EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017166

1222/2017 EBAZPENA, uztailaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakao Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zuzendari gerentearena. Honen bidez, aldi baterako izendatzen da erakunde horretan Kardiologia osasun ataleko burua, lau urteko eperako eta luzatzeko aukerarekin.

Xedapenaren zenbakia: 201701222
Xedapenaren data: 2017-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201704245
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Izendapenak, egoerak eta gorabeherak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/05/04an argitaratutako 2017/01/17ko 201700090 EBAZPENA

EGITATEAK
1.– Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerentearen urtarrilaren 17ko 90/2017 Ebazpenaren bidez, Barrualde-Galdakao ESIko Kardiologia osasun ataleko buruaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko dei egin da. Ebazpena EHAAn (2017ko maiatzaren 4koan), BOEn (2017ko maiatzaren 9koan) eta Osakidetzaren web orrian argitaratu zen.
2.– Deialdi-ebazpen hori dagokien aldizkari ofizialetan azken aldiz argitaratu den hurrengo egunetik hasita, interesdunek, 15 egun balioduneko epea izan du eskaera aurkezteko, eta 2017ko maiatzaren 30ean amaitu zen epea.
3.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eta parte hartzaileek bete beharreko baldintzak aztertu ondoren, Osakidetzaren web orrian onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratu zen (2017ko maiatzaren 31n).
4.– Erreklamazioak aurkezteko epea amaituta (2017ko ekainaren 14an), eta ez denez bat ere aurkeztu, behin betiko zerrendak onartu ziren (2017ko ekainaren 29an) dagokion eran argitaratzeko.
5.– Behin betiko zerrendak, Balorazio Batzordeko kideen izendapenak eta baita kudeaketaren memoria-proiektua jendaurrean jartzeari buruzko iragarpena ere Osakidetzako web-orrian argitaratu ziren 2017ko uztailaren 4an. Aipatu deialdia ere jakinarazi zitzaien hautagaiei.
6.– Kudeaketaren memoria-proiektua jendaurrean jarrita, eta Balorazio Batzordeak aurkeztutako eskabideak baloratuta (2017ko uztailaren 26an), eta dagokion izendapen-proposamena eginda (2017ko uztailaren 26an), eta Alberto Salcedo Arruti jaunak dauzkan ezagutza akademiko eta profesionalak kontuan hartuta, zera erabaki da: pertsona hori izendatzea Kardiologia osasuneko atalburu, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde-Galdakao ESIan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerentearen urtarrilaren 17ko 90/2017 Ebazpenaren 7. oinarria, zeinak ezartzen baitu Barrualde-Galdakao ESIko Kudeaketa Zuzendaritzak, jasotako proposamena ikusita, proposatutako izangaia deialdian eskainitako lanpostua betetzeko izendatzeko edo deialdia hutsik uzteko ebazpen bat emango duela.
2.– Ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren 3. Arau komuna; uztailaren 19ko 186/2005 Dekretua, lanpostu funtzionalak arautzen dituena; eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituena, bereziki zerbitzu-erakundeetako zuzendari gerenteen eskumenei buruzko 15. artikuluak jasotakoak eta aplikatu beharreko arauei buruzkoak.
Aurreko guztia aintzat harturik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Alberto Salcedo Arruti jauna Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Barrualde- Galdakao ESIko Kardiologia osasun ataleko buru izendatzea aldi baterako.
Bigarrena.– Aldi baterako izendapen honek lau urteko indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28. artikuluaren hirugarren arau komunean xedatutakoarekin bat etorriz, eta ondorioak izango ditu 2017ko abuztuaren 1etik aurrera.
Hirugarrena.– Izendatutako pertsonak aipatutako epea amaitutakoan lanpostua utziko du, ezpada luzapena onartzen, betiere, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28. artikuluaren hirugarren arau komunean ezarritakoaren arabera.
Laugarrena.– Izendapenaren indarraldia amaitu aurretik ere kargutik kendu ahal izango dute, aldez aurretik kontrako espedientea dagoela, eta ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28. artikuluaren hirugarren arau komunaren 6. atalean aurreikusitako lekualdatze-kausak direla medio.
Bosgarrena.– Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.
Seigarrena.– Ebazpen hau argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren web-orrian.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, jakinarazpena jasotzen den hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
Galdakao, 2017ko uztailaren 27a.
Barrualde-Galdakao ESIko zuzendari gerentea,
JON GUAJARDO REMACHA.