EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2017150

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, erakundeetan edo enpresetan egitekoak diren diruz lagundutako praktikaldiak arautzen dituena eta haietarako deialdia egiten duena LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak Bilbon 2016-2017rako antolatutako 42. Hirigintza Ikastaroko ikasleentzat.

Xedapenaren data: 2017-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703992
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/06/24an argitaratutako 2016/06/15eko EBAZPENA [201602747]

HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2016ko ekainaren 15eko Ebazpenaren bitartez, «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» (Bilbao, 2016-2017) egiteko deialdia zabaldu zen. HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu zuen ikastaroa, eta 5 matrikula-bekatara deitu zen ikastaro hori egiteko (Ebazpena 2016ko ekainaren 24ko EHAAn argitaratu zen, 120. zenbakian).
Ikastaro horren egituraren arabera, azken 8 urteetan hirigintza-alorrean 48 praktika-hilabete baino gutxiago izan dituzten ikasleek 300 orduko praktikaldia izan dezakete erakunde edo enpresetan. Praktikaldi hori ez da derrigorrezkoa LHIEEk antolatutako «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» Hirigintza Diploma lortzeko.
Ikastaroaren garrantzia, egitura eta kostua kontuan hartuz, aurretik egin diren edizioetan izandako esperientziak agerian uzten du praktikaldi hori egitea eskatzen duten ikasleek laguntza ekonomikoa behar dutela praktikaldia erabat garatzeko eta, horregatik, «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» praktikaldia egiten duten ikasleei laguntza ekonomikoa ematea erabaki da.
«Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» praktikaldiak diruz laguntzen direnez, ikastaro horretan sartzeko merezimendu-lehiaketarako deialdia indarreko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barneko diru-laguntzen lerro gisa ezartzen da, eta hiri-ordenamenduarekin eta hirigintzarekin lotutako alorretan diharduten pertsonen prestakuntza eta birziklatzea faboratzeko xedea du.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroko» (Bilbao, 2016-2017) ikasleek erakundeetan edo enpresetan egiteko diruz lagundutako praktikaldien erregulazioa eta haietarako deialdia onartzea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluari eta hurrengoei jarraituz. Horretarako, hilabete bat izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten denetik hiru hilabete pasatzen badira esanbidezko ebazpenik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat hartu ahal izango da, eta administrazioarekiko auzien bidea zabalik geratuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunean izango ditu ondorioak ebazpen honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.
I. ERANSKINA
IVAP HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEKO ZUZENDARIARENA, ERAKUNDEETAN EDO ENPRESETAN EGITEKOAK DIREN DIRUZ LAGUNDUTAKO PRAKTIKALDIAK ARAUTZEN DITUENA ETA HAIETARAKO DEIALDIA EGITEN DUENA LHIEE LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK BILBON 2016-2017RAKO ANTOLATUTAKO 42. HIRIGINTZA IKASTAROKO IKASLEENTZAT EBAZPENARENA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Deialdi honen helburua da HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen mendeko LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak antolatutako «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroko» (Bilbao, 2016-2017) ikasleek erakundeetan edo enpresetan egiteko diruz lagundutako praktikaldiak esleitzeko oinarri arautzaileak ezartzea. Ikastaro horretarako deialdia HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2016ko ekainaren 15eko Ebazpen bidez egin zen.
Deialdi hori ikastaro horretako ikasleen arteko norgehiagoka-araubidearen bitartez gauzatzen da.
Bigarrena.– Laguntzen kopurua eta zenbatekoa.
«Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroko» (Bilbao, 2016-2017) praktikaldi guztiak boluntarioak dira eta 2017Ko ekitaldian garatuko dira. Ekitaldi horretan 21.000 euro bideratuko dira, gehienez, ikastaro horri dagokion praktikaldirako diru-laguntzak estaltzeko. Zenbateko horren barnean, praktikaldian dauden pertsonen Gizarte Segurantzako kotizazioak ordaintzeko zenbatekoa deskontatuko da.
Deialdi honetan esleitutako laguntza guztiak zenbateko berekoak izango dira. Kopuru zehatza arestian adierazitako zenbatekoa laguntza esleitu zaien ikastaroko ikasle guztien artean hainbanatuta kalkulatuko da, baina laguntza bakoitza ez da sekula 2.111,11 eurotik gorakoa izango.
Betiere arestian adierazitako muga ekonomikoen barnean egonik, laguntza-kopurua honako hauen araberakoa izango da:
a) Praktikaldian ikasleak hartu nahi dituzten erakundeen edo enpresen eskabideak nahikoak izatea.
b) Kontuan hartuz praktikaldien helmugak esleitzeko lehentasun-ordena jakin bat baliatuko dela, eskatzaileen kopurua erakundeek eta enpresek eskainitako praktikaldien ezaugarrietara egokitzea, batetik, haien lanbide-arloari dagokionez eta, bestetik, praktikak egingo diren unitatearen lan-hizkuntzari gagozkiola.
Hirugarrena.– Diru-laguntzaren kudeaketa.
Deialdi honetako laguntzen esleipena eta jarraipena HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak kudeatuko du.
Laugarrena.– Parte-hartzaileek bete beharrekoak.
Deialdi honetan parte hartzeko, eskatzaileek «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroko» ikasleak izan behar dute derrigorrean, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Honako kasu hauetakoren batean egotea, «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroan» parte hartzeari dagokionez:
«Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroko» (Bilbao, 2016-2017) ikaslea izatea, eta ikastaro horren eskola-modulu guztiak gainditu izana, amaierako ikerketa-lana eta (Hirigintzako Goi-mailako Ikastaroarekin homologatua) praktikak izan ezik.
Ikastaro horren aurreko edizioetako ikaslea izatea eta 2016-2017 ikasturtean moduluren bat gaindituta izatea, betiere lehendik gainditutako moduluekin batera ikasleak ikastaroa erabat gaindituta badu, amaierako ikerketa-lana (Hirigintzako Goi-mailako Ikastaroarekin homologatua) izan ezik.
«Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» diruz lagundutako praktikaldirako aurreko deialdian eskatutako baldintzak betetzea, baina azkenean praktika horiek ez egin izana edo ez eskatu izana haurduntzagatik Kasu honetan, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute horretaz eskabide honetan.
b) Azken 8 urtean hirigintza-alorrean 48 hilabete baino gutxiago lan egin izana.
Bosgarrena.– Baztertzeko kausak.
Ezin izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatu:
a) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat izan duten pertsonak, Emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.
b) Eskatutako praktikak finantzatzeko diru-laguntza publiko edo pribaturen bat jasotzen duten pertsonak.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako beste edozein kausa duten pertsonak.
Seigarrena.– Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.
Praktikaldian dauden ikasleak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartuko dira, prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonei buruz Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzeko baldintzak eta betebeharrak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuak araututako moduan eta baldintzetan, eta Gizarte Segurantzako sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.
Zazpigarrena.– Aseguruak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aseguru bana egingo die praktiketako ikasleei istripu-, elbarritasun- edo heriotza-kasuetarako.
Zortzigarrena.– Diruz lagundutako praktikaldien esleipendunen betebeharrak.
Diruz lagundutako praktikaldi hauen esleipendunek betebehar hauek izango dituzte:
a) «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroa» osatzen duten ikasgaien esparruan lanbide-praktikak egitea (300 orduko praktikaldia), dagokion espezializazio akademiko eta profesionalari jarraikiz eta, tutore baten bitartez, erakunde edo enpresa jasotzaileak emandako eginkizunak betez.
b) Praktika hori urte honetako azken hiruhilekoan egitea, LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak eta praktikak egingo diren erakundeak/enpresak zehaztutako hasiera- eta amaiera-egunen arabera, eta erakundearen/enpresaren lan-ordutegian, betiere erakundearen/enpresaren lan-ordutegiak praktikaldi osoa egitea (gehienez, sei ordu egunean) ahalbidetzen badio ikasleari. Eguneroko lanaldia lau ordukoa izango da gutxienez, eta sei ordukoa gehienez.
c) Lanbide-arauak betetzea, sekretu profesionala eta datu pertsonalen babesa barnean hartuta, betiere praktikak egiteagatik lanbide-erantzukizunean jausi ez badaitezke.
d) HAEEko eta LHIEEko kideekin biltzea, eskatzen zaienean.
e) Enpresa edo enpresa jasotzailean egindako lanari buruzko bi txosten egitea eta LHIEEri aurkeztea: txosten horietako bat, 2017ko urriaren azken astean aurkeztu beharko dute; beste txostena, praktikaldi osoari buruzkoa, 2017ko abenduaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dute.
f) Praktikaldian dagoen pertsonak egindako lana, praktikaldiaren aprobetxamendua, hark erakutsitako prestaketa-maila eta lan horren ebaluazioa jasotzen dituen txostenean, praktiken tutoreak egindakoan, ebaluazio positiboa izatea.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duenaren arabera, laguntza horien pertsona jasotzaileek honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Diru-laguntzaren emakidaren oinarri den egoeran egotea.
b) Jarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, eta diru-laguntza ematea erabakitzen duen jarduera egin dutela justifikatu beharko dute, entitate emailearen aurrean.
c) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.
d) Helburu berbererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik diru-laguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu direla jakinaraztea entitate emaileari.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
f) Idazki bidez, praktikaldia osorik egiteari uko egitea, deialdi honen hamalaugarren oinarrian ezarritako moduan eta epean.
Bederatzigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Aurkezteko modua.
Eskabidea (III. eranskina) –datarekin eta sinatuta– IVAPeko zuzendariari zuzendu behar zaio, eskatutako agiriekin batera. Recalde zumarkalea 18, 1. – 48009 Bilbao helbidean aurkez daitezke edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusten den edozein erregistro edo bulegotan.
Dokumentazioa Bilboko IVAPekoa ez den beste erregistro batean aurkeztu gero, eskatzaileak IVAP-EVETUri jakinarazi beharko dio, posta elektronikoz (evetu@ivap.eus) edo 94 403 16 04 telefono-zenbakira deituz. Eskabidea noiz eta zer bitartekoren bidez aurkeztu duen adierazi beharko du.
2.– Eskabideari erantsi beharreko agiriak.
a) Eguneratutako curriculum vitaearen kopia.
b) Erakundeetako edo enpresetako praktikaldietarako eskabidea egin eta praktikak egiteko eskaintzen duten unitateko lan-hizkuntza euskara dela aitortzen duten pertsonek HAEEren 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo beste titulu/ziurtagiri baliokideren bat dutela frogatu beharko dute. Hizkuntza-eskakizun horien baliokideak diren tituluen eta ziurtagirien zerrenda bat dago bilduta Ebazpen honen II. eranskinean, eta honela frogatu beharko du eskatzaileak titulu edo ziurtagiri hori duela:
b.1.– HAEEk, HABEk, Osakidetzak edo Hezkuntzan eta Kulturan eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailek emandako ziurtagiri edo tituluren bat duten pertsonek eskabidean alegatu ahalko dute ziurtagiri edo titulu hori dutela, eta HAEEk ofizioz egiaztatuko du alegazio hori.
b.2.– Aurreko paragrafoan aipatutakoez bestelako euskara-ziurtagiri edo tituluren bat duten pertsonek, eskabidearekin batera, alegatutako tituluaren edo ziurtagiriaren kopia bat ere aurkeztu beharko dute.
b.3.– Euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko apirilaren 3ko Dekretuaren arabera, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 eta C2 mailen baliokidetzat jotako euskara-tituluak eta -ziurtagiriak egiaztatzetik salbuetsita dauden pertsonek, eskabidearekin batera, ikasketak egin dituzten ikastetxe edo unibertsitateak emandako ziurtagiriaren kopia bat ere aurkeztu beharko dute.
3.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
4.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, aurkeztu beharreko eskabideak eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, eskatzaileak 10 egun balioduneko epearen barnean zuzendu beharko du falta hori, edo eskatutako dokumentuak aurkeztu beharko ditu, eta horrela ezin ezean eskabidea gaitzetsitzat joko zaiola adieraziko zaio, betiere Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.
Hamargarrena.– Eskabideen balorazioa.
I.– Balorazio-baremoa.
Jasotako eskabideak baloratzeko, «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroaren» 1. - 6. moduluen (biak barne) ebaluazioko notak batuta lortutako puntuazioa kontuan hartuko da. Puntuazioak txikienetik handienera ordenatuta daudela, eskatzaileen lehentasun-hurrenkera ezarriko da: lehentasunik handiena puntuaziorik handieneko pertsonak izango du, eta hortik aurrera, hurrenkera puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera izango da.
Unitateren batean praktikaldiak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrenda jakinaraziko zaie eskatzaileei.
Unitateren batean praktikaldiak eskaini dituzten enpresen/erakundeen zerrendan adierazi egin beharko da erakunde/enpresa horietako bakoitzak zer lanbide-alorretan eskaintzen dituen praktikaldi horiek: zuzenbidea, arkitektura edo ingurumena; horretaz gain, ikasleek unitate horretan praktikaldiak zer lan-hizkuntzatan egingo dituzten ere zehaztu beharko da.
Behin eskainitako praktikaldien zerrenda jakinarazita, praktikaldi horien eskatzaileek hiru egun izango dituzte eskaintzen zaizkien praktikaldien eta enpresen/erakundeen artean zein duten nahiago (lehentasun-hurrenkera finkatu beharko dute).
Praktikaldien esleipena eta haietako bakoitzari zehazki dagokion unitatearen eta enpresaren/erakundearen zehaztapena eskatzaileen lehentasun-hurrenkeraren arabera egingo dira, «Hirigintzako XLII. (42) Ikastaroaren» 1. - 6. moduluetan (biak barne) ateratako noten puntuazioei jarraikiz.
Horri dagokionez, enpresek/erakundeek eskainitako praktikaldietarako eskabideak ez dira kontuan hartuko baldin eta:
a) Eskatzailearen titulazio akademikoarekin bat ez datorren lanbide-esparruren baterako eskabidea bada.
b) Eskatzaileak eskabidean euskara aukeratu badu lan-hizkuntza gisa baina ez badu frogatu HAEEren 3. edo 4. hizkuntza-eskakizuna edo titulu/ziurtagiri baliokideren bat duela.
Puntuazioetan berdinketaren bat gertatuz gero, dela praktikaldien esleipenean dela praktikaldietarako enpresaren/erakundearen esleipenean, modulu bakoitzean berdindu duten pertsonen puntuazioei erreparatuko zaie berdinketa hausteko, moduluen iraupenari begiratuta: lehendabizi, ordu gehieneko moduluan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, eta horrela, iraupen laburrenekoraino.
II.– Balorazio-batzordea.
1.– Zereginak.
Deialdi honen esparruan, Balorazio-batzordeak honako zeregin hauek izango ditu:
a) Deialdi honetarako eskatzaile onartuen eta baztertuen zerrenda proposatzea.
b) Aurkeztutako eskabideak balioestea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzan diruz lagundutako praktikaldien esleipen-proposamena eta praktikaldi bakoitzari dagokion enpresaren/erakundearen esleipena aurkezteko; halaber, ordezkoen zerrenda ere aurkeztuko da, puntuazio-hurrenkeran.
2.– Osaera.
LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskola izango da, «Lurralde eta Hiri Antolaketarako Euskal Eskola-Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos» delakoaren Sortarazketa, Funtzionamendu eta Eraketari buruzko martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuaren arabera, LHIEEren Kontseilu Errektoreari baitagokio erakunde haren prestakuntza-beken proposamenaren esleipena.
LHIEE Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolaren Kontseilu Errektorea honako hauek osatzen dute gaur egun:
– Lehendakaria: Fulgencio Aledo Amorós (HAEEko idazkari nagusia).
– Lehendakariordea: Ignacio de la Puerta Rueda (Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze zuzendaria. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).
– Kideak:
Jesús María Erquicia Olaciregui (Lurraldearen Antolamendu eta Planeamendurako Zerbitzuaren Arduraduna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).
Tomás Orallo Quiroga (Abokatua. Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila).
Federico Arruti Aldape (Arkitektoa).
– Idazkaria: M.ª Teresa Tolosa Bernárdez (LHIEEko koordinatzailea. HAEE).
3.– Funtzionamendua.
Balorazio-batzordeak botoen gehiengo sinple bidez hartuko ditu erabakiak. Balorazio-batzordea kide anitzeko organoa denez gero, oinarri hauetan esanbidez bildu gabeko edozein alderdi finkatzeko erregimena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 24.ra artekoek ezarritakoa izango dira.
Batzordearen lehendakaria edo idazkaria edo eginkizun horretarako eskuordetutako pertsona ez bada Balorazio-batzordearen bilerara bertaratzen, bertaratutako kideek gehiengo soil bidez erabakiko dute nork izango dituen lehendakari- edo idazkari-eginkizunak, betiere bilera egiteko nahikoa quorum badago.
