EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2017158

AGINDUA, 2017ko abuztuaren 18koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen eta arautzen baitira 2017. urteko Euskadiko museo eta bildumetarako diru-laguntzak.

Xedapenaren data: 2017-08-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201704142
Maila: Agindua
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren arabera, Kultura Sailburuordetzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Euskadiko museo eta bildumetarako laguntzen sistema kudeatzea.
Beraz, alde horretatik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egoki iritzi dio laguntzak emateko bideari ekiteari Euskadiko museo eta bildumek beren lanean sustatzen eta garatzen dituzten jarduerak laguntzeko, Euskadiko Museoei buruzko Legearen (abenduaren 1eko 7/2006) 2.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lege horren azalpenaren arabera, museo-jarduerak gizarte-zerbitzurako kultura-eskaintza gisa garatu behar dira; jarduera biziak eta eraldatzaileak izan behar dira, eta etengabeko eginkizun didaktiko erabakigarria izan behar dute, gizarte-eragileekin eta herritarrekin oro har etengabeko harremanean betiere.
Bestalde, agindu honek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005) II. tituluaren IV. kapituluan xedatzen duena aintzat hartuta, modu aktiboan izango du kontuan emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua diruz laguntzekoa den programa hau landu eta aplikatzean. Kulturak eginkizun soziala du eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua, beren jardueretan genero-ikuspegia sartuz, lagun dezaketen garapen kultural eta sozialeko gunetzat hartzen dira museoak; hori dela eta, alderdi hori jasotzen da deialdi honetara aurkeztutako proiektuak balioesteko irizpideen artean.
Horregatik guztiagatik, lege-oinarriak mugatzeko tresna bat ezarri beharra dago; batetik, diru-laguntzak emateko prozesuaren objektibotasun-, lehia- eta publikotasun-printzipioak bermatzeko, eta bestetik, behar bezalako mekanismoak egon daitezen, funts publikoek xede zuzena dutela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ezagutu ahal izateko. Funts horiek, halaber, deialdi honetan ezarritako balioespen-irizpideen arabera esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan hartarako jasotako aurrekontu-xedapena muga izanik.
Orobat, agindu hau Sailaren 2017rako Diru Laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak onartu zuen hori, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2017rako Diru Laguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aginduaren bidez.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan inskribatutako museo eta bildumetarako museo-jarduerak egiteko diru-laguntzak emateko araubidea arautzea da agindu honen xedea.
2.– Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako eginkizunak betetzeko jarduerak egiten laguntzea da diru-laguntzen xedea.
3.– Nolanahi ere, jarduerak honako jarduketa-ildo hauetan jaso beharko dira:
a) Bilduma osatzen duten funtsak dokumentatzea eta haren ezagutza hobetzea.
b) Erakusketa finkoa berritzea eta aldi baterako erakusketak egitea.
c) Bakoitzaren gaiaren eta jarduketa-eremuaren araberako jarduera didaktikoak eta kultura zabaltzekoak diseinatu eta eskaintzea.
d) Dituzten gai eta jarduketa-eremuarekin lotutako zientzia-ezagutza sortzea.
e) Kudeaketa hobetzea eta berrikuntza bultzatzea.
4.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute honako jarduera hauek, banaka edo aurreko zenbakian zehaztutako jarduketa-ildoen barruko helburu zehatz erkidea duen programa baten barruan elkartuta, betiere ez badira sartzen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste diru-laguntza programa batzuetan:
– Bildumak osatzen dituzten funts materialak eta immaterialak dokumentatzea; horretarako, oro har, baina ez ezinbestean, EMSIME informazio-sistema erabiliz. Salbuespen gisa, beste aplikazio batzuk ere erabili ahal izango dituzte funtsak dokumentatzeko, baina arrazoiak emanez egiaztatu beharko dute EMSIME sistema erabiltzerik ez dagoela sistemaren datu-eredua ez delako egokia katalogatu beharreko funts motarako.
