EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017141

ERABAKIA, 2017ko ekainaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, doktorego programak proposatzeko arautegia aldatzeko dena.

Xedapenaren data: 2017-06-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703755
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/02/15ean argitaratutako 2012/01/18ko EBAZPENA aldatzen du [201200714]

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak, bere eskumenak erabiliz, arauak eta prozedurak ezarri behar ditu, graduondoko ikasketen gestioarekin zerikusia daukaten zereginak tramitatzeko.
Graduondoko Batzordeak eskumen hauek ditu eskuordetuta, besteak beste: graduondoko ikasketen helburuak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, plangintza estrategiko orokorraren barruan, bai eta ikasketa horien akademia antolakuntza eta gestiorako arautegien proposamena onartzekoa ere, betiere bat etorrita Graduondoko Batzordearen Arautegiak dioenarekin (Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartutako arautegia, 2012ko urriaren 29ko EHAAn argitaratua).
2012ko otsailaren 15ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2012ko urtarrilaren 18ko Erabakia, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, eta horren bidez argitara eman zen Doktorego Programak Proposatzeko Arautegia, eta hori beren jardueraren oinarri dute errektoreak, sailek eta Master eta Doktorego Eskolak, beraiek baitira doktorego programa berriak edo dauden programen aldaketak proposatzeko organo eskudunak.
Araudiak, azken xedapenetatik bigarrenean dio: Doktoregoko Azpibatzordeak onartu egingo ditu, graduondoko ikasketen gaietarako errektoreorde arduradunak proposatuta, doktorego programen kalitatea bermatzen duten prozedurak, bai prestatzerakoan, bai ebaluatu, jarraipena egin eta egiaztatzeko prozesuan. Era berean, izaera administratibo-akademikoa duten behar adina xedapen emango ditu.
2013ko irailaren 13tik, hau da, Graduondoko Batzordea eratu zenetik, batzorde horrek hartu ditu graduondoko titulazioak sortu edo aldatzeko proposamenei buruzko informazioa emateko eskumenak, bere arautegian ezarritakoari, hots, Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartutako arautegian ezarritakoari, jarraituta (2012-10-29ko EHAA).
Doktorego programak proposatzeko arautegiak honakoa zehazten du zortzigarren artikuluko 1. atalean:
«Doktorego programen koordinazioa.
Doktorego programa denbora osoko dedikazioaz diharduen UPV/EHUko irakasle edo ikertzaile batek koordinatuko du. Errektoreak izendatuko du. Kargu hori betetzeko, baldintza hauek bete beharko ditu: bi doktorego tesi, gutxienez, zuzenduak izatea, eta aitortutako bi ikerketa aldi (seiurtekoak) izatea, gutxienez, 1086/1989 ED-an jasotakoarekin bat etorrita. Irakasleak aipatutako azken baldintza aurkezterik ez balu, adierazitakoaren baliokideak diren merezimenduak aurkeztu beharko lituzke, betiere, dagokion Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentziak aitortuta.»
Doktoregoko programak proposatzeko arautegia argitaratu zenetik, ikusi da unibertsitaterako interes estrategiko handidun doktorego programetako proposamen batzuk ezin izan direla onartu hasierako baldintzetan, programaren koordinazioa arduraldi osoa ez zuten irakasle batzuen gain zegoelako, nahiz eta irakasle horiek gainerako baldintzak betetzen zituzten ikertzaile handiak izan. Horiek horrela, komenigarria da zehaztea salbuespenezko kasuetan doktorego programaren koordinatzaileak arduraldi partziala izan dezan, betiere Graduondoko Batzordearen adostasuna izanik.
Graduondoko Batzordea doktorego programak proposatzeko arautegiaren aldaketaren alde agertu da 2017ko maiatzaren 25ean egindako bileran. Aurrerago, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aldaketa hori onartu du 2017ko ekainaren 15ean.
Horregatik guztiagatik, kontuan hartuta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Erabakiak emandako eskumenak (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko eta eskumenak eskuordetzeko erabakia), lehenik Graduondoko Batzordeak aldeko iritzia emanda eta unibertsitateko Gobernu Kontseiluak adostasuna emanda,
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Aldatzea Doktorego Programak Proposatzeko Arautegia, aldaketa hau izanik:
«8. artikulua. 1. atala.– Doktorego programen koordinazioa.
Doktorego programa denbora osoko arduraldian diharduen UPV/EHUko irakasle edo ikertzaile batek koordinatuko du. Aparteko kasuetan, Graduondoko Batzordeak baimena eman dezake programaren koordinatzailea arduraldi partzialeko irakasle doktore bat izateko. Errektoreak izendatuko du. Kargu hori betetzeko, baldintza hauek bete beharko ditu: bi doktorego tesi, gutxienez, zuzenduak izatea, eta aitortutako bi ikerketa aldi (seiurtekoak) izatea, gutxienez, 1086/1989 ED-an jasotakoarekin bat etorrita. Irakasleak aipatutako azken baldintza aurkezterik ez balu, adierazitakoaren baliokideak diren merezimenduak aurkeztu beharko lituzke, betiere, dagokion Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentziak aitortuta.»
Bigarrena.– Aldaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.
Hirugarrena.– Arautegiaren aldaketa indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Leioa, 2017ko ekainaren 27a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA.
Eskuordetzeaz (2017ko urtarrilaren 25eko Erabakia, 2017.02.03ko EHAA).
Graduko eta Graduondo Ikasketen arloko errektoreordea,
ARACELI GARÍN MARTÍN.