EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017144

AGINDUA, 2017ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinen bidez irabazi-asmorik gabeko zenbait erakunderi dei egiten baitzaie, hain zuzen ere eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2017-2018 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi dutenei.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201703847
Maila: Agindua
Heziberri 2020 Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren L2 lerro estrategikoaren arabera, zeina hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari eman beharreko arreta bultzatzeari buruzkoa baita, agindu hau justifikatzen da. L2.1 epigrafean, berariaz adierazten da hau: etnia dela-eta diskriminatzailea ez den eskolatzea bermatuko da, ikasle ijitoen harrera, prozesu eta arrakasta akademikoa optimizatzeko.
Hezkuntza-sistemak behar diren estrategiak eta baliabideak izan behar ditu, ikasle ijitoak, eskola-arrakasta lortzeko, gainontzeko ikasleen egoera berberetan egon daitezen.
Eskolak biztanleria guztia hartzen du, derrigorrezko eskolaldian behintzat. Eta eskolaldi hori nahitaezko izanik, honako konpromiso hau du: pertsona guztiei beren ahalmen-gaitasunak ahalik eta gehien gara ditzaten erraztea, gizarteratzeko eta laneratzeko aukera izan dezaten berdintasun-baldintzetan.
Helburu horiek lortu eta ijito-herriak zor zaion lekua izan dezan, kulturarteko hezkuntza-proiektu bat behar du eskolak, indarra jar dezan desberdintasunak gainditzeko eta ikasle bakoitzaren premiak kontuan hartzeko. Segregazio-proposamenak alde batera utzita, eskola inklusiboaren esparrua funtsezkoa da helburu horiek lortzeko gizarte-kohesioko eta berdintasuneko testuingurua lortzeko, betiere desberdintasuna errespetatuz.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 urtetik aurrera bermatzen da hezkuntza, eta derrigorrezkoa da 6 urtetik 16 urtera bitartean. Dena den, haurrak adin zehatz batzuetan eskolatze hutsak ez du, hezkuntzari begira, berdintasuna bermatzen.
Azken urteotan aurrerapen handiak izan dira ijitoen eskolatze-prozesuan, baina, hala ere, ikasle ijitoen eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienen maila berean. Honako oztopo hauek daude oraindik:
– Ijitoen kultura ez da ezagutzen, eta ijito-herriaren benetako egoerari buruzko hausnarketa falta da. Izan ere, familia ijitoen aurrerapena zailtzen duten dinamikak eta oztopoak daude, eta, oro har, gaurko gizartean gero eta desberdintasun gehiago egotea eragiten duten dinamikak dauzkagu,
– Ijitoei buruzko aurreiritzi eta estereotipo ugari daude, ia beti negatiboak; eta
– Itxaropen gutxi dago ikasteko aukerei edo interesari begira, eta horrek era negatiboan eragiten die ikasleen itxaropenei, baita eskolari eta prestakuntza orokorrari begira dauden jarrerei ere;
Oztopo horiek gainditzeko, Hezkuntza Saila ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana garatzen ari da, eta, era berean, kolektibo horri parte harrarazi nahi dio ikasle guztien aniztasunari erantzun bat emateko helburuz egiten diren beste zenbait neurritan, programetan eta abarretan.
Testuinguru horretan, dei egiten zaie ikastetxeekin lankidetzan arituz 2017-2018 ikasturtean garatu beharreko hezkuntza-jardueren proiektuak aurkezteko interesa duten erakundeei.
Deialdi hau administrazio publikoen diru-laguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz. Aginduan, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak eta berauen artean aukeratzeko prozesuak finkatzen dira, eta argitara ematen dira irizpideak eta aukeratze horren arduradunak.
Horregatik, kontuan hartuta, bai Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoa–, bai, halaber, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia–zeinaren bidez onesten baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean onartutako kredituen arabera, eta aintzakotzat izanik aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Irabazi-asmorik gabeko erakundeek 2017-2018 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko aurkezten dituzten proiektuak diruz laguntzea da agindu honen xedea.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honi laurehun hogeita hamabost mila zortziehun eta laurogeita hamar (435.890) euroko zenbatekoa ematen zaio, lurraldeka honela banatuta:
a) Araba: 73.395 euro.
b) Gipuzkoa: 101.990 euro.
c) Bizkaia: 260.505 euro.
2.– Diru-laguntzak hiru prozedura erabiliz esleituko dira, aipatutako lurraldeetan banaturik. Eskaerei erantzun ondoren hiru prozeduretako edozeinetan dagokien kontsignazio ekonomikoa agortzen ez bada, soberakina beste bi prozedurei dagozkien laguntzak ordaintzeko erabili ahal izango da.