– Erakusketa finkoa eguneratzea haren diskurtsoaren edo espografiaren edukiei dagokienez; horren barruan sartzen da eduki osagarri hauek garatu eta ekoiztea: ikus-entzunezkoak, audiogidak edo funtsetara hobeto jo ahal izateko geletan jendeak erabiltzeko dauden bestelako dokumentu-baliabideak.
– Museoaren lurralde-eremuaren eta/edo gaiaren araberako aldi baterako erakusketak.
– Museoaren gai-eremuarekin zerikusia duten jarduera didaktikoak edo jolas- eta kultura-jarduerak.
– Haien bildumak osatzen dituzten ondare material eta immaterialari buruzko ikerketa-lanak edo gai-eremuari buruzkoak, horien emaitzak erakusketa-diskurtsora gehitzeko eta museoaren hezkuntza- eta zabalpen-programaren bitartez zabal daitezen.
– Edizio- eta itzulpen-lanak, museoaren bildumei eta gai-eremuari buruzko zientzia- eta dibulgazio-edukiak, formatu digitalean gutxienez, argitaratzeko (katalogoak, monografiak, aldizkako argitalpenak, ikus-entzunezko eta multimediako produktuak).
– Kudeaketa hobetu eta berritzeko agiriak eta azterlanak egitea: plan estrategikoak, plan zuzentzaileak, zerbitzu-gutunak, hartzaileei buruzko azterlanak, bideragarritasun-azterlanak, komunikazio eta marketin kulturaleko planak, museoaren barneko kudeaketari eta jarduera-programazioari begira emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde aurretiko diagnostikoak egin eta neurriak planifikatzea.
– Museoaren webgunean orriak sortzea eta hura teknikoki hobetzea.
– Euskadiko Museoei buruzko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako eginkizunak artikulu honetan adierazitako ildoetakoren baten barruan garatzen dituen beste edozein jarduera, betiere haren museo-izaera egoki justifikatzen badute eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuan, artikulu honen 5. zenbakian adierazitakoak salbuetsita.
5.– Ez dira inola ere diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko eta agindu honen xedetik salbuetsita geldituko dira honako jarduera hauek: higiezinak eta instalazio orokor iraunkorrak eskuratu, handitu, eraberritu, hobetu edo zaintzeko inbertsioak, tokiko turismoa sustatzeko publizitate-materialak argitaratzea, museoko eremuaren merkataritza-ustiapenerako jarduerak, ekitaldi pribatuak, ostalaritza eta ostatua barne hartuta.
6.– Deialdi honetako diru-laguntzak jaso ahal izateko, jarduerak 2017. urtean gauzatu behar dira, hasiera eta amaiera barne.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako 600.000 euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak eta bazterketak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan inskribatutako museoen edo bildumen titularrak direnek, honako hauek baztertuta:
a) Foru-titulartasuneko museoak eta bildumak.
b) Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haien gobernu-organoetan parte hartzen badu.
c) Merkataritza-erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haien kapitalean partaidetza badu.
d) Xede bereko diru-laguntza izendunen hartzaile diren museoen eta bildumen erakunde titularrak, horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017rako aurrekontuetan esleituta egonik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkion gastu-partidetan. Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela.
e) Beren kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena banku-fundazio edo finantza- edo kreditu-erakunde batena duten erakundeak.
4. artikulua.– Betekizunak.
