EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2017143

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, ekintzaileei laguntzeko 2017ko diru-laguntzen deialdia argitaratzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-07-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703825
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, ekintzaileei laguntzeko 2017ko diru-laguntzen deialdia egitea onartu du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ekintzaileei laguntzeko 2017ko diru-laguntzen deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu zen, 2017ko uztailaren 26ko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO 2017KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA
Azken urteotan dugun krisi ekonomiko orokorreko egoeran, dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktorea da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena bultzatzeko, era horretan enplegu- eta aberastasun-aukera berriak sor daitezen. Horregatik, guztiz beharrezkoa da beren proiektuarekin banaka eta sozialki konprometituta dauden ekintzaileei modu integral batez laguntzea prozesu ekintzailearen fase guztietan.
Euskal gizarteak badaki ekintzaileak izateak zer nolako garrantzia duen: norberaren laneko etorkizuna diseinatzearen eta sortzearen aldeko apustua egiten dute, eta aldi berean, beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzte.
Horrelako proiektuek enplegua sortzeko duten ahalmena dela-eta, guztiz beharrezkoa da haiei laguntza integrala ematea.
Ekintzailetzaren bidea ideia sortzearekin batera hasten da, eta hori egoki balioetsi eta landu ondoren, negozio edo enpresa bat abiaraztea ekar dezake, sustatzaileari behar dituen prestakuntza eta laguntza emanez gero; sendotzeko aldi bat beharko da ondoren, harik eta enpresa-ehunean sartzen den arte.
Negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta horren egituratze sistematikoa egiteko lehenengo fase horretan, funtsezkoa da sustatzaileari laguntzea, bideari ekiteko. Izan ere, horri esker, haren ideia baliozkotzat jo ahal izango da edo birmoldatzeko beharra ikusiko da. Aldi berean, sustatzaileak ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak hartuko ditu, aholkularitza- eta laguntza-jardueren bitartez.
Negozio-ideia zehatz bat duten sustatzaileei laguntza ematea funtsezko une kritiko bat da bide horretan; aipatutako laguntza hori enpresa-jarduera hasteko egin beharreko jarduerak bultzatzeko laguntza eta tutoretzako jardueren bitartez eman daiteke; eta horrek, aldi berean, lagundu egiten du sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako hainbat gaitasun eta trebetasun beregana ditzaten.
Horretaz gainera, diru-laguntzen lerro berri bat sortzen da, jarduera bati norberaren konturako langile gisa ekiteko asmoz aktibo finkoetan inbertsioak egiten dituzten pertsona horiei laguntza emateko, enpresa-proiektua finantzatzeko laguntza bat bermatuta izan dezaten hura ezartzeko lehen faseetan.
Azkenik, laguntza eman nahi zaie, baita ere, enpresa-jarduerari berriki ekin dioten pertsonetatik bultzada ekonomiko bat behar duten horiei, pertsona horiek gutxieneko errentagarritasun bat izango dutela ziurtatzeko eta, modu horretan, proiektua finkatzen laguntzeko.
Hazkunde Adimentsua eta Jakintzan eta Berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea da Europa 2020 Estrategiaren hiru lehentasunetako bat. Ildo horretatik, laguntzeko baldintza orokorrak zein finantzaketarako sarbidea hobetzea da ekimen nagusietako bat, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortzen dituzten produktu eta zerbitzu bihur daitezen bermatzeko.
Eurostat-en 2016ko laugarren hiruhilekoko datuen arabera, ezagutzen den azkena, 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 14,3koa da Europar Batasunean. Gure lurraldeari dagokionez, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkestari buruzko datuen arabera, 2017ko lehenengo hiruhilekoan, kolektibo horren langabezia-tasa % 23,77koa izan da, eta jarduera-tasa % 49,21ekoa. Aldiz, EAEko jarduera-tasa orokorra % 55,89koa da.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta horien arteko berdintasunik eza. Horrela, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2017ko lehen hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen langabezia-tasa 2 puntu handiagoa da gizonezkoena baino (gizonezkoen langabezia-tasa 10,81 da, eta emakumeena, berriz, 13,04), eta desberdintasun hori are nabarmenagoa da jarduera-tasan, emakumeena % 50,77koa baita, eta gizonena % 61,44koa. Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.
Kontuan hartu behar da, EAEko estatistika-datuen arabera, emakumezkoek gizonezkoek baino askoz ere enpresa gutxiago sortzen dituztela; izan ere, pertsona ekintzaile finkatuen artean, % 65,6 gizonezkoak dira eta % 34,4 emakumezkoak.
Deialdi hau Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 dokumentuko C.3 «Ekimen ekintzaileak modu integralean babestea» izeneko norabidearen baitan txertatzen da, non honako orientabide hauek proposatzen diren:
– Aholkularitzaren erabilgarritasuna azpimarratzea, laguntza ekonomikoen aldean.
– Bizkortzean eta egonkortzean enfasi handiagoa jartzea; izan ere, egungo zerbitzuak sorkuntza fasean zentratzen dira gehienbat.
– Genero-ikuspegia txertatzen duten ekintzailetza babesteko baliabide espezifikoak diseinatzea eta eskaintzea.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2017ko uztailaren 26ko saioan, ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdia onartu du, baldintza hauetan.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdi honen xedea da enpresa-proiektuen sustatzaileei 2017an eman beharreko diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, lau laguntza-lerroren bitartez:
a) Ekintzaile izan daitezkeen pertsonei zuzendutako laguntzak, enpresa-ideiak sortu, aztertu eta egituratzeko lanak egin ditzaten dedikazio osoan, ekintzailetzako toki-proiektuen esparruan. (ENPRESA-IDEIAK GARATZEKO LAGUNTZAK).
b) Tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan, negozio-ideia zehaztua duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten bultzatzeko laguntzak. (ENPRESA-PROIEKTU BERRIAK ABIAN JARTZEKO LAGUNTZAK).
c) Enpresa-jarduera bat hasten duten pertsonetatik hura ezartzeko laguntza ekonomiko baten beharra duten horientzako laguntzak. (PROIEKTUA EZARTZEKO LAGUNTZAK).
d) Enpresa-jarduera bati ekin dioten pertsonei jarduera hori sendotzeko laguntzak. (ENPRESA-JARDUERA BAT SENDOTZEKO LAGUNTZAK).
