EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2017134

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 26koa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, «Amorebieta herrigunea-Arriagane poligonoa lotura-arteria» izeneko gas naturalaren sareko instalazioak eraikitzeko baimena eman eta herritarrentzat onuragarria dela deklaratzen duena, Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean (Bizkaia).

Xedapenaren data: 2017-06-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201703543
Maila: Ebazpena
Erreferentzia: GUD-I-Am; 48 CG-F-2017-2 JKE/MBR.
Energia.
Javier Bermejillo Eguia jaunak, Naturgas Energía Distribución SAU sozietatearen izenean eta ordezkaritzan, eskatu zuen, 2017-03-06 sarrera-egunarekin, baimena ematea gas naturalaren sare bateko instalazioak eraikitzeko, «Amorebieta herrigunea-Arriagane poligonoa lotura-arteria» izenekoa hain zuzen, Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean (Bizkaia).
Espedientea ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:
AURREKARIAK
Bat.– Espedientea jendaurrean erakusteko izapidea bete zen: zegokion iragarkia argitara eman zen 2017-03-13ko EHAAn eta 2017-04-06ko BAOn, baita 2017-04-05eko El Correo egunkarian ere; era berean, iragarkia Amorebieta-Etxanoko Udalera bidali zen, iragarki-oholetan jar zedin 2017-04-03tik 2017-05-03ra bitartean.
Bi.– 2017-03-28an, txostena egiteko eta baldintzak ezartzeko eskatu zitzaien honako erakunde hauei: URA-Uraren Euskal Agentzia, Kantauriko Ur Konfederazioa eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko Hirigintza Departamentua. Txostena eman dute 17-05-31n URAk, Kantauriko Ur Konfederazioak, eta 17-05-30ean Amorebieta-Etxanoko Udaleko Hirigintza Departamentuak.
Hiru.– Naturgas Energía Distribución SAU sozietateak onartzen ditu aurretik aipatu erakundeek eskatutako baldintzak, 2017-06-09ko eta 21eko idazkietan, eta eragindako lursailen titularrekin lortutako akordioen kopia eransten du.
Lau.– Euskadiko Gas Baltzua AB sozietateak dauka Bizkaian erabilera industrialeko gas naturalaren hornidura egiteko administrazio-emakidaren titulartasuna. Emakida hori Enagas enpresari eman zitzaion 1981-02-25eko Ministro Aginduaren bidez, eta, gero, Enagasek Euskadiko Gas Baltzua AB sozietateari laga eta eskualdatu zion, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren 1983-07-15eko Aginduaren bidez, eta emate hori zabaldu zen Industria Sailaren 1985-07-15eko Aginduaren bidez.
Bost.– 1989ko abuztuaren 31n, baimena eman zitzaion Naturgas SAri, Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean etxeko eta merkataritzako erabilerako gas naturala banatzeko gasbide bat instalatzeko, «Amorebietako Sarea» izenekoa. Baimen hau, hain zuzen ere, beste haren zabalkundea da.
Sei.– Euskadiko Gas Baltzua AB sozietateak Naturgas SA xurgatu, eta biek bat egin zutenez, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak 1996-11-07an baimena eman zuen Euskadiko Gas Baltzua AB sozietateari eskualdatzeko Naturgas SAri emandako administrazio-emakida guztiak, eta, horien artean dago Amorebieta-Etxanoko udalerrian etxeko eta merkataritzako erabilerako gas naturalaren hornidura egiteko administrazio-emakida.
Zazpi.– Naturcorp Multiservicios SA sozietateak egindako xurgapenaren bidez, jarraian adierazten diren sozietateen bategitea formalizatu zen eskritura publikoan, 2003ko abenduaren 31n: Naturcorp Multiservicios SA Sociedad Unipersonal, Gas de Asturias SA Sociedad Unipersonal, Euskadiko Gas Baltzua AB, Gas Figueres SA, Sociedad Unipersonal eta Donostigas SA Sociedad Unipersonal.
Zortzi.– Era berean, eta Naturcorp Multiservicios SAk gas-banaketako negozioari dagokion produkzio-jarduerako adarra aurkeztu eta entregatu izanaren ondorioz, Naturcorp Redes SAU sozietatea eratu zen, 2003ko abenduaren 31ko eskritura publikoaren bidez, eta eraketa hori urriaren 7ko 34/98 Legearen 73. artikuluaren 2. paragrafoari jarraituz jakinarazi zitzaion Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari, hain zuzen ere Naturcorp Redes SAUren alde egindakotzat jo zezan Sociedad de Gas de Euskadi SAri emandako administrazio-titulartasun guztien eskualdatzea.
