EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2017144

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko diru-laguntzen 2017ko deialdia argitaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703841
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko 2017ko diru-laguntzen laguntzen deialdia egitea onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horiek horrela, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko laguntzen deialdia argitaratzea, erakunde autonomiadun horren Administrazio Kontseiluak 2017ko uztailaren 26an egin zuen bilkuran onartua, eta ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
ENPLEGURAKO ORIENTAZIO-EKINTZAK ETA -ZERBITZUAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA
Enplegu-zerbitzuen erabiltzaileei arreta espezializatua eta banakakoa ematea da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaren funtsezko zutabea. Banakako arreta hori da bermerik onena, langabezian daudenen lan-aukerak hobetzeko eta lana dutenen enpleguaren kalitatea eta iraunkortasuna lortzeko. Gizarteak enplegurako orientazio-zerbitzuak eskatzen ditu, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua zerbitzu horiek ematera behartuta dago.
Enplegurako orientazio-zerbitzuak definitzeko, esan genezake informazio-, laguntza-, motibazio- eta aholkularitza-ekintzak eta -neurriak direla. Betiere pertsonaren lanbide-inguruabarrak kontuan izanik, ekintza eta neurri horiek pertsonari bere gaitasunak eta interesak zehazteko aukera ematen diote, bai eta bere ikaskuntza-ibilbide indibiduala, enplegu-bilaketa eta enpresa-ekimenak gauzatzeko prozesua kudeatzeko aukera ere.
Deialdi honek bere gain hartzen ditu 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiaren (www.euskadi.eus) F-3 Norabidean proposatutako orientazioak. Gidalerro horren helburua da lan-munduan sartzen laguntzeko zerbitzu pertsonalizatua aurrerantzean enplegu-politika aktiboen ardatza izatea, jarduketa-lerro hauen bidez:
– Laguntza pertsonalizatuak eta orientazioak eginkizun zentrala hartzea enplegu-politika aktiboen barruan.
– Orientazioaren espezializazioan aurrera egitea, pertsona eta kolektibo bakoitzaren errealitatearen eta beharren arabera pertsonalizatuz.
– Orientazioko eredu propioa diseinatzea eta martxan jartzea. Eredu hori honako elementu hauetan oinarrituko da: zerbitzuaren kalitatea eta erabiltzaileen erantzukizuna.
– Aliantza publiko-pribatu eta pribatu-publikoak ezartzea, orientazioko eta laguntza pertsonalizatuko ekintzak garatzeko.
Urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren (aurrerantzean, 3/2015 LED), Enpleguaren Legeko testu bategina onartzen duenaren, 28. artikuluak 1. puntuan zehazten duenaren arabera, enplegu-zerbitzu publikoetan sartzeko, langabeek izena eman beharko dute, eta, hasierako elkarrizketa batean, datuak eman. Elkarrizketa horretan, laneratzeko zer zerbitzu behar dituen aztertuko da. Horren arabera, eta pertsona langabeen laguntzarekin, enplegu-ibilbide indibidualizatu eta pertsonalizatu bati ekin behar ote zaion erabakiko da, langabeen profil profesionala, lanbide-gaitasunak, beharrak, itxaropenak eta lan-merkatuaren egoera kontuan hartuta.
3/2015 LEDaren 29. artikuluak jasotzen duenez, enplegu-zerbitzu publikoak enplegu-ibilbide indibidual eta pertsonalizatuak egiteko, haien jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta, behar izanez gero, berriro zehazteko arduradunak izango dira. Dagokionean, enplegua eskatzen duten pertsonak erakunde laguntzaileetara bideratuko dituzte, egin beharreko ekintzak egin ditzaten. Edonola ere, enplegu-zerbitzu publikoei dagozkien jarduketak eta itundu daitezkeenak zehaztuko dira.
3/2015 LEDaren 36. artikuluan ezartzen denaren arabera, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuko dituzte enplegu-politika aktiboetarako baliabide ekonomikoak, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dituzten zerbitzu eta programak garatu ahal izango dituzte. Zerbitzu eta programa horiek enplegu-politikako urteko planetan sartuko dira, eta 10.4 artikuluan ezarritako ardatzetan txertatuko.
Zerbitzu eta programa horiek kudeatzeko, honako hauek erabil daitezke: diru-laguntza publikoak, administrazio-kontratazioa, hitzarmenak, zuzeneko kudeaketa edo zuzenbidez egokia de beste edozein forma juridiko.
Halaber, 3/2015 LEDaren 38. artikuluak ezartzen du enplegu-politika aktiboetako zerbitzu eta programek 10.4 artikuluan jasotako ardatzei emango dietela estaldura, eta autonomia-erkidegoek eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak diseinatu eta gauzatuko dituztela, beren eskumenen esparruan. 10.4 artikuluak adierazten du Enplegurako Jardueren Espainiako Estrategia enplegurako jarduera-politiken zenbait ardatzen inguruan antolatuko dela. Adibidez, 1. ardatza honako hau da: Orientazioa. Ardatz horretan, jarduketa hauek sartzen dira: informazio profesionala, motibazioa, aholkularitza, profil profesionalaren eta gaitasunen diagnostikoa eta zehaztapena, banakako ikasketa-ibilbidearen diseinua eta kudeaketa, enplegu-bilaketa, lan-bitartekaritza eta, azken batean, pertsona onuradunei gizarteratzen laguntzeko jarduketak.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren ardura izango da enplegua eskatzen duen pertsona bakoitzaren banakako enplegu-ibilbide pertsonalizatua diseinatzea, lantzea eta gauzatzea, eta bertan joan daitezke enplegurako eta autoenplegurako orientazio- eta informazio- zerbitzuak, lanbide-kualifikazioa eta enplegagarritasuna hobetzeko zerbitzuak, eta enpresekin eta entitate nahiz erakunde publikoekin harremanetan jartzeko zerbitzuak, interesduna laneratzea errazteko, enplegurako gaitasunak hobetuz eta motibazioarekin erlazionatutako alderdiak alde batera utzi gabe.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eskatzaileen enplegagarritasuna balioesteko eta ibilbide pertsonalizatuak diseinatzeko lehentasuna izango du.
