EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2017130

AGINDUA, 2017ko ekainaren 27koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa arautu eta horiek deitzen dituena, 2017ko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2017-06-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201703465
Maila: Agindua
Euskadi Espainiako estatuaren buruan dago banda zabalaren ezarpenari eta hedapenari dagokionez, hori izanik ingurune globalizatu batean lehiatzeko orduan dagoen elementu oinarrizko eta bereizgarrietakoa. Kokapen hori izateko beharrezkoa izan da, besteak beste, konektibitate publikorako azpiegitura bultzatzeko politika irmo bat izatea, sarbidean berdintasuna lortzeko erantzukizunezko neurriekin batera. Horrenbestez, azken ekitaldietan, Administrazio Publikoek hainbat programa mantendu dituzte Euskadin banda zabal ultraazkarreko sareen hedapena bultzatzeko. Halere, egoerak oraindik hutsuneak ditu horrelako sareak industrialde zein populazio nukleo askotan erabili ahal izateari dagokionez, eta, horregatik, beharrezkoa da Administrazioak jarduera berriak abiaraztea.
Populazioak honela kategorizatu dira erabilgarri dituzten belaunaldi berriko banda zabaleko edo NGA (Next Generation Access networks, ingelesez) zerbitzuen arabera:
– Gune Zuria: belaunaldi berriko banda zabaleko sarerik egon ez eta etorkizun hurbilean (hiru urteko epea definitzen da) halakorik egoteko aukera gutxi dagoen gunea. Euskadiko Populazioaren % 7,5 eta Populazio Unitateen % 75,5 dago bertan.
– Gune Grisa: gune honetan bakarrik horrelako sareak daude edo datozen hiru urteetan egongo dira, eta beste inolako operadorek ez dauka aurreikusita epe horren barruan belaunaldi berriko beste sare bat hedatzea. Euskadiko Populazioaren % 23,1 eta Populazio Unitateen % 17,9 dago bertan.
– Gune Beltza: gune honetan operadore desberdinen gutxienez belaunaldi berriko sarbiderako bi sare daude edo datozen hiru urteetan ezarriko dira (azpiegituretan oinarritutako lehia) eta, beraz, merkatuan gabeziarik ez dagoela suposa daiteke. Kalkulatzen da Euskadiko Populazioaren % 69,3 eta Populazio Unitateen % 6,6 dagoela egoera honetan.
Ahalegina indartzen jarraitu behar da, belaunaldi berriko teknologiak gero eta gehiago erabiltzen direlako, eta banda zabala hedatu egin behar delako bai metaketa industriala dagoen guneetara, bai eskaera txikiagoko eremuetara, esaterako, landa eremuetara eta iristen zailak diren lekuetara. Ildo horretan, egiaztatu denez, Euskadiko enpresa parkeetan kokatutako enpresak banda zabal ultraazkarreko zerbitzuez hornitzeko azpiegituretan gabeziak daude. Elementu horrek berebiziko garrantzia du datozen urteetan Basque Industry 4.0 Estrategia lantzeko.
Enpresek Interneteko abiadura handiko konexioak kontratatzeko ahalmena izatea gero eta garrantzitsuagoa da. Beraz, enpresek (industrialak, komertzialak, nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak, etab.) ezingo dituzte balio erantsiko zerbitzuak eskuratu (cloud zerbitzuak, datuak urrunean ostatatzea, kudeaketa banatuko aplikazioetarako sarbidea, informazioaren segurtasun kopiak, etab.), ez badute banda zabaleko zerbitzu ultraazkarrak kontratatzeko aukerarik.
Ildo horretan, Europar Batzordeak hainbat helburu planteatu zituen 2020 horizonterako «Europako Agenda Digitala» delakoaren barruan, eta bertan ezartzen zen:
1) 2020an Belaunaldi Berriko Banda Zabala (gutxienez 30 Mbps) biztanleria osora unibertsalizatzea.
2) 2020an biztanleriaren % 50ek >100 Mbps abiadurako Banda Zabal Ultraazkarreko zerbitzuak «kontratatuta» edukitzea.
Argigarria da ikustea Europar Batzordean azkenaldiko politika erregionalen jarraibideetan politika publikoetatik belaunaldiko berriko azpiegiturak garatzea bultzatzeko ekintzak egiteko aukera sartu eta sustatu dutela, esaterako, EBren Direktibak banda zabaleko sareak azkar hedatzeko laguntza estatalei buruzko arauak aplikatzeko, 2013-01-26ko DOUE C 25, edota jarduera horiek Europar Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko UE 651/2014 Erregelamenduan sartu direla, zeinaren bitartez adierazten den hainbat laguntza kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014-06-26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz, bere interes estrategikoagatik. Edonola ere, ez da ahaztu behar sektorea liberalizatuta dagoela eta, ondorioz, telekomunikazioen merkatuan dauden arauei erreparatu behar zaiela.
Aldi berean, administrazioetatik laguntza programak bultzatzen ari dira indartsu, enpresaren eremuan Elektronika, Informatika eta Komunikazioen Teknologiak (EIKT) aplikatzeko, bereziki manufaktura aurreratuaren esparruan. Programa horietan ari dira oinarritzen arlo hauen inguruko hainbat proiektu: Zibersegurtasuna eta Industria Komunikazioak, Cloud Computing, Datuen Analitika Aurreratua eta Business Intelligence, Robotika Konektatua, Ikusmen Artifiziala edo Sentsorika. Proiektu horiek guztiak fabrikazioari aplikatutako CPSen (Cyber Physical Systems) esparruan mugitzen dira, eta egunetik egunera gero eta konektibitate eta datuen biltegiratze eta prozesamendu handiagoa behar dute.
Eusko Jaurlaritzak enpresaren esparruan bultzatzen dituen plan estrategikoek manufaktura aurreratuari jartzen diote arreta:
– 2014ko apirilaren 10ean, Euskadik Espezializazio Adimenduneko Estrategia (RSI3) onartu zuen, baita 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren Ildo Estrategikoak ere. Enpresen ahalmenak, ahalmen zientifiko-teknologikoak eta eskariari erantzuteko ahalmenak kontuan hartuta, Euskadin lehentasunezko hiru esparru handi identifikatu dira: Fabrikazio aurreratua, Energia, eta Biozientzia-Osasuna binomioa. Fabrikazio Aurreratuak biltzen ditu gaitasun gehien, bai baliabide zientifiko-teknologikoak eta I+Gko emaitzak metatzeari dagokionez, bai ikerketaren hartzaileak eta ustiatzaileak diren sektore enpresarialen dimentsioari dagokionez.
– 2020 Fabrikazio Aurreratuaren Estrategia (EFA2020). Industria garatzeko estrategia bat da, zeinak euskal enpresen lehiakortasuna indartu nahi duen, zientzian, teknologian eta berrikuntzan bermatuta (baita berrikuntza ez teknologikoan ere), Euskadin gaitasuna sortzeko eta dagoena aprobetxatzeko. Garapen industrialerako estrategia bat da, euskal enpresen posizionamendua hobetu nahi duena, Euskadin Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako gaitasunak garatzearen bitartez, Fabrikazio Aurreratuaren eta ber emaitzen ustiapen industrialaren esparruan. Planaren 17 jarduera ildoetako batek «Industry 4.0» delako kontzeptua lantzen du eta, zehazki, manufakturako industri enpresetan «EIKTak sartzeko laguntza eta babesa».
Horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da industri enpresek Interneten sartzeko oso abiadura handiko zerbitzuak izatea, datuak bi norabideetan mugarik gabe transferitzeko ahalmenarekin, jarduera ekonomikoa kontzentratzeagatik beharrezko duten arlo guztietan (Industrialdeak). Sare horiek gutxienez 100 Mbps bermatuta eskaini behar dute kasu guztietan (sarea-erabiltzailea norabidean), eta are abiadura handiagoak (>300 Mbps), oso konektibitate handia behar duten jarduera ekonomikoak dituzten inguru enpresarialetan.
Elementu horiek guztiak ikusita, badirudi egokia dela gaia birplanteatzea eta ekintza publiko irmoa abiaraztea, beharrezko konektibitate mailak lortu ahal izateko, Europako Agenda Digitalaren helburuei jarraituz, operadoreek hedatzeko duten gaitasunean oinarrituta eta, azkenik, gizarte osoari erabilgarritasuna segurtatzeko, prezio eskuragarrietan.
Horrenbestez, Agindu honek merkatuaren gabeziak konpontzen laguntzeko diru laguntzak emateko arauen oinarriak ezartzen ditu, banda zabal ultraazkarreko sareak hedatzea bultzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko industrialdeetan.
Diru laguntza horiek Europar Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (UE) 2014ko ekainaren 17koan, jakinarazpenetarako aurreikusitako salbuespena dute, zeinean barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria jakin batzuk ezartzen diren, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz.
Halaber, 462/2015 Errege Dekretuan, ekainaren 5ekoan, ezartzen denez, laguntza programa honek oinarri hauen xede diren laguntzen bateragarritasunari buruzko aldeko txostena lortu du Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren eta Agenda Digitalaren aldetik, zeinak egiaztatu egiten duen Administrazio Publikoen arteko koordinazio egokia Informazioaren Gizartea sustatzeko laguntza publikoei dagokienez, Banda Zabaleko sareen eskaintza eta erabilgarritasuna sustatuz.
Jarraibide horien arabera, arau hauek xedatutakoa kontuan hartuta: 1/1997 Legegintzako Dekretuaren, azaroaren 11koaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenaren IV. Titulua, Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, 887/2008 Errege Dekretuak garatzen duena, eta Europar Batzordearen 651/2014 Erregelamendua, 2014ko ekainaren 17koa, barne merkatuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoriak aldarrikatzen dituena, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak ezarriz, zeina 2014-06-26ko DOUE, L 187 zenbakian argitaratu zen, diru laguntzetarako honako programa hau ezartzen da Euskadiko Enpresa Parkeetan Belaunaldi Berriko Banda Zabaleko sareak hedatzeko, 2017ko ekitaldirako.
Azkenik, Gobernu Kontseiluak, 2016ko uztailaren 19ko saioan, erabaki du Ekonomiaren Sustapenerako Euskal Kontseiluaren 2015eko abenduaren 11ko proposamena onartzea, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko» Programari buruz, 10.700.000 euroko zenbatekoarekin, Proiektu Estrategikoen Fondoko soberakinen kargura, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, oraingo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, agintzea aipatu programa garatzeko espedientea tramita dezan eta arautzeko oinarriak onar ditzan.
Ildo horretan, 2016ko abuztuaren 1ean, «Euskadiko industrialdeetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzen programa»-ren Laguntzen Agindua argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2016ko ekitaldirako. Lehen fase hori gainditu delarik, eta belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko laguntzak ebatzi direlarik, oraindik ere industrialde ugari geratu dira gune zurian, eta jarduera berri berri bat behar dute 2017ko ekitaldian, 2016ko ekitaldian laguntzarik gabe geratu ziren industrialdeetan telekomunikazio sareen hedapena bultzatzeko helburuarekin.
Eta, horren arabera,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea, eranskinetan jasotzen diren baldintzetan, Euskadiko Industrialdeetan Belaunaldi Berriko Banda Zabaleko sareak hedatzeko diru laguntzen Programa deitzea, 2017ko ekitaldirako.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka berraztertze errekurtsoa jar daiteke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 27a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da jarduera ekonomikoak, ahal dela industrialak, hartzen dituzten edo hartzea aurreikusita duten Euskadiko gune geografikoetan banda zabal ultraazkarreko sareak hedatzeko laguntzak arautzea, gune horiek «NGA gune zuritzat» hartzen badira, hau da, NGA Banda Zabaleko baldintzetan Interneten sartzeko zerbitzuak ahalbidetzeko telekomunikazioen azpiegiturarik egon ez eta datozen 3 urteetan egotea espero ez den guneak.
Agindu honetan jasotako laguntzek men egiten diote Europar Batzordearen UE 651/2014 Erregelamenduari, 2014ko ekainaren 17koari, zeinaren bitartez adierazten den hainbat laguntza kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, 2014-06-26ko DOUE L 187 Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz 52 artikuluari, banda zabaleko azpiegituretarako laguntzei buruzkoari.
2. artikulua.– Denbora esparrua.
Laguntzen programa hau 2017ko ekitaldian egongo da indarrean.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluaren xedera zuzendutako baliabide ekonomikoak 8.739.848,10 euro dira, honela xehatuta:
• 8.200.000,00 euro, «konektibitate behar oso handia duten industrialdeen loterako» (1. lotea - II. eranskina).
• 539.848,10 euro, «konektibitate behar handia duten industrialdeen loterako» (2. lotea - III. eranskina).
2.– Aipatu baliabideak Proiektu Estrategikoen Fondoetatik etorriko dira, eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade, S.A. elkarteak kudeatuko ditu, horrekiko lankidetza hitzarmenean ezarritako moduan.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan adierazitako diru laguntzen onuradunak izan daitezke sektore pribatuko pertsona fisikoak edo juridikoak, behar bezala gaitutako operadorearen izaera badute, Telekomunikazioei buruzko 9/2014 Lege Orokorraren, maiatzaren 9koaren, 6 eta 7 artikuluetan xedatutakoaren arabera.
2.– Agindu honetan adierazitako diru laguntzak eskuratu ahal izango dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituzten erakundeek, diru laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta badituzte.
3.– Diru laguntzen onuraduna izateko, enpresa eskatzailea ez da diru laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penal edo administratiboki zigortuta egongo, eta ez da horretarako desgaitzen duen legezko debeku batean nahastuta egongo, horien artean egonik sexu diskriminazioagatik gertatu direnak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen, otsailaren 18koaren, Amaierako Seigarren Xedapenean xedatutakoaren arabera.
4.– Agindu honetan araututako diru laguntzen onuradunak izatetik kanpo geratuko dira Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 13.2 artikuluan xedatutako ingurumariaren batean dauden pertsonak edo erakundeak, Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren berreskuratzeko agindu baten menpe daudenak, zeinak diru laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen, eta krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
5.– Onuraduna izateko baldintza mantendu egingo da diru laguntza indarrean dagoen denbora guztian.
5. artikulua.– Laguntzaren xede diren proiektuak eta jarduerak.
1.– Laguntza lortu ahal izango dute oso abiadura handiko belaunaldi berriko (NGA) sarbide sareak hedatu nahi dituzten industrialdeetako proiektuek, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetzen badute, zerbitzuaren ezaugarriak aldatu gabe, zehaztapen hauek betez:
• Konektibitate behar oso handia duten industrialdeetarako (1. Lotea – II. eranskina), amaierako erabiltzaile bakoitzeko gutxienez 300 Mbps-ko abiadurak ahalbidetuko dituzten NGA sareak beharko dira, erabiltzailearengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta.
