EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2017130

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 15ekoa, Azpiegitura eta Garraioko sailburuordearena, zeinaren bidez arautzen baita Lekeitioko portuko oinezkoentzako gunerako sarbidea.

Xedapenaren data: 2017-06-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201703466
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 10.32 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa dauka portuen arloan, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedatutakoa.
Maiatzaren 14ko 2380/1982 Errege Dekretuaren bidez, Estatuak EAEri eskualdatu zion Euskal Autonomia Erkidegoan dauden portuen kudeaketa, Pasaiako eta Bilboko portuena izan ezik, interes orokorrekotzat hartzen baitira.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 23. artikuluaren arabera, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari dagokio Lekeitioko portuko jabari publikoa antolatzea.
Portuetako Jardueren Erregelamenduaren 3. artikuluak –236/1986 Dekretuak, urriaren 21ekoak, onartzen du– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari ematen dizkio honako hauek: portuetako zerbitzuen kontrola eta kudeaketa eta portuen antolamendua; eta EAEren eskumenpeko portuetako instalazioetan eta portuetan burutzen diren jarduerekin zerikusia duen oro.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2011 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak sailburuordetza honi esleitzen dizkion ahalmenak oinarri hartuta, lege-testu horren 7.h) eta 23.b) artikuluekin lotuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
1.– Ebazpen honen xedea da Lekeitioko portuko Txatxo Kaia kalerako sarbidea arautzea. Kale horretarako sarbidea mugatuta egongo da ibilgailuentzat, eta batez ere oinezkoek erabiltzeko izango da.
2.– Kale horretara ibilgailu motordunen bidez sartu ahal izateko, ebazpen honetan zehazten diren baldintzak bete beharko dira.
Bigarrena.– Aldia eta ordutegia.
1.– Sarbide mugatuaren aldia hau izango da: 2017ko ekainaren 28tik irailaren 10era, biak barnean direla.
2.– Sarbide mugatuaren ordutegia hau izango da: 14:00etatik 08:00etara astelehenetik larunbatera, eta 24 orduetan igande eta jaiegunetan.
Hirugarrena.– Baldintzak.
1.– Aipatutako aldian, hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: Lekeitioko «hiri barruko bideetako trafikoa, erabilerak eta segurtasuna antolatzeko udal ordenantzaren» 33. artikulutik 37. artikulura («oinezkoentzako esparruak»), eta Portuetako Jardueren Erregelamendua.
Laugarrena.– Sarbide librea.
Ez da egongo inolako mugarik ibilgailu hauek aparkatzeko edo zirkulatzeko:
Poliziaren ibilgailuak, anbulantziak eta mediku-larrialdietarako ibilgailuak, suhiltzaileenak, salbamendukoak eta zerbitzu publikoak emateko baimendutakoak.
Desgaitasunak dituzten edo gaixorik dauden pertsonak garraiatzeko diren ibilgailuak.
Bertan baimendutako aparkaleku publikora edo pribatura doazen edo haietatik datozen ibilgailuak.
Zamalanak baimendutako leku-orduetan egiten dituzten ibilgailuak eta bagaje edo fardel handiak edo pisutsuak etxe zein hoteletara ekarri edo eramaten dituzten ibilgailuak.
Bertakoak izateagatik, merkataritza dela eta, edo antzeko beste arrazoi batzuen ondorioz berariaz baimenduta dauden ibilgailuak.
Portuko jardueretan parte hartzen duten ibilgailuak.
Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako langileen ibilgailuak.
Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak emandako jabari publikoko baimenen titularren edo emakidadunen ibilgailuak, eta, zehazki, arraun-taldeen ibilgailuak.
Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarako obrak edo mantentze-lanak egiten dituzten kontratisten ibilgailuak.
Bosgarrena.– Baimendutako sarbidea.
1.– Aurreko artikuluan jasota ez dauden gainerako ibilgailuek Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren berariazko baimena beharko dute sartu ahal izateko.
2.– Baimendutako ibilgailuek baimen hori emateko arrazoi izan diren eragiketak egiteko behar-beharrezkoa den denbora soilik aparkatu ahal izango dute kalean.
Seigarrena.– Kontrola.
1.– Lekeitioko udaltzaingoak Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzarekin batera lan egingo du, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela kontrolatzeko.
2.– Ondorio horietarako, hauek aplikatuko dira: Lekeitioko Udalak onartu duen «Hiri barruko bideetako trafikoa, erabilerak eta segurtasuna antolatzeko udal ordenantzaren» IV. titulua (kautelazko neurriak), V. titulua (arau-hausteen tipifikazioa, mailaketa eta aplikatzeko zigorrak) eta VI. titulua (zehazpen-prozedura).
AZKEN XEDAPENA
Ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari edo ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 15a.
Azpiegitura eta Garraioko sailburuordea,
ANTONIO AIZ SALAZAR.