondasunen babesari aplikatutako dimentsio praktikorik ez duenak.
– Laborategian egin beharreko analitikak, ikerketaren xede nagusia badira: karbono-14, DNA eta abar.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak deialdi honen aurretik egin dituen ondare-katalogoak egitea xede duten proiektuak.
– Landako ikerketa arkeologikoko lanak (hainbat urtetako programak), lurpean nahiz eraikinetan (altxaeren analisia), foru-aldundiek edo beste administrazio publiko batzuek abiarazitako beste diru-laguntzen ildo batzuetan diruz lagun badaitezke.
7/1990 Legearen 45.5 artikuluan zehaztutako betearazpen-beharraren ondorio diren lan arkeologikoak; hots, gune edo ondasun arkeologiko kalifikatuei eta inbentarioan jasotako ondasunei eragiten dieten edozer motatako lanen ondorioz beharrezkoak diren jarduerak.
– Foru-aldundiak edo beste administrazio publiko batzuk egiten ari diren jarduerak.
3. artikulua.– Onuradunak.
Geografia eta Historian, Historian edo baliokideren batean lizentziadun edo gradudun goi-mailako unibertsitate-titulua duten pertsona fisikoek eskuratu ahal izango dute diru-laguntza hau. Baliagarriak izango dira, halaber, espezialitate hauei dagozkien titulazioak: Antzinaroaren Historia, Erdi Arokoa, Modernoa, Garaikidea, Arkeologia edo Historiaurrea, bai eta Artearen Historia eta Antropologia Kulturala ere.
Lana banaka edo taldeka egin ahal izango da. Taldeka egiten bada, diru-laguntza bakarra emango da, eta pertsona fisiko batek ordezkatu beharko du taldea. Ordezkari hori, bada, zuzendari zientifikoa eta proiektuaren arduraduna izango da. Pertsona hori diru-laguntzaren onuradun bakarra izango da.
Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean baino ezingo da halakotzat agertu.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako xedera, 160.000 (ehun eta hirurogei mila) euro bideratuko dira. Horietatik 80.000 (laurogei mila) euro 2017ko aurrekontuari dagozkio, eta 80.000 (laurogei mila) euro 2018ko konpromiso-kredituetarako dira.
5. artikulua.– Diru-laguntzen muga edo gehieneko zenbatekoa eta bateragarritasuna.
Onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko ehun (% 100) hartu ahal izango dute diru-laguntzek, proiektuko 13.500 (hamahiru mila eta bostehun) euro gainditu gabe; betiere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.
Diruz lagun daitezkeen gastuak izango dira Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 83. artikuluan halakotzat jotakoak.
Diru-laguntza hau ez da bateragarria izango ikerketa berera bideratutako edozer motatako beka edo laguntzarekin edo bestelako sarrerekin.
6. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
1.– Jarduteko gaitasun nahikoa izatea.
2.– Agindu honen 3. artikuluan exijitutako titulazioa izatea.
3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak.
4.– Minimis-araubideko 200.000 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso ez izana, ez azken bi ekitaldietan, ez uneko ekitaldian.
5.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa barne.
6.– Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.
7.– Era berean, Diru-laguntzei buruzko 28/2013 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
7. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.
Diru-laguntzaren xede diren proiektuek hasita egon behar dute, edo 2017ko ekitaldian hasi, eta 2018ko urriaren 2a baino lehen amaitu. Ezingo da gauzatzeko epea data horietatik aurrera atzeratu edo luzatu.
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Interesdunek bide elektronikoak edo presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.
3.– Eskaerak era presentzialean aurkeztu ahal izango dira, honako toki hauetan: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan. Eskaerak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
4.– Eskaera-eredua eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, bai eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzan eta Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan ere.
5.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:
– Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2017/investigacion-patrimonio-cultural/es/
– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/kultura-ondarea-ikerketa/eu/
6.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak
7.– Eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko, bide presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.
8.– Eskaerak bide presentzialez nahiz bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak eskuragarri daude egoitza elektronikoan, artikulu honen 5. zenbakian zehaztutako helbidean.
Artikulu honen 3. zenbakian adierazitako tokietan ere eskuratu ahal izango dira.
9.– Eskatzaileek eskaera eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
9. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
1.– Agindu honen 3. artikuluan exijitutako titulazioa egiaztatzeko, tituluaren edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiriaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko da, eta, horrekin batera, eskatzailearen espediente akademikoaren ziurtagiria, non adierazten baita zein diren eskatzaileak titulua lortzeko egin eta gainditutako ikasgaiak edo gaiak.
2.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskaerarekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Eskaera izapidetzeko unean ebazteke dauden xede berarako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk eskatu direla jakinarazi behar du eskatzaileak, edo xede berarako beste diru-laguntzarik, laguntzarik edo sarrerarik jaso ez izanaren erantzukizunpeko adierazpena egin.