3.– Kopuru hori handitu ahal izango da, deialdia ebatzi baino lehen, Hezkuntza Saileko beste programa batzuk gauzatu ondoren lortzen diren agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, eskabideen kostu globala aintzat hartuta. Zenbatekoa aldatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da horren berri, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan, irakasleen zuzendaritzapean, ijitoen eskola-arrakasta areagotzeko eta ijitoak dauden ikastetxeetan kulturen arteko bizikidetza hobetzeko asmoz egiten diren jarduera guztiak.
2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak eskola-ordutegian zein eskolaz kanpoko ordutegietan garatuko dira eskola-egutegiaren barruan, irakasleekin lankidetza. Jarduera horiek alderdi hauek barne hartuko dituzte:
a) Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzekoak:
1) Zenbait ekintzetan lankidetzan jardutea –ekintza horiek irakasleek diseinatu eta gainbegiratuko dituzte, eta, hori dela eta, eskola-inklusioaren ikuspegitik zeharkako konpetentzien garapena bultzatzeko laguntza emango die ikasleei–, talde-ikasgelaren barnean egiten den lanari beti lehentasuna emanez.
2) Ikastetxearekin lankidetzan jardutea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte hartu dezaten (Bidelaguna, ikastetxeko eta auzoko liburutegiak, tailer sozioedukatiboak, eskolatik kanpoko jarduerak...).
3) Ikasleen banakako jarraipenean tutoreekin lankidetzan jardutea, irizpide inklusiboetan oinarrituta egiten diren tutoretzatan ere parte hartuz.
4) Taldeko tutoretza-saioetan parte hartzea, tutoreek hala eskatzen dutenean.
5) Ijito-herriari ikastetxe barruan bistaratzen laguntzeko jarduerak.
6) Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak, esaterako, ikastetxean eskola-arrakasta izan duten ijitoak egotea edo ikasle ijitoekin topaketak egitea.
b) Hezkuntza-komunitatean kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoak:
1) Seme-alaben hezkuntza-prozesuan familien parte-hartzea sustatzen duten jarduerak, erantzukizunaren, lanaren eta ikasketa- nahiz lan-ohituren garapenean laguntzeko.
2) Bizikidetza hobetzen laguntzen duten jarduerak, hezkuntza-kidegoaren partaidetzarekin (ikasleak, irakasleak, senideak, gizarte-eragileak...).
3) Eskolarik gabeko uneetan ikastetxeek ijitoen erakundeekin zuzeneko lankidetzan antolatutako jarduerak.
4. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta eta alta emanda egon behar dute eskola esparruan ikasle ijitoentzako hezkuntza-jarduerak garatzeko 2017-2018 ikasturtean Hezkuntza Sailarekin lankidetzan jardun nahi duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.
2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.
3.– Gainera, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zergen arloko betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta diru-laguntzak itzultzeko betekizunak ordainduta izatea.
b) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Baldintzak nola egiaztatu.
1.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzaileak legez eratuta ote dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusian inskribatuta dauden.
2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
3.– Erakunde eskatzaileek eskabideetan berariaz adierazi ahal izango dute baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak eskuratu edo egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei kalterik egin gabe.
4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:
a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.
b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan zehaztutako egoeretako batean ez egotea.
5.– Arestian adierazitako betekizunak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, eta, hori ez bada behar bezala egiten, 8. artikuluan aurreikusten den zuzenketa izapidetzearen bitartez.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabiliko dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko. Izan ere, hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako -PLATEA- Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.
2.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan nola egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikora: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/alumngit-ijikas/y22-izapide/es
3.– Eskaeraren ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
4.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epea.
1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Horrekin batera, 2017-2018 ikasturterako jarduera-proiektu bat aurkeztu beharko da.
2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/sare-hezkuntza-gelan/y22-izapide/es
3.– Eskabidearekin batera, 2017-2018 ikasturterako jardueren proiektua aurkeztu beharko da. Proiektu horretan, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua jaso beharko da, jarduera bakoitzak izango dituen langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuta.