• Konektibitate behar handia duten industrialdeetarako (2. Lotea – III. eranskina), amaierako erabiltzaileak NGA sarearekin izango duen transferentzia nominalaren tasa, saretik erabiltzaileranzko norabidean, gutxienez 100 Mbps izango da, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta, eta gutxienez 20 Mbps, erabiltzailearengandik sareranzko norabidean, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta.
Proiektuak gauzatzeko aukeratu daitezkeen guneak izango dira abiadura handiko edo oso handiko sarbide sareen estaldurarik ez duten industrialdeetan identifikatutako gune osoa izango dira, eta datozen hiru urteetan inolako operadorerik estaldura bertan hedatzeko planik ez badu. Industrialdetzat hartuko dira Euskal Autonomia erkidegoan enpresak kontzentratzen dituzten esparru geografikoak.
Helburuko industrialdeak 2 industrialde lotetan elkartu dira (II. eranskina eta III. eranskina), eta orri hauetan jasota daude:
http://www.euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2ekono/es/ (gaztelania)
http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/ (euskara)
Aurkeztutako proposamenek banda zabal ultraazkarreko zerbitzuen hedapena lote berean sartutako industrialde guztietarako dela kontuan hartu beharko dute.
Industrialde lote bererako, laguntzak soilik onartuko dira puntuaziorik handiena lortzen duen proposamenerako, arau honetan ebaluaziorako ezarritako irizpideen arabera. Industrialde edo industrialde lote bererako inola ere ez zaie laguntzarik emango bi operadoreri.
Proiektuen helburua izan beharko da oso abiadura handiko sarbide sareak hedatzea, eta lote bereko industrialde desberdinetan hedatu beharreko sarbide sareei konektibitatea emateko beharrezkoak diren sare tarteak sartu ahal izango dira.
2.– Proiektuek lurralde esparru bakoitzerako egokiena den soluzio teknologikoa adierazi beharko dute, eta diru laguntzetarako ez da baldintza izango soluzio teknologiko jakin bat hedatzea; baldintza izango da multimedia komunikazio elektronikoak denbora errealean egin beharko direla, eta horretarako gutxieneko betebehar hauek ezartzen dira:
– Sareak batez ere erabiliko dira helburuko guneetako publikoak erabili ahal izateko komunikazio elektronikoen zerbitzuak emateko (ez dira diruz laguntzeko elementutzat joko erabiltzaileen multzo mugatu bati zerbitzua emateko sare pribatuak, ezta ere sare tronkal hutsak ez badaude zuzenean zuzenduta helburuko industrialdeko amaierako erabiltzaileei zerbitzuak ematera).
– Fluxuaren bermea % 80 izan beharko da denboraren % 95ean.
– Amaierako erabiltzaileak izango duen transferentzia nominalaren tasa, saretik erabiltzaileranzko norabidean, gutxienez 100 Mb/s izango da, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen operadorearen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta, eta gutxienez 20 Mb/s, erabiltzailearengandik sareranzko norabidean, amaierako erabiltzailearengandik hurbilen dagoen operadorearen sareko ekipamenduaren irteeran neurtuta. Bi kasuetan, fluxuaren bermea % 80 izan beharko da denboraren % 95ean.
– Halaber, bi norabideetan datuen transferentzia mugagabea ahalbidetu beharko da, zerbitzuaren ezaugarri guztiak aldatu gabe mantenduz, oso populatuta dauden guneetako merkatuaren eskaintzen antzeko baldintza ekonomikoetan.
– Zerbitzuaren erabilgarritasuna segurtatu beharko da adierazitako terminoetan, gutxienez denboraren % 98rako hilabete bateko tartean, amaierako erabiltzaile bakoitzeko.
– Segurtatu beharko da datuak transmititzeko zerbitzuaren kalitate parametroek multimedia komunikazio elektronikoen zerbitzuei denbora errealean eusten dietela. Horretarako, erreferentziazko balio hauek ezartzen dira:
• Jitter maximoa: Best Effort.
• Atzerapena Best Effort baino gutxiago.
• Paketeen galera tasa gehienez % 0,8.
– Zerbitzuaren altarako eskariei gehienez ere 30 egun naturaleko epean erantzutea, betiere ez bada eskatu behar lizentziarik, edo okupazio edo pasatzeko eskubide berezirik, edo ez badago alta lortzeko operadoreari egotzi ezin zaion beste kausa bat, kasu horietan atzerapen horiek deskontatu ahal izango baitira alta emateko denbora neurtzeko, eskatzaileari aurretiaz jakinarazi eta gero.
– Zerbitzua etetea eragiten duten gertakarien gutxienez % 95 gehienez ere 24 orduko epean konpontzea.
3.– Proiektuak gauzatzeko gehienezko epea 16 hilabete izango da, laguntzak ematen direla jakinarazten den datatik kontatzen hasita. Dena dela ere, epe hori guztira 18 hilabetera luzatu ahal izango da, betiere enpresak sarea hedatzeko lanak ebazpenaren jakinarazpenaren unean hasi baditu, eta bakarrik behar bezala justifikatzen bada atzerapena telekomunikazio operadorearen beraren kanpoko arrazoiengatik gertatu dela.
4.– Informazioaren Gizarterako Estatu Idazkaritzaren eta Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioko Agenda Digitalaren belaunaldi berriko banda zabala hedatzeko Programaren (Peba-NGA) kargurako proiektuetan laguntzak eskatu, proposatu edo emanda dituzten enpresaguneak edo industrialdeak ez dira programa honetako laguntzen hartzaileak izango.
6. artikulua.– Handizkako zerbitzuak.
1.– CNMCk beste baldintza batzuk ezarri ezean, diru laguntzen onuradunek betebeharra izango dute, baldintza bidezkoetan eta ez diskriminatzaileetan, eskaera egiten duten beste operadoreei fluxu mota bitarraren (bistream) handizkako sarbide efektiboa eskaintzeko diruz lagundutako azpiegituretara, gutxienez zazpi (7) urteko epe batez. Proiektuan zuntz optikoaren hedapena sartzen bada, sarbide horrek aukera eskainiko du baita ere zuntz ilunera sartzeko, desagregazio oso eta egiazkoarekin, halaber konduktu, zutoin, armairu, kutxatila eta obra zibileko gainerako elementuetan sartzeko ere. Azken horietarako sarbideak ez du denbora mugarik izango. Backhaul sareei dagokienez, halaber sartu beharko da puntuz puntuko alokatutako lineen handizkako zerbitzua, sarea inplementatzeko erabilitako teknologiaren arabera.
Desagregazioaz eta linea fisikorako sarbideaz gain, NGA sarea hedatzeko aukeratutako teknologiaren arabera, benetako eskaria balego, desagregazio birtualeko handizkako zerbitzua eman beharko litzateke, hau da, sarbide aktibo bat sareen interkonexio batekin, sarbide sareko zentral nagusian bertan, daitekeena baita laguntzaren hartzailearen hirugarren operadore batzuek lehenetsitako aukera izatea.
Eskainitako sarbidearen abiadura, gutxienez, lote bakoitzerako ezarritakoa izango da, eta, edonola ere, operadore onuradunak eskainitako txikizkako zerbitzuen erreplikagarritasuna ahalbidetu beharko du.
Handizkako sarbide efektibo horren prezioen erreferentzia izango dira Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) Merkatuan Botere Esanguratsua duten Operadoreei antzeko zerbitzuetarako ezarritako handizkako prezioak, zeinak gehienezko preziotzat hartuko diren. Ez badago erreferentziazko eskaintza baliokiderik, erreferentzia izango dira Espainian dauden batez besteko prezioak, eta horrelako erreferentziarik ere ez badago, kostuetarako orientazioaren irizpidea aplikatuko da. Edonola ere, bertikalki integratutako operadorea bada, definitutako prezioek aukera eman beharko dute txikizkako eskaintzak erreplikatu ahal izateko eta operadore onuradunaren txikizkako adarrarekiko diskriminaziorik ez gertatzeko.
