EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2017160

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2017ko maiatzaren 18ko bilkuran hartua Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua: Enplegu eta Prestakuntza Programen diru-laguntzen fiskalizazioari buruzko 2015eko txostena behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-05-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201704156
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak, 2017ko maiatzaren 18an egindako bilkuran, hau
ERABAKI DU:
Lanbide – Behin betiko onestea Euskal Enplegu Zerbitzua: Enplegu eta Prestakuntza Programen diru-laguntzen fiskalizazioari buruzko 2015eko txostena. Erabaki honen eranskin modura ageri da.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitara daitezela xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzaren 18a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
LANBIDE – EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA: ENPLEGU ETA PRESTAKUNTZA PROGRAMEN DIRU-LAGUNTZEN FISKALIZAZIOARI BURUZKO TXOSTENA 2015
Laburdurak.
327/2003 D: 327/2003 Dekretua, abenduaren 23koa, enplegua aurkitzeko aukerak hobetzera eta lan-munduan txertatzea sustatzera zuzendutako neurriak arautzen dituena.
4/2015 ELD: 4/2015 Errege Lege-dekretua, martxoaren 22koa, lan esparruan Enplegurako Lanbide Prestakuntza Sistemaren presako erreformari buruzkoa.
469/2006 ED: 469/2006 Errege Dekretua, apirilaren 21ekoa, Enpleguko Zentro Berezietako langile eta giza mailako doiketa-zerbitzuen esparruan lanbide jarduerari laguntza emateko unitateak arautzen dituena.
DEO: 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen Erregelamendua, azaroaren 17koa, onesten duena.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAEHONALTB: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
EHAA: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
ELT: Ekoizpenean laguntzeko teknikaria.
EZB: Enpleguko Zentro Bereziak.
GLT: Gizarteratzen laguntzeko teknikaria.
Hobetuz: Hobetuz, Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa.
KES: Kontuen Europako Sistema.
LJLU: Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateak.
LLHH: Lurralde Historikoak.
SP: Sektore publikoa.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osokoak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren 2015eko ekitaldiko Enplegu eta prestakuntza programen diru-laguntzak fiskalizatu ditu.
Fiskalizazio lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkoak: diru-laguntzen emakida eta ordainketan ezargarria den araudia berrikustea.
– Kontularitzakoak: enplegu eta prestakuntza programen diru-laguntza arrunt eta kapitalezkoek eragindako gastuak ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera erregistratu direla egiaztatzea.
– Bestelako alderdiak: lanaren zabalak ez du gastuaren eraginkortasun eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen II.3 idazpuruan aztertu ditugu.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua (aurrerantzean Lanbide) zuzenbide pribatuko erakunde modura sortu zen EAEk 2010eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 2/2009 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren bitartez.
2011ko urriaren 13an Eusko Legebiltzarrak 3/2011 Legea onartu zuen, Lanbide administrazio izaera duen erakunde autonomo modura sortzen duena eta Lanbide erakunde publikoa desagertu zen, erakunde autonomoak haren eskubide eta obligazioak bere eginez. Lege honek Lanbide enplegu gaietan eskumenak dituen sailera atxikitzen du.
Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez, Estatutuak onartu ziren.
Lanbideren xedea da enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen erabateko garapenari laguntzea, eta gizarte-eta lurralde-kohesioari lagunduko dion lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen premiak asetzea, baita gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, betiere eskuordetzen zaizkion enplegu-politiken eta lan arloko legediaren egikaritzaren kudeaketa bidez.
Azaroaren 24ko 4/2011 Legea ezarriz, Sarreren Bermerako eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea aldarazten duena, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera Lanbidek Sarreren Berme sistema kudeatzeko ardura ere bere gain hartu zuen.
2015ean Lanbideren jarduera lau programetan egituratu da: enplegu eta gizarte politiken egitura eta babesa, gizarteratzea, enplegua eta prestakuntza.
2015eko aurrekontuan erregistratutako diru-laguntza arruntek eragindako gastuak, txosten honek aztergai dituen bi programetan, honako hauek dira:
2015eko ekitaldiko aurrekontuan kapital diru-laguntzen 3.880 euro kontabilizatu dira enplegu programan, aurreko ekitaldietan emandako diru-laguntzei zegozkienak. Prestakuntza atalean ez da inongo gasturik erregistratu aipatutako kapituluan.
II.– Ondorioak.
Lan hau egoki ulertu ahal izateko ezinbestekoa da aintzat hartzea erakunde publiko modura sortu zenetik Lanbidek bizi izan dituen eskumen, egitura eta izaera juridikoari dagozkion aldaketak, hala nola:
– Lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide prestakuntzaren alorrean lan arloko legediaren egikaritza gaietan EAEri egitekoak eta zerbitzuak eskualdatzea, lehen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren esku zegoena, 2011ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.
– 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jarduerak abiarazi zituen eta gauza eta giza baliabideak erakunde publikoari atxiki (573 langile, zeinetatik 96 lagun EGAILAN, SAtik datozen; 22 pertsona Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Gaietarako Sailetik eta beste 455 pertsona, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko langileak EAEra eskualdatzetik).
– 2011ko urriaren 13an Eusko Legebiltzarrak 3/2011 Legea onartu zuen, Lanbide administrazio izaera duen erakunde autonomo modura sortzen duena eta Lanbide erakunde publikoa desagertu zen.
– 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera Sarreren Berme Sistemaren kudeaketa bere gain hartzea.
Aurreko ekintza guzti hauek gauzatzeko izan den denbora-tarte murritzaz gain, krisi ekonomikoak eragin duen inpaktua gaineratu behar da. Horrek, besteak beste, zuzeneko kudeaketak eragindako lan zama nabarmen areagotzea ekarri du.
Honela, bada, azpimarratzekoa da 2013-2016 aldirako abiarazitako Plan Estrategikoa eta lanpostuen zerrenda egitea, 2015eko ekitaldian onartu zena, argitaratutako azken txostenean -2011-2012 aldian langileen kontratazioari buruzkoa- egindako gomendioari jarraikiz. Lanbidek hausnarketa eta eraldaketa prozesua hasi du, datozen urteetan erakunde autonomoaren jardute-ildoak finkatuko dituena.
Ondotik, gure iritzira, hobetu daitezkeen zenbait alderdi azalduko ditugu, dagozkion kontrol prozedura eta baliabideak aztertuz.
II.1.– Enplegua.
Ezaugarri komunak.
– Honako deialdi hauek laneratze/orientaziorako teknikarien kostuak diruz laguntzen dituzte: enplegurako orientabide deialdiak; desabantaila egoeran dauden kolektiboei orientabidea ematekoak; Lanbiderekin lankidetzan enplegu zentroen zerbitzua garatzekoak eta gizarteratzen enpresak sortu eta eusteko laguntzenak. Lanbidek kontrolatzen du enplegurako orientazioko deialdietan eta desabantailan dauden kolektiboentzako orientazioko deialdietan teknikari bakoitzeko diruz lagundutako orduek ez ditzatela urteko lanorduak gainditu. Ordea, Lanbidek ez ditu kontrolak egiten gainerako deialdietan. Honela, bada, egindako azterketan ikusi dugu badirela teknikariak % 100eko lanaldian dihardutenak lan-munduan sartzeko enpresak sortu eta eusteko laguntzetan, zeinak orientazioko laguntzetan orduak egozten dituzten; eta badira beste teknikari batzuk, berriz, zeini orientazioko deialdietan eta enplegu zentroen zerbitzua garatzen finantzatzen zaizkien lanorduak urteko lanaldikoak baino gehiago diren.
Lan-munduan sartzeko enpresen sorrera eta sostengua.
– Aurkeztu diren eskabideen % 45 Agindu arautzailearen 21. artikuluak aurreikusitako gehieneko epea gaindituta ebatzi dira (3 hilabete).
– Lanbidek ez ditu emandako zenbatekoak egokitzeko aldaketa-ebazpenak egiten hasierako zenbatekoan dedukzioak gertatzen direnean, emakidarako aintzat hartu ziren baldintzak egiazkoez bestekoak izateagatik; honenbestez, ez zaio laguntza hauek arautzen dituen Aginduaren 25. artikuluan xedatutakori egokitzen. Murriztu beharreko zenbatekoa ordainketa agirian baizik ez da adierazten. Honezaz gain, bete beharreko postuetan gertatzen diren aldaketak hilabetekoak baino txikiagoak direnean, ez da inongo deskonturik egiten eta hori ez dator bat aipatutako 25. artikuluarekin.
Lehen Aukera Programa.
– Deialdiaren helburua ez dago esperientziarekiko definitua (EAEHONALTBren 51.1. a artikulua): Deialdiak adierazten du laguntzak langabezian dauden gazteak kontratatzeko direla, duten titulazioarekin loturiko enpleguetan aurretik lan-esperientziarik batere ez dutenak edo esperientzia txikia dutenak. Ez da arautzen, baina, zer hartuko den esperientzia gutxitzat eta betekizunetan ere ez da eskarmentuari buruzko daturik ez eman ez eskatzen.
Aztertu ditugun espedienteetan atxikitako lan-bizitzaren arabera, kontratatu diren pertsonetako batzuk esperientzia dute; ez da, baina, espedienteetan jaso esperientzia honen balorazioaren analisia, ez eta deialdiaren helburuari egokitzea.
– Aztertu diren espedienteetarik batean ez dago erasota deialdiaren 3.3 artikuluaren betekizuna bete dela egiaztatu denik, zeinak dioen kontratazio berriek kontratazio aurreko sei hilabeteetako batez besteko plantillaren gainean gehikuntza eragin behar dutela.
Ezintasuna duten pertsonak Enpleguko Zentro Berezietan laneratzea sustatzea.
– Aztertutako espedienteetako batean onuradunari diru-laguntza ordaindu zaio, nahiz Ogasuneko ziurtagiriak adierazten duen zorrak dituela ingresatzeko.
– Beste espedienteetako batean aurreko hilabeteetan diruz lagundutako kontratuetan lanaldi aldaketak egin direla ikusi da, enpresak jakinarazi ez zituenak. Jasotako gehiegizko kopurua ondoko hilabeteetako diru-laguntzetan murrizten da, baina ez da itzultzeko prozedurarik izapidetu, ez eta dagozkion interesak eskatu ere.
Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateen finantzaketa.
– 2015eko deialdian jasotako oinarri arautzaileak ez zaizkio hainbat alderditan 469/2006 EDn xedatutakoari egokitzen (emakida prozedura eta diru-laguntzaren zenbatekoa zenbait kasutan).
– Diru-laguntzak 2015eko urtarrilean eskatu eta ekainean ematen dira. Ez da geroko aldaketarik egiten diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatu direlako (Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateetako langileen lanaldien aldaketa edo azken hartzaileen aldaketa), ez baita horretarako inongo baliabiderik bideratu. Diru-laguntza justifikatzeari dagokionez, deialdiaren 10. artikuluak agintzen du diruz lagundutako aldian Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateen jarduerari buruzko oroitidazkia barne hartuko dela. Ordea, ez da zehazten ez nork izenpetu behar duen oroitidazki hori, ez zein datu besarkatu behar dituen ere 469/2006 EDren 2. artikuluko egitekoak gauzatzeari dagokionez; berebat, ez dago Lanbidek alderdi horiek kontrolatzeko kontrol sistemarik, ez eta betetze-mailaren arabera diru-laguntza murrizteko modurik ere.
– Espediente batean emandako diru-laguntza zegokiokeena baino txikiagoa da aurrekontuko kreditua agortu izanaren ondorioz; gainerakoetan, ordea, zenbateko osoa eman da. Jokamolde hau ez dator bat deialdiaren 8.2 artikuluak agintzen duenarekin, izan ere artikulu horrek esaten du baliabideak behar hainbatekoak ez direnean funtsak proportzionalki banatuko direla eskabideen artean.
Enplegua sustatzeko tokiko ekintzak.
– Laguntza moldeetako batean ez da eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek enplegu eskaintzarako irispidea berdintasun baldintzetan izango dutela bermatuko duen hautaketa prozedurarik finkatu.
