EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2017146

AGINDUA, 2017ko uztailaren 12koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez 2017. urterako egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako deialdia, esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jardueretarakoa.

Xedapenaren data: 2017-07-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201703895
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/12/18an argitaratutako 2012/12/04ko 201200271 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuak dioenez, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean xedatuaren babespean, pertsona, familia, talde eta komunitate guztien autonomia pertsonala eta komunitate-integrazioa babestu eta sustatzen dutenak dira esku-hartze sozialerako jarduerak, eta dekretuak Eusko Jaurlaritza gidatzen du irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeek egindako jarduerak sustatzeko lanean, nagusiki lurraldez gaindikoak badira, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoko mailan gertatzen badira.
Era berean, abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren arabera, sustatze-lan horretan Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak berariaz bere erantzukizunpekoak diren ikuspegiak eta zeharkako politikak hartu behar ditu kontuan, oso kontuan ere, hala nola gizarteratzearekin, familiarekin, haurrekin eta nerabeekin, immigrazioarekin, dibertsitate eta askatasun afektibo eta sexualarekin lotuta daudenak, bai eta desgaitasunarekin eta mendekotasunarekin, adinekoekin eta, bereziki, genero-berdintasunarekin lotuta daudenak ere.
Esandakoaren ildotik, lehen aipatu dekretuak, 4. artikuluko 1. zenbakian, hiru diru-laguntza lerro arautzen ditu, eta horietako bi esleitzeko deialdiak jada eginda daude Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2017ko martxoaren 1eko Aginduaren bidez; deialdiok honako hauei dagozkie: pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku-hartze soziala izateko jarduerei; eta esku-hartze sozialean borondatezko jarduna eta parte-hartze asoziatiboa sendotzeko jarduerei.
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen diren apirilaren 11ko 2/2017Legean, 17.0.1.04.21.0000.4.54.99.31230.015.J aurrekontu-partidaren aurrekontu-kredituan erabilgarritasun nahikoa dago gizarte esku-hartzerako jakintzaren kudeaketa- ildoaren deialdirako.
Beraz, agindu honen xedea da abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 4.1 artikuluan aurreikusitako hirugarren diru-laguntza lerroari dagozkion laguntzen deialdia egitea, eta lerro hori esku-hartze sozialerako ezagutza kudeatzeko jarduerei dagokie.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena den urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2.a) artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, erakunde interesdunek telematikoki egin beharko dituzte laguntza-programa horretarako izapide guztiak.
Azaldutako guztiarengatik,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea 2017. urterako diru-laguntza batzuetarako deialdia egitea da. Diru-laguntzak esku-hartze sozialerako ezagutza baliagarria sortu eta lortzeko jardueretarako izango dira; besteak beste, honako hauek egiteko: prestakuntza-programak, ikerketa-proiektuak, argitalpenak egin eta zabaltzea, dokumentazioarekin zerikusia duten jarduerak, eta ekitaldi teknikoak, hala nola ikastaroak eta mintegiak.
Kanpoan geratuko dira honako helburu hauek dituzten jarduerak:
a) Erakunde eskatzailea hobetzea, soilik edo nagusiki erakunde eskatzaileari zuzendutako jardueren bitartez, hala nola bere langileen edo boluntarioen prestakuntzaren bitartez, edo erakundeen kudeaketari eta ildo estrategikoei buruzko hausnarketa-prozesuen bitartez.
b) Emakumeen aurkako indarkeriari lotutako sentsibilizazio- eta prebentzio-arloko jarduerak, badaudelako emakumeentzako laguntza-deialdi bereziak.
