EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2017159

AGINDUA, 2017ko uztailaren 4koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, gizarte-ekonomian ekiteko eta gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2017-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201704148
Maila: Agindua
Gizarte ekonomian ekiteko laguntzen arauketa honek aurreko ekitaldietan araututako irizpideei eusten die; horrela, aurreko ekintzailetza ildo guztiak barneratzen ditu, sustapen laguntza profesionalean eta gizarte ekonomiako sektorekoan oinarrituta, eta gutxieneko bideragarritasun ekonomikoa eta elkarteei dagokiena bermatzen du. Era berean, enpresa horiek eratu ondoren, laguntza teknikoa edukitzeari eta gizarte ekonomiakoak izateari euts diezaiotela lortu nahi du, bai eta, funtsean, gizarte ekonomiako enpresa bideragarri gisa jarraitasuna izan dezatela.
Hori dela eta, deialdi hau bat dator Enplegua Sustatzeko 2017-2020 Plan Estrategikoaren proiektuarekin, gizarte-ekintzailetzaren bidez enpresa berriak sustatu eta orain daudenak egonkortzeko ardatz nagusiekin lerrokatzen baita, bereziki sektore guztietan lan elkartuko enpresak bultzatzearekin.
Diruz lagundu daitekeen kooperatiba-sozietate modura mantentzen da izaera integrala duena eta bazkide erabiltzaileen eta lan-bazkideen arteko posizio juridiko orekatua duena, ulertzen delako errealitate hori bat datorrela lan elkartuko kooperatiben errealitatearekin. Era berean, nekazaritza kooperatibak sortzeak jarraitu egiten du diru-laguntza jaso dezaketen gizarte ekonomiako enpresen artean egoten.
Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Eusko Jaurlaritzak Lan eta Justizia Sailaren bidez 2017ko ekitaldian eman ahal izango dituen laguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea, gizarte ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeko eta gizarte ekonomiako enpresen lurralde sustapen planifikatua garatzeko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Agindu honen xedea betetzeko, guztira, bi milioi hamalau mila zazpiehun eta hogeita hamasei (2.014.736) euro erabiliko dira, honela banatuta:
a) II. kapituluari dagokienez, gizarte-ekonomiako enpresak eratu eta sustatzeari buruzko 15. kapituluko 1. eta 2. ataletan, milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamalau mila zazpiehun eta hogeita hamasei (1.754.736) euro, honela banatuta: milioi bat laurehun eta hogeita bat mila hirurehun eta hogeita hamasei euro eta hamasei zentimoko (1.421.336,16) ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako, eta hirurehun eta hogeita hamahiru mila hirurehun eta laurogeita hemeretzi euro eta laurogeita lau zentimoko (333.399,84) konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.
b) II. kapituluari dagokionez, krisian dauden enpresen bideragarritasun-azterlanei buruzko 15. artikuluko 3. atalean, berrogeita hamar mila (50.000) euro, gehienez ere, honela banatuta: berrogei mila eta bostehun (40.500) euroko ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako eta bederatzi mila eta bostehun (9.500) euroko konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.
c) III. kapituluari dagokionez, gizarte-ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikatua garatzeko, berrehun eta hamar mila (210.000) euro, gehienez ere, honela banatuta: ehun eta bost mila (105.000) euroko ordainketa-kreditua 2017ko ekitaldirako eta ehun eta bost mila (105.000) euroko konpromiso-kreditua 2018ko ekitaldirako.
Zenbateko horiek handitu ahal izango dira, bere garaian zehaztuko den moduan, indarrean den legerian kredituak lotzeko edo aldatzeko aurreikusitako araubideari jarraikiz aurrekontu-aldaketarik onartzen bada. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Erakunde eskatzaileen baldintzak.
Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, entitate onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Legez eratuta egotea eta dagokien erregistroetan behar bezala inskribatuta egotea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia(k) eta egoitza soziala edukitzea.
c) Eskabidea aurkezteko unean ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartuta egotea, eta Gizarte Segurantzan erregistratuta.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea.
e) Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso eta, horren ondorioz, laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera galduta ez egotea, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.
Halaber, agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzaren pean.
4. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.
1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketak ezarri bezala, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, betetzen dituela aurreko artikuluan ezarritako betekizunak. Ondoren, Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzak egiaztatuko du erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa.
2.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileak datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.
3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa egiaztatu egingo du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du, eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
5.– Ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.
5. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.