Ibilbide pertsonalizatuak ezarri ondoren gauzatuko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintza eta zerbitzu zehatzak, zuzenean edo erakunde laguntzaileen bitartez.
Halaber, 1/2013 Legean (urriaren 10ekoa, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa), hau hartzen da bizialdi osoko orientaziotzat: prozesu jarraitu bat, herritarrari akonpainamendua emateko, bere bizitzako edozein unetan, bere gaitasunak eta interesak zehazten, hezkuntza, ikaskuntza eta enpleguari buruz erabakiak hartzen, eta ikaskuntzako, txertaketa profesional edo sozialeko, edo interes pertsonaleko proiektu bat definitzen, planifikatzen eta kudeatzen. Lege hori. III. Kapituluan, bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua, Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio- eta orientazio-zerbitzuak barne hartzen dituena, zer den azaltzen da.
Urriaren 10eko 1/2013 Legearen 40. artikuluko 1. puntuan, bizialdi osoko orientazio-sistema bateratua deskribatzen da: prozesu jarraitu bat, herritarrari akonpainamendua emateko, bere bizitzako edozein unetan, bere gaitasunak eta interesak zehazten, hezkuntza, ikaskuntza eta enpleguari buruz erabakiak hartzen, eta ikaskuntzako, txertaketa profesional edo sozialeko, edo interes pertsonaleko proiektu bat definitzen, planifikatzen eta kudeatzen.
1/2013 Legearen 40. artikuluko 2. puntuak azaltzen duenez, bizialdi osoko orientazio-sistema integratua osatuko dute: herritarrak hezkuntza-testuinguruan eta testuinguru profesional, pertsonal eta sozialean informatzea eta aholkatzea eta, hala badagokio, akonpainamendua ematea helburutzat duten eragile, tresna eta ekintza guztiek.
Eta, azkenik, 40. artikuluko 3. puntuaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio- eta orientazio-zerbitzuek osatuko dute orientazio-sistema bateratua, hezkuntza-sistemako orientazio-zerbitzuekin, eta bizialdi osorako ikaskuntzaren inguruan lanean dabiltzan gizarte-eragileen eta erakundeen informazio- eta orientazio-zerbitzuekin batera.
Gaur egungo langabezia-tasak eta enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak jaso ditzaketen pertsonen kopurua kontuan hartuta, premiazkoa da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuekin lan egingo duten erakundeen sare bat aukeratzeko finkatutako prozedurari eustea. Enplegu-zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonentzat ezartzen diren ibilbide pertsonalizatuen ondoriozko orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak ematen lagunduko dute sare horretako erakundeek.
Diru-laguntzak proposatzeko erabaki honen bitartez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik kanpoko erakundeen laguntza behar duten orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak zehazten dira, eta haiek finantzatzeko deialdia egiten da.
Era berean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko erakunde laguntzaileek izan beharreko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen baldintzak ezartzen dira, jarduera horren kalitatea eta eraginkortasuna bermatze aldera.
Horregatik guztiagatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26ko batzarrean, orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak garatzeko diru-laguntzen 2017. urteko deialdia onartzen du, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan, baldintza hauekin:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xede dira Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzeko 2017. urtean eman ditzakeen laguntzak. Laguntza horien hartzaileak, berriz, jarduera hori Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera gauzatzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeak izango dira.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 2.996.250 eurokoak dira, horietatik 1.498.125 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.498.125 euro 2018ko konpromisozko kreditukoak.
2.– Deialdi honen babesean diruz laguntzen diren orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak Europako Gizarte Funtsaren laguntzaz finantza daitezke, EAEko 2014-2020 EGF Programa Operatiboaren esparruan edo Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak: enplegurako orientazioa emateko ekintzak eta zerbitzuak.
1.– Lanbidek ezarritako orientazio-ekintza eta -zerbitzu presentzialek jaso ditzakete deialdi honetako laguntzak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde laguntzaileen premia baldin badu haiek emateko. Haiek I. eranskinean adierazitako eran emango dira, han zehazten baitira lurralde-eremuak edo, dagokionean, azpieremuak zein diren eta zenbat orientazio-ordu eman behar diren.
2.– Jarduerak hauek egingo ditu orientazio-zerbitzuak:
a) Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko informazioa ematea eta zorroko zerbitzu komunen eta osagarrien eskaintzari buruzko informazioa eskaintzea.
Lan-merkatuari eta enplegu-politika aktiboei buruzko datuak eta egoera-informazioak izango dira, erabilgarri izan daitezkeen aldetik erabiltzaileen enplegu-aukerak handitzeko. Orientazioa banaka, taldean edo orokorrean eta aurrez aurre egin ahal izango da.
b) Banakako diagnostikoa eta eskatzailearen profila egitea.
Pertsona erabiltzaileari emango zaion arreta espezifikoa jaso eta haren eskaria eguneratuko da, eta, diagnostikoan, haren trebetasunak, gaitasunak, prestakuntza eta eskarmentua, interesak, familia-egoera eta balizko aukera-profesionalak adieraziko dira. Horrez gainera, orientazio-jarduerarako berariaz ezartzen den protokoloan adierazgarritzat jotzen diren gainerako ezaugarriak jaso dira. Erabiltzailearen profila osatu eta haren enplegagarritasun-maila zehazteko erabiliko da informazio hori.
c) Enplegua lortzeko ibilbide pertsonalizatua egitea.