4.– Jardueren proiektuak gehienez hamabost orri izango ditu eta honako atal hauek jaso beharko ditu:
a) Jarduerako lurralde-eremua: jarduera egingo den lurralde historikoa eta udalerriak.
b) Ikastetxe hartzaileak: jardueretan parte hartuko duten ikastetxeak; jarduerak zer ikas-mailatan egingo diren adierazi behar da.
c) Ikasleak: ikasle hartzaileen kopurua. Ijito-etniako ikasleen ehunekoa adierazi behar da, bai eta 2016-2017 ikasturtean zuzeneko arreta eman zaien ikasleen kopurua ere.
d) Jarduerak: jardueren deskribapena, mota (Ikasle ijitoen eskola-arrakasta handitzera zuzendutakoa edo kultur arteko bizikidetza hobetzera zuzendutakoa), helburuak, ekintza zehatzak, arduradunak, gauzatze-egutegia, jardueren ordutegia eta lorpen-adierazleak.
e) Baliabideak: erakundeak jarduera gauzatzeko jarritako baliabide ekonomikoak eta materialak. Proiektua gauzatzeko baliabide pertsonalak, tituluak, jarduerarako aurreikusitako ordu kopurua eta langile horiek ijito-komunitatearekin duten lotura.
5.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabide-eredua, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/piba/y22–izapide/es/
6.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
7.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, erakunde interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan ez badute zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, dagokion ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21. artikuluan ezartzen duenaren arabera.
2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean.
4.– Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
5.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
11. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Hautaketa-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du deialdi honetako 12. artikuluko lehen atalean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkio ikasle ijitoen eskolaratzearen arduradunari.
2.– Ebaluazio Batzordeko kideak:
a) Batzordeburua: Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuaren zuzendaria edo hark izendatzen duena.
b) Bokalak:
1) Hezkuntzako hiru lurralde-ordezkaritzetako Pedagogia Berriztatzeko lurralde-burutzetako arduradunak.
2) Pedagogia Berriztatzeko zuzendariak izendatutako bi teknikari, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzakoak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu.
3) Berritzegune Nagusiaren arduraduna edo hark izendatzen duena.
3.– Emandako txostenak eta eskabideen balorazioa kontuan izanik, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horrek jasoko du zer ekintza hautatu diren, eta zer diru-hornidura proposatzen den ekintza bakoitzerako. Gainera, baztertutako eskabideen zerrenda sartuko da, haiek baztertzeko arrazoiak aipatuta.
4.– Deialdiaren xede diren prozeduretako bakoitzean aurkeztutako eskaerak baloratu ostean, batzordeak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio ebazpen-proposamena. Proposamen horretan, emango edo ukatuko dituen diru-laguntzak adieraziko ditu batzordeak, eta, emango dituen diru-laguntzen kasuan, datu hauek zehaztuko ditu: erakunde onuradunen izen soziala, proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza horren banaketa, urteka. Ukatu nahi dituen eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu edo baztertu den adieraziko du.
12. artikulua.– Esleitzeko eta baloratzeko irizpideak.
1.– Aurkeztutako hezkuntza-jardueren proiektuak balioesteko, ebaluazio-batzordeak honako irizpide objektibo hauek hartuko ditu aintzat:
a) Proiektua zein mailatan egokitzen den agindu honen 3. artikuluan adierazitako helburuetara. Proiektuan genero-ikuspegia integratzea. Proiektuak barne hartzen dituen ikastetxeen zerrenda eta haien esku-hartze ereduak. 0tik 12 puntura.
b) Ijito-komunitateko pertsonen zer ehunekok parte hartzen duen proiektua eta jarduerak kudeatzen, zuzentzen eta gauzatzen. Erakundearen langileek proiektuan eman duten denbora (antolaketa-, prestaketa- eta koordinazio-orduak, eta zuzeneko arretako orduak). 0tik 4 puntura.
c) Ikastetxe kopurua eta haien banaketa geografikoa, arreta eman zaion ikasle kopurua, jardueretan parte hartzen duten ijito-komunitateko ikasleen ehunekoa. 0 eta 4 puntu.
d) Erakundeak edo laguntzaileek agindu honen eremuan duten esperientzia. Esperientzia hori baloratzeko, honako hauek erabiliko dira: erakunde onuradunek aurreko ikasturtean egindako memoria, proiektuko jarduerak gauzatu diren ikastetxeetan egindako balorazioak eta dagokien erreferentziazko Berritzeguneen txostenak. 0 puntutik 5era.
2.– Deialditik at utziko dira a) atalean 6tik beherako puntuazioa edo guztien batuketan 15etik beherakoa duten eskaerak.
3.– Diruz lagunduko dira 12.2 artikuluan zehaztutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuak. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuek jaso daitekeen zenbatekoaren % 100era arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute (gastuak ken diru-sarrerak).
