EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017172

89/2017 EBAZPENA, irailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Lankidetza-Hitzarmena Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen artekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei eta zerbitzuei buruzko 2016ko inkesta egiteko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201700089
Xedapenaren data: 2017-09-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201704362
Maila: Ebazpena
Euskal Estatistika Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea lankidetza-hitzarmen honen testua: Lankidetza-Hitzarmena Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Euskal Estatistika Erakundearen artekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei eta zerbitzuei buruzko 2016ko inkesta egiteko dena. Testu hori honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 4KO 89/2017 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ETA EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ARTEKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN LURRALDE-EREMUAN ETXERIK GABEKO PERTSONEN ARRETARAKO ZENTROEI ETA ZERBITZUEI BURUZKO 2016KO INKESTA EGITEKO DENA.
Batetik, Gregorio Izquierdo Llanes jauna, Estatistikako Institutu Nazionalaren (aurrerantzean, INE) lehendakaria; erakunde horren izenean eta hura ordezkatuz jarduten du, maiatzaren 11ko 508/2001 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Estatistikako Institutu Nazionalaren Estatutuaren 5.2 artikuluak emandako eskudantzien arabera.
Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Euskal Estatistika Erakundearen (aurrerantzean, Eustat) zuzendari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak esleitutako eskuduntzak betez, Gobernu Kontseiluak 2017ko ekainaren 13ko bilkuran emandako baimena dela bide.
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:
Estatistikako Institutu Nazionala eta Eustat elkarlanean ari dira estatistika esparruan, eta bi alderdiak daude emaitzekin pozik.
Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hobeto ezagutu nahi dituzte gizarte-bazterketako prozesuak nahiz etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroen ezaugarriak. Horrenbestez, eta kontuan hartuta Konstituzioko 149.1.31 artikuluaren arabera Estatuak estatu-xedeko estatistiketan eskumen esklusiboa duela eta abenduaren 18ko 3/1979 Legeak onetsi zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.37 artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak bere xedeetarako estatistiketan eskumen esklusiboa duela, komenigarria da Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa horren gaineko jarduera publikoa koordinatzea, horrela bikoiztasunik ez gertatzeko.
Arestian azaldu diren helburuak Etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei eta zerbitzuei buruzko 2016ko inkestarekin –urriaren 31ko 410/2016 Errege Dekretuaren bidez onartutako 2017-2020 Estatistika Plan Nazionalean jasotzen da eragiketa estatistiko hori– eta 2014-2017 Euskal Estatistika Planaren azaroaren 13ko 3/2014 Legean jasotako Etxerik gabeko Pertsonentzako Baliabideen Estatistikarekin lortu nahi dira.
Lankidetza hitzarmen honen bitartez, eta bertako klausuletan zehazten diren erabakiak oinarritzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa bakar bat egin nahi da; hots, estatistika-plan desberdinetan aurreikusi diren helburuak betetzeko informazioa lortu nahi da, baina estatistika-eragiketan bikoiztasunik egin gabe, eta, hartara, baliabide publikoak aurreztuko dira.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen denez, hitzarmenak sinatu ahal izango dira administrazio publiko biren edo gehiagoren artean, eta, hitzarmen horien arabera, bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabili ahal izango dira, eskumen propioak edo delegatuak baliatzeko.
Ondorioz, alderdiek gaitasuna daukate lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko. Hitzarmena azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren aplikazio-eremutik kanpo geratuko da, sor daitezkeen zalantzak argitu eta hutsuneak betetzeko izan ezik; kasu horretan, lege-testu horretako printzipioak aplikatuko baitira.
Hori guztia dela eta, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, honako klausula hauek aintzat harturik
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmenaren helburua.
Hitzarmen honen helburua da Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Eustaten arteko lankidetza formalizatzea, erakunde horiek Etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei eta zerbitzuei buruzko inkesta (2016) egin dezaten Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruan.
Inkestaren xedea etxerik gabeko pertsonei ostatua, janaria edo beste zerbitzu-mota batzuk doan edo diru-kopuru txiki bat ordainduta edo lanen bat egitearen truke ematen dieten zentroak dira. Inkestaren helburua zentroen ezaugarriak ezagutzea da; besteak beste, eskaintzen diren prestazioak, artatzen den biztanleria, finantzaketa-iturriak, finantza eta giza baliabideak eta kaleko esku-hartzea.
Bigarrena.– Inkestaren metodologia, galdetegia eta sustapena.