2.– Era berean, deialdi honen xede dira aurreko paragrafoko a) eta b) idatzi-zatietan aipatzen diren laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak hautatu eta horiei laguntza eta/edo tutoretza emateko laguntzak; 3. artikuluan aurreikusitako toki-erakunde laguntzaileek egin beharrekoa da lan hori.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 4.100.000 eurokoa da, eta, horietatik, 2.705.000 euro 2017. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2018rako konpromiso-kredituan sartuko dira 1.395.000 euro, 32110– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren erabilera izeneko programan aurreikusitakoaren arabera.
2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa aipatu diren diru-laguntza lerroen artean banatzekoa da, honela:
a) Enpresa-ideia bat garatzeko laguntzak finantzatzeko, II. kapituluan arautuak: 371.406 euro, 2017ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 207.988 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
– 163.418 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
b) Negozio-ideia zehaztu bat duten ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzak finantzatzeko, III. kapituluan arautuak: 410.000 euro; horietatik, 205.000 euro 2017ko ordainketa-krediturako dira, eta, 205.000 euro, 2018ko konpromiso-krediturako.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 230.000 euro –115.000 euro 2017ko ordainketa-krediturako eta 115.000 euro 2018ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
– 180.000 euro –90.000 euro 2017ko ordainketa-krediturako eta 90.000 euro 2018ko konpromiso-aurrekonturako– bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
c) Enpresa-proiektu bat ezartzeko laguntzak finantzatzeko, IV. kapituluan arautuak: 1.000.000 euro, 2017ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkionak.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 560.000 euro bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
Halaber, zenbateko horretatik, 224.000 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat; erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.
– 440.000 euro bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
Halaber, zenbateko horretatik, 176.000 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat; erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.
d) Enpresa-jarduera bat finkatzeko bideratutako laguntzak finantzatzeko, V. kapituluan arautuak, 1.990.742 euro; horietatik, 915.742 euro 2017ko ordainketa-krediturako dira, eta, 1.075.000 euro, 2018ko konpromiso-krediturako.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 1.114.816 euro (512.816 euro 2017ko ordainketa-krediturako eta 602.000 euro 2018ko konpromiso-aurrekonturako) bideratuko dira 18 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago dituzten gazte ekintzaileentzako laguntzetarako.
Halaber, zenbateko horretatik, 445.926 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat (205.126 euro 2017ko ordainketa-krediturako eta 240.800 euro 2018ko konpromiso-aurrekonturako); erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.
– 875.926 euro (402.926 euro 2017ko ordainketa-krediturako eta 473.000 euro 2018ko konpromiso-aurrekonturako) bideratuko dira 30 urte edo gehiago dituzten ekintzaileentzako laguntzetarako.
Halaber, zenbateko horretatik, 350.370 euroko kreditu-erreserba ezartzen da emakumeentzat (161.170 euro 2017ko ordainketa-krediturako eta 189.200 euro 2018ko konpromiso-aurrekonturako); erreserba hori agortzen ez bada, soberakina kolektibo horretako gizonentzako laguntzetarako erabiliko da.
e) Erakunde laguntzaileek onuradunak hautatzeko eta laguntzeko jarduerak finantzatzeko (deialdi honetako 3. artikuluan aipatua), 327.852 euro; horietatik, 212.852 euro 2017ko ordainketa-krediturako dira, eta, 115.000 euro, 2018ko konpromiso-krediturako.
Zenbateko hori honela banatuko da:
– 97.852 euro bideratuko dira (2017ko ordainketa-kredituari dagozkionak) II. kapituluan (Enpresa-ideia bat garatzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko diru-laguntzetarako.
– 230.000 euro bideratuko dira (115.000 euro 2017ko ordainketa-krediturako eta 115.000 euro 2018ko konpromiso-aurrekonturako) III. kapituluan (Enpresa-proiektu berriak abian jartzea) jasotako laguntzen onuradun diren sustatzaileak hautatu eta laguntzeko diru-laguntzetarako.
3.– Diruz laguntzeko lerroak finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoei dagokienez, aurreikusitako bi kolektiboetako batean, pertsona ekintzaileentzako laguntzetarako kreditua agortzen ez bada, soberakina beste kolektiborako aurreikusita dauden laguntzak ordaintzeko erabiliko da. Era berean, baldin a), b), d) eta e) lerroengatik emango diren diru-laguntzen zenbatekoa ez bada iristen izendatutako aurrekontu maximora, funtsen soberakina erabili ahal izango da osorik finantzatu ezin izan diren beste lerro batzuk finantzatzeko.
3. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan (negozio-ideia bat aztertu eta garatzea, eta enpresa-proiektu berriak abian jartzea) araututako laguntzen onuradunen hautaketa, laguntza eta/edo tutoretza Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek edo kuadrillek (eta horien mendeko erakundeek) egin beharko dute, baldin eta Eskualdeko Enplegu Planak egiteko eta gauzatzeko laguntzen deialdietan parte hartu badute eta aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena jaso badute erakunde laguntzaile gisa jarduteko. Eskualdeko Enplegu Plan horiek honako hauetan daude araututa: 2012ko maiatzaren 9ko Agindua, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena (maiatzaren 23ko EHAAn argitaratua), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2012ko uztailaren 26ko Erabakia (abuztuaren 29ko EHAAn argitaratua, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez).
2.– Nolanahi ere, hartarako gaitasun tekniko nahikoa dutela egiaztatzea baldintza izango da sustatzaileei laguntza eta/edo tutoretza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko. Horretarako, ondoren adierazten diren baldintzak bete beharko dira:
– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko lanetan.
– Sustatzaileei laguntzeko langile egokiak eta nahikoak izatea.
3.– Sustatzaileak hautatu eta haiei laguntza eta tutoretza emateko jarduerez gain, deialdi honen II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatu eta ordainduko dituzte erakunde horiek.
4.– Erakunde laguntzaileek diru-laguntza jaso ahalko dute pertsona ekintzaileak hautatu eta haiei tutoretza emateagatik, baldin eta pertsona ekintzaile horiek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta diru-laguntza esleitu bazaie. Diru-laguntza horiek 300 eurokoak izango dira enpresa-ideia bat garatzeko proiektuetan, eta 1.000 eurokoak enpresa-jarduera berriak abian jartzeko proiektuen kasuan.
Laguntza horiei deialdi honen VI. kapituluan jasotako aurreikuspenak aplikatuko zaizkie, prozeduraren instrukzioari eta ebazpenari buruz 25. artikuluan xedatutakoa eta 26. eta 31. xedatutakoa izan ezik; prozeduraren instrukzioa eta ebazpena artikulu honetan xedatzen dira.
