EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2017174

AGINDUA, 2017ko irailaren 1ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Fundación Centro de Formación Ikaslan fundazioaren estatutuetako 7. eta 13. artikuluetan egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-09-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201704409
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko ekainaren 30ean eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Centro de Formación Ikaslan fundazioaren estatutuetako 7. artikuluan –Patronatuaren osaketa– eta 13.ean –Ikaslaneko zuzendaria eta fundazioko zuzendari kudeatzailea izendatzea– egindako aldaketak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa horiek egitea 2017ko maiatzaren 25ean erabaki zuen Fundazioaren Patronatuak. Espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion eskabide-idazkiari.
Bigarrena.– Aldatutako artikuluak fundazioko zuzendari kudeatzailearen izendapenari buruzkoak dira. Kargu horretarako Fundación Goierriko Herrien Ekintza fundazioko zuzendari kudeatzailea izendatuko da, eta beraz, bi karguak lotuta geratzen dira.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 33.1 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan. Bestalde, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.
Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ordiziako (Gipuzkoa) Fundación Centro de Formación Ikaslan fundazioaren estatutuetako 7. artikuluan –Patronatuaren osaketa– eta 13.ean –Ikaslaneko zuzendaria eta fundazioko zuzendari kudeatzailea izendatzea– egindako aldaketak, Fundazioaren Patronatuak 2017ko maiatzaren 25ean erabakitakoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, agindu honen data duela, 2017ko ekainaren 15ean Ignacio Pagola Villar notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 857).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 1a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.