EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017166

87/2017 EBAZPENA, abuztuaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin izenpetutako Elkar Ulertzeko Memoranduma.

Xedapenaren zenbakia: 201700087
Xedapenaren data: 2017-08-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201704257
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Elkar Ulertzeko Memorandum hori sinatu du, eta, beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundearekin izenpetutako Elkar Ulertzeko Memorandumaren testua; honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 25a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABUZTUAREN 25EKO 87/2017 EBAZPENARENA
ELKAR ULERTZEKO MEMORANDUMA HEZKUNTZA, ZIENTZIA ETA KULTURARAKO ESTATU IBEROAMERIKARREN ERAKUNDEAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEAN
BILDU DIRA:
Alde batetik, Iñigo Urkullu Renteria jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria (aurrerantzean, Eusko Jaurlaritza ere).
Eta, bestetik, Paulo Speller jauna, hezkuntza, zientzia eta kulturarako Estatu Iberoamerikarren Erakundeko idazkari nagusia (aurrerantzean, OEI).
Sinatzaileak izango dira biak aurrerantzean.
AZALTZEN DUTE:
Kontuan hartu behar da garapen integralaren testuinguruan, eta, zehazki, hezkuntzaren, zientziaren, teknologiaren eta kulturaren eremuan, herrialde iberoamerikarren artean lankidetzan aritzen den gobernu-izaerako nazioarteko erakundea dela OEI. Halaber, nazioarteko esperientzia egiaztatua, giza talde kualifikatuak eta bitarteko material egokiak ditu, Eusko Jaurlaritzarekin bien intereseko jardueratan lankidetzan aritzeko.
Kontuan hartu behar da bere xedeak betetzeko, OEIk, bere Estatutuek 3. artikuluan ezartzen dutenari jarraikiz, erabakiak lotu eta hitzarmenak eta gainerako legezko tresnak sinatu ahalko dituela gobernu iberoamerikarrekin, beste gobernu batzuekin, nazioarteko erakundeekin eta hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren arloko gainerako erakunde, zentro eta instituzioekin.
Kontuan hartu behar da Autonomia Estutuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak honako gaien gaineko eskumenak dauzkala,
a) Autonomia Estatutuak 10.17 artikuluan dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka kulturaren gainean; hala ere, Konstituzioaren 149.2 artikuluan Estatuaren betebeharrari eta kultura sustatzeko orduan duen funtsezko ekarpenari buruz ezarritakoa beteko da.
b) Autonomia Estatutuko 16. artikuluan ezarritakoa eta Konstituzioko lehen xedapen gehigarrian jasotako eskubide historikoak aplikatuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza osoa, hots, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioko 27. artikulua eta hura garatzen duten lege organikoak eta Estatuari Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak eratxikitako oinarrizko edukiak ezertan eragotzi gabe.
c) Autonomia Estatutuaren arabera, Estatuko Administrazio Nagusiak zientziari, teknologiari, komunikazioei eta informazioari buruzko gai batzuen gaineko eskumena ematen dio Administrazio Autonomikoari.
d) Espainiako Konstituzio Auzitegiaren ebazpenari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak kanpoan proiektatuko diren jarduerak egin ditzake, baldin eta beharrezkoak edo, behintzat, komenigarriak badira bere eskumenak betetzeko. Hala ere, eskumen horretan ez da sartzen itunak sinatzeko (ius contrahendi), Estatuko kanpo-politikan esku hartzeko edo atzerriko estatuen edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen aurrean erantzukizunak sortzeko eskubidea.
Gogoan izan behar da Latinoamerikako erkidegoak eta Euskal Autonomia Erkidegoak beti izan dituztela lotura historikoak, kulturalak, sozialak eta enpresarialak.
Adierazi dute lankidetza-harremanak sakondu eta OEIko jarduerekin lotutako esperientziak trukatzeko eta elkarlanean aritzeko aukera aztertu nahi dutela, Iberoamerikako eta Euskal Autonomia Erkidegoko herrien arteko ezagutza, elkarrekiko ulermena, integrazioa, elkartasuna eta bakea indartzeko asmoz, hezkuntza, zientzia, teknologia eta kultura tarteko.
Sinetsita daude garrantzitsua dela mekanismoak sortzea lankidetza-esparrua garatzen eta sendotzen laguntzeko, eta beharrezkoa dela beren erkidegoen aurrerapen ekonomiko eta sozialean egiazko eragina izango duten proiektuak eta ekintzak gauzatzea;
HONAKO HAU ERABAKI DUTE:
1.– Lankidetza honen asmoa.