Diruz lagunduko proiektuen barruan kondukzioak egiten badira, horiek behar bezain handiak izango dira hainbat kable/zuntz sare eta hainbat sare tipologia hartzeko, Europar Batzordearen UE 651/2014 Erregelamenduaren 52 artikuluan xedatzen denaren arabera, zeinaren bitartez adierazten den laguntzen hainbat kategoria bateragarriak direla barne merkatuarekin, Tratatuaren 107 eta 108 artikuluak aplikatuz.
2.– Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak laguntza ematen duen organoari aholkua eman ahal izango dio atal honetako handizkako sarbidearen prezioei eta baldintzei dagokienez. Gainera, sarbidea eskatzen duten operadoreen eta laguntzen onuradun diren operadoreen arteko gatazkak ebatziko ditu, eta jarraibideak emango ditu atal honek aipatzen duen handizkako sarbidearen obligazioa egiazki betetzeko.
3.– Handizkako produktuen eskaintzaren xehetasuna, eta azpiegiturak egin beharreko ekintzak egitea, zehaztu egingo dira baldin eta hirugarren operadore baten zentzuzko eskaria dagoela egiaztatzen bada. Eskaria zentzuzkotzat joko da sarbidearen eskatzaileak negozio plan koherente bat ezartzen badu, diruz lagundutako produktuaren garapena justifikatzen duena, eta gune geografiko berean ez badago beste operadorerik dentsitate handieneko populazio guneetakoen antzeko sarbide eta prezioak eskaintzen dituenik.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta inbertsioak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira hautatzen diren proiektuei zuzenean lotuta eta horiek gauzatzeko beharrezkoak direnak, eta eskaria aurkezten denetik proiektua amaitu arteko aldian gauzatzen direnak, eta gainerako operadoreek erabili ditzaketen sareko azpiegiturak sortzeko edo egokitzeko beharrezkoak direnetara mugatuko dira.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsiotzat joko dira azpiegitura hedatzeari lotutako inbertsioarekin lotura zuzena duten kontzeptu hauek:
a) Azpiegiturak eta obra zibila.
b) Ekipamendua eta beste material batzuk.
c) Langile gastuak, baina inola ere onartutako aurrekontuaren % 7 gainditu gabe.
d) Proiektuari egotzi dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkakoak.
e) Proiektuaren kostuen auditoriaren kostuak, diru laguntza justifikatzeko zenbatekoaren gainean. Auditoriaren kostua gehienez ere emandako diru laguntzaren % 1ekin lagunduko da.
3.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 29. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren, uztailaren 21ekoaren, 68. artikuluan xedatutakoa bete beharko da. Ulertzen da onuradun batek azpikontratatzen duela baldin eta diruz lagundutako jardueraren exekuzio osoa edo partziala hirugarrenekin hitzartzen badu. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kasa egiteko egin behar dituen gastuak.
Proiektuaren zati bat azpikontratatzen bada, onuradunak diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 gaindituko ez duen portzentaje bateraino azpikontratatu ahal izango du.
Inola ere ezingo dira jarduerak azpikontratatu, diruz lagundutako kostua igotzen dutelarik, ez badiote jardueraren edukiari baliorik eransten.
Azpikontratazioak diru laguntzaren % 20 gainditzen badu, eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiago bada, azpikontratazioak baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egin behar da.
b) Kontratuak diru laguntza ematen duen erakundearen aurretiazko baimena izan behar du.
Kontratu bat ezingo da zatitu bere zenbatekoa gutxiagotzeko eta aurreko atalean adierazitako baldintzak betetzea saihesteko.
Kontratistek onuradunaren aurrean baino ez daude obligatuta egongo, eta azken horrek hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera egitearen erantzukizuna Administrazioaren aurrean.
Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, onuradunek erantzungo dute diruz lagundutako jarduera hirugarrenekin hitzartuta egiten badute diru laguntza arautzen duen araudian ezarritako mugak betetzen direla, diruz lagundutako gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek lankidetzarako betebeharra bete beharko dute muga horiek betetzen direla modu egokian egiaztatzeko.
Onuradunak, diruz lagundutako jarduerak osorik edo partzialki hitzartzeko, inola ere ezingo du hauekin hitzarmenik egin:
a) Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 13 artikuluan zehaztutako debekuetan sartuta dauden pertsonak edo erakundeak.
b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste diru laguntza batzuk eskuratu dituzten pertsonak edo erakundeak.
c) Bitartekariak edo aholkulariak, horientzako ordainketak operazioaren kostu osoaren portzentaje moduan definitzen badira, ordainketa hori egindako lanaren edo zerbitzuen merkatuko balioaren erreferentziarekiko justifikatuta dagoenean izan ezik.
d) Onuradunari lotutako pertsona edo erakundeak, ingurumaria hauek gertatzen direnean izan ezik:
1) Kontratazioa merkatuaren ohiko baldintzen arabera egitea.
2) Diru laguntza eman duen organoaren aurretiazko baimena lortzea, oinarri arautzaileetan xedatutako terminoetan.
e) Deialdi eta programa berean laguntza edo diru laguntza eskatu duten pertsonak edo erakundeak, baldintzak bete ez dituztelako edo behar besteko balorazioa lortu ez dutelako diru laguntza eskuratu ez dutenak.
4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 31 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriko dira. Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen edo gastuen zenbatekoa inoiz ez da merkatuko balioa baino handiagoa izango. Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, onuradunak gutxienez hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa, zerbitzuaren prestazioa edo ondasunaren entrega kontratatu aurretik, ez bada bere ezaugarri bereziengatik merkatuan ez dagoela hori egiteko, eman edo hornitzeko gai diren behar besteko erakunderik.
Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa, zeinak inbertsioak justifikatzeko fasean adierazi beharko diren, edo, bestela, diru laguntza eskatzen denean, efizientzia eta ekonomiaren irizpideetan oinarritua egingo da, eta, proposamen ekonomikorik onenari esleitzen ez bazaio, justifikazio kontuaren memoria ekonomikoan berariaz justifikatu beharko da aukeraketa.
5.– Zeharkako zergak inola ere ez dira gastu finantzagarritzat joko, baldin eta berreskuratu edo konpentsatu badaitezke, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere. Fakturan jasanarazitako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ere ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko.
Esleipenaren ebazpenean agertzen diren kontzeptu finantzagarrietako bakoitzari lotutako laguntzaren zenbatekoak laguntzaren gehienezko mugak dira.
Laguntzen diren azpiegiturak eta ekipamenduak proiektuaren helburuei lotuta egon beharko dira gutxienez hamar urteko epe batez, kontratua amaitzen denetik kontatzen hasita, edo beraien bizitza baliagarria amaitzen den arte, hori hamar urte baino laburragoa bada.
6.– Inola ere ez dira diruz lagunduko eskaria aurkeztu aurretik konprometitu edo gauzatutako inbertsioak eta gastuak, ezta ere laguntzaren hartzaileak esklusiboki erabili behar duen handizkako sarbideari lotuta ez dauden azpiegituretan egindakoak.
8. artikulua.– Laguntzen izaera, prozedura eta mugak.
