EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2017147

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Guardiako (Arabako Errioxa) Lurralde Plan Partzialaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa, paisaiaren zehaztapenen ingurukoa.

Xedapenaren data: 2017-07-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201703917
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko maiatzaren 2an, orduko Lurralde Plangintza eta Hirigintzaren Zuzendaritzak osatu egin zuen paisaiaren zehaztapenen inguruko Guardiako (Araba Errioxa) Lurralde Plan Partzialaren Aldaketaren (aurrerantzean Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko eskaera, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoarekin bat. Eskaerari Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko martxoaren 23an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako organismo hauei egin zitzaien kontsulta:
– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
– Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritza Nagusia.
– Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza Nagusia.
– Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.
– Ura, Uraren Euskal Agentzia.
– Ebroko Ur-konfederazio Hidrografikoa.
– Ekologistak Martxan. Araba.
– Mañuetako Udala.
– Eltziegoko Udala.
– Bilarko Udala.
– Kripango Udala.
– Bastidako Udala.
– Guardiako Udala.
– Lantziegoko Udala.
– Lapuebla de Labarcako Udala.
– Lezako Udala.
– Moreda Arabako Udala.
– Navaridaseko Udala.
– Oiongo Udala.
– Samaniegoko Udala.
– Eskuernagako Udala.
– Ekorako Udala.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.
Ebazpen hau emateko egunera arte honako zuzendaritza hauen txostenak jaso dira: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza (lehen Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza) eta Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza –Eusko Jaurlaritzakoak guztiak–, bai eta URA Uraren Euskal Agentziaren eta Historia eta Arkitektura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Hirigintza eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren txostenak ere –Arabako Foru Aldundiarenak biak–; espedientean dagoen emaitza izan dute. Araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, betiere jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Planak ez du ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin die eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere. Ondorioz, Plana ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean, zeinak ezartzen baitu ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan dago plana; hor ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29-32 bitarteko artikuluetan arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Guardiako (Arabako Errioxa) Lurralde Plan Partzialaren Aldaketarako (paisaiaren zehaztapenei buruzkoa da aldaketa), jarraian zehazten diren baldintzen arabera:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Proposatutako aldaketaren xedea da Guardiako (Arabako Errioxa) Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialean (LPP) sartzea, antolamendu-arau gisa, eremu funtzional horretako paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko zehaztapen egokiak. Gainera, paisaia-katalogoa sartu da; halaber, paisaia-kalitatearen helburuak, paisaia-unitateak eta paisaia-interes bereziko eremuak ere sartu dira, dagokien kartografiarekin.
Horrela, zehaztapen horiek Lurralde Plan Partzialaren azken tituluan jaso dira «Paisaiaren zehaztapenak» epigrafean gomendiozko xedapen arauemaile gisa. Horiek lurralde- eta hirigintza-plangintzaren tresna egokien bidez aplikatu eta garatuko dira. Zehaztapen hauek ezarri dira eta horietatik ingurumen-ikuspuntutik aipagarrienak diren ekintza hauek etorriko dira, besteak beste:
– Paisaiaren ezaugarriei eta eremu funtzionaleko identitate-balioei buruzko zehaztapenak. Arroak eta mugak, zuhaitz-masa bereziak, zuhaizti eta zuhaitz isolatuak zaintzea sustatu da, eta antenek eta era guztietako eraikuntzek paisaian izandako eragina ahalik eta txikiena izateko neurriak ezarri dira.
– Inguru fisikoaren eta erabileren arteko koherentziari eta sinergiei buruzko zehaztapenak. Proposatutako neurrien artean hauek daude, besteak beste: ahal den neurrian lurzatiak biltzea saihestea, mikro-erliebeari eustea, lursail mailakatuak zaintzea, lur-mugimenduak aztertzea, abeltzaintza estentsiboa bultzatzea.
– Hirigune historikoei eta landa- eta hiri-inguruaren trantsizioari buruzko zehaztapenak. Sustatutako jarduketetan, besteak beste, hauek daude: eremu eta erabilera «naturalak» leheneratzea, hala nola baratze tradizionalak, hiri-inguruko baso-eremuak, abelbideak, errepideko ezpondak edo horiek zeharkatzen dituzten erreka-zatiak.