– Minimis-araubideko laguntzei buruzko adierazpena aurkeztuko du (dagokion formularioaren eskaeran jasota dago).
– Eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena).
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, indarrean diren araudian ezarritakoak.
4.– Eskatzaileak eskubidea dauka lehendik administrazio publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez aurkezteko, 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin bat etorriz. Hala eginez gero, adierazi beharko du zer administrazio-organotan eta noiz aurkeztu zituen; datu pertsonalak jasotzen dituzten agirien kasuan, interesdunaren berariazko baimena beharko da.
10. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaeraz gainera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1.– Egingo duen ikerketa-proiektuaren memoria. Memoriak 15 orri izango ditu gehienez, eta epigrafe hauetan egituratuta egongo da:
– Titulua.
– Proiektuaren aurkezpena.
– Proiektuaren helburu zehatzak (diru-laguntzaren iraupena aintzat hartuta).
– Gaiaren interesa eta ikerketen uneko egoera.
– Lan-hipotesia, -metodologia eta -plana, eta dagokion kronograma.
– Iturri eta bibliografia espezifikoak.
2.– Eskatzailearen curriculum vitaea eta, hala badagokio, proiektua egingo duen taldea osatzen duten pertsonena.
3.– Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, 8. artikuluan adierazitako tokietan eskuragarri dagoen «Gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.
4.– Zientzia-erakunde bati lotutako unibertsitate-irakasle edo ikerlari doktore baten txostena, aurkeztutako proiektua bermatzen duena. Aurkeztutako proiektua bigarren edo hirugarren zikloko unibertsitate-irakaskuntza arautu baten esparruan egiten bada (master-tesia edo doktorego-tesia), horren berri eman beharko da txostenean, amaierako balorazioan aintzat har dadin.
11. artikulua.– Laguntzak kudeatzea.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.
12. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta eskatutako moduan egin dela, bai eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela ere.
2.– Eskabidearen tramitea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko da, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela (ebazpen baten bidez emango zaio horren berri).
13. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean xedatua errespetatuz), eskaerak aurkezteko epea amaituta eta zein onartu diren eta zein ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako esleipen-irizpideak aplikatuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.
2.– Honako hauek osatuko dute batzordea:
– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.
– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak. Haietako bat batzordeko idazkaria izango da.
– Unibertsitate-irakasle bat edo, bestela, izen handiko ikerlari bat, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuta.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da balorazio-batzorderen osaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.
3.– Balorazio-batzordeak egoki deritzonean, proiektuari dagokion gaian aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
4.– Organoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, batzordeburuak eta idazkariak bilkuran egon behar dute, edo, bestela, haien ordezkoek, eta, gutxienez, kideen erdiek.
5.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
14. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzak emateko, norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da:
– Behin eskaerak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 12.2 artikuluan aurreikusi izapidea gauzatzean, agindu honetan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten jarduerak ebaluatu egingo ditu balorazio-batzordeak, 15. artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriaz.
– Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek, gutxienez, 50 puntu jaso behar dituzte ebaluazio-fasean.
2.– Baldin eta bi proiektuk edo gehiagok ikerketa-gai edo -ikuspegi berdina edo antzekoa badute eta, ebaluazioa egin ostean, 50 puntu edo gehiago lortzen badute, puntuazio txikiena lortu dutenak baztertuko dira, eta puntuazio handiena duenari baino ez zaio emango diru-laguntza.
3.– Hainbat proiektuk puntuazio bera lortzen badute, agindu honen 15. artikuluaren e) letran puntuaziorik handiena lortu duenak izango du abantaila. Berdinketak jarraituz gero, eskatzaile gazteenak izango du abantaila, agindu honen espirituarekin koherentzian.
4.– Eskatutako diru-laguntzaren % 100 emango zaie gehienez; betiere, agindu honen 19. artikuluan zehaztutako gehieneko muga errespetatuta. Proiektuek lortutako puntuazioak markatzen duen ordenari jarraikiz emango da laguntza, harik eta baliabide ekonomikoak agortu arte. Azkeneko lekuan dagoen proiektua diruz laguntzeko zenbatekoari dagokionez, zenbatekoa ez bada % 100era iristen, zenbateko txikiagoa emango da; betiere, balorazio-batzordeak uste badu hala eta guztiz ere bermez gauzatu ahal izango dela. Dena dela, kasu horretan, gutxitzeak ezingo du gainditu eskatutako diru-laguntzaren % 25.
15. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Diru-laguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira (guztira, 100 puntu izango dira):
a) Azterketa-xede orokorra duten proiektuak, kultura-ondare ugari biltzen dituztenak. Hori ez da ulertuko kopuruari dagokionez, baizik eta koherentzia duen ondasun-multzo gisa, tipologia, kronologia, eskualde bat eta abar. Gehienez ere, 15 puntu. Tipologia baten ondasun orokorrak direnean edo Euskal Autonomia Erkidegoa denean xede-eremua, 15 puntu emango dira; ondasun-multzo partzial esanguratsu bat aztertzen denean edo lurralde historiko bat denean xede-eremua, berriz, 10 puntu; eta elementu puntualak direnean (ez nahitaez banakakoak), aldiz, 5 puntu.
b) Egoera edo kokapenagatik lehentasunezko jo daitezkeen kultura-ondareak aztergai dituzten proiektuak, honako irizpide hauek tarteko: ondarea zer inguru geografikotan dagoen edo zer jakintza-arlotakoa den, nolako kontserbazio-egoeran dagoen, babes-mekanismoak ezartzeko zailtasun handia duen: gehienez, 15 puntu.
c) Beste iturri batzuen artean landa-lana baliatzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, egin beharreko landa-lanen bolumenaren arabera. Hainbat elementutan luze-zabaleko indusketa arkeologikoak edo zundaketa arkeologikoak egitea eskatzen duten lanetarako, 15 puntu emango dira; elementu batean zundaketa puntualak egin behar badira edo hainbat elementutan administrazio-baimenik behar ez duten landa-lanak egin behar badira, berriz, 10 puntu; eta administrazio-baimenik behar ez duen landako prospekzio edo esku-hartze puntualak egin behar badira, aldiz, 5 puntu.
Landa-lanak izango dira Ondare Arkeologikoari buruzko 7/1990 Legearen 45. artikuluan jasotakoak, bai eta azterlanaren xede diren kultura-ondasunei buruzko datuak «in situ» biltzea dakarten beste modalitate batzuk ere: elkarrizketak, inkestak, ondasunak berrikustea datuak biltzeko, higiezinen azterketa estratigrafikoa eta abar.
d) Ikerketa gauzatzeko, jatorrizko dokumentu-iturrietara sistematikoki jotzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, kontsultatu beharreko dokumentazio-bolumenaren arabera. Hainbat agiritegi kontsultatzea eskatzen duten proiektuetarako, 15 puntu emango dira; dokumentu-artxibo bat iturri dutenetarako, berriz, 10 puntu; eta bestelako iturri berrietara jotzen duten proiektuetarako, aldiz, 5 puntu.
e) Proiektuaren kalitatea eta interesa. Atal hau baloratzeko, kontuan hartuko dira, besteak beste, proiektuan zenbateraino zehazten diren garatuko diren jarduerak, nolako metodologia erabiliko den, aurrekontua arrazoizkoa den eta ikerketa berri den. Gehienez, 20 puntu.
f) Ikerketa-proiektu zabalago baten parte izatea (esaterako, doktorego-tesi bat), baina nortasun propioarekin. Gehienez ere, 10 puntu.
g) Ikerketaren emaitzek kultura-ondarea babesteko duten aplikazio praktikoa: gehienez ere, 5 puntu.
h) Ondare higigarria edo ondare immateriala aztergai duten proiektuei 5 puntu emango zaizkie.
16. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.
2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:
a) Diruz lagundutako proiektuak eta esleitutako diru-zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.
b) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.
c) Onartu ez diren proiektuak, horretarako arrazoiak azalduta.
d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu arautzailearen 7. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
e) Behin proiektua amaituta, emandako diru-laguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 20.2 artikuluak dioenari jarraituz.
f) Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko berme gisa bidezko iritzitako beste edozein betebehar.
3.– Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.
Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekiko balitz, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo entitate interesdunari bidalitako jakinarazpena jasotzen denetik eta hark jakinarazpen horri erantzuten dion arte.
4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideei uko egin zaiela ulertu ahal izango da, isiltasun administratiboaren bidez, administrazio-prozedurari buruzko arauetan ezarritakoari jarraituz.
5.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar oro jakitun izan dadin.
6.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz.
17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren diru-laguntzen onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
3.– Edozer administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk xede berarako emandako diru-laguntzen, sarreren edo baliabideen berri ematea, lortutako laguntza horien ukoari edo onarpenari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.
4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Eta diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak –baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte– albait arinen komunikatu beharko dira.
5.– Euren funtzioak egiten ari direlarik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea, jasotako diru-laguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.
6.– Ikerketaren ondoriozko testuetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso dela aipatzea, eta Sailaren logotipo ofiziala ere jasotzea. Proposatutako ikerketarako eman den diru-laguntzak etorkizunean doktorego-tesi bat egiteko bide ematen badu, tesia amaitzean, eskatzaileak Eusko Jaurlaritzak emandako laguntza adierazi beharko du horretan, bai eta ale bat Kultura Ondarearen Zuzendaritzara igorri ere.
7.– Diru-laguntza baliatzen duen bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea etenik gabe.