1.– Agindu honen esparruan eman beharreko diru laguntzek, industrialdeen lote bakoitzerako lehiaketa bidez esleituta, diru laguntza ez itzulgarriaren izaera izango dute, eta proiektu bakoitzean (industrialdeen lotea) diruz lagundu daitezkeen gastu eta inbertsioen % 90 izango dira gehienez. «Industrialdeen lote» bateko hedapen proiektu bakoitzari puntuazio bat emango zaio, Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
2.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak ez dira xede berberarekin ematen diren beste laguntza, diru sarrera edo baliabide batzuekin bateragarriak, izan horiek edozein Administrazio edo ente publiko edo pribatutakoak, nazionalak, Europar Batasunekoak edo nazioarteko beste erakunde batzuetakoak.
9. artikulua.– Eskabideak eta gainerako dokumentazioa aurkeztea.
1.– Erakunde eskatzaile bakoitzari eskari bat baino ez zaio onartuko (IV. eranskina). Erakundeak hainbat proiektutarako interesa badu, nahi duen industrialdeen lote bakoitzerako artikulu honetako 5. eta 6. paragrafoetan adierazitako dokumentazioa gehitu beharko du. Eskariak aurkezteko epea Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, 09:00etan, eta 2017ko abuztuaren 10ean amaituko da, 12:00etan.
2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntzak emateko deialdiaren Agindu honetan inplikaturiko gainerako gestioak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen, urriaren 1ekoaren, 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak eskuratzea, eta horiek betetzea, helbide elektroniko honen bidez baino ez da egingo:
http://www.euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2ekono/es/ (gaztelania)
http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/ (euskara)
4.– Laguntzaren eskabidea, exijitutako dokumentazioarekin batera, hautatzen den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntzen eskaritik ondorioztatutako ekintzetan, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legean, azaroaren 24koan, ezarritakoaren arabera.
5.– Betetako eskabideak (IV. eranskina), pertsona edo erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hauek ere izango ditu:
– Enpresaren izena eta tamaina.
– Proiektuaren deskribapena, hasierako eta amaierako datak barne.
– Proiektuaren kokapena.
– Proiektuaren kostuen zerrenda.
– Eskari mota eta proiekturako beharrezko finantzaketa publikoaren zenbatekoa.
6.– Eskabidea enpresaren legezko ordezkariaren ahalorde notarialaren kopiekin eta enpresaren IFZrekin batera aurkeztu beharko da, eta dokumentazio hau gehituko da:
a) Erakundearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena bertan agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruz, bertan zehaztuko delarik:
– Erakunde eskatzailea ez da diru laguntza itzultzeko espedientean edo espediente zigortzailean sartuta egongo, ezta ere diru laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin penalki edo administratiboki zigortuta egongo, eta ez da horretarako desgaitzen duen legezko debeku batean nahastuta egongo, horien artean egonik sexu diskriminazioagatik gertatu direnak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen, otsailaren 18koaren, Amaierako Seigarren Xedapenean xedatutakoaren arabera, eta Emakumeen eta Gizonen benetako berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoaren, martxoaren 22koaren, 45.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
– Erakundeak ez dihardu armak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko EAEko 14/2007 Legean, abenduaren 28koan, ezarritakoaren arabera.
– Diru laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ditu.
– Erakundea ez dago Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondoren berreskuratzeko agindu baten menpe, zeinak diru laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazten duen, eta ez da krisian dagoen enpresa, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Direktiben definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
– Onuradunaren izaera lortzeko Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren, azaroaren 17koaren, 13. artikuluko baldintzak betetzen ditu.
– Energia, Turismo eta Agenda Digitalaren Ministerioko Informazio Gizarterako eta Agenda Digitalaren Estatu Idazkaritzaren belaunaldi berriko banda zabala hedatzeko laguntzen Programaren (Peba-NGA) kargura eskatutako eta/edo lortutako proiektuen zerrenda.
Eskatzaileak lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpenean sartutako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor erregimena ezarriko zaio, izan penala zein administratiboa.
b) Operadorearen izaera: Eskatzailea behar bezala gaitutako operadorearen izaera duelako egiaztagiria gehitu beharko da, hau da, Operadoreen Erregistroan izena emanda egotearen egiaztagiria, Telekomunikazioen 9/2014 Lege Orokorraren, maiatzaren 9koaren, 7 artikuluan araututakoaren arabera.
c) Aurkeztutako proiektu bakoitzaren memoria berezitua, Industrialdeen Lote bakoitzeko, hauek sartuz:
– Interneteko sarbidea emateko hedatuko den soluzio teknologikoaren deskribapena. Eskaintza ekonomikoaren (hileko kostua) eta teknikoaren (kargatzeko/deskargatzeko bermatutako abiadurak) ezaugarrien deskribapena amaierako bezeroarentzat.
– Laguntzaren xede den industrialdearen negozio plana eta bideragarritasun ekonomikoa/finantzarioa. 3-5 urtean bezeroengandik espero diren sarrerak, inbertsioa egiteko behar diren inbertsioen eta gastuen arabera.
– Exekuzio plana:
• Faseen edo mugarrien identifikazioa. Jardueren eta erabiliko diren baliabideen xehetasunak.
• Beharrezko gastuen eta inbertsioena aurrekontu xehatua: 1. Azpiegiturak eta obra zibila, 2. Ekipamendua eta beste material batzuk, 3. Pertsonal gastuak eta 4. Proiektuari egotzi dakizkiokeen beste kostu orokor edo zeharkakoak.
– Proiektuaren ustiapen eta komunikazio plana: Elkarturiko arriskuen identifikazioa eta kudeaketa (kontingentziak). Ustiapen komertzialaren hasieraren aurreikuspena. Aurreikusten diren merkaturatze jarduerak.
– Handizkako sarbideko zerbitzuen ezaugarriak.
– Azpiegituren aprobetxamendua Kostuen aurrezpena, azpiegitura publikoak, propioak edo hirugarren operadoreenak erabiltzeagatik.
– Azpiegitura berriak etorkizunari begira eskaintzen dituen aukeren deskribapena NGA sareetarako sarbidea hurbileko biztanleri entitate berezietara zabaltzeko, eta horien identifikazioa.
7.– Edonola ere, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak enpresa eskatzaileari behar besteko dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango dio aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko, eta adierazten da, arau honetan berariaz araututa ez dauden alderdietarako, Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean, urriaren 1ekoan, xedatutakoa aplikatuko dela.
8.– Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoaren esku eta indarrean dauden dokumentuak aurkeztea ez da derrigorrezkoa izango. Kasu horretan, aurkeztutako eskaera, data eta organoa edo saila adieraziko dira.
9.– Diru laguntzen eskabideak aurkezteak esan nahi du eskatzailearen baimena dagoela laguntzen kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, zuzenean eskuratu dezan, behar beste aldiz, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen direlako egiaztapena. Halere, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du berariaz, eta orduan aipatu betebeharrak betetzen dituelako egiaztagiria aurkeztu beharko du.
10. artikulua.– Aurkeztutako eskaeren zuzenketa.
Eskaera osorik beteta ez balego edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentaziorik aurkeztuko ez balitz, erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango litzaioke eskaera osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta aldi berean jakinaraziko litzaioke hori egin ezean eskaera ukatuko litzatekeela eta dagokion ebazpena emango litzatekeela, Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean, urriaren 1ekoan, ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskaerak ebaluatuko dituen organoa.