1.– Baldintza hauek betetzearen mende egongo da pertsona onuradunei laguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Emandako diru-laguntzaren likidaziora arte bete beharko dituzte baldintza horiek; horregatik, kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela, eskabidea aurkeztean eta egokiak diren ordainketak, hala dagokionean, egin aurretik, horretarako berariazko baimenik eskuratu beharrik gabe. Hala ere, eskabidean hura ukatuz gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu onuradunak, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek eginda.
b) Pertsona edo erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
c) Ezingo dira onuradun izan EAEko Administrazio Orokorrarekin diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak bete gabe dituztenak.
d) Diru-laguntzen onuradun ere ezingo dira izan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea (otsailaren 18ko 4/2005) ez betetzeagatik zigor- edo administrazio-zehapena jaso duten pertsonak.
e) Gainera, pertsona edo erakunde onuradunek Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
2.– Kudeaketa-organoak zuzenean eta automatikoki egiaztatuko du 1.a) puntuan zehaztutako baldintza betetzen dela, eskabidea aurkeztean eta egokiak diren ordainketak, hala dagokionean, egin aurretik, horretarako berariazko baimenik eskuratu beharrik gabe. Hala ere, eskabidean hura ukatuz gero, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu onuradunak, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek eginda. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira adierazitako gainerako baldintzak; eskaera-orrian jasoko dute hori.
5. artikulua.– Diru-laguntza jaso duten jardueren azpikontratazioa.
1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin azpikontratatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat, betiere azpikontratazio horrek diruz lagundutako jardueraren kostua balio erantsirik gabe handitzea ez badakar. Ondore horietarako, azpikontratazioa dagoela ulertuko da erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartzen badu diru-laguntzaren xede den jarduera guztiz edo zati batez gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira erakunde onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.
2.– Alabaina, erakunde onuradunak ezingo du diruz lagundutako jarduera zati batez gauzatzea honako hauekin hitzartu:
a) Agindu honen 3. artikulua aplikatuz diru-laguntza hauetatik salbuetsita dauden pertsona edo erakundeekin.
b) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak ezarritako debekuren bat duten pertsona edo erakundeekin.
c) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste diru-laguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeekin.
d) Bitartekari edo aholkulari aritzen diren pertsona edo erakundeekin, haien kontratuetan ordainketak eragiketaren kostu totalaren ehuneko gisa definitzen badira; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.
e) Pertsona edo erakunde onuradunarekin lotutako pertsona edo erakundeekin, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29.7 artikuluko d) letran adierazitako baldintzak daudenean izan ezik.
f) Deialdi edo programa berean laguntza edo diru-laguntza eskatu, baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona edo erakundeekin.
3.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak, pertsona edo erakunde onuradunak, zerbitzua edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, pertsona edo enpresa hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua diru-laguntza eskatu aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen arteko hautapena (justifikazioan aurkeztuko dituzte horiek), efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraikiz egingo da, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko dute proposamen ekonomikoki abantailatsuena hautatzen ez dutenean.
4.– Dena den, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa beteko dute.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen eta lagundu ezin diren gastuak.
1.– Diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak. Inola ere, diruz laguntzeko moduko gastuak eskuratzeko kostua ezin izango da izan merkatuko balioaren gainetikoa.
2.– Zeharkako kostuak, erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerari oro har onartutako kontabilitate-printzipioei eta arauei jarraikiz arrazoiz dagokion partean egozten badizkio baino ez dira diruz laguntzeko modukoak, eta, edozelan ere, jarduera egin egiten den aldiari badagozkio kostu horiek. Eskabidearekin batera aurkezten duten aurreikusitako gastuen aurrekontuan halakotzat jaso eta zenbatuta egon beharko dira horiek, nolanahi ere. Justifikatu ere egin beharko dituzte.
3.– Diruz lagundutako jarduera egiten duten eremuak estetikoki edo funtzionalki egokitzeko lan txikiek eragindako gastu korronteak diruz laguntzeko modukoak izango dira, betiere proiektuan ezinbestekoak direla justifikatzen badute eta eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuan adierazita badaude.
4.– Honako gastu hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:
– BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da.
– Higiezina eta instalazio orokor iraunkorrak handitu, hobetu, eraberritu edo zaintzea xedetzat duten ibilgetu materialeko inbertsioak diren gastuak.
– Langileen gastuak, diru-laguntzaren xede den jarduerari zuzenean ordurik egotzi ezean.