8.– Ikerlana amaitzea eta diru-laguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa igortzea 20.3 artikuluan adierazitako gehieneko epean.
9.– Era berean, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
18. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren gaineko kontrola eta segimendua.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.
Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.
19. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko era.
1.– Agindu honen babesean eman beharreko diru-laguntzak zatika ordainduko dira, era honetan:
a) Lehen ordainketa, diru-laguntzaren guztizkoaren % 50ekoa, diru-laguntza esleitzen den unean.
b) Gainerako % 50a diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutakoari jarraikiz ordainduko da, gastua justifikatu ondoren, diru-laguntzaren indarraldia amaitzean eta aurretik eskatutako dokumentazioa aurkeztuta.
2.– Eskatutako eta proiektuaren aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen % 100 (ehuneko ehun) hartu ahal izango dute diru-laguntzek, betiere proiektuko 13.500 (hamahiru mila eta bostehun) euro gainditu gabe eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.
3.– Diru-laguntza hau ez da bateragarria izango edozer motatako beka edo laguntzarekin edo diru-laguntzaren xede-jarduerara bideratutako bestelako sarrerekin.
4.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan edo aldatu egin nahi baditu erregistro horretan dituen banku-datuak, bide presentzialez edo elektronikoz egin ahal izango du:
– bide presentzialez: 8. artikuluan adierazitako administrazio-bulegoetan eskura daitekeen formularioen bidez, baita helbide elektroniko honetan ere: https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
– elektronikoki, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/y22-hirualta/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
20. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Eskaerak era presentzialean aurkeztu ahal izango dira, honako toki hauetan: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan. Eskaerak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, bide elektronikotik aurkeztu ahal izango da justifikazio-dokumentazioa helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
2.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, laguntza eragin duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:
a) Egindako jarduera bete izanaren justifikazio-memoria, ahalik eta xehakatuena; eta, horrekin batera, eskaerarako azterlana bermatu duen pertsonak idatzitako txostena, egindako lanari oniritzia emateko eta egoki iritzitako beste ohar batzuk egiteko.
b) Diruz lagundutako ikerlanaren amaiera-dokumentuaren kopia bat; eta, horrekin batera, laburpen elebidun bat (euskaraz eta gaztelaniaz), gehienez ere 1.800 karakterekoa. Amaiera-dokumentuaren testua Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren estilo-arauei jarraikiz idatziko da. Justifikazioa era presentzialean egiten bada, formatu digitalean aurkeztuko da, euskarri fisiko batean grabatuta (CD/DVD, USB memoria, eta abar). Bide elektronikoa erabiltzen bada eta 30 MB baino handiagoa bada, helbide elektroniko bat adieraziko da memorian, hain zuzen ere organo kudeatzaileak lana jasotzen duten fitxategiak deskargatu ahal izan ditzan. Bide presentziala hautatzen dutenek ere erabil dezakete prozedura hori.
Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek hasiera batean eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren planteamenduekin bat etorri beharko dute.
c) Jarduera gauzatzeak eragindako gastuen egiaztagiriak: diruz lagundutako jarduera gauzatzeak eragindako gastuak egiaztatzeko jatorrizko fakturak edo beste edozer agiri; horien zenbatekoak aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoaren baliokide izan behar du. Aipatu egiaztagirien kopia konpultsatuek ere balio dute.
d) Zinpeko adierazpen bidez, diruz lagundutako jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze orekatua, ahalik eta xehakatuena. Adierazpen horretan, erantzukizunpeko adierazpen bat jasoko da, non ziurtatuko baita Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza baino ez dela jaso xede horretarako.
3.– Egiaztagiriak 2018ko urriaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira, egun hori barne.
4.– Betiere, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
21. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.
1.– Helburua eta irizpideak.
Justifikatutako diru-zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino handiagoa izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzeko.
2.– Prozedura.
a) Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.
b) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak direnean, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, bi hilabeteko epean, jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.
Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari diru-zenbatekorik itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da likidazio-ebazpenean, jakinarazpena egiten denetik hasita; betiere, abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan ezarritako prozedura errespetatuta (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak zehazten dira).
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epe barruan ez itzultzea (hala badagokio).
d) Kultura Ondarearen 7/1990 Legeari eta hura garatzekoei jarraikiz nahitaez bete behar den beste edozer betebehar.
2.– Artikulu honetako aurreko zenbakian zehaztutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala, arau horietan ezarritakoa bete ondoren eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluari jarraikiz.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Araudian ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan ezarritako laguntzak «minimis» arauen mendean daude (araudi hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, hiru ekitaldi fiskalen edozer alditan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Kultura Ondarearen arloko Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko direla, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututa dago fitxategi hori. Agindu horren bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloetako) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira (abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.). Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aurrez aipatutako data beretik aurrera (uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 31.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.