Erabiltzailearen profilari, beharrizanei eta aurreikuspenei erreparatu ondoren, erabiltzaile horrek enplegua eskura dezan egokien irizten den ibilbidea sortuko da, eta hari modu ziur batean jakinaraziko zaio. Ibilbide hori sortzeko, irizpide teknikoak eta estatistikoak erabiliko dira, eta, horrez gainera, ekintza nagusi batzuk, haiek egiteko egutegia eta haiek egiaztatu eta jarraitzeko elementuak zehaztuko dira. Ibilbide hori egiteko, beharrezkoa izango da erabiltzaileak izena ematea eta enplegu-zerbitzu publikoarekin enplegu-akordio pertsonal bat sinatzea.
d) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea egitea eta jarduera-konpromisoak betetzea.
Tutore edo orientatzaile batek banaka eta modu pertsonalizatuan egingo du erabiltzailearen ibilbidearen jarraipena, eta haren egitekoak izango dira, era berean, ibilbidea berrikusi eta eguneratzea, betebeharrak, helmugak eta etapak finkatzea eta haiek betetzen direla ikuskatzea. Era berean, erabiltzaileak hartutako jarduera-konpromisoaren jarraipena egingo, baldin eta haiek prestazioen hartzaile baldin badira. Horrez gainera, erabiltzailea suspertzeko eta haren enplegagarritasuna hobetzeko aholkularitza, informazio eta laguntza emango du.
e) Informazio, aholkularitza eta laguntza tekniko gehigarria curriculuma osatu eta hartan lanbide-profilari dagozkion lanbide-gaitasunak adierazteko.
Erabiltzaileei emango zaien informazio eta aholkularitza banakakoa, taldekoa eta orokorrak hartuko ditu, haien gaitasunak eta lanbide-profilak identifikatzeko. Horrez gainera, laguntza-tresnak eta -teknikak jarriko dira haien eskura, curriculum pertsonalizatuak egiteko.
f) Aholkularitza ematea eta enplegua aktiboki bilatzeko teknikak erabiltzea.
Atal honetan, informazioa emango da eta besteren konturako enplegua bilatzeko eskuragarri dauden bitartekoen, tekniken eta tresnen oinarrizko erabilera erakutsiko da. Azken horietan sartuko dira, besteak beste, bitarteko telematikoak eta sare sozialak erabiltzeko aholkularitza. Erabiltzailearen ezaugarriei erreparatuta, autoenpleguaren eta ekintzailetzaren alorreko aholkularitza-zerbitzura bideratuko dira haiek.
g) Lanbide-aukerak identifikatzeko informazioa eta aholkularitza.
Erabiltzaileei informazioa ematean eta haiei Espainian, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan eta nazioartean dituzten enplegu-aukeren azterketa arrazoitua egitean zerbitzu-atal hau. Horrez gainera, erabiltzaileen profilari erreparatuta edo profil horren hasierako bilaketa-parametroak modu adostuan aldatu ondoren, eskura dituzten enplegu-politika aktiboen berri emango zaie erabiltzaileei, enpresa, erakunde eta entitate publiko eta pribatuekiko harremanak erraztuz.
h) Enpresek kontratatzeko eta laneratzeko tresna eta laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza.
Enpresek langileak kontratatzeko eta haiek laneratzeko dituzten tresnei buruzko informazioa emateko laguntza kualifikatua izango da.
3.– Diruz lagundutako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak hilabeteko epean hasiko dira, deialdi honen ebazpena jakinarazteko dataren hurrengo egunetik hasita, 8.6 artikuluan aurreikusitako terminoetan. Gainera, ekintza eta zerbitzu horiek 12 hilabetean gauzatu beharko dira, deialdi honen ebazpena jakinarazteko dataren hurrengo egunetik hasita, 8.6 artikuluan aurreikusitako terminoetan.
4.– Erakunde onuradunek taldeko ekintzak eskaini beharko dituzte esleitutako eremu edo azpieremu bakoitzean. Talde bakoitzean, lau parte-hartzaile egongo dira gutxienez, eta iraupena 3 ordukoa edo gehiagokoa izango da. Ekintzen helburua enplegua bilatzeko ekintzen berri ematea izango da, baita beste gai espezifiko batzuei buruzko informazioa ematea ere, hala nola emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunari buruzkoa.
5.– Enpresa edo erakunde onuradunak egin behar ditu diruz laguntzen diren orientazioko ekintzak eta zerbitzuak, eta ezin dira haiek hirugarrenekin azpikontratatu. Enpresen edo erakundeen elkarte edo talde bat baldin bada onuraduna, ez da azpikontrataziotzat hartuko haien kideek osorik edo zati batean gauzatzea ekintzak edo zerbitzuak.
6.– Orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan, erakunde esleipendunek parte hartzen duten pertsonak laneratzeko helburu eraginkorrak lortu beharko dituzte (pertsonek lan-kontratua lortzea edo autonomo-jarduerari hasiera ematea), deialdi honetako II. eranskinean ezarritako terminoak eta betetze-ehunekoak kontuan hartuta.
4. artikulua.– Orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak.
1.– Honako pertsona hauek izan daitezke enplegurako orientazio-ekintzen eta -zerbitzuen hartzaileak:
a) Enplegurik gabeko pertsonak.
b) Langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian ari diren langileak.
c) Eta, oro har, lan egiteko adina duen eta, edozein egoeratan egonik ere, enplegua modu aktiboan bilatzeko interesa duen edonor.
2.– Ibilbide pertsonalizatu bat egin nahi duten pertsonek ibilbide horretan modu aktiboan parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute. Horretarako, enplegurako akordio pertsonala izenpetu beharko dute.
3.– Enplegurako orientazio-ekintza eta -zerbitzuen erabiltzaileek aldez aurretik Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta eta altan edo etenduran egon behar dute. Arretari begira, entitate onuradunek lehentasuna emango diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko enpleguko lurralde-bulegoetatik bidalitako pertsonei.
5. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren erakunde laguntzaileak.