– Bi espedientetan eskabidean aurkeztutako oroitidazki teknikoak ez du deialdian eskatzen den informazio guztia jasotzen. Horietako batean, gainera, ekonomia-oroitidazkia ez da osoa.
– Espedienteetako batean ez dira eskatutako kontratazioko ehunekoak bete pertsonen berezitasunen arabera eta hala eta guztiz ere, ez da deialdiaren 12. artikuluan finkatutako diru-laguntzaren murrizketa aplikatu.
Desabantailan dauden kolektiboetako pertsonentzako enplegurako ekintzen eta orientazio zerbitzuen garapena.
– 2015eko deialdian jasotako oinarri-arau arautzaileak ez zaizkio hainbat alderditan 327/2003 Dekretuan finkatutakoari egokitzen (onuradunen baldintza jakin batzuk, diru-laguntzaren zenbatekoa...).
II.2.– Prestakuntza.
Ezaugarri komunak.
– Lehentasunez EAEko pertsona okupatuei zuzenduriko eskaintzaren enplegurako prestakuntzari -2014ko deialdia- eta enpresek garatutako prestakuntza ekintza estrategikoei emandako laguntzak aztertu ditugu eta honako alderdi hauek atzeman ditugu:
* Deialdian finkatutako balorazio irizpideetako atalen puntuazioa Hobetuzen baloraziorako barneko eskuliburu batean zehazten da. Komenigarria litzateke eskatzaileek ezagutzea. Bestetik, eskaintzen den enplegurako prestakuntzaren kasuan, eskuliburuko puntuazioak aplikatuta, eskatzaileek gehienera 185 puntu eskura ditzakete, azkenean deialdiko 11.1.d) artikuluko gehienezko 100 puntu ematen zaizkielarik; era honetara eskabideen artean ez da bereizketa egokirik egiten eta ondorioz, hein batean behintzat, puntuen asignazioak zentzua galtzen du.
* Likidazio- eta justifikazio-aldian, presentziazkoak ez diren prestakuntza ekintzetarako deialdiak Hobetuzi aitortzen dio diru-laguntza finkatzeko zenbait irizpide arautu eta argitara ematea; ordea, ezin zaizkio erakunde laguntzaileari arauketarako eskumenak eskuordetu, EAEHONALTBren 52.2 artikuluaren arabera dagozkionak gainditzen baititu.
* Emandako diru-laguntzaren zenbatekoarekin egindako ekintzak justifikatzeko eskatzen da soilik, aplikatzen diren mugaketa eta hainbanaketen ondorioz, eskabidean aurkeztutako ekintzen onartutako kostua baino nabarmen txikiagoa izan ohi dena. Egoera honek bide ematen du jaso beharreko diru-laguntza murriztu gabe eskabidean aurkeztutako planeko ekintza guztiak ez egitea eta desitxuratu egiten dira egindako balorazio tekniko guztiak, emakida eta emakidaren oinarri den jarduera gauzatzeko onuradunak duen obligazioa erabaki dutenak, EAEHONALTBren 50.2.a) artikuluan finkatutakoari jarraikiz.
Lan-munduan txertatzeko prestakuntza ekintzak.
– 2015ean uko egin zaie zortzi eskabideri esleitutako baliabideak agortu izanaren ondorioz. Ez da EHAAn argitara eman baliabideak agortu direla adierazten duen ebazpenik, 327/2003 Dekretuaren 54.2 artikuluak eta EAEHONALTBren 51.5 artikuluak agintzen duten moduan. Gainera, uko egindako eskabide hauetatik sei gerora onartu ziren beste eskabide batzuk baino lehenago eskatu ziren; hori ez dator bat aipatutako Dekretuaren 50.1 artikuluarekin, eskabideak jaso ahalako hurrenkeran ebatziko direla adierazten baitu.
Lehentasunez EAEko pertsona okupatuei zuzendutako eskaintzaren enplegurako prestakuntza, 2014ko deialdia.
– Lanbidek 6,3 milioi euro eman dizkie EAEko Etengabeko Prestakuntzarako lanbide arteko akordioa izenpetzen duten enpresa- eta sindikatu-antolakundeei, deialdiko 9. artikuluan finkatutako zenbatekoa zehazteko irizpideetara egokitu gabe.
– Deialdiko 9. artikuluko laguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedura ez da zehazten (EAEHONALTBren 51.1.d artikulua). Hobetuzek, laguntza honen kudeaketan erakunde laguntzaile denak, -eskatzaileek aldez aurretik horren berri izan gabe- barne arauetan erabakitzen ditu kopuru hau kalkulatzeko beharrezko diren irizpide edo tarteak eta gainera, deialdian zehazten ez diren zenbait muga ezartzen ditu. Erakunde laguntzaileari arautzeko eskumenak eskuordetzan emateak EAEHONALTBren 52.2 artikuluan aurreikusitakoak gainditzen ditu. Bestetik, egiaztaturiko kudeaketarako gaitasunaren arabera zenbatekoa mugatzeko finkatutako irizpide eta mugek eragiten dute zenbaitetan, aurreko bi ekitaldietan planen % 100 egikaritu zuten eskatzaileek lehenagoko ekitaldietan onuradun suertatu izan ez balira eskuratuko zuketena baino zenbateko txikiagoa eskuratzea.
Enpresek garatutako prestakuntza ekintza estrategikoak.
– Deialdiak dio planaren balorazio teknikoak finantzagarria den gehienezko laguntzaren ehunekoa finkatuko duela, aurkeztutako eskabide eta funts erabilgarrien zenbatekoaren arabera bereizten diren tarteei jarraikiz. Hobetuzek, laguntza honen kudeaketan erakunde laguntzaile denak, -eskatzaileek aldez aurretik horren berri izan gabe- barne arauetan erabakitzen ditu tarte hauek eta gainera, muga txikiagoa ezartzen du, deialdian zehaztu gabekoa. Erakunde laguntzaileari arautzeko eskumenak eskuordetzan emateak EAEHONALTBren 52.2 artikuluan aurreikusitakoak gainditzen ditu.
II.3.– Bestelako irizpenak.
Ondoren, hobetzeko aintzat hartu beharreko honako irizpen hauek azaleratuko ditugu.
– Lanbidek ez ditu fiskalizazio-gai izan diren diru-laguntza lerroetan Plan Estrategikoak mamitu. Eusko Jaurlaritzaren 2016-2016 Enplegu-planak eta Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoak gabezia hori ordeztu dezakete, betiere Lanbidek egiaztatuko balu, lerro bakoitzerako DLOren 8. artikuluan eta DEOren 12. artikuluan agintzen diren baldintza guztiak betetzen direla.
– Aurrekontuen oroitidazkiek eta emandako diru-laguntzen ebaluazioak horien eragimena eta eraginkortasuna neurtzeko bide emango duten parametroak izan behar dituzte.
– Oinarri-arauak, izaera iraunkorrekoak direnak, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak onartu behar ditu, berea baita enplegu politikak onartzeko eskumena. Lanbidek oinarri-arau horiek proposatuko ditu eta urteko deialdia onartu. Ordea, ondotik adierazitako sei deialdietan, Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartutakoetan, oinarri-arauak deialdian bertan barne hartu dira.
Programa.
Enplegua.
1.– Lehen Aukera Programa.
2.– Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateen finantzaketa.
3.– Enplegua sustatzeko tokiko ekintzak.
4.– Desabantailan dauden kolektiboetako pertsonen enplegurako orientazioa.
Prestakuntza.
5.– Lehentasunez EAEko pertsona okupatuei zuzendutako eskaintzaren enplegurako prestakuntza.
2014ko deialdia.
6.– Langile gastuak. EAEko enpresek garatutako prestakuntza ekintza estrategikoak.
– Hasierako aurrekontuetan guztira 7,3 milioi euroren zenbatekoan aurreikusitako enplegu programako sei deialdi eta prestakuntza programako bost deialdi, guztira 11 milioi eurorenak, ez dira gauzatu 2015eko ekitaldian eta honenbestez, ezin bete izan dira ekitaldian horientzat aurreikusitako helburuak.
II.3.1.– Enplegua.
Ezaugarri komunak.
– Ez dira EHAAn argitaratu ez 2015eko ekitaldian Enpleguko Zentro Berezietan ezintasuna duten pertsonak laneratzera emandako diru-laguntzak, ezta tokiko ekintzetara emandakoak ere eta hori ez zaio EAEHONALTBren 49.2 artikuluari egokitutakoari egokitzen. 2015ean Enpleguko Zentro Berezietako Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateak finantzatzeko emandako diru-laguntzak 2016ko urriaren 24ko EHAAn eman dira argitara, 2007-03-27ko Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakiak ezarritako hilabeteko epea gaindituz.
– Enplegu-orientabiderako eta desabantailan dauden kolektiboen Enplegu-orientabiderako 2014ko deialdiak 2015ean esleitu dira eta oso-osorik ekitaldi horretako aurrekontuen kontura erregistratu. Enplegu-orientabiderako 2015eko deialdia EHAAn 2015eko urrian argitaratu zen eta 2016ko apirilean ebatzi da, deialdiak finkatzen duen 4 hilabeteko epea gaindituz; gainera, eskabideak aurkezteko hilabetetik beherako epea eman zen (EAEHONALTBren 51.1 artikulua) eta ez zen kontzeptu horrekin 2015ean inongo gasturik erregistratu, 1,8 milioi euroren onartutako aurrekontua izan arren. Desabantailan dauden kolektiboentzako enplegu-orientaziorako 2015eko deialdia 2015eko abenduan ebatzi da. Gomendagarria litzateke deialdiak izapidetu eta kudeatzea ekitaldi bakoitzean aurrekontu egindako kredituei eta finantzatu asmo den jarduera-aldiari egokitzeko bide emango duten epeen barruan.
– Ezintasuna duten pertsonak Enpleguko Zentro Berezietan laneratzen laguntzera eta Enpleguko Zentro Berezietako Lanbide Jarduera Laguntzeko Unitateak finantzatzera emandako laguntzak:
* Ez dago egindako kalkuluak eta egiaztaketak xehetasunez jasoko dituen txosten tekniko edo ebazpen-proposamenik. Laguntza hauek eskuz kudeatu eta kontrolatzen dira. Horiek hobeto kudeatu eta kontrolatzeko aplikazio informatikoa txertatu behar litzateke edo, gutxienik, baliabide informatikoak erabili.
* Deialdi hauek beste laguntza batzuekin bateragarriak dira, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Ez da inongo baliabiderik abiarazi beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu dituztela egiaztatzeko; are, eskatzaileek aurkezten duten erantzukizuneko aitorpenean ez da horri buruzko informaziorik eskatu ere egin.
– Ezintasuna duten pertsonak Enpleguko Zentro Berezietan laneratzen laguntzeko Gipuzkoako Lurralde Historikoak 1,1 milioi euroren gastuak ditu eta beste bi lurralde historikoetan erregistratu dira. Desabantailan dauden kolektiboetako pertsonei zuzendutako enplegurako orientazio ekintza eta zerbitzuak garatzeko laguntzen 2015eko deialdiko etorkizuneko konpromisoak, 1,5 milioi eurorenak, oso-osorik Arabako lurraldean erregistratu dira; ordea, batik bat, beste bi lurralde historikoei dagokie.
Gaztenpresa Fundazioari diru-laguntza izenduna.
– Aurkeztutako frogagiriak ez du sarrera eta gastuen balantzea besarkatzen, emakidaren ebazpenak agintzen duen moduan. Balantze honek beste laguntza batzuk jaso izanaren ondorioz gainfinantzaketa dagoen edo ez erakutsiko luke.
Lan-munduan sartzeko enpresen sorrera eta sostengua.
– Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Saileko Sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Agindu bidez arautzen dira. Agindu hau Lanbide sortu aurrekoa da eta urteko deialdia erabiltzen da beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko; ez da hori, baina, horretarako baliabide egokia eta honenbestez, komenigarria litzateke araudia gaurkotzea Lanbidek bere gain hartutako egitekoak aintzat hartuta. Gainera, gaurkotze honetan honako alderdi hauek hartu behar lirateke aintzat:
* Ekoizpenean laguntzeko teknikariaren eta Gizarteratzen laguntzeko teknikarien kontzeptuko diru-laguntzen mugaketak argitu behar lirateke, 1,4 milioi euroren zenbatekoan. Ekoizpenean laguntzeko teknikariaren (ELT) eta Gizarteratzen laguntzeko teknikarien (GLT) kontzeptuetarako lanpostuak sortu eta mantentzeko diru-laguntzen agindu arautzailearen 9. eta 10. artikuluen arabera, hurrenez hurren, sortu eta mantendutako lanpostu bakoitzeko 1.800 eta 1.100 euroren zenbatekoa izango dute urteko. Aginduak ez du zehazten lanpostua teknikariena den edo gizarteratze prozesuan dauden pertsonena. Lanbidek azken interpretazio hau egiten du eta ELT edo GLT kontzeptuan gizarteratutako 10 eta 15 pertsonako muga ezartzen du, hurrenez hurren; muga hori, baina, arautu gabe dago; honenbestez, Agindua hitzez hitz interpretatzetik eskuratuko liratekeenak baino urteko 18.000 eta 16.500 euroren diru-laguntza handiagoak eskuratzen ditu.
* Lanbidek laguntza hauen jarraipena eta kontrola egitea arautu behar litzateke, batik bat ELT eta GLTren egitekoei dagokienez.
– Lanbidek ez du egindako kontrol-bisiten agiri bidezko ziurtagiririk uzten.
Lehen Aukera Programa.
– Kontratu mugagabeei ematen zaien diru-laguntza praktiketako kontratuena baino handiagoa da. Alabaina, ez da jarraipen edo kontrol prozedurarik batere zehaztu, gerora ez direla bertan behera uzten egiaztatzeko.
– Enpresa eta erakunde onuradunei zenbait baldintza betetzeko eskatzen zaie, hala nola, kontratatuko den lanpostuan enplegurik ez suntsitu izana urtebete lehenagoko epean eta kontratazio berriak dirauen epean zehar; gizon eta emakumeei tratu berdina emateko printzipioarekiko adostasuna...; betekizun horiek aitorpen erantzule bidez justifikatzen dira, nahiz ez den egiaztatze molde hori EAEHONALTBren 50.6 artikuluak babesten dituenen artean jasotzen. Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko beste molderen bat finkatu behar litzateke edo enpresek egiten dituzten aitorpenak egiaztatzeko baliabideak zehaztu, EAEHONALTBren 50.2.b artikuluak agindutakoa betez, izan ere, onuradunaren obligazioa dela dio diru-laguntzaren emakida baldintzatzen duten betekizun eta baldintzak bete direla justifikatzea.
– Lanbidek programan esku hartzen duten parte-hartzaile gazteak hautatzeko prozedura arautu behar luke, deialdian jasoa dagoen legez. Prozedura honek bermatu egin behar luke demandatzaileek eskaintzetarako sarbidea izatea berdintasun mailan.
Aztertu ditugun espedienteetan honako auzi hauek azaleratu zaizkigu hautaketa prozesuari dagokionez:
* Aztertu ditugun bost espedienteetatik hirutan ez dago jasota Lanbidek edo zentro laguntzaileak eskaintzaren berri eman duenik.
* Bikoteak egiten dira lan-eskaintzen eta baldintzak betetzen dituzten datu baseko eskatzaileen artean. Hau horrela egin arren, enpresara hautapenerako bidaltzen den zerrendan bikoteak egitetik hautatutako izangaiekin batera balizko hautagaien izenak ere bidaltzen dira, hau da, eskaintzako baldintza guztiak betetzen ez dituzten eskatzaileak. Aztertu ditugun kasu gehienetan balizko hautagai horiek hautatu dira.
Ezintasuna duten pertsonak Enpleguko Zentro Berezietan laneratzea sustatzea.
– Diru-laguntza lerro hau 1998ko urriaren 16ko Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren Agindu bidez dago arautua, guztiz indarrean dagoena harik eta ezintasuna duten pertsonak lan-munduan sartzea bultzatzeko diru-laguntzen programa propioa arautuko duen araudi autonomikoa garatu eta indarrean sartzen ez den bitartean.
Bestetik, Lanbideren 2015eko martxoaren 18ko administrazio-kontseiluaren erabakiak 2015eko ekitaldian baliabide ekonomikoak Agindu arautzaileko 4.B artikuluaren 2. paragrafoan aurrekusitako diru-laguntzak finantzatzeko ematen ditu, ezintasuna duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldata-kostuak ordaintzeko direnak; berebat, laguntza horien kudeaketari buruzko zenbait auziren gaineko informazioa ematen du, EAEko diru-laguntzen araubide juridiko propioa zuzenean aplikatzeak eragiten duena; honi dagokionez, egokia litzateke erabaki honek hainbat alderdi zehaztea: finantzaketa-gai izango diren soldaten kostuaren iraupena denboran; eskabideak aurkezteko epea (EAEHONALTBren 51.1 artikulua) eta aurrekontu egindako funtsak agortzetik eratorritako ondorioak (EAEHONALTBren 51.5 artikulua).
Enplegua sustatzeko tokiko ekintzak.
– Deialdiak langileen kontrataziorako bi laguntza mota arautzen ditu. Horietako batek toki-erakundeek beste erakunde edo beste enpresa batzuei laguntzak emanda egikaritzeko bide ematen du, Lanbideren beste zeinahi deialditan diru-laguntza eskuratu duten jardueretara lotutako kontratuak albo batera utziz, eta hori Lanbidek egiaztatu beharko luke.
– Deialdiak erakunde onuradunak behartzen ditu Lanbideren babesletzari publikotasuna ematera eta hori horrela egin ezean, litekeena da laguntzaren % 10 itzularaztea edo laguntza osoa berriz gertatuko balitz; honenbestez, zehaztu egin behar da zein inguruabarretan egikarituko den itzulketa prozedura.
– Diruz lagundutako kontratazioek ez dezakete erakundeetako egiturazko lanetan diharduten langileak ordezkatzea eragin. Aztertu diren espedienteetarik batean ere ez du Lanbidek baldintza hori egiaztatzeko behar hainbateko informaziorik eskuratu.
Desabantailan dauden kolektiboetakoak diren pertsonei zuzendutako enplegurako orientazio ekintzak eta zerbitzuak garatzea.
– Gaitasuna eta kaudimena duten erakundeen lankidetza bitartez orientazio zerbitzua zuzen emateko, bereizitako ezaugarri teknikoetara meneratuta eta epe jakin batean prezio baten truke egiteko, gehiago egokitzen zaio kontratu moldeari, zeinak, gainera, zerbitzua emateko prozesuaren gaineko kontrol zuzenagoa izateko bide ematen duen.
– Erakunde eskatzaileek bi oroitidazki aurkeztuko dituzte: bat, baliatuko dituzten metodologia eta teknikak jasoko dituena; eta bigarrena, azken lau urteetan egindako jarduerari buruzkoa; honenbestez, deialdiak gutxieneko betekizun batzuk bereizi behar lituzke eta baloratu beharreko alderdien artean barne hartu.
– Deialdiaren 5.3.2 artikuluak kolektiboetako bitan orientazioa egiteko eskabidea aurkezten duten erakundeei eskatzen die diru-laguntza zein kolektiboetarako eskatu den, hor egindako jardueran eskarmentua egiaztatzeko horretarako jaulkitako egiaztagiri bitartez, esperientzia horren gutxieneko denbora adierazi gabe.
– Aztertutako espedienteetako batean, eskabidea horretarako osatutako entitate talde batek egin du. Lanbidek erregistraturiko kontularitzako mugimenduak talde hori osatzen duten entitateetako baten izenean egin dira. Ordea, elkartearen izenean egin behar zatekeen, honek nortasun juridikorik izango balu, edo, kontrara, elkartea osatzen duten zortzi entitateetako bakoitzaren izenean.
II.3.2.– Prestakuntza.
Ezaugarri komunak.
– 2015eko urtarrilaren 9an 2014ko deialdietako diru-laguntzak eman dira, enpresek garatutako prestakuntzako ekintza estrategikoetarako laguntzetarako eta lehentasunez EAEko pertsona okupatuei zuzendutako eskaintzaren enplegu prestakuntzaren laguntzetarako; horien gastu guztia 2015eko ekitaldiko aurrekontuaren kontura erregistratu da. Laguntza hauen deialdiek, 2014ko abuztuaren 1eko EHAAn argitara emandakoek, guztira 19,1 milioi euroren baliabide ekonomikoak banatzen zituzten; horietatik 8,4 milioi euro 2014ko ordainketa kredituari zegozkion eta 10,7 milioi euro 2015eko konpromiso-kredituari. Biek ere 2014ko urtarrilaren 1 eta 2015eko ekainaren 30 bitartean gauzatu beharreko jarduerak finantzatzen dituzte. Deialdien izapidetzea eta kudeaketa ekitaldi bakoitzean aurrekontu egindako kredituei eta finantzatu asmo den jarduera-aldiari egokitzeko bide emango duten epeen barruan egin behar litzateke.
Lan-munduan txertatzeko prestakuntza ekintzak.
– 2015ean emandako diru-laguntzen kontzeptuko gastuen % 60, 2015ean erregistratzen da eta % 40, berriz, 2016rako konpromiso-kredituetan. Banaketa hau ez da zuzena kasu guztientzat, izan ere badira prestakuntza ekintzak 2015eko ekitaldian amaitu eta gastuaren oroitidazki justifikagarria aurkezten dutenak eta honenbestez, oso-osorik ekitaldi horretan erregistratu behar ziratekeen.
– Diruz lagundutako 1.036 prestakuntza ekintzetatik 69 emakida-ebazpena egin aurretik abiarazi dira eta hori ez zaio 4/2015 LEDren xedapen iragankor lehenengoan ebatzitakoari egokitzen. Aztertutako espedienteetako batean emandako diru-laguntzaren lehenengo % 60aren ordainketa egin da 2015ean, prestakuntza ekintza hasi gabe zegoela eta hori ez dator bat 327/2003 Dekretuaren 47. artikuluarekin.
– Prestakuntza-familia batzuei dagokienez, emandako diru-laguntza 327/2003 Dekretuan jasotakoa baino txikiagoa da, Lanbideko Enplegu eta Sarreren Bermerako zuzendariaren 2015eko martxoaren 5eko Ebazpen bat aplikatu zaielako.
Lehentasunez EAEko pertsona okupatuei zuzendutako eskaintzaren enplegurako prestakuntza, 2014ko deialdia.
– Deialdiaren 3.2.d) artikuluak adierazten du lehentasuna izango dutela EAEn ezarpen handien duten autonomoen elkarte ordezkariek. Lehentasun hau, baina, ez da balorazio irizpideetan jaso eta honenbestez, praktikan ez du eraginik.
– Langileen hautaketa erakunde onuradunak eta/edo prestakuntza ekintzak emango dituen pertsona erantzuleak egingo du, hautaketa baliabideetan gardentasun eta objektibotasuna bermatuz (deialdiaren 8. artikulua). Komenigarria litzateke Hobetuzek baliabide hauen analisia barne hartzea egiten dituen ikuskaritzetan.
– Deialdiak dio diru-laguntzak zuen helburuaren erabateko ez-betetzea dagoela prestakuntza orduak prestatutako pertsona kopuruarekin biderkatu ostean, aurkeztu eta onartutako datuen gainean gutxienez % 35 bete ez denean. Hobetuzek, kalkulu hau egiteko, hainbanaketa bat aplikatzen du, deialdian aurreikusi gabea, diru-laguntzak onartutako kostu subentzionagarriaren gainean egiten duen ehunekoarekin; honenbestez, ez-betetzerik ez gertatzeko eskatzen den egikaritza deialdian xedatutakoa aplikatuz aterako litzatekeena baino nabarmen txikiagoa da.
– Finantzaturiko prestakuntza planaren zenbait aldaketa, jaso beharreko diru-laguntza areagotzen ez dutenak, ez ditu Lanbideko zuzendari nagusiak onartzen, deialdiaren 12.6 artikuluak aurreikusten duen moduan.
