EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2017140

AGINDUA, 2017ko uztailaren 10ekoa, Osasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko 64 urtetik gorako biztanleei eta arrisku-taldeetakoei gripearen aurkako urteroko txertoa jartzeko gomendioei buruzkoa.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-07-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201703736
Maila: Agindua
EAEko osasun-sisteman pertsonek dituzten eskubide eta betebeharrei buruzko adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuaren 7. artikuluan, osasunaren sustapenerako eta gaixotasunen prebentziorako eskubidea aitortzen die Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistemako erabiltzaileei, arlo hauetan: ingurune osasungarriak, ohitura osasungarrietan heztea, txertoak, diagnostiko goiztiarra, eta arrisku-faktoreen kontrola.
Txertaketa dela-eta, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu komunen zorroa eta bera eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuak lehen mailako arretako zerbitzu komunei buruzko II. eranskineko prebentzio-jardueren artean aurreikusten du txertoak jartzea adin-talde guztiei eta, kasua bada, arrisku-taldeei, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluak eta osasun-administrazio eskudunek onartutako txertaketa-egutegi indardunaren arabera, baita epidemiaren baten ondorioz biztanleria osoari edo arrisku-taldeei txertoak jartzea ere, beharrezkoa denean.
Aurreikuspen hori betetzeko, Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak, 2015eko irailaren 18an, gripearen aurkako urteroko txertaketarako gomendioak onartu zituen.
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, Txertaketarako Aholku Batzordeak eguneratu egin ditu gripearen aurkako urteroko txertoa jartzea gomendatzen zaien biztanleak eta arrisku-taldeak, 2017ko apirilaren 25ean egindako bileran, gripeari lotutako hilkortasuna eta morbilitatea eta gaixotasun horrek komunitatean duen eragina murrizteko.
Ildo horretan, gomendioen bidez bereziki babestu nahi dira, batetik, gripea harrapatuz gero konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonak, eta, bestetik, gaixotasuna kutsatu ahal dietenak konplikazioen arrisku handia duten beste batzuei, bai eta komunitatearentzat funtsezkoak diren zerbitzuetan diharduten pertsonak ere.
Txerto horren berri osasun-arloko langile guztiei emango zaie, eta noiz hasi behar duten jartzen ere adieraziko zaie; hartara, aurrez ezarritako arau eta prozedurei jarraituz, jarriko dituzten txertoak erizainek.
Gripearen aurkako txertoa hartzeko gomendioak, protokoloak eta prozedurak herritar guztien eskura jarri dira Osasun Sailaren web-orrian eta Osakidetza - Euskal osasun zerbitzuarenean, gardentasuna eta herritarrei informazio guztia ematea delako helburu. Hala ere, Osasun Sailak uste du gomendio horiek eguneratu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta errazago zabalduko dela txertaketa-kanpaina eta jende gehiagok jarriko duela gripearen aurkako txertoa.
Azaldutakoa dela-eta, Gobernuari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengoa.– Gripearen aurkako Euskal Autonomia Erkidegoko urteroko txertaketarako gomendioak argitaratzea.
Bigarrena.– Gripearen aurkako urtaroko txertaketa-gomendioak hauei daude zuzendurik:
1.– 65 urte edo gehiago dituzten pertsona guztiak.
2.– Gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handia duten pertsonak:
● Gaixotasun kronikoak dituzten haurrak (6 hilabetetik gorakoak) eta helduak, batez ere aurreko urtean ospitaleratuta egon direnak honako arrazoi hauetakoren batengatik:
– Diabetes mellitusa eta metabolopatia hereditarioak.
– Biriketako gaixotasun kronikoak, aldian behin okerragotzen den asma larria barne.
– Gaixotasun kardiobaskularrak (hipertentsio arterial isolatua izan ezik).
– Gaixotasun hepatiko kronikoa.
– Giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa.
– Obesitate morbidoa.
– Hemoglobinopatiak eta anemia kronikoak.
– Asplenia anatomikoa edo funtzionala.
– Gaixotasun neuromuskular larriak.
– Immunoezabatze larria (primarioa edo hartua) dakarten prozesuak.
– Koklearen inplantea jarritakoak edo inplantearen zain daudenak
– Disfuntzio kognitiboa duten gaixo instituzionalizatuak.
● Azido azetilsalizilikoaren bidezko tratamendu luzea jasotzen ari diren haur eta nerabeak.
● Haurdun dauden emakumeak, haurdunaldiaren edozein hiruhilekotan.
3.– Konplikazioak edukitzeko arrisku handia duten pertsonei gripea kutsatu ahal dieten pertsonak edo hegazti-gripearen anduiak barreiatzeko arriskua duten pertsonak:
● Osasun-zentroetako eta osasun-larrialdietako langileak, publikoak nahiz pribatuak, lehen mailako arretakoak zein arreta espezializatukoak eta ospitaleko arretakoak. Bereziki erreparatuko zaie adierazi diren arrisku handiko talde horietako pazienteak hartzen dituzten profesionalei.
● Osasun-zentroetan praktikak egiten ari diren osasun-lanbideen ikasleak.
● Geriatrikoetan edo gaixo kronikoei arreta emateko zentroetan lan egiten duten pertsonak, eta, bereziki, egoera ahulean dauden pertsonekin etengabeko hartu-emana duten langileak.
● Arrisku handiko pazienteei edo adineko pertsonei etxeko zainketa-zerbitzuak ematen dizkieten pertsonak.
● Etxean, egoera kliniko berezian daudelako (2. puntuan adierazitakoak) arrisku handiko talderen bateko kidea den norbaitekin bizi diren pertsonak, haurrak barne, eta 32 aste edo gutxiagorekin gripe-denboraldian jaiotzen diren jaioberriekin bizi direnak.
● Indar patogeno handiko hegazti-gripearen birusarekin infektatuta dauden hegaztiekin edo birus hori izatearen susmopean dauden hegaztiekin lan egiten duten pertsonak, eta bereziki:
– Zuzenean agerraldiak kontrolatu eta desagerrarazteko lanak egiten dituzten pertsonak (hildako animaliak errausten eta eremuak garbitzen eta desinfektatzen aritzen direnak).
– Hegaztitegietan eta hegaztien hiltegietan lan egiten duten pertsonak, gaixotasunak agertzeko arriskua baitago.
Hirugarrena.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari ahalmena ematen zaio, Txertaketen Euskadiko Aholku Batzordearen proposamenez, gripearen aurkako txertaketaren gomendioak eta arrisku-taldeak eguneratzeko, kanpainaren hasiera-eguna ezartzeko eta behar diren jarraibideak emateko, honako agindu honen berri zabaldu dadin osasun-arloko profesionalen artean eta herritarren artean, oro har.
Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko uztilaren 10a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.