EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017141

AGINDUA, 2017ko ekainaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntzen deialdia egiteko dena, 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren barruan eremu estrategikoetako jarduera-ildoak gara ditzaten.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2017-06-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201703769
Maila: Agindua
Gaur egungo egoera sozioekonomikoan merkatuen zein ekoizpenaren globalizazioa da ezaugarri nagusia; horregatik, enpresen ekoizpen-ehunak eta, ondorioz, enpresa-ereduak egoera berri horretara egokitu behar dute. Globalizazio-prozesu horrek lehia handia eragiten du; hori dela eta, lehia-posizioak eginkizun garrantzitsua du enpresen etorkizunean. Lehia-posizio hori garapenerako eta enpresa-hazkunderako motorra ere bada, eta lortuko bada, adimen-kapitala zein ezagutzaren kudeaketa eraginkorra behar dira, baita estrategia berritzaileak aplikatzea ere, biak ala biak enpresetan balioa eta lehiatzeko abantaila sortzeko iturri baitira.
Egoera horrek lanbide-profil berri bat eskatzen du; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere: ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, taldeko lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna, besteak beste.
Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa, eta ondorioz enplegurako gaikuntza, hobetzen lan eginez.
Garapen- eta berrikuntza-sistemak aukera berriak sortzera eta enplegu-sorrera laguntzera bideratzea da Lanbide Heziketako ikastetxeen erronka nagusia.
Hartarako, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak lanbide-heziketa diseinatu eta garatzearen alde egin du, non ikastetxeak adimen estrategikoaren eta ezagutzaren unitate autonomo eta malgu bihurtzen diren; era horretan, etengabeko eboluzioan ari den gizartearen eta ekoizpen-sektorearen –bereziki industrialaren– beharrak aurreikusteaz gain, produktu edo ekoizpen-prozesu berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatu ere egin ditzakete, bai eta indarra hartzen ari diren sektoreetako jarduerak ere, euskal ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna zein ikasleen enplegagarritasuna hobetu eta indartzearren.
Ildo horretatik, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak lanbide-heziketako euskal sistemaren eraldaketak zuzendu behar ditu, eta horretarako, hainbat helburu eta jarduera-ildo nagusi ezartzen ditu eremu estrategiko hauen barruan: Prestakuntza integratua, berrikuntza aplikatua, ekintzailetza aktiboa, nazioartekotzea eta Lanbide Heziketako ikastetxeak.
Hezkuntza Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategiaren barruan sartzen da deialdi hau, halaber.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, aipatutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Plana eraginkortasunez ezartze aldera, itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten die, beren irakasleen bitartez honako hauek gauzatu ditzaten: irakasleen prestakuntza sendotzen duten jarduera eta proiektuetan parte har dezaten –prestakuntza horren xedea da ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatu eta konplexuagoetara egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea–; lanbide-heziketaren partaidetza bultza dezaten enpresetan –bereziki ETE-etan–; suspertzen ari diren sektoreetan lan egin dezaten giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez; lanbide-heziketako ikastegien partaidetza susta dezaten ingurune konplexuetan lan egiten duten enpresen espezializazio-maila hobetzeko –bereziki ETE-ena–, eta lanbide-heziketako ikastetxeen baitan modu proaktiboan sortzen diren berrikuntza aplikatuko proiektuak eta ekintzailetza-proiektuak bultza ditzaten.
Ondorioz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzen araubidea arautzekoa), eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen apirilaren 11ko 2/2017 Legean jasotako xedapenekin bat etorriz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Aginduak xedetzat du itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean estrategikotzat hartutako eremuak ezartzeko jarduerak, deialdi honen 3. artikuluan zehaztutakoak, gara ditzaten.
2. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen pertsona fisiko edo juridiko titularrek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2017-2018 ikasturtean.
3. artikulua.– Lehentasunezko jarduera-ildoak.
1.– Agindu honetako diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte Lanbide Heziketako IV. Euskal Plana ezartzeko lehentasunezkotzat jotako helburuak lortzera bideratutako jarduerek, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak xede horrekin bultzatutakoek. Ikus I. eranskina.
2.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ekimenekin bat egingo dute diru-laguntzen eskaera egiten duten itunpeko ikastetxeek, eta bere egingo dituzte ezarritako helburuak, garapen-baldintzak eta plangintza.
3.– Jarduerak behar bezala ebaluatu eta garatzearen erantzule, dagokionaren arabera, hauek izango dira: TKNIKA Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua eta IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuaren Euskal Institutua.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak dira irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta horri lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ordezko langileak kontratatzearen kostuak, betiere diruz lagundutako jarduera egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan eginez gero. Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitekeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak estaltzeko epea 2017ko irailaren 1ean hasi eta 2018ko abuztuaren 31n amaituko da.
3.– Jardueran, 726 irakastordu eta 526 ordu osagarri lagunduko dira diruz, gehienez, lanaldi osoko liberazio baterako. Ordezko langileak kontratatzeko diruz lagundu eta egotzi daitekeen orduko gehieneko kostua hogeita hamabost (35) eurokoa da irakasleentzat, eta berrogeita hiru (43) eurokoa irakasle adituentzat. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu-kopurua lanaldi osorako ezarritako gehienezko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da.
5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
1.– Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamalau mila euro da (1.754.000). I. eranskinean azalduta dago zenbateko hori nola banatuko den deialdiaren xede diren eta diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoen artean.
6. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.
1.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:
a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak ematea.
b) Inolako zigor penalik ez administrazio-zigorrik ez izatea, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duenik.
c) Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten eginbideak beteak izatea. Eskakizun hau deialdia ebatzi eta diruz lagundutako zenbatekoaren ordainketa egin arte beteta eduki behar dute.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako egoeraren batean ez egotea.
2.– Baldintza orokorrez gainera, diru-laguntza eskatzen den jarduera bakoitzerako agindu honen I. eranskinean ezarritako berariazko baldintzak ere bete beharko dituzte.
7. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren iraupena.
Diruz lagundutako jarduera, hasiera ematen diotenetik 2017-2018 ikasturtea amaitzen den arte garatuko dute, hau da, 2017ko irailaren 1etik 2018ko abuztuaren 31ra arteko aldian.
8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Ikastetxe interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoak erabiliz egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Aurkeztu beharreko eskabide- eta agiri-ereduak agindu honi erantsita daude.
4.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar diren eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2017/ActPVFP/y22-izapide/es
5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire kudeaketak atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Eskabideak (II. eranskina), atal guztiak behar bezala beteta, bide elektronikoz aurkeztu behar dira, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da diru-laguntza eskatzen den jarduera-ildo bakoitzeko.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena bat aurkeztu behar da, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
a) Bestelako administrazioei edo erakunde publiko zein pribatuei xede bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskatu eta, hala badagokio, jasoz gero, haien berri emateak, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa adierazita.
b) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez duela administrazio- edo zigor-arloko zehapenik, laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
c) Eskabideko datuak eta harekin batera aurkeztutako agirietakoak egiazkoak izatea, eta indarreko araudian diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak betetzea.
4.– Eskabidearekin batera, kasuan kasuko jarduerari dagokion inprimakia aurkeztu behar da (ikus III. eranskina).
5.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteak berekin dakar Lanbide Heziketako Sailburuordetzari baimena ematea zuzenean egiaztatu dezan diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa eta dokumentazio osagarria aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.
10 artikulua.– Hautaketa egiteko eta puntuazioa emateko irizpideak.
1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen jarduera-ildoak emateko prozedura norgehiagoka izango da, Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49. artikuluan xedatutakoa betez (azken artikulu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren laguntzen eta diru-laguntzen araubidea arautzen du); hau da, aurkeztutako eskabideak alderatu egingo dira, haien arteko hurrenkera ezartzeko I. eranskinean jarduera bakoitzarentzat aldez aurretik ezarritako balorazio-irizpideekin bat etorriz, eta irizpide horiek aplikatuz balorazio handiena lortu dutenei laguntzak esleitzeko, kontuan harturik erabilgarri dagoen kreditua eta aipatutako eranskinean finkatutako muga.
2.– Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko gehienezko ordu-kopurua I. eranskinean zehaztuta dago.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
Jarduera bakoitzeko diru-laguntzaren zenbatekoa I. eranskinean adierazitakoa izango da, kontua hartuta irakasleen liberazio osoko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 42.000 euro dela (irakasle adituen zenbatekoa, halere, 51.600 euro izango da gehienez). Nolanahi ere, zenbateko horrek ez du inola ere gaindituko ikastetxeak diruz lagundutako jarduera garatzeko benetan egindako gastua.
12. artikulua.– Prozedura izapidetzea.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak izango du laguntzak emateko prozedura izapidetzeko eskumena.
2.– Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da I. eranskinean azaldutako jarduera-ildoetara aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko. Kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango ditu kide:
a) Batzordeburua: Ricardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, edo haren ordezkoa.
b) Bokalak:
Rosario Díaz de Cerio Ruíz de Urra andrea, Teknologiaren eta ikaskuntza Aurreratuaren Zerbitzuko arduraduna, edo haren ordezkoa.
Jon Labaka Intxauspe jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Lanbide Heziketaren esparruko Berrikuntza Aplikatuaren arloko zuzendaria, edo haren ordezkoa.
Agustín Agirre Andonegui jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko ikaskuntza-metodoen eta -prozesuen ikerketaren arloko zuzendaria, edo haren ordezkoa.
Luis Saratxaga Quintana jauna, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuko zuzendari exekutiboa, edo haren ordezkoa.
Begoña Artola Oteiza andrea, IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuko zuzendaria, edo haren ordezkoa.
M.ª Jose Gonzalez San Vicente andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria; idazkari jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe.
3.– Balorazio Batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuen ere konpromisoak eta baldintzak egokitzeko eman daitekeen diru-laguntzara. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada proposamenaren edukira jo gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea egintzat joko da, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, edukira jotzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela.
4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro aurkeztuz gero, diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dira.
5.– Balorazio Batzordeak, eskabideak berriro formulatzeko proposamenak eta alegazioak aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du, diru-laguntza jasotzea proposatutako eskatzaileen zerrenda eta zenbatekoa adierazita, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.
6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean proposatutako onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
13. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, Balorazio Batzordeak proposatuta, eta 10 egun naturaleko epean, ebazpena ematen denetik aurrera, banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bitarteko elektronikoak erabiliz, erakunde onuraduna eta emandako zenbatekoa adierazita. Nolanahi ere, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar oro jakitun egon dadin. Halaber, ezetsitako eskabideak ere jasoko dira berariaz ebazpenean.
2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere, sei hilabete izango dira, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoari jarraituz.
3.– Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedura guztiak, betiere prozedura horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasi badira.
14. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Agindu honen xede diren diru-laguntzen onuradunek, 2018ko irailaren 14a baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) Amaierako justifikazio-memoria (V. eranskina).
b) Liberatutako irakasleen eta ordezkoen ordu-dedikazioari buruzko ziurtagiria (VI. eranskina). Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) ere erantsiko dute, bertsio itxian, eta ikastetxeko zuzendariak behar bezala beteta eta sinatuta. Agiri horretan «Act.PVFP» gisa jasoko da eskatutako jardueran aritzen diren irakasleen liberazioa.
c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia konpultsatua.
d) Ordezko irakasleen nominen kopia konpultsatua, agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako diruz lagundu daitekeen gastuaren estaldura-aldia osoari dagozkiona.
2.– Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabiliko dira, honako helbide honetako Nire Kudeaketak atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Diru-laguntzak hiru zatitan ordainduko dira, honako era honetan:
a) Lehen ordainketa onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren % 27,52koa izango da, 18.1 artikuluan adierazitako epea igarotakoan, ukorik egon gabe, betiere.
b) Bigarren ordainketa onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren % 60koa izango da, eta 2018ko ekitaldian egingo da, diruz lagundutako jardueraren % 60 garatu ostean, betiere ebaluazioaz eta jarduera behar bezala garatzeaz arduratzen den erakundeak aldeko ebaluazio-txostena egiten badu, dagokionaren arabera, agindu honen 3. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoari jarraikiz, eta ordezko irakasleen gastu-zerrenda 2018ko martxoaren 1ean aurkeztu ondoren (IV. eranskina).
c) Hirugarren ordainketa gainerako zenbatekoagatik izango da, % 12,48, diruz lagundutako jarduera amaitutakoan, egindako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko atal guztiak bete ondoren.