1.– Agindu honen babespean irekitako espedienteak honela izapidetuko dira:
– II. kapituluan araututako laguntzak aurrez aurre edo bide elektronikoz aurkeztu ahal izango dira, sustatutako entitateen kasuan izan ezik; izan ere, erakunde sustatzaileak bide elektronikoz aurkeztu beharko du, nahitaez, diru-laguntza eskatzen duen entitate sustatu bakoitzeko laguntza-eskaera bana, horiek ordezkatuz. Halakoetan, erakunde sustatzaileak ordezkatzeko ahalordea egiaztatu beharko du, erakunde sustatuen izenean jarduteko.
– III. kapituluan araututako laguntzen eskabideek izapide elektronikoak egiteko bidea erabili beharko dute, nahitaez.
2.– Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira izapideak –aurrez aurre edo bide elektronikoz– egiteko jarraibideak, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako inprimaki eta ereduak, helbide hauetan:
– Enpresak eratzea: www.euskadi.net/emprenderconstitucion2017/y22-izapide/es
– Enpresak eratzeko sustapena: www.euskadi.net/emprenderpromocion2017/y22-izapide/es
– Bideragarritasun-azterlanak: www.euskadi.net/emprenderviabilidad2017/y22-izapide/es
– Lurralde-sustapen planifikatua: www.euskadi.net/emprenderpromocionterritorial2017/y22-izapide/es
3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.
4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabil daitekeenean, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa, bietako bat erabiltzeak ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideetarako bide bera erabili behar denik, nahi denean alda baitaiteke bide batetik bestera.
6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: modua eta epea.
1.– Diru-laguntzen eskaerak agindu honetako I. eranskinean jasotako inprimaki normalizatuan aurkeztuko dira. Inprimaki hori aurreko artikuluan zehaztutako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke.
2.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
3.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Aurrez aurreko bidea erabiltzea erabaki duten pertsonek nahiz entitateek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako eskabide normalizatuaren bidez. Bide elektronikoa erabiliz egiten diren eskabideak https://euskadi.net/nirekudeaketak helbidean aurkeztuko dira.
5.– Eskabidearekin batera, dagokion artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.
7. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo dagokien artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68.1 eta 21.1 artikuluetan.
8. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Banan-banan aztertuko dira, 2. artikuluan jasotako hiru atalen arabera, agindu honetan xedatutako baldintza guztiak betetzen dituzten laguntza-eskaerak. Atal bakoitzera bideratutako baliabide ekonomikoa nahikoa bada erakunde onuradunei laguntzeko, agindu honetan zehaztutako parametroen araberako zenbatekoa emango da.
2.– Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz 2. artikuluko ataletan zerrendatutako nahitaezko baldintza guztiak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, honela jokatuko da:
a) Lehenbizi, gainerako ataletan soberako saldorik ote dagoen egiaztatuko da eta, halakorik balego, saldo horiek bideratuko dira funtsik gabeko ataletara, hasiera batean atal bakoitzera bideratutako guztizkoekiko proportzionalki banatuz.
b) Hala eta guztiz ere, dauden baliabide ekonomikoak ez badira nahikoa hasiera batean aipatutako parametroen arabera kalkulatutako zenbatekoak emateko, zenbateko horiek murriztuko dira eskabideen artean hainbanaketa bakar bat aplikatuz, bana-bana atal bakoitzeko.
9. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzat, beste edozein herri-administrazio edo entitate publikok ematen dituztenekin.
Laguntza honi begira, langabeziagatiko prestazioak, ordainketa bakarreko modalitatean (langabezia-kapitalizazioa), ez dauka arau honen xede eta helburu bera.
2.– Diru-laguntza hau beste lurralde-administrazioetatik edo haien mendeko erakunde publiko batzuetatik datozen diru-laguntza batzuekin uztartzen bada, honela jokatuko da:
– Horiek batuta, ondoz ondo 18. artikuluan aurreikusitako gehienezko zenbatekoa gainditzen bada, soberakin hori bateraezintzat deklaratuko da, eta Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntza murriztu.
– 15.1 artikuluko jardueraren diru-laguntza beste lurralde-administrazio batzuetatik edo haien mendeko erakunde publikoetako helburu eta xede berekin uztartzen bada, eta horien baturek agindu honetako 18.1.d) artikuluak aipatzen duen bazkide langile edo lan-bazkideek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntza murriztu. Administrazio honek gehienez ematen duen diru-laguntzak ez du inoiz 30.000 euroko muga gaindituko eratutako erakundeko.
3.– 15.1 artikuluaren bidez erakunde onuradunei eman beharreko zenbatekoa zehazteko, agindu honen baremoen arabera lortutako emaitzatik kendu egingo da bazkide langileek edo lan-bazkideek gizarte ekonomiako enpresa batean sartzeagatik jaso duten kopurua (enpresa horietara bazkideak sartzeko laguntzen bitartez jasotako kopurua). Laguntza horiek Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak kudeatzen ditu.