1.– Edozein pertsona fisikok edo juridikok, publikoa edo pribatua dela ere, egin ahal izango ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren entitate laguntzaile gisa, deialdi honen xede diren orientazio-ekintza eta -zerbitzuak, eta hartarako aurreikusitako diru-laguntzak jaso ahal izango ditu. Horretarako, ezinbestekoa da orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak behar bezala gauzatzeko behar den esperientzia eta baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzea, artikulu honetako 3. eta 4. paragrafoetan azaltzen den bezala.
2.– Halaber, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatu eta deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dute artikulu honen 1. puntuak adierazten diren enpresen edo entitateen elkarte eta taldeek, eskaera egiteko unean nortasun juridikorik duten ala ez kontuan hartu gabe, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Elkarte eta talde horietako kideek beren gain hartzen badute horien izenean egingo dituztela diruz laguntzekoak izango diren jarduera guztiak edo horietako batzuk, eskaeran adierazi beharko dute hori egiteko asmoa dutela eta onuradun-izaera izango dute.
b) Elkarte edo taldeei elkartutako kideek, beren gain hartzen badute jarduera guztiak edo haien zati bat elkarte edo talde horien izenean egiteko konpromisoa, behar adinako esperientzia eta bitarteko materialak nahiz giza baliabideak izan behar dituzte enplegurako orientazio-ekintzak egin eta orientazio-zerbitzuak emateko; betiere, artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan adierazten diren eskakizunak betez.
3.– Erakundeei aldez aurretiko esperientzia izan beharko dute deialdi honetan aurreikusitako laguntzek lortzeko, enplegurik gabeko pertsonei orientazio-ekintza zuzenak eta azpikontrataziorik gabeak ematen, jarduera hauetakoren bat eginez:
– Enplegua lortzeko orientazioa eta enplegurako eta/edo autoenplegurako motibazioa.
– Laneratzean laguntzeko prozesuak.
Jarduera horiek programa hauetakoren baten laguntzarekin eginak izan behar dute:
• Lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 23ko 327/2003 Dekretuko I. kapitulua.
• Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren 1994ko martxoaren 9ko Agindua, irabazi-asmorik gabeko erakunde kolaboratzaileek profesionaltasuna, lanbide-informazioa, lanbide-orientazioa eta enplegu-bilaketa aktiboa egiaztatzeko ekintzak egiteko Enpleguko Institutu Nazionalak eman beharreko laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
• Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren 1998ko urtarrilaren 20ko Agindua, enplegu-orientaziorako eta autoenplegurako diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
• TAS/2643/2003 Agindua, irailaren 18koa, enpleguaren gai-alorrean programa esperimentalak abian jartzeko diru-laguntzak emateko oinarriak arautzen dituena.
• Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2011ko martxoaren 31ko erabakiaren bitartez onartua (EHAAn argitaratua, 2011ko apirilaren 27an).
• Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko erabakiaren bitartez onartua (2013ko martxoaren 27an argitaratua EHAAn, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20an emandako ebazpenaren bitartez).
• Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko erabakiaren bitartez onartua (2013ko martxoaren 27an argitaratua EHAAn, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20an emandako ebazpenaren bitartez).
• Diru-laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera enplegurako orientazioko ekintzak eta zerbitzuak garatzekoa, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak 2013ko urtarrilaren 21eko erabakiaren bitartez onartua (2013ko martxoaren 27an argitaratua EHAAn, zuzendari nagusiaren 2013ko martxoaren 20an emandako ebazpenaren bitartez).
• Enplegu-orientaziorako beste programa batzuk, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak sustatu eta finantzatutakoak, eta Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzako Laneratze Zerbitzuak kudeatutakoak.
• Enplegurako orientazio-jarduerak, baldin eta jarduera horiek 3/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren (urriaren 23koa, Enpleguaren Legeko testu bategina onartzen duena) 10.4.a) artikuluan adierazitako moduan egin badituzte, enplegu-zerbitzu publikoek kudeatuta. Deialdi honen 7.2.e) artikuluak arautzen duen moduan egiaztatu behar dute eskakizun hori betetzen dutela.
4.– Baliabide materialak eta giza baliabideak edukitzeko baldintza betetzat emango da honako eskakizun hauek egiaztatuz gero:
4.1.– Eskaera aurkezten den unean lokal- eta ekipamendu-azpiegitura egokia izatea, diru-laguntzen xede diren jardun-eremu edo -azpieremuan, enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak banaka edo taldeka eskaini ahal izateko, helbide edo toki jakin batean. Gutxienez, honako baliabide hauek izan behar dituzte:
a) Gainerako aretoetatik banatutako bulego bat, arreta pertsonalizatua emateko. Entitateak baino ezin izango du erabili bulego hori eta ezin izango da bertan bestelako jarduerarik egin. Bulegoak gutxienez 6 metro koadroko azalera izan behar du.
b) Gainerako aretoetatik banatutako gela bat, taldekako arreta emateko, gutxienez 10 lagunekin jarduteko modukoa. Gela hori ezin da partekatu orientazioko gainerako entitateekin, eta lanerako mahaiak, apalategiak eta altzari lagungarriak izan behar ditu. Gelak gutxienez 18 metro koadroko azalera izan behar du.
4.2.– Eskaera aurkezteko unean, lokala egokituta egon beharko da, irisgarritasuna sustatzeko arloko arauei jarraituz: 20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak. Honako alderdi hauek hartzen dituzte barne:
a) Kanpotik lolakean sartu ahal izatea.
b) Barruko ibilbideen bidez, zerbitzuak emateko erabiltzen diren esparruetara iristea.
c) Bainugela egokigarriak eta egokituak izatea, zerbitzuaren hartzaile diren pertsonek erabil ditzaten.
4.3.– Eskaera aurkeztean 5.4 artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten lokalak izango dira diru-laguntzak ematerakoan kontuan hartuko direnak. Lokala aldatzeko eskera prozedura behin betiko ebatzi ostean soilik aurkeztu ahal izango da, eta, gainera, deialdi honetako 12. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete behar dira.