5.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan –egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuta– artikulu honetan diruz laguntzeko modukoak ez diren gastuak biltzen badira, balioespen-batzordeak desagerrarazi edo kendu egingo ditu, diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontua zenbatekoa den zehazteko; aurrekontu hori diru-laguntzaren zenbatekoa ezartzeko oinarria izango da.
7.– Dena den, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa beteko dute.
7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.
Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko gehieneko diru-laguntza aurkeztutako aurrekontu osoaren % 90 izango da (45.000 euro gehienez).
8. artikulua.– Emateko prozedura.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira diru-laguntzak emateko, 14. artikuluan finkatutako balioespen-irizpideei jarraikiz haien arteko lehentasuna finkatzearren. Guztira gutxienez 65 puntu lortu dituztenei bakarrik emango zaie laguntza.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa kasu bakoitzean zehazteko, Balioespen Batzordeak deialdiaren laguntza osoa banatuko du onuradun gertatu diren eskabideen artean, honako hauek aintzat hartuta: lortutako puntuazioa, diruz laguntzeko moduko gastu-aurrekontua eta kasu bakoitzean eskatutako zenbatekoa. Diru-laguntzen zenbatekoak batuta aurrekontu-muga gaindituz gero, hainbanatzeko prozeduraren bidez doituko dira zenbateko horiek.
9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Bitarteko elektronikoak nahitaez erabili beharko dituzte pertsona fisiko edo juridikoek eta/edo erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta egiteko.
2.– Egoitza elektronikorako sarbidea –agiriak aurkeztu eta jakinarazpenak jasotzeko–, baita agindu honen edukia, eskabideak izapidetzeko zehaztapenak, erantzukizunpeko adierazpenak, inprimakiak eta gainontzeko ereduak ere, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren helbide honetan dauden eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2017/mub/es/
10. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
2.– Nahitaez aurkeztu behar dituzte honako agiri hauek:
a) Eskaera-orria (online inprimakia). Laguntzen onuradun izateko 4. artikuluan ezarritako baldintzak egiaztatzeko behar diren erantzukizunpeko adierazpenak jasoko dira inprimaki honetan, baita beste erantzukizunpeko adierazpen bat ere eskabidean eta aurkeztutako agirietan jasotako datuak egiazkoak direla adierazita. Eskabide-inprimakian erantzukizunpeko adierazpen bidez jasoko da, orobat, pertsona edo erakunde eskatzaileak BEZaren aitorpena egin behar duen edo zerga hori kendu edo konpentsatu dezakeen.
b) Proiektuaren Datuak inprimakia, honako hauek jasota:
– Jarduera azaltzeko memoria; agindu honen 14. artikuluaren a), b) eta c) letretan adierazitako irizpideei jarraikiz balioetsiko da. Memoriak honako alderdi hauek aipatu beharko ditu diruz laguntzeko eskaera egiten duen jarduerari dagokionez:
• Proposatutako jardueraren justifikazio orokorra, haren berariazko helburuak museoaren Urteko Jarduera Planean ezarritako helburu orokorrekin lotuta.
• Jardueraren ezaugarrien deskribapen zehatza: formatua, edukia, jardueraren publikoa edo hartzaileak, esku hartzen duten giza baliabideak (kopurua, kualifikazioa eta esperientzia, beren langileak edo kanpokoak diren), erabilitako hizkuntzak eta gauzatzeko kronograma (faseak, zereginak eta esku hartzen duten pertsonak), bai eta garrantzitsu deritzeten bestelako alderdi teknikoak ere.
• Proiektua berrikuntza eta hobekuntzara bideratuta dagoela justifikatzea, atal horretan, hala dagokionean, ebaluatzeko aurreikusitako sistema azalduta.
• Hala dagokionean, jarduerak kulturaren, hezkuntzaren, zientziaren eta gizartearen arloko beste eragile batzuekin duen lotura-maila.
• Diru-laguntzaren xede den proiektuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde zer eduki duen.
– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen guztizko aurrekontua; orekatua izango da, eta, hala dagokionean, beren langileen gastuak, kanpoko zerbitzuen gastuak, hornidurak eta zeharkako kostuak bereizi beharko ditu. Diru-sarreren atalean eskatutako diru-laguntza eta laguntza publiko eta pribatu guztien zenbateko osoa adieraziko dute, baita pertsona edo erakunde eskatzaileak bideratutako baliabide propioak eta aurreikusitako gastuen zenbateko osoa estali arteko beste edozein diru-sarrera mota ere. Gastuen atalean, ahalik eta zehatzen banakatuko dituzte horiek. Proiektuaren xedea jarduera bat baino gehiago barnean dituen programa bada, kostuak jarduera bakoitzeko taldekatuta zehaztuko dituzte, jarduera bakoitzari dagokion guztizko partziala kalkulatu ahal izan dadin. Halaber, zerga-oinarriaren zenbatekoa eta dagokion BEZa ere zehaztuko dituzte, hala dagokionean. Aurrekontuaren edukia agindu honen 14. artikuluko d) irizpideari jarraikiz balioetsiko da.
– Hala dagokionean, erakundeak beste administrazio nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin eskatu edo eskuratu dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak zehatz-mehatz azaltzeko atala ere beteko dute.
c) Jardueraren txostena edo memoria museoaren 2016ko jarduera-planarekin lotuta, honako hauek zehaztuta: ezarritako helburuak, egindako jarduerak eta haien emaitzak, museoaren jardueraren kultura-, zientzia-, gizarte- eta ekonomia-eraginari dagokionez. Agiri hori erabiliko da 14. artikuluko e) letran adierazitako irizpidea balioesteko.
11. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.
12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko behar diren agiriak falta direla edo haietan akats formalik dagoela ikusiz gero, edota balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak ikusten badira, pertsona interesdunari hamar egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela edo izapiderako eskubidea galdu duela joko dutela, ebazpena eman ondoren.
2.– Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztu behar duen pertsona eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, bitarteko elektronikoz aurkeztuz hori zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
13. artikulua.– Balioespen Batzordea.
1.– Diru-laguntza eskatu duten jarduerak balioesteko, Balioespen Batzorde bat eratuko da, aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu:
– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Postua hutsik dagoenean, zuzendaria azaltzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 19.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordeztuko da.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari. Haietako bat batzordeko idazkaria izango da.
– Agindu honen xede den gaian aditu den pertsona bat edo bi, Kulturako sailburuordeak izendatuta. Batzordekideak izango dira.
Era berean, gai zehatzak aztertzeko Balioespen Batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin ere bai, baina botorik ezin izango dute eman.
2.– Balioespen Batzordearen osaera Kultura eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da batzordea eratu aurretik.
3.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan.
4.– Balioespen Batzordeko kideak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira gizon eta emakume kopurua berdintsua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
5.– Batzordeak dagokion ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, agindu honen 14. artikuluan ezarritako balioespen-irizpideak oinarri hartuta.
14. artikulua.– Balioespen-irizpideak.
Aurkeztutako eskabideak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko ditu Balioespen Batzordeak:
a) Proiektuaren eduki teknikoaren interesa eta kalitatea, 0 eta 35 puntu bitartean. Osotara balioetsiko da honako azpi-irizpide hauek aintzat hartuta:
– Jardueraren plangintzaren xehetasun-maila, aurkeztutako proiektuan jasotakoaren arabera. 10 puntu gehienez.
– Proiektuaren barneko koherentzia eta egokitzapena, honako hauek kontuan harturik: museoaren edo bildumaren misioa, jardueraren xedearekin lotutako aurrekariak, jardueraren berariazko helburuak, haren formatu eta edukia, jardueraren publiko edo hartzaileak, giza baliabideen egokitasuna eta neurriak (pertsona kopurua, gaikuntza eta eskarmentua, eta proiekturako dedikazioa), baita bertan erabilitako materialak ere. 15 puntu gehienez.