– Finantzatutako ekimenak 2014ko urtarrilaren 1 eta abenduaren 31 bitartean abiaraziko dira (deialdiaren 2.3 artikulua). Aztertu ditugun bi espedientetan, egiaz egikaritutako prestakuntza ekintza guztiak 2015ean abiarazi dira.
– Espedienteetako batean ez da justifikatu kontratatu den eskaintza onuragarriena denik. Beste bi espedientetan ez da kontrataziorako aldez aurreko baimenik eskatu (deialdiaren 13.5 artikulua).
– Espedienteetako batean ordaintzeko eta egiaztatzeko moldea ez zaio ez deialdian ez laguntzaren emakida ebazpenean finkatutakoari egokitzen.
Enpresek garatutako prestakuntza ekintza estrategikoak.
– Deialdiak eskabideak aurkezteko EAEHONALTBren 51.1.b) artikuluak aurreikusten duen hilabeteaz azpitiko epea ematen du.
– 2014ko ekitaldian ordaindutako lanbide heziketako kuota eta plantillako langile kopurua aintzat hartu beharreko ezaugarriak dira diru-laguntzaren zenbatekoa mugatzeko orduan; horiek eskatzailearen aitorpen erantzuletik eskuratzen dira eta gerora ez da inongo egiaztaketarik egiten.
LANBIDE EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN 2015EKO EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZAK DIRELA-ETA AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK
Sarrera.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fiskalizazioaren 2015eko ekitaldiko emaitzei erantzute aldera, txosten honetan bildu dira organismo autonomo horrek gai horri buruz egoki iritzitako eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak zentralizatutako alegazioak eta justifikazioak.
II.1.– Enplegua.
Alderdi komunak.
«Honako deialdi hauek laneratze/orientaziorako teknikarien kostuak diruz laguntzen dituzte: enplegurako orientabide deialdiak; desabantaila egoeran dauden kolektiboei orientabidea ematekoak; Lanbiderekin lankidetzan enplegu zentroen zerbitzua garatzekoak eta gizarteratzen enpresak sortu eta eusteko laguntzenak. Lanbidek kontrolatzen du enplegurako orientazioko deialdietan eta desabantailan dauden kolektiboentzako orientazioko deialdietan teknikari bakoitzeko diruz lagundutako orduek ez ditzatela urteko lanorduak gainditu. Ordea, Lanbidek ez ditu kontrolak egiten gainerako deialdietan. Honela, bada, egindako azterketan ikusi dugu badirela teknikariak % 100eko lanaldian dihardutenak lan-munduan sartzeko enpresak sortu eta eusteko laguntzetan, zeinak orientazioko laguntzetan orduak egozten dituzten; eta badira beste teknikari batzuk, berriz, zeini orientazioko deialdietan eta enplegu zentroen zerbitzua garatzen finantzatzen zaizkien lanorduak urteko lanaldikoak baino gehiago diren.»
Alegazioa.
Laneratze-enpresako teknikarien arduraldiari dagokionez, laneratze-enpresak bere eskabidean egiten duen erantzukizunpeko adierazpenean adierazten du ez duela eskuratu edo eskatu beste laguntzarik, diru-laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik helburu bererako.
Laneratze-enpresako teknikari batzuek laneratze-enpresak sortu eta mantentzeko laguntzen esparruan % 100eko lanaldia eta orientaziorako laguntzen esparruan ordu batzuk esleituta izateari dagokionez, EAEko Kontu Publikoen Auzitegiaren arabera egoera horretan dauden hiru pertsonen datuak aztertzen ari gara gaur egun, zer prozedurari jarraitu ezartzeko eta, behar balitz, dirua itzultzeko prozedura izapidetzeko.
Hemendik aurrera, kontrol- eta jarraipen-sistema osagarri bat ezarriko da: orientaziorako deialdien barruan diru-laguntza jaso duten pertsonen zerrenda eskatuko da, laneratze-enpresetan kontratatutako laneratzeko teknikariekin kontrastatzeko. Bi zerrendetan dauden pertsonei dagokienez, laneratze-enpresari eskatuko zaio adierazteko pertsona horiek beren lanaldiaren zer ehuneko egiten duten lan batean (enplegurako orientazioan) eta bestean (laneratze-prozesuan dauden pertsonei laguntza ematen), pertsona horiengatik jasotzen duten diru-laguntzarekin kontrastatu eta balizko bikoiztasunak saihesteko edo, hala balitz, zuzentzeko.
Bestalde, auditoria-prozesuan, Lanbideri kasu batzuen berri eman zitzaion, non bikoiztasuna egon zitekeela ikusi baitzen orientazio-zerbitzuaren eta enplegu-zentroaren zerbitzuaren artean. Arabako erakunde batean, bi deialdietan zerbitzuak ematen zituen pertsona baten bikoiztasunak gehiegizko orduak egitea ekarri zuen berekin; hortaz, dirua itzultzeko espediente bat hasi zen. Espediente hori ebatzita dago gaur egun; erakundeak ordaintzea baino ez da falta. Gainerako kasuetan, bi zerbitzuetan aritzeak ez zuen berekin ekarri gehiegizko ordurik.
Analisi horren ondorioz, orientazio-aplikazioetan beharrezkoak diren kontrolak ezarri dira, bikoiztasunak hautemateko. Gehiegizko ordurik eginez gero, erakundeari abisatzen zaio, eta gehiegizko orduak ez dira ordaintzen.
Laneratze-enpresak sortu eta mantentzea.
«Aurkeztu diren eskabideen % 45 Agindu arautzailearen 21. artikuluak aurreikusitako gehieneko epea gaindituta ebatzi dira (3 hilabete).»
Alegazioa.
2016ko deialdira arte, erabiltzen zen eskabideak ebazteko prozedurak berekin zekarren agindu arautzailean ezarritako epea ez betetzea. 2016ko deialditik aurrera, programa hori gehitu zaio Lanbideko espediente-kudeatzaileari, eta eskabideak ebazteko prozesua aldatu da; horren ondorioz, 3 hilabeteko epearen barruan eman dira ia ebazpen guztiak. 2017an, betekizun hori guztiz bermatuko da.
«Lanbidek ez ditu emandako zenbatekoak egokitzeko aldaketa-ebazpenak egiten hasierako zenbatekoan dedukzioak gertatzen direnean, emakidarako aintzat hartu ziren baldintzak egiazkoez bestekoak izateagatik; honenbestez, ez zaio laguntza hauek arautzen dituen Aginduaren 25. artikuluan xedatutakori egokitzen. Murriztu beharreko zenbatekoa ordainketa agirian baizik ez da adierazten. Honezaz gain, bete beharreko postuetan gertatzen diren aldaketak hilabetekoak baino txikiagoak direnean, ez da inongo deskonturik egiten eta hori ez dator bat aipatutako 25. artikuluarekin.»
Alegazioa.
Oharpen hori kontuan hartuko da, eta, etorkizunean, dagokion aldaketa-ebazpenak emango dira.
Lehen Aukera programa.
«Aztertu diren espedienteetarik batean ez dago erasota deialdiaren 3.3 artikuluaren betekizuna bete dela egiaztatu denik, zeinak dioen kontratazio berriek kontratazio aurreko sei hilabeteetako batez besteko plantillaren gainean gehikuntza eragin behar dutela.»
Alegazioa.
Espedientea: R/15/LAK-00172G.
Baliozkotzat hartu zen enpresa eskatzaileak egindako erantzukizunpeko adierazpena: horren arabera, egindako kontratazioek enplegu-sorrera garbia dakarte berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 6 hiletan enpresak batez beste duen langile kopuruari begira.
Desgaitasuna duten pertsonak enplegu-zentro berezietan laneratzeko aukera sustatzea.
«Aztertutako espedienteetako batean onuradunari diru-laguntza ordaindu zaio, nahiz Ogasuneko ziurtagiriak adierazten duen zorrak dituela ingresatzeko.»
Alegazioa.
2015eko iraileko 48049715-B espedientea 2015eko azaroaren 18an ebatzi zen, 2015eko otsaileko, martxoko, apirileko, maiatzeko, ekaineko, uztaileko eta abuztuko espedienteen antzera; horien egunera egotearen ziurtagiriak ziurtagiri beraren kopia ziren espediente guztientzat. Enplegu-zentro berezi bateko 8 ordainketa-espediente izapidetu ziren, batera izapidetu ere: otsailetik irailera artekoak, denak 2015eko azaroaren 18an ebatziak. Ziurtagiriak ziurtagiri beraren kopia zirenez espediente guztientzat, kasuren batean (kasu honetan gerta zitekeen bezala) oker baten ondorioz egunera ez zegoen ziurtagiriren bat gorde bazen, hilabete horietako espediente guztiak ordaintzeko benetan aurkeztu eta kontu-hartzailetzak onartutakoa zuzena izan zen; alegia, egunera egotearen ziurtagiria zen.
«Beste espedienteetako batean aurreko hilabeteetan diruz lagundutako kontratuetan lanaldi aldaketak egin direla ikusi da, enpresak jakinarazi ez zituenak. Jasotako gehiegizko kopurua ondoko hilabeteetako diru-laguntzetan murrizten da, baina ez da itzultzeko prozedurarik izapidetu, ez eta dagozkion interesak eskatu ere.»
Alegazioa.
01007615 espedienteari dagokionez, enplegu-zentro bereziak akats bat egin zuen, eta, akatsaren berri eman ondoren, arazoa berehala zuzendu zen, hurrengo hilean zenbateko ekonomikoak doituz.
Espediente jarraitua denez (hileroko ordainketak dira), kalterik gabeko irtenbide azkar bat aplikatzearren, ez zen beharrezkotzat jo dirua itzultzeko espedientea hastea, gertaerak ez baitzion ondare galerarik ekarri administraziori.
Enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateen finantziazioa.
«2015eko deialdian jasotako oinarri arautzaileak ez zaizkio hainbat alderditan 469/2006 EDn xedatutakoari egokitzen (emakida prozedura eta diru-laguntzaren zenbatekoa zenbait kasutan).»
Alegazioa.
Ez dute zertan bat etorri. Enplegu Politikari buruzko 2015eko Urteko Planean (BOE, 2015eko abuztuaren 11koa), autonomia-erkidegoei berariaz ematen zitzaien baimena estatuko araudian araututako programak egikaritzeko eta enplegu-politika aktiboen programa autonomikoak egiteko, betiere Enplegua Aktibatzeko 2014-2016 Estrategiaren ardatzetan txertatzen baziren eta 2015eko Planaren helburuak betetzeko balio bazuten.
Lanbideren Administrazio Kontseiluak hala hitzartuta, ez ziren deitu 469/2006 Errege Dekretuan araututako diru-laguntzak; aitzitik, Euskal Autonomia Erkidegoaren deialdi bat da, errege-dekretu horretan araututako laguntza-unitateak finantzatzen dituena.
Deialdia 469/2006 Errege Dekretuari lotzen zaio, dekretu horrek enplegu-zentro berezietako lanbide-jarduerari laguntzeko unitateen kontzeptuari, funtzioei eta egiturari buruz duen erregulazioari dagokionez, baina emateko prozedura, antolamendua eta kudeaketa erkidego mailakoa da. Hau da: 469/2006 Errege Dekretuan definitutako laguntza-unitateak finantzatzen dira, baina hornidura ekonomikoa ematen dien diru-laguntzen erregimena Lanbideren Administrazio Kontseiluak onartutako oinarrietan arautzen da.
«Espediente batean emandako diru-laguntza zegokiokeena baino txikiagoa da aurrekontuko kreditua agortu izanaren ondorioz; gainerakoetan, ordea, zenbateko osoa eman da. Jokamolde hau ez dator bat deialdiaren 8.2 artikuluak agintzen duenarekin, izan ere artikulu horrek esaten du baliabideak behar hainbatekoak ez direnean funtsak proportzionalki banatuko direla eskabideen artean.»
Alegazioa.
