EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2017141

196/2017 DEKRETUA, uztailaren 18koa, USA Basque Trade and Investment Sozietate Publikoa sortu eta bertan Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea S.A.ren parte-hartzea baimentzeko.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700196
Xedapenaren data: 2017-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201703754
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 19. artikuluak dioenez, merkataritzako sozietateak sozietate publiko izango dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek haien kapitaletan duten partaidetza nagusi bada, erakunde horiek zuzenbide publikokoak edo pribatukoak izan. Partaidetza hori gehiengoa den ala ez erabakitzerakoan, kontuan hartuko dira aipatutako erakunde guztien partaidetzak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 20.1 artikuluak honako hau ezartzen du: sozietate publikoaren izaera duela, zein kasutan sor daitezkeen merkataritzako den sozietate publiko bat. Xedapen horren 3. atalean ezartzen denez, Jaurlaritzaren dekretu bat beharko da, sozietate publikoak sortu edo desagertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak edo haren erakundeek sozietate horietako partaide nagusi bilakatzeko edo izaera hori galtzeko.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 21. artikuluan ezartzen denez, sozietate publikoak merkataritza-legeen arabera eratuko dira, sortzeaz batera fundatutako sozietate anonimo gisa, ahal dela, eta unean-unean sozietate-mota bakoitzerako indarrean dagoen araubide juridikoa aplikatuko zaie.
2015eko abenduaren 16an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen: Estatu Batuetan eta Singapur-en, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren mendeko merkataritzako sozietateak eratzea; eta Zuzendaritza Nagusiari ahalmenak ematen zaizkio, bai behar diren izapideak egiteko, bai aipatu helbururako behar diren agiria publikoak zein pribatuak sinatzeko; gainera, goragoko paragrafoetan adierazitakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluari horretarako baimena eskatzen zaio.
Sozietatearen helburu soziala izango da legezko edozein ekintza edo jarduera egitea Merkataritza arloko Legearen arabera enpresak sortu ahal izateko. Nolanahi ere, enpresa horiek ekintzak edo jarduerak gauzatzeko Estatuko funtzionario, departamendu, batzorde, agentzia edo erakunde baten baimena edo oniritzia behar badute, aldez aurretik eskuratu beharko dute baimen edo oniritzi hori.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2017ko uztailaren 18an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematen da sozietate publiko bat sortzeko: «USA Basque Trade and Investment» izena izango du, eta bazkide bakarra Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. izango da.
2. artikulua.– USA Basque Trade and Investment sozietate publikoak helburu sozial hau izango du: «Sozietate honen helburua izango da legezko edozein ekintza edo jarduera egitea Merkataritza arloko Legearen arabera enpresak sortu ahal izateko. Enpresa horiek, nolanahi ere, ekintzak edo jarduerak gauzatzeko Estatuko funtzionario, departamendu, batzorde, agentzia edo erakunde baten baimena edo oniritzia behar badute, aldez aurretik eskuratu beharko dute baimen edo oniritzi hori».
3. artikulua.– Sociedad Pública USA Basque Trade and Investment sozietate publikoaren egoitza soziala Washington, D.C.n egongo da (AEB).
4. artikulua.– USA Basque Trade and Investment sozietate publikoaren kapital soziala Estatu Batzuetako zazpi mila dolarrekoa (7.000,00 USD) izango da. Zenbateko horrek trukean ezin izango ditu gainditu zazpi mila (7.000,00) euro, eta osorik (% 100) harpidetuko du Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k.
5. artikulua.– Aplikatu daitekeen erregimena: USA Basque Trade and Investment sozietate publikoaren estatutu sozialak, eta horiez gainera, sozietate publikoei aplikatzen zaizkien xedapenak, eta Washington, D.C.n merkataritzako sozietateei aplikatu beharreko legeria.
6. artikulua.– Baimena ematen zaio Sociedad para la Transformación Competititiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri USA Basque Trade and Investment sozietate publikoa eratzeko beharrezkoak diren agiri publiko edo pribatuak harpidetu ditzan haren legezko ordezkariaren bidez edo horretarako izendatutako pertsonaren edo pertsonen bidez. Baimena ematen zaio, halaber, sozietatearen estatutu sozialak ezartzeko, administrazio-organoak izendatzeko, beharrezkoak diren ahalmenak emateko, kapital sozialari egin beharreko ekarpena finkatzeko, akzioak izenpetzeko eta dekretu honetan xedatutakoa gauzatzeko egoki diren gainerako erabakiak hartzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 18an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARIA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO M.ª AZPIAZU URIARTE.