EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017134

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Hirumugetako telekomunikazio-zentroaren elikadura-sistema Itelazpi SAk Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren lurretan sustatutako energia-sistema hibridoekin ordezkatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena ematen duena.

Xedapenaren data: 2017-06-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201703546
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2017ko martxoaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera jaso zen, Hirumugetako telekomunikazio-zentroaren elikadura-sistema Itelazpi SAk Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren lurretan sustatutako energia-sistema hibridoekin ordezkatzeko proiektuaren harira, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluari jarraikiz, proiektu hori aipatutako Legeko 7. artikuluko 2b) atalean jasota baitago.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2017ko apirilaren 25ean ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera.
Zehazki, hauei guztiei egin die kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza (guztiak Eusko Jaurlaritzaren mendekoak), Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia (Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendekoak), Nafarroako Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusia, Zegamako Udala eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa.
Behin kontsulten izapidea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzaren eta Natura Ondare eta Klima Aldaketako Zuzendaritzaren (lehen Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza zeritzona) erantzuna jaso da.
Bestalde, egiaztatu da, aipatutako txostenen eta espedientean jasota dagoen dokumentazioaren arabera, ingurumen-erakundeak behar beste judizio-elementu dituela ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera (otsailaren 27ko 3/1998), ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, langintza-prozesuaren lehen faseetan eta betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, ingurumenean eragingo dituen ondorioen analisia, hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak kontuan hartuta.
Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira, besteak beste, I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua aplikatu behar zaio Hirumugetako telekomunikazio-zentroaren elikadura-sistema Itelazpi SAk sustatutako energia-sistema hibridoekin ordezkatzeko proiektuari. Ondoren, zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio (erakunde eskuduna da otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren arabera), Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 dekretuaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematea. Bertan, aipatutako proiektuak ingurumenean kalte esanguratsuak izan ditzakeen aztertuko da eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion aztertuko da.
Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hirumugetako telekomunikazio-zentroaren elikadura-sistema Itelazpi SAk Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren lurretan sustatutako energia-sistema hibridoekin ordezkatzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Aztertzen ari garen proiektuaren xedea energia sortzeko sistema hibrido berriak ezartzea da, Hirumugetako komunikazio-zentroaren egungo esparru eta itxituraren barruan. Sistema berrian, instalazio fotovoltaikoa eta instalazio eolikoa jarriko dira, zentroari energia berriztagarrien hornidura fidagarri eta etengabea emateko, hori gaur egungoa baino aukera jasangarriagoa baita, ingurumenaren aldetik.
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak.
Proiektuan instalazio fotovoltaiko bat eta instalazio eoliko bat muntatuko dira Hirumugetako komunikazio-zentroa dagoen esparruaren barruan, gaur egun lerro elektriko baten bidez elikatzen den zentro horri energia hornitzeko helburuarekin.
Energia sortzeko halako sistema hibridoak instalatuta, hornidura fidagarri eta etengabea lortu nahi da zentrorako, energia berriztagarriak erabiliz. Hori gaur egungoa baino aukera jasangarriagoa da, ingurumenaren aldetik, nahiz eta, momentuz, ez den kenduko gaur egun dagoen lerro elektrikoa, energia-hornidura egokia, fidagarria, jarraitua eta etengabea dela egiaztatu arte.
Proiektuaren barruan, honako sistema hauek instalatuko dira:
– Instalazio fotovoltaikoa: 6 kWh-ko 24 panel fotovoltaiko instalatzea aurreikusten da. Horiek 35 m
– Instalazio eolikoa: 3,5 kW-ko hiru aerosorgailu izango ditu, ENAIR 70 motakoak, pala arteko 4 metroko diametroarekin eta 18 metroko guztizko altuera maximoarekin.
– Gaur egun etxolaren barruan dagoen talde elektrogenoa ordezkatzea, sistema txikiago eta energetikoki eraginkorrago batekin. Taldea elikatzeko, gasolio-andel bat dago, eta hori ez da ordezkatu beharko.
– Energia biltegiratzeko egungo sistema zentro hibridoaren beharretara egokitzea. Sistema hau zentroko etxolaren barruko aretoetan instalatuko da eta gai kimikorik gabeko (azidoak) gel-bateria lehorren bankada batez osatuta egongo da.
– Sistema inbertsore-kargagailu bat instalatzea.
– Urruneko kontrol eta kudeaketarako sistema bat instalatzea.
Materiala telekomunikazio-zentroraino garraiatzeko, jadanik dagoen bidea erabiliko da, gaur egun zentroko mantentze-lanak egiteko erabiltzen dena, eta ez dago bidearen gainean jarduketa gehiagorik egiteko beharrik.
2.– Proiektuaren kokapena.