Kontua ez da, esaten den bezala, kreditua agortu izanaren ondorioz eskatutakoa baino diru-laguntza txikiagoa eman zela, baizik eta enplegu-zentro bereziari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa benetan egiaztatutako baldintzetara doitu zela, baldintza horiek ez baitzetozen bat eskatutakoarekin.
Enplegua sustatzeko toki-ekintzak.
«Laguntza moldeetako batean ez da eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek enplegu eskaintzarako irispidea berdintasun baldintzetan izango dutela bermatuko duen hautaketa prozedurarik finkatu.»
Alegazioa.
Ez da esaten zer motari egiten zaion erreferentzia. Pentsatzekoa da 2.3.3 artikuluan araututakoa dela: 2. mota. Kontrataziorako laguntzak.
Diru-laguntza ildo horren bidez, udalek enplegua sustatzeko programak abiatzea da helburua. Kontratugileak, ordea, ez dira administrazio publikoak, baizik eta enpresa pribatuak.
Pertsonen kontratazioa zuzenean udalek egiten dutenean edo udalek hitzarmen edo kontratu bat dela tarteko proiektu bat gauzatzeko ardura ematen dieten erakundeek egiten dutenean, enplegu-eskaintzaren kudeaketan esku hartzeko aukerak handiagoak dira. Bi administrazioak –hots, Lanbide eta toki-erakundeak– programa horretan lankidetzan aritzearen azken helburua langabeak laneratzea da, eta ez dute helburutzat egiten duten lanaren errentagarritasun ekonomikoa.
Dena den, langabeak enpresa arruntetan sartzen saiatzean, enpresak pertsona jakin batzuk kontratatzera behartzeak berekin ekar dezake programaren porrota. Egia da enpresen jokabidea bideratu behar dela kasu bakoitzean egokitzat jotzen diren pertsonen kolektiboak kontrata ditzaten, langabeak laneratzeko –hori da, hain zuzen, helburua–, kasu bakoitzean zehaztasun handiagoz edo txikiagoz definituz delako kolektiboa. Kasu honetan, pertsona kontratatuak zera izatea eskatzen zen: Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatutako langabeak. Hautagaia hautatzea, baina, enpresari dagokio.
Enpresa pribatu bateko lanpostu bat eskuratzeko, ez da zertan modu hertsian errespetatu berdintasunaren printzipioa. Egia da, dena den, funts publikoekin diruz lagundutako kontratazioa denez Lanbidek hautaketa-prozesu bat arautu lezakeela, berme guztiak izango lituzkeena; prozesu horretan, Lanbidek bidaliko luke kontratatu beharreko azken hautagaia enpresara. Teorian, hori egin liteke, baina, praktikan, ziurtasunez esan dezakegu kontratazioen kopurua oso urrun egongo litzatekeela ezarritako helburuetatik.
Lanbidek kudeatzen dituen enplegua sustatzeko programa batzuetan (Lehen Aukeran, kasu), kontratatu beharreko pertsonaren hautaketa-prozesua arautzen dute Lanbidek eta haren zentro laguntzaileek. Dena den, enpresari zenbait hautagai eskaintzen zaizkio, eta enpresak du azken hitza: hark erabakitzen du nor kontratatuko duen.
Era berean, gazte langabeak euskal enpresen kanpoko lantokietan praktiketan kontratatzeko laguntzen programan, Lanbidek aurretiko hautaketa bat egiten du. Dena den, organismo autonomo horrek proposatzen ez duen pertsona bat hauta dezake enpresak.
Beste programa batzuetan (txanda-kontratuentzako laguntzetan), ez da inolako hautaketa-prozesurik egiten: hautaketa-prozesua enpresak soilik egiten du. Kontratatutako pertsonak diru-laguntza jasotzeko izan behar dituen ezaugarriak soilik arautzen dira, helburu publikoa zein den.
Era berean, estatuko araudian enplegua sustatzeko araututako beste neurri batzuetan, hala nola Gizarte Segurantzako kuotetan hobariak emanez finantzatzen diren kontrataziorako laguntzetan, enpresa kontratugileak hautatzen du nor kontratatuko duen (kontratatzen den pertsonak, baina, ezarritako baldintzak bete behar ditu).
«Bi espedientetan eskabidean aurkeztutako oroitidazki teknikoak ez du deialdian eskatzen den informazio guztia jasotzen. Horietako batean, gainera, ekonomia-oroitidazkia ez da osoa.»
Auzi horri auzi honekin batera erantzungo diogu:
«Espedienteetako batean ez dira eskatutako kontratazioko ehunekoak bete pertsonen berezitasunen arabera eta hala eta guztiz ere, ez da deialdiaren 12. artikuluan finkatutako diru-laguntzaren murrizketa aplikatu.»
Alegazioa.
Espedientea: R/15-LPE-05B.
Diru-laguntzaren eskabidea 2015-04-24an aurkeztu zen, enplegua sustatzeko toki-ekintzen deialdiarekin bat (2015eko martxoaren 25eko Ebazpena). (2015-03-31ko EHAA).
Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea goiburua duen 6. artikuluko 3. idatzi-zatian, eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko direla esaten da:
– Garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuaren memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, eskabide-ereduan zehaztutako moduan.
– Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.
– Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan kasu, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan sartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.
Udalak, eskabide-ereduaz gain, memoria tekniko eta ekonomiko bat aurkeztu zuen, kostuen banakako xehakapenarekin batera, deialdiko 1. motari atxikitako 10 proiektuetako bakoitzean eta deialdiko 3. motari atxikitako 3 proiektuetako bakoitzean. Halaber, memorian laguntza-deialdiari ATXIKITZEN EZ zaizkion beste ekintza batzuk aurreikusten dira, atxikitako ekintzen osagarriak eta udalaren ekarpenekin soilik finantzatuko direnak.
Hauek dira diru-laguntza eskatu eta jasotako ekintzak:
1. motakoak.
1.– Fatxadak egokitzea eta hormak sortzea. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
2.– Udal-telekomunikazioak, erabilera askoko ekipamendua eta informatikariak. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
3.– Eskola publikoetako instalazioak hobetzea. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
4.– Eskola publikoetako jolastokiak. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
5.– Gazte-gela. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
6.– Establezimendu publikoak irekitzeari buruzko tituluak eguneratzea eta modernizatzea. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
7.– Kultura-ekoizpena, logistika. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
8.– Dokumentu-funtsen eta administrazio-artxiboen katalogazioa. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
9.– Adinekoentzako osasun-sustapena gizarte-zentroetan. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
10.– Adinekoen zereginak eta eguneroko bizitzako ekintzak sustatzea gizarte-zentroetan. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
3. motakoak.
1.– Portugaleteko ingurumenari buruzko programa, eta programa hori ikastetxeetan ikusgai jartzea. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
2.– Hiri-guneak leheneratzea. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
3.– Erakusketa-jarduerak. Memorian, hau justifikatzen da: eskabidearen helburua, zenbat kontratatu egitea aurreikusten den, eta kostua eta eskatutako diru-laguntza.
Nahiz eta memorian kontratazioak sexuaren arabera xehatuta ez egon, kontratazioek deialdian ezarritako minimoak errespetatzen dituzte, eta dagozkion enplegu-eskaintzen bidez hautatutako langabeak kontratatuz egin dira. Datu hori ez da garrantzitsutzat hartzen espedientea ebazteko.
Horretaz gainera, badaude banakako kostuen zerrenda bat eta laburpen ekonomikoak, hala guztizkoak nola jardueraren araberakoak. Hortaz, laguntzen deialdian ezarritakoa betetzen zela jo, eta aldeko ebazpena eman zen.
Espedientea: R/15-LPE-17.
Hauek dira eskabide-orriarekin batera aurkeztu beharreko eta erakundeak aurkeztutako dokumentuak:
– Proiektua deskribatzen duen memoria teknikoan, hau dena jaso behar da, eta jasotzen da:
* Xedea: jarduera-eremua aurkezteaz gain, orobat jakinarazten da zertan dautzan garatuko diren proiektuak eta nola txertatuko diren Arabako Errioxako eskualdeko Enplegu Planaren ardatzak Eskualdeko Enplegu Planean.
* Proiektuaren deskribapena: zer jarduketa egingo diren zehazten da, bai eta jarduketa horiek egiteko zenbat pertsona kontratatuko diren ere.
– Proiektuaren egikaritzeari buruzko gastuak jaso behar dituen eta jasotzen dituen memoria ekonomikoa. Kasu honetan, behar bezala jasotzen dira 1. eta 3.1 motako jarduketetarako kontratatzen diren langileen soldata-kostuen aurreikuspena, batetik, eta 2. motako toki-enpresek kontratazioak egiteko laguntzetarako deialdiko horniketa ekonomikoa, bestetik.
Bestalde, 2015eko ekitaldirako enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntzen deialdiaren 9.1.a) artikuluan, jardueraren amaierako memoriari dagokionez, memoria horretan gutxienez hau jaso behar dela ezartzen da:
– Gauzatutako jardueren deskribapena.
– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta adieraziko da zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak zer iraupen efektibo izan duen, datu guztiak sexuaren arabera banakatuta.
– 1. motako jarduketetarako, agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela.
– Lortutako emaitzak, sortutako enpleguei eta jarduera ekonomikoari dagokienez.
– Hobekuntza-ekintzak.
– Erabilitako baliabideak.
– Kostu ekonomikoa.
2016ko abuztuaren 5ean aurkeztutako likidazioan, 1 eta 3.1 motako ekintzei dagokienez, udaletako bakoitzak, gauzatutako ekintza bakoitzaren memoriaz/deskribapenaz gain, hautaketa-prozesuan gutxienez emakume batek parte hartu zuela egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztu zuen. Horretaz gainera, Oioneko, Eltziegoko eta Bastidako udaletako kontu-hartzaileen eta Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillako idazkariaren ziurtagiriak aurkeztu ziren, kontratazio horien kostu ekonomikoari buruzkoak, kostu hori dagozkion lan-kontratuekin, soldata-orriekin, Gizarte Segurantzari egindako kotizazioen buletinekin eta ordainketa-aginduekin justifikatuta.
2. motako ekintzak justifikatzeko, hau aurkezten da:
– Arabako Errioxako Eskualdean kontratazioak egiten laguntzeko proiektuen 2015eko oinarri arautzaileak, 2015eko uztailaren 27ko ALHAOn argitaratuak.
– Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillako idazkari kontu-hartzailearen ziurtagiria, diruz lagundutako 6 kontratazioen lan-kostuena.
– Kontratazioak egiteko laguntzen deialdiaren ebazpena.
Diruz lagundutako kontratazioak egin dituzten enpresek aurkeztutako justifikazio-dokumentazioak, bai eta Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillako idazkari kontu-hartzailearen ziurtagiria ere, enpresek aurkeztutako dokumentuak zuzenak direla egiaztatzen duena.
Espedientea likidatzeko aurkeztutako dokumentuak aztertu ondoren, ikusi zen kontratatutakoen artean % 15 baino gutxiago zela 55 urtetik gorakoa eta % 40 baino gutxiago zela emakumea. Hori dela eta, emandako diru-laguntza itzultzeko espediente bat hasi zen.
Erakundeak egindako alegazioak aztertu eta Oiongo enplegu-bulegoak egindako txostenaren bidez –bulego horrek baitzeukan espedienteko enplegu-eskaintzak kudeatzeko ardura– alegazio horiek egiazkoak zirela egiaztatu ondoren, Lanbidek ondorioztatu zuen laguntza-deialdian ezarritako kolektiboen ehunekoak ez betetzea erakunde onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez zuten beste kausa batzuen ondorio zela; zehazki, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baldintzak betetzen zituen hautagairik eman ez izanaren ondorio.
Espedienteko dokumentuak oinarri hartuta, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillak aurkeztutako amaierako memoria behar bezalakoa zen, deialdiaren 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen baitzituen, eta horrek bide eman zuen 2015eko enplegurako toki-ekintzen azken likidazioa egiteko.
Desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egitea eta orientazio-zerbitzuak ematea.
«2015eko deialdian jasotako oinarri-arau arautzaileak ez zaizkio hainbat alderditan 327/2003 Dekretuan finkatutakoari egokitzen (onuradunen baldintza jakin batzuk, diru-laguntzaren zenbatekoa...).»
Alegazioa.
2011an bere jarduera hasi zuenetik Lanbidek orientazio-zerbitzuak emateko kanpo-erakundeen lankidetza antolatzeko bideratzen dituen laguntzen deialdiek –eta, hortaz, 2015eko ekitaldian onartutakoak ere bai– ez dute loturarik 327/2003 Dekretuaren I. kapituluan araututako enplegurako orientazio-programarekin.
327/2003 Dekretuan araututako laguntzak ez dira deitu (horretarako, egin beharreko gauza bakarra zera zehaztea izango litzateke: eskabideak aurkezteko epea, 327/2003 Dekretuaren 49. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta aurrekontu-kreditua; izan ere, oinarri arautzaileak Dekretuan jasota daude, eta ez litzateke beharrezkoa eta zuzena izango berregitea).
Horrexegatik, hain zuzen, 2015eko orientazio-laguntzen deialdia ez dator bat 327/2003 Dekretuko I. kapituluan ezarritakoarekin; izan ere, programa independente bat da, deialdian bertan jasotzen dituena oinarri arautzaileak.
327/2003 Dekretuarekin lotuta ez dauden orientazio-zerbitzua emateko laguntzen deialdia egiteko eta onartzeko erabakia Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren aurrean justifikatu zen, 2013ko ekitaldiko deialdiari buruzko espedientea izapidetzean aurkeztutako txosten osagarriaren bidez. Bere garaian alegatutakoa laburbilduko dugu jarraian.
Enplegu-politika aktiboaren arloko funtzioak eta zerbitzuak EAEra eskualdatu ondoren, orientazio-zerbitzua emateko lankidetza-eredu bat behar zuen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, baina eredu hori ez zetorren bat 327/2003 Dekretuaren I. kapituluan definitutako ereduarekin. Kontuan hartu beharra dago 327/2003 Dekretua eskualdaketa hori egin baino zenbait urte lehenago onartu zela; garai hartan, Eusko Jaurlaritzak zituen bitartekoak eta funtzioak oso mugatuak ziren, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak bere bulegoen eta erakunde laguntzaileen bidez ematen zuen zerbitzuaren osagarriak.
Dekretu hori ez zen egokitzen Lanbideren errealitatera, eta hori agerian jartzen zen dekretuko artikuluak aztertzean; batik bat 3. artikulua, non entitate onuradunak eta laguntzak jasotzeko eskakizunak zein diren ezartzen baita. Artikulu horretan, hauxe ezartzen da:
3. artikulua.– Entitate onuradunak eta eskakizunak.
1.– [...]. Ondokoetan soilik jardungo dute Enplegu Orientazioko Zerbitzu Laguntzaileek:
a) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Enplegu Orientazioko Zerbitzua ez duten enplegu eskualde edo arroetan.
b) esku-hartze espezializatua eskatzen duten gizarteratze eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeentzako arretan (minusbaliotasuna dutenak, gizarte-baztertzea jasateko arriskuan daudenak...).
Eskualdaketa egin aurreko egoeran, eduki horrek bazuen zentzua: kanpo-erakundeen lankidetza beharrezkoa zen zerbitzu propiorik ez zegoen lekuetan. Zerbitzu hori Egailan SA sozietate publikoaren mendeko bulegoek soilik osatzen zuten, eta laneratzeko zailtasun bereziak zituzten kolektiboentzat soilik, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren lanaren osagarri gisa.
Dena den, 2011n enplegu-politika aktiboaren arloko funtzioak eta zerbitzuak eskualdatu ondoren, Lanbideren jarduera-eremua, bere enplegu-bulegoetako bitartekoen bidez, Euskal Autonomia Erkidego osora zabaldu zen, eta, bestalde, kanpo-erakundeekin lankidetzan jarduteko premia orokorra zen: ez zen kolektibo jakin batzuetara mugatzen; aitzitik, laguntza behar zuen zerbitzua oro har enplegu-eskatzaile guztiei emateko, bereziki ekonomia-krisi honen hasieran artatu beharreko pertsonen kopuruak izugarri gora egin zuenean.
Halaber, 5. artikuluan araututako diruz lagundu daitezkeen funtzioak eta ekintzak ez zetozen bat EAE 2011n zegoen testuinguruan erakunde laguntzaileek egin beharrekotzat jotzen ziren funtzio eta ekintzekin. Izan ere, Lanbidek hartutako orientazio-ereduaren oinarria zen Euskal Enplegu Zerbitzuari zegokiola, lehentasunez, enplegu-eskatzaileen enplegagarritasunaren balorazioa eta ibilbide pertsonalizatuak egitea.
Funtsezko arrazoi horietaz gain, 327/2003 Dekretuko I. kapituluko artikuluetan bazeuden bete ezin ziren beste eskakizun batzuk, hala nola 3.4.b) artikuluan ezarritakoa: «Euskal Lan Zerbitzuaren zentro laguntzailea izatea». Izan ere, Euskal Lan Zerbitzu hori –Langai–, zeina Egailan SA sozietate publikoak kudeatzen baitzuen, bertan behera gelditu zen bitartekotza-funtzioa EAEra eskualdatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua bere bitartekoen bidez zuzenean gauzatzen hasi zenean.
Horrenbestez, ezinezkoa zen errealitatearekin bat ez zetozen laguntza batzuk deitzea; ezin zen eskatu lankidetza «Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Enplegu Orientazioko Zerbitzua ez duten enplegu eskualde edo arroetan», Lanbide lurralde osoan baitzegoen presente; halaber, ezin zen eskatu lankidetza «esku-hartze espezializatua eskatzen duten gizarteratze eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeentzako arretan», orientazio-zerbitzu hori oro har enplegu-eskatzaileei emateko lankidetza behar baitzen.
Horretaz gainera, ezin zen alde batera utzi zer arazo sortzen zen aldi berean zeudelako, orobat 2015ean, abenduaren 23ko 327/2003 Dekretua eta Lanbideko Administrazio Kontseiluaren Akordioak (akordio horiek dekretu horretan ezarritakoez bestelako baldintza batzuetan onartzen zituzten enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko laguntzen deialdiak). Arazo hori bertan behera gelditu zen aurreko ekitaldian 327/2003 Dekretua indargabetu zenean, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren bidez.
II.2.– Prestakuntza.
Alderdi komunak.
«Lehentasunez EAEko pertsona okupatuei zuzenduriko eskaintzaren enplegurako prestakuntzari -2014ko deialdia- eta enpresek garatutako prestakuntza ekintza estrategikoei emandako laguntzak aztertu ditugu eta honako alderdi hauek atzeman ditugu:
Deialdian finkatutako balorazio irizpideetako atalen puntuazioa Hobetuzen baloraziorako barneko eskuliburu batean zehazten da. Komenigarria litzateke eskatzaileek ezagutzea. Bestetik, eskaintzen den enplegurako prestakuntzaren kasuan, eskuliburuko puntuazioak aplikatuta, eskatzaileek gehienera 185 puntu eskura ditzakete, azkenean deialdiko 11.1.d) artikuluko gehienezko 100 puntu ematen zaizkielarik; era honetara eskabideen artean ez da bereizketa egokirik egiten eta ondorioz, hein batean behintzat, puntuen asignazioak zentzua galtzen du.»
Alegazioa.
Hobetuzen barne-eskuliburu batean jasotzen den balorazio-irizpideen puntuazioari buruzko oharpen horri dagokionez, jakinarazten dugu enplegurako prestakuntzarako laguntzen 2016ko ekitaldiko deialdian huts hori zuzendu zela, eta deialdian xehe-xehe jaso zirela balorazio-irizpideak eta irizpide bakoitzari dagokion puntuazioa; hurrengo deialdietan hori bera egingo dugu.
Enpresek egiten dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoetarako deialdiari dagokionez, balorazio-irizpideen xehetasunak 2018ko deialdian sartzea aurreikusten da.
«Likidazio- eta justifikazio-aldian, presentziazkoak ez diren prestakuntza ekintzetarako deialdiak Hobetuzi aitortzen dio diru-laguntza finkatzeko zenbait irizpide arautu eta argitara ematea; ordea, ezin zaizkio erakunde laguntzaileari arauketarako eskumenak eskuordetu, EAEHONALTBren 52.2 artikuluaren arabera dagozkionak gainditzen baititu.»
Alegazioa.
Zehazki, deialdian (prestakuntza-ekintza estrategikoetarako laguntzen deialdiaren 15.2 artikuluan eta prestakuntzarako laguntzen deialdiaren 16.2 artikuluan), irizpide horiek Hobetuzen webgunean argitaratzen direla esaten da, eta ez irizpide horiek Hobetuzek zehazten dituela.
«Halaber, teleprestakuntzako modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetan, pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da baldin eta ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin baditu eta teleprestakuntzari buruzko gainerako betekizunak bete baditu. Betekizun horiek Hobetuzen webgunean argitaratuko dira deialdia EHAAn argitaratzen den egun berean, onuradun eta parte-hartzaile guztiak jakitun egon daitezen».
Irizpideak onartzea Lanbideren eskumena da, jakina, eta, hurrengo deialdietan, hori argi uzten saiatuko gara, deialdia argitaratzen denean (deialdia EHAAn argitaratzen den egun berean).
«Emandako diru-laguntzaren zenbatekoarekin egindako ekintzak justifikatzeko eskatzen da soilik, aplikatzen diren mugaketa eta hainbanaketen ondorioz, eskabidean aurkeztutako ekintzen onartutako kostua baino nabarmen txikiagoa izan ohi dena. Egoera honek bide ematen du jaso beharreko diru-laguntza murriztu gabe eskabidean aurkeztutako planeko ekintza guztiak ez egitea eta desitxuratu egiten dira egindako balorazio tekniko guztiak, emakida eta emakidaren oinarri den jarduera gauzatzeko onuradunak duen obligazioa erabaki dutenak, EAEHONALTBren 50.2.a) artikuluan finkatutakoari jarraikiz.»
Alegazioa.
Lanbideren ikuspuntutik, gaur egungo sistemak prestakuntza-plan osoaren barne-koherentzia aztertzeko eta baloratzeko bide ematen du, ekintzak banan-banan aztertu gabe. EAEko Kontu Publikoen Auzitegiaren oharpenak agerian jartzen duenak aukera emango luke diru-laguntza are gehiago doitzeko benetan gauzatutako eta baloratutako ekintza bakoitzera. Hautu kontua da. Deialdian egindako hautuak aukera ematen dio Lanbideri prestakuntza-planak oro har modu egokiagoan aztertzeko, eta balio hori helburutzat hartzea merezi du.
Laneratzeko zerbitzurako prestakuntza-ekintzak.
«2015ean uko egin zaie zortzi eskabideri esleitutako baliabideak agortu izanaren ondorioz. Ez da EHAAn argitara eman baliabideak agortu direla adierazten duen ebazpenik, 327/2003 Dekretuaren 54.2 artikuluak eta EAEHONALTBren 51.5 artikuluak agintzen duten moduan. Gainera, uko egindako eskabide hauetatik sei gerora onartu ziren beste eskabide batzuk baino lehenago eskatu ziren; hori ez dator bat aipatutako Dekretuaren 50.1 artikuluarekin, eskabideak jaso ahalako hurrenkeran ebatziko direla adierazten baitu.»
Alegazioa.
Hain zuzen, ez zen ebazpenik argitaratu kreditua agortu zela adierazteko. Jabetzen gara horren garrantziaz. Hortaz, ez da berriro gertatuko.
Ezezkoa eman zitzaien eskabide batzuen ondoren aurkeztu eta onartutako eskabideei dagokienez, hau da azalpena: aurkeztutako prestakuntza-ekintzen azken blokearen barruan, Ebaluazio Batzordeak erabaki zuen, ikasleek enplegua aurkitzeko aukera handiagoa izatearen irizpidea eta desabantaila-egoera handiagoan dauden kolektiboak lehenestearen irizpidea oinarri hartuta, 6 eskabide horiek onartzea, geroago aurkeztuak izan arren.