– Azpiegitura berriei eta paisaian eragin handia duten bestelako elementuei buruzko zehaztapenak. Paisaiaren integrazioa hobetzeko beste neurri batzuen artean, lurzoru urbanizaezinean baimendutako jarduketen diseinua egokitzea planteatzen da, eta instalazio jakin batzuk identifikatzen dira, paisaian duten integrazioa hobetzeari begira.
– Lurzoru ez-urbanizagarriko eraikuntzak arautzeari buruzko zehaztapenak. Nabarmen bereziak edo zaurgarriak diren eremu jakin batzuen okupazio edo afektazio itzulezina mugatzen da.
– Jarduera ekonomikoetarako lurzoruei buruzko zehaztapenak, batez ere industria-jarduerakoak. Horrelako instalazioen irudia hobetzeko neurriak ezarri dira, topografiara egokitzea eta ingurunean integratzea, adibidez.
– Paisaiaren ibilbide, bide eta behatokiei buruzko zehaztapenak. Begiratoki eta bide interesgarrien sarea babesteko neurriak proposatzen dira, baita aipagarrienak zehazten ere.
– Kultura-ondarea kudeatzeari buruzko zehaztapenak.
– Uraren baliabideari eta erreka eta ibaiertzen kudeaketari buruzko zehaztapenak. Ibai-ertzetako degradatutako naturaguneak lehengoratzea eta egokitzea sustatu dadin gomendatzen da.
– Herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzeko tresnei buruzko zehaztapenak.
B.– Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planaren aldaketak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak:
a) Paisaiaren zehaztapenak eremu funtzionalaren LPPn gomendio izaera duten antolamendu-arau gisa sartu dira, Guardiako (Arabako Errioxa) eremu funtzionalaren paisaia-kalitatearen helburuak garatzeko helburuarekin. Ez daukate baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) LPPren aldaketak lurralde- eta sektore-planetan izan ditzakeen intzidentziak aztertu ondoren, hierarkizatuta daudenak barne, horiekin bateragarria dela zehaztu da.
c) LPPren aldaketan planteatutako zehaztapenek eremu funtzionaleko paisaia naturalak kontserbatzea eta hobetzea proposatzen dute, baita irizpideak ezartzea ere dauden edo proposatu diren garapen, jarduera eta azpiegiturak pasaian era egokian integra daitezen; beraz, neurri prebentibo, zuzentzaile eta konpentsatzaile egokiekin, paisaiari buruzko ingurumen-kontsiderazioak integratzen dira. Lurralde- eta hirigintza-planeamenduan paisaiaren aldagaia sartuta ingurumenaren kalitatea hobetuko da eta garapen jasangarria sustatuko da.
d) Ez da aurkitu planarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsurik.
e) LPPren aldaketak paisaia integratzeko tresna bat diren paisaia-zehaztapenak garatzen ditu; horrela, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuan xedatutakoa. Europako Kontseiluak 2000ko urrian onartu zuen Paisaiaren Europako Hitzarmenarekin Eusko Jaurlaritzak bat egin zuelako onartu zen Dekretu hori; beraz, Plana bidezkotzat jotzen da ingurumenaren alorrean Erkidegoko legedia edo legedi nazionala ezartzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina hartuko duen eremuaren ezaugarriak:
Zehaztapenek irizpideak ezartzen dituzte eremu funtzionalean dauden edo proposatu diren garapenak, jarduerak eta azpiegiturak era egokian integratzeko paisaian eta eremu funtzionaleko paisaia naturalak kontserbatu eta hobetzeko.
Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten LPPren aldaketa honek ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.
Ingurumen-dokumentu estrategikoak planaren ingurumen-jarraipenerako neurriak proposatzen ditu. Neurri horiek aldez aurretik erantsi beharko dira garatzeko dokumentu guztietan, proposatutako jarduketak gauzatzeak ez dezan afektaziorik eragin ingurumen-balioetan. Oro har, ingurumen-balioen babesa lehenetsiko duten neurriak aplikatu beharko dira, hau da, jarduketak gauzatzean, proposamen zehatzak aztertu beharko dira eta ingurumen-balioak mantentzen direla bermatzeko neurriak landu beharko dira. Ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, gutxienez, hauek gehitu beharko zaizkie:
– Lurzorua ez okupatzen saiatuko da; horretarako, erabileren nahasketa sustatuko da eta espazio degradatuak leheneratu nahiz berrerabiliko dira. Hiri-berroneratzea lehenetsiko da; lurraldea –orokorrean hartuta– berrerabiltzeko eta birziklatzeko aukera bultzatzen du horrek, jadanik hirigintzak okupatuta dauzkan espazioetan erabilerak garatuta.
