EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017154

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 31koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubeari dagokionez.

Xedapenaren data: 2017-07-31
Hurrenkenaren zenbakia: 201704074
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko apirilaren 26an, Vitoria-Gasteizko Udalak eskabidea bete zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abiarazteko, Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubearekin lotuta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta:
– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
– Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza Nagusia.
– Uraren Euskal Agentzia.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak (biak Eusko Jaurlaritzakoak), Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoaren Zerbitzuak eta Uraren Euskal Agentziak. Espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, betiere jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egingo zaie 6.2 artikuluan ezarritako kasuetan jasota dauden plan eta programei. Prozedura hori lege horren 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, eta, legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, hauek zehaztu beharko dira: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoaren arabera, edo plan edo programaren gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.
Ukitutako administrazio publiko eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko epea amaitu ondoren eta espedienteko dokumentazioa aztertu ostean, egiaztatu da ingurumen-erakundeak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
Aztertu dira Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedientean jasota dauden agiri teknikoak eta txostenak, Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubearekin lotuta. Horrenbestez, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen inpaktu adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubearekin lotuta, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa honen helburua da 59-60-1079-1 katastro-partzela (Florida kaleko 53. zenbakia) birkalifikatzea, eta honetan datza: haren hirigintza-kalifikazio xehatua aldatzea, ekipamendu generiko pribatutik bizitegitarakora –OR-2: XIX. Mendeko Lehen Zabalgunea–, hirigintza-eraikigarritasuna handitu gabe.
B) Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa puntualak (Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubearekin lotutakoak) ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak:
a) Partzelan etxebizitzak eraikitzeko proiektuetarako esparrua ahalbidetzen eta ezartzen du Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa honek.
b) Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa honek plan sektorialetan eta lurralde-planetan izan dezakeen eragina aztertu ostean, horiekin bateragarria dela ondorioztatu da.
c) Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa honi esker, eremu hutsak bete daitezke hirigunearen erdialdean, eta horrek jasangarritasuna sustatzen du.
d) Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubearekin lotuta, eginiko azterketen arabera, Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa puntualak ez du arazo handirik sortuko ingurumenean.
e) Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubearekin lotuta, Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa puntuala egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko Europako erkidegoko edo estatuko legedia ezartzeko.
2) Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Eraginpeko lekuaren inguruan ez dago naturagune adierazgarririk, ezta ingurumenari dagokionez balio handikoa den eremurik ere. Horrela, bada, ingurumen-agiri estrategikoan planteatutako neurriak aplikatuta, Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubeari dagokionez, ez da aurreikusten Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa puntualak ingurumen-inpaktu kaltegarri nabarmenik sortuko duenik.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualak –Florida kaleko 53. zenbakian dagoen orubearekin lotuta– ingurumenaren gaineko eragin garrantzitsurik izango duenik; beraz, ez da ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 31.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.