EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017134

AGINDUA, 2017ko uztailaren 4koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programa arautu eta horretarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201703549
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2011/06/28an argitaratutako 2011/06/15eko AGINDUA indargabetzen du [201103328]
  • 2014/06/27an argitaratutako 2014/06/18ko AGINDUA indargabetzen du [201402871]

XI. legegintzaldiko (2016-2020) «Euskadi 2020» gobernu-programan, hazkunde sendoa, enplegu gehiago eta hobea dakarrena deritzon I.1 ardatz estrategikoaren barruan, 31. konpromisoan, «Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea» dago aipatuta.
Bestetik, diru-laguntzen programa hau Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren diru-laguntzen 2017ko plan estrategikoaren barruan dago, zeina Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2017ko martxoaren 20ko Aginduaren bidez onartu baitzen, lehen aipatu eta «Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea» deritzon ardatz estrategikoaren barruan, «Ekintzailetza eta kudeaketa aurreratua» deritzon helburu estrategikoari loturik.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren helburuetako bat da eta bertan dago finkatuta, programen bidez, behar diren inguruabarrak ematea merkataritza-banaketaren sektoreko gaikuntza, prestakuntza eta profesionaltasuna hobetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan; helburu horretarako, ezinbestekoa izango da enpresa-kudeaketako arloetan behar bezala kualifikatutako profesionalak izatea.
Hortik sortu da agindu hau, eta beste hau ordezkatuko du: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 15eko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 18ko Aginduan aldatua, zeinaren bidez arautu baitzen merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko beken programa; horretarako arrazoi bi daude: bata, arauak aldatzea, programa sektorean dagoen errealitate berrira egokitu dadin, eta, bestea, programaren helburuak hobeto lortzen laguntzea. Beste alde batetik, klausula indargabetzaile baten bidez jarraitutasuna kendu nahi zaio agindu horri, aldaketa gehiago egin beharra aurreikus baitaiteke, Euskal Merkataritzaren Gida Planaren ondorioz, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren diru-laguntzen plan estrategikoan (2017-2020) txertatuta.
Eta, horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programa arautzea da agindu honen xedea.
Programa honen bidez emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak arautzeko indarrean dauden arauen mende egongo da programa.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira.
Bekadunek, hautaketa-prozesuaren barruko prestakuntza-ikastaroa egin ondoren, agindu honetan araututako beken bidez ordainduko diren prestakuntza-praktikak egingo dituzte; praktika horietan, ikastaro horretan ikasitako eduki teorikoen gaineko prestakuntza praktikoaz jabetuko dira.
Beka hauen onuradunek egin behar dituzten jarduerak Merkataritza Zuzendaritzak diruz lagundutako merkataritza-bulego teknikoetan egingo dituzte, edo Euskal Autonomia Erkidegoan egon eta merkataritza-banaketaren arloarekin zerikusia duten enpresetan edo erakundeetan.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako eta arlo horretarako izendatutako partidaren kontura finantzatuko dira bekak.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek eskura ditzakete merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko bekak:
a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta eskabidea aurkezteko epea ixten den egunean 3 urte baino gehiagoko antzinatasunekoa izatea. 3 urte baino gutxiagoko egoiliartza onartuko da baldin eta eskatzaileak erkidego honetatik behin-behinean atera badira, ikasketak direla-eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da egoera hori.
b) Unibertsitateko titulu ofizialen bat lortzeko moduan egotea edo lortuta izatea, bai Marketin eta Publizitateko goi-mailako teknikariaren titulua bai Salmentak eta Merkataritza Espazioak Kudeatzeko goi-mailako teknikariaren titulua. Unibertsitateko titulu ofizialen artean, Gizarte Zientzietako jakintza-adarrekoek izango dute lehentasuna, merkataritzaren eta enpresaren edo soziologiaren arloan.
Atzerrian lortutako tituluak ez dira onartuko baldin eta ez badaude Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak homologatuta eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
c) Euskarazko jakintza-mailan, gutxienez B2 maila egiaztatuta izatea, hizkuntzetarako Europako erreferentzia-esparru bateratukoa.
d) Aurretik, eduki eta helburu bera edo antzekoa izan duen bekaren baten onuradun izan ez izana.
e) Programa honen lehenagoko deialdietan egin diren prestakuntza-ikastaroak egin ez izana, ez osorik ez partzialki.
f) 32 urte baino gehiago ez izatea eskabidea aurkezteko unean.
g) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako eskakizunak.
2.– Ezin izango dira aurkeztu agindu honen bitartez araututako beketara pertsona hauek: diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik duena edo horretarako legezko debekurik duena, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedaturikoari jarraikiz.
