EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017129

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena. Haren bitartez, Embalajes Urbizu SL enpresak sustatuta, Embalajes Urbizuren urbanizazio-proiektuaren (Altzoko udal-mugartean) ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da.

Xedapenaren data: 2017-06-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201703442
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 2016ko ekainaren 16ko akordioaren bidez, Altzoko Udalaren osoko bilkurak jendaurreko informazio-aldian jarri du Emabalajes Urbizu SL enpresak sustatutako Embalajes Urbizuren urbanizazio-proiektua (aurrerantzean urbanizazio-proiektua), 30 egun balioduneko epean; bai eta ingurumen-inpaktuaren azterketa ere. Ondorioz, egokitzat jo beste alegazio aurkez daitezke. Bestalde, hori guztia argitaratu egin da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2016ko ekainaren 22koan.
Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Altzoko Udalak eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien.
Jendaurreko informazioaren izapideak eta eragindako administrazio publikoen zein interesdunen kontsultak amaitu eta gero, organo substantiboak egiaztatu du ez dela alegaziorik jaso, ez eta kontsulten erantzunik ere.
2017ko martxoaren 29an, Altzoko Udalak urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Eskaera hori egin zuen Embalajes Urbizuren urbanizazio-proiektua erregularizatu behar zelako, exekutatuta zegoelako.
Eskaerak dokumentazio hau hartzen du barne:
• Proiektuaren dokumentu teknikoa.
• Ingurumen-inpaktuaren azterketa, 2013ko otsailekoa.
• Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.
• Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ebazpen honen xede den jarduera arau horren I.B) eranskinean dago sartuta. Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar da.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.
Hauek ikusirik: Euskadiko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Egokitzat jotzea Altzoko udal-mugartean egin beharreko Embalajes Urbizu SL enpresak sustatutako Emabalajes Urbizuren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.
Proiektua Altzoko udal-mugarteko ipar-mendebaldeko muturrean egin da, Tolosaldea eskualdean. Altzo Azpi auzotik 150 metro iparraldera kokatutako gunea da, Renferen trenbidearen ondoan, eta N-I errepide zaharretik gertu.
Industrialdea urbanizatzeko proiektua bi jarduketaz osatzen da. Lehenik eta behin, zerratokian sartzeko bidea egokitzea. Bigarrenik, orain Urbizu zerratokia dagoen lursaila egokitzea.
1.– Sarbidea eraikitzeko obra.
Zerratokiko sarbidea zehazteko, dauden bideetako zabalguneak aprobetxatu dira. Sarbidea hiru zati zuzenez eta bi zirkunferentzia-arkuz osatuta dago. Bidearen zabalgunea 5 metro zabal da.
Ibilbideak hiru ibar txiki oztopatzen ditu. Horiek 80 cm-ko diametroko hormigoizko hodi baten bidez ateratzen dute ura, eta beren emaria dagozkien arroetako isurialdeen edukiera baino handiagoa da, mantentze-lanak errazteko.
Bidea egokitzeko 17.949,45 m
2.– Lursaila egokitzeko obrak zerrategi bat jartzeko:
– Lursaila egokitzea: behar den azalerako sastrakak kenduko dira eta azalera garbituko da, zenbait zuhaitz moztuz. Laborantzako 1,2 ha okupatu dira, belardi eta laborantza atlantikotzat hartutakoak. Lursailaren azalera lortzeko 128.000 m
– Euri-uren saneamendua: zabalgunearen gainean erortzen diren euri-urak dekantagailu bateraino eramaten dira hodien bidez, eta dekantagailuak detrituak eta egur- eta azal-hondakinak saihesten ditu. Horrez gain, egurra maneiatzean sortutako gantz eta olioak ibilgu naturaletara aurretik tratatu gabe gehitzea saihesten du. Eraikinetako estalkietako urak, ur garbitzat jotzen direnez, zuzenean isurtzen dira ibarbidera.
– Ur beltzen saneamendua: kolektore baten bidez, ur beltzak biltzen dira, eta, ibarbidera isuri aurretik, araztaile biologiko batean tratatzen dira.