Telekomunikazio-zentroa Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren lurretan dago, hiru lurralderen arteko mugan (Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa), Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren barruan eta Aizkorri-Aratzeko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2120002) mugan. Energia-sistema hibridoak instalatzeko proiektua zentroko perimetro hesituaren barruan bakarrik gauzatuko da.
Zentrora iristeko bidea N1 errepidetik irteten da Zegaman eta asfaltatuta dago Urdalurko urtegiraino. Gero, Aizkorri-Aratz Parke Naturaletik eta ES2120002 Kontserbazio Bereziko Eremutik igarotzen da, pagadi eta konifero-sailen artetik. Tarte horretan, hormigoitutako pistak eta material trinkoko pistak daude tarteka, telekomunikazio-zentroraino heltzeko.
Telekomunikazio-zentroa dagoen zonako landarediari dagokionez, konifero-sail gazteak daude.
Bestalde, zentroa interes bereziko eremu batean eta hegazti nekrofagoen elikadurarako babes-eremu batean dago, eta hegazti nekrofagoentzako Baterako Kudeaketa Plana eta kiropteroentzako lehentasunezko eremu bat ditu.
3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.
Proiektuak Natura 2000 Sareko espazio bati eragin diezaiokeenez, aztertu da zer efektu egon daitekeen tokiko kontserbazio-helburuetan, eta ondorioztatu da, proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez dela aurreikusten eragin nabarmenik egongo denik.
Zehazkiago, instalazio berriek sor litzaketen inpaktuei dagokienez, inpaktu nabarmenenak muntaketa-lanetarako beharrezko garraioak eragindakoak dira, horiek zarata, kutsadura atmosferikoa eta litezkeen habitat-aldaketak eragin baititzakete aldi baterako. Dena den, hori inpaktu puntuala izango da, lanen faseak irauten duen bitartean. Ondoren, funtzionatzen hasten denean, instalazio eolikoak hegaztiengan eragin dezake, kolpeak egon bailitezke, nahiz eta adierazi behar den aurreikusten diren energia eolikoa sortzeko dorreak ez direla handiak eta gaur egun dagoen telekomunikazio-dorrearen azpitik geratuko direla; beraz, ez dirudi hori gertatzeko aukera handirik egongo denik. Halaber, kontuan hartu behar da aerosorgailuek kiroptero-biztanlerian eragina izan dezaketela.
Bigarrena.– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako zein dagokion baimen sektorialetan ziurrenik jasoko diren neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsagarriak alde batera utzi gabe, kontuan izan beharko dira honako baldintza hauek, proposamena garatzeko orduan:
– Natura-ondarea babesteko neurriak:
Faunaren gaineko eraginei aurrea hartzeko edo horiek murrizteko neurriei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko erkidego-intereseko hegazti nekrofagoen kudeaketarako baterako Planean adierazitakoaz gainera, honako neurri hauek aplikatuko dira:
• Energia sortzeko sistema hibridoen instalazioetarako beharrezko lanak kiropteroen eta hegazti nekrofagoen biztanleriei albait eragozpen gutxien sortzeko moduan egingo dira.
• Aerosorgailuen inguruan argientzako zutoinak edota argi biziak jartzea ekidingo da, gaueko intsektuak bertara ez joan daitezen; izan ere, gaueko intsektu horiek kiropteroak erakar ditzakete eta istripuak egon daitezke elkarren artean talka egiteagatik.
•Aerosorgailuetan disuasiorako gailuak instalatzeko aukera baloratuko da, hegaztien kolpe-arriskuak minimizatze aldera.
• Kiropteroen eta hegazti nekrofagoen hilkortasunaren segimendua egingo da eta, lortutako emaitzen arabera, bestelako neurriak planteatuko dira.
– Ura eta lurzorua babesteko neurriak:
Berariaz debekatuta egongo da makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, zeregin horretarako berariaz ezarritako eremuetatik kanpora.
– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
• Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik frogatu behar da haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela.
• Hondakinak deuseztatu ahal izateko, aldez aurretik justifikatu beharko da haien balioztatzea ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik.
• Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
• Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.
• Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, beren tipologiarengatik, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
• Aipatutako deposituak edo ontziak era argi, irakurgarri eta ezabagaitzean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.
• Sortzen den olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko da.
• Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
• Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, eta abar). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.
• Araudi hau betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Zehazki, inoiz ez dira hondakinak erreko, ezta erregaiak eta produktuak biltzetik nahiz makinak mantentzetik sortzen diren efluente kontrolatugaberik isuriko ere.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean kalte negatibo nabarmenik izango denik. Hortaz, ez da jotzen beharrezkoa denik Hirumugetako telekomunikazio-zentroaren elikadura-sistema Itelazpi, SAk Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren lurretan sustatutako energia-sistema hibridoekin ordezkatzeko proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrutaren mende jartzea:
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Gipuzkoako eta Arabako Partzuergo Orokorrari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.