3.- Diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzultze- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko diru-laguntzen esparruan hasitako eta izapideetan dauden prozedurak, alegia.
4.– Bateraezintzat jotzen da beka hauek baliatzea eta ordaindutako beste edozein lan egitea edo beste beka bat jasotzea.
4. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Beka bakoitzak 12 hil iraungo du, gehienez, eta 15.000,00 euroko funtsa izango du.
2.– Zenbateko horretan sartu behar dira bekaren onuradunek izan ditzaketen edozein eratako betebehar guztiak, Gizarte Segurantzari dagokion langile-kuota barnean hartuta.
5. artikulua.– Diruz lagundutako beste gastu batzuk.
Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beken onuradunei alta emango die Gizarte Segurantzan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura finantzatuko da enpresa-kuota.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da gutxienez, eta urteko deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.
2.– Deialdi honetako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak egin daitezke bai modu presentzialean bai bitarteko elektronikoez, betiere Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein bide elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak egoitza elektronikoan daude eskuragarri, Euskadi.eus egoitza elektronikoan: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/merkataritza
Espedientean sartu eta gainerako izapideak egiteko, beste helbide hau ere badago: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
Eskabidean, eskatzailearen sinadura onartuaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eskatutako dokumentazioa ere sartuko dira, betiere Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat.
Aukera horren ordez, sinadura elektronikoa erabili nahi ez bada, eskabideak informatikoki http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/merkataritza webgunean bete eta grabatu ondoren, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehenago, inprimatu eta sinatuta bidali beharko dituzte eskatzaileek Merkataritza Zuzendaritzara, edo, presentzialki nahi izanez gero, toki hauetan aurkeztu: Zuzenean zerbitzua (Eusko Jaurlaritzaren herritarrentzako zerbitzuko bulegoak), EAEko erregistro osagarriak (apirilaren 29ko 39/2008 Dekretuan adierazitakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokiak.
7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
a) Curriculum vitaea, hauek adierazita: prestakuntza akademikoa, egindako ikasketen eta jarduera profesionalen zerrenda, euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko jakintza, eskatzaileak interesekotzat jotzen duen bestelako merezimendu oro, hala nola egindako lanak, prestakuntza osagarria, etab.
b) Titulu akademikoaren kopia edo titulua egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia.
c) Espediente akademikoaren ziurtagiria, hauek jasota: ikasturte guztietako kalifikazioak, ikasketak noiz amaitu ziren eta, hala badagokio, ikasketen amaierako proiektua.
d) Euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko jakintzaren egiaztapena, zeina hizkuntza-ziurtagiriak emateko erakunde ofizial baimendun batek emandako ziurtagiriaren edo tituluaren kopiaren bidez egiaztatuko baita.
e) Beste edozein prestakuntza akademikoren egiaztagiriak, baita egindako ikastaroenak ere, zeinetan jaso beharko baita zenbat ikastordu egin diren, eta, hala badagokio, zer praktika egin diren. Ez da kontuan hartuko ordu-kopurua adierazita ez daukan ikastarorik.
f) Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzak egina, lan-esperientzia egiaztatzeko.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-egoitza egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria izatea, agindu honen 3.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz. Egoiliartzari dagokion epea 3 urte baino txikiagoa bada, ikasketak direla-eta behin-behinean bizilekua aldatzeagatik, 3.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, egoera hauek egiaztatu beharko dira:
1) EAEn erroldatuta egotea, eskabideak aurkezteko epea hasten den unean.
2) Ikasketak egitera joan den hirian erroldatuta egon izana.
3) Hiri horretako ikastetxe batean matrikulatuta egon izana.
4) EAEko egoiliarra izatea, ikasketak zirela-eta aldatu zen unean.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, prestasuna adierazteko, aurrehautaketako ikastarotik eta bekaren esleipenetik eratortzen diren jarduera guztiak egiteko.
i) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela izan antzeko eduki eta helburuko beken onuraduna.
j) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela lan ordaindurik egingo bekaren iraunaldian, eta ez dagoela sartuta itzulketa- edo zehapen-prozedura batean ere.
k) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dagoela zehatuta zigor- edo administrazio-arloko diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
l) NANaren fotokopia.
2.– NANari eta errolda-ziurtagiriari dagokien dokumentazioa eskatzaileak berak aurkez dezake, edo, bestela, baimena eman diezaioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari Elkarreragingarritasun Zerbitzuaren bidez egiazta dezan.
3.– Halaber, eskatzaileek aukeran izango dute titulu akademikoa ekartzea edo bera Elkarreragingarritasun Zerbitzuaren bidez egiaztatzeko baimena ematea. Eskabidearen inprimakian baimen-atal bat egongo da azken aukera hori hartzen dutenentzat.
