EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2017131

186/2017 DEKRETUA, uztailaren 4koa, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201700186
Xedapenaren data: 2017-07-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201703485
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2006/10/30rean argitaratutako 2006/10/17ko 200600207 DEKRETUA

2006ko urriaren 30ean, EHAAn argitaratu zen 207/2006 Dekretua, urriaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxeetako Heziketa Bereziko ikaslegoari laguntzeko irakasle ez den pertsonalaren lanpostuen zerrenda onartzen duena.
Geroago, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko egitura-beharrizanek izan duten bilakaeraren ondorioz, handitu egin da plaza-kopurua, 207/2006 Dekretuaren lanpostuen zerrendarekin alderatuta.
Beste alde batetik, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak berrikuntzak sartu zituen Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea hein batean aldatzen dituen horretan.
Aipatutako 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluari apartatu bat erantsi zaio, sexu-askatasun eta -ukigabetasunari buruzko delituei, pertsona-salerosketari eta haurrak esplotatzeari buruzkoa, eta horren bidez bete dira Espainiak honako hauek berretsita hartutako konpromisoak: Haurrak esplotazioaren eta sexu-abusuaren aurka babesteari buruzko hitzarmena, 2007ko urriaren 25ekoa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011/93/EB Zuzentaraua, 2011ko abenduaren 13koa, adingabeen aurkako sexu-abusuen, sexu-esplotazioaren eta haur-pornografiaren aurkako borrokari buruzkoa.
13. artikuluaren 5. apartatu berriak hau xedatzen du:
«5.– Adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbideetan, ofizioetan eta jardueretan sartzeko eta horietan aritzeko, eskakizuna izango da epai irmo baten bidez kondenatua izan ez izana sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzea sartzen dira delitu horietan– ez eta pertsonen salerosketa delituengatik ere. Horretarako, aipatutako lanbidea edo jarduna bete nahi duten pertsonek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, delitu horiengatik zigorrik jaso ez dutela egiaztatzen duena.»
Euskal sektore publikoan adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten jarduera edo lanpostuetan hasteko eta horiek betetzeko orduan Adingabeen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 13.5 artikulua betetzen dela segurtatzeko araudia ezartze aldera, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, 2016ko ekainaren 13an, 1/2016 Jarraibidea eman zuen. Jarraibide horrek xedatzen duenez, Hezkuntza Sailak zehaztu eta identifikatuko du zer lanpostutan dagoen adingabeekiko ohiko harremana, dagozkien lanpostuen zerrendetan, plantilletan, edo funtzio horrekin erabiltzen diren bestelako tresnetan, ezezko ziurtagiriaren eskakizuna definitzeko eta dagokien lanpostuetan jasotzeko.
2016ko ekainaren 13ko 1/2016 Jarraibidean adierazten denez, jarraibide honetan jasotako neurriak aplikatuko zaizkie unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako hezkuntza-langileei.
Ondorioz, bidezkoa da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda gaur egungo dotazioetara egokitzea. Bidezkoa da, baita ere, ezartzea, lanpostu horiek betetzeko, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ezezko ziurtagiria jaso behar dela, lanpostu horiek eskuratzeko eskakizun gisa.
Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2017ko uztailaren 4an izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Onartzea Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan eskolatuta dauden eta hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda, zeina dekretu honen eranskinean jasota baitago.
2. artikulua.– Lanpostu horiek betetzeko araubidea lekualdatze-lehiaketa da.
3. artikulua.– Lanpostu guztien dedikazio-araubidea lanaldi osokoa da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Dekretu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, Dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2017ko uztailaren 4an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.