2.– Gizarte esku-hartze esparruko jakintzaren ezagutzako jarduera-ekintza hauek zerbitzu publikoen garapen eta esku-hartzearekin, eta orokorrean gizarte zerbitzuen sistema publikoarekin erlazionatuta dauden erakunde eta gizarte eragileekin sare lana bultzatu eta indartzea bilatzen dute. Laguntza-xede diren herritarren hausnarketa eta analisiaren bidez, gizarte esku-hartzerako baliagarria den jakintza eratu eta difusioa egin eta elkarteek ildo honi zuzendutako diru-laguntzak jasotzea da helburua. Bereziki honako gai hauetan biltzen dira:
a) gizarte-zerbitzuak.
b) gizarteratzea.
c) familien laguntza, sustapena eta babesa.
d) haurrak eta nerabeak zaintzea eta babestea.
e) etorkinen gizarteratzea eta, orokorrean, kulturartekotasuna, salbu eta gai juridikoetan babesari dagokionez.
f) adinekoak zaintzea eta babestea.
g) mendekotasun-egoeran eta, orokorrean, desgaitasun-egoeran dauden pertsonak zaintzea eta babestea.
h) askatasun eta dibertsitate afektibo-sexuala.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 1.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako, laguntza jasotzen duten jarduerek egokitu beharko dute esku-hartze sozialaren esparruarekin zerikusia duten arauetan eta plangintza estrategikoan jasotako printzipio eta jarraibideetara, batez ere honako hauetan jasotzen direnetara:
a) 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.
b) 18/2008 Legea, abenduaren 23koa, Gizarteratzekoari eta Diru Sarrerak Bermatzeari buruzkoa.
c) 13/2008 legea, abenduaren 12koa, Familiei laguntzekoa.
d) 3/2005 Legea, otsailaren 18koa, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeari eta Babesteari buruzkoa.
e) 17/1998 Legea, ekainaren 25ekoa, Boluntariotzari buruzkoa.
4.– Jarduerak gauzatzeko epea 2017ko ekitaldia da.
2. artikulua.– Aurrekontu-kreditua, zenbatekoa eta diru-laguntzen mugak.
1.– Ondorio horietarako, diru-laguntza lerro honetako jarduerak finantzatzeko, 450.000,00 euroko kreditu bat dago aurreikusita 2017rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan; zenbateko horretan, 315.000,00 euro 2017rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 135.000,00 euro, berriz, 2018. urterako konpromiso-kredituari.
2.– Diru-laguntza lerro horretan, ezin izango da 22.200 eurotik gorako laguntzarik eman, betiere bakarka kontuan hartuta.
3.– Ezin izango da emandako laguntzaren % 10 baino gehiago bideratu diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuak ordaintzera. Zeharkako kostutzat hartzen dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoei dagozkienak barne, baldin eta, jarduera jakin bati zuzenean egotzi ahal izan ez arren, beharrezkoak badira diruz lagundutako jarduera egin ahal izateko.
4.– Era berean, ezin izango da emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 baino gehiago bideratu jardueraren garapenean sortutako bidaia- eta dieta-gastuak ordaintzera.
3. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte honako hauek kontuan hartuta: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, Informatika eta Telekomunikazioko zuzendariarena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzeko dena; eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
2.– Bide elektronikoa erabiliz izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean eskura daitezke:
– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak: http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/gizarte-esku-hartzerako-jakintzaren-kudeaketa-jarueretarako-diru-laguntza-2017-deialdia/web01-a2gizar/eu
3.– Espedientean sartzeko eta eskaeraren ondoko izapideak egiteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalera jo beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
4.– Eskaera edo izapidea banakako ziurtagiri elektroniko bidez egiten bada, erakundearen legezko ordezkariarena izan zein ez, beharrezkoa da pertsona hori erakundearen ordezkari moduan izena emanda egotea Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/egoitza_ordezkarien_erregistro/es_egoitza/egoitza_representantes.html
5.– Jakinarazpenak elektronikoki egingo zaizkie erakunde interesdunei, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
6.– Edukia eskuratzen denean egindakotzat joko da jakinarazpena. Jakinarazpena eskuragarri jarri eta hamar egun natural igarotzen badira haren edukia eskuratu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta izapidea egindakotzat, prozedurari jarraituta.
7.– Aurrekoa baztertu gabe, organo kudeatzaileak SMS mezuak edo posta elektronikoak erabiliz egindako jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango ditu interesdunek eskaeran adierazitako sakelako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ere ez dira jakinarazpentzat hartuko.
4. artikulua.– Epea, eskaeren aurkezpena eta egiaztagirien ekarpena eta dokumentazioa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta irailaren 8 arte da.
2.– Eskabidea egiteko, honako helbide hauetan sartu beharko da Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean:
– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak: http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/gizarte-esku-hartzerako-jakintzaren-kudeaketa-jarueretarako-diru-laguntza-2017-deialdia/web01-a2gizar/eu
3.– Eskaera-eredua agindu honetako I. eranskinean jasota dago.
4.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskabidea, bai eta eskabidearekin batera aurkezten duten dokumentazioa ere. Orobat, laguntza-eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
5.– Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko ditu erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz, eskatzaileen baimenik eskatu beharrik gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.
6.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuta, eskaeran bildutako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako hauek egiaztatuko dira:
a) Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, lortu direla, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
b) Jakinarazi beharko dute erakunde eskatzailea sartuta dagoen ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zigor-prozeduratan.
c) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela administrazio- edo zigor-arloan zigortuta diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, edo ez dagoela horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekuren eraginpean.
7.– Halaber, erakunde eskatzaileak adieraziko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
8.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen datu-basean agertu beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
5. artikulua.– Dokumentazioa.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira diru-laguntzaren eskabidearekin batera:
a) Erakundeak 2016an izandako gastuen eta diru-sarreren balantzea.
b) Erakunde eskatzailea ez badago inskribatuta Gizarte Segurantzaren sisteman, Gizarte Segurantzarekiko edo Gizarte Segurantzaren ordezko sistemekiko betebeharrak egunean dituelako erantzukizunpeko adierazpena.
6. artikulua.– Eskabidea hobetzea.
Eskaera kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango die erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera baloratzeko.
7. artikulua.– Diruz ezin lagundu daitezkeen gastuak.
Oro har, honako hauek izango dira diruz ezin lagun daitezkeen gastuak: festetako, ekitaldietako eta askotariko aurkezpenetako janari- eta edari-gastuak, hala nola bazkideentzat, langileentzat eta/edo boluntarioentzat prestatutako edozein ospakizun edo oturuntza.
8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari dagokio diru-laguntza lerro honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko eginkizunak betetzea. Diru-laguntzen onarpen- edo ukapen-proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 13. artikuluan jasotako Balioespen Batzordeak egingo du.
9. artikulua.– Eskabideak balioestea.
1.– Diru-laguntzen lerro honetan aurkeztutako jarduerak balioesteko, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako irizpide erkideekin eta bertan jasotako gainerako orientazioekin bat, honako alderdi hauek ebaluatuko dira:
a) Proposamenaren diseinuaren kalitate teknikoa, diseinuaren egokitasuna, bideragarritasuna eta ebaluagarritasuna barne, bai eta irakasleen, txostengileen eta/edo ikertzaileen prestakuntza ere: 20 puntura arte.
b) Landu beharreko gaiaren garrantzia, egokitasuna eta izaera berritzailea, jardueraren hartzaile izan daitezkeen pertsonen kopurua barne, bai eta gizarte-zerbitzuen esparruan erantzuna jaso dezaketen gizarte-premiak hautematea ere: 20 puntura arte.
c) Jardueran landutako gaiak zer ekarpen egiten duen esku-hartze sozialaren esparruaren egituraketan, bai eta, bereziki, zer ekarpen egiten duen ere Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako eragileez eta tresnez den bezainbatean (zorroa, kontzertua, dekretua, mapa): 10 puntura arte.
d) Gizarteratzeko zeharkako politikak, familia, haurrak eta nerabeak, immigrazioa, adinekoak, desgaitasuna eta mendekotasuna edo askatasun eta dibertsitate afektibo eta sexuala antolatzen laguntzea gizarte-babesaren sektore-arlo nagusiekin, hala nola hezkuntzarekin, osasunarekin eta gizarte-zerbitzuekin: 10 puntura arte.
e) Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala; hau da, zenbait lurralde historikotako pertsonek jardueran duten partaidetza erreala eta/edo erkidego-mailako lankidetza-jarduerak egitea, beharrak, jardunbide egokiak edo proiektuaren helbururako garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk identifikatzeko: 10 puntura arte.
f) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak kudeatzeko duen gaitasuna, bai eta ebaluazioen emaitza eta aurreko ekitaldietako betebeharrak bete izana ere: 5 puntura arte.
g) Jarduerak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko erantzukizunekoak diren eta esku-hartze sozialaren eremurako egokitzat hartzen diren bi zeharkako eremutan edo gehiagotan (gizarteratzea, familia, immigrazioa, haurrak eta nerabeak, desgaitasuna eta mendekotasuna, adinekoak, dibertsitate eta askatasun afektibo sexuala) duen kokapena: 5 puntura arte.
h) Jarduera zenbait erakunderen edo zenbait erakundek osatzen duten sarearen edo federazioaren laguntzarekin aurrera eramatea: 5 puntura arte.
i) Jardueran honako hauek sartzea: borondatezko ekintzaren berezko balio erantsiak, elkarrekiko laguntza, parte-hartze asoziatiboa, gizarte-ekimena eta ekonomia solidarioa, pertsona jasotzaileek esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea, bai eta erakundeak onura publikokoa eta gizarte-interesekoa delako deklarazioa bere esku izatea ere: 5 puntura arte.
j) Meritu bereziak jardueran genero-ikuspegia sartzeagatik: 5 puntura arte.
k) Erakundeak berak finantzatzen duen edo beste erakunde batzuetatik lortzen duen jardueraren edo ekimenaren ehunekoa: 5 puntura arte.
Diru-laguntza jaso dezaketen bakarrak a) irizpidean 10 puntu gutxienez lortzen dituzten eskaerak dira.
2.– 50 puntu edo gehiago lortu dituzten jarduerak bakarrik lagundu ahal izango dira diruz.
3.– Laguntzen zenbatekoa abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 14.3 artikuluan xedatutako bi banaketa-faseen bidez zehaztu behar bada, honako hau izango da banaketa aldagarria egiteko faseari dagokion zenbatekoa zehazteko formula:
S = CMS x (P-20)/100
Non:
S = Fase horretan jarduera bakoitzari dagokion zenbatekoa baita.
CMS = Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa.
P = Balioespen Batzordeak jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.
10. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa, eta frogagiriak aurkezteko modua eta epea.
1.– Emandako diru-laguntza bi zatitan burutuko da. Lehenengoa aurrerapen gisakoa izango da, emandako diru-laguntza zenbatekoaren % 70aren baliokidea izango da eta Abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 12.a artikuluan ezarritako epea igarota emango da, tartean uko-egiterik ez badago. Bigarrena, 2018an, diruz lagundutako jarduera bukatu ondoren eta artikulu honetan eskatutako laguntzaren kitapenaren kopuruari dagokion dokumentazioa aurkeztu ondoren.
2.– Frogagiriak aurkezteko epea 2018ko martxoaren 1ean amaituko da.
3.– Erakunde onuradunek behar bezala eta guztiz beteta aurkeztu beharko dituzte agindu honetako II-A eranskina (jardueraren memoria) eta II-B eranskina (jardueraren memoria ekonomikoa). Inprimaki horiek Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren webgunean daude:
– Esku-hartze sozialerako jakintza kudeatzeko jarduerak: http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/gizarte-esku-hartzerako-jakintzaren-kudeaketa-jarueretarako-diru-laguntza-2017-deialdia/web01-a2gizar/eu
II-B eranskinean justifikazioko kontua jasotzen da; hau da, gastua –Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako zenbatekoaren parekoa– egiaztatzen duten dokumentu guztiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen bat (dokumentuaren nondik norakoa, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egozten zaion ehunekoa jasota).
4.– II-A eranskina, II-B eranskina eta gehitzen zaien dokumentazioa elektronikoki jaso beharko dira kasuan kasuko espedientean, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire kudeaketak» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
5.– Emandako laguntzaren kontura egindako gastuak diruz lagundutako jarduerak egikaritzeari lotuta egongo dira nahitaez. Gastu horiek justifikatzeko ondoren azalduko ditugun dokumentuak hartuko dira baliozkotzat, eta dokumentu horiek dagokien datatik aurrera gutxienez bost urtez gorde eta eskura eduki beharko ditu erakundeak. Aipatutako dokumentuak honako hauek dira:
a) Erakunde onuradunaren izenean emandako faktura bidez justifikatuak. Baliagarria izateko, faktura orok 2017koa beharko du izan.
Arauarekiko salbuespenak –fakturatzetik salbuetsitako eragiketak; hartzailearen identifikazio-datuak fakturan biltzea nahitaezkoa ez izatea; jasanarazitako zerga-kuota eta aplikaturiko zerga-tasa fakturan berariaz adieraztea ez betetzea; fakturak txartel zenbakituen taloitegiekin edo, halakorik ez bada, makina erregistratzaileek emandako txartelekin ordeztea; eta abar– fakturazio-betebeharrak arautzen dituzten foru-dekretuetan bildutakoak dira, edo, halakorik ezean, azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuan.
b) Ziurtagirien edo banku-zorpetzeagatiko kargu-dokumentuen bidez justifikatuak, betiere finantza-erakundeek igorri eta faktura bati dagozkion datuak biltzen badituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
c) Langileei dagozkien gastuei dagokienez, eredu ofizialaren eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberako soldata-ordainagirien originalen bitartez egiaztatzen direnak.
d) Enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egindako eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaindu behar ez duten noizbehinkako lanen kasuan, gastuaren erakunde onuradun igorlearen ordezkariak sinatutako idazki bidez justifikatuko dira gastuak. Honako datu hauek bildu beharko ditu gutxienez idazki horrek: igorlearen eta hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren eta haren zenbateko osoaren deskribapena; hartzailearen «jaso izana» eta sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarekiko atxikipena –PFEZ–.
e) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko emandako maileguaren zenbatekoa eta xedea ez ezik, lehen ordainketaren datara arte ordaindutako interesak ere justifikatzen dituen banku-dokumentua, betiere, diru-laguntza hauek arautzen baititu, abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluak ezartzen dituen baldintzak betetzen badira.
6.– Diru-laguntza behar bezala erabili dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuaren egiaztagiriak, lagin adierazgarri bat oinarri hartuta, laguntza eman eta ondorengo bost urteetan egiaztatuko dira, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak egin behar dituen gainerako ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak alde batera utzi gabe.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan berariaz aurreikusi ez den orori dagokionez, honako hauetan biltzen diren aurreikuspenak aplikatuko dira: Euskadin gizarte esku-hartzeko eremuan diru-laguntzak erregulatzen dituen eta hirugarren sektoreko ekintzak bultzatzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan eta Agindu honi lotzen zaizkion urriaren 1eko Administrazio Publikoko Prozedura Administratibo Orokorreko 39/2015 Legea, urriaren 1eko Sektore Publikoko Erregimen Juridikoko 40/2015 legea, azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena VI izenburua eta VII Izenburuko III kapitulua eta Diru-Laguntzen 38/2003 Legean jasotzen den oinarrizko arautzea eta azken hau arautzen duen 887/2006 Errege dekretua.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Aginduaren aurka erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa ezar dezakete Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Aretoan, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 12a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.