5.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde laguntzaileen izaera lortzeko eskabideak, bai eta dagokion diru-laguntza emateko eskabideak ere, I. eranskinean jasotako eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dira (http: //www.lanbide.euskadi.eus helbidean eskura daiteke), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
6.– Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
– Ekintzailetza-proiektua, non hauek jasoko baitira: aholkularitza- eta laguntza-prozesuan sustatzaileekin garatuko diren jarduerak; arreta emango zaien pertsonen kopurua; desberdindu egingo dira aholkularitza- eta tutoretza-jarduerak, enpresa-ideia bat garatzeko badira edota enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko badira; halaber, jarduera bakoitzeko, zehaztu egingo dira arreta emango zaien 30 urtetik beherako pertsona-kopurua eta 30 urteko edo hortik gorako pertsona-kopurua, datuak sexuaren arabera bereizita. Nolanahi ere, proiektuan aurreikusi behar da emakume ekintzaileen % 40ri arreta ematea.
– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-zereginak gauzatzeko gaitasun tekniko eta materialari buruzkoa, esperientzia egiaztatuko duena eta jarduera aurrera eramango duten pertsonak zehazten dituena.
– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena; publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak errespetatu beharko ditu prozesuak, genero-aldagaia barne, hautatutako pertsonen % 40 gutxienez emakumeak izan daitezen ahalegintzeko.
7.– Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2017ko irailaren 15ean amaituko da.
8.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskabideak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
9.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, aztertu egingo dira, eta erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena emango zaie deialdian aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenei –horietako bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua eta -mota zehaztuz– eta dagokien diru-laguntza emango zaie.
Erakunde laguntzaileek artatuko dituzten pertsonen kopurua eskabidean proposatutakoaren arabera zehaztuko da, betiere deialdi honen II. eta III. kapituluetan sustatzaileei emateko laguntzak estaltzeko aurreikusitako baliabide ekonomikoak ahalbidetzen duten mugaraino, 2. artikuluan araututako baldintzetan. Baldin eta baliabide ekonomiko horiek ez badira aski erakunde laguntzaileek artatu nahi dituzten pertsona guztientzako laguntzak estaltzeko, murriztu egingo da erakunde laguntzaile bakoitzak artatu beharreko pertsona-kopurua, eskatutakoaren araberako proportzioan.
10.– Deialdi honen barruan sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena, bai eta bertan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzekoa ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emango da; dagokion lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da haren baldintzak zehazteko, betiere II. eranskinean jasotako ereduaren arabera.
Ebazpenean zehaztuko da, ebazpen bakarra izango baita, zenbat pertsona artatuko diren, sexuaren arabera, diru-laguntza lerro eta kolektibo bakoitzeko, bai eta pertsona horiek hautatu eta horiei laguntza edota tutoretza emateagatik erakunde laguntzaileari eman beharreko diru-laguntza ere.
Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, diru-laguntza jasotzeko eskabidea ezetsitzat joko da.
Lanbideren web-orrian (http://www.lanbide.euskadi.eus) jakinaraziko dira deialdi hau egikaritzeko laguntzaile gisa jarduteko baimena duten erakundeak, bai eta erakunde bakoitzak zenbat pertsona hartuko dituen ere.
11.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
12.– 30 egun balioduneko epea izango dute erakunde laguntzaileek, ebazpena jakinarazten den unetik zenbatzen hasita, ekintzaileei laguntza edota tutoretza ematen hasteko.
13.– Erakunde laguntzaileei honela ordainduko zaie diru-laguntza:
a) Enpresa-ideia bat garatzen laguntzeko jarduerei dagokienez, ordainketa bakarra egingo da, 300 euro pertsona bakoitzeko, laguntzeko prozesua hasten denean, 2017ko ordainketa-kredituaren kargura.
b) Enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzei dagokienez, bi alditan ordainduko dira:
Pertsona bakoitzeko 500 euroko lehenengo ordainketa bat, 2017ko ordainketa-kredituaren kargura, laguntzeko prozesua hasten denean.
Pertsona bakoitzeko 500 euroko bigarren ordainketa bat, 2018ko konpromiso-kredituaren kargura, prozesua osatzen duen eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta hartzen duen pertsona sustatzaile bakoitzeko. Erakunde laguntzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan deialdi honen 13. artikuluaren azken paragrafoak aipatzen duen dokumentazioa aurkezten duenean egingo da bigarren ordainketa hori.
II. KAPITULUA
«ENPRESA-IDEIA» BAT GARATZEKO LAGUNTZAK, EKINTZAILETZAKO TOKIKO PROIEKTUEN ESPARRUAN
4. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.
1.– Kapitulu honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko, edozein jarduera-adarretan eta arduraldi esklusiboko erregimenean, 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten sustatzaileen aldetik, betiere deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunderen baten laguntzako eta/edo tutoretzako tokiko proiektuetan parte hartzen badute.
2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak.
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Lehendik alta emanda ez egotea ez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.
d) Edozein jarduera-adarretako enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko ideia bat izatea.
e) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako bateko aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.
f) Aurreko deialdietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.
2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:
a) Euren enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko zereginetan arduraldi esklusiboan jardutea.
b) Enpresa-ideia bat sortze eta garatze aldera deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek aholkularitza emateko eta laguntzeko finkatutako jarduera guztietara bertaratzea.
c) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Sustatzaileei euren enpresa-ideia garatzeko eman beharreko laguntzaren zenbatekoa gutxienez ere 1.000 eurokoa eta gehienez ere 1.300 eurokoa izango da pertsona sustatzaile bakoitzeko.
Gutxieneko zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, laguntza-prozesua hasteko unean. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.
7. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek egiaztatu egingo dute eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza eta/edo tutoretzako programan parte hartzen duela egiaztatzen duena; laguntza eta/edo tutoretzako planean aurreikusitako jarduerak jasoko dira bertan.
3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntza ordainketa bakarrean ordainduko zaie onuradunei, laguntza eman eta gero, 3. artikuluan aurrez ikusitako erakunde laguntzaileen aldetik.
III. KAPITULUA
EKINTZAILETZAKO TOKI-PROIEKTUEN ESPARRUAN, ENPRESA-JARDUERA BERRIAK ABIAN JARTZEA SUSTATZEKO LAGUNTZAK
9. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Kapitulu honen babespean, diruz lagundu ahal izango da 10. artikuluan aurrez ikusitako betekizunak betetzen dituzten sustatzaileek enpresa- edo negozio-proiektu bat abian jartzeko beharrezkoak diren jarduerak garatzea, arduraldi esklusiboko erregimenean; jarduera horiek deialdi honen 3. artikuluan aipatutako erakunde laguntzaileetako baten laguntza eta tutoretza izan beharko dituzte.