10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.
1.– Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren zuzendaria izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak berariaz emandako ebazpenaren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Agindu honetan aurreikusitako hainbanaketa egiten bada, ebazpen bana egin beharko da II. eta III. kapituluetarako.
Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
3.– Sei hilabete igarota, aginduak ondorioak dituenetik zenbatzen hasita, ebazpena jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak modu adierazian ebazteko obligaziorik ez duenik.
4.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta diru-laguntza emateko ebazpena berariaz eta banaka jakinaraztea baztertu gabe, honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpena argitaratuta: alde batetik, agindu honen babespean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zeini emandako diru-laguntzak aldatu diren.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emate aldera aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, edo, hala badagokio, administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde publiko batek emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde onuradunek soberakinak itzuli beharko dituzte.
12. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.
2.– Erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, eratutako lan elkartuko kooperatibak edo lan-sozietateak ez badio eusten egitura asoziatibo baten barruko gizarte ekonomiako enpresa izateari 21.1 artikuluan adierazitako denboraz, jarduerak diruz laguntzeko modukoa izaten jarraituko du, gauzatutako epea gutxienez hemezortzi (18) hilabetekoa izan bada. Kasu horretan, enpresa eratzeko edo eraldatzeko emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da, aipatutako denbora-epea amaitzeko falta den denboraren proportzioan; onuradunak, berriz, jasotako gehiegizko kopurua itzuli beharko du.
3.– Entitate onuradunak, galerak direla-eta, sozietatearen azkentzea edo likidazioa justifikatzen badu, emandako diru-laguntzari dagokionez behintzat, sozietateak 21.2 artikuluan jasotzen diren betebeharrak bete dituela ulertuko da.
13. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aplikatu beharreko arauak betetzen ez diren kasuetan, emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak prozedura hasi dela eta berau oinarritzen duten zergatiak zein diren jakinaraziko dio diru-laguntzaren onuradun den erakundeari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.
b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinetan, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa xedatuko den; horretarako gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Oro har, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen baitu, 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, erakunde onuradunek diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, hala aurreikusten baitu abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; dekrretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta diru-laguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren.
II. KAPITULUA
GIZARTE EKONOMIAKO ENPRESAK ERATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
15. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Gizarte ekonomiako enpresak eratzea, dauden enpresak gizarte ekonomiako enpresa bihurtzeko kasuak barnean direla. Agindu honen ondorioetarako, gizarte ekonomiako enpresatzat joko dira lan elkartuko kooperatibak, lurraren ustiapen komunitarioko kooperatibak, nekazaritza-kooperatibak eta gainerako kooperatiba-motak, baldin eta lan-bazkideekiko izaera integrala badute (lan-bazkideek beste mota bateko bazkideekin modu orekatuan parte hartuko dute sozietate-organoetan); horiez gain, beste hauek ere gizarte ekonomiako enpresatzat hartuko dira: lan-sozietateak, eta beren prestakuntza akademikoaren zati gisa eta dagokion unibertsitatearen tutoretzapean enpresa bat garatzen duten unibertsitate-ikasleez osatutako kooperatiba-sozietateak.
2.– Gizarte ekonomiako enpresa bat eratzearekin zuzenean lotuta dauden sustapen-ekintzak egitea, osteko jarraipena eta enpresa-kudeaketarako doako aholkularitza barnean direla, enpresaren jarraipena sustatzeko eta horri eusteko helburuarekin, enpresa inskribatu eta urtebeteko epean.
3.– Gizarte ekonomiako enpresak sortzeko, honako ezaugarri hauek dituzten sozietate anonimoen edo mugatuen ekonomia eta finantza bideragarritasuneko azterlana egitea: gero eta galera maila handiagoa, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahultzea edo desagertzea.
16. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako hauek jaso ditzakete artikulu honetan bilduriko laguntzak:
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: 2016ko abuztuaren 1etik agindu hau EHAAn argitzen den egunaren arteko epean (egun biak barnean direla) Kooperatiben Erregistroan edo Merkataritza Erregistroan erregistraturiko kooperatibak eta lan-sozietateak, hurrenez hurren. Horretarako, erregistroetan aurkeztutako data hartuko da erregistroan erregistratu izanaren datatzat.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: helburu sozial gisa Kooperatiba edo Lan Sozietateak era daitezen sustatzea duten eta irabazi-asmorik gabekoak diren pertsona juridikoak, edota erakundeen jabetza batik bat irabazi-asmorik gabekoa dutenak (hemendik aurrera, erakunde sustatzaileak). 15.1 in fine artikuluan aipatutako kooperatibentzat, hezkuntza-proiektuen tutoretza-lana egiten duten unibertsitateak.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: enpresa-bideragarritasuneko azterlanak legez egin ditzaketen kanpoko aholkularitza-enpresak. Aholkularitza-enpresa horiek gizarte ekonomia ordezkatzen duten erakundeek gehiengoarekin partaidetutako enpresak izan behar dute, edota kooperatibaren edo lan-sozietatearen forma juridikoa duten beste aholkularitza-enpresa batzuk, gizarte ekonomia ordezkatzen duen erakunde bati lotutakoak.
17. artikulua.– Erakunde onuradunek bete beharreko baldintzak.
1.– 15.1 artikuluko erakunde onuradunentzat:
a) Kooperatibako edo lan-sozietateko bazkideen gizarte ekonomiaren alorreko prestakuntza egiaztatzea, edo prestakuntza hori egiteko konpromisoa adieraztea.
b) Lankidetza-akordio bat izenpetzea, enpresaren laguntza edo aholkularitza gauzatzeko, hala badagokio.
c) Diru-laguntza eman aurretik legez eratutako gizarte ekonomiako egitura asoziatiboren batean integratuta egotea.
d) Bazkide langilearen sarrera mugagabea izango da eskabidea egiten duen unean.
e) Gizarte ekonomiako enplegu berria sortzea.
f) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzea, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.
2.– 15.2 artikuluko erakunde onuradunentzat: artikulu horretan ezartzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzea, eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea agindu hau argitaratu baino lehenago.
3.– 15.3 artikuluko erakunde onuradunentzat: bideragarritasun-azterketa egiten den enpresako langileen edo gutxienez langile-zerrendaren heren baten lege-ordezkariek sinatutako idatzizko konpromiso bat aurkeztu beharko da gizarte ekonomiako erakunde bat eratzeko, enpresa bideragarria baldin bada.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako: baremo hauek aplikatu ostean ateratzen den kopuruaren % 70:
a) 3.000 euro, lan-kontratu mugagabeaz sartzen den bazkide langile bakoitzeko. Halakotzat joko dira gizarte ekonomiako enpresa eratzen denetik eta agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren arteko epean (egun biak barnean direla) sartzen diren bazkide langile guztiak.
Aurreko paragrafoan bazkide langileak aipatzen direnean, nekazaritza-kooperatiben kasuan, ulertu behar da eskubide osoko bazkideak aipatzen ari direla.
b) Aurreko atalean zehaztutako kopuruari 1.000 euro gehitu beharko zaizkio kasu hauetako bakoitzarengatik:
– Erakundeko bazkide langileen edo lan-bazkideen gehiengoa emakumeak badira.
– Desgaitasunen bat izatea, hau da, desgaitasun fisiko, psikiko edo/eta sentsoriala izatea, eta, gutxienez, % 45eko desgaitasuna onartuta edukitzea.
– Eusko Jaurlaritzak eta Justizia Ministerioak espetxeei buruz izenpetutako hitzarmena gogoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate kooperatibo edo lan-sozietateetan bazkide langile edo lan-bazkide gisa sartutako hirugarren graduko presoak eta baldintzapean aske utzitakoak izatea.
– Guraso bakarreko aita edo ama izatea, hau da, ordaindutako jarduerarik egiten ez duten ondorengo bat edo batzuk haren kargura izatea.
– Etxean indarkeria jasan dutenak, baita indarkeria hori jasan dutenak seme-alabak baldin badira ere. Indarkeria ezkontideak edo ezkontidearen parekoak darabil eta fisikoa nahiz psikikoa izan daiteke, eta beharrezkoa da polizia-etxean edo epaitegian salaketa egin izana. Halakoetarako, ezkontzaren pareko harremana dutenak edo izan dutenak dira ezkontidearen parekoak, eta harreman horrek egonkorra behar du izan.
– Azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuan, laneratze-enpresen kalifikazioa arautzen da, eta horietara sartzeko prozedura eta horien erregistroa ezartzen dira. Araututako laneratze-enpresa batean gizarteratze- eta laneratze-prozesua bukatu duten pertsonak, baldin eta pertsona horien kontratazioa aipatutako prozesua amaitu ondorengo lehen hamabi hilabeteen barruan gertatzen bada. Kontratazioa gizarteratze- eta laneratze-prozesua amaitu eta berehala egiten bada, ez da eskatuko langabe gisa erregistratuta egotea.