EAEn lan egiten duten pertsonei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntza, 2014ko deialdia.
«Lanbidek 6,3 milioi euro eman dizkie EAEko Etengabeko Prestakuntzarako lanbide arteko akordioa izenpetzen duten enpresa- eta sindikatu-antolakundeei, deialdiko 9. artikuluan finkatutako zenbatekoa zehazteko irizpideetara egokitu gabe.»
Alegazioa.
Auzi hori behar bezala bideratu zen hurrengo deialdietan, araudi hauetan ezarritakoari jarraikiz: martxoaren 22ko 4/2015 Errege Lege Dekretua, Enplegurako Lanbide Heziketako Sistemaren premiazko erreformarakoa, eta irailaren 9ko 30/2015 Legea, Enplegurako Lanbide Heziketako Sistema arautzen duena.
«Deialdiko 9. artikuluko laguntzaren zenbatekoa zehazteko prozedura ez da zehazten (EAEHONALTBren 51.1.d artikulua). Hobetuzek, laguntza honen kudeaketan erakunde laguntzaile denak, -eskatzaileek aldez aurretik horren berri izan gabe- barne arauetan erabakitzen ditu kopuru hau kalkulatzeko beharrezko diren irizpide edo tarteak eta gainera, deialdian zehazten ez diren zenbait muga ezartzen ditu. Erakunde laguntzaileari arautzeko eskumenak eskuordetzan emateak EAEHONALTBren 52.2 artikuluan aurreikusitakoak gainditzen ditu. Bestetik, egiaztaturiko kudeaketarako gaitasunaren arabera zenbatekoa mugatzeko finkatutako irizpide eta mugek eragiten dute zenbaitetan, aurreko bi ekitaldietan planen % 100 egikaritu zuten eskatzaileek lehenagoko ekitaldietan onuradun suertatu izan ez balira eskuratuko zuketena baino zenbateko txikiagoa eskuratzea.»
Alegazioa.
Gai hori jada aldatu zen 2016ko deialdian eta 2017rako proposamenean: eskabideen balorazio-irizpideak eta laguntzaren zenbatekoa erabakitzeko modua zehaztasunez eta argi eta garbi arautu ziren.
Enpresek egiten dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak.
«Deialdiak dio planaren balorazio teknikoak finantzagarria den gehienezko laguntzaren ehunekoa finkatuko duela, aurkeztutako eskabide eta funts erabilgarrien zenbatekoaren arabera bereizten diren tarteei jarraikiz. Hobetuzek, laguntza honen kudeaketan erakunde laguntzaile denak, -eskatzaileek aldez aurretik horren berri izan gabe- barne arauetan erabakitzen ditu tarte hauek eta gainera, muga txikiagoa ezartzen du, deialdian zehaztu gabekoa. Erakunde laguntzaileari arautzeko eskumenak eskuordetzan emateak EAEHONALTBren 52.2 artikuluan aurreikusitakoak gainditzen ditu.»
Alegazioa.
EAEko Kontu Publikoen Auzitegiaren oharpen hori egokitzat jotzen da, eta 2018ko deialdian txertatuko da.
II.3.– Beste oharpen batzuk.
«Lanbidek ez ditu fiskalizazio-gai izan diren diru-laguntza lerroetan Plan Estrategikoak mamitu. Eusko Jaurlaritzaren 2016-2016 Enplegu-planak eta Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoak gabezia hori ordeztu dezakete, betiere Lanbidek egiaztatuko balu, lerro bakoitzerako DLOren 8. artikuluan eta DEOren 12. artikuluan agintzen diren baldintza guztiak betetzen direla.»
Alegazioa.
Hasteko, aipatu beharra dago DEOren 12. artikulua atariko tituluko III. kapituluko 1. atalari dagokiola, eta ez duela oinarrizko araudiaren izaera, azken xedapenetako lehenengoan ezarritakoaren arabera.
2015ean ez dago DLOren 8. artikuluan aipatzen den diru-laguntzen plan espezifiko estrategikorik, ez eta artikulu horretan eskatzen den edukirik ere. Gabezia hori, hain zuzen ere, plan hauetako aurreikuspenekin betetzen da: Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Plana, Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoa, eta 2015eko Urteko Kudeaketa Plana, zeinak 2015eko ekitaldirako Plan Estrategikoa eta 2015eko Programa Operatiboa zehazten baititu; horietan, ekitaldi honetan egin behar diren laguntza-deialdiak ageri dira, planaren helburu eta ardatzekin lotuz eta adierazleak eta zenbatekoak txertatuz.
Era berean, kontuan hartu beharra dago Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak 2015eko apirilean egin zuela 28/2015 IL txostena: «EAEko Administrazioaren laguntzen eta diru-laguntzen erregimenari buruzko txostena». Txosten horretan ondorioztatzen zen diru-laguntzen arloko estatuko oinarrizko araudia zuzenean aplikatu behar dela EAEn.
Txosten horrek aldaketa handia ekarri zuen 28/2003 Legea aplikatzeari dagokionez. Ordura arte, lege hori modu subsidiarioan aplikatzen zen, zuzendaritza horrek 2004an egindako txosten bati jarraikiz.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak 2015eko apirilaren 21ean bidali zien txosten hori Eusko Jaurlaritzako sail guztiei, handik aurrera kontuan har zezaten diruz lagundu zitezkeen deialdiak eta programak egiten zituztenean.
Gero, 2015eko irailaren 18an, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak 1/2015 zirkularra egin zuen, Diru-laguntzen plan estrategikoak egiteari buruzkoa. Zirkular horretan adierazten zenez, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, ezinbestekoa zen deialdiak onartu aurretik plan horiek onartzea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol ekonomikoko izapideetan egiaztatuko zen hori.
«Oinarri-arauak, izaera iraunkorrekoak direnak, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak onartu behar ditu, berea baita enplegu politikak onartzeko eskumena. Lanbidek oinarri-arau horiek proposatuko ditu eta urteko deialdia onartu. Ordea, ondotik adierazitako sei deialdietan, Lanbideko administrazio-kontseiluak onartutakoetan, oinarri-arauak deialdian bertan barne hartu dira.»
Alegazioa.
EAEko Kontu Publikoen Auzitegiak premisa honetan oinarritzen du oharpena: diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileek iraunkorrak izan behar dute, eta xedapen orokor baten bidez onartu behar dira. Auzitegi hori ez dator bat premisa horrekin, okertzat jotzen baitu.
Oinarri arautzaileak, ordea, ez dute beti indarraldi mugagabea, eta, hortaz, ez daude beti araututa arau orokorren bidez. Aitzitik, deialdi batean jasota egon daitezke, eta, hortaz, administrazio-egintzaren izaera izan dezakete, eta haien ondorioak (ez indarraldia) deialdia gauzatzearekin batera amaitzen dira.
38/2003 Legeak berak 23.2.a) artikuluan berariaz aitortzen du deialdiek xedapen batean jasota ez dauden oinarri arautzaileak izan ditzaketela.
Horrenbestez, diru-laguntzen programa iraunkor bat xedapen orokor baten bidez arautzen denean, abenduaren 22ko 8/2003 Legean ezarritako izapideei jarraitu beharko zaie, eta programa hori onartzea enpleguaren arloan eskumena duen saileko titularrari egokituko zaio –agindu bidez egin beharko du hori–. Kasu honetan, hain zuzen ere, Lanbideko Administrazio Kontseiluak egin ahalko du proposamena, bere estatutuen 7.p) artikuluan ezarritakoari jarraituz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren):
«7. artikulua.– Administrazio Kontseiluaren eginkizunak.
Hona Administrazio Kontseiluaren eginkizunak:
(...)
p) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizunak eraginpean hartzen dituzten gaietan arau-proposamenak egitea».
Aldiz, diru-laguntzen deialdien oinarri arautzaileak xedapen orokor batean jasota egon beharrean deialdian bertan jasota badaude eta deialdiaren ondorioek deialdiaren egikaritzeak irauten duen bitartean soilik irauten badute (egikaritze hori urteko aurrekontuetara eta diru-laguntzen amaierako justifikaziora mugatuta egongo delarik), hori ez da xedapen orokor bat, baizik eta administrazio-egintza bat, eta hori egiteko, onartzeko eta kudeatzeko eskumena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoari jarraikiz eta erakunde autonomo horren estatutuen 3.b) artikuluan ezarritakoarekin bat; estatutu horiek 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren, zeinetan argitu baitzen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eginkizuna dela, besteak beste, «enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzea, diruz lagundutako deialdien onarpena eta izapidetzea barne».
Lanbideren antolamenduaren barruan, 7.f) artikuluan, Administrazio Kontseiluari ematen zaio enplegu- eta prestakuntza-arloko laguntza-deialdiak egiteko eta onartzeko eginkizuna.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak beti bermatu du eskumen hori bere ekonomia- eta arau-kontroleko txostenetan.
Horrenbestez, eskumenen ikuspuntutik, juridikoki zuzena da Lanbideren Administrazio Kontseiluak EAEko Kontu Publikoen Auzitegiak oharpen honetan aipatzen dituen deialdiak onartu izana, zeinetan diru-laguntza emateko oinarri arautzaileak jasotzen baitira.
Beste kontu bat izango litzateke diru-laguntzen programetako batzuk xedapen orokor batean arautzearen aukerari buruz hausnartzea, zenbait urtez errepikatzen diren deialdien kasuan, enplegu-politika aktiboko neurri gisa haien baliozkotasuna eta eraginkortasuna dagokion ebaluazioaren bidez onartutzat jotzen denean, eta beharrezkotzat jotzen denean programa horiek modu iraunkorrean egiten jarraitzea.
II.3.1.– Enplegua.
Alegazioa.
EAEko Kontu Publikoen Auzitegiak atal honetan esku-hartze ildoak hobetzeko elementu gisa egindako oharpenak behar bezala aztertuko ditugu, deialdietan eta kudeaketa-prozeduretan txertatzeko.
Desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egitea eta orientazio-zerbitzuak ematea.
«Aztertutako espedienteetako batean, eskabidea horretarako osatutako entitate talde batek egin du. Lanbidek erregistraturiko kontularitzako mugimenduak talde hori osatzen duten entitateetako baten izenean egin dira. Ordea, elkartearen izenean egin behar zatekeen, honek nortasun juridikorik izango balu, edo, kontrara, elkartea osatzen duten zortzi entitateetako bakoitzaren izenean.»
Alegazioa.
Laguntza-deialdiaren 5.2 ataleko a) eta d) idatzi-zatien arabera, diru-laguntzaren onuradun izateko, izaera juridikorik gabeko elkarteek akordio bat izenpetu behar zuten. Akordio horren bidez, zenbait konpromiso hartu zituzten, eta pertsona edo erakunde bat izendatu zuten elkartearen solaskide gisa Lanbideren aurrean (honekin batera, izenpetutako akordioa aurkezten da, doc.1 deritzona). Horrexegatik egin ziren kontabilitate-mugimendu guztiak erakunde horren izenean. Gero, elkarteak banaketa dagokion bezala eta akordio horretan ezarri bezala egin zuen.
II.3.2.– Prestakuntza.
Alderdi komunak.
«2015eko urtarrilaren 9an 2014ko deialdietako diru-laguntzak eman dira, enpresek garatutako prestakuntzako ekintza estrategikoetarako laguntzetarako eta lehentasunez EAEko pertsona okupatuei zuzendutako eskaintzaren enplegu prestakuntzaren laguntzetarako; horien gastu guztia 2015eko ekitaldiko aurrekontuaren kontura erregistratu da. Laguntza hauen deialdiek, 2014ko abuztuaren 1eko EHAAn argitara emandakoek, guztira 19,1 milioi euroren baliabide ekonomikoak banatzen zituzten; horietatik 8,4 milioi euro 2014ko ordainketa kredituari zegozkion eta 10,7 milioi euro 2015eko konpromiso-kredituari. Biek ere 2014ko urtarrilaren 1 eta 2015eko ekainaren 30 bitartean gauzatu beharreko jarduerak finantzatzen dituzte. Deialdien izapidetzea eta kudeaketa ekitaldi bakoitzean aurrekontu egindako kredituei eta finantzatu asmo den jarduera-aldiari egokitzeko bide emango duten epeen barruan egin behar litzateke.»