2.– Kapitulu honen babespean garatutako jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute gutxienez.
10. artikulua.– Onuradunak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira laguntza-prozesua hasteko unean eta eskabidea aurkeztekoan betekizun hauek betetzen dituzten ekintzaileak:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) Langabea izatea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Enpresa edo negozio berri bat ezartzeko bideragarritasun-plan bat izatea, dagokion erakunde laguntzaileak laguntza-fasean baliozkotua.
d) Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakundeetako baten aholkularitza eta laguntza jasotzeko prozesuan sartuta egotea.
e) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, baita lantokia ere.
f) Aurreko deialdietan jarduera berri bat martxan jartzeko asmoz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko kudeatu dituen deialdietan jasota dauden laguntzetako bakar baten onuradun ez izatea.
2.– Laguntza horien onuradunak izateko, hauxe egiteko konpromisoa hartu behar dute sustatzaileek:
a) Enpresa edo negozioa abian jartzen soilik aritzea.
b) Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek enpresa edo negozioa ezartzeko zehaztutako aholkularitzako eta laguntzako jarduera guztietara joatea.
c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematea, gehienez ere 3 hilabeteko epean, negozioa abian jartzeko diruz lagundutako tutoretza eta laguntzako prozesua amaitzen denetik zenbatzen hasita. Alta horren titularrak edozer forma juridiko har dezake, baldin eta sustatzaileak egiaztatzen badu, hala dagokionean, sozietate-harremana duela harekin eta baldin eta xede soziala bat badator tutorizatutako proiektuarenarekin.
Epe horretan ekintzaileek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta ematen ez badute, diru-laguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.
d) Helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Sustatzaileei gutxienez 1.500 euroko eta gehienez 1.950 euroko diru-laguntza emango zaie enpresa-proiektu berriak abian jartzeko.
Gutxieneko zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada laguntza-prozesua hasteko unean. Horrez gain, beste % 15eko igoera izango du baldin eta sustatzailea emakumezkoa bada.
12. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak III. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (http://www.lanbide.euskadi.eus web-orrian), eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakundeen bitartez, betiere horiek ekintzailearen laguntza eta/edo tutoretzako zereginak egiten badituzte. Erakunde horiek egiaztatu egingo dute eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntzak emateko beharrezkoak diren baldintzak eta betekizunak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzaileak laguntza- eta/edo tutoretza-programan parte hartzen duela egiaztatzen duena. Ziurtagiri horretan jasoko dira laguntza- eta/edo tutoretza-planean aurrez ikusitako jarduerak.
3.– Kapitulu honetan araututako laguntzen eskabideak aurkezteko 7 egun balioduneko epea egongo da, laguntzeko prozesua hasi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.
13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Deialdi honen 3. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko dizkiete diru-laguntzak onuradunei:
– Lehenengo ordainketa: emandako diru-laguntzaren % 50, 2017ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura, diru-laguntza eman ostean eta bideragarritasun-plana eratu eta enpresa-proiektua ezartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta gero.
– Bigarren ordainketa: gainerako % 50a, 2018ko konpromiso-kredituaren kargura, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (EJZ) alta eman eta gero; ordainketa hori egiteko, lehenengo, erakunde laguntzaileari aurkeztu beharko dio EJZn alta eman izanaren kopia eta eginiko jarduerak zehaztuko dituen azken memoria, gehienez ere hiru hilabeteko epean laguntza-prozesua amaitu zenetik.
IV. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ETA «PROIEKTUA EZARTZEKO» LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZA EKONOMIKOAK
14. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira aktibo finko hauetan egiten diren inbertsioak, baldin eta jarduerarekin lotura zuzena badute:
– Makinak.
– Instalazioak.
– Erremintak.
– Altzariak.
– Informazioa prozesatzeko ekipoak.
– Enpresa-jarduerari edo jarduera profesionalari zuzenean eta esklusiboki lotutako garraio-elementuak.
– Frankizia-kontratuak.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako inbertsioak diruz lagundu ahal izateko, horiek 5.000 euro edo gehiagokoak izan behar dute, eta onuradunak eginak behar dute, EJZn alta eman baino hiru hilabete lehenago hasi eta EJZn alta eman ondoko hiru hilabete igaro baino lehenagoko tarte horretan. Edonola ere, diruz lagundu ahal izango dira, bakar-bakarrik, 2017ko urtarrilaren 1ean hasi eta diru-laguntza eskatu den egunera arteko exekuzio-epean gauzatutako inbertsioak.
3.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
15. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:
a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere diru-laguntza nork bere izenean eskatzen badu.
Betiere, eskabidea aurkezten duten unetik, honako gutxieneko baldintza hauek betetzen badituzte:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) EJZn alta emateko egunean lanik gabe eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.
c) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2017ko urtarrilaren 1etik deialdi hau EHAAn argitaratzen den datara arteko aldian.
d) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokiak ere bertan egon beharko du.
e) Jarduera bera gauzatu ez izana, norberaren konturako langile gisa, Ekonomia Jardueren Zergan alta eman aurreko sei hilabeteetan.
2.– a) eta d) letretan adierazitako baldintzei urte batez eutsi behar zaie, gutxienez ere, EJZn alta eman den egunetik zenbatzen hasita.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren gutxieneko zenbatekoa 3.500 eurokoa eta gehieneko zenbatekoa 4.550 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko.
Gutxieneko zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, diru-laguntza ez da inola ere ez 10.000 euro baino handiagoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da kalkulatzeko zer diru-laguntza dagokion bazkide bakoitzari: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituen eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaio 10.000 euro-ei, harik eta 1. zenbakian xedatutakoaren arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekora iritsi arte.
17. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntzak lortzeko eskaerak V. eranskinean jasotako eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek. Eredu hori honako toki hauetan eskuratu ahal izango da: http://www.lanbide.lanbide.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria.
d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.
e) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.
f) Inbertsioen plana, diruz lagun daitezkeen aktibo finkoen araberakoa.
g) Gauzatutako inbertsioak frogatzen dituzten fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan horien frogazko balio bera duten dokumentuak, edo eraginkortasun administratiboa dutenak, bai eta ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.
