EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2017131

AGINDUA, 2017ko ekainaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, toki-erakundeei beren artxibo sistema jartzeko edota sendotzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako 2017ko ekitaldirako deia egiten duena.

Xedapenaren data: 2017-06-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201703489
Maila: Agindua
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionala (EASN) sortu zen, eta horri dagokio bere barruan dauden artxibo zerbitzuen planak bateratzea eta koordinatzea. Estatuaren eta lurralde historikoen artxibo-zerbitzuei ez zaie Agindu hau aplikatuko, horrela xedatzen baita Legearen 74. artikuluan. Artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen azaroaren 21eko 232/2000 Dekretuaren 3. artikuluan ezartzen du euskal herritarren dokumentu ondarearen eremua, dokumentuok diren garaikoak direla. Horretan sartzen dira toki-erakundeek beren funtzio edo zereginetan dihardutela sortu, bildu edo kontserbatutako dokumentuak: udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak, eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak. Dekretu horrek berak, halaber, Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalaren egitura, onurak, atxikipenak eta funtzioak ezartzen ditu. 22. artikuluan Euskadiko udal- eta toki-administrazioko artxibo-zerbitzuak Euskadiko Artxibo Sistema Nazionalean nola sar daitezkeen xedatzen da.
Administrazioko erakunde bakoitzean artxibo sistema bat ezartzea eta martxan jartzea oinarrizko baldintza da egoki jardun dezan, informazio-baliabideak egoki kudeatzeko eta herritarren oroimena sortzeko bermea denez.
Agindu honen asmoa epe luzeko prozesua jarraitzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioari artxiboko sistema sendo eta eraginkorrak emateko, toki-administrazio bakoitzak ondare honen gain duen erantzukizuna egoki betetzen dutela ziurtatzeko. Artxiboaren ikusmolde orokorra sustatu nahi da, halaber, administrazio, informazio edo kultura mailako hainbat premiari arreta emateko zerbitzua.
Hori dena aintzat hartuta, beharrezkotzat jotzen da helburu horiek dituzten ekimenak diruz laguntzea, batez ere, dokumentu-funts guztiak antolatzen hasteko, eta artxibo zerbitzu publiko egonkorra sendotu eta finkatzerakoan zerikusirik duten administrazio guztiak elkarrekin jarduteko.
Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen IV. tituluko I. kapituluko «Gordetegi zerbitzuez» 73. eta 75. artikuluak, eta artxibo zerbitzuetako araudia eta Euskal Autonomia Erkidegoko dokumentazio ondarea erregulatzeko arauak onartzen dituen 232/2000 Dekretuaren II. kapituluak «Artxibo-zerbitzu publikoak», artxibo zerbitzuaren definizioari eta egitekoei buruz xedatzen dutenaz gain, eta agindu hau egoki aplikatu eta garatzeko, artxibo-sistematzat jotzen da artxibo historikora heldu bitartean administrazio-kudeaketaren artikulazioaren eta udal dokumentazioaren harat-honaten emaitza. Artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, udal bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Eta, azkenik, honako hau hartuko da artxibo programatzat: udal artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, urtebeteko epean edo epe laburragoan, osorik zein zatika, behin betiko proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako programa (diru-laguntzaren xede dena).
Halaber, diru-laguntzen gaian bildutako hiru arau nagusietan jasotakoa kontuan izan da: oinarrizko biak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, diru laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena; eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea diru-laguntzak emateko erregimena eta deialdia arautzea da, 2017ko ekitaldi honetan programak garatzeko. Programa horiek artxibo-sistemaren proiektu batean sartuta daude, artxibo-sistema propio bat ezartzea edo sendotzea esan nahi dute, edo artxibo sistema propio bat edukitzeko proiektuak lantzea.
2.– Agindu honen helburuetarako, tokian tokiko artxibo sistema lortzeko burutu behar diren jarduerei buruz ikuspegi orokor eta sendoa emanez, eskatzaile bakoitzak eskaintzen duen definizioa hartuko da artxibo sistema proiektutzat. Era berean, artxibo sistemarako proiektuari jarraituz, aurtengo ekitaldian, osorik zein zatika, artxibo sistemarako proiektuaren helbururen bat edo batzuk lortzeko bideratutako jarduera edo jardueren multzoa joko da artxibo-programatzat.