Elkar ulertzeko memorandum honen helburua da lankidetza-esparru bat formalizatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta OEIren artean, bien interesekoak diren sektoreetan harremanak indartu eta hitzarmenak egiteko.
OEIk eta Eusko Jaurlaritzak bi erakundeen interesak lortzeko egingo dute lan, eta, horretarako, lankidetza-arloak zehaztuko dituzte.
2.– Lankidetza-arloak.
Elkar ulertzeko memorandum honen helburua lortzeko, sinatzaileek lankidetza-jarduerak garatzeko konpromisoa hartu dute, eta jarduera horiek honako arlo hauetara egongo dira bereziki zuzenduta; ez, ordea, mugatuta:
● Hezkuntza.
Sinatzaileen ustez hezkuntza-arloko garapena oinarri nagusietako bat denez, hezkuntza sustatzeko jarduerak batera egiteko aukera aztertuko da. Hala, alderdiek lankidetza-aukerak aztertzea erabaki dute, zehazki honako gai hauetan:
● Ikasleen eta irakasleen mugikortasun akademikoko programak. EAEko unibertsitateen eta Latinoamerikako Mugikortasunaren Ituna osatzen duten unibertsitateen artean lankidetzak ezartzeko aukerak aztertuko dira.
● Prestakuntza tekniko profesionala; lanerako heziketa, ekintzailetza eta elkartegintza; berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta elkartrukearen gaineko sakontze-lana; irakasle eta ikasleen prestakuntza eta mugikortasuna.
● Zientzia eta berrikuntza.
Zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko harremanak erraztuko dira herrialde iberoamerikarren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean. Horretarako, garapen zientifiko-teknikoak gizarte-mailan dituen inplikazioak aztertuko dira, eta herritar guztiek horien balorazio hobea eta ulermen handiagoa izatea bultzatuko da.
● Kultura.
Kultura- eta tradizio-adierazpenak sustatu eta hedatuko dira. Latinoamerikako eta EAEko erkidegoek beti izan dituzten lotura historiko, kultural, sozial eta enpresarialak kontuan hartuta, biek nabarmenduko dute iragan komun hori, kulturaren gaineko ezagutzak trukatu eta politikak partekatuz, besteak beste, industria sortzaile eta kulturalak, kirolak eta bestelakoak mintzagai.
● Giza eskubideen gaineko hezkuntza eta prestakuntza; Demokrazia; Balioak eta Bakearen Kultura.
● Aurrerago hitzar dezaketen beste edozein lankidetza-arlo.
3.– Elkar ulertzeko memorandumaren garapena.
Elkar ulertzeko memorandum hau garatzeko jarduerak egite aldera formalizatzen diren erabakiak eta bestelako tresnak antolatu, betearazi eta finantzatzeari buruzko baldintza bereziak kasuan kasu ezarriko dira bidezkoa den hitzarmen edo tresna juridikoan, eta, bertan, jarduera horiek garatzeko berengain hartzen dituzten betebeharrak zehaztuko dira.
Tresna horiek elkarren artean adostuta sinatuko dira. Formalizatzen diren heinean, memorandum honen eranskin bihurtuko dira, eta honen zati bereizezin izango dira.
4.– Elkar ulertzeko memorandumaren jarraipena.
Elkar ulertzeko memorandum honen jarraipena egiten dela bermatzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da.
Jarraipen Batzorde horretako kide izango dira gutxienez 6 pertsona. Sinatzaile bakoitzeko kide bat egon beharko da.
Batzordekideak izendatu, eta elkar ulertzeko memorandum hau sinatutakoan, Jarraipen Batzordea bildu egingo da, zenbatean behin bilduko den eta zer araubideri jarraituz funtzionatuko duen finkatzeko.