4.4.– Jarduerari ekiteko unean, ekipamendu hau izan behar dute:
a) Interneterako banda zabaleko sarbide eraginkorra, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sistemarekin konektatzeko.
b) Tableta grafikoko periferiko bat edukitzea, sinadura digitala jasotzeko euskarri modura. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko informazio-sistemara konektaturik egon behar du, haren zehaztapen teknikoak bete behar ditu, eta hark komunikatuko ditu.
c) Telefono-linea finkoa, erabiltzen den lokalarekin harremanetan jartzeko.
4.5.– Jarduerei ekitean, ekipamendu hau izan behar dute:
Giza baliabide propioak. Gutxienez kontratupeko teknikari bat, unibertsitate-ikasketak amaituta dituena. Giza baliabide horiek urtebetetik gorako esperientzia izan behar dute, eta curriculum egiaztatua enplegurako orientazio-lanen arloan. Gainera, ofimatika, internet eta lan-merkatuari buruzko jakintza izan behar dute. Diruz laguntzen diren ekintzak egiteko langile propio nahiko dutelako konpromisoa hartuko dute entitateek, eta langile horiek gai izan behar dute erabiltzaileentzako arreta EAEko bi hizkuntza ofizialetan emateko. Gainerako orientatzaileek profil bera izan beharko dute gutxienez.
5.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, eskaera egiten duten entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, diru-laguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
c) Diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.
d) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
6.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak gauzatzeko diru-laguntzen gehienezko zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da; kopuru hori jarduerari lotutako gastu arrunt zuzenetarako eta zeharkakoetarako izango da, betiere, kontuan izanik jarraian ezartzen diren mugak deialdi honen bidez diruz lagundutako erakunde guztientzat:
Azken diru-laguntza baldintzatuta egongo da; lan-munduan txertatutakoen ehunekoa betetzearen araberakoa izango da (lan-kontratuak edo autonomoen jardueran hastea), deialdiko II. eranskinean adierazitako ehunekoari erreparatuko baitzaio.
– Harrera izan duten pertsonak kontuan hartuta, lan-munduan txertatzeko (lan-kontratu bidez edo autonomo gisa) helburuen betetze-maila deialdiko II. eranskinean adierazitakoaren berdina edo handiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa % 100 izango da, ekintzetan eta zerbitzuetan emandako orduei dagokien neurrian, hau da, 34 euro orduko.
– Harrera izan duten pertsonak kontuan hartuta, lan-munduan txertatzeko (lan-kontratu bidez edo autonomo gisa) helburuen betetze-maila deialdiko II. eranskinean adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gehienez % 10eraino minorizatuko da, deialdiaren II. eranskinean adierazitako lanbideratze-emaitzari begira izan den desbideratzearen arabera. Minorizazio-ehuneko zehatza eragiketa honen emaitza izango da: 0,10 bider desbideratze-ehunekoa; formula honi jarraikiz:
Langileen gastu zuzenen % 140koa izango da diru-laguntzaren gehieneko kopurua.
Diruz lagundutako orientazio-ekintzak egiten dituzten langileen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak izango dira langileekin egiten diren gastu zuzenak; horretarako muga lanaldi osorako kontratatutako langile bat izango da, 1.500 orduko.
7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbideko Enpleguko Lurralde Bulegoetan aurkeztu beharko dira, http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian eskura egongo den eredu ofizialaren bidez. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Orientazio-zerbitzuak lankidetzan eman nahi dituen entitate bakoitzak eskabidean adierazi beharko ditu lurraldeko jardun-eremu edo -eremuak, eta zenbat 625 orduko bloke egingo dituen eremu edo azpieremu bakoitzean (hemendik aurrera «ordu-blokeak»), kontuan izanik ezen, gutxienez, eremuko 625 orduko bloke bat adierazi behar dela; gehienez, berriz, I. eranskinean eremuka eskainitako bloke-kopurua.
2.– Eskabide horrekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Erakundearen edo enpresaren IFKren kopia edo, pertsona fisikoen kasuan, NANaren kopia –Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan nortasun-datuen egiaztapen elektronikoa baimendu ez bada, betiere–, eta eskabidea sinatzen duen pertsonak duen ordezkaritzaren egiaztagiria.
Enpresen edo erakundeen elkarte eta taldeen kasuan, haiek osatzen dituzten kide guztiek aurkeztu behar dute dokumentazio hori, elkartearen edo taldearen eratze-agiriaz gain.
b) Memoria bat, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera orientazio-ekintza eta -zerbitzuetan egindako jarduera zehatz-mehatz biltzen duena. Hain zuzen ere, honako alderdi hauek deskribatu behar ditu zehazki: kolektibo onuradunak, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak (gehienez, 20 orrialde).
c) Hau aurkeztu behar da 5.3 artikuluaren azken paragrafoak eskatzen duen esperientzia egiaztatzeko: enplegu-zerbitzu publikoak emandako ziurtagiria, xehetasunez eta berariaz azalduko duena zer ekintza egin diren eta zer kolektibo izan diren onuradun.
d) Memoria bat, gauzatu beharreko ekintzetarako erabili beharreko metodologia eta teknikak eta eskura izango dituzten baliabideak deskribatzen dituena (gehienez, 10 orrialde).
e) Eskatutako diru-laguntzari dagokionez, 5. artikuluko 4. paragrafoan xedatutako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa, gutxienez honako hauek jasotzen dituena:
– Deialdi honen xede diren ekintzak egiteko proposatutako langileen zerrenda, haien kontratuak eta curriculum vitaea barne.