Titulua jasotzeko zain daudenek beti aurkeztu beharko dute titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.
4.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 27. eta 28.2 artikuluetan xedatutakoa bete behar da.
5.– Laguntza jasotzeko eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, norberak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
6.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko administrazioek badauzkaten indarreko dokumentuak. Horrelakoetan, eskabidean adierazi beharko da zer egunetan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren dokumentuok, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1.d) artikuluarekin bat.
8. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.
1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko lurralde-bulegoei dagokie, eskatzailea bizi den lurralde historikoaren arabera, aurkeztutako eskabideak aztertzea. Aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertu eta ebaluatzeko, lurralde-bulegoak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu edo informazio osagarriak eskatu ahal izango ditu.
2.– Zuzenketak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko lurralde-bulegoak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat dagoela, eskatzaileei horren berri emango die, eta 10 egun balioduneko epea ezarri, zuzen dezaten; halaber; horretaz gain, jakinaraziko die ezen, hori horrela egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela. Epe hori igarotakoan, zuzendu ezean, ebazpena emango da eskatzaileak eskaeran atzera egin duela adierazteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Hautaketa-batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta proposamen bat egingo dio ebazteko eskumena duen organoari. Batzorde hori hauek osatuko dute:
Merkataritzako zuzendaria, edo horrek eskuordetutakoa. Bera izango da batzordeburu, eta berak erabakiko du bere botoaz, berdinketarik izanez gero.
Hiru batzordekide, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak izendatuak, hauen ordezkaritzan:
a) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.
b) Hautaketa-prestakuntza ikastaroaren esleipena daukan entitatea.
c) Merkatarien elkarte bateko ordezkaria.
Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak izendatutako pertsona bat, epaimahaiko idazkariaren eginkizunak egingo dituena, hitzarekin eta botoarekin.
4.– Erabakiak hartzeari dagokionez, hautaketa-batzordea burujabea izango da, eta bozketa-prozeduraz hartuko ditu erabaki horiek. Artikulu honetan aurreikusi ez den guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluaren 3. atalean xedatutakoa aplikatuko da.
5.– Batzordearen osaeran, trebezia, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua egongo da. Horretarako, lau kide baino gehiagoko epaimahaietan, ordezkaritza orekatutzat hartuko da sexu bakoitzak gutxieneko % 40ko ordezkaritza izatea.
9. artikulua.– Hautatzeko irizpideak eta prozedura.
1.– Hautaketa-prozesuak hiru zati izango ditu: curriculumaren balorazioa, aurretiko jakintzen proba eta prestakuntza-ikastaroa. Hiru fase horien puntuazioen batura gehienez 200 puntukoa izango da.
Probetarako eta prestakuntza-ikastarorako deialdia eta emaitzen argitalpena webgune honetan egingo da: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/merkataritza/.
1. fase: curriculuma baloratzea.
Curriculumaren gehienezko balorazioa 50 puntukoa izango da, honela banatuta:
– Espediente akademikoa.– Gehienez 25 puntu.
Deialdian sartzeko adierazi den titulua lortzeko ikasketetako ikasgaietan izandako puntuazioen arabera baloratuko da. Lehenetsi ez diren unibertsitate-tituluak badira, eragiketa hau egingo da: lortutako puntuazioa bider 0,9 koefizientea.
– Hizkuntzak.– Gehienez 15 puntu. 5 puntu, C1 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero, hizkuntza hauetariko bakoitzean: euskara, ingelesa edo frantsesa. 2,5 puntu, B2 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero, hizkuntza hauetariko bakoitzean: ingelesa edo frantsesa. Puntu 1, B1 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero, hizkuntza hauetariko bakoitzean: ingelesa edo frantsesa.
– Prestakuntza osagarria.– Gehienez 5 puntu.
– Lan-esperientzia.– Gehienez 5 puntu.
2. fasea. Aurretiko jakintzen proba: gehienez 5 puntu.
Curriculumaren baremazioa eginda, curriculumaren balorazio horretan puntuazio onena izan duten 300 eskatzaileei deialdi bat egingo zaie eduki ekonomikoei eta merkataritza-banaketari buruzko jakintza-proba bat egiteko. Deialdiko eskatzaileak 300 baino gutxiago badira, jakintza-proba egiteko, ez da itxaron behar aurreko fasea amaitu arte; edonola izanda ere, curriculumak baloratuko dira eta puntuazio hori eskatzaile bakoitzaren balorazioari gehituko zaio.