– Biologia-dibertsitatea handitzea lehenetsiko da, habitaten eta espezien funtzionamendua babestuz eta leheneratuz. Ezarri behar den edozein neurrik (besteak beste, antenak trinkotzeko proposamena, ibilbideen sustapena), gutxienez, ingurumen-egoera mantentzen dela bermatu beharko du.
Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duenak, babestutako naturagune babestuen barruan proposatutako jarduketek garatzeko baldintza gisa eduki beharko dute naturagune babestu horietan aplikatu beharreko araudia betetzea. Halaber, paisaia-intereseko eremuen Paisaiaren Ekintza Planak egokitu beharko dira naturagune babestu horietan agintzen duten antolatzeko eta kudeatzeko tresnetara.
– Landaredia kontserbatzen dela zaindu beharko da, bereziki bertako basoak, heskaiak eta ibaiertzetako landaredia. Hala behar izanez gero, mantendu eta kontserbatzeko interesgarria den landaredia duten eremuak mugatu eta balizatu beharko dira, gune ahulak markatu beharko dira, kontserbatu beharreko zuhaitzak babestu, etab. jarduketen ezarpena dela eta horiei ez eragiteko eran. Dauden eta egingo diren garapenak, jarduerak eta azpiegiturak paisaian integratzeko erabili beharreko landare-espezieak kontu handiz hautatu beharko dira. Erabili beharreko espezieak bertakoak izango dira, paisaian integratu beharreko eremuaren balizko landarediarekin bat etorrita, eta kanpoko espezieak pixkanaka gutxiagotuko dira. Gainera, hautatutako espezien ezaugarriak kontuan hartuko beharko dira nahi diren helburuak bermatzearren (haien klima- eta edafologia-eskaerak, berezitasun fisiologikoak, egitura, kromatismoa, testurak eta abarrak).
Arabako Errioxako eskualdeko arroen, zuhaizti txikien eta mugen ekologia- eta paisaia-garrantzia dela eta, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren iritziz, natura- eta paisaia-intereseko gune horiek III. eranskinean jasotako «Landazabaleko matrize naturala» izeneko paisaia-interes bereziko eremuan jasotzea aztertu beharko litzateke edo, bestela, eskualdearen esparru osoan haiek zaintzearen aldeko berariazko aipamena egin.
– Ibai-paisaiak, lurraldearen ardatz natural modura, leheneratu eta zaintzeko zehaztapenek berariaz jaso behar dute ibai-inguruneak babestu eta leheneratzeak gainontzeko erabileren aurrean lehenetsi beharreko erabilera izan beharra. Zehazki, lurpeko nahiz lurrazaleko ur kontinentaletan, haien azpietan, ibilguetan, bazter eta ertzetan eragina izan dezaketen jarduketetan, lehentasuna eman behar zaio ura eta haren ingurunea babestu, begiratu eta leheneratzeari.
Ibilguak babesteko zortasun-eremua errespetatu beharko da, eta bete egingo dira bi plan hauetan ezarritako atzerapenak eta mugak: Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana eta Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak. Aldez aurretik eskumena duen administrazio hidraulikoaren baimena/emakida beharko dute jabari publiko hidraulikoan zein hari lotutako babes-eremuetan, zortasun-eremuan (5 metro) eta ibilguak zaintzeko eremuan (100 metro) egindako jarduketa guztiek, baita lursailera edo ibilgu publikoetara egindako hondakin-uren isuriek zein ura (lurrazalekoa zein lurpekoa) biltzeak ere.
Hezeguneei dagokienez, URA Uraren Euskal Agentziaren txostenak gogorarazten du Lurralde Plan Partzialaren esparruan hainbat eremu daudela Hezeguneen Estatuko Inbentarioan eta/edo Ramsar hitzarmenean jasota daudenak. Hauek dira: Navaridaseko, Guardiako, Carralogroñoko, Muscoko eta Carravalsecako urmaelak eta Prao de la Pauleko putzua. Halaber, EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialeko III. taldean inbentariatutako hainbat hezegune daude eremu horretan. Udal-plangintzak, azterlan xehatuak eginez, horiek ingurumen-, natura- eta/edo paisaia-balioak dituzten zehaztuko du, eta horren arabera babestuko ditu. Gainera, aipatutako txostenak adierazitakoaren arabera, Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko hainbat eremu daude; zehazki, Kontserbazio Bereziko Eremuak eta hornidurarako hainbat bilketa.
