EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017143

AGINDUA, 2017ko uztailaren 10ekoa, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena, zeinaren bidez ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko deialdien epea.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-07-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201703827
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/10/31n argitaratutako 2012/10/16ko 201200205 DEKRETUA

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatuak, 8.2 artikuluan dioenez, estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko ikasketak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoek erabakiko dute, bai Unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluak proposatuta–, bai erkidegoaren beraren ekimenez –Unibertsitatearen Gobernu Kontseilu horren adostasunarekin–, eta Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren, betiere. Lege Organiko horren 35.2 artikuluan adierazten denez, autonomia-erkidegoek eta Unibertsitate Kontseiluak baimendu beharko dituzte unibertsitateen ikasketa-planak, baldin eta Gobernuak ikasketa ofizialak emateko jarraibideekin eta baldintzekin bat badatoz, betiere.
Unibertsitateko titulu ofizialak nola egiaztatu eta akreditatu arautzen dute, batetik, Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatua) eta haren hurrengo aldaketek, eta, bestetik, Doktorego Ikasketa ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuak eta haren hurrengo aldaketek.
Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan tituluak inskribatzeak berekin ekarriko du titulu horien hasierako akreditazioa, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, betiere.
Uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak arautzen du Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskribatutako tituluen akreditazioaren segimendua nola egin eta nola berritu, eta ezartzen du, halaber, unibertsitateak akreditazioa berritzeko dagokion eskaera egin behar duela, autonomia-erkidegoek ezarritako prozedura eta epeak betez, betiere.
Horri jarraituz, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen urriaren 16ko 205/2012 Dekretua onartu zen.
Horregatik guztiagatik, eta urriaren 16ko 205/2012 Dekretuaren 3.2 artikuluan emandako eskumenari jarraituz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– 2017ko deialdirako epea ezartzea titulu ofizialen akreditazioa berritzea eska diezaioten Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuko unibertsitateek Hezkuntza Sailari. Epea 2017ko urriaren 2tik 31ra bitartekoa izango da, biak barne.
Bigarrena.– Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-tituluen akreditazioa berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dituen urriaren 16ko 205/2012 Dekretuaren 3. artikuluan arautu prozedurari jarraituko zaio.
Hirugarrena.– Prozedura hori ofiziala izango da, eta araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu, hau da, akreditazio-ebazpena aldekoa bada, titulazioa ofizialki akreditatua geldituko da. Aitzitik, prozedura amaituta, ebazpena ezeslea bada, ikasketa-plana iraungitzat joko da, eta ikasketa horietan diharduten ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko neurri egokiak hartuko dira.
Laugarrena.– Ebaluazio-prozesua egiteko, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren «Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan unibertsitate-titulu ofizialen akreditazioa berritzeko protokoloa» delakoari jarraituko zaio.
Bosgarrena.– Titulazio bakoitzari dagokion eskabidea Hezkuntza Sailaren Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzara bidali beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolamendu eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehazturiko edozein erregistrotan aurkeztu ahal izango dira, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren bulegoetan ere.
Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 10a.
Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea,
ADOLFO MORAIS EZQUERRO.