3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak. Bazkide bati edo bat baino gehiagori diru-laguntza eman ondoren, ondasun-erkidego edo sozietate zibileko beste kide batek eskaera aurkezten baldin badu, hura ebaztean kontuan hartuko dira gainerako bazkideei emandako laguntzak. Horrelakoetan, aurretik emandako diru-laguntzen zenbatekoa aldatu ahal izango da, 16.2. artikuluan aurreikusitako diru-laguntza osoaren muga ez gainditzeko, eta kide bakoitzari dagokion zenbatekoa egokitu ahal izango da berdintasunez, aipatu xedapenean araututakoari jarraituz.
4.– Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2017ko urriaren 6an amaituko da.
5.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil batek egindako inbertsioen frogagiriak, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaizkio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.
18. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
Aldi bakarrean ordainduko zaie diru-laguntza onuradunei, hura eman ondoren.
V. KAPITULUA
ENPRESA-JARDUERA BAT HASI ONDOREN, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZAK
19. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honen babespean diru-laguntza jaso ahal izango da enpresa sortu berri baten proiektua sendotzeko beharrezko diren sustapen-, funtzionamendu- eta kudeaketa-gastuak ordaintzeko:
– Langile Autonomoen Araubide Berezian norbere konturako langile gisa eginiko kotizazioaren ordainketari dagozkion kuotak, edo, hala badagokio, Gizarte Segurantzakoak edo nahitaezko mutualitate profesionalari dagozkionak. Gastu hori ez da hartuko diruz lagun daitekeen gastutzat, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo beste administrazio publiko batzuek diruz lagundu badute.
– Proiektuari lotutako komunikazio-gastuak: publizitate- eta merchandising-kanpainak, saltoki eta ibilgailuen errotuluak, errotuluen argiztapena eta diseinua, inprimaketa eta publizitatea eskuz banatzea.
– Web orrien eta sare sozialen diseinua, publizitate bannerrak beste enpresa baten web orrian, web orrialdeen mantentze-lanak, web orrian pluginak sartzearekin loturiko gastuak eta Facebooken sustatzeko zerbitzuen kostua.
– Aholkularitza (zerga-, lan-, kontabilitate- edo administrazio-arloan, liburu-edukitzailetzarekin eta eguneroko zerga- eta kontabilitate-arloko betebeharrekin loturikoak, lan arriskuekin loturikoak, erakusleihoak aldatzeko eta hobetzekoak...) eta coaching-gastuak.
– Ekintzaileak eginiko prestakuntza-ikastaroak, zuzenean enpresa abian eta funtzionamenduan jartzearekin lotura dutenak.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako gastuei dagokienez, diruz lagunduko dira 6 hilabeteko epean egindako gastuak, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. 6 hilabete horiek hartuko dira diruz lagundutako alditzat.
3.– Aholkularitza emateaz eta laguntzeaz ardura daiteke legez eratutako edozein erakunde edo enpresa, haren jardueran sartzen badira diruz lagunduko diren jarduerak.
4.– Zeharkako zergak ezin izango dira diruz lagundu, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu ahal badira, ez eta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.
20. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun honako hauek izango dira:
a) Enpresaburuak eta banako profesionalak.
b) Ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako kideak, betiere diru-laguntza nork bere izenean eskatzen baldin badu.
Betiere, eskabidea aurkezten duten unetik, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) EAEn erroldatuta egotea eta benetan bertan bizitzea.
b) Alta emanda egotea EJZn (enpresaburua, norbanako profesionala edo ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila, hala badagokio) eta langile autonomoen araubide berezian edo, norberaren konturako langile gisa, kasu bakoitzean Gizarte Segurantzan dagokionean, edo nahitaezko mutualitate profesionalean, 2016ko apirilaren 16tik deialdi hau EHAAn argitaratzen den datara arteko aldian.
c) Enpresa-jarduerak EAEn izan beharko du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokiak ere bertan egon beharko du.
d) Diru-laguntzen lerro horren beraren onuradun suertatu ez izana aurreko deialdietan.
2.– a) eta c) idatzi-zatietan jasotako baldintzei eutsi egin beharko zaie, gutxienez, diruz laguntzeko epea amaitu arte.
21. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Kapitulu honetan araututako laguntzaren gutxieneko zenbatekoa 2.500 euro eta gehieneko zenbatekoa 3.250 euro da onuradun bakoitzeko.
Gutxieneko zenbateko hori % 15 handituko da baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada, eskaera aurkezteko unean, eta beste % 15, baldin eta emakumea bada.
2.– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak osatzen dituzten kideen kasuan, diru-laguntza ez da inola ere 6.000 eurotik gorakoa izango kide guztientzat. Muga hori aplikatu behar baldin bada, formula hau erabiliko da bazkide bakoitzari zer diru-laguntza dagokion kalkulatzeko: deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile bakoitzaren partaidetza-ehunekoa aplikatuko zaie 6.000 euro-ei, harik eta 1. zenbakian xedatutakoaren arabera legokiokeen diru-laguntzaren zenbatekora iritsi arte.
22. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta horiek aurkezteko epea.
1.– Kapitulu honetan aurrez ikusitako laguntzak lortzeko eskaerak IV. eranskinean jasotako eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dituzte ekintzaileek. Eredu hori honako toki hauetan eskuratu ahal izango da: http://www.lanbide.lanbide.eus web-orrian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan. Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
b) EAEko errolda-ziurtagiria edota erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.
c) EJZn alta eman izanaren egiaztagiria.
d) Gizarte Segurantzako Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta eman izanaren egiaztagiria, norberaren kontura lan egiten dutenei dagokien araubide berezian, edo kasuan kasuko mutualitate profesionalean.
e) Hala badagokio, ondasun-erkidegoa edo baltzu zibila eratzearen egiaztagiria.
3.– Baldin eskatzaileak ondasun-erkidego edo sozietate zibil batean sartuta badaude, horietako bazkide bakoitzak, bere izenean, eskabide bat egin beharko du, eta guztiek batera aurkeztu beharko dituzte beti eskabideak.
4.– Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2017ko urriaren 6an amaituko da.
23. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.
1.– Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie onuradunei:
– Lehenengo ordainketa: diru-laguntzaren % 46 diru-laguntza ematea onartu ostean, 2017ko aurrekontuko ordainketa-kredituaren kargura.