Bederatzi.– 2005eko azaroaren 4an, Naturcorp Redes SAU sozietateari izena aldatu, eta Naturgas Energía Distribución SAU izen berria ezarri zitzaion, zeina Bizkaiko Merkataritza Erregistroan inskribatu baitzen 2005eko abenduaren 12an. Horren guztiaren berri eman zitzaion Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 2. paragrafoarekin bat etorriz.
Hamar.– Gasa banatzeko sareak zabaltzeko proiektuan eta zehaztapen teknikoetan oinarrituz landu da proiektua, Energiaren zuzendariaren 2014ko ekainaren 10eko Ebazpenaren bidez onartua.
Hona hemen ebazpen honen
ZUZENBIDEZKO OINARRIAK
Bat.– Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.
Bi.– Xedapen hauen arabera, gasa banatzeko sareak eraikitzeko beharrezkoa da aldez aurretiko administrazio-baimena eta bai jendaurreko erakustaldiaren izapidea eginda izatea ere: Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/98 Legea (1998-10-08ko BOE); gas naturaleko instalazioetako garraioa, banaketa, merkaturatzea, horniketa eta baimen-prozedura arautzeko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretua (2002-12-31ko BOE); uztailaren 28ko 919/2006 ED (2006-09-04ko BOE); ekainaren 9ko 107/1998 Dekretua (1998-06-26ko EHAA), eta Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren 2014ko maiatzaren 5eko Instrukzioa.
Hiru.– Espedientearen izapideetan eta edukian egiaztaturik dago bete egiten direla indarreko legerian eta aplikatu beharreko gainontzeko legeetan ezarritako baldintzak eta betekizunak.
Ikusirik aipatutako legezko xedapenak eta gai honekin lotuta oro har aplikatu beharreko gainerako xedapenak, honako hau
XEDATZEN DUT:
Bat.– Baimena ematea Naturgas Energía Distribución SAUri, Amorebieta-Etxanoko udal-mugartean eraiki ditzan erabilera industrialeko gas naturaleko instalazioak, «Amorebieta herrigunea-Arriagane poligonoa lotura-arteria» izeneko proiektuari dagozkionak. Hona hemen instalazioen ezaugarriak:
– Egungo sarearekin lotura egitea, 01 nodoan, 6882. balbularen ondoan; Amorebieta herriguneko San Pedro kaleko 53. zenbakiarekin mugakide da. Kanalizazioa San Pedro kalearekiko paraleloa da, Basarrate erreka zeharkatzen du, eta Tantorta auzoan aurrera jarraitzen, partzela pribatuen afekzio-eremuan; Serpinsa poligonoan segitzen du, Arriagane poligonoraino, eta, han eguneko sarearekin lotuko da, 16552. balbula baino lehen.
– Lurpeko gas sarea, polietilenozko PE 100 SDR 17,6 hoditeria bidez, 110eko diametro izendatua izango duena 1.185 m inguruko luzeran, polietilenozko PE 100 SDR11 hoditeriako 5 hargunerekin 32ko diametro izendatua 25 m-ko luzeran.
Gehienezko operazio-presioa 5 bar-era bitartekoa izango da.
– Aurkeztutako proiektuko memorian eta planoetan zehazten dira sarearen ibilbide osoa eta ezaugarriak.
Bi.– Baimena lortzeak baldintza hauek betetzea dakar:
EDP-Naturgas Energía Distribución SAUk, 2 hilabeteko epean, 1.948 (mila bederatziehun eta berrogeita zortzi) euroko fidantza jarriko du, baimen honen bidez berretsitako konpromisotik sortzen zaizkion betebeharrak beteko dituela bermatzeko, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluak dioenarekin bat etorriz. Fidantza hori Euskadiko Gordailuen Kontu Nagusian jarriko da, dirutan, estatuko baloreetan edo banku-abalen bidez, uztailaren 21eko 1775/67 Dekretuaren 11. artikuluko 3. zenbakian xedatutakoaren arabera, edo aseguru-kontratu baten bidez. Azken aukera honen kasuan, aseguru-kontratua ematen duten aseguru-etxeek xedapen hauetan ezarritakoa bete beharko dute: 1954ko abenduaren 16ko Legea; Aseguru pribatua antolatzeari buruzko abuztuaren 2ko 33/84 Legea, eta Espainia EEEri atxikitzeko Itunaren ondoriozko konpromisoak egokitzeari buruzko ekainaren 6ko 1255/86 Legegintzako Errege Dekretua. Instalazioak baimendu eta horiek instalatzeko baimenean ezarritako epeetan eraiki ondoren eta, halaber, lurralde-organo eskudunak instalazioak martxan jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren, Naturgas Energía y Distribución SAU sozietateari fidantza itzuliko zaio.
Espedienteko instalazioak egiten hasteko epea 24 hilabetetik beherakoa izango da, baimena aldizkari ofizialetan azkenekoz argitaratzen den egunetik hasita, eta obra burutzeko epea 36 hilekoa izango da.
EDP-Naturgas Energía Distribución SAUk uneoro eskualdatu ahal izango ditu instalazio horiek, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari aurretik jakinarazita, eta titular berriak baimen honek dakartzan betebehar eta eskubide guztiak subrogatuko ditu.
EDP-Naturgas Energía y Distribución SAUk hornidura egokia eskaini beharko du, baita zerbitzu egoki eta azkarra eman ere, instalazioak mantentzeko, matxurak konpontzeko, erreklamazioei erantzuteko eta, oro har, erabiltzaileei arreta emateko, eta, halaber, instalazioak zaintzeko eta haien funtzionamendu onari eusteko ardura izango du, 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Dekretu horren bidez, gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak, eta instalazioak baimentzeko prozedura arautzen dituen araudia onetsi zen, eta enpresa hornitzaileen betebeharrak eta eskubideak ezarri.
Hiru.– Baimentzen diren instalazioak onura publikokoak direla deklaratzea. Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (1998-10-8ko BOE), onura publikokoa dela deklaratzeak berarekin dakar ondasunak okupatu beharra edo eraginpean hartutako eskubideak eskuratu beharra, eta, horrenbestez, horiek lehenbailehen okupatuko dira Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
Instalazioak ondoko baldintzak bete behar ditu:
– Beharrezkoa den instalazio finko azalekoen jabari osoa.
– Bide-zortasun iraunkorra sarean: 4 m-ko zabalera duen lur-zerrenda, hoditeriaren ardatzaren alde bakoitzetik 2 m hartzen dituena; zerrenda horretatik, hodiak eta beharrezko osagarriak joango dira lur azpitik –betiere, Hidrokarburoen sektoreari buruzko 34/1998 Legearen 19. xedapen gehigarrian ezarritakoaren babesean–. Zortasun horrek jabari-muga hauek izango ditu:
a) Zortasun-eremu iraunkor horretan, debekatuta egongo da 50 cm baino gehiagoko sakoneran goldatzea eta antzeko lanak egitea.
b) Instalazioak mantentzeko beharrezko diren langileentzako eta ekipoentzako sarbide librea; eragindako kalteak ordaindu beharko dituzte, halakorik eginez gero.
– Debekatu egiten da instalazioen funtzionamendu egokiari kalte egin edo hura trabatu dezakeen ezein obra edo egintza burutzea, trazaduraren alde banatan, ardatzetik 5 metrotik beherako distantzian. Zortasun iraunkorreko zerrendarekin bat egin arte murriztu daiteke distantzia hori, betiere berariaz eskatzen bada eta Administrazio organo eskudunak kasu bakoitzerako finkatutako baldintzak betetzen badira.
– Obrak egiteko, eremu batzuk behin-behinean okupatu beharko dira, eta haietan dauden oztopo guztiak kendu. Finka bakoitzean eremu horiek zein izango diren agertzen da lursailen planoetan eta eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda zehatz eta banakatuan.
Lau.– Instalazioak «Amorebieta herrigunea-Arriagane poligonoa lotura-arteria» izeneko proiektuan zehaztutako irizpideen, arauen eta erregelamenduen eta aurkeztutako gainerako agiri teknikoen arabera egin beharko dira. Proiektu hori José Francisco Berrocal Ovejero ingeniari-teknikariak sinatua da, eta Madrilgo Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak onetsi zuen 2017-01-26an, 17900608/01 zenbakiarekin.
Bost.– Baimen hau lortu arren, udal- eta probintzia-erakundeen lizentzia eta baimenak eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoak lortu beharko ditu eskatzaileak. Halaber, baimen hau hirugarren batzuek izan ditzaketen eskubideak eragotzi gabe eta jabetza-eskubidea salbu utzita ematen da.
Sei.– Indarrean diren xedapenen arabera instalazioetan egin behar diren azterketa, entsegu eta proba partzialak edo orokorrak aldez aurretik eta idatziz jakinarazi beharko dizkio enpresa baimendunak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari behar adinako aurrerapenarekin.
Zazpi.– Instalazioak martxan jartzeko akta eskuratzeko, Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzan honako agiri hauek aurkeztu behar dira: obra zuzendaritzako ziurtagiriak; proben aktak, baimen grafikoak eta tarteko diren erakundeen baimenak dituztela; eta AS-BUIT planoak, gas-sarea non dagoen eta sarea beste zerbitzuekin non gurutzatzen den zehazten dutenak.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarritako baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.
Bilbao, 2017ko ekainaren 26a.
Lurralde-ordezkaria,
ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.