EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2017148

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 18koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» eragiten dien ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201703948
Maila: Ebazpena
Garraio-Azpiegituren zuzendariaren 2017ko martxoaren 20ko Ebazpenaren bitartez, «Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» proiektua onartu zen.
«Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» proiektuak trenbide-pasagunea kentzeko beharrezkoak diren obren definizio teknika eta balorazio ekonomikoa ditu helburu.
Proiektu horretan garatzen diren jarduketak Lasarmintegiko trenbide-pasagunea kentzera bideratuta daude. Laburbilduta, honako hauek dira: bide berri bat eraikitzea, itxitura bat jartzea trenbide-pasagunean, eta trenbide-pasaguneko seinaleak kentzea.
Proiektuaren eraginpeko lurrak eskuratu, eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, proiektuan ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda xehatua eta desjabetzeen eranskineko partzela-planoak datoz.
Organo honek Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko eskumena dauka, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari buruzko eta horren egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 174/2017 Dekretuaren 22.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera.
Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluaren arabera, trenbide-linea berriak jartzeko edo lehendik daudenak handitu edo zabaltzeko proiektuak onartzen direnean, eta, onespen horretan okupatu beharreko ondasunak zehaztuta daudenean, onespenak berekin dakar –nahitaezko desjabetzearen eskakizunen eta prozeduraren ondorioetarako– proiektua bera eta horren gaineko aldaketak herri-onurakotzat edo gizarte-interesekotzat direla adieraztea, eta proiektuarekin batera doan zerrendan jasotako ondasun eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla aitortzea.
Nolanahi ere den, erasandako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra proiektuaren onespenak inplizituki berekin dakarren arren, Nahitaez Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18 eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrera atera behar dela ezartzen du, alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izateko, hain zuzen ere okerrik baldin badago horiek zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.
Beraz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik,
EBAZTEN DUT:
«Bilbao-Donostia lineako Usansolo-Lemoa tartean trenbide-pasaguneak kentzeko eta bidea ixteko eraikuntza-proiektua. Lasarmintegiko trenbide-pasagunea» erasandako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean erakustea, ebazpen hau azkenekoz argitaratu eta biharamunetik aurrera hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Aipatu epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Galdakaoko udaletxeko iragarkien oholean egongo da nahi duenak ikusteko.
Guztiek horren berri izan dezaten jakinarazten da.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 18a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.