EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2017138

187/2017 DEKRETUA, uztailaren 4koa, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dekretua aldatzen duena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700187
Xedapenaren data: 2017-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201703679
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2010/11/15ean argitaratutako 2010/11/09ko 201000297 DEKRETUA aldatzen du

Hezkuntza Sailaren 1982ko irailaren 20ko Aginduak Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) arautu zuen, honekin baliokidetuz ordura arte Euskaltzaindiak emandako euskara agiria. Zentzu berean, Hezkuntza eta Kultura Sailaren 1984ko urtarrilaren 12ko Aginduak Euskaltzaindiak emandako zenbait agiriren homologazio-bideak ezarri zituen, EGArekin parekatuz.
Gerora, urriaren 6ko 263/1998 Dekretuak Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakasle postuetarako hizkuntza eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berretsi zituen, eta 1. artikuluaren arabera Euskaltzaindiaren D titulua Euskararen Gaitasun Agiriaren baliokidea da.
Halaber, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren 3.3 artikuluan Euskaltzaindiaren D agiria aipatzen da, C1 mailarekin parekatuta dauden titulu eta ziurtagirien artean. Hala ere, Dekretu horrek ez zuen barne hartu Euskaltzaindiaren B agiria.
Bestalde, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bidez Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ezarri zen.
Ondorioz, beharrezkoa da, batetik, Euskaltzaindiaren B agiria, eta, bestetik, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) emandako ziurtagiriak, gainerako ziurtagiriekin baliokidetzea.
Horrela izanik, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Hezkuntza sailburuak, Osasun sailburuak Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak eta Segurtasun sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2017ko uztailaren 4ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
Artikulu bakarra.– Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren 3. artikulua aldatzea, eta honela uztea:
3. artikulua.– Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten ondorengo titulu eta ziurtagiriak Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B1, B2, C1 eta C2 mailekin parekatzen dira:
1.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 1. hizkuntza-eskakizuna.
– HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen 1. mailako eta B1 mailako ziurtagiriak, helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumak ezartzen dituen euskara-ezagutzaren mailak egiaztatzeko sistemaren esparruan emanak.
– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako Osakidetzako 1. hizkuntza-eskakizuna.
2.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren B2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 2. hizkuntza-eskakizuna.
– HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen 2. mailako eta B2 mailako ziurtagiriak, helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumak ezartzen dituen euskara-ezagutzaren mailak egiaztatzeko sistemaren esparruan emanak.
– Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako Osakidetzako 2. hizkuntza-eskakizuna.
– Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako Ertzaintzako 1. hizkuntza-eskakizuna.
– Hezkuntzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleei aplikatzeko Irakaspostuen 1. hizkuntza-eskakizuna.
3.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C1 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskara normalizatzeko prozesuaren esparruan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 3. hizkuntza-eskakizuna.
– HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen 3. mailako eta C1 mailako ziurtagiriak, helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumak ezartzen dituen euskara-ezagutzaren mailak egiaztatzeko sistemaren esparruan emanak.
– Osakidetzan euskara normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako Osakidetzako 3. hizkuntza-eskakizuna.
– Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako Ertzaintzako 2. hizkuntza-eskakizuna.
– Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza eskumena duen sailak emandako Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eta bere baliokideak Euskararen Gaitasun Agiriaren eta irakaspostuetarako hizkuntza-eskakizunen baliokidetzak finkatu, eguneratu eta berresten dituen urriaren 6ko 263/1998 Dekretuaren arabera.
– Euskaltzaindiaren D agiria.
– Hezkuntzan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleei aplikatzeko Irakaspostuen 2. hizkuntza-eskakizuna.
4.– Titulu eta ziurtagiri hauek Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuaren C2 mailarekin egongo dira parekatuta, eta elkarren baliokideak izango dira:
– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskara normalizatzeko prozesuaren esparruan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (HAEE) emandako 4. hizkuntza-eskakizuna.
– HABE-Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen 4. mailako eta C2 mailako ziurtagiriak, helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumak ezartzen dituen euskara-ezagutzaren mailak egiaztatzeko sistemaren esparruan emanak.
– Osakidetzan euskara normalizatzeko prozesuaren esparruan emandako Osakidetzako 4. hizkuntza-eskakizuna.
– Euskaltzaindiaren B agiria.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 4an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.