EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2017132

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 29koa, Trafikoko zuzendariarena. Horren bidez, hiru metrotik gorako zabalera eta/edo 20,55 metrotik gorako luzera dutela, zirkulazio baimen osagarri bat erabiliz zirkulatzen duten ibilgailu bereziei eta garraio bereziko erregimenaren menpeko ibilgailuei aldi baterako zirkulazio-murriztapena ezartzen zaie, N-240 errepidean, 50,500 eta 55,800 kilometro-puntuen artean, eta N-240tik AP-8ra sartzeko zein AP-8tik N-240ra sartzeko adarretan.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2017-06-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201703505
Maila: Ebazpena
Bide horren titularra den Bizkaiko Foru Aldundiak Trafiko Zuzendaritzari jakinarazi dio «AP-8 eta N-240 errepideen arteko bidegurutzea hobetzeko eta Usansolon (Galdakao) sarbideak berrantolatzeko» obra behar bezala egin ahal izateko, galtzada estutu behar dela eta N-240 errepidean, 50,500 eta 55,800 kilometro-puntuen artean, zirkulazio-errei batzuk moztu behar direla, baita AP-8ko irteera- eta sarrera-adarrak ere.
Halaber, obrak ezinbestean sortuko dituen auto-ilarak are handiagoak izan ez daitezen eta bide-tarte horretan gerta daitezkeen bide-segurtasuneko arazoak handitu ez daitezen, eskatzen du, hiru metrotik gorako zabalera eta/edo 20,55 metrotik gorako luzera dutela eta zirkulazio baimen osagarri bat erabiliz zirkulatzen duten ibilgailu bereziei eta garraio bereziko erregimenaren menpeko ibilgailuei aldi baterako zirkulazio-murriztapena ezartzeko.
Bidearen ezaugarriengatik, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako errei bat izateagatik eta lanegunetan hasierako orduetan izaten den zirkulazio handiagatik, N-240 errepidean ibilgailu zehatz batzuei zirkulazio-murriztapenak ezartzea komeni da, bide-segurtasuna, mugikortasuna eta zirkulazioaren arintasuna mantentzeko.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, neurri murriztailea aldi baterako izan behar da, lanegunetan ordu-tarte zehatz batean eta aurreikusitako obrek dirauten bitartean, harik eta zirkulazio normala berreskuratzeko aukera egon arte.
Zirkulazioa segurua edo arina izan dadin, trafikoa arautzeko neurri bereziak ezartzeko ahalmena urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak,18. artikuluan jasotzen du. Azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretuak, Zirkulazio Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, besteak beste, 37. eta 39. artikuluetan neurri horietako batzuk zehaztu eta horiek hartzeko prozedura arautzen du. 37. artikuluaren 4. apartatuan, hain zuzen, ezartzen da, bideko titularrak eskatuta, trafiko arloan eskumena daukan agintariak zirkulazioa murrizteko edo mugatzeko neurriak har ditzakeela.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) aurreko paragrafoan jasotako neurriak emateko ahalmena Trafikoko zuzendariaren eskumena da, apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak, Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzkoak, 17.3 d) artikuluan ezartzen duenaren arabera.
Aurreko guztiaren ondorioz, eta arauz ezarritako izapidetzea eginda,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hiru metrotik gorako zabalera eta/edo 20,55 metrotik gorako luzera dutela, zirkulazio baimen osagarri bat erabiliz, zirkulatzen duten ibilgailu bereziei eta garraio bereziko erregimenaren menpeko ibilgailuei aldi baterako zirkulazio-murriztapena ezartzea, bide-tarte, egun eta ordu hauetan:
Obrek irauten duten bitartean, N-240 errepideko 50,500 eta 55,800 kilometro-puntuen artean, Vitoria-Gasteizko noranzkoan, N-240rako noranzkoan doan AP-8ko adarra heltzen den biribilgunetik irteteko erreian, gehienez ere, 3,75 metroko zabalera egongo da eta ezin izango da inola ere zabaldu. Beraz, murrizketaren ordutegitik kanpo errei horretatik zabalera hori gainditzen ez duten ibilgailuek bakarrik zirkulatu ahal izango dute; izan ere, zirkulazio baimen osagarrietan ezarritakoaren arabera, zirkulatu ahal dute, baldin eta zirkulazioa eragozten duen muga edo oztopo fisikorik ez badago.
Bigarrena.– Obrek irauten duten bitartean, murrizketa ezarrita dagoen bide-tartean eta auto-ilara gehiago ez sortzeko, ibilgailuek ezin izango dute galtzadaren barruan borondatez gelditzea eragingo duen maniobrarik egin.
Hirugarrena.– Murriztapena kentzea.
Murriztapenak irauten duen bitartean eta larrialdiekin edo zerbitzu publikoekin lotutako ezohiko egoeretan, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak ebazpen honetan ezarritako murriztapenaren eraginpean dauden ibilgailuei zirkulatzen utzi ahal die, eta, ondorioz, Ertzaintzari eman beharreko instrukzioak emango zaizkio.
Laugarrena.– Murriztapenaren iraupena eta amaiera.
Ebazpen honetan aurreikusten den murriztapenak 2017ko uztailaren 3tik irailaren 30era arte izango du eragina. Hala ere, murriztapena eragin duten kausak aurreikusitako data baino lehen desagertuz gero, ezarritako murriztapena indarrik gabe geratuko da. Murriztapenaren eta, hala badagokio, haren amaieraren berri emango da eta behar bezala zabalduko da.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 29a.
Trafikoko zuzendaria,
SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.