2.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, diru-laguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.
16 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Emandako laguntzak ezeztatzeko kausa izango da onuradunek agindu honetan ezarritako baldintza eta eskakizunetakoren bat ez betetzea, bai eta laguntzak aurkeztutako proiektuan zehaztutakoaren bestelako xedeetara bideratzea ere. Hori dela eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko ahalmena izango du Hezkuntza Sailak.
2.– Diru-laguntza emateko betekizunak betetzen ez direla frogatzen bada, jasotako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari, bai eta sortutako legezko interesak ere, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen 698/1991 Dekretuan. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.
3.– Liberatutako irakasleek, gutxienez, dena delako jarduerari egotzitako ordu guztien % 70ean parte hartu beharko dute modu aktiboan. Aipatutako % 70 baino gehiagoko ehunekoan ez parte hartzea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako diru-laguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren legezko interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 70eko parte-hartzea badago baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, jardueran izandako parte-hartze mailaren arabera itzuli beharko dute diru-laguntza.
4.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hori gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da. Nolanahi ere, bestelako diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da.
2.– Deialdi honen jardueretan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala ordaintzeko jasotako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango 2017-2018 ikasturtean Hezkuntza Sailaren beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin, horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa edozein izanik ere.
18. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradunek baldintza hauekin bat etorriz eta honako betebehar hauek betez egin beharko dute jarduera:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela.
4.– Jasotako funtsen erabilera frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, haien jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari.
7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
8.– Laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, zuzenean edo bere erakunderen baten bidez (TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa, EEI Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua edo IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuaren Euskal Institutua), dagokionaren arabera, jarduera bakoitzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten.
9.– Jasotako diru-laguntzen berri emateko neurriak hartzea. Neurri horiek euskarrietan –informatiko zein bestelakoetan– honako adierazpen hau jasotzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».
10.– Ikastetxeak jarduerarako liberatutako irakaslea jarduera amaitu arte eduki beharko du. Justifikatutako zioak direla eta, pertsona horrek proiektuan ezin badu jarraitu, ikastetxeak Lanbide Heziketako Sailburuordetzari eskatuko dio hura ordezkatzeko baimena; gainera, adierazi beharko du proiektuaz arduratzeko nor proposatzen den eta aldaketaren zergatia zein den.
11.– Jarduera hauetako bakoitzean hautatutako ikastetxe guztiek irakaste-ordutegirik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea, I. eranskinean adierazitako astegunetan, jarduera hori TKNIKAn egin ahal izan dezan. Egoera horren berri Hezkuntza Jardueren Dokumentuan (HJD) jasoko da, bertsio itxian, «Act.PVFP» modura.
12.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
19. artikulua.– Datuen babesa.
1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitara ematea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
2.– Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan araututa ez dagoen guztian, aplikagarria izango da prozeduraren arloari buruz xedapen hauetan xedatutakoa: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 30a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
LANBIDE HEZIKETAKO IV. EUSKAL PLANAREN JARDUN-ILDOEKIN LOTUTA DEIALDI HONETAN JASOTAKO JARDUEREN ZERRENDA
II. ERANSKINA
ESKABIDE ELEKTRONIKOAREN EREDUA
III. ERANSKINA
ESKATUTAKO JARDUERARI BURUZKO FITXA
IV. ERANSKINA
JASOTAKO DIRU-LAGUNTZARI EGOTZ DAKIZKIOKEEN GASTUEN LABURPENA
V. ERANSKINA
AMAIERAKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
VI. ERANSKINA
LIBERATUTAKO ETA ORDEZKO IRAKASLEEN ORDU-DEDIKAZIOAREN ZIURTAGIRIA