3.– Diru-laguntzetarako zenbatekoa berrehun eta laurogeita hamar mila (290.000) eurokoa izango da. Kopuru hori 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kargura emango da.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeak izan daitezke agindu honetan ezartzen diren diru-laguntzen onuradunak, eta horretan sartzen dira udalak, udalek baino lurralde txikiagoa hartzen duten entitateak eta toki-izaera duten udalaz gaindiko entitateak, betiere, legez eratuta badaude eta dagozkion erregistro eta administrazio-erroldetan inskribatuta badaude.
2.– Dagokion zigorrak ezartzen duen aldian, ezingo dute deialdi honetan parte hartu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortuta dauden erakunde eskatzaileek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena urratuz sexuaren ziozko edozein bereizkerian erortzeagatik debeku horrekin zigortuta daudenek ere.
3.– Diru-laguntzak emateko, eta, dagokionean, ordaintzeko pertsona edo entitate onuradunei, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera edo zigor-prozedura amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari bada. Berdin jokatuko da dagokion itzulketa edo zigor-prozedura amaitu eta oraindik Administrazioarekiko zorrik balego.
3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.
1.– Xede hauetakoren bat edo batzuk dituzten proiektuak eta/edo programak diruz lagundu ahal izango dira:
a) Deskribatzeko tresnak sortzea edo hobetzea. Funtsen deskribapena sustatzen duten programen bitartez, nahiz deskribatzeko tresnak informatizatu nahi dituzten programen bitartez, zabalkundeko politika eraginkor baterako.
b) Dokumentu-funtsak baloratzea eta aukeratzea, betiere funtsak kontserbatzeko edo suntsitzeko politika orokor baten atal gisa.
c) Kultura-zabalkunderako artxibo-jarduerak.
d) Mankomunatutako artxibo-zerbitzuei eustea.
e) Artxibo-dokumentuak, artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak digitalizatzeko jarduerak, batez ere 50 urte edo gehiago badituzte, eta betiere antolatuta badaude eta euskarri informatikoan inbentarioa badaukate. Proiektu horiek betiko gordeko den artxibo digitala sortu beharko dute eta baita ere dagozkion kopia digitalak. Aurkezten diren proiektuek agindu honen A) eranskinean jasotako baldintza teknikoak bete beharko dituzte.
f) Diru-laguntza xede duten proiektuak eta/edo programak 2017an burutu beharko dira, urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 artean.
2.– Goiko atalean ezarritakoaren ondorioetarako, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako definizioak erabiliko dira artxibo-dokumentu, artxibo-funts eta dokumentu-bilduma kontzeptuak zehazterakoan.
3.– Laguntza-deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira, dena dela, honako ezaugarri hauetakoren bat duten proiektuak eta/edo programak:
a) Dokumentu-funtsak zaharberritzekoak.
b) Dokumentu-funtsak transkribatzekoak.
c) Etorkizunean artxibo-funtsak kontserbatzeko edo eskuratzeko gutxieneko baldintzak bermatzen ez dituzten eskabideak.
d) Artxiboko lokalak hobetzea (obrak, apalen erosketak...).
e) Sexu bien arteko trataera berdintasuna bermatzen ez dutenak.
4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako jardueren % 100era arte azpikontratatu dezakete onuradunek.
4. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2.– Eskaerak soilik bide elektronikoak erabiliz egin ahal izango dira, eta baita prozedura honetako kontsultak eta gainerako izapideak ere:
a) Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/artxibo-publikoak/eu/
b) Eskabidearen ondoko izapideak hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio. Eskabidea eta eskatutako gainerako dokumentuak agindu honen 4.2 artikuluan adierazitako helbidean daude erabilgarri.
4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
5.– Eskatzaileek eskaerak eta justifikazioak aurkeztu ahalko dituzte zuzendutako Administrazioaren erregistro elektronikoan, eta baita ere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako erregistro elektronikoetan. Halaber, 39/2015 Legearen 66. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zuzendutako organoaren identifikazio kodea adieraziko beharko da eskaeretan.
6.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Memoria xehatua; aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa jasoko ditu.
b) Aurkeztutako programa eta artxiboko lokalen deskribapena eta artxibo-zerbitzuan gordeta dauden funtsen identifikazioa (bertakoak nahiz kanpotik etorriak).
c) Beste edozein erakunde publiko zein pribaturi helburu berberaz eskatutako diru-laguntzen zerrenda, erakundearen izena eta diru-laguntzaren egoera aipatuta: ezetsiak, erantzunaren zain ala emanak eta zenbatekoak (bestelako finantzaketa-iturriak dokumentua).
d) Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak -eskabidea aurkeztu duen pertsonaren nortasunaren gaineko datuak, eta baita ere Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bere bankuko datuei buruzkoak, azken hauek ordainketak egiteko, hala badagokio- baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
5. artikulua.– Laguntzak kudeatzea.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntza-programa kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
6. artikulua.– Eskabidean akatsak zuzentzea.
Eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela ikusiz gero, hamar eguneko epea emango zaio erakunde interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, erakunde eskatzaileren batek eskaera modu presentzialean aurkezten badu, bide elektronikoak erabiliz zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, eskaeraren aurkezpen-data bezala hartuko da zuzenketa egin den data.
7. artikulua.– Kalifikazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aurrez aztertzea eta horiek onartzea, eta, ebaluatzea kalifikazio-batzordeari dagokio, agindu honen hurrengo artikuluan ezarritako jarraibideak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorri. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari egokitutako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua, eta baita ezetsitako eskaera guztiak eta horiek ezetsi izanaren arrazoiak. Baita onartu ez diren diru-laguntzak ere, eta ez onartzearen zioa.
2.– Kalifikazio-batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Presidentea: Imanol Agote Alberro jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburu-lanak egingo dituena.
Mahaikideak:
– Borja Aginagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko (Irargi) arduraduna.
– Mikel Carrillo De la Peña jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko arduraduna.
– Roberto Kerexeta Zulaika jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko (Irargi) teknikaria, idazkaria izango da, eta berari dagokio batzordearen jarduerak legezkoak direla zaintzea bai arlo formalean bai materialean.
8. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta esleipenerako irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Aurkeztutako eskabideak alderatzea izango da prozedura, eskabideak hurrenkeran ipini ahal izateko, artikulu honetan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Helburu horretarako, eskabideak eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira, puntu gehien duen eskabidetik hasi eta, hurrenez hurren, 1. artikuluan ezarritako aurrekontu-kreditua amaitu arte. Halaber, soilik laguntza emango zaie 50 puntu edo gehiago lortu duten proiektu eta/edo programei.
2.– Diru-laguntza eskabideen ebazpen-proposamena egiteko eta haien zenbatekoa ezartzeko asmoz, kalifikazio-batzordeak honako irizpideak eta ponderazioak kontuan hartuko ditu aurkezten den programa bakoitzean:
a) Sendotasun zientifikoa duen programa eta/edo proiektua izatea, epe luzera diseinatutako ekimena sendotzea aurreikus dezan; lan-faseen sekuentzia bat diseinatuko da, horietako bakoitzean parte hartzen duten elementuak baloratuko dira eta gastua osatzen duten elementuen zenbatespen zehatza planteatuko da (% 50).
Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:
– 30 puntura arte, artxibo-zerbitzuaren mantenimenduko urteko proiektu eta/edo programetarako: funtsaren zati baten antolakuntza, inbentarioak egitea; dokumentu-funtsen digitalizazio-proiektuak; tresna deskribatzaileak hobetzea...
– 50 puntura arte, epe luzerako artxibo-sistema ezartzea edo finkatzea aurreikusten duten proiektu eta/edo programetarako (hurrengo urteetarako lan-faseak, gastuaren zenbatespen zehatza...), eta, halaber, honako hauek barne hartzen dituztenetarako: dokumentu-funtsen balioespen/eliminazio politikei buruzko programak, dokumentu-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxibo-dokumentuen web bidezko zabalkundea...
b) Artxibo-zerbitzu anitzak parte hartzeko proiektua eta/edo programa izatea edo hainbat udalen arteko lankidetza espezifikoen bitartez (% 15).
Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:
– 0 puntu, eskuhartze bateraturik gabeko proiektu eta/edo programetarako.
– 5 puntu, udaletarako den artxibo-sisteman bildutako proiektu eta/edo programetarako.
– 7 puntu, bi udal artxibo-zerbitzu desberdinen esku-hartzea duten proiektu eta/edo programetarako.
– 10 puntu, 3 edo 4 artxibo-zerbitzu biltzen dituzten eskualdeko edo mankomunitateko artxibo-zerbitzuek egindako proiektu eta/edo programetarako.
– 15 puntu, 5 artxibo-zerbitzu edo gehiago biltzen dituzten eskualdeko edo mankomunitateko zerbitzuek egindako proiektu eta/edo programetarako.
c) Estandar terminologikoen erabilera sustatzea deskribapen-tresnetan (inbentarioak, gidak, katalogoak, indizeak...), bai deskribapen-motakoak (fitxak betetzeko arauak, izendapenak eta abar), bai sailkapen-motakoak (sailkapen-taulak, atalen, serieen eta abarren izendapenak) (% 15).
Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:
– 0 puntu, estandarizazio-sistemak aipatzen ez dituzten proiektu eta/edo programetarako.