– Bigarren ordainketa: 2018ko konpromiso-kredituaren kargura, benetan egindako eta egiaztatutako gastuengatik, eta gehienez ere gainerako % 54a. Aldez aurretik, egindako gastua justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira: sortu berri den enpresa sustatzeko, abian jartzeko eta kudeatzeko gastuei buruzko fakturak (14. artikuluan aurrez ikusitako gastuak). Fakturekin batera, ordainketa egin izana eta zein egunetan egin den justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Ondasun-erkidego edo sozietate zibil baten faktura aurkezten bada, entitate hori osatzen duen kide bakoitzari egotziko zaio, betiere bakoitzak duen partaidetza-portzentajearen arabera.
3.– Justifikatutako zenbatekoa emandako diru-laguntza baino txikiagoa bada, diru-laguntza doituko da, eta, hala badagokio, aldea itzuli beharko da.
4.– Egindako gastua justifikatzeko agiriak aldi bakarrean aurkeztuko dira, diruz lagundutako aldiaren hurrengo hilabetea amaitu baino lehen.
VI. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK
24. artikulua.– Diru-laguntzen pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen onuradunak izango diren pertsonek eta erakudeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki beharko dituzte.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du tributu-betebehar eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar horiek egunean dituztela, eta, diru-laguntza eman baino lehen eta ordainketa bakoitza egitean, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, egoera hori egiaztatzeko agiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
2.– Ezin izango dira deialdi honetan aurrez ikusitako laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatzen diren gainerako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak, ezta sexu-diskriminazioa egiteagatik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.
3.– Bestalde, onuradunei ez zaie esleitutako laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzengatik zigor-prozedura batean edo diru-laguntzak itzultzeko prozedura batean sartuta badaude, eta prozedura horiek oraindik ere izapidetzen ari badira.
25. artikulua.– Prozedura izapidetzea eta ebaztea.
1.– Prozedura ebazteko organo eskuduna Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da, eta eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak dauka, alde batera utzi gabe II. eta III. kapituluetan araututako laguntzak izapidetzeko erakunde laguntzaileei esleitzen zaizkien zereginak, zeinak aipatutako Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo baitituzte.
2.– Aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzen eskabideak, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzeak gorabehera, behin aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskaera aurkezten den egunetik zenbatzen hasita, eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zer onuradunek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer onuraduni emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
26. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– II. kapituluan aurrez ikusitako laguntzen onuradunek memoria bat aurkeztu beharko dute erakunde laguntzailearen aurrean, laguntza eta/edo tutoretza amaitu eta hurrengo hilabetean. Memoria horretan, hauek zehaztu beharko dira: laguntza jasotzeko aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko esparruan egin diren lanak eta proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena. Laguntzeaz eta/edo tutoretzaz arduratutako erakundeak sinatu beharko ditu dokumentu horiek.
2.– III. kapituluan aurreikusitako laguntzen onuradunek Ekonomia Jardueren gaineko Zergan emandako altaren kopia eta amaierako memoria bat –egindako jardueren zehetasunak adieraziz– aurkeztu beharko dizkiote erakunde laguntzaileari, hiru hilabeteko epean, laguntzeko prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita. Erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-plangintzaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.
Ekintzaileak ez badu alta ematen Ekonomia Jardueren gaineko Zergan 10.2.c) artikuluan ezarritako epean –3 hilabete, negozioa abian jartzeko tutoretza eta laguntza prozesua amaitu den egunetik zenbatzen hasita–, onetsitako diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du, horretarako dagokion espedientea izapidetu ostean.
3.– Deialdi honen V. kapituluan jasotako laguntzei dagokienez, 23. artikuluan ezartzen den moduan eta epean justifikatuko dira.
4.– Diru-laguntza aurreikusitako epeen barruan justifikatu ezean, jasotako diru-laguntza guztia itzuli beharko dute onuradunek; horrenbestez, artikulu honetan aurreikusitako epeak amaitzen badira justifikazioa gauzatu gabe, dagokion prozedurari ekingo zaio jasotako zenbatekoak itzuli beharra adierazteko eta ordaintzeke daudenak eskuratzeko eskubidea galdutzat jotzeko.
27. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Pertsona eta erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:
– IV. kapituluan aurrez ikusi diren diru-laguntzen onuradunek diruz lagunduko den jardueran izena emanda egon behar dute, eta 15. artikuluan adierazitako onuradun-taldeetako baten barruan egon, urtebetez gutxienez ere, EJZn alta eman den egunetik zenbatzen hasita.
– V. kapituluan aurrez ikusitako diru-laguntzen onuradun izango diren pertsonek diruz lagunduko den jardueran altan egon behar dute, eta 20. artikuluan aipatutako talde onuradunetako baten barruan egon behar dute gutxienez sei hilabetez, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
– Frogatu behar dute laguntza emateko eta hura baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera gauzatzen dutela.
– Honako hauen egiaztatze- eta kontrol-jarduketei baiezkoa ematea: erakunde laguntzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
– Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntzaren bat edo diru-laguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.
– Gertaeraren batek funtsezko eran eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
– Enpresaren dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
28 artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako diru-laguntza aldatzea, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
29 artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honen 3.4 artikuluan eta II. eta III. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango beste edozein administrazio edo erakunde publikok zein pribatuk emandako edozein motatako diru-laguntza edo laguntzarekin, baldin eta helburu edo xede berarekin ematen badituzte.
IV. eta V. kapituluetan aurreikusitako diru-laguntzak ez dira bateragarriak bata bestearekin, ez eta beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako beste edozer eratako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin ere, baldin eta azken horien helburua autoenplegua sustatzea bada, salbu eta langabezia-prestazioaren kapitalizazioa ez bada.
30 artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso dituzten pertsona edo erakunde onuradunek ez baldin badituzte betetzen Diru Laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan modu orokorrean aurrez ikusitako betebeharrak, edo baldin badaude Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1. artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/206 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluetan adierazitako egoeraren batean, edo ez baldin badira betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzetatik edozein, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpenaren bidez ezarriko du, hala baldin badagokio betiere, jasotako kopuruak osorik edo hein batean itzultzeko eta berandutze-interesak ordaintzeko betebeharra, azken horiek, diru-laguntza ordaindu zenetik zenbatzen hasita, hori guztia egoki diren gainerako ekintzak eragotzi gabe, eta abenduaren 17ko 698/1981 Dekretuan ezarritakoa betez (698/1981 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu). Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– II. eta III. kapituluetan aipatutako laguntza eta/edo tutoretzako prozesua aldez aurretik utziz gero, horren zergatia edozein dela ere, hauxe izango da emandako diru-laguntza itzultzeko araubidea:
a) Prozesua hasi eta hilabete igaro aurretik utziz gero, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko du, eta egin gabe dauden ordainketak ezeztatuko dira, horrelakorik badago.
b) Lehenengo hilabetea igaro ondoren eta laguntza-lana amaitu baino lehen utziz gero prozesua, zenbateko hauek itzuli beharko ditu:
II. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, 500 euro itzuliko dira.