Hamaikagarrena.– Diruz lagundutako praktikaldien esleipena.
HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen bidez, diruz lagundutako praktikaldiak eta haietako bakoitzari dagokion enpresa/erakundea esleituko ditu, laguntzen zenbatekoa zehaztuko du edo, hala badagokio, deialdia erabat edo partzialki huts deklaratuko du.
Ebazpen horretan hauek finkatuko dira: praktikaldien esleipendunak; praktikaldi bakoitzari dagokion enpresa/erakundea; laguntzen zenbatekoa; eta diruz lagundutako praktikaldiak eskuratzeko ordezkoak, puntuazio-hurrenkerari jarraikiz.
Laguntzak esleitzeko edota deialdia hutsik deklaratzeko ebazpena argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik sei hilabeteko epean.
Hamabigarrena.– Diruz lagundutako praktikaldiak onartzea.
Diruz lagundutako praktikaldien eta haiei dagokien enpresaren edo erakundearen onarpena idazki bidez jakinarazi beharko diote IVAPeko zuzendariari esleipendunek, hiru egun balioduneko epearen barnean, esleipen-ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Diruz lagundutako praktikaldiak onartzeak deialdi honen oinarrietan ezarritako baldintzak onartu beharra dakarkio esleipendunari eta, praktikaldiaren jarraipenari begira, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzak ezar litzakeen arauak onartu beharra ere bai.
Hamahirugarrena.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Praktikaldietarako diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, praktikaldia amaitu ondoren.
Diru-laguntzaren ordainketa gauzatzeko, esleipendunak ezinbestean bete beharko ditu deialdi honen zortzigarren oinarrian aurreikusitako betebeharrak eta, bereziki, derrigorrean lortu behar du balorazio positiboa, praktikaldiaren aprobetxamenduari dagokionez, praktiken tutoreak emandako txostenean; txosten hori praktikak egin dituen pertsonak praktikaldiari buruzko bigarren txostena aurkeztu ondoren egin behar du tutoreak, eta praktikaldi osoari buruzkoa izan behar du: praktikaldian egon den pertsonak egindako lana, pertsona horren erakutsitako prestaketa-maila, eta hark egindako lanaren balioespen orokorra.
Laguntza osorik jasotzeko, praktikaldian egon den pertsonak ezinbestean egin behar izan du praktikaldia oso-osorik. Aitzitik, laguntzaren ordainketa partziala era onar daiteke, baldin eta praktikaldia oso-osorik ez egin izanaren kausa enpresari edo erakundeari leporatzekoa bada. Kasu horretan, diru-laguntza partzialki jasotzeko, tutorearen txostenean balorazio positiboa jaso behar du praktikaldian egon den pertsonak, egindako lanari, erakutsitako prestaketa-mailari eta egindako lanaren balioespen orokorrari dagokienez. Jasotako diru-laguntza, kasu horretan, praktikaldiak benetan iraun duenarekiko proportzionala izango da.
Esleipendunak bere betebeharrak betetzen ez baditu, diru-laguntza baliogabetu egingo da, eta esleipenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu pertsona horrek.
Emandako diru-laguntzaren berrikuspena, hori egitea bidezko den kasuetan, bi hauetan ezarritakoaren arabera egingo da: batetik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen du, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.
Hamalaugarrena.– Diruz lagundutako praktikaldiari uko egitea eta ordezkapenak.
Esleipendunak diruz lagundutako praktikaldiari uko egiten badio, idatziz jakinarazi beharko dio IVAPeko zuzendariari eta esleipenaren ondoriozko eskubide ekonomiko guztiak galduko ditu. Ukoa beste izapiderik gabe onartuko da.
Denbora-inguruabarrak kontuan hartuz, beste esleipendun batek praktikaldia 2017ko azken hiruhilekoan osa badezake, eta esleipendunak amaierako txostena 2017ko abenduaren 16a baino lehen aurkezten badu, HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzak ordezkariei esleituko die diruz lagundutako praktikaldia, puntuazio-hurrenkerari jarraikiz.
Esleipendunak ukoa esanbidez jakinarazten ez badu, ezinbesteko kausa justifikaturen batengatik, praktikaldia benetan eten denetik bost eguneko denbora-tartean, eta etete hori ezin bazaie leporatu ez enpresari edo erakundeari ez HAEEri, esleitutako laguntza baliogabetu egingo da eta esleipendunak esleipenaren ondoriozko eskubide guztiak galduko ditu.