– Terrorismo-ekintzen biktimak izan diren pertsonak, Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren III. kapituluak horien laneratzea sustatzeko ezarritakoaren arabera, eta terrorismo-ekintzen biktimen seme-alabak eta ezkontideak, biktima hori hil egin bada edo ordaindutako jarduera egitea galarazten dion ezintasun-egoeran geratu bada.
– Toxikomano ohiak (alkoholiko eta drogazale ohiak), hau da, agindu honetan aurreikusten diren laguntzen ondorioetarako, lantalde terapeutikoaren iritziz desintoxikazio- eta desohitze-faseak gaindituta dituzten eta etengabeko tratamenduan sei hilabete baino gehiago daramaten pertsonak, lanaren bitartez gizarteratzeko programa batean sartzea interesgarritzat jotzen bada.
Pertsona bakarrean arestian azaldutako egoera bat baino gehiago uztartuz gero, hasiera batean zehaztutako zenbatekoari 1.000 euro gehituko zaio egoera bakoitzeko, baina diru-laguntza gehienez ere 6.000 eurokoa izango da.
c) Muga 30.000 eurokoa da erakunde onuradun bakoitzeko.
d) Emandako diru-laguntzak ezin izango du ezein kasutan ere sozietateko bazkide langileek harpidetutako kapitalaren guztizkoa gainditu.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: artikulu honetako 1. atalean aipatu eta jasotzen den kopuruaren gainerako % 30a, sustatutako erakunde bakoitzeko.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: bideragarritasun-azterlanaren kostu garbiaren % 70, eginiko azterlan bakoitzeko 3.000 euroko mugarekin.
19. artikulua.– Ordaintzeko modua.
Kapitulu honetan jasotako diru-laguntzak ordaintzeko, formula hau aplikatuko da:
a) Lehenengo zatia, guztirako diru-laguntzaren % 81, diru-laguntza ematea erabakitzen denean, jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
b) Bigarren ordainketan % 19 ordainduko da, agindu honetan ezarritako betebeharrak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ondoren, eta zehazkiago:
– 15.1 artikuluko jardueretarako:
– Agindu honetako 21.1 artikuluan aipatzen den Bazkideen Liburuaren kopia konpultsatua edo entitatearen ziurtagiria.
– Legez eratutako gizarte ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen ziurtagiria.
– 15.2 artikulu jardueretarako: 21.2 artikuluak aipatzen duen memoria aurkeztu beharko da, artikulu horretan nahitaezkotzat jotzen diren agiriekin batera.
– 15.3 artikuluko jardueretarako: egindako azterlanaren kopia eta hura gauzatzeko guztira izandako kostua justifikatzen duten agiriak.
20. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
Agindu honetan jasotako onurak eskuratu nahi dituzten erakundeek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera:
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:
a) Memoria zehatza eta enpresaritza-proiektuari buruzko enpresa-plana edo -planak, lehen ekitaldi osoan burutuko diren jarduerak azaltzen ditu(zt)ena(k).
b) Kooperatibako edo lan-sozietateko langile bazkideen gizarte ekonomiaren alorreko prestakuntza, edo prestakuntza hori jasotzeko hartutako akordioa egiaztatzen duten agiriak, prestakuntza hori irakatsiko duen erakundearen izena adieraziz.
c) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duenak, ezarritakoaren arabera.
d) Bazkide-liburuaren kopia, baita enpresan sartutako pertsonekin egindako sozietate-kontratuen edo lan-kontratuen kopia ere.
e) Sustatutako erakundearen erregistro-inskripzioaren edo inskripzioaren aurkezpenaren kopia, eta sozietatean sartutako bazkide bakoitzaren kapitalerako ekarpenaren banku-frogagiria.
f) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia, edo horretarako eskaera aurkeztu izana ziurtatzen duen agiriaren kopia.
g) Legez eratutako gizarte ekonomiako egitura asoziatibo batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
h) Behar izanez gero, minusbaliotasunaren ziurtagiri ofiziala, dagokion foru-aldundiak emana, minusbaliotasun-maila adieraziz.
i) Behar izanez gero, Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena, Espetxeratuen Zaintzarako Epaitegiaren autoa edo espetxeak emandako ziurtagiria.
j) Behar izanez gero, bizikidetza-egiaztagiria, familia-liburuaren kopia eta ordaindutako jarduerarik ez duten ondorengo bat edo gehiago bere kargura dituela adierazten duen zinpeko aitorpena, ordaindutako jarduerarik ez duten ondorengo bat edo batzuk haien kargura dituztenak kontratatzen badituzte.
k) Etxeko indarkeriaren biktima izan direnen kasuan, etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua, hori egiaztatzen duena.
