EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2017145

ERABAKIA, 2017ko uztailaren 3koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, ente publikoaren 2017ko lan-eskaintza publikoa onesten duena.

Xedapenaren data: 2017-07-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201703864
Maila: Akordioa
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/05/17an argitaratutako 2016/04/25eko AKORDIOA [201602055]

Osakidetzak eta Osasun Sailak konpromiso sendoa daukate kalitatezko enplegu publikoarekin, eta, konpromiso horren barruan, lehentasuna eman zaio egiturazko plantilla behar bezala hornitzeari. Horren erakusgarri ditugu ente publikoaren lan-eskaintza publikoak.
Horrela, Osasun Sailean eta Osakidetzan enplegua hobetzeko arloan hartutako erronka estrategikoei berariazko erantzuna ematen ari zaie; izan ere, enplegua hobetzea legegintzaldi honetako zutabeetako bat da, eta, horrela, kalitatezko enplegu egonkor baten aldeko apustua egiten ari gara.
Testuinguru horretan, Osakidetzaren plan estrategikoan (garatzen ari da une honetan), ezarritako helburuak lortzeko hainbat proiektu eta jarduera definitzen ari gara, eta, horretarako, plantillak egonkorragoak izateko eta behin-behinekotasuna gutxitzeko jarduera-ildoak garatzen ari gara.
Konpromiso horiek gauzatzeko xedez, 2017ko ekainaren 23an, Osakidetzak aurreakordio bat sinatu du Osasuneko mahai sektorialean SME, SATSE eta UGT sindikatuekin. Bertan, Osakidetzeko enpleguaren kalitatearekin lotutako alderdi garrantzitsuak hitzartu dira. Ondorioz, legegintzaldi honetan bi lan-eskaintza publiko egingo dira, azken urteetan eskaini den plaza-kopururik handienarekin, eta, era berean, konpromisoa hartu da egiturazko plantillaren % 95 modu egonkorrean langile finkoek eta bitarteko langileek osatu dezaten; halaber, behin-behinekotasunaren azterketa bat egiteko konpromisoa hartu da. Enpleguaren aldeko itun horretan, 2017an beste lekualdatze-lehiaketa bat egitea ere sartzen da.
Administrazio Kontseilu honen 2016ko apirilaren 25eko erabakiaren bidez, 2016. urterako lan-eskaintza publikoa onartu zen, eta, horretarako, kontuan hartu zen 2016. urterako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legeak ekitaldi horretarako lan-eskaintza publikoaren arloan oinarrizko arau gisa ezarritako langileen berritze-tasaren % 100eko mugaren aplikazioa.
Era berean, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak erabaki horretan aipatu zuen, hautaketa-prozesuen ekonomia-, eraginkortasun- eta efizientzia-arrazoiak direla-eta, 2016ko lan-eskaintza publikoa prozesu zabalago baten barruan sartu behar dela, hots, 2017. urteko lan-eskaintza publikoa ere barruan hartuz, eta, betiere, ezartzen den berritze-tasa errespetatuz.
Beraz, adierazitako horrekin bat etorriz, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 37.1 artikuluan jasotakoa betetzeko, hainbat bilera egin dira negoziatu eta irizpide orokorrak finkatzeko akordioak lortzeko xedez. Bilera horien ondorioz, aurreakordio bat sinatu da SME, SATSE eta UGT sindikatuekin 2017ko ekainaren 23an.
Osakidetzak, horrela, berretsi egiten du bere profesionalen enplegu-kalitatea hobetzeko hartu duen konpromisoa, lege-esparruaren barruan betiere, eskaini beharreko plazen kopurua berritze-tasari (% 100) eta tasa gehigarriari egokituta, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19. artikuluan jasotako oinarrizko arauetan ezarritakoaren arabera.
Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren estatutuak xedatzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 25eko bileran, erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko lan-eskaintza publikoaren 2017. ekitaldirako deialdia egitea onartu da.
Guztira, 2017ko lan-eskaintza publikoan, 2.104 lanpostu sartuko dira txanda irekian; horietatik, 962 langileen berritze-tasari dagozkio, eta 1.142, berriz, tasa gehigarriari, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Osakidetzaren Giza Baliabideen Antolamendurako Plana garatzeko, 31 lanpostu betetzeko barne-sustapeneko hautaketa-prozesuak egiteko deialdia onartzen da.
Hirugarrena.– Hautaketa-prozesuen arrazionalizazio- eta eraginkortasun-arrazoiak direla-eta, pilatu egingo dira Osakidetzaren Administrazio Kontseiluaren 2016ko apirilaren 25eko erabakiaren bidez onetsitako 2016ko lan-eskaintza publikoari dagozkion lanpostuak eta erabaki honetan jasotakoak.
2016ko eta 2017ko lan-eskaintza publikoak batera egingo dira, bi eskaintzetako lanpostu huts guztiak jasoko dituen hautaketa-prozesuaren deialdi bakarraren bitartez, 2017ko ekainaren 23ko Osasuneko mahai sektorialaren bileran SME, SATSE eta UGT sindikatuekin adostutako txanda eta talde profesionalaren araberako banaketa kontuan izanda. Koadro honetan jaso da banaketa hori:
Laugarrena.– Aurreko ataletan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistemaren bidez.
Prozesu horien ondoriozko jarduera guztietan publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipio orokorrak aplikatuko dira, eta gardentasunik handienarekin gauzatuko dira.
Bosgarrena.– Dagozkien deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz erabakiko dira deialdiaren xede diren kategoriak.
Seigarrena.– Nolanahi ere, barne-sustapenean nahiz txanda irekian, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek betetzeko gordeko da deialdira ateratako lanpostuen % 7, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta adierazitako desgaitasun-maila eta dagozkien lan eta zereginak egiteko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte.
Gordetako ehuneko zazpiko gutxieneko horren barruan, desgaitasun intelektuala duten pertsonek betetzeko izango da eskainitako lanpostuen ehuneko bi, eta, gainerakoa, beste edozein desgaitasun-mota duten pertsonek betetzeko.
Zazpigarrena.– Oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri berezien arabera kudeatuko dira hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak.
Zortzigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta berezien arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio deialdi hori gauzatzeko behar adina ebazpen emateko, hala nola, deitu beharreko lanpostu zehatzei, epaimahaien izendapenari, deialdien ebazpenari eta lanpostuen esleipenari buruzkoak.
Bederatzigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina erabaki honek. Honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hileko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 3a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,
JON DARPÓN SIERRA.