Euskal Autonomia Erkidegoan etxerik gabeko pertsonen arretarako zentroei eta zerbitzuei buruzko 2016ko inkesta Estatistikako Institutu Nazionalak emandako eta Eustatekin adostutako zehaztapen metodologikoen arabera egingo da, eta, hala, estatistikaren emaitzek estatu osorako balio dutela ziurtatzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoan ikertu beharreko zentroen direktorioa Eustatek eguneratuko du. Direktorioa eguneratu ondoren, Estatistikako Institutu Nazionalak behin betiko direktorioa egingo du, eta hori erakunde biek adostuko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoan erabili beharreko galdetegia Estatu osoan erabiliko den berbera izango da edukiari dagokionez, baina Eustatek eranskin propioa gehitu ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegorako bereziki interesgarria den informazioa jasotzeko. Gaztelaniazko eta euskarazko galdetegiak egongo dira, eta hitzarmena sinatzen duten bi erakundeen anagramak erantsi beharko dira guztietan.
Eustatek estatistika sustatzeko gutun bat bidaliko die inkestan parte hartu behar duten zentro guztiei, Euskal Autonomia Erkidegoan inkesta hori zein modutan egingo den azaltzeko. Gutuna gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egongo da eta bi erakundeetako ordezkariek sinatuko dute; hau da, Estatistikako Institutu Nazionalaren Produktu Estatistikoen zuzendari nagusiak eta Eustateko zuzendari nagusiak sinatuko dute.
Hirugarrena.– Datuen bilketa, grabazioa eta arazketa.
Eustat arduratuko da galdetegiak Euskal Autonomia Erkidegoan biltzeaz. Datuak 2017ko lehenengo bost hilabeteetan bilduko dira.
Eustatek bere gain hartuko du galdetegiak biltzeko beharrezko aplikazioak sortzeko ardura, bai eta galdetegi elebidunak itzultzekoa ere.
Galdetegiak bildu bitartean, Eustatek eskuz eta automatikoki araztuko ditu galdetegiak, ezarritako arau eta zehaztapen metodologikoei jarraikiz.
2017ko ekainaren 15a baino lehenago, Eustatek Estatistikako Institutu Nazionalari bidaliko dio, ustia dezan, azken fitxategi araztua, Estatistikako Institutu Nazionalak aurretiaz ezarritako erregistro-diseinuari egokitua. Epe horretantxe, direktorioari buruzko datuak bildu bitartean gertatutako gorabeheren laburpen bat bidaliko du (altak, bajak, aldaketak).
Estatistikako Institutu Nazionalak detektatutako funsgabetasunen berri emango dio Eustati; ondoren, bien adostasunarekin, Eustatek behin betiko fitxategia egiteko beharrezkoak diren erregistroak aldatuko ditu. Behin betiko fitxategi hori Estatistikako Institutu Nazionalari bidali beharko zaio 2017ko uztailaren 15a baino lehen.
Euskal Autonomia Erkidegoko behin betiko fitxategia, ondorio guztietarako, inkestaren emaitza gisa jasoko da.
Laugarrena.– Informazioa zabaltzea.
Bai Estatistikako Institutu Nazionalak bai Eustatek, bakoitzak bere helburu eta eskumenen esparruan, beharrezkotzat jotzen dituzten taulak eta emaitzak argitaratu ahal izango dituzte, betiere klausula honetan ezartzen diren zehaztapenekin.
Estatistikako Institutu Nazionalaren behin betiko fitxategietatik lortutako zabalkundeko produktu guztietan honakoa adierazi behar da: «Iturria: INE, Euskal Estatistika Erakundea/Instituto Vasco de Estadística (Eustat) erakundearen lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».
Era berean, Eustaten behin betiko fitxategietatik lortutako zabalkundeko produktu guztietan honakoa adierazi behar da: «Iturria: Eustat, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) lankidetzarekin Euskal Autonomia Erkidegoan».
INEk ez du zabalduko Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko informazio gehigarririk autonomia-erkidegoarena baino beheragoko mailan, Estatuko inkestaren diseinuan ez delako probintzia mailako edo hori baino beheragoko ordezkatzerik egongo. Gainera, INEk Euskal Autonomia Erkidegoari buruz egiten duen hedapen estandarra gainerako autonomia-erkidegoetarako egindako bera izango da.
Eustatek, Euskal Autonomia Erkidegoaren helburuak eta eskumenak gauzatzeko, autonomia-erkidegoarena baino beheragoko mailan dauden estatistika-emaitzak hedatu ahal izango ditu, desagregazio maila eta, betiere, sekretu estatistikoa errespetatzen baditu.
Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko behin betiko emaitzak hitzarmena sinatu duten bi erakundeek batera, adostuta, argitaratuko dituzte, aldez aurretik horretarako ezarri duten egunean. Euskal Autonomia Erkidegoko datuak Espainiako eremuan kokatzeko, INEk Espainiako agregatu nagusien datuak emango dizkio Eustati, emaitzak zabaltzeko ezarritako data baino hiru lanegun lehenago.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
Jarraipen-batzorde bat sortuko da hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, eta batzorde horrek hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen arazoak ebatziko ditu.
Alderdi bakoitzak hiru kide izango ditu batzordean, eta beharrizana dagoen guztietan bilduko dira.
Produkzio Estatistikoa eta Laginketa Kontrolatzeko Departamentuko zuzendaria edo hark delegatzen duena izango da batzordeburua, eta, idazkaria, berriz, batzordeko kideen artean batzordeburuak aukeratzen duena.
Honako hauek osatuko dute hitzarmenaren jarraipen-batzordea:
– Estatistikako Institutu Nazionalaren ordezkariak:
– Produkzio Estatistikoa eta Laginketa Kontrolatzeko Departamentuko zuzendaria.
– Estatistika Sozial Sektorialen zuzendariorde nagusia.
– Estatistiken eta Lan Estatistiken eta Prezio Estatistiken Zuzendaritza Nagusiko zuendariordeondokoa.
– Eustaten ordezkariak:
– Estatistika Produkzio eta Analisiko zuzendariordea.
– Estatistika Soziodemografikoen Arloko arduraduna.
– Arlo Juridiko eta Administratiboko arduraduna.
Seigarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez du kontraprestazio ekonomikorik sortuko.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen honek sinatu eta biharamunetik izango ditu ondorioak, eta aurreikusitako lanak amaitu arte egongo da indarrean; beranduenez, 2017ko abenduaren 31ra arte. Ez da hitzarmenaren luzapenik aurreikusi.
Zortzigarrena.– Aldatzea eta suntsiaraztea.
Lankidetza-hitzarmen hau bi alderdiak ados jarrita aldatu ahal izango da, alderdietako edozeinek proposatuta. Horretarako, dagokion aldaketa-akordioa sinatu beharko dute, hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik formalizatua.
Aldez aurretik suntsiarazteko arrazoiak izango dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2 artikuluan ezarritakoak. Era berean, 51.2) artikuluaren c) letran aurreikusitako kasuan («sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea»), alderdietako edozeinek eskatu ahal izango dio bete ez duen alderdiari hitzarmen honetan hartutako betebeharrak eta konpromisoak bete ditzan.
Ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, betebeharrak eta konpromisoak betetzeko eskatu zuen alderdiak jakinaraziko dio betebeharrak edo konpromisoak bete ez dituen alderdiari hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela, eta hitzarmena amaitutzat joko da.
Arrazoi horren ondorioz hitzarmena suntsiarazten bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala aurreikusi bada. Kalte-ordaina eta kalte-ordain hori zehazteko irizpideak jarraipen-batzordeak aho batez adostuta arautu ahal izango dira, hitzarmen honetako betebeharrak ez betetzearen ondorioz betebeharrak bete dituen alderdiak bere gain hartutako edo bere gain hartu behar duen kostua kontuan hartuta.
Hitzarmena aldez aurretik suntsiarazten denean, aribidean diren jarduketak amaitu arte gauzatuko dira, baina ez da jarduketa berririk hasiko.
Bederatzigarrena.– Izaera, erregimen juridikoa eta jurisdikzio aplikagarria.
Hitzarmen administratiboa da, eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bateginetik kanpo dago, 4.1.c) artikuluari jarraikiz. Era berean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikulutik 53. artikulura arteko artikuluen bidez arautzen da.
Bestetik, hitzarmenak dirauen artean sortu litezkeen auziak, baldin eta jarraipen-batzordeak ezin izan baditu ebatzi, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedatutakoarekin bat etorriz, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren menpe ipiniko dira.
Horrenbestez, ados daudela adierazteko, lankidetza-hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, 2017ko ekainaren 21ean.
Estatistikako Institutu Nazionalaren lehendakaria,
GREGORIO IZQUIERDO LLANES.
Euskal Estatistika Erakundearen zuzendari nagusia,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.