l) Gizarteratze- eta laneratze-prozesua laneratze-enpresa batean amaitu dutenen kasuan, prozesua zein datatan amaitu zen egiaztatzen duen agiria, laneratze-enpresak emana.
m) Terrorismoaren biktimak izan direnen kasuan, haien aurreko lanpostuari dagozkion lanak normaltasunez egitea zaildu edo galarazi duten gorabeherak terrorismo-ekintzaren ondorio izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Kontratatutako pertsona terrorismoaren biktimaren ezkontidea edo seme-alaba bada, familia-liburuaren fotokopia eta biktimaren heriotza edo ezintasuna terrorismo-ekintza baten ondorio izan zela egiaztatzen duen dokumentazioa.
n) Toxikomano ohien kasuan, kontratatutako pertsona errehabilitazio-programara sartzea onartzen duen jakinarazpenaren kopia, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak emana.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako:
a) Erakunde sustatzailearen eta sustaturiko erakundearen arteko lankidetza-akordioa egiaztatzen duen agiria.
b) Aurreikusitako jarduerei, gastu-aurrekontuari eta finantzazio-planari buruzko memoria zehatza.
c) Enpresa-jarraipen eta -aholkularitzarako plana, aurreikusitako metodologia jasotzen duena.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako:
a) Bideragarritasun-azterlanaren proiektuaren memoria.
b) Enpresa 15.3 artikuluan jasotzen diren egoeretakoren batean dagoela azaltzen duen justifikazioa.
Erakunde interesdunek ez dute eskatutako agiriak aurkezteko beharrik izango baldin eta aurretiaz aurkeztu badituzte eta baldintza beretan indarrean jarraitzen badute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluan xedatzen duenaren arabera.
21. artikulua.– Erakunde onuradunen betebehar espezifikoak.
1.– 15.1 artikuluko jardueretarako:
a) Dagokion erregistroan inskribatu ondorengo urtean, sustatutako enpresek honako hau egin beharko dute:
1) Enpresa eratzen denean sortzen diren lanpostuen mailari eustea, horren arabera zehaztu baita diru-laguntzaren zenbatekoa; hala ez bada, laguntzak osorik edo partzialki itzuli beharko dira bere horretan mantendutako lanpostu-kopuruaren arabera.
Aldi horretan bazkideen bajarik edo sarrera berririk izan baldin bada, sarrera berri horiek hasieran izan ziren sarreren baldintza soziolaboral berberak izan beharko dituzte.
Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde onuradunak bazkideen liburuaren kopia konpultsatua igorri beharko dio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari, hamabi hilabeteko aldia amaitu eta hilabeteko epean. Aipatutako kopia konpultsatuaren ordez, sozietateak emandako ziurtagiri bat igorri ahal izango da, non zehaztuko baita ziurtagiria ematen den unean jardunean dauden bazkide langileen edo bazkide langile gisa gizarte-segurantzan alta emanda dauden pertsonen zerrenda, baita entitatea eratu zenetik emandako bajen zerrenda ere. Aurkeztu beharreko dokumentazioa epe horretan aurkeztu ezean, eskatu egingo zaie, eta 10 eguneko epea jarriko zaie aurkezteko. Epe hori igaro eta eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta justifikatu gabeko aldiari proportzionalki dagokiona itzuli beharko dute, hala badagokio, haren erdia baino handiagoa bada.
2) Egitura asoziatibo batean integratuta jarraitu beharko dute.
Artikulu honetako 2. atalean aipatzen den memoriaren bidez egiaztatu beharko dira aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak; horretarako, memoriari ziurtagiriak erantsiko zaizkio.
b) Erakundea dagokion erregistroan inskribatu eta hiru urte betetzen direnean, sustatutako erakundeak gizarte ekonomiako enpresa izaten jarraitu beharko du.
Diru-laguntza ematen duen administrazioak ofizioz egiaztatuko du hori; horretarako, kooperatibek Kooperatiben Erregistroan aurkeztu behar dituzten urteko kontuak aztertuko ditu. Aurkeztu ezean, eskatu egingo zaizkie, eta 10 eguneko epea jarriko zaie aurkezteko. Epe hori igaro eta konturik aurkezten ez badute, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko deklarazio-espedientea irekiko da, eta ordaindutakotik justifikatu gabe dagoen aldiaren zati proportzionala itzuli beharko dute.
Onuradunak lan-sozietateak direnean, diru-laguntza ematen dien administrazioari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Merkataritza Erregistroan gordailua egiteko legezko epean. Beste kasu batzuetan, prozedura adierazi berri horri jarraituko zaio.
c) Diru-laguntza lortzen duen erakundeak egitura asoziatibo batean integratuta segitu beharko du eratu zenetik hiru urte betetzen direnean.
