EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-09-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2017168

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 28koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Emaitek Plus laguntza-programarako 2017ko ekitaldiko deialdia.

Xedapenaren data: 2017-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201704291
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/10/07an argitaratutako 2015/09/16ko AGINDUA [201504223]
  • Ikus 2017/08/18an argitaratutako 2017/07/27ko AGINDUA [201704120]

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduaren bitartez (2015eko urriaren 7ko EHAA, 191. zk.) arautzen da Emaitek Plus laguntza-programa. Agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 27ko Aginduak aldatu du (2017ko abuztuaren 18ko EHAA, 157. zk.).
Aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, egokia da, 2017ko ekitaldirako, diru-laguntzetarako urteko deialdi publikoa egitea, eta, hartarako, beharrezko arauak ematea.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Ebazpen honen helburua da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako 2017ko ekitaldiko deialdia egitea. Agindu horren bitartez, Emaitek Plus laguntza-programa arautzen da: programa horren bidez laguntza ematen zaie Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Ikerketa Kooperatiboko Ikerketa Zentroei eta Teknologia Zentroei jarduera ez-ekonomikorako. Hartarako finantziazioa esleituko zaie, betiere daukaten jarduera globalaren emaitzak aztertu eta ebaluatu ostean.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdiko laguntzak finantzatzeko, 53.295.760,00 euro erabiliko dira. Erabilpen horrek bat etorri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-kredituekin. Apirilaren 11ko 2/2017 Legearen bidez onartu ziren aurrekontu horiek.
Agindu arautzailearen 2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, urteko deialdiko guztizko aurrekontu-zuzkidura bi zenbateko bereizitan banatuko da:
○ Foku anitzeko teknologia-zentroentzat: 39.438.850,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatituta:
– Emaitzetara bideratutako zentroaren modeloarekiko egokitzapen-gradua: 38.255.690,00 euro.
– 2020rako finkatutako adierazleen aginte-koadroaren helburuak lortzeko, zentroen jarduera-planak: 1.183.160,00 euro.
○ Ikerketa kooperatiboko zentroentzat: 13.856.910,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatituta:
– Emaitzetara bideratutako zentroaren modeloarekiko egokitzapen-gradua, 13.441.200,00 euro.
– 2020rako finkatutako adierazleen aginte-koadroaren helburuak lortzeko, zentroen jarduera-planak: 415.710,00 euro.
Eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, eta haiek ebatzi baino lehen, zenbateko horiek aldatu ahal izango dira; betiere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren beste laguntza-programa batzuk exekutatu eta agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Aldaketarik izanez gero, Berrikuntza, Teknologia eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ebazpena emango du, aurreko guztiaren berri emateko.
3. artikulua.– Aginte-koadroaren helburuak, pisuak eta adierazleak.
2017ko deialdi honi dagokionez, aginte-koadroko pisuak eta adierazleak ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuko III. eranskinean jasotakoak izango dira; dekretu horren bitartez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea arautzen eta eguneratzen da, agente onuradunaren tipologia bakoitzerako. Dekretu hori aldatu egin zen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko martxoaren 24ko Aginduaren bitartez. 2017ko ekitaldiko betetze-helburuak honako honetan daude ezarrita: agente onuradunaren tipologia bakoitzerako 2020rako markatutako xedearen % 80 betetzea.
4. artikulua.– Eskabideak eta epeak.
1.– Eskabidea baliabide elektronikoen bidez egin beharko da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 27ko Aginduaren xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera, Emaitek Plus laguntza-programa arautzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Agindua aldatzen duena.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduko 12.3 artikuluan zehazten da zer agiri aurkeztu behar dituzten erakunde onuradunek, 2017ko uztailaren 27ko Aginduak aldatuta. Agindu horren bitartez, Emaitek Plus laguntza-programa arautzen da. K eta I letren kasuan, 2017ko ekitaldiren denbora-tartea hartuko du. 2016ko ekitaldiarekiko ebaluatuko da emaitzetara zuzendutako zentro teknologikoari egokitzea.
3.– Eskabidea betetzea eta bertara sartzea, egoitza elektroniko hauen bidez egingo da soilik:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelania).
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara).
4.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasi, eta 2017ko urriaren 10eko 12:00etan amaituko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunenetik sortuko ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 28a.
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,
ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.