1.– Ebaluazio Organoari dagokio, horretarako sortu baita, aurkeztutako eskaerak aztertu, ebaluatu eta baloratzea, baita onarpen proposamenak egitea ere.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelai Inza jauna izango da Ebaluazio Organoko burua. Kideak izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Industri Garapeneko zuzendari Alejandro Lopez Carcamo jauna, zeinak Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean, urriaren 1ekoan, aurreikusitako kasuetan lehendakariorde jardungo duen; Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapeneko zuzendari Javier Hernando Garcia jauna; Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapen eta Ekonomiaren Garapeneko zuzendari Gorka Estebez Mendizabal jauna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko zuzendari Antton Tomasena Rodriguez jauna; Sociedad para la Transformación Competitiva- Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) Teknologia eta Berrikuntzako Arloko zuzendari Aitor Cobanera Rodriguez jauna, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko Zuzendaritzako talde teknikoko kidea den Ana Isabel Vitórica Leoz andrea, zeinak Idazkari lanak egingo dituen. Ebaluazio Organoaren erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta beharrezko parte hartzaileen kopurua gutxienez kideen erdia gehi bat izango da.
3.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) egingo ditu proposamenak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak, eta berak aurkeztuko ditu lan horiek Ebaluazio Organoan.
4.– Bilerak egiteko, eztabaidak egiteko eta erabakiak hartzeko, Ebaluazio Organoaren eraketa balioduna izango da Lehendakaria eta Idazkaria edo, kasua bada, haiek ordezkatzen dituztenak bertan baldin badaude eta beraiekin batera gutxienez gainerako kideetako bat ere baldin badago. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari lotuta atal honetan aurreikusi gabeko guztiari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen, urriaren 1ekoaren, 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.
5.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta ebaluatu ondoren, behin-behineko proposamen bat egingo da eta interesdunei aurkeztuko. Interesdunek, berriz, 10 eguneko epea izango dute egoki irizten dieten alegazioak aurkezteko, behin betiko onarpen proposamenak egin aurretik.
6.– Behin betiko onarpen proposamenean alderdi hauek jasoko dira industrialdeen lote bakoitzeko: finantzatutako proiektua, gauzatzeko epea eta proposatutako diru laguntzaren zenbatekoa, erakunde onuraduna eta ordezko erakundea. Ezetz esatea proposatzen bada, ukapenaren arrazoiak azalduko dira.
12. artikulua.– Ebaluazio irizpideak.
* Lote bakoitzerako «laguntzaren zenbateko global» txikiena eskatzen duen proposamenari 51 puntu emango zaizkio. Lote bererako jasotako gainerako proposamenei formula honen arabera emango zaizkio puntuak:
Ekonomikoki merkeena den erakundeak eskatutako «laguntzaren zenbatekoa guztira», zati baloratzen den erakundeak eskatutako «laguntzaren zenbatekoa guztira», eta emaitza bider 51 biderkatzen da (BEZa kanpo).
Operadoreek Euskadin identifikatutako bi industrialde loteetarako aurkezten dituzten proiektuak banan-banan aztertuko dira, proiektu bakoitzari esandako irizpideak aplikatuz proiektu bakoitzari puntuazio bat emateko (gehieneko puntuazioa, 100 puntu). Proiektuak puntu gehienetik gutxienera ordenatuta, bi loteetako bakoitzerako laguntzak emateko proposamenak egingo dira bereizita.
13. artikulua.– Diru laguntza emateko ebazpena.
1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta ebazpena, erakunde interesdunek planteatutako gai guztien gaineko erabakia jasoz, Jaurlaritzaren Kontseiluak eman beharko du, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, zeinak ebaluazio organoak formulatutako proposamena helaraziko duen.
2.– Ebazpenean gutxienez hauek jasoko dira:
a) Diruz lagundutako proiektuen zerrenda (industrialdeen lotea); horietako bakoitzean adieraziz gauzatze epeak eta ematen zaion laguntzaren zenbateko orokorra, baita erakunde onuraduna eta ordezko erakundea ere, lortutako puntuazioaren arabera.
b) Deialdiaren eskakizunak ez betetzeagatik ukatzea proposatzen diren eskaeren zerrenda. Zerrendarekin batera, ukatzeko proposamenaren oinarrian dauden arrazoiak azalduko dira.
Ebazpenak eranskin bat izango du, erakunde onuradun bakoitzari onartu zaizkion proiektuekin. eranskinean, halaber, proiektuak gauzatzeko epeak eta espedientearen amaierara arte jarraitu beharreko urratsak eta deskargu fasean entregatu beharko den dokumentazioa jakinaraziko zaizkie erakunde onuradunei.
3.– Prozedura ebazteko eta erakunde interesdunei ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita. Denbora tarte hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek beraien diru laguntza eskaera ukatutzat jo dezakete, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Hartzen den ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, baldin eta egintza espresua bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluekin bat etorriz. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarri ahal izango da, bi hilabeteko epean, egintza espresua bada, edo edozein momentutan presuntziozko egintza gertatu eta biharamunetik aurrera.
5.– Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, EHAAn argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, interesdun guztiei ebazpen osoa helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira.
Era berean, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
6.– Agindu honetan jasotako diru laguntzak ematea onartu eta, kasuan kasu, erakunde onuradunei diru laguntzak ordaintzeko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako izaera bereko diru laguntzen esparruan diru laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasitako edozein prozedura bukatuta egotea, oraindik prozedura horiek izapidetzen ari badira.
14. artikulua.– Proiektuaren justifikazioa eta laguntzen ordainketa.
1.– Proiektua bukatu ondoren, onuradunak 90 egun natural izango ditu diruz lagundutako proiektua gauzatu egin dela justifikatzeko, onartu zaion diru laguntza eskuratu aurretik.
2.– Likidazioaren eskaerarekin batera justifikazio kontua aurkeztu beharko da, dokumentazio honekin:
– Diru laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduera memoria bat, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adieraziz, horien barruan egonik jasotako potentziaren batez besteko balioak eta deskargatzeko abiadura jardueraren gune bakoitzean, telekomunikazioen gaietan eskumena duen teknikari batek emandako ziurtagiriaren bitartez egiaztatuta.
– Egindako jardueren kostua justifikatzeko memoria ekonomikoa, eta horren barruan:
a) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren identifikazioarekin eta agiriarekin, zenbatekoarekin, jaulkipen datarekin eta, dagokionean, ordainketa datarekin. Diru laguntza aurrekontu baten arabera ematen bada, gertatutako desbiderapenak adieraziko dira.
b) Fakturak edo trafiko juridiko merkantilean egiaztatzeko balio baliokidea duten agiriak edo efikazia administratiboa dutenak, aurreko paragrafoan adierazitako zerrendari gehituta, eta, erakunde finantzarioaren ordainketaren ordainagiria.
c) Kontu korrontearen titularra eta zenbakia onuradunari dagozkiola egiaztatzeko erakunde finantzarioak egindako agiriaren kopia.
d) Dagokionean, a) atalean aipatzen den zerrendan gehitutako kostu orokorrak eta/edo zeharkakoak banatzeko irizpideak adieraztea, salbu eta diru laguntza arautzeko oinarrietan xedatu bada horiek oroharreko prezioaren bidez konpentsatuko direla, justifikatu beharrik gabe.
e) Diru Laguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikulua aplikatuz, azpikontratazioa egonez gero onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
f) Dagokionean, aplikatu gabeko gerakinak badaude, horren itzulketa eta ondoriozko interesak ordaindu izanaren agiria.
g) Proiektua justifikatzen duen kontuaren auditori txostena.
3.– Laguntzen ordainketaren aurretik, erakunde onuradunak Sailaren eta, Erakunde Laguntzailea den heinean, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren (SPRI) esku jarriko du Agindu honen 9 artikuluan aipatzen den erantzukizunezko adierazpenean agertzen diren datuak egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.