– Tokiari buruzko informazio hau sartu beharko da:
Txosten bat, entitate eskatzaileak duen tokiaren ezaugarriak deskribatzen dituena, instalazioen argazki eta planoekin batera, erakundeak deialdi honetako jarduera egiteko haietan dituen espazioak eta horien neurriak zehaztuta, 5.4.1 artikuluan deskribatutakoekin bat egin behar dutenak. Gainera, esparruetara eta bainugela egokituetarako bideak ere azaldu behar dira.
Txosten bat, teknikari eskudunak emana eta dagokion elkargo profesionalak ontzat hartua, lokal horiek egokiak direla eta irisgarritasuna sustatzeko arloan indarrean dauden arauak betetzen direla adierazten duena. 20/1997 Legea eta garapen-arau teknikoak. Txostenak bat egin behar du lokalaren egoera eguneratuarekin, eskaera egiteko unean, 4.2 artikuluko a, b eta c idatz-zatietan deskribatutako terminoetan.
Lokalerako telefono-linea finko eta espezifiko bat izateko konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena, jarduerari hasiera ematean.
Lokalerako banda-zabaleko internet-zerbitzua izateko konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena, jarduerari hasiera ematean.
3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2017ko irailaren 20an amaituko da.
4.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere webgunean argitaratuko du zer eskabide ez diren aurkeztu behar bezala beteta, edo zeinek ez dituzten aurkeztu aurreko atalean adierazitako dokumentuak; eragindako entitateek, akatsak zuzentzeko edo aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkezteko, hamar eguneko epea izango dute, webgunean horien berri ematen den egunetik aurrera. Hori egin ezean, eskabideak ezetsitzat emango dira. Halakoetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esanbidezko ebazpen bat eman beharko du, eta horren jakinarazpena egin.
8. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, berraztertze-errekurtsoa eta publizitatea.
1.– Lana Aktibatzeko Zuzendaritza izango da eskaeren prozedura kudeatu eta bideratzeaz arduratuko den organoa, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusia horiek ebazteko eskuduna.
2.– Lehiaketa-sistemaren bidez esleituko dira diru-laguntzak; hala, hurrengo artikuluan adierazten diren ebaluazio- eta esleipen-irizpideen arabera ebaluatuko dira aurkezten diren eskabideak. Horri dagokionez, kide anitzeko organo bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu:
– Presidentea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Lan Aktibazioko zuzendaria.
Idazkaria: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzeko Arloko arduraduna.
– Organoko kideak: Laneratze Areako bi teknikari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Laneratzeko Arloko arduraduna.
3.– Aurreko paragrafoan adierazten den kide anitzeko organoak behin-behineko ebazpen-proposamen bat egingo du, honako hauek adierazita: zer diru-laguntza emango dituen eta zein diren diru-laguntza horietarako proposatutako onuradunak, orientazioko zenbat ordu-bloke esleitu diren lurraldeko jardun-eremu edo -azpieremu bakoitzeko, eta zer diru-laguntza proposatzen duen horretarako eta, azkenik, zein ukatuko diren eta zergatik. Interesdunei jakinaraziko zaie behin-behineko ebazpen-proposamen hori, Lanbideren webgunean argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus
Pertsona interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute egokitzat hartzen dituzten alegazioak aurkezteko. Epe hori behin-behineko ebazpen-proposamena Lanbideren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
Behin-behineko ebazpen-proposamenak ez die onuradun gisa proposatutako erakundeei eskubiderik emango.
4.– Epe hori igarota eta, hala badagokio, pertsona interesdunek aurkeztutako alegazioak aztertuta, kide anitzeko organoak behin betiko ebazpen-proposamena egin, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita deialdi hau ebazteko organo eskuduna.
5.– Prozeduraren ebazpena eman eta jakinarazteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea baztertutzat jo ahal izango da.
6.– Prozedurari buruzko ebazpena pertsona interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus
7.– Ebazpenean honako hauek adieraziko dira: zein diren entitate onuradunak, orientazioko zenbat ordu-bloke esleitu diren, eta zenbateko diru-laguntza emango den, nola eta zer epetan ordainduko den eta nola justifikatuko den. Era berean, ukatuak izan diren eskaeren zerrenda jasoko dute, horren arrazoia adierazita.
Ebazpenean beren-beregi adieraziko da EGIFek finantziazioan parte hartuko duela, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.
8.– Prozeduraren ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea eta haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena Lanbideren webgunean argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
9.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, betiere, prozedurari buruzko ebazpena Lanbideren webgunean argitaratzea alde batera utzi gabe, argitara emango da deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian; espresuki aipatuko da EGIFekiko finantzazioa, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.
10.– Halaber, Europako Gizarte Funtsa arautzen duten erregelamendu erkideetatik eratorritako informazio- eta komunikazio-eskakizunak betetzearren, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioko Europako Gizarte Funtseko Administrazio Unitateak argitaratutako eragiketa-zerrendan sartuko dira entitate onuradunak.
9. artikulua.– Eskaerak ebaluatzeko eta diru-laguntza esleitzeko irizpideak.
Horrela jokatuko da araututako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzeko eta orientaziorako ekintzei eta zerbitzuei dagozkien diru-laguntzak esleitzeko:
1.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -eremuetan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua diruz lagunduko den kopuruaren berdina edo hori baino txikiagoa bada, eskatu dituen orientazioko ordu-blokeen araberako diru-laguntza emango zaio entitate bakoitzari.
2.– Lurraldeko jardun-eremuan edo -eremuetan eskatutako orientazioko ordu-blokeen guztizko kopurua diruz lagunduko den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, eskabideak baloratu egingo dira, honako irizpide hauek kontuan hartuta:
a) 2 puntu emango dira erakunde eskatzaileek –edo, dagokionean, elkarte edo erakunde eskatzaileko kide diren erakunde guztiek–
– Enplegua lortzeko orientazioa eta enplegurako eta/edo autoenplegurako motibazioa.
– Laneratzean laguntzeko prozesuak.