4.– Lurralde historiko bakoitzean, aitortu beharreko diru-laguntzen guztizkoa 2. artikuluan jasotako zenbatekoak baino handiagoa izanez gero, proiektu bakoitzaren aurrekontuari bakoitzak lortzen duen puntuazioaren araberako ehunekoa aplikatuko zaio.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordearen proposamenez, ebatzi beharko ditu agindu honen 2.2 artikuluak aipatzen dituen deialdiaren prozedurak. Dagokion ebazpenak zehaztuko du eskatutako diru-laguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde onuradunen nortasuna, finantzatutako jarduera-programak, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta diru-laguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Ukatutako eskabideei dagokienez, erakunde eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izana elektronikoki sinatzen duenean. Jakinarazi denetik edukira jo gabe hamar egun naturaleko epea igarotzen bada, jakinarazpena baztertutzat joko da eta prozedurari jarraiki izapidea egintzat joko da, betiere, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horretara jotzea tekniko edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen ez bada.
4.– Aurrekoa hala izanik ere, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
5.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
6.– Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ezingo da diru-laguntzarik ez esleitu, ez ordaindu itzulketa-prozeduraren batetik eratorritako diru-laguntzaren bat itzuli ez dutenei.
14. artikulua.– Jarraipen-batzordea.
1.– Erakunde onuradunentzat, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak jarraipen-batzorde bana eratuko du. Kide hauek izango ditu: Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo beronen ordez dagoena, zuzendari horrek izendatutako funtzionario bat eta erakunde onuradunaren ordezkari bat.
2.– Hona hemen batzordearen eginkizunak:
Sailak aintzat hartzen dituen beharrizanen arabera, erakunde onuradunen jarduerak zein ikastetxetan egingo diren erabakitzea. Lehentasuna izango dute Hamaika Esku jarduera-planean parte hartzen duten ikastetxeek.
a) Ikastetxe bakoitzean zer jarduera, ordutegi eta abar izango diren zehaztea.
b) Jardueren jarraipena egitea eta, hala badagokio, baliabideak berriro antolatzea.
c) Proiektuaren barruko jarduera guztiak ebaluatzea.
15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira erakunde onuradunak Hezkuntza Sailaren edo beste erakunde publiko edo pribatu baten aldetik jaso dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin, onartzen diren hezkuntza-jardueretarako, betiere jasotako guztiak benetan jasandako kostuaren guztizkoa gainditzen ez badu. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta 46. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz).
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.
a) Jarduera gauzatzea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
c) Laguntza eman dien erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako laguntzak eta diru-laguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei men egitea.
d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.
3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
4.– Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
5.– Hezkuntza-jarduerak ikastetxeetan garatzea.
6.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, behar izanez gero, aseguru egokia egitea.
7.– Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funts publikoak itzultzea.
17. artikulua.– Ordaintzeko era.
1.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
a) Aurre-ordainketa bat egingo da, diru-laguntzaren % 20koa, emandako laguntza onartu eta berehala.
b) Gainerakoa, diru-laguntza osoaren % 80, bitarteko txostena aurkeztu ondoren ordainduko da. Hartan, proiektuaren ordura arteko garapena zein izan den jasoko da eta ikastetxeetan garatzen ari diren lan-plangintza aipatuko da. Memoria hori 2018ko urtarrilaren 7tik 31rako epean entregatuko da, bi egun horiek barne, eta ezingo ditu hamar orri baino gehiago izan.
2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren zure datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora zuzendu beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml
18. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– 2017ko ekainaren 30etik aurrera eta abuztuaren 31ra arte, egun hori barnean dela, erakunde onuradunek «Gastuaren justifikazioa» (eranskina) izeneko formulario normalizatua aurkeztu beharko dute, eta, horri erantsita, hezitzaileen nominak eta TC2 agiriak eta gainerako gastuen faktura eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.– Agiri horiekin batera, programaren emaitzak ebaluatzeko azken txostena aurkeztu beharko dute, honako hauek bilduko dituena:
a) Ikastetxe bakoitzeko esku-hartzearen fitxa, ikastetxearekin adostutako lan-plangintzaren garapen-maila eta horren balorazioa jasotzen dituena.
b) Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta egin beharreko aldaketak zehaztu ahal izateko.
3.– Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2017/alumngit-ijikas/y22-izapide/es
19. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzen aldaketa.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –diru-laguntzaren helburua betetzeari utzi gabe, betiere–, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du, eta, horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 20. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.
20. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betekizunak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. Tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.
2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992-02-07ko EHAA). Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.
3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epearen barruan, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Deialdia honako hauetan xedatutakoaren menpe egongo da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan; eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.