3. fasea. Prestakuntza-ikastaroa: gehienez 100 puntu.
Aurreko 2 faseetako puntuazioen batura goreneko 40 balorazioak lortu dituzten pertsonei deialdi bat egingo zaie prestakuntza-hautaketa ikastaroa egin dezaten. Ikastaroak 180 ordu inguru iraungo du. Azken ebaluazio-proban lortutako puntuazioa gehituko zaio eskatzailearen balorazioari. Bekadun edo ordezko izateko, nahitaez bete beharreko eskakizunak izango dira prestakuntza-ikastaroko asistentzia osoa izatea eta ikastaroaren ebaluazio-proba gainditzea.
2.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu eta ebaluatuta, batzordeak hautagai bakoitzari emandako balorazioa emango da argitara, puntuazio gorenetik beherako hurrenkeran ordenatutako zerrenda batean; hautaketa-prozedurako 3 faseetako puntuazioen batuketaren emaitza izango da puntuazio hori.
10. artikulua.– Ebazpena.
1.– Merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko agindu honetako bekak emateko, Merkataritzako zuzendariak hautaketa-batzordearen proposamena ikusi eta ebazpena emango du; bertan adieraziko du bekaren zuzkidura ekonomikoa eta egoki iritzitako edozein gai, egin beharreko jarduerak egokiro egite aldera. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Epe hori igarota, inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, laguntza-eskaera ez dela onartu uler daiteke, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua eman beharra, eskatutako laguntzari dagokionez.
3.– Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta haien aurka gorako errekurtsoa jar dakioke Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Errekurtso horretan ebazpen espresurik ez egoteak ezetsitakotzat jotzea dakar.
4.- Merkataritzako zuzendariak emandako ebazpenak, bai bekak ematekoak bai aldaketak egitekoak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango dira argitara, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak ezarritako moduan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Horretaz gain, ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei.
5.– Uko-egiteen edo bestelako gorabeheren ondorioz, toki hutsik geratzen bada, Merkataritzako zuzendariak ebazpen bidez eman ahal izango die prestakuntza-ikastaroa gainditu duten pertsonei, bekaren iraunaldian geratzen den aldirako, hautaketa-batzordeak adierazitako ordezkapen-hurrenkeraren arabera.
11. artikulua.– Bekan zehar egin beharreko jarduerak.
1.– Deialdiaren hurrengo urtean, onuradunek praktikak egin ahal izango dituzte 2 destinotan, destino bakoitzean 6 hil emanda. Bekadunak hartzen dituzten entitateak izan daitezke bai Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak diruz lagundutako Merkataritzako bulego teknikoak dauzkatenak, bai merkataritza-banaketarekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko bestelako entitateak edo enpresak. Ahal dela, saiatuko da antolatzen pertsona berak praktikak mota desberdinetako 2 destinotan egin ditzan, prestakuntza-esperientzia ahalik eta aberasgarriena eta anitzena izan dadin.
2.– Praktiketan, entitate hartzaile bakoitzerako onartutako prestakuntza-plan bat garatuko da, berak proposatua. Haren barruan sartu ahal izango dira merkataritzako aholkularitza teknikoari loturiko lanak, bezeroen etorrera areagotzeko dinamizazio-ekintzak, merkataritza-enpresen lehiakortasuna handitzen laguntzen duten ekintzak, edo jasotako prestakuntzarekin zerikusia duten bestelako ekintza teknikoak, betiere, kontuan hartuta prestakuntza-esperientzia bat dela eta bekadunak ez dituela bereganatu behar lanpostu bati dagozkion lanak eta erantzukizuna.
3.– Deialdiaren urteko azken lauhilekoan, merkataritza-banaketarekin zerikusia duten entitateei deialdia egingo zaie Merkataritza Zuzendaritzan eskabideak aurkez ditzaten, interesik badute praktiketako bekadunak hartzeko. Horretarako, prestakuntza-proiektuak aurkeztu beharko dituzte eta bertan adierazi hurrengo urteko zer seihilekori dagozkion, edukia, ebaluazio- eta tutoretza-sistema, lanaldia eta ordutegia, zer lantokitan egingo diren praktikak, eta zein den tutorearen izena eta lanpostua.
4.– Eskabideak onartzeko irizpideetan, bekadunen prestakuntzarako baliagarritasun handiena hartuko da aintzat. Onartuz gero, prestakuntza-plan horiek bekadunek hautaketa-prozesuan lortutako hurrenkeraren arabera aukera ditzaketen destinoen artean sartuko dira. Entitate baten prestakuntza-proiektua azkenean bekadun izan den bati esleitzen bazaio, entitate hartzaileak hitzarmen bat sinatu beharko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Turismo Zuzendaritzarekin. Hitzarmen horretan, argi geratuko da ez dela izango lan-harremanik bekadunaren eta entitatearen artean.