III. kapituluan araututako diru-laguntzaren kasuan, itzuli beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, jasotako zenbatekoari 500 euro kenduko zaizkio.
Halaber, ordaindu gabe dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko du.
Nolanahi ere, proiektua bertan behera utzi aurretik gauzatutako jarduerei buruzko memoria aurkeztu beharko da. Bestela, diru-laguntza justifikatuta ez dagoela ulertuko da mantentzen den zenbatekoari dagokionez, eta 26.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da. Horren ondorioz, diru-laguntza osoa itzuli beharko da.
3.– Baldin IV. eta V. kapituluetako diru-laguntzen onuradun diren pertsona ekintzaileak ez badaude jardueran alta emanda edo alta emanda bai baina ez badaude deialdiko 15. eta 20. artikuluetan aipatutako taldeetako bateko kide bezala alta emanda, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko dute 27. artikuluan adierazitako gutxieneko epeetan.
Era berean, proiektua sendotzeko laguntzen kasuan, ordaintzeke dagoen diru-laguntzaren bigarren zatia jasotzeko eskubidea galduko dute.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen pertsonari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteko dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
5.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.
6.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritzi, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat emanez gero, interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
7.– Borondatezko epe horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
31. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, deialdi honetan araututako laguntza-eskabideak betetzearen ondorioz lortutako datu pertsonalak bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Fitxategi hori, «Enplegurako eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izenekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak datu pertsonalak biltzeko dauzkan fitxategiak arautzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduaren bidez dago araututa (2012-11-02ko EHAA).
Halaber, datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte interesdunek, legeak onartzen duen eran; horretarako, idazki bat bidali beharko dute hori jakinaraziz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
32. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Hori guztia honako hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, horrek arautu baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezarri baitziren horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.
II. ERANSKINA
LANKIDETZA-HITZARMENAREN EREDUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TOKI-ERAKUNDEEKIN SINATU BEHARREKOA, EKINTZAILEEI BABESA EMATEKO 2017KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA BURUTZEN LAGUNTZEKO.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ...............aren .....(a).
HONAKO HAUEK BILDU DIRA
Alde batetik:
Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko (aurrerantzean, Lanbide) lehendakaria den aldetik,
Beste alde batetik,.......................................... jauna/andrea, ................................ (e)ko/(r)en (alkatea edo legezko ordezkaria) den aldetik.
Bi aldeek hitzarmen hau sinatzeko eskumena eta gaitasuna aitortzen diote elkarri. Hori dela eta, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2017ko............aren.....(e)ko saioan hartutako erabakiaren bidez (EHAA zk.: ), ekintzaileei laguntzeko diru-laguntzen deialdia onartu du. Deialdi honetan, toki-erakundeen lankidetza aurreikusten da erakundearen diru-laguntza lerroetako bi hauek gauzatzeko: enpresa-ideiak garatzeko laguntzak –II. kapituluan arautzen direnak– eta enpresa-jarduera berriak abian jartzeko diru-laguntzak –III. kapituluan arautzen direnak–.
Toki-erakundeen lankidetza behar da negozio-ideiak aztertzeko eta garatzeko prozesuan zein enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan pertsona ekintzaileei laguntza eta/edo tutoretza ematen dien erakunde laguntzaile gisa jarduteko.
Bestalde, toki-erakundeen lankidetza aurreikusten da, baita ere, ekintzaileei zuzendutako laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko.
Deialdiko 3.10 artikuluan adierazi da hitzarmen bat sinatuko dela lankidetza horren baldintzak ezartzeko, behin Lanbidek programan parte hartzeko eta adierazitako jarduerak egiteko baimena ematen dionean tokiko erakundeari.
2.–.............................................................(r)i baimena eman zaio, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2017ko.................aren.....(e)ko ebazpenaren bidez, erakunde laguntzaile gisa jarduteko ekintzaileei laguntzeko eta/edo tutoretza emateko lanean, negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko eta enpresa-jarduera berriak abian jartzeko prozesuetan.
3.– Deialdiko 3.10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko (azaroaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 52.3 artikuluan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 7. artikuluan (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena), eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 16. artikuluan ezarritakoa betez, Lanbidek eta ....................................(e)k hitzarmen hau egitea erabaki dutela, beren jarduerak modu koordinatuan arautzeko, honako klausula hauek kontuan hartuta:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta...........................................................................(r)en arteko lankidetza-araubidea arautzea, ekintzaileei laguntzeko 2017ko diru-laguntzen deialdia burutzeko. Deialdi hori Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2017ko.............aren......(e)ko saioan hartutako erabakiaren bidez (EHAA,..........aren....(e)koa). Hori guztia deialdi horren II. eta III. kapituluetan araututa dauden diru-laguntzen lerroei dagokienez.
Deialdian aurreikusitako lankidetzak, hitzarmen honetan xedatutakoari jarraituz, bi eremu hartzen ditu. Batetik, pertsona ekintzaileei laguntza eta/edo tutoretza ematea negozio-ideiak aztertzeko eta garatzeko prozesuan eta enpresa-jarduerak abian jartzeko prozesuan. Bestetik, deialdiaren II. eta III. kapituluetan aurreikusten diren diru-laguntzak kudeatu eta pertsona ekintzaileei ordaintzeko jarduerak.
Bigarrena.– Aldeen betebeharrak.
1.– .................................(e)k honako betebehar hauek ditu:
1.1.– Pertsona ekintzaileei laguntzeari dagokionez:
a) Erakunde laguntzaileak aukeratuko ditu ekintzailetza-proiektuetan parte hartuko duten pertsonak, publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren irizpideak betez betiere.
Erakunde laguntzaileak aukeraketa-prozesua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du Lanbiden, erabilitako irizpideak berariaz adierazita, 10 egun balioduneko epean, aukeraketa amaitzen den egunetik kontatzen hasita.
b) Ekintzaileei laguntzea eta/edo tutoretza ematea negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko eta enpresa-jarduera berriak abian jartzeko prozesuetan, Lanbideko zuzendari nagusiaren 2017ko.........aren....(e)ko ebazpenaren bidez arreta emateko baimendu zaizkion pertsonen kopuruaren arabera.