4.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak eta Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) erakunde onuradunak aurkeztutako datuak egiazkoak direla frogatzeko beharrezkoak diren dokumentu eta informazio guztiak eskatu ahal izango dituzte, baita diruz lagundutako jarduera osorik egin dela egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko ere.
5.– Laguntza ordaindu aurretik, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ondoren, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak ebazpena emango du, non erakunde onuradunari ordaindu beharko zaion diru kopuru osoa edo partziala adieraziko den, ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izanik. Diru laguntza ezingo da ordaindu, onuradunak zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo diru laguntzaren bat itzultzea dagokiola ebatzi bada eta oraindik itzulketa egin ez badu.
Ordainketa Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade, S.A.k egingo du, Erakunde Laguntzailea den heinean.
15. artikulua.– Diru laguntzaren baldintzak eta laguntzak aldatzea.
1.– Jardueren barruan eskaera egin zen unean entregatu zen memorian jasotakoak sartuko dira derrigor, eta organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak aldaketak egitea baimendu dezake, betiere amaitu aurretik erakunde onuradunak aurretik eskatu eta justifikatu badu eta haien izaera eta lortu nahi diren helburuak galtzen ez badira.
Laguntza emateko aintzat hartutako baldintzetan aldaketarik gertatzeak, betiere laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, edo beste erakunde publiko edo pribatu batek gauza bererako beste diru laguntza eta laguntza batzuk emateak, edo diruz lagundutako gastuak aurrekontuan jasotakoak baino gutxiago izateak, onarpen ebazpena aldatzea ekar dezakete eta emandako diru laguntza doitzea ere, hala badagokio, baina laguntza handitu gabe.
2.– Lagundutako proiektuak esleipenaren ebazpenean onartutako denboran eta forman gauzatu beharko dira. Halere, laguntza emateko kontuan hartu diren baldintza teknikoak edo ekonomikoak aldatzen dituzten egoera zehatzak gertatzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatzeko eskatu ahal izango da hura eman zuen organoaren beraren aurrean. Proiektuan egiten den aldaketa orok aldi berean eragingo du:
a) Aldaketak ez die eragin behar laguntzarekin lortu nahi diren helburuei, beraien funtsezko alderdiei eta onuradunaren zehaztapenari, eta ez ditu hirugarrenen eskubideak kaltetuko. Ondorio horietarako, ez da joko aldaketak onuradunaren zehaztapenari eragiten diola baldin eta hasierako enpresa onuradunaren bat egite, xurgatze edo banantze operazioengatik gertatzen bada.
b) Aldaketak eskaria egin zen unean aurreikusi ezin ziren halabeharrezko kausengatik gertatzea.
c) Aldaketa gutxienez gauzapen epea amaitu baino bi hilabete lehenago gertatzea eta berariaz onartua izatea.
d) Ez dute emandako laguntza handituko.
3.– Aldatzeko eskaera Agindu honen 8 artikuluan xedatutakoaren arabera egingo da, eta memoria batekin lagunduko da, zeinean aldaketen arrazoiak azalduko diren eta justifikatu egingo den laguntza emateko ebazpenean eta aurreko 1 atalean ezarritako baldintzak betetzeko ezintasuna.
4.– Aldatzeko eskariak ebazteaz arduratuko den organoa laguntzak kudeatzen dituen organoa izango da. Horrek, halaber, hauei buruzko aldaketa txikiak ere baimendu ahal izango ditu:
a) Gauzatzeko epeak luzatzea, hasieran onartutako epearen % 25 baino gehiago ez bada.
b) Justifikatzeko epeak luzatzea, hasieran onartutako epearen erdia baino gehiago ez bada.
c) Onartutako aurrekontu finantzagarria partidetan banatzea, aipatu aurrekontuaren % 30i baino gehiagori eragiten ez badio.
5.– Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izango da, eta lagundutako proiektua gauzatzeko indarrean dagoen epea amaitzeko data gainditu gabe. Proiektua amaitu aurretik ez bada ebazpenik ematen, emango den ebazpena eskaria baztertzeko baino ez da izango.
6.– Behar bezala justifikatuko kasuetan, laguntzaren jarraipena egiteaz arduratzen den organoa, laguntza emateko ebazpena aldatu beharrik gabe, ehuneko 30erainoko igoerak onartu ahal izango ditu 7 artikuluan zerrendatutako kontzeptu lagungarrietan, baldin eta laguntza emateko ebazpenean agertzen badira, eta beste kontzeptu batzuen murrizketarekin konpentsatu ahal izango dira, laguntzaren zenbateko osoa aldatu gabe, laguntzaren izaera eta helburuak funtsean aldatu gabe eta hirugarren eskubideak kaltetu gabe.
7.– Organo kudeatzaileak, Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendariak, eskumena izango du erakunde onuradunen ukoak onartzeko, betiere idatziz eta Agindu honetako 18.1 artikuluan xedatutako epean aurkezten badira. Horrenbestez, ukoa onartu eta gero, ordezko enpresari jakinaraziko dio diru laguntza eman zaiola, 13. artikuluan xedatutako baldintzetan.
16. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Agindu honetan jasotako araudiaren arabera ematen diren laguntzen ondorioetarako, Erakunde Laguntzaile izendatzen dira Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) eta Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade, S.A., 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak, eta 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, ezartzen dituzten baldintzen pean eta Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, abenduaren 17koak, 15 eta 46 artikuluetan ezartzen den lankidetza obligazio eta betebeharrarekin eta artikulu horretan eta dagokion Lankidetza Hitzarmenean aipatzen diren zehaztapenekin.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI), Erakunde Laguntzailea den heinean, zeregin hauek izango ditu:
a) Aurkeztutako proiektuen dokumentazioa aztertzea, eta, behar izanez gero, horiek egoki ulertzeko eta aztertzeko behar den dokumentazio oro eskatzea.
b) Proiektuak ebaluatzea eta ebaluazioa Ebaluazio Organoari igortzea.
c) Laguntzak proposatzea eta proposamena Ebaluazio Organoari igortzea.
d) Proiektuak gauzatu direla egiaztatzeko ikuskapenak egitea.
e) Proiektua gauzatzearekin zerikusia duten intzidentziengatik arau hausteen espedienteari hasiera ematea proposatzea, hala badagokio.
3.– Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade, S.A.k, Erakunde Laguntzailea den heinean, zeregin hauek izango ditu:
a) Enpresa onuradunei ordaintzeko agindua ematea.
b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta, kasuan kasu, zenbateko horiei dagozkien interesak jasotzea, eta horiek denak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari bueltatzea.
c) Programaren funtsen kontrol finantzarioa.
d) Kontuaren mugimenduen kontabilitate berezia garatzea (sarrerak eta gastuak).
e) Aldian-aldian Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri (SPRI) eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinarazpenak egitea.
4.– Agindu honetan araututako diru laguntzen kudeaketan laguntzen duten erakundeek Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak eta hori garatzeko arauek xedatzen dituzten betebeharren eta erantzukizunen menpe geratzen dira.
17. artikulua.– Arau hausteak.