Jarduera horiek deialdi honetako 5.3 artikuluan deskribatutako programa hauetakoren baten laguntzarekin eginak izan behar dute:
b) III. eranskinak adierazitako moduan, jardun-eremuaren edo -azpieremuaren barruan, gehienez 10 puntu emango dira zerbitzua emateko instalazioak jartzeko aukeratutako udalerriarengatik. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, puntuatzeko orduan, jardun-eremu horretan punturik gehien lortzen duena baino ez da hartuko kontuan.
c) Lau puntu emango dira, erakundeak kokapen bat baino gehiago baditu jardun-eremuaren edo -azpieremuaren barruan, betiere, kokapen horiek 5.4.1 eta 5.4.2 puntuetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Kokapen horietan, erakundeak eremu edo azpieremu horretan ematen dituen ordu guztien % 25 edo gehiago diruz lagundutako ekintzetarako izango dira.
d) Puntu bat emango da baldin eta esparru osagarri bat badago pertsona erabiltzaileen eskura, enplegua bilatzeko tresna eta materialak erabiltzeko aukera ematen duena; horien artean, Interneterako sarbidea eta Wifi konexioa dituen ordenagailu bat, gutxienez. Erakunde batek kokapen bat baino gehiago badu jardun-eremuaren barruan, puntuatzeko orduan, b) idatz-zatian puntu gehien lortzen duena baino ez da hartuko kontuan.
3.– Eskabideak aurreko atalaren arabera baloratu ondoren, diru-laguntza banatzeko eta esleitzeko honako prozedura hau erabiliko da:
a) Entitate eskatzaile bakoitzari eman zaion puntuazioari dagokion ehunekoa kalkulatuko da, jardun-eremu edo -azpieremu berean parte hartzen duten entitate guztiek lortutako guztizko puntuazioaren arabera.
b) Jardun-eremu edo -azpieremu bakoitzean banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopuruari aplikatuko zaio lortutako ehunekoa, zenbaki oso hurbilenaren arabera biribilduta. Entitate eskatzaile bakoitzari egokitu zaion bloke-kopurua esleituko zaio handienetik txikienerako hurrenkeran lortutako puntuazioaren arabera.
c) Behin aurreko banaketa egin ondoren, esleitu gabeko blokerik geratzen bada eremuren edo azpieremuren batean, banatu beharreko ordu-blokeen guztizko kopurutzat hartuko dira bloke horiek, eta ordena honen arabera esleituko:
– Lehenik, b) atalaren arabera eremu edo azpieremu berean blokeren bat esleitu zaien entitateen artean, baldin eta eskaturiko bloke-kopuru guztiak eskuratu ez badituzte. Banaketa hori egiteko aurreko a) eta b) ataletan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da berriro.
– Bigarrenik, orientazioko ordu-blokerik esleitu ez zaien entitateen artean. Banaketa hori egiteko aurreko a) eta b) ataletan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da berriro.
d) Ordu-blokeen esleipenean berdinketarik badago guztizko puntuazioetan, lehentasun-hurrenkera honetan egingo da esleipena:
– Lehentasuna izango dute ordu-bloke gutxien esleitu zaizkien entitateek. Banaketa hori egiteko, aurreko banaketetan erabilitako prozedura bera erabiliko da.
– Aurreko irizpidea bete ondoren puntu-berdinketak bere horretan badirau, artikulu honen 2.a) atalean puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna.
– Aurreko irizpidea bete ondoren puntu-berdinketak bere horretan badirau, artikulu honen 2.b) atalean puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna.
– Aurreko irizpidea bete ondoren puntu-berdinketak bere horretan badirau, artikulu honen 2.c) atalean puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna.
– Aurreko irizpidea bete ondoren puntu-berdinketak bere horretan badirau, artikulu honen 2.d) atalean puntuazio handiena lortu duten erakundeek izango dute lehentasuna.
– Puntu-berdinketak bere horretan badirau, lehentasuna izango dute, honako ordena honetan, udalaz gaindiko administrazio publikoek, toki-administrazioek, araututako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek, enplegu-agentziek eta gainerako erakundeek.
– Puntu-berdinketak bere horretan badirau, eskaeraren sarrera-erregistroa lehenago duten erakundeek izango dute lehentasuna.
e) Azkenik, baldin eta eremuren batean ordu-blokerik sobera bada ordu-blokeak aurreko ataletan adierazitakoaren arabera esleitu ondoren, bloke horiei dagozkien orduak zati berdinetan banatuko dira eremu edo azpieremu horretan gutxienez bloke bat esleituta daukaten entitateen artean; baldin eta ez badute lortu eskaturiko guztizko bloke-kopurua, edo eskabidean onartu badute orientazio-ordu gehiago egitea aurreko atalean aurreikusitakoa gertatzen den kasurako,
10. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:
Lehendabizi, 2017ko ekitaldian, ebazpena argitaratu ondoren, emandako diru-laguntzaren % 50 ordainduko da. Diru-laguntzaren zati hori jasotzeko, entitate onuradunak ziurtagiri bidez egiaztatu behar du kontratatutako pertsonen identitatea, eta Lanbidek ziurtatu beharko du pertsona horiek alta emanda daudela Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean.
Ordainketak 180.303,63 euroko kopurua gainditzen badu, erakundeek banku-abala aurkeztu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituz. Abalaren eredua eta hura egiteko jarraibideak Lanbidek emango ditu. 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
Edonola ere, ez da bermerik eratu beharra eskatuko, baldin eta diru-laguntzen onuradunak tokiko erakundeak edo haien mendeko erakunde edo organismoak badira.
– Bigarren ordainketan, 2016ko ekitaldian, gainerako % 50a ordainduko da, ekintzak eta laneratze-helburuen lorpena justifikatu eta egiaztatu ondorengo zenbatekoa (ofizioz egiaztatuko da Gizarte Segurantzan altarik eman den). Horretarako, 3.3 artikuluan adierazitako 12 hilabeteko aldia amaitu eta hurrengo bi hiletan, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
– Emandako diru-laguntzarekin egin den jardueraren azalpen-memoria xehatua.
– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzen duena benetakoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman mekanizatutako informazioa, egindako ekintzei eta pertsonei emandako arretari buruzkoa.
– Diruz lagundutako ekintzak egin dituzten langile orientatzaileen nominen eta RED sistematik lortutako Gizarte Segurantzako kotizazio-agirien (KLA, kotizazioen likidazio-agiria, eta LIZ, langileen izenen zerrenda), kopiak eta ekintzetan egindako gastuen egiaztagiriak.
11. artikulua.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan aurreikusitakoez gain, Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan oro har ezarritakoak, baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.
b) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Europako funtsak kontrolatzen dituzten instantziek egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.
Horretarako, enpresak egindako eta diruz lagundutako orientazio-jarduketa guztien gaineko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du, gutxienez 2024ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
c) Lanbideri jakinaraztea helburu bererako beste edozein administrazioren edo erakunde publiko edo pribaturen laguntza, diru-sarrera edo baliabideak jaso izana.
d) Laguntza horiek aditzera emateko erabilitako material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dutela aipatzea, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan eta Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan; eta «Gizarte Funtsak zure etorkizunean inbertitzen du» goiburua txertatzea.
Halaber, erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
e) Ordezkariek edo ahalordedunek datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa sinatzea, deialdiko entitate onuradun guztiek onartu beharrekoa izango baita, hauekin bat: Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, lege organiko hori garatzeko erregelamendua (abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuak onartua), eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea.
2.– Orobat, deialdi honetan araututako laguntzen onuradun diren entitateek honako betebehar hauek izango dituzte: ekintzak egiten dituzten bitartean lortutako informazioa eta erabiltzaileen ebaluazioari eta asebetetzeari buruzko informazioa biltzea, kudeatzea eta iraultzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarritako protokoloak, fitxa teknikoak eta sistema informatikoak erabilita.
3.– Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, gastuaren kontularitza-erregistro bat eraman behar da, aparteko kontularitza-sistema batean eta kontularitza-kode egoki batez identifikatua.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarriko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.
12. artikulua.– Lokalaren lekualdaketa.
Deialdi honen behin betiko ebazpenaren ondoren, diruz-lagundutako ekintzak egiteko lokala aldatzeko baimena eskatu ahal izango diote onuradun erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Horretarako, beste lokal bat dutela frogatu beharko dute, eta lokal horrek eskaeran aurkeztutako lokalaren baldintza berak dituela, baldintza horien arabera baloratu baitzen lokala laguntza emateko.
Beharrezkoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldeko irizpena ematea.
13. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako baldintzetan zerbait aldatzen bada, diru-laguntza ere aldatu ahal izango da; nolanahi ere, diru-laguntzen onuraduna izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
14. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuk aldi berean jasotzea.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak administrazio honek edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek helburu bererako emandako beste edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin; hau da, diruz lagundutako orientazio-ekintza pertsona berarentzat bada, edozein erakundek gauzatzen duela ere, eta diru-laguntza edozein deialditakoa dela ere.
15. artikulua.– Arauak ez betetzea.
1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Bestalde, horrela itzulitako diru-laguntza guztiak diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Onuradun erakundeek taldeko ekintzak eskaintzeko betebeharrari dagokionez (deialdiko 3.4. artikuluan jasotakoa), ez-betetze osotzat hartuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako eta aurreikusitako taldeko ekintzen % 90 gutxienez ez garatzea. Ez-betetze horren kasuan, erakundeak taldeko ekintza horiek egiteko jasotako diru-laguntza osoa itzuli beharko du.
Aitzitik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako eta aurreikusitako taldeko ekintzen % 90 edo gehiago garatzen dituzten onuradun erakundeen kasuan, betebeharraren betetzea erabateko betetzera nabarmen hurbiltzen dela ulertuko da, eta taldeko ekintza horiek egiteko jasotako diru-laguntzaren zati proportzionala itzuli beharko da.
b) Onuradun erakundeek eremu edo azpieremu horretan egiten dituzten ordu guztien % 25 edo gehiago diruz lagundutako jarduketak egiteko erabiltzeko betebeharrari dagokionez, baldin eta deialdi honetako 9.2.c artikuluan ezarritakoaren arabera eremu edo azpieremu berean kokapen bat baino gehiago izateagatik lortu badituzte puntuak, onuradun erakundearen borondateari ez dagozkion kausengatik % 25eko ehunekoa lortuko ez balitz, diru-laguntza minoratu egingo litzateke, eta aipatutako % 25aren eta benetan egindako ehunekoaren aldea itzuli beharko du erakundeak.
16. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotzen diren laguntzak itzultzeko prozedura, honako hau izango da:
1.– Lanbideko zuzendari nagusiak laguntzak itzultzeko prozedurari ekin, eta prozedura hasi izana eta hartarako arrazoiak jakinaraziko dizkio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
2.– Alegazioak jasotakoan edo hartarako epea iragan eta jaso ez badira, prozedurari amaiera emango zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
3.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
4.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
17. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Enpleguko eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko aginduaren bidez araututa dago. Agindu horren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dira. (2012-11-02ko EHAA).
Halaber, pertsona interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak izango dituzte, legeak onartzen duen eran; horretarako, hori adierazten duen idazki bat igorri beharko dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
18. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Gainera, honako hauetan xedatutakoa aplikatu beharko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.
I. ERANSKINA
ORIENTAZIOKO ORDU-BLOKEAK LURRALDEKO JARDUN-EREMU BAKOITZEKO
II. ERANSKINA
LAN-MERKATUAN TXERTATZEKO HELBURUAK (LAN-KONTRATUA EDO AUTONOMOEN JARDUERAN HASTEA)
III. ERANSKINA
PUNTUAZIOA KOKAPENAREN ARABERA