EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2017148

AGINDUA, 2017ko uztailaren 27koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baita eguneratu dela seme-alabak dituzten familien onurarako diru-laguntzak emateko 2017ko ekitaldiko aurrekontu-zuzkidura, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusitakoa.

Xedapenaren data: 2017-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703949
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/03/28an argitaratutako 2017/03/08ko AGINDUA aldatzen du [201701617]

Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 17ko bilkuran, 30/2015 Dekretua onartu zuen, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena. 2002an, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzen programa hasi zen, Familiei Laguntzeko Erakundearteko 2001-2005 aldiko I. Planaren esparruan. Bada, 30/2015 Dekretuak segida eman zion programa hari, eta abenduaren 19ko 255/2006 Dekretua indargabetu zuen –seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen zituen dekretu hark–. Halaber, 30/2015 Dekretuaren xedapen iragankorretan xedatzen da aurrerantzean zer egoera kudeatuko diren Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren bidez eta aipatutako 255/2006 Dekretuaren bidez.
30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedatzen denez, «publizitate-printzipioa betetze aldera, familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, sailburuaren agindu baten bitartez, urtetik urtera emango du dekretu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkiduraren berri, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzetik eratorriko den zenbatekoaren berri». Halaber, 176/2002 Dekretuaren 6.3 artikuluak eta 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluak ezartzen zuten jakinari beharra dagoela zenbateko aurrekontu-zuzkidura esleitu den laguntzak emateko, eta jakinarazpen horretarako agindua emateko eskumena Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuari ematen zioten.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 14.c artikuluak xedatzen duenez, familia-politikaren arloan ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa –Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan– Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzari esleituriko funtzioa da. Zuzendaritza hori, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da, dekretu horren 12.2 artikuluak xedatzen duenez.
Adierazitako guztia aintzat hartuta, familia-politikaren arloko eskumena daukan sailari egindako aipamenak (30/2015 Dekretua) eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailari egindakoak (176/2002 eta 255/2006 Dekretuak) Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari egindakotzat hartu behar dira gaur egun; gainera, lehenago aipatutako aginduak ematea azken sail horretako sailburuari dagokio.
2017ko martxoaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman zen Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko martxoaren 8ko Agindua, seme-alabak dituzten familien onurarako diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidurak jakinarazten dituena aurtengo ekitaldirako. Agindu horren artikulu bakarrean, adierazten zen gehienez zenbat diru bideratuko zen diru-laguntza horiek ematera:
– 27.264.314,00 euro, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzetarako.
– 221.100,00 euro, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren esparruan aitortu behar diren diru-laguntzetarako.
– 86.400,00 euro, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretua betetzeko eman behar diren diru-laguntzetarako.
Hala ere, Eusko Legebiltzarrak apirilaren 11ko 2/2017 Legea onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorrak onesten dituena. Hori dela eta, 3.500.000,00 euroko zenbateko gehigarri bat dago, seme-alabak dituzten familien onurarako diru-laguntzak finantzantzeko. Zenbateko hori gehituko zaio, beraz, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua ekitaldi honetan betetzeko hasiera batean esleitutako zenbatekoari.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duten organoen osaera; argitara emango dira, halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.
Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, eta, hartara, Administrazio Publikoak diru-laguntzak emateko jardueran bete behar duen publikotasun-printzipioa bermatzen da.
Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.
Martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusitako laguntzak emateko Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko martxoaren 8ko Aginduan ezarritako aurrekontu-zuzkidura 3.500.000,00 euro handitzen da; zenbateko eguneratua, beraz, 30.764.314,00 euro da. Agindu horren bidez, seme-alabak dituzten familien onurarako diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidurak jakinarazten dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, horren berri jakinaraziko da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez, betiere martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETATIK LENENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.