1.– Enpresa onuradunak Agindu honetan eta ezargarri diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetakoren bat eta diru laguntzen eskariak onartzeko ebazpenean, kasuan kasu, emandako baldintzetakoren bat hautsiko balu, Jaurlaritzaren Kontseiluak, arau haustearen espedientea ireki ondoren eta interesdunari espedientean entzuna izateko aukera eman ondoren, laguntzarako eskubidea galdu duela adieraziko du eta, kasuan kasu, jasotako diru laguntzen zenbateko nagusia Sociedad Capital Desarrollo de Euskadi, Socade, S.A.ri itzultzeko betebeharra adieraziko du, horretarako bi hilabeteko epea emanez. Diru laguntza itzultzea egokituko balitzaio, diru laguntzen alorrean aplikagarriak diren berandutze interesak ere itzuli beharko lizkioke, hala ezartzen baitute 1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenak; 698/1991 Dekretuak, abenduaren 17koak; eta Diru laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, eta bere garapen arauek. Esandako kopuruak diru sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion lege ondorioetarako.
2.– Onuradunaren betetze maila betetze maila osora nabarmen hurbiltzen denean, eta hark bere konpromisoak eta laguntza emateko baldintzak betetzeko ekintza zalantza ezinezkoa egiaztatzen badu, itzultzeko zenbatekoa zehazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Laguntza eman zenean zehaztutako estalduraren hedapeneko helburuak, inbertsio finantzagarria gauzatzea edo justifikatzeko betebeharra partzialki ez betetzeak laguntza partzialki itzuli beharra eragingo du, lortu gabeko helburuen proportzioan, edo egin gabeko edo justifikatu gabeko inbertsioaren proportzioan, edo horietako handienaren proportzioan, biak gertatzen badira. Edonola ere, laguntzaren xedeko estalduraren hedapeneko helburuen maila ez dela partzialki bete ebazteko hori ehuneko berrogeita hamar baino gehiago izan beharko da.
b) Aurrekontu finantzagarrian baimendu gabeko aldaketak egiteak, 24.5 artikuluan xedatutakoa izan ezik, laguntza itzultzea eragingo du, desbideratutako zenbatekoen arabera.
c) Agindu honen 15.4.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, hainbat eskaintza eskatu behar badira, horiek aurkezten ez badira, edo, justifikazio egokirik gabe, ekonomikoki onuragarriena ez den entitateari esleitu bazaio, laguntzen jarraipena egiteaz arduratzen den organoak, Diru Laguntzen Lege Orokorraren Erregelamenduko 83 artikuluan xedatutakoaren arabera, ondasunaren edo zerbitzuaren tasazio perizial bat eskatu ahal izango du, eta onuradunen kontu izango dira horrek eragiten dituen gastuak. Egoera horretan, laguntza kalkulatzeko erreferentzia bi balioetatik txikiena izango da: onuradunak adierazi duena edo tasaziotik ateratzen dena.
3.– Laguntza emateko xede guztiak, inbertsio finantzagarriaren gauzapena edo justifikatzeko betebeharra osorik ez betetzeak emandako laguntza osorik itzuli beharra eragingo du.
4.– Justifikatzeko epea igaro ondoren, gehi, dagokionean, onartutako luzapena igaro ondoren, ez bada justifikaziorik aurkeztu, onuradunari eskatuko zaio 15 eguneko epe luzaezinean hura aurkezteko. Artikulu honetan ezarritako epean justifikazioa ez aurkezteak justifikatu gabeko laguntzaren itzulketa eragingo du, 38/2003 Legean, azaroaren 17koan, ezarritako gainerako erantzukizunekin batera.
5.– Ez betetzearen espedienteari hasiera ematea Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari egokituko zaio, eta Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) proposatuta egin ahal izango da, proiektua gauzatzeari lotutako intzidentziengatik.
18. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte beti:
1.– Eman zaien laguntza onartzea. Zentzu horretan, laguntza onartu zaion jakinarazpena jaso eta hamabost egun igaro ondoren enpresa onuradunek laguntzari berariaz uko egiten diotela idatziz adierazten ez badute, laguntza onartutzat joko da.
2.– Laguntza eman zaion helbururako erabiltzea.
3.– Ekindako lanak osorik onartzen den unetik gutxienez hamar urteko epean laguntzaren helburu izan den sarea jardunean egotea, haien ardura izanik instalatutako azpiegitura eta ekipamendu osoa egoki ustiatzea eta zaintzea.
4.– Komunikazio elektronikoen gainerako operadoreei sarbide osoa eta ez diskriminatzailea ematea, diruz lagundutako sarearen gaineko informazioa eta sarean eskainitako handizkako zerbitzuak eskuratzeko.
5.– Agindutako proiektua betetzea eta bete dela justifikatzea.
6.– Administrazioak eta Erakunde Laguntzaileek proiektuaren garapenari eta gauzatzeari lotuta egoki irizten dieten egiaztapenak egin ahal izateko eskatzen zaion informazio osagarri guztia bidaltzea.
7.– Inbertsio proiektuarekin zerikusia duten behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eskura edukitzea 5 urtean.
8.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku jartzea bere eginkizunak gauzatzean Agindu honen kontura jasotako laguntzaren gainean eskatzen zaion informazioa.
9.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari jakinaraztea helburu bererako edo antzeko helbururako beste diru laguntza edo laguntza, sarrera edo baliabiderik eskatu baditu, beste Administrazio edo Ente publiko zein pribatuetan, diru laguntza onartzeko justifikazio gisa balio izan duen baldintzaren bat aldatu bada.
10.– 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren gainekoak, Administrazioarekin kontratuak edo hitzarmenak egin edo Administraziotik laguntzak jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak bere gain hartzea. Betebehar horietako bat da tratu berdintasuna, aukera berdintasuna eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunekiko errespetua irizpidetzat hartzea.
11.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren gainean publizitate egokia egitea.
12.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren, azaroaren 11koaren, 50.2 artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean, azaroaren 17koan, eta bere garapen arauetan aurreikusitakoaren arabera eskatu ahal zaion beste edozein betebehar.
II. ERANSKINA
1. lotean sartutako industrialdeen zerrenda:
«Konektibitate behar oso handia duten industrialdeen lotea» guztiak ala guztiak Gune Zuri moduan sailkatuta SESIADEN aldetik, 2017ko ekitaldirako.
Http://www.euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2ekono/es/ (gaztelania)
http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/ (euskara)
Oharra: zerrenda honetan sartutako industrialdeen artetik ez dira diruz lagungarritzat joko Telekomunikazioen Operadoreek Peba-Espainia-2017 laguntzen deialdian NGA sareak hedatzeko laguntza eskaria eta proposamena aurkeztu badute, laguntzak ez bikoizteko. Zerrenda honetatik kanpo geratzen diren industrialdeen berri jakinaraziko zaie Sesiadi eta Operadoreei, Peba-Espainia-2017ra aurkeztutako laguntzen gaineko informazioa eskuratu eta gero.
III. ERANSKINA
2. lotean sartutako industrialdeen zerrenda:
«Konektibitate behar handia duten industrialdeen lotea» guztiak ala guztiak Gune Zuri moduan sailkatuta Sesiaden aldetik, 2017ko ekitaldirako.
Http://www.euskadi.eus/tramitar-por-internet/web01-s2ekono/es/ (gaztelania)
http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2ekono/eu/ (euskara)
Oharra: zerrenda honetan sartutako industrialdeen artetik ez dira diruz lagungarritzat joko Telekomunikazioen Operadoreek Peba-Espainia-2017 laguntzen deialdian NGA sareak hedatzeko laguntza eskaria eta proposamena aurkeztu badute, laguntzak ez bikoizteko. Zerrenda honetatik kanpo geratzen diren industrialdeen berri jakinaraziko zaie Sesiadi eta Operadoreei, Peba-Espainia-2017ra aurkeztutako laguntzen gaineko informazioa eskuratu eta gero.