– Ur-horniketa: horniketa udal-sarera konektatutako hodi baten bidez egiten da.
– Energia elektrikoa: Iberdrolaren sare orokorraren bermetik harrera-bermera eramaten da eta bertatik lur azpitik bideratzen da.
– Telefonia: ur-hodiaren ibilbidea jarraituz, Telefonicaren zutabe batekin lotzen da.
– Argiteria: bi dorre eta lau luminaria instalatzen dira.
– Zoladura: hormigoizko lauza bat ezartzen da zabalgunearen oinarrian.
Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea urbanizazio-proiektua egiteko. Baldintzak lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.
A.– Embalajes Urbizuren urbanizazio-proiektuaren erregularizazioa da, dagoeneko exekutatu dena; beraz, jarduketa Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da, eta, edonola ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.
B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baldin eta aurreko paragrafoan adierazitako garrantzirik ez badute. Eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.
C.– Babesteko, lehenera ekartzeko eta konpentsatzeko neurriak.
Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Altzoko Udalak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Bestalde, neurrien izaria eta kontrolerako langile-kopurua nahikoak izango dira ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek finkatzen dituenak bermatzeko. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.
Neurri horiek guztiak dagokien aurrekontua izan behar dute, horiek betetze aldera.
C.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.
Urbanizazio-proiektuaren eragin-eremuak ezin ditu sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren azterketa-prozeduran emandako dokumentuetan aurreikusitako mugak gainditu. Muga horiek jasota geratu dira 2013ko otsaileko ingurumen-inpaktuaren azterketako «Urbanizazio orokorreko mapa» izeneko planoan.
Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Dekretua eta urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora espezie batzuk babestekoa aplikatzeari eraginik sortu gabe, zuzenean hartuko ez diren eremuetako landaredi naturala moztea saihestuko da.
Bertako landareak babestuko dira zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako bigarren C.7 atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak.
Jarduera ezartzeagatik landareak kendu behar diren eremuetarako, proiektuak neurri sorta bat du, hala nola hondeatze- eta lurreztatze-ezpondetan landareak berriz haztea, eremuan landareak berriz hazteko eta galera konpentsatzeko.
Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako C.7 bigarren atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
C.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
– Neurri egokiak ezarri behar dira, lursailaren ur-bilketaren garraioak uren kalitateari kalterik ez eragitea ziurtatzeko.
– Drainatze-sarea eta sare horren azken elementuak egokitu egin behar dira, proiektua garatzeko fase bakoitzean ustiategiak duen konfigurazioaren arabera; betiere, uneoro bermatzeko ustiategian sortutako isurketa guztien bilketa, solidoen atxikipen ezin hobea eta isurketa lokalizatua, indarrean dagoen araudiaren araberakoa beti.
– Dekantazio-putzuen sistemaren mantentze- eta garbitze-lanak aldizka egin behar dira, bikain funtziona dezan, eta horrela, uraren kalitatearen inguruko araudia bermatzeko. Beraz, tratamendu-sistema bikain aritzeko, pilatutako lohiak aldizka kendu behar dira.
– Putzu septikoa eta iragazki biologikoa eduki beharra dago, osasun-zerbitzuek ura tratatzean funtzionamendu egokirako nahiko kontrolak izateko.
C.3.– Atmosferako kutsadura prebenitzeko neurriak.
Airera partikula gutxiago isurtzeko neurri egokiak hartuko dira; batez ere, berotegi-efektuko gasekin zerikusia dutenei dagokienez.
Kanpoko argiztapenaren erabilera eraginkorra egin behar da, oinezkoei, ibilgailuei eta jabetzei eskaini behar zaien segurtasunari kalterik egin gabe. Luminariak kontsumo energetiko txikikoak eta efikazia handikoak izan behar dira, eta argiztatu beharreko azaleran eman beharko dute argia, zerurako argi-kutsadura saihesteko.
C.4.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Urbanizazio-proiektuaren fase guztietan hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea horiek balorizatzea. Behar bezala egiaztatu beharko da hori horrela dela.
Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak, hala badagokie, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
– Zabortegira eramateko hondakinak sortuz gero, gainera, hondakinak zabortegian utzita ezabatzeari buruzko abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta hondakinak zabortegian utzita ezabatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraiki kudeatuko dira.
– Sortuko balira, hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aipatu edukigailuak edo ontziak argi nahiz irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.
– Sortutako olio erabilia ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari jarraituz kudeatu beharko da.
Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Zehazki, inoiz ez dira hondakinak erreko, ezta erregaiak eta produktuak biltzetik nahiz makinak mantentzetik sortzen diren efluente kontrolatugaberik isuriko ere.
Aurrekoaren haritik, beharrezkotzat jotzen bada, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
– Urbanizazioaren mantentze-lanen bitartean hondakinik sortuz gero, hondakinen ingurumen-jarraipena jasotzen duen txosten bat egin beharko da, eta bertan indarreko legediak barne hartzen dituen identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak jasoko dira.
C.5.– Paisaia lehengoratzeko neurriak.
– Paisaia integratzeko lanak urbanizazio-proiektuak eragindako eremu guztietan egingo dira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.
– Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak gauzatuko dira. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.
– Ingurua zaharberritu ondorengo urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete.
C.6.– Urbanizazioa garbitzea eta amaitzea.
Garbiketa-kanpaina zorrotza egin behar da, eta proiektuak eragindako eremua erabat garbi geratu behar da; ez da obra-hondakinik geratu behar. Egin daitezkeen errausketatik, kofratuak kentzetik, edo, orokorrean, edozein garbiketa-jardueratatik eratorritako hondakinak sortuko balira, eremutik kenduko dira, eta ebazpen honetako C.4. atalean xedatutakoari jarraikiz kudeatuko dira.
C.7.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.
Ingurumen-gaien inguruko aholkularitza eduki beharra dago, bai eta neurri babesleei, zuzentzaileei eta konpentsatzaileei buruzkoa ere, ingurumen-inpaktuaren azterketak xedatutakoaren arabera.
D.– Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna).
D.1.– Gorabeheren erregistroa.
Urbanizazio-proiektua garatu eta mantendu bitartean sor litezkeen gertakizunen (hondakinak sortzea, emisioak atmosferara, isuriak...) erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleen, zuzentzaileen eta konpentsatzaileen betetze-mailarena ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatu aldaketak.
D.2.– Urbanizazio-proiektuaren okupazio-mugak kontrolatzea.
Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako gainazala baino eremu handiagoa hartuko.
D.3.– Uren kalitatearen kontrola.
Ingurumen-zaintzako programak zaintza-zereginak proposatu beharko ditu, lursailaren kanpoaldera eraman den iturburuaren bideratzeak uraren kalitatea mantentzen duela ziurtatzeko. Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak ezarriko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
Orokorrean, C.7. bigarren atalean aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak ur-kanalizazio, -drainatze, -arazketa eta -euspeneko gailuak egoki funtzionatzen dutela egiaztatuko du, urak isuri aurretik. Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.
D.4.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.
Ingurumen-zaintzako programak urbanizazio-proiektuan eragindako azaleren lehengoratzearen aldizkako jarraipena egingo du, landareak berriz hazteak, gutxienez urbanizazioa ezarritako eremuan, arrakasta izan dezan.
D.5.– Ingurumena zaintzeko programaren testu bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitiren ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Ingurumen-zaintzako programaren testu bategin hori Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzari igorriko zaio bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
D.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.
Kasuan-kasuan aplikatu beharreko araudia betetzeaz gain, proiektuaren sustatzaileak bilduko ditu datuak euskarri egoki batean, bi urtez gutxienez, eta administrazio publikoetako ikuskaritza-zerbitzuen esku utziko ditu.
E.– Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.
F.– Ebazpen honetako aurreko ataletan xedatutakoari kalterik eragin gabe, ingurumen-zaintzako programaren testu bategina igorri beharko da bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik, espedientean gehi dadin.
Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu eskumena duen organoak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.
Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzen da.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinarazi behar zaie bai Altzoko Udalari bai proiektuaren sustatzaileari, hau da, Embalajes Urbizu SL enpresari.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.