Diru-laguntza ematen duen Administrazioak ofizioz egiaztatuko du ea betetzen den 3 urtez egitura asoziatibo batean integratuta jarraitzeko betebeharra, erakunde asoziatiboei hori egiaztatzeko eskaera eginez.
d) Nolanahi ere, agindu honen ondorioz jasotako zenbatekoak erreserba berezi batera zuzendu beharko dituzte diruz lagundutako kooperatiba eta lan-sozietateek, eta erreserba hori banatu ezinekoa izango da harik eta sozietatea bera azkentzen edo eraldatzen den arte; hori gorabehera, zenbateko horrekin konpentsatu ahal izango dira diru-laguntza jasotzen duen enpresan sortutako balizko galerak.
Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, aurreko b) letran ezarritakoa egin beharko da, eta ez egiteak, berriz, letra horretan adierazitako ondorio berberak izango ditu.
2.– 15.2 artikuluko jardueretarako: erakunde sustatzaileek enpresa-planaren bilakaera azaltzen duen memoria aurkeztu beharko dute, diru-laguntza eman zen egunetik urtebete igaro ondoren zenbatzen hasi eta hilabeteko epearen barruan.
Era berean, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hilabeteko epean, memoria bat aurkeztu beharko dute kooperatibaren edo lan-sozietatearen enpresa-bilakaera eta lortutako emaitzak azaltzeko, aurreko artikuluko a) letran aipatutakoarekin batera.
3.– 15.3 artikuluko jardueretarako: arau honetako 15.3 artikuluan aipatzen den aholkulari adituak sinatu beharreko bideragarritasun-azterlana egitea, hura amaitu eta hilabeteko epean, eta aurkeztutako proiektuaren arabera.
Epe horretan aurkeztu ezean, artikulu honetako 1 zenbakiko b) letran ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.
III. KAPITULUA
LURRALDE-SUSTAPEN PLANIFIKATURAKO LAGUNTZAK
22. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Gizarte Ekonomiako enpresen lurralde-sustapen planifikaturako Ekintza Plan bat landu, garatu eta gauzatzea, agindu honen 24. artikuluko eskakizunei jarraikiz. Gizarte Ekonomiako enpresak lanean parte hartzean, aberastasuna sortu eta orekaz banatzean, eta enplegua sortzean oinarrituko dira. Ekintza-planen erakunde egileek, berriz, eskualde-oinarriko lurralde-eremu jakin batean finkaturiko hezkuntza-erakundeen eta gizarte ekonomiako enpresen parte hartzea izan beharko dute, alde batetik, eta, bestetik, erakunde horiek enpresa-mintegi bat bermatzeko adinako egitura izan beharko dute eskura, 24. artikuluan araututako ekintza-plana aplikatzeko.
2.– Agindu honen ondorioetarako, gizarte ekonomiako enpresen eskualde-oinarriko lurralde-eremua mugatze aldera, Eustatek ezarritako eskualde naturalen araberako lurralde-banaketa erabiliko da, baita eskualde horien eragin-eremua ere.
23. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Diru-laguntza honen onuradun izan ahalko dira berezko nortasun juridikoa duten erakundeak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Beren helburuen artean enpresa-sustapena biltzea.
b) Ekintza Plan bat aurkeztea hurrengo artikuluan zehaztutako edukiarekin.
c) Gutxienez hiru urteko esperientzia egiaztatzea lurralde-sustapen planifikatuaren mota honetan.
d) Erakunde eskatzailearen konpromiso idatzia aurkeztea, enpresak sortzeko jarduera garatzeko borondatea duela adieraziz, batez ere gizarte ekonomiako enpresak sustatzeko. Era subsidiarioan baino ez da onartuko izaera sozietarioa duten gizarte ekonomiako lanpostuak sortzea, baldin eta enpresak sortzea ezinezkoa balitz.
24. artikulua.– Ekintza-planaren baldintza zehatzak.
a) Ekintza-planak eduki hauek jaso beharko ditu:
1) Gizarte ekonomiako enpresak eratzeko sustapenari buruzko helburu kuantitatibo eta kualitatiboak. Eta, hala badagokio, izaera sozietarioa duten gizarte ekonomiako lanpostuak sortzea.
2) Gizarte ekonomiako enpresak sortzeko eredua.
3) Prozesu ekintzailearen faseak.
4) Sortuko diren gizarte ekonomiako enpresen sustapen-prozesuari lotutako baliabide materialen eta giza baliabideen beharrezko oinarrizko egitura.