Besteak beste, eginkizun hauek beteko ditu Jarraipen Batzordeak:
a) Memorandum honen helburuak lor daitezen eta memorandumaren xedea modu eraginkorrean bete dadin begiratzea eta memoranduma ahalik eta hobekien garatzeko beharrezko neurriak proposatzea.
b) Memorandum honen esparruko jarduerak ezartzen dituzten gehigarriak hari erantsi behar zaizkion aztertzea.
c) Memorandum honen esparruko jarduerak koordina daitezen begiratzea.
d) Memorandum honen bilakaeraren eta haren esparruko jardueren baterako ebaluazioa egitea amaieran.
e) Memorandum honen aldaketak onartzea, beharrezkoa bada.
f) Sinatzaileek sinatzen dituzten hitzarmen eta tresna juridikoen jarraipena eta bateratze-lana egitea.
g) Jarduerak garatu eta betearaztean genero-ikuspegia sartzen dela zaintzea.
h) Elkar ulertzeko memorandum hau interpretatu eta betetzean sortzen diren gatazkak konpontzen direla zaintzea.
Jarraipen Batzordeak, berak ezartzen duen maiztasunari jarraikiz, elkar ulertzeko memorandum honen esparruan egindako jarduerei eta emaitzen ebaluazio eta balorazioari buruzko informazioa jasoko du.
Jarraipeneko Batzordearen araubide juridikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean (urriaren 1eko 40/2015 Legean) bildutako kide anitzeko organoei buruzko arauetara egokituko da.
5.– Ondorio finantzarioak.
Elkar ulertzeko memorandum honek ez du inolako ondorio finantzariorik. Hala ere, finantzaketarik behar bada elkar ulertzeko memorandum honen esparruko jarduerak garatzeko, dagozkion hitzarmen edo tresna juridikoak finkatuko dira, eta elkar ulertzeko memorandum honen hitzaurrean aipatuko dira.
Protokolo edo hitzarmen osagarrietan ezartzen diren agindu zehatzak ezertan galarazi gabe, egindako jarduerek OEIren eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa jaso badute, erakunde onuradunak OEIri eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharko dizkie proiektua edo jarduera egin bitartean eskatzen zaizkion memoria edo txosten tekniko eta ekonomikoak, eta OEIrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egin beharko ditu dagozkion ebaluazioak (prozesuan zehar eta amaieran). Jarduerak finantzatzen lagundu duten horien babesa aipatzea ezinbestekoa izango da.
6.– Jabetza intelektualaren eskubideak.
Jabetza intelektualaren eskubideak, eta, zehazki, sinatzaileetako bakoitzak elkar ulertzeko memorandum honetan zehaztutako lankidetza-jarduerak egiteko emandako materialen egile-eskubideak horiek ematen dituen alderdiarenak izango dira. Jarduerak batera egiten badira, jabetza intelektualaren eskubideak kasuan kasu zehaztuko dira elkar ulertzeko memorandum honen parte izango diren tresna juridikoetan.
7.– Eskumenak eta immunitateak.
Elkar ulertzeko memorandum honetako xedapenak eta honekin lotutako beste edozein agiriko xedapenak ez dira OEIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bertako funtzionarioen eskumen eta immunitateen ukapentzat joko.
8.– Elkar ulertzeko memorandumaren iraupena eta aldaketa.
Elkar ulertzeko memorandum hau sinatzen den unean jarriko da indarrean, bi urtez, alderdietako batek iraupena baino hiru hilabete lehenago bestelakorik aitortzen ez badu.
Elkar ulertzeko memorandum hau amaitutzat jo ahalko da, elkarren artean hala adosten badute, edo sinatzaileetako edozeinek idatziz besteari jakinarazten badio, gutxienez hiru hilabete lehenago. Hala gertatzen bada, aribidean dauden jarduerek edo hirugarrenekin lotuta daudenek horiek bukatu arte lotuko dituzte alderdiak.
Tresna honetan aldaketak egiteko, elkarren artean adostu eta idatziz adierazi beharko dira. Aldaketak adierazten dituzten dokumentuak kasuan kasuko erakundeetan ezarritako legezko prozeduraren arabera izapidetuko dira, eta elkar ulertzeko memorandum honen eranskin bihurtuko dira, eta haren parte izango dira.
9.– Elkar ulertzeko memorandum honen izaera ez legegilea.
Agiri honek ez dauka legegile izaera eta ez da juridikoki loteslea; sinatzaileak hura betetzera behartuta egongo dira, klausula horietara batzeko asmoa erakusten badute soilik, eta klausula horiek nazioarteko zuzenbideko arauetan aurreikusita ez badaude.
Beraz, memorandum honen hiru ale sinatu dituzte (gaztelaniaz, euskaraz eta portugesez) Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 27an, eta testu guztiak berdinak eta egiazkoak dira.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Iñigo Urkullu Renteria. Lehendakaria.
OEIren izenean, Paulo Speller. Idazkari nagusia.