– Behar diren neurriak jarriko dira eragingo zaien lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Ezponda eta landareztatu beharreko azaleretan landare-lurra erabiliko da ahal dela. Era berean, saihestu egingo da lur-mugimenduek espezie inbaditzaileen hedapena sustatzea. Diseinu-irizpideak jasoko dira higatzeko arriskuak gutxiagotzeko, eta horrez gain, oinezkoen ibilbideak, bizikleta-bideak eta BTT sareak eraikitzeko proiektuek haiek ustiatzeko aldian kontrolatzea ere hartu beharko dute barnean, higadura-prozesuak, horrelakorik sortzen bada, zuzentzeko.
Horri dagokionez, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Zuzendaritzaren txostenak urtarrilaren 23ko 1/2012 Foru Araua, Arabako Lurralde Historikoko Ibilbide Berdeei buruzkoa, aipatzea proposatzen du, eta honako ibilbide berde hauek ere jasotzea:
IV13: EB-GR-120 Inaziotar bidea eta GR 120-2: Bilarreko saihesbidea.
IV15: OR1. Guardiako aintziraguneko ibilbide berdea.
– Proposamenen garapenak behar diren neurriak ezarriko ditu lurraldeko konektibitate ekologikoa mantentzen dela ziurtatzeko. Lurraldearen iragazkortasuna sustatzen duten neurriak aztertu beharko dira: zeharkako eta luzetarako drainatze-obrak egokitzea (bideen beheko pasabidea esaterako faunarentzako pasabideak, arrapalak, erlaitzak edo plataforma paraleloak...); era berean, ahal dela, bertako zuhaitz eta zuhaixkak era linealean taldekatuta ezarriko dira inguruan dagoen landaredi naturalarekin konektatzen saiatuz.
Lurraldearen iragazkortasuna bultzatzeko eta testura-heterogeneotasuna zaintzeko, egoki irizten zaio Arabako Aldundiak egindako proposamenari; hau da, «Arabako Errioxako Mahastiak» deitutako Paisaia Unitatea bitan bereiztea, horren barruan mahastiak nabarmen nagusi diren eremuez gain paisaia mistoa edo nekazaritza-basogintza mosaikokoa ere baitaude, baita basoak nagusi diren eremuak ere (Eskuernaga, Navaridas eta Lezako inguruneak).
– Kultur ondarearekin lotuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoa beteko da. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologia-izaerako aztarnaren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari, eta behar diren neurriak hartuko ditu hark. Gainera, ekainaren 3ko 89/2014 Dekretua hartu beharko da kontuan; horren bidez, Kultur Ondasuntzat jotzen da, Monumentu Multzoaren kategoriarekin, Arabako Errioxako Ardoaren eta Mahastien Kultur Paisaia.
– Garatzeko plangintzak jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen dituztela bermatu beharko du. Hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan, besteak beste: eragin beharreko gehieneko azalera, babestu beharreko landaredia, ibilguak alferrikako jarduketa guztietatik zaintzeko eta isuriak saihesteko beharra, ahalik eta hauts eta zarata gutxien egitea eta hondakinak behar bezala kudeatzea. Lanak garbi egongo dira, eta garbiketa zorrotza egingo dute amaitu eta gero. Gainera, kutsadura kontrolatzeko sistemak edukiko dituzte, makinen olioak edo erregaiak halabeharrez isurtzea saihesteko, eta hondakinen behar bezalako kudeaketa egingo da indarreko legeriari jarraikiz.
– Kontuan hartu beharko da Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Bikainen Katalogoa (Diputatuen Kontseiluaren irailaren 27ko 829/2005 Erabakiaren bidez onartua), Arabako Errioxako eskualdeari dagokionez, eta aztertuko da, halaber, Guardiako aintziren ingurunea eta Toloñoko mendilerroko hegoaldeko oinaren ingurunea paisaia-interes bereziko guneetan jasotzea.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten Guardiako (Arabako Errioxa) Lurralde Plan Partzialaren aldaketak ingurumenean ondorio nabarmenik ekarriko duenik. Aldaketa hori paisaiaren zehaztapenei buruzkoa da.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 5a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.