– Proiektuaren plangintzan jarduera ebaluatzeko sistema bat jasotzea, baita berrikuntza eta hobekuntzara bideratutako beste eduki tekniko batzuk ere. 10 puntu gehienez.
b) Jarduerak kulturaren, hezkuntzaren, zientziaren eta gizartearen arloko beste eragile batzuekin duen lotura-maila, ingurunearekiko loturak sendotzeko eta haren proiekzioa biderkatzeko. 15 puntu gehienez.
c) Diru-laguntzaren xede den proiektuak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde zer eduki duen. 5 puntu. Puntuak emateko orduan aurkeztutako proiektuan honako alderdiren bat dagoen hartuko da kontuan:
– Jarduerak berak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko ekintza positiboa egitea du xede nagusitzat.
– Berdintasunari buruzko aurretiko diagnostikoa gauzatu beharreko xedeari eta jarduerei dagokienez.
– Ikuspegi estereotipatuak desagerraraztea eta genero-rolak apurtzea sustatzen duen eduki teknikoa.
– Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko jarduera-memorian proiektuarekin zerikusia duen pertsonei buruzko informazioa sexuaren arabera bereizteko konpromisoa.
d) Aurrekontuari dagokionez, xehetasun-maila eta arrazoizkotasuna gastuak jardueraren ezaugarrien arabera banakatzean, eta diru-sarrerei dagokienez, eskatutako diru-laguntza ez diren baliabide propioen eta besteenen proportzioa. 0 eta 20 puntu artean.
– Aurrekontuaren xehetasun-maila eta arrazoizkotasuna jardueraren eduki eta irismenarekin lotuta: 0 eta 8 puntu artean. Eskala honen arabera emango dira:
– Eskatutako diru-laguntzatik kanpo eskatzailearen baliabide propioekin edo kanpokoekin finantzatutako ehunekoa. 12 puntu gehienez:
e) Erakundearen oraintsuko jardunbideari, museoaren edo bildumaren 2016ko jarduera-planean aurreikusitako jardueren gauzatze-mailari eta kulturaren, zientziaren, gizartearen eta ekonomikoaren arloko eraginari dagokienez. 0 eta 25 puntu artean.
15. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako diru-laguntzekin edo beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin, baldin eta gehiegizko finantzaziorik ez badago. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
16. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzei dagokienez, Balioespen Batzordeak helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du ebazpena, sei hilabeteko epean gehienez, agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera.
2.– Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, pertsona interesdunei haren berri eman dakien. Pertsona edo erakunde interesdunak eskabidean aurretik emandako gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora oharra bidaliko zaio, ebazpena argitaratu dela jakinarazteko. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Errekurtsoak aurkezteko epeak zenbatzeari dagokionez, taulan argitaratutako eguna hartuko da jakinarazpen-eguntzat.
3.– Ebazpen-epea igarota, pertsona interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015).
17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Era horretan, diru-laguntza onartutzat hartuko da pertsona edo erakunde onuradunek horri berariaz ukatzen ez badiote hamar egun balioduneko epean, diru-laguntza ematen duen ebazpena argitaratzen denetik aurrera zenbatuta.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.
d) Publikoarekiko harreman ahozko zein idatzietan euskara erabiltzea.
e) Diruz lagundutako jardueran sortutako dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
f) Emateko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa aipatu beharko dute, eta haren logotipoa jaso beharko dute diruz lagundutako proiektuak zabaltzeko erabiltzen dituzten material guztietan.
g) Nolanahi ere, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. artikuluan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dituzte.
18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Agindu honen ondorioz ematen diren diru-laguntzak bi zatitan ordainduko zaizkie onuradunei:
a) Lehenengo ordainketan esleitutako diru-laguntzaren erdia emango zaie. Horretarako, hiru hilabeteko epea egongo da, diru-laguntza esleitzen duen ebazpena Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratzen denetik.
b) Bigarren ordainketan beste erdia emango zaie, 2018an, diruz lagundutako jarduketa eta haren benetako kostua 19. artikuluan adierazitako eran justifikatu ondoren.
19. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluarekin bat etorriz, agindu honetan emandako diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek diruz lagundutako jardueren justifikazioko kontua aurkeztu beharko dute dena delako jarduera edo proiektua amaitu ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan. Nolanahi ere, 2018ko martxoaren 31 izango da justifikazioa aurkezteko epearen azken eguna. Justifikazioko kontuak honako dokumentazio hau jaso beharko du:
a) Diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak bete dituztela justifikatzeko jarduketa-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz azalduta. Memoria horren barruan edo bereiz erantsita, jardueraren gauzapena edo emaitzak egiaztatzen dituzten irudiak ere aurkeztuko dituzte. Horretarako, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «justifikazio-memoria» izeneko inprimakia erabili ahal izango dute.
b) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, honako hauek jasota:
– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen balantze orokorra. Egoitza elektronikoan dagoen «Balantzea» izeneko inprimakia bete edo eredu gisa erabiliko dute. Beste diru-laguntza edo diru-sarrerarik jaso ezean, dagokion erantzukizunpeko adierazpena egingo dute justifikazioa aurkezteko inprimakian.
– Egindako gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua zehaztuta, baita alderdi hauek ere: haren zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa (hala dagokionean, zerga-oinarria eta BEZa banakatuko dira) eta, behar denean, noiz ordaindu den. Balantzea izeneko inprimakian jasotako taularen bidez egin ahalko da, edo bereiz aurkeztu, kalkulu-orri batean, betiere datu-eredu berari jarraitzen badiote.
– Egindako gastuen zerrendan jasotako kostu orokorrak eta/edo zeharkakoak banatzeko irizpideak, halakorik badago.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zerrenda zehatza, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
– Gastuak egiaztatzea fakturen kopia erkatuen edo jatorrizkoen bitartez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duten dokumentuak edota administrazio-eraginkortasuna dutenak gastuen zerrenda sailkatuan erantsiz. Administrazio publikoak egiaztatu beharretik salbuetsita daude.
c) Hala badagokio, pertsona edo erakunde onuradunak, agindu honen 5. artikulua aplikatuz, eskatu behar zituen hiru aurrekontuen kopia, edo horiek ez aurkeztea justifikatzen duen memoria, betiere 5. artikulu horretan ezarritako salbuespenekin bat etorriz.
d) Jarduerara erakunde onuradunaren langileen iraunkorren gastuak egotziz gero, erakunde onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena; horretan, pertsona bakoitzeko, egindako zereginak, jarduerara egotzitako ordu kopurua eta dagokien kostua zehaztuko dituzte. Erakunde onuradunak jarduera egiteko langileak aldi baterako kontratatu baditu, dagokien kontratuaren kopia; bertan jarduera zehatza eta zer eginkizun egiteko kontratatu dituzten azalduko dute.
20. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:
a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako proiektuetarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
d) Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan ezarritakoak.
e) Diru-laguntzen arloko edozein xedapenek ezarritako beste edozein betebehar orokor ez betetzea.
2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbateko guztiak edo haien zati bat eta dagozkien berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere honako hauetan xedatutakoari jarraikiz: Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.2 artikulua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoarekin (abenduaren 13ko 15/1999) eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko Legearekin (otsailaren 25eko 2/2004) bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu emandako datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduaren bidez araututako Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko ditugula. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak) datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duten bestelako administrazio-prozedura edo -espedienteak kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari aurretik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), betiere laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Deialdi honek bete egiten ditu Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren, 2014ko ekainaren 17koaren, 53. artikuluan eta I. kapituluan ezarritako baldintzak; horren bidez laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan aurreikusitakoaz gain, honako hauek ere aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua; Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003 Legea); Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea), eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea).
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko abuztuaren 18a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.