– 10 puntu, deskribapen-motako oinarrizko estandarrak biltzen dituzten proiektu eta/edo programetarako.
– 10 puntu, sailkapen-motako oinarrizko estandar artxibistikoak biltzen dituzten proiektu eta/edo programetarako.
– 15 puntu, deskribapen- eta sailkapen-motako estandar terminologikoak biltzen dituzten proiektu eta/edo programetarako (sailkapen-taulak, dokumentu-serieak, sekzioak...).
d) Proiektu eta/edo programan euskarazko estandar deskriptiboen edo interes artxibistikoa duten beste edozein elementuren erabilera bultzatzea (% 20).
Honako hauek dira puntuazio-irizpideak:
– 0 puntu, euskara erabiltzen ez duten proiektu eta/edo programetarako.
– 5 puntu, informatizatutako kudeaketa-sistemetarako (datu-baseak, espediente-kudeaketako programak...), baldin eta softwarea euskaraz erabilgarri badago.
– 10 puntu, informatizatutako kudeaketa-sistemetarako (datu-baseak, espediente-kudeaketako programak...), baldin eta softwarea euskaraz erabilgarri badago, eta, horretaz gain, erabiltzaileei arreta euskaraz ematen bazaie.
– 15 puntu, informatizatutako kudeaketa-sistemetarako (datu-baseak, espediente-kudeaketako programak...), baldin eta softwarea euskaraz erabilgarri badago, eta, horretaz gain, euskara erabiltzen bada interes artxibistikoa duen beste edozein elementutan (edukien zabalkundea, erregelamenduak, erabiltzailearentzako arreta, erakusketak, bisita gidatuak...).
– 20 puntu, euskara deskribapen-hizkuntza gisa erabiltzen den kasuetarako (inbentarioak, gidak, hustuketak, indizeak...), aurreko adierazlean ezarritakoa betetzeaz gain.
9. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.
1.– Diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa proiektu eta/edo programa bakoitzeko % 50ekoa izango da, beza barne, diruz lagundu daitekeen aurrekontuarena.
2.– Hala ere, programa bakoitzagatik jasotako diru-laguntza inola ere ezingo da 20.000 euro baino handiagoa izan.
10. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste administrazioek edo edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-laguntza edo diru-sarrera publiko edo pribatu batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
11. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kulturako sailburuordeari dagokio, kalifikazio-batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpenean laguntzak eman eta ukatuko dira. Laguntza ematen den kasuetan ondokoak zehaztuko dira: erakunde onuraduna, diru-laguntza jasoko duen proiektua eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Halaber, onartu ez diren diru-laguntzak ere jasoko dira, eta ez onartzearen zioa. Laguntza ematen ez den kasuetan ukatzeko arrazoia adieraziko da. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121 eta 122 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Hartutako ebazpena prozeduran interesa duten erakunde bakoitzari jakinaraziko zaio bide elektronikoak erabiliz eta banaka; halere, eta guztiek ezagutzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, diru-laguntzaren zenbatekoa eta finantzatutako programa. Interesdunari jakinarazteko hainbat bide erabili badira, jakinarazpen-data bezala lehendabizikoa hartuko da. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 46.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, kontuan hartu gabe jakinarazpena egin den modua, paperean edo bide elektronikoak erabilita, Administrazio Publikoek abisua bidaliko dute interesdunak eman duen gailu elektronikora edota posta elektronikoko helbidera, Administrazioaren egoitza elektronikoan edo gaitutako helbide elektroniko bakarrean jakinarazpena eskuragarri duela adierazteko. Abisua bidaltzen ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.
4.– Diru-laguntza emateko ebazpenak adieraziko du zein erakunderi eman zaion diru-laguntza, eta espresuki adieraziko da zein eskabide ez den onartu. Horretaz gain, zerrenda bat ere sartu ahal izango da ebazpenean; hain zuzen ere, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu dela-eta, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adierazi egingo da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, erakunde onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du –kalifikazio-batzordearen beste deialdi bat egin beharrik gabe– diru-laguntza ematea zerrendan -puntuazioaren arabera- hurrena dagoen erakunde eskatzaileari, betiere, hark onartzen badu. Ordezko erakundeari eman beharreko laguntzak ez du gaindituko hautaketa-fasean puntuaketa-irizpidea aplikatuta izan zezakeena, deialdian behar besteko dotazioa izan balitz. Diru-laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die erakunde interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.
5.– Deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hiru hilabete igaro baino lehen prozedura ebatzi behar da eta ebazpena interesdunei jakinarazi. Epealdi horretan ebazpena ez bada argitaratzen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute diru-laguntzaren eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
12. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Hauek dira erakunde onuradunen betebeharrak:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Jarduera aurrera eramatea, edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
d) Diru-laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.
e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin diru-laguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren diru-laguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.
h) Diru-laguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea diru-laguntza eman duen erakundeari.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroak (Irargi) emandako babesa beren-beregi adieraztea, diru-laguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
k) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako beste edozein betebehar, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako Legea; eta diru-laguntzei buruz indarrean dagoen gainerako legeria, eta bereziki, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoa.
13. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
15. artikulua.– Justifikatzeko epea eta justifikatu beharreko dokumentuak aurkeztea.
1.– Justifikazioak soilik bide elektronikoak erabiliz egin ahalko dira.
2.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen erakunde onuradunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, beti ere 2018ko urtarrilaren 15a baino lehenago:
a) Lagundutako programa eta/edo proiektu bakoitzaren helburua betetzeari buruzko txostena.
b) Egindako gastuei buruzko idazkariaren, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, eredua honako egoitza elektronikoan dago: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2017/artxibo-publikoak/eu/
c) Hala egokituz gero, diruz lagundutako programa bakoitzaren garapenean sortutako material zientifikoak (inbentarioak, katalogoak eta abar). Material horiek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpeko informazio-sistemetan sartu ahal izango dira.
d) Eskabidea aurkezteko unean hartuko zutenik jakin ez edo adierazi gabe geratu eta ondoren xede berberaz jasotako gainerako laguntza guztien aipamena, eredua b) ataleko url-aren arabera.
3.– Diru-laguntzen justifikazioari dagokionez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluan ezarritakoa bete beharko da, eta Legearekin eta haren Erregelamenduarekin bat datozenak.
16. artikulua.– Diruz lagundutako programen jarraipena.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundutako programa edo proiektua nola burutzen ari den begiratu dezake eta, horretarako, lantokietara sartzeko modua izateaz batera, nahi beste argibide eskatzeko eskubidea izango du.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat, agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, diru-laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
c) Diru-laguntzei dagokionez, legezko beste xedapenen batek ezarritako beste edozein betebehar orokor ez betetzea, eta bereziki, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa.
Betegabetzat jotako kasu horietan, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa aplikatuko da, horren bitartez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik emandako diru-laguntzak bermatu eta berandutze-interesak itzularazteko modua eta, era berean, Dekretu berean ezartzen baitira diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek errespetatu beharreko baldintzak, jarraibideak eta betebeharrak. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betez eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea betez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten du, emandako datuak eta deialdi honen eskabidean eta inprimakietan ageri direnak bere jabetzako fitxategi batean sartuko direla, Kultura Ondareari loturiko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Laguntzak eta Diru-laguntzak izenekoan, hain zuzen. Fitxategi hori Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago, Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzekoa (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak). Diru-laguntzen deialdi hau eta berarekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatu ahal izatea da fitxategi horren xedea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorriz, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Aginduaren aurka aurkez daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 29a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
A ERANSKINA
BALDINTZA TEKNIKOAK
1.– Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, deskribapen-fitxa bakoitzari -digitalizazio-unitatetzat hartuko da- bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkie. Datu-basearen formatua Euskadiko Artxibo Historikoko teknikariekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-tresneriaren kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.
2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira.
3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.
4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuen kasuan –hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab.–, era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroak (Irargi) ezarritako baldintza teknikoak kontuan izanda.
5.– Digitalizazioa beti «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da, hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.
6.– Digitalizatutako irudi bakoitzeko Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) entregatu beharko zaizkio:
6.1.– Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.
6.2.– Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio mastertzat hartuko da.
6.3.– Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun-fitxategitik eratorria, bereizmena 3266 x 2100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.
6.4.– Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.
7.– Artxibo-funtsek entzunezko eta ikus-entzunezko dokumentuak dituzten kasuan, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) entregatuko zaizkio:
7.1.– Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.
7.2.– Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.
7.3.– Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.
8.– Halaber, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) entregatuko zaio item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio-masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezko konpresioa –ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa– aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da ondoriozko PDF fitxategiko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea, horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.
9.– Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari (Irargi) entregatuko zaizkio kopiak biltegiratzeko edota entregatzeko honako formatuak:
9.1.– Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-ko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio akatsak ezabatzeko.
9.2.– Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.
9.3.– Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztiek edukia jakiteko beharrezko informazioa eramango dute: zenbakia, izenburua, edukia eta sortze-data.
9.4.– Baita ere gomendatzen da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.