5) Gizarte ekonomiako enpresak sustatzeko plangintzan jasotakoa gauzatzeko beharrezko gastuak, finantzazioa zehaztuz. Gastuen zerrendaren barruan agertu beharko dute aipatutako xedea lortzeko beharrezkoak izan daitezkeen atzerriko erakundeekiko harremanak ezartzetik eratorritakoek.
b) Ekintza-planak jaso egin beharko du lurraldean hezkuntza-erakundeak daudela egiaztatu behar dela, etorkizuneko proiektuekin lotutako prestakuntza teknikoa eman ahalko dietenak enpresa-jardueran arituko diren pertsonei.
c) Ekintza-planak jaso egin beharko du egiaztatuko dela etorkizuneko proiektuei babesa eskainiko dieten gizarte ekonomiako enpresen edo erakundeen planean parte hartuko dutela. Laguntzaren nondik norakoa eta parte-hartze horren finantza-arloko edo beste edozein arlotako inplikazio-maila zehaztu behar da ekintza-planean proiektu bakoitzerako.
25. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Lan eta Justizia Sailak diruz lagunduko ditu honako hauek:
1.– Gizarte ekonomiako enpresak sustatzeko gastu orokorren % 75, gizarte ekonomian ekiteko erakunde onuradunaren jardunaren lurraldean, gehienez ere 30.000 euroko zenbatekoarekin.
2.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartzen duen ekintza-planean aurreikusitako gastuaren % 75 eratutako gizarte ekonomiako enpresa-proiektu bakoitzerako edo, halakorik izan ezean, gizarte ekonomiako enpresa batean sortzen den izaera soziatarioko lanpostu bakoitzeko. Gehienez ere 9.000 euro bideratuko dira sortutako proiektu bakoitzera; halaber, gehienez 3.000 euro izango dira izaera sozietarioko lanpostu berri bakoitzeko.
18 hilabeteko epea baino lehen egon beharko dute eratuta enpresek, betiere diru-laguntza emateko ebazpenetik zenbatzen hasita.
3.– Nolanahi ere, onuradun bakoitzak 70.000 euro jaso ditzake gehienez.
26. artikulua.– Ordaintzeko modua.
a) Lehen ordainketan diru-laguntza osoaren % 50 ordainduko da, betiere emakidaren jakinarazpenaren biharamunetik hamabost egun igaro ondoren eta esanbidezko ukorik izan ez bada.
b) Bigarren ordainketan, diru-laguntza osoaren beste % 50a emango da, 25. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen denean. Horretarako, sustapen-jardueraren urteko aldiaren memoria xehakatua aurkeztu beharko dute aurretiaz erakunde eskatzaileek Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzan, eta memoria horretan esanbidez jasota egon beharko da egindako jarduera osoa: bai gizarte ekonomiaren arloko enpresen sustapena eta bai, zabalkunde-jardueratik eratorrita, gizarte ekonomiakoak ez diren bestelako erakundeen sustapena ere. Era berean, egindako gastuaren justifikazio dokumentazioa ere aurkeztu beharko da, jatorrizko fakturekin edo fotokopia konpultsatuekin. Egiaztagiri horiek guztiak diru-laguntza emateko ebazpenaren egunetik hasita gehienez ere 18 hilabeteko epean aurkeztu beharko dira.
27. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Ekintza-plana, agindu honetako 24. artikuluan ezarritako baldintza eta betekizunekin.
b) Lurraldeko egungo hezkuntza-erakundeak egiaztatzeko dokumentazioa –erakunde horiek 24 b) artikuluan adierazten dira–, eta erakunde horiek proiektuan duten inplikazioa justifikatzeko agiria.
c) Etorkizuneko proiektuei babesa emateko gai diren gizarte ekonomiako enpresa edo erakundeek proiektuan izango duten parte-hartzeari buruzko egiaztagiria, 24.c) artikuluan ezarritakoaren arabera.
XEDAPEN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Minimis araua.
15.1.artikuluari dagokionez soilik, Europako Batzordeak ezarritako minimis arauari lotzen zaio diru-laguntzen araudi hau [Batzordearen 1407/2013 (EE) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 18koa]. Hortaz, Lan eta Justizia Sailak beharrezko neurriak hartu beharko ditu, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren erakundeek zuzenean enplegua sortzeko jasotako minimis laguntzekin hiru urteko epean 200.000 euro baino gehiago jaso ez dezaten, abian den zerga-ekitaldia eta aurreko bi zerga-ekitaldiak aintzat hartuta.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.
Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. eta hurrengo artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legak, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duenak, 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak izatea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 4a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.