1.2.– Diru-laguntzak kudeatzeari eta pertsona ekintzaileei ordaintzeari dagokionez:
a) Ekintzaileek aurkeztutako diru-laguntza eskabideak jasotzea eta horiek erregistratzea, bere erregistroan, hori posible balitz, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian xedatutakoaren arabera, edo, bestela, Lanbiden erregistratzea.
b) Aurkeztutako eskabideak aztertzea; egiaztatzea –eta hori agiri bidez jasotzea dagokion egiaztatze-zerrendaren bidez– eskatzaileek bete egiten dituztela diru-laguntza emateko baldintzak eta betekizunak, eta, hala badagokio, aurkeztu ez duten nahitaezko dokumentazioa eskatzea; eta, azkenik, azterlanaren emaitzaren nahiz egindako egiaztapenen txostenak Lanbideko Lana Aktibatzeko Zuzendaritzari helaraztea.
c) Dagozkien diru-kopuruak ordaintzea onuradunei, deialdiko 8. eta 13. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
d) Lanbideri jakinaraztea laguntza jaso duen ekintzaileak bertan behera utzi duela aholkularitza- eta laguntza-prozesua negozio-ideia bat aztertu eta garatzeko edota enpresa-jarduera berriak abian jartzeko prozesuetan. Lanbideri jakinarazi beharko dio, baita ere, diru-laguntza emateko ezarritako betekizunak eta betebeharrak erabat edo zati batean bete ez baditu, eta, edozein kasutan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan araututakoak bete ez baditu, diru-laguntza osorik edo zati batean itzultzeko prozedura hasteko ondorioetarako.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari justifikatzea zertan erabili diren onuradunei diru-laguntzak ordaintzeko jasotako funtsak.
Horretarako, erakunde laguntzaileak ordainketak egin direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dio Lanbideko Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzari, ordainketa horiek egiten direnetik kontatzen hasi eta 15 eguneko epean.
f) Laguntzak jaso dituzten ekintzaileek aurkeztu behar duten azken memoria aztertzea, laguntza horiek justifikatzeko helburuarekin, eginiko aholkularitza- eta laguntza-jarduerekin lotuta. Berrikusketa egin ondoren, 15 eguneko epean erakunde laguntzaileak memoria bidali beharko du Lanbidera, erakunde horrek eskatutako gainerako dokumentuekin batera.
g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzultzea, hala badagokio, azkenean, uko-egiteengatik, itzulketengatik edo bestelako arrazoiren batengatik zegokien helbururako erabili ez diren funtsak, bai eta jasotako funtsek banku-kontuetan sortutako interesak ere, programaren kudeaketa amaitu ondoren.
h) Funts horien kudeaketa egiaztatzeko jarduerak egiten uztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
i) Onuradunek adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdiaren esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzean, edo, hala badagokio, argitaratzean.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Hitzarmen honek dakartzan jarduerak egiteko beharrezkoak diren laguntza eta aholkularitza ematea erakunde laguntzaileari, Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzaren bidez.
b) Ekintzaileei laguntzeko jardueran eginiko lankidetzarekin lotuta, erakunde laguntzaileari ordaintzea deialdian aurrez ikusitako diru-laguntza, ekintzaileak hautatu eta horiei laguntzeagatik edota tutoretza emateagatik: 300 euro pertsona bakoitzeko enpresa-ideia bat garatzeko kasuan, eta 1.000 euro pertsona bakoitzeko enpresa-jarduera berriak abian jartzeko kasuan. Azken horiek deialdiko 3. artikuluko 13. zenbakian adierazi bezala ordainduko dira. Deialdian aurreikusitako betekizunei eta baldintzei lotuta egongo da diru-laguntza hori.
c) Diru-laguntzak kudeatzen eta pertsona ekintzaileei diru-laguntzak ordaintzeko lanetan laguntzeari dagokionez, pertsona ekintzaileei esleitutako diru-laguntzen zenbatekoa erakunde laguntzaileari ematea, jarraian zehazten denaren arabera:
II. kapituluan aurreikusitako laguntzak:
– % 100, diru-laguntzak emateko ebazpenak eman eta gero.
III. kapituluan aurreikusitako laguntzak:
– % 50, diru-laguntzak emateko ebazpenak eman eta gero.
– Gainerako % 50a 2018ko ekitaldian, ekintzaileak EJZko alta eta azken memoria (erakunde laguntzaileak baliozkotua) aurkeztu eta gero.
Horretarako, erakunde laguntzaileak funtsen kontabilitate-datuak identifikatuko ditu, funts horien jarraipena egin eta emandako diru-laguntzak egiaztatu ahal izateko. Onuradunen artean banatzeko jasotako funtsak eta funts horiek sortzen dituzten interesak ez dira inolaz ere haren ondarearen partetzat hartuko.
Hirugarrena.– Hitzarmen honetan edo deialdia arautzen duten oinarrietan aurrez ikusita ez dagoenerako, ekintzaileei laguntzak ordaintzearekin eta kudeatzearekin lotutako lankidetza-araubidea honen arabera arautuko da: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia eta hori garatzen duen erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua. Hori guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean (azaroaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa eragotzi gabe.
Laugarrena.– Hitzarmen honen indarraldia lehenengo klausulan zehaztutako xedea betetzera mugatzen da.
Bosgarrena.– Hitzarmen honek administrazio-izaera dauka, eta, ondorioz, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenaren aurrean aurkara daiteke.
Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duenak, 4.1.d artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzarmen hau lege horren aplikazio-eremutik kanpo geratzen da. Nolanahi ere, hitzarmena betetzean sortzen diren zalantzak edo arazoak interpretatzeko, aldatzeko eta ebazteko arau subsidiarioa izango da lege hori.
Eta aurretik esandako guztiarekin ados daudela adierazteko, bertaratuek hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan, goian aipatutako tokian eta datan.
LANBIDE–EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA.
III. ERANSKINA
EKINTZAILEEI LAGUNTZEKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIAREN ESKABIDEA, EKINTZAILETZAKO TOKIPROIEKTUEN ESPARRUAN
IV. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA ENPRESA-JARDUERA HASITA, PROIEKTUA SENDOTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA
V. ERANSKINA
DIRU-LAGUNTZAREN ESKABIDEA ENPRESA-JARDUERA HASI ETA PROIEKTUA EZARTZEKO LAGUNTZA BEHAR DUTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA