EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017145

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 21ekoa, Kulturako sailburuordearena, Vitoria-Gasteizko (Araba) Aiztogile kaleko 45. zenbakian den higiezina partzialki desafektatzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epea irekitzen duena.

Xedapenaren data: 2017-07-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201703870
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1998/11/26an argitaratutako 1998/11/10reko 199800306 DEKRETUA
  • Ikus 2003/09/19an argitaratutako 2003/07/29ko EBAZPENA [200305127]

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dago sailkatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunik botatzerik, baldin eta aldez aurretik euren aurri-egoera adierazi ez bada eta dagokion Foru Aldundiak eraisteko baimenik eman ez badu. Era berean, derrigorrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzak sailkatutako kultura ondasun izatetik kentzeari buruzko baimena aldez aurretik ematea.
Aipatutako araudia garatzeko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua eman zen, alegia, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko ebazpenaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).
Vitoria-Gasteizko udalak, aipatutako 306/1998 Dekretuari jarraituz, Euskal Kultura Ondarearen zentroari igorri zion Gasteizko hirigune historikoan den (Aiztogile kalea, 45) higiezina desafektatzeko eskaera, eraikina aurri-egoeran zegoela aintzat hartuz.
Izan ere, abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuak Gasteizko Hirigune Historikoa, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu zuen, eta hura zaintzeko babes arauak ezarri zituen (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9. zk.). Horren arabera, higiezin horrek oinarrizko babesa du.
Zerbitzu teknikoen txostenak kontuan harturik, eta aurri-egoeraren espedientea eta izan diren ekintzak ikusirik, Euskadiko Monumentu-Ondarearen Aholku Batzordeak, 2017ko martxoaren 28an egindako saioan, Gasteizko Aiztogile kaleko 45. zenbakiko eraikina partzialki desafektatzea eta lursailari dagokion babesa mantentzea erabaki zuen. Lursailari elementu ordezkagarrientzako erregimena ezarriko zaio.
Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu ondoren, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluari jarraituz eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuan (Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko Dekretua), 17. artikuluan, ezarritakoarekin bat, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gasteizko Aiztogile kaleko 45. zenbakiko eraikinaren desafekzio partzialaren prozedurari hasiera ematea, lursailari dagokion babesa mantenduz. Lursailari elementu ordezkagarrientzako erregimena ezarriko zaio. Gasteizko Hirigune Historikoa, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu eta hura zaintzeko babes arauak ezarri zituen abenduaren 23ko 312/1997 Dekretuaren arabera (1998ko urtarrilaren 15eko EHAA, 9 zk.), higiezin horrek oinarrizko babesa du.
Bigarrena.– Gasteizko Aiztogile kaleko 45. zenbakian den eraikina partzialki desafektatzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko epea irekitzea eta interesdunei entzuteko izapideari ekitea. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Vitoria-Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol eta Ingurumen eta Hirigintza Departamentuei, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ALHAOn argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 21a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.