EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2017-07-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2017129

EBAZPENA, 2017ko ekainaren 9koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez baimentzen baita «Cenicero-Fuenmayor» linearen eta «Norias-Margen Izda» aireko linearen arteko lotura egiteko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoa instalatzea Lapuebla de Labarca eta Laguardia (Araba) udal-mugarteetan, onartzen baita egikaritze-proiektua eta deklaratzen baita instalazioa onura publikokoa dela.

Xedapenaren data: 2017-06-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201703441
Maila: Ebazpena
Erreferentzia: AT-H-2016-8(18214).
AURREKARIAK
1.– 2016ko urriaren 6an, eta 2016ko azaroaren 4ko osteko eranskinean, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak administrazio-baimena, onura publikoaren deklarazioa eta egikaritze-proiektuaren onarpena eskatu zituen, aireko linea elektriko honi zegokionez: «Cenicero-Fuenmayor» linearen eta «Norias-Margen Izda» aireko linearen arteko lotura egiteko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoa, Lapuebla de Labarca eta Laguardia (Araba) udal-mugarteetan.
2.– Jendaurrean erakusgai jarri dira delako proiektua eta aipatu eskatzailearen arabera desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua, (2002ko abenduaren 23ko EHAA), honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenak lortzeko prozedurak arautzen dituena: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 55. artikulua (2013ko abenduaren 27ko BOE); 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2 eta 52. artikuluak (1954ko abenduaren 17ko BOE) eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua (1957ko ekainaren 20ko BOE).
3.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia hauetan eman da argitara: Lapuebla de Labarcako Udalaren iragarki-taulan, 2017ko urtarrilaren 25etik otsailaren 25era; Laguardiako Udalean, 2017ko urtarrilaren 24tik otsailaren 24ra, biak barnean direla; 2017ko otsailaren 8ko ALHAOn; 2017ko urtarrilaren 19ko EHAAn eta 2017-02-08ko hutsen zuzenketan, eta 2017ko urtarrilaren 28ko «Diario de Noticias de Álava» egunkarian.
4.– Informazioa jendaurrean jartzearekin batera, dagokion separata bidali die sail honek honako hauei: Lapuebla de Labarcako Udala, zeinak 2017ko martxoaren 16an bere alegazioak aurkeztu baitzituen; Laguardiako Udala, zeinak 2017ko otsailaren 6an bere alegazioak aurkeztu baitzituen; Arabako Foru Aldundia, zeinak bere alegazioak aurkeztu baitzituen 2017ko martxoaren 10ean; Ebroko Ur Konfederazioa 2017ko urtarrilaren 19an, zeinak bere alegazioak aurkeztu baitzituen 2017ko otsailaren 24an, eta Red Eléctrica de España 2017ko urtarrilaren 19an, zeinak bere alegazioak aurkeztu baitzituen 2017ko martxoaren 7an.
5.– Beste alde batetik, hauen alegazioak jaso dira: José Córdoba Rodríguez, 2017ko otsailaren 1ean; Grupo Solar de Samaniego, 2017ko otsailaren 23an, eta Valentina Torrealba Larreina, 2017ko otsailaren 24an.
6.– Alegazio guztiak eskatzaileari bidali zitzaizkion, zeinak hauen alegazioak onartu baititu: Arabako Foru Aldundia, Lapuebla de Labarcako Udala, Laguardiako Udala, Ebroko Ur Konfederazioa, José Córdoba Rodriguez eta Red Eléctrica de España.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: 24/2013 Legea, azaroaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa; 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituena; Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legea, 1957ko apirilaren 26koa; 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, Eusko Jaurlaritzarena.
2.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ematen zaizkion ahalmenez baliatuz (2017-04-21eko EHAA), honako hau
EBAZTEN DU:
1.– Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri instalazioa baimentzea, eta aireko linea elektriko honen egikaritze-proiektua eta aldaketa-eranskina onartzea: «Cenicero-Fuenmayor» linearen eta «Norias-Margen Izda» aireko linearen arteko lotura egiteko 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoa, Lapuebla de Labarca eta Laguardia (Araba) udal-mugarteetan. Hauek dira horren ezaugarri nagusiak:
Aireko linea elektriko berria:
Luzera: 2.363 m.
Eroale-mota: 100/Al1/17-ST1A.
Jatorria: «Cenicero-Fuenmayor» linearen 205. zenbakiko euskarria (ordeztekoa).
Amaiera: «Norias-Margen Izda.» linearen 131. zenbakiko euskarria (ordeztekoa).
2.– Aipatutako instalazioa Onura Publikokoa dela deklaratzea.
Ebazpen hau aipatutako 282/2002 Dekretuan ezarritakoarekin eta baldintza orokor hauekin bat eman da:
1.– Onartutako proiektuarekin eta haren eranskinarekin, eta eskatu eta baimentzen diren aldaketekin bat egin beharko dute obrek.
2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen honen egunetik aurrera.
3.– Behin betiko errekonozimendurako eta martxan jartzeko akta egiteko, lanak amaitu direla jakinarazi beharko dio Arabako Lurralde Ordezkaritzari instalazioen titularrak.
4.– Obrak egiteko beharrezkoak diren baimenak edo lizentziak (udalen eskumenekoek, probintzien eskumenekoak edo bestelakoak) edozein direla ere, horiek aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Halaber, baimen hau hirugarren batzuek izan ditzaketen eskubideak eragotzi gabe eta jabetza-eskubidea salbu utzita ematen da.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industria Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarritako baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 9a.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.