Alegazioa.
Deialdi horiek aurrekontu-kredituen egokitzapena betetzeko garaiz diseinatu, kudeatu, onartu eta ebazteko proposatu ziren, baina Lanbiderekin zerikusirik ez duten ogasun- eta aurrekontu-arloko inguruabar batzuk direla eta, ebazpena ezin izan zen, aurreikusi bezala, 2014ko ekitaldian eman. Edonola ere, lanean ari gara hori berriro gerta ez dadin.
Laneratzeko zerbitzurako prestakuntza-ekintzak.
«2015ean emandako diru-laguntzen kontzeptuko gastuen % 60, 2015ean erregistratzen da eta % 40, berriz, 2016rako konpromiso-kredituetan. Banaketa hau ez da zuzena kasu guztientzat, izan ere badira prestakuntza ekintzak 2015eko ekitaldian amaitu eta gastuaren oroitidazki justifikagarria aurkezten dutenak eta honenbestez, oso-osorik ekitaldi horretan erregistratu behar ziratekeen.»
Ekitaldi horretako aurrekontuen legean onartutako kredituaren aurrekontu-banaketa ehuneko hauen araberakoa zen: % 60, 2015eko ordainketa-kredituaren kargura, eta % 40, berriz, 2016rako konpromiso-kredituaren kargura. Ehuneko horiek bat datoz 327/2003 Dekretuaren 47.1 artikuluan ezarritako ordainketa-erregimenarekin, 62/2014 Dekretuaren bidez egindako aldaketaren ostean.
Horrenbestez, ahalik eta prestakuntza-ekintza gehien egiteko (hori baita lehentasuna, ekintza horiek nori zuzenduta dauden kontuan hartuta), ordainketak aurrekontu-banaketa horretara doitu ziren. 2015eko ordainketa-kreditua diru-laguntzak guztiz ordaintzeko erabiltzeak berekin ekarriko zukeen prestakuntza-ekintza gutxiago izatea diruz laguntzeko eta konpromiso-kredituaren soberakin erabili gabea izatea.
Bestalde, agian zera gertatu zen: espedienteen justifikazio-memoria aurkezteko unea eta lan-zama eta aurrekontua ixteko epeak direla eta, bigarren ordainketa ezin izan zela 2015eko ordainketa-kredituaren kargura egin.
«Diruz lagundutako 1.036 prestakuntza ekintzetatik 69 emakida-ebazpena egin aurretik abiarazi dira eta hori ez zaio 4/2015 LEDren xedapen iragankor lehenengoan ebatzitakoari egokitzen.»
Alegazioa.
Auzi hori zuzendu egin dugu 2016ko deialdietarako, eta hertsiki lotu gatzaizkio 30/2015 Legean alderdi horri dagokionez ezarritakoari.
2015ean, desgaituei eta desabantaila-egoeran dauden kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan soilik onartu zen salbuespen hori. Pertsona horientzat, enplegua aurkitzeko aukera izan zezaketenez, beharrezkoa zen prestakuntza-ekintza hastea, eta ezin zuten diru-laguntza emateko ebazpena eman arte itxaron. Hori, ordea, ez da berriro gertatuko.
«Prestakuntza-familia batzuei dagokienez, emandako diru-laguntza 327/2003 Dekretuan jasotakoa baino txikiagoa da, Lanbideko Enplegu eta Sarreren Bermerako zuzendariaren 2015eko martxoaren 5eko Ebazpen bat aplikatu zaielako.»
Bai, ebazpen hori aplikatu zen, gastuaren kudeaketa eraginkorra egiteko irizpide batzuk oinarri hartuta, aurreko urteetako memoria ekonomikoak ikusi ondoren.
EAEn lan egiten duten pertsonei lehentasunez zuzendutako enplegurako prestakuntza, 2014ko deialdia.
«Deialdiaren 3.2.d) artikuluak adierazten du lehentasuna izango dutela EAEn ezarpen handien duten autonomoen elkarte ordezkariek. Lehentasun hau, baina, ez da balorazio irizpideetan jaso eta honenbestez, praktikan ez du eraginik.»
Alegazioa.
Irizpide horrek ez zuen eragin praktikorik, hain zuzen ere, izangai bakar batek ere ez zuelako egiaztatu autonomoak ordezkatzen zituela.
Edonola ere, hurrengo deialditik aurrera, alderdi hori desagertu egin da, lehia prestakuntza-erakundeetara mugatu delako, 30/2015 Legean ezarritakoa aplikatuz.
«Langileen hautaketa erakunde onuradunak eta/edo prestakuntza ekintzak emango dituen pertsona erantzuleak egingo du, hautaketa baliabideetan gardentasun eta objektibotasuna bermatuz (deialdiaren 8. artikulua). Komenigarria litzateke Hobetuzek baliabide hauen analisia barne hartzea egiten dituen ikuskaritzetan.»
Alegazioa.
Oharpen horrekin bat gatoz, baina, berez, praktikan, ez da hautapenik egin behar izaten. Alderantziz, batzuetan, zaila izaten da prestakuntza-ekintza egiteko behar adina ikasle biltzea.
«Deialdiak dio diru-laguntzak zuen helburuaren erabateko ez-betetzea dagoela prestakuntza orduak prestatutako pertsona kopuruarekin biderkatu ostean, aurkeztu eta onartutako datuen gainean gutxienez % 35 bete ez denean. Hobetuzek kalkulu hau egiteko hainbanaketa bat aplikatzen du, deialdian aurreikusi gabea, diru-laguntzak onartutako kostu subentzionagarriaren gainean egiten duen ehunekoarekin; honenbestez, ez-betetzerik ez gertatzeko eskatzen den egikaritza deialdian xedatutakoa aplikatuz aterako litzatekeena baino nabarmen txikiagoa da.»
Alegazioa.
Bai, hala da. Benetako diru-laguntzaren ehunekoa kontuan hartzea gehiago dator bat errealitatearekin balizko diru-laguntza bat (diruz laguntzea onartutako kostua) kontuan hartzea baino, balizko diru-laguntza oso urrun egoten baita azkenean interesdun bakoitzari ematen zaion laguntzatik.
«Finantzaturiko prestakuntza planaren zenbait aldaketa, jaso beharreko diru-laguntza areagotzen ez dutenak, ez ditu Lanbideko zuzendari nagusiak onartzen, deialdiaren 12.6 artikuluak aurreikusten duen moduan.»
Alegazioa.
Hain zuzen, deialdiaren 12.6 artikuluan ezartzen denez, finantzatutako planaren aldaketak, artikuluan berariaz aipatzen direnak, Lanbideko zuzendari nagusiak onartu behar ditu.
Oharpenak garrantzi gutxiko aldaketei buruzkoak direla jotzen dugu. Aldaketa horiek ez ziren egoera honetan sartu garrantzi gutxikotzat jo zirelako. Premiazko arrazoiak direla eta, izapidetzea arintzeari eman zitzaion lehentasuna.
Edonola ere, hurrengo deialdietan, alderdi hori argitasun handiagoz zehaztuko da, agian zuzendari nagusiak onartu behar dituen aldaketak eta enplegurako prestakuntzako zuzendariak onartu behar dituen garrantzi gutxiagoko aldaketak bereiziz. Nolanahi ere, Enplegurako Prestakuntzako zuzendariak onartu beharko ditu aldaketak, Lanbideko organoa bera ere.
«Finantzatutako ekimenak 2014ko urtarrilaren 1 eta abenduaren 31 bitartean abiaraziko dira (deialdiaren 2.3 artikulua). Aztertu ditugun bi espedientetan, egiaz egikaritutako prestakuntza ekintza guztiak 2015ean abiarazi dira.»
Alegazioa.
Egia da aplikazio-eremu materialak 2014ko ekitaldian hasitako ekintzei egiten ziela erreferentzia. Dena den, praktikan, erakunde askok ez dituzte prestakuntza-ekintzak hasten harik eta finantzaketa ziurtatuta duten arte; hau da, jakinarazten den arte. Kasu honetan, ebazpena ezin izan zen eman 2015eko urtarrilaren 9ra arte.
Arrazoizko jardunbidea izateaz gain, 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez eta indarrean dagoen 30/2015 Legearen bidez egindako erreformaren ondoren, ezinbestekoa da prestakuntza-ekintzak deialdiaren ebazpena eman ondoren hastea.
«Espedienteetako batean ez da justifikatu kontratatu den eskaintza onuragarriena denik. Beste bi espedientetan ez da kontrataziorako aldez aurreko baimenik eskatu (deialdiaren 13.5 artikulua).»
Alegazioa.
Planeko 260 ekintzetatik 7 ekintzetan soilik gertatu zen kontratatutako eskaintzak onuragarrienak ez izatea. Baina alde ekonomikoak oso txikiak ziren.
Kontratazioa egin aurretik baimena eskatu ez zela esaten den bi kasuei dagokienez, baimen-eskabideak jasota daude, eta, kontratazioa egin aurretik eskatu ez baziren ere, ia kontratazioa egitearekin batera eskatu ziren.
«Espedienteetako batean ordaintzeko eta egiaztatzeko moldea ez zaio ez deialdian ez laguntzaren emakida ebazpenean finkatutakoari egokitzen.»
Alegazioa.
Baliteke ordaintzeko modua desberdina izatea. Dena den, interes publikoak zorroztasunez babestu ziren. Nolanahi ere, auzi hori behar bezala bideratu zen hurrengo deialdietan.
Edonola ere, justifikatzeko modua (amaierako memoria) diru-laguntzen gainerako onuradunenaren bertsua izan zen.
Enpresek egiten dituzten prestakuntza-ekintza estrategikoak.
«Deialdiak eskabideak aurkezteko EAEHONALTBren 51.1.b) artikuluak aurreikusten duen hilabeteaz azpitiko epea ematen du.»
Alegazioa.
Artikulu horretan ezartzen denez, eskabidea aurkezteko epea hilabetetik beherakoa izan ahalko da «eskumena duen organoak egiaztatutako premia handiko egoeretan edo arau-konkurrentzia dagoenetan».
2015eko deialdiaren espedientea aztertu, eta ikusi dugu hasierako proiektuan hilabeteko epea ezartzen zela eskabideak aurkezteko. Dena den, espediente horren izapidetzeak atzerapen handia zuen, Enplegua Sustatzeko Lanbide Heziketa Sistema arautzeko irailaren 9ko 30/2015 Legea onartu zelako (2015eko irailaren 10ean argitaratu zen BOEn). Lege hori indarrean sartzeak berekin ekarri zuen testuan aldaketa batzuk egin behar izatea, eta, horren ondorioz, ezin izan zen aurreikusitako egunean onartu, eta 2015eko urriaren 23an argitaratu zen, azkenean.
Kontuan hartuta deialdia noiz onartu eta argitaratuko zen eta deialdiaren eta aurrekontua ixteko unearen artean zenbat denbora zegoen, eskabideak aurkezteko epea aldatu egin zen, eta ahalik eta egun gutxien (7 egun bakarrik) murriztu zen, deialdia 2015eko deialdiaren barruan ebatzi eta betearazpena aurrekontu-aurreikuspenetara egokitzeko.
Horren ondorioz, epea murrizteko erabaki hori EAEHONATBren 51.1.b) artikuluan ezarritako salbuespenean («egiaztatutako premia handiko egoeretan) sartzen da.
«2014ko ekitaldian ordaindutako lanbide heziketako kuota eta plantillako langile kopurua aintzat hartu beharreko ezaugarriak dira diru-laguntzaren zenbatekoa mugatzeko orduan; horiek eskatzailearen aitorpen erantzuletik eskuratzen dira eta gerora ez da inongo egiaztaketarik egiten.»
Alegazioa.
Laginketa bidez egiaztatzen dira, kasu zalantzagarrienen artean.