5.– Merkataritza Zuzendaritzak zaindu beharko du entitate hartzaileekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzak betetzen direla, eta, era berean, erabaki ahal izango du beste destino bat ematea baldin eta baldintzak behar bezala betetzen ez direla egiaztatzen badu.
6.– Beka eman eta jaso arren, ez da inolako kontratu- edo estatutu-harremanik sortuko bekadunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.
12. artikulua.– Beka ordaintzea.
Bekak hamahiru ordainketatan ordainduko dira: bat, 1.500,00 eurokoa, esleitzen denean, eta, gainerakoa, kopuru bereko 12 kuotatan, bekaz gozatzeko hamabi hilekoetako bakoitza bukatzean.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Betebehar hauek dituzte beken esleipendunek:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta laguntza eman izanaren ebazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean onuradunek ez badiote espresuki eta idatziz uko egiten, beka onartzen dutela ulertuko da.
2.– Eman den xede zehatzerako erabiltzea laguntza.
3.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen dituztenean.
4.– Agindu honetan finkatutako arauak betetzea.
5.– Jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko araudian zehaztutako arauak betetzea.
6.– Helburu bererako edo antzeko helburu baterako diru-laguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabiderik eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko diote Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari.
7.– Merkataritza Zuzendaritzaren jarraibideak betetzea.
8.– Hiru hilerik behin, hiruhilekoa bukatu eta 15 eguneko epean, Merkataritza Zuzendaritzara bidaltzea egindako jardueren gaineko txosten sinatu bat, non espresuki jaso beharko den beka garatzen den entitatearen arduradunak gainbegiratu egin duela.
9.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako betebeharrak betetzea.
14. artikulua.– Kontrola eta jarraipena.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak egingo du bekadunek aurrera eraman beharreko jardueren kontrola eta jarraipena.
Merkataritza Zuzendaritzak egoki iritzitako ikuskapenak egin ditzake, bekak nola doazen egiaztatzeko, eta eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dituzte.
15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Baldin eta aldatzen badira beka emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira, edo helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatuko da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako gutxieneko baldintzak beteta.
Horrelakoetan, Merkataritza Zuzendaritzak behar den likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen kopuruak egoera berriaren arabera egokitzeko.
16. artikulua.– Uko egitea.
Onuradunak, bekari uko eginez gero, galdu egingo ditu sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak, eta itzuli egingo ditu jaso baina ez dagozkionak.
17. artikulua.– Bateraezintasunak.
Bateraezintzat jotzen da beka hau baliatzea eta ordaindutako beste edozein lan egitea edo beste beka bat jasotzea.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
Gerta daiteke bekaren onuradunak ez betetzea beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat. Ebazteko aginpidea duen organoak, halakoetan, bekadunak jasotzeke duen kopurua jasotzeko eskubidea galdua duela adieraziko du, eta jasotakoa (dagozkion berandutze-interesekin batera) Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra duela. Gainera, egoki diren gainerako ekintzak ere egingo dira, lege-testu hauetan xedatutakoari jarraituz: urtarrilaren 9ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antola Arauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena); eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari dagokionez (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra ezartzen dituena, eta haien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituena).
19. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi hauetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdien izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, eta, hain zuzen, hauxe izango da fitxategi horien xedea: diru-laguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdi horietan parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horien arduraduna Merkataritzaren gaineko eskumena duen zuzendaritza izango da. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta aurkaratzeko eskubideaz Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan baliatu ahal izango da. Horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– 2017ko ekitaldirako deialdia.
2017ko ekitaldian, gehienez 34 bekaren deialdia egingo da; 12 hileko iraupena izango dute, eta bakoitzak 15.000 euroko zuzkidura izango du.
2017ko ekitaldiko deialdiko bekak finantzatzeko, guztira 510.000,00 euro baliatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako gordetako partidakoak.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da. Epea deialdiaren ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, hurrengo hileko egun baliokidearen 12:00etan.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Prozeduren araubide iragankorra.
2017ko ekitaldian hasitako prozeduretan, amaitu arte, agindu honetan ezarritakoa beteko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Agindu hau indarrean jartzean, indargabeturik geratuko dira merkataritza-banaketaren dinamizatzaileak prestatzeko beken programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko ekainaren 15eko Agindua eta agindu hori aldatzen duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2014ko ekainaren 18ko Agindua.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta 2017ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honen aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 4a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JOSÉ ALFREDO RETORTILLO PANIAGUA.