Hamabosgarrena.– IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin eta erakunde edo enpresa laguntzailearekin kontratu- eta lan-betebeharrik ez izatea.
Praktikak egiteko diru-laguntza esleitu izanak –eta praktika horiek egiteko egokitu zaion erakunde edo enpresan esleipendunak egiten duen egonaldia egiteak eta betetzen duen jarduera betetzeak– ez dakar inolako kontratu-loturarik eta lan-loturarik diru-laguntzaren esleipendunaren eta IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean (azken horren barruan dago Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola), ez eta diru-laguntzaren esleipendunaren eta praktikaldia egiteko enpresaren edo erakundearen artean ere.
Hamaseigarrena.– Administrazio-isiltasuna.
Deialdi honen ebazpenaren indarraldia hasten denetik sei hilabete igaro eta deialdiaren Interneteko helbidean laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez bada, pertsona interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Hamazazpigarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Hemen araututako prozesuan jasotako datu pertsonalak «Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta perfekzionamendu-ikastaroak» fitxategi automatizatuan biltegiratuko dira; fitxategi hori hemen araututako prozesurako baino ez da erabiliko. Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datu pertsonalak babesteari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu pertsonalak babesteko eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa eta garapeneko araudia). Fitxategi horren arduraduna Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria izango da. Datuetara iristeko, zuzentzeko edo ezeztatzeko eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren aurrean baliatu ahal izango dira.
II. ERANSKINA
HAEE HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN MENDEKO LHIEE LURRALDE ETA HIRI IKASKETETARAKO EUSKAL ESKOLAK ANTOLATUTAKO «HIRIGINTZAKO XLII. (42) IKASTAROA» (BILBAO, 2016-2017) ERAKUNDEETAKO EDO ENPRESETAKO PRAKTIKALDIAK, DIRUZ LAGUNDUAK, ARAUTZEN DITUEN ETA HAIETARAKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA
EUSKARA-TITULUAK ETA -ZIURTAGIRIAK
Honako ziurtagiri hauek 3. hizkuntza-eskakizunaren baliokidetzat hartuko dira:
– HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emandako 3. hizkuntza-eskakizuna.
– HABEren hirugarren mailako ziurtagiria (Kultura Saila).
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 3. hizkuntza-eskakizuna.
– Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna.
– Euskararen Gaitasun Agiria (EGA), Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Iparralde Euskararen Erakunde Publikoak emana.
– Euskaltzaindiaren D mailako titulua.
– Labayru Institutuko 3. mailako ziurtagiria (ez 1982ko irailaren 19tik aurrerakoa).
– Irakasle-lanpostuetarako 2. hizkuntza-eskakizuna.
– Hizkuntza Eskola Ofizialetako 5. maila edo euskal gaitasun-maila (Antzinako Ikasketa Plana, 47/1992 ED).
– Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialen Gaitasun Maila (C1), menderatze-maila eraginkorra (46/2009 ED).
– Unibertsitateko ikasketak, 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenean (banan-banan aztertuko dira kasuak). Unibertsitateak emandako ziurtagiriaren bitartez frogatu beharko da.
– Irakasletzako Diplomatura, Euskal Filologiako espezialitatean.
– Irakasletzako Diplomatura, euskaraz egina, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasle-eskola publikoetan. 1985. urtean edo geroago lortua.
– Irakasletzako Diplomatura, euskaraz egina, Donostiako Elizbarrutiko Irakasle Eskolan edo Eskoriatzako Irakasle Eskolan. 1984. urtean edo geroago lortua.
– Euskal Filologiako Lizentziatura, 2008ko apirilaren 16a baino lehen lortua.
Honako ziurtagiri hauek 4. hizkuntza-eskakizunaren baliokidetzat hartuko dira:
– HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak emandako 4. hizkuntza-eskakizuna.
– HABEren laugarren mailako ziurtagiria (Kultura Saila).
– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko 4. hizkuntza-eskakizuna.
Unibertsitateko ikasketak, 47/2012 Dekretuko baldintzak betetzen dituztenean (banan-banan aztertuko dira kasuak). Unibertsitateak emandako